IHESBIDE TIPI BAT
Alkate jauna:
Izenpetzen duen udaltzain honek atseginez jakinarazten dizu:
Joan den ostiralean, Minguez eta Zubillaga zinegotzien eskaeraz, paisanoz jantzita, zerbitzu berezi bat burutu nuela.
Zerbitzua gaueko 21.00tan hasi nuen eta Asunción Roa Goñi prostituzioan aritzen zela konprobatu nahi genuen.
Hartaz, Minguez zinegotziarekin, beronen kotxe partikularrean, Kale Nagusira, Lekuona funeraria dagoen horretara, abiatu ginen. Gau askotan, 21.10 inguruan, SS-8150-S matrikuladun Citroen GX batek hartu egiten bait zuen aipatu emakumea.
Oraingo honetan berriz, bestela egin zuten, bere etxera, Lasarte kaleko bigarrengo portalera, joan bait ziren hartzera. Beste bi emakume zihoazen kotxean, eta gizonezko bat, bolantean. Hartan hasi genuen segimendua, eta Ordizira ailegatu ginen, «Nadina» izeneko klubera.
Denbora puska bat pasatzen utzi eta gero, aipatu klubera sartu ginen biok eta Asunción gizonezko batekin hizketan ari zela ohartu ginen.
lkerketa bukatutzat jo eta herrira itzuli ginen.
00.06tan bukatu nuen zerbitzua, zeina ordu estra moduan ordain dakidan eskatzen dut, zerbitzu ofiziala 22.00tan bukatzen dut eta.
Ezagutu eta bidera dezazun jakinarazten dizudana,
Roberto Zulueta
udaltzaina
Ura!
Zortzi t'erdiak ziren eta berriz ere ez zioten dutxa lasai buka zezan uzten sukaldean, amak ireki zuen noski kanila harrikoa egiteko eta dutxaraino ur xirripa hotza iristen zen soilik. Ez zioten kasurik egin.
Ura!!
Presioa piska bat igo zen, ez nahikoa ordea, apenas epeldu bait zen ura orain beheko pisukoak arituko ziren iturriekin jolasak egiten. Hotzikara batek, urarekin batean, korritu zuen Asunen bizkarra besapeak eta alualdea aklaratu zituen eta kanila itxiz toailarekin ile beltza igurtzeari lotu zen azkar. Ivan txikia, negarrez hasi zen pasiloan. Ondoren Pedrok Angeli ozen entzun zen belarritakoa erantsi zion: «Ez emateko gailetarik Ivani!» «Ez jo umeari hola!», kejatu zen amona. «Abusatzen dik eta!» «Nik ez dut abusatzen!» «Benga, afaltzera zuek». «Zopa! Ya te vale!», Ivanen ahotsa. Sostenekiko bularrak ikuskatzen zituen Asunek ispiluan, oraindik ederrak zituen, alkandora arrosa jantzi zuen arretaz. Gero sekadora piztu zuen, beti ispiluari begira.
Giro salbaje batean hazten ari ziren umeak, pentsatu zuen. Aitak hiru urte zeraman barruan, berak berriz ezin zien denborarik eskaini, eta bere anai-arreba eta gurasoek ez zituzten soportatzen beharrik hurrengo astean Anjel internadora zihoan, Ivanekin bakarrik errazago izango zitzaion. Gero, ezpainak gorri bizi batez pintatzen hasi zelarik, Rodolfoz gogoratu zen: gaur harekin egin bait zuen amets! Young Playko denbora haiek oso urruti zeuden horregatik eta halere Rodolfo, Rodolfo bakarrik, gogoratu egiten zitzaion, behin edo behin, oraindik. Galdutako aukera, aukera bakarra...
Iraila hasi da
Gelako kristala hautsita dago
Negua baino lehen konponduko dut
...Bizitza gogorra da.
Bederatziak laurden gutxi, gelako ohean eserita Asun, Ivanek, lau urte, sukaldetik, ez zuela gehiagorik jango, Anjelek, bederatzi urte, amenazoka, etxetik aldegingo zuela, amonari esker oraindik, aitona berriz «Ongi etorri»n mozkortzen arituko zen eta bera, Rofolfogandik bain urruti, putakume batek bortxatu zuelako min zaharra uxatu nahian, eskua luzatu zuen, ohearen somierraren metal hotza ukitzeraino...
Ezpainetako barra eta tabakoa jaso zituen boltsara eta sukaldera joan zen. Pedro, amona, eta bi umeak ziren han beti, beti lotsa hura, Anjelek ez zekien ezer, «lanera noa», larunbatetan bezala Donostian umeak zaintzen zituela uste zuen hark, «eman musu bat», amarekin berriz ez zuen apenas hitzegiten, ez halakoetan, «astelehenean eskolara noa», Ivanek, «a bai? Ze ongi!», alegria txinparta, gero adio, ze desasosiegoa.
Antonio, kabroia, zain zeukan portalean, kotxean, Anabel eta Kris ere bai. Azken honen ondoan, atzean eseri zen Asun. Krisek beltzez zeuzkan pintatuta azkazalak eta bere ile beltz-beltzarekin oso ongi egiten zuten ilargi erdizko urre koloreko belarritakoak zekartzan. Saludatu ziren eta gero:
Ikusi, arratoia! esan zuen Antoniok, kotxea abiarazten zuelarik.
Asun eta Krisek ez zioten jaramonik egin. Barrio zikinak! esan zuen Anabelek. Zikina, zeurea, aizu! Ez dinat deus esan!
Anabel zaharra Intxaurrondon bizi zen, goardia zibilen koartelaren ondoan.
Gero Krisek, bajuagotik, Asuni: Zer moduz katxorroak?
Kris ederra zegoen, fijatu zen Asun. Hortxe, traste-traste eginda.
Bero egiten zuen, isilik egoteko giroa. Urnieta baino lehen, atzera gogorapenetan murgildu zen Asun.
Hamasei urte zituen berak amak etxe hartara bidali zuelarik. Aieten zen, matrimonio gazte bat ume ttiki batekin. Goizeko zortziretan sartu eta arratsaldeko seiak arte dena egin behar izaten zuen Asunek: umea zaindu, jana eman, etxeko goiak eta beheak astindu eta garbitu, sukaldekoak egin gizonaren bazkaria, eta denen afariak, eta arropak... Hogei mila pezeta pagatzen zioten hilabetean, ezer ez, baina amari oso ongi iruditu zitzaion eta berak obeditu behar zuen. Hasieran ongi eraman zuen etxe hartako martxa, segituan jarri zen.
Lagunekin pote batzuk hartuta, gehienetan bero-bero etortzen zen gizona egunero bazkaltzera, andrea lanean ari zen denboran. Bulego batean lan egin behar zuen, eta gero hangoxe lagunekin moxkortu behar zuen, etxera behintzat bere kotxe tzarrarekin ailegatzen zen eta. Hogeitamabost urte izango zituen eta dotore, txukun eta atsegina ere bazen.
Hilabete-hola eramango zuen lanean, eta umea, oinez ikasi berria, eskaileraren erreilanora atera zitzaion agur esatera, eta gizona haren atzetik, andrea sukaldean zelarik, eta orduan, biek, gizonak eta, eskaileraren ixkin batetik, berak, elkarren begiradari eutsi zioten, eta berari orduan aurpegia zeharo gorriztatzen zitzaiola sentitu zuen... Izaten zituzten horrelakoak, begirada biziak, deskuidozko rozeak... Biek bakarrik ezagutzen zuten jolas arteko konplizitate batera iritsi ziren, emazteak hura etorritakoan aldegiten zuen Asunek etxetik susmatu ere egiten ez zuena.
Beste behin, denak etxean ziren arratsalde batean, bera umeari merienda ematen ari zitzaion eta, andrearen eguna zela eta, gizonak xanpan botila bat ireki zuen eta kopa bana zerbitu zuen gero berriz, ustekabean bezala, gizonak Asunen kopa jaso zuen, eta berak edandako tokian pasa zuen behatza, eta Asuni, emaztea noski ohartuko zela, iruditu zitzaion, baina gizona lasai ari zen eta gero kopa hartatixe edan zuen, berari begira... Gero beste batean, eguerdiz, gizona ohi baino kaskartuago heldu zen etxera eta bera baxerak egiten ari zen eta, hura gibeletik inguratu zitzaion eta «Asun, zuk ba al duzu nobiorik?» Orduan berak bapatean distantziak markatzeko beharra somatu zuen.
Zer ba? erantzun zuen idorki.
Bazuen nobioa, Rodolfo, batzutan Young Playn eta bestetan paseoan ikusten zuena, berarekin amodioa egindako mutil bakarra, kotxean aritu ziren eta asteburu batzutan.
Aritu al zara behin ere?
Petxuaz bizkarra ukitzeraino arrimatu zitzaion.
Umeagana noa eskapatu zen Asun, eta negarrez lehertzeko zorian izan zen arratsaldean.
Orduan hasi zen pertsekuzioa. Gizona ardoak erreta iristen zen etxera eta orduan eta ausartago azaltzen zitzaion. Asun berriz, beldurrak hartuta. Eutsi egin behar ziola oso garbi zeukan.
Probatu gabe al zaude? zirikatzen zuen hark. Suabe egingo dizut...
Kanpoko itxura ongi zaintzen zuen, beti ederki afeitatuta, beti alkondara txukunaz, beti zapatarik onenez... Barnetik ordea, ardo eta ustel kiratsa zerion, eta neskak lehenbailehen lana uztea deliberatu zuen. Aieten bertan neskame ari ziren beste neska batzurekin komentatzen eta, Antiguoko etxe batean beste lan nahiko majo eta seguru bat atera zitzaion.
Etxean esan berriz eta debekua. Zeukan lan hura ezinhobetzat zeukan amak eta, berak ez izaki gauzak nola gertatzen ari zirenjazaltzeko etxeko inorekin konfiantzarik nahikoa, eta adinez gazte izanik noski, amak segitzeko agindu eta hari jarraitu behar izandu zion.
Goizean joan Aietera eta ja beldurrez egoten zen eguerdiaren zain, gizonak bazkaltzen zuen artean bera salan eta hura salaratzen bazen berriz sukaldera paseaz, edo paseatzera ateratzen zen umea siestatik goizago iratzarriz.
Trumoi egun batean harrapatu zuen. Astelehena zen eta Asun asteburu gogor batetik itzulian oso nekatuta zegoen eta gizona ailegatu baino lehen salako tresiloan lokamustu zen, ez zuen ate hotsik aditu eta konturatu orduko gizona gainean zeukan, ahoa ahoaren kontra, haren eskuak bere gorputzean indarka. Ikaratuta, borroka egin zuen, hanka eta besoez, eta garrasi ere bai, baina gizona fuerteagoa zen eta esku biez heldu zion eztarria eta zemai egin: «Ez oihurik atera». Gero, bera paralizatuta zegoen eta, biolentki, denak erantzi eta lurrean bortxatu zuen.
Bi egun pasa zituen joan gabe lanera, gaixo seinalez, oso larri, amak deitu zien nagusiei alaba onezik zegoela eta barkatzeko esanez, hirugarrenean behintzat, amaren beraren presioaz, dardarizo batean, zazpi t'erditako autobusean beti bezala, Aietera joan zen. Hiru egunetako lanak, arropak, ontziak, hautsak, pilatuta zeuzkan eta gogor aritu zen goizean eguerdirako berriz, gizona heldu zelarik, bera zeharo mindurik eta, nora sar ez zekiela, hura berriz, apal-apal azaldu zen, ez bait zion ezer ere esan, soilik bazkaria bukatu zuenean kafea eskaini zion eta berak ez zion begiratu ere egiten. Handik hilabetera berriz, bigarrenez saiatu zitzaion, eta berak, kontra egin bazuen ere, kemen gutxiz, aldez aurretik bataila galduta zeukala jakinik egin zuen. Handik aurrera...
Eta Rodolforen erreakzioa, maitasun gau batean, ilargiari begira biak belazean etzanda zirela, kontu hura, zeukan lagunik onenari kontatu beharrez, esan ziolarik: haren haserrea, baina-ta haren indiferentzia itxura, eskuz lotuta zeuden eta bapatean bakarrik atxeman zuen eskua eta gero, haren elkarrekin segitzeari ukoa, haren betirako agurra...
Zalantzati, kotxearen ateko txaparantz luzatu zuen Asunek eskua eta haren hotza sentitu zuen hatzez. Ihesbide tipi bat zen, metalezko natura, bere suaren oreka, indarraren emale...
Haur bat egin ziolarik putakume hark, amak orduan egin bait zuen orru eta lamento, etxe hartatik despeditu zen eta geroago, Anjelek bi, eta berak hogei urte zituela, beste lapur harekin ezkondu zen... Gero etorri zen Ivan, eta hura papilak utzi gabe zegoela gizona droga roilo bategatik makora sartu bait zuten, bizitzera atzera gurasoen etxera itzuli behar izan zuen, bi umeekin oraingoan. Aitaren pentsioa 30.000, ama Donostian zine-garbitzen aritzen zen 7.000gatik, ahizpak bi etxe garbitzen zituen egunero, 15.000, gero Pedro, anaia, paroan zegoena, eta etxean ezer uzten ez mena, eta Luismi, subnormala... Etxe hartatik alde egiteko beste diru aterako balu! udaletxean eskatuta zeukan subentzioa, pisu bat errentan hartzeko, 25.000ko bat ere begiz jota zuen Zikuñaga partean, Papelerako hautsak tragatu behar baina behinipehin, umeek jolas egiteko tokiak, udaletxeko ofizinak garbitzen zituen lagun batek halako bat hartzeko seguraski eman egingo ziotela subentzioa, komentatu zion ez bazitzaien behintzat klub lanaren berririk iristen...
Gaur ezagutuko dun esaten zion Krisek, zalu-zalu: lehengoan holandes bat ezagutu ninan... ezagutzekoa! Madrilera zihoala eta gaur etorriko zela esan zidanan.
Holandesa! Zertarako nahi dun hik holandesa!
Denetarik...! Egun batean, Holandara joan behar badugu...
Ah, hori bai! Direkzioa eskatu nion!
Bere kamioian bizi diren horietakoa dela uste dinat.
Esan, eramateko hemendik! Kamioian? Mareatuko natxon! Gaixoa!
Hamarrak aldean utzi zituen Antoniok «Nadina»ren aurrean, eta Krisek keinu itsusi bat eskaini zion, kotxea abiatu baino lehen. Klubera sartutakoan, Anabel gora joaki zen, Asun eta Kris berriz barrara urreratu ziren. Aldo zegoen kamarero, mutil ona, serioa. Kafesne bana eskatu zioten.
Soportaezina dun! esan zuen Krisek, Antoniori buruz; baietz, hala zela, egin zuen Asunek imintzio, eta berriz ere bere lagunaren koloreak miretsi zituen, lo
kalaren argitan are ederrago zirenak. Zigarrilo bat eskaini zion Krisi, eta isilik erre zuten, eta isilik edan. Asunek hasperen egin zuen eta bi gizon sartu ziren.
Bertakoak ziren, aspaldikoak. Haietako bat ongi ezagutzen zuen Asunek, ohetik. Begi-klika egin zion sarreratik hark. Bigarren gizona fondora pasa zen, beste neska batengana. Lehenengoa berekin gelditu zen hizketan.
Bueno, uzten zaituztet esan zuen Krisek. Ta, zer berri? esaten zion gizonak Asuni. Sinpatikoa zen baina, usain txarra zuen. Irriparre egin zion.
Nik, ezer ez; eta zuk? Pss!
Wiskiari zurrut egin eta gero:
Ederrak luzitzen dituzu zangoak, gona motx horiekin.
Gustatzen?
Ilea ere garbi-garbi zeukan, orain berotasuna nabari zuen gorputzean. Ongi aurkitzen zen. Eme ahotsa zeukan gizon baten musika jarri zuen Aldok. Bi-hiru mahaietatik zigarriloen keak altxatzen ziren. Udazkenez, batzutan, abegikorra zen kluba. Parean zeukan gizonaren desio begirada somatu zuen.
Gero kanpoko atea ireki zen, eta beste bi gizon sartu ziren barraraino. Batek begiratu zion, eta haren aurpegia ezaguna suertatu zitzaion nondik, ordea, ez bait zen gogoratzen. Eskua poliki-poliki, erotismo kalkulatuaz, barra-ertzeko metal hotza ukitzeraino luzatu zuen.