MONJAK ETORRIKO ZIREN
Gaua zen oraindik andre xarmanta ezpondatik atera eta A.ko herrira zeraman bideari lotu zitzaionean. Bide bazterrean, ihi tartean, txakur bat antzeman zuen hilik ilargi betearen argitan. Irribarre murritz bat dibujatu zen andre xarmantaren ahoan.
Sanchez familiaren txabolaren atzean hasten ziren hormigoizko blokeak. Hamaika etorkin heldu zen bizitzera, hogeitamarren bat urte lehenago, etxe zatar, griskara haietara. Isilik korritu zituen andre xarmantak hango kale meiharrak, gaizki aparkatutako kotxeak eta espaloietako zuhaitz iñulak ebitatuz. Inor ez zen ageri.
Laster belarrik gabeko eremura heldu zen. Haren gainean altxatzen zen egoitza.
Hantxe bizi zen Gregorio, bere aspaldiko laguna. Leihoa ere ezagutu zuen aurki: hirugarren pisuan zabalik zen hura, gortina haize xirrintak higitzen bait zuen. Gau bero samarra izan zen, izan ere, hura.
Gregoriori lagun guztiak hil egin zitzaizkion. Horregatik, sarritan egiten zuen lez, haiei bisita egin asmoz, kanposantura abiatu zen iluntze nabarrean. Oso bide laburra zen egoitzatik hara. Umeak jolasten ziren parke txiki bat zeharkatu behar zuen gainera, beti gustatu zitzaiona.
Kanposantuan, lurperatzaileak, gizon handi, xalo bat, utzi egiten zuen hildakoen artean bere kasa ibiltzen. Urratsek, arrats hartan, Txomin, bere anaia, gurasoengandik ez urruti lurperatuta zegoen lekurantz eraman zuten. Kanposantuko bazterrik tristeena zen hura Gregoriorentzat.
Iñaki Lekuona, bere baserriko aberiak konpondu izan zituen linterneroaren tunba gainean eserita, pare-parean zeukan Txominen hilkutxa. Hilkutxa sinple bat zen Txominena, zenbait ertzetan akats batzuk zituena baina, aski txukun eta dotorea.
Orduan, poliki-poliki, tapa altxatu eta Txomin jeiki zen, muxin, ubel, begirada eroria.
Hola esan zion Gregoriori, apalki.
Eta Gregoriok itzuli zion saludoa.
Txomin nahiko altua zen eta, lurpeko egonaldi luzeak arras moteldu bazuen ere, bera baino indartsuagoa segitzen zuen izaten. Aldiz, buruko ahulezia zuen. Lili xirpilen artean jarri zen, otzan, txakurño bat bezala, paisajeari begira.
Aita hil duk aditu zion Gregoriok bere buruari esaten.
Aita? eta Txominek nekez konprenitzen ahal zuela zirudien.
Eta gero, beste noizpait egin zuen bezala:
Ama ere hil duk esan zion Gregoriok.
Eta Txominek tristura infinitoaz begiratu zion orduan.
Ama? galdetu zuen, ahots hariño batez. Gero bere baitara bildu zen, uxkurtuta, atzera.
Eta hi, zer moduz hago? galdetu zion Gregoriok, baina ez berak, baizik eta han, bere anaiarekin ari zen Gregorio estraino hark, Txomini hospital psikiatrikoan bisita egiten ziona.
Ongi esan zion, ixilkara, anaiak.
Baina orain malko bat labantzen ari zen Gregorioren masailean.
Nik ebita nezakean esan zion anaiari.
Baina Txominek ez zuen aldatu espresioa, begi itxidiki bat egin zuen soilik.
Bai, berak ebita zezakeen.
Errenteriko errepideko tunel haietako batean, lanean ari zirela biak elkarrekin, gertatu zen ixtripua.
Txomin bera baino hiru urtez zaharragoa zenaedan xamarrik sartu zen zulora goiz hartan. Gregoriok pentsatu egin zuen, lan egiteko kondizioak ez zirela haiek, baina, patroiak anaia bota zezan beldurrez (anaia baino, egia esan, gurasoek hartaz har zezaketen disgustoa gogoratuz), sar zedin galerazi gabe, aitzitik animatu egin zuen. «Main, ezin!», zirikatu zion.
Geroxeago, barrenoa sartutako lekuan jo behar izan zuen mailuaz Txominek, harri kozkor bat sartu bait zitzaion buruaren erdian handik erotu bait zen.
Hura hala izan zela ez zion inori kontatu.
Hartan, alboetara begiratu zuen, eta hildako samalda bat ikusi zuen inguruan. Hantxe zen ama zaharra, bere dortoka espresioaz. Hantxe aita zaharra, bere begi hantuez. Anita, arreba, anteoju lodiekin. Koadrilako batzuk ere ikusi zituen, jakinminez denak. Iñaki linterneroak ere, tunbako xulo batetik begiratzen zion irribera.
Ondikoz denak hil ziren. Aita hil zen, ama hil zen, gero anai-arrebak eta andrea hil zitzaizkion.
Andrea, Jesusa, biak baserrian zirela hil zitzaion.
Zenbatetan pentsatu izan zuen, ze zoritxarra izan zuen, bera ez hiltzeaz lehenago.
Izan ere hura hil eta oso laster, bere seme-alabek zaharren egoitza hartara sartu bait zuten. Hainbeste nahiko zukeen, baserritik atera gabe hiltzea, lurraren usainean...
Egoitzan, hasieran, beheko solairuan zelarik, paseo txiki batzuk egiten zituen egunero Gregoriok: inguruko soroak ikusten zituen, eta beste zahar, edo baserritarrekin mintzatzen zen, eta patatak eta letxugak eta belarrak zer-nola hazten ziren betesten ematen zuen denbora.
Gero berriz Gregoriorengan ikara sortzen zuten korridore, aszensore guzti haiek, bere osasunak okerrera egin zuen eta bigarren solairura igo arazi zuten. Handik nekezago atera zitekeen, ordu asko igarotzen bait zuen ohean, petxuko min haiekin.
Egun batean, haren bizitzaren egunik tristeena izan bait zen, hirugarren solairura eraman zuten, kamila batean. Inor ez zen handik, bazekien ederki, bizirik irteten.
Kanposantuko lurraren usaina adi zezakeen handik, soilik, hegoaize egunetan. Eta adiskide denak hantxe ehortzita zeuzkan hara joaten hasi zen orduan...
Hildakoak ziren, bestetan, berari bisita egiten ziotenak. Paretetan azaldu ohi ziren eta, ezin mugi zitekeela ikusirik, batzuek burlazko keinuak egiten zizkioten. Jesusak ez. Jesusa begibera eta zotinka azaltzen zen, armairuaren atean. Behin, Jesusak, oroitgarritzat, bere hatz erakuslea moztu eta kutxa txiki batean utzi zion, mesanotxeko kajoian.
Ez izan gaiztoa, eseri zaitez esan zion, pittin bat asaldatu bait zuen, Txominek orduan.
Umetan hala esan ohi zion Txominek, amaren azentoa irudikatuz.
Gregoriok, Txominek oso gauza politak erakusten zizkionez, aulkian jarri zen.
«San Franciscoren bizitza» liburua zekarren Txominek. Hartan erakutsi zion Gregoriori irakurtzen.
Barrutik ordea, hutsik zegoen liburu hura. Koaderno bat zen, Gregoriok bete beharrekoa. Gregoriok lapitza hartu zuen, Txominek deskribatzen zizkion letrak idaztekotan:
Egin makiltxo bat goitik behera, ondoan beste bat iguala, eta beste txiki bat biak elkartzen dituena; orain egin mendi altu bat alderik alde bide bat daukana; orain egin gizon luze bat bere txapel zabalarekin; orain egin ilargi bete-betea; orain egin gizon tripadun bat hanka okerra duena.
Txikitan horrela egiten zuten. Gero Gregoriok idatzitakoa irakurtzen ahalegintzen zen:
Hatxe, a...
Eta Txominek laguntzen zion:
Ha...
Te, o, erre...
Tor.
Ha-tor
HATOR, esan zion Txominek.
Laster monjak etorriko zirela, gogoratu zen Gregorio. Hankak eta eskuineko eskua ohera lotuta izaten zituen baina, hazka egiteko libre uzten zioten ezkerrekoaz, lapurtu eta almohadaren azpian jasota zeukan labantxoaz sokak moztu zituen.
Esfortzurik gabe jeiki zen ohetik. Ez zuen minik sentitzen, baizik eta arintasun estraino bat. Txomin, anai ahularekin joan gogo zuen erabat.
Gregoriok ez zuen dudarik egin, salto egindakoan.
Airearekin topo egiterakoan ireki zituen begiak, doi-doi pareko espaloian soineko luzedun andre xarmanta ikusteko.