Aurkibidea
Pietà berria: Detroit-eko ama eta haurrentzat
Poema nire familiarentzat: Hazel Griffin eta Victor Hernandez Cruz
Neure baitan isilik lehertzean hemen
Nazio Batuen hogeita bosgarren urtemugan: 1970
Etsaientzat mehatxu izan behar dut
Poema bat Hegoafrikako emakumeei
Independentziaren Eguna AEBetan
Emakumezkoa eta gizon baten isiltasuna
Aurkibidea
Pietà berria: Detroit-eko ama eta haurrentzat
Poema nire familiarentzat: Hazel Griffin eta Victor Hernandez Cruz
Neure baitan isilik lehertzean hemen
Nazio Batuen hogeita bosgarren urtemugan: 1970
Etsaientzat mehatxu izan behar dut
Poema bat Hegoafrikako emakumeei
Independentziaren Eguna AEBetan
Emakumezkoa eta gizon baten isiltasuna
Bagdadeko bonbardaketa
1
hasi eta ez zen amaitu 42 egun
eta 42 gauez errukigabe minutuz minutu
110.000tik gora bider josi genuen
bonbaz Irak bonbaz Bagdad
bonbaz Basora/bonbaz militarren
instalazioak bonbaz Museo Nazionala
bonbaz eskolak bonbaz aire-erasoentzako
babeslekuak bonbaz ura bonbaz
elektrizitatea bonbaz ospitaleak
bonbaz kaleak bonbaz autobideak
bonbaz mugitzen zen guztia/
bonbaz mugitzen ez zen guztia guk
bonbaz josi genuen Bagdad
5,5 milioi pertsona hartzen zituen hiria
bonbaz josi genituen irrati-dorreak bonbaz
telefono-zutoinak bonbaz meskitak
bonbaz lurreratze-pistak bonbaz tankeak
bonbaz kamioiak bonbaz autoak bonbaz zubiak
bonbaz josi genuen iluntasuna bonbaz
eguzkiaren argia guk bonbardatu genituen eta guk
bonbardatu genituen barreiatze-bonbekin Irakeko biztanleak eta sulfuro-bonbekin Irakeko biztanleak eta bonbardaketa horiek/“misio” horiek
Tomahawk gurutzaldi-misilekin osatu genituen eta horiekin
tiro egin genien milaka aldiz milaka pertsonari
Iraken barrena
(ulertu ezazu Scud misil irakiar bat
aipua ikuspuntu militarretik hutsaren hurrengoa aipuaren amaiera dela eta guk
ez dugula hutsaren hurrengoarekin txantxarik egiten)
beraz gurutzaldi-misilak erabili genituen behin eta berriz
Iraken barrena jaurti genituen
eta ez nago pozik
ez nago batere pozik:
Hau guzti hau ez dagokio “gauzak ondo doaz”elako nire nozioari
2
Bagdadeko bonbardaketak
ez zuen suntsitu nire gorputzaren eta nire maitearen
arnasaren arteko
distantzia edo denbora
3
Custerren Azken-aurreko Erresistentzia izan zen.
Zaldi Ero entzun dezaket hil artean kantari
abesti hori ikasteari ekin diot
eta musika hori entzuten dut mundu arabiarraren arranguran
4
Custer bere lana egitera ohitu zen, besterik gabe,
Mendebalderantz bultzaka, loriarako bidea urratuz
promesak egiten
basatien bila/haiek
haurrak hazteko/euripean dantzatzeko/eta
bufalo-talde baten errukia eskatzeko
eraikitako behin-betiko etxe hauskorren bila
Custerrek/berak jazarri zituen basati haiek
egunsentian egin zuen eraso
erail zituen gizonak/erail mutikoak
hartu zituen emakumeak preso eta bihurtu
zituen (ziur naiz)
bere erlijiora.
Ai, zein artoski agurtu zuen bere emaztegai
maitea!
Zein gozoa emakumearen begiek
eskaini zioten behakoa beren soldaduari!
Pistola eta bolboraz kargaturik besarkatu zituen
Patu Zuriaren Manifestuaren erraiak eta sarraskia,
Mendebalderantz bultzaka urratuz bidea
basatiak suntsitzeko
(“Egunsentian eraso!”)
eta hartzeko haien lurraldea
hartzeko haien emakumeak
hartzeko haien natura-ondarea
5
Eta nik aldarrikatzen ditut geziak
eta ausartak
6
Eta batzuk hil egin behar direla sinisten zuten horiek
hilik zeuden jada.
Eta gizatasuna eta horrenbestez giza eskubideak
haienak baino ez direla sinesten duten horiek guztiak,
horiek ez daude jada humanoa izan daitekeenaren aldean.
Eta errepresalia/mendekua/defentsa
gizon zurien eskumen jainkotiarretik datorrela sinetsi zuten guztiak,
eta gerra erabiltzea lehenik eta behin
eta azkenik eta behin
jarduera terrorista bat ez beste zerbait dela sinetsi zuten guztiak,
eta F-15/F-16/Apache
helikopteroak/
B-52 bonba-hegazkinak/bonba adimendunak/bonba
tentelak/napalma/artilleria/
koraza-ontziak/ojiba nuklearrak
ekintza terrorista bat burutzeko tresna terroristak ez beste zerbait
direla sinetsi zuten guztiak,
eta holokaustoa jende zuriari baino gertatzen ez zaion zerbait
dela sinetsi zuten guztiak,
eta Basamortuko Ekaitzak
Estatu Batuek Ekialde Hurbileko jendearen gainean burututako
holokaustoa ez beste zerbait esan nahi duela sinetsi zuten guztiak,
eta hori sinetsi zuten guztiak
hilik zeuden jada,
ez zeuden humanoa izan daitekeenaren aldean
Eta hil artean kantari ari den Zaldi Erorentzat da hau,
haren hilobiaren barruan bizi naizelako.
Eta Bagdadeko bonbardaketako biktimentzat da hau,
etsaia nire etxetik atera baitzen
zuen aberria
haur-pusketatan
eta hondar-zatitxoetan
lehertzeko
Eta nire izenean gauzatutako
sarraskiaren ondoren
nola ausartuko naiz zuei nire eskua eskaintzen,
nola negoziatu nire arrangurak zer
dakarren?
Nire bihotzak ezin aurre egin
heriotza honi lasaitasunik gabe,
nire arimak du jaregin
oinazea tantaka atera arte
Eta hil artean kantari ari den Zaldi Erorentzat da hau
eta hau da nire kantua bizientzat,
hilen aurka abestu behar dutenentzat,
abestu dezaten bizirik diraugunok elkartzeko
hil zituzten horiekin