Poesia kaiera
Poesia kaiera
June Jordan
itzulpena: Ane Garcia Lopez
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-43-3
June Jordan
1936-2002
 
 

 

Emakumezkoa eta gizon baten isiltasuna

 

Cf. W.B Yeats-en
Leda and the Swan (Leda eta beltxarga)

 

Eta orain ezagun du: ukabiltzarrak txikitzen dio bisaia.

Goian, zerua dabil ilargiaren tristura ezkutatzen.

Eta leihoak argi, ate itxia du bere arrasto ororen etsaia:

emakume baten suntsipen bortitzari egin dio men.

 

Nola altxatuko da ba gizonaren bulkada lizunaren aurka?

Hortzak okatzen ditu. Gizonak hanka meharrak ireki.

Haren sumin-bular iletsuak, talka,

emakumearen azken konfiantza-gotorleku leuna eraitsi.

Bularrak zauritu dizkio. Bihotza urratu eta estututa atera dio.

 

Lili eta beltxargen zelai-putzuan doa hondora.

Zuhaitzezko musika-arratsalde baten gainetik gora.

Jendeak zapaldutako odola lez desagertzen da.

Berriz agertzen da: arrazoiak iritsi ezin duen zakur puta ero;

ibaia eta uzta lehortzen dituen sukar;

bere energia krudel/sutsuak babestutako neska maite.