Aurkibidea
Pietà berria: Detroit-eko ama eta haurrentzat
Poema nire familiarentzat: Hazel Griffin eta Victor Hernandez Cruz
Neure baitan isilik lehertzean hemen
Nazio Batuen hogeita bosgarren urtemugan: 1970
Etsaientzat mehatxu izan behar dut
Poema bat Hegoafrikako emakumeei
Independentziaren Eguna AEBetan
Emakumezkoa eta gizon baten isiltasuna
Aurkibidea
Pietà berria: Detroit-eko ama eta haurrentzat
Poema nire familiarentzat: Hazel Griffin eta Victor Hernandez Cruz
Neure baitan isilik lehertzean hemen
Nazio Batuen hogeita bosgarren urtemugan: 1970
Etsaientzat mehatxu izan behar dut
Poema bat Hegoafrikako emakumeei
Independentziaren Eguna AEBetan
Emakumezkoa eta gizon baten isiltasuna
Poeta gazte bati poema
Erwin Cho-Woods-i eskainia
1997ko maiatzak 27
Pertsona gehienek bizitza osoa
ematen dute
beren tokiaren bila,
zuk esan bezala,
baina nik
hitz egiten didan edonoren
begien barrura egiten dut so
Aurpegi sinesgarri
eta abegikor baten bila nabil,
maskara askatu bat
ahotsa
belarriak eta kontzientzia dituena
ikus dezakedan
sudur batetik
arnasa hartzen
Egunez egun
bide ezagun.
Gustatzen zait bidaiatzean igartzea
masail baten koloreak
bekain baten kurba
bi ezpainen
aitorpen publikoak
Ongi da!
Ez dut esan gizon
edo emakumezko,
ez dut esan serbiar
edo tutsi,
esan dut
ni neu
beldurrari edo izuari kontra egitera naramana
dela hitz egiten didan
edonor
Aurpegi bat
aldarrikatu edo itauntzeko
nire hurrengo pausoa urrun
edo gertuago emango ote dudan
Hamabost anemona
barkamena adina zabal,
leun,
horren irekita datzana,
beti ariko baita erle eske
Goiza,
txori-kanta eta ihintza
atxaparretan nahasita
ateratzeko gonbita egiten,
eta nire maitalearen ilea eguzki argitan
nire hatzekin korapilatuta
Aurpegi bat
kitzikatu edo debekatzeko
nire lilurazko hurbiltasuna
edo bestela
agoniazko gaitzespena
Arimaren itolarriak
darama ama
bere haurrei
uko egitera
haiek bakarrik utziz,
hezur eta hautsa
elikagai
Aurpegi bat
gorpuaz gaindi
sehaska inbaditzen dut
nire maitasuna kulunkatzeko
bizirik
Aurpegi bat
inor eza eta ezereza konektatzen dituen
Interneten moda txepelaz gaindi
Aurpegi bat
zeruko
klera-lerro
narkoleptiko/antiseptikoen aurka:
gezurra diote,
eta kreditu txartelak
eta egia almidoituak aurkezten dituzte
froga bikain gisa adierazteko
zuk eta nik
ez dugula defendatu behar
komun-zuloko
eta zapaltzaileen balen aurkako erabakietatik,
zeinak limusinetan hartzen baitira:
pantaila handia haien artean banatzen dute
urrezko puntutan
bailara hotzaren gainetik
hegaka dabilen itzal barkaezina dira
txiki
txiki
txiki
arnasa hau eta arnasa hura
eta orduan
hau eta hori
heriotza hura
Aurpegi baten bila nabil,
maskara askatu bat
ahotsa
belarriak
eta kontzientzia dituena
ikus dezakedan
sudur batetik
arnasa hartzen
Aurpegi baten bila nabil
genozidioari oztopoak jarriko dizkiona
hilez harago bilatzen dut
eta
bizidunen ikuspegi inperfektuak gidatzen nau
ez eta bai
etorri eta banoa
niri hitz egiten didan
edonoren begietara
itzultzen naiz