Poesia kaiera
Poesia kaiera
June Jordan
itzulpena: Ane Garcia Lopez
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-43-3
June Jordan
1936-2002
 
 

 

Hegaldi librea

 

Ezerk ez nau asetzen gauez

lokartzen naiz ordubetez edo bi orduz gero

atzera iratzartzen naute erraiek

izu

jaiki behar dut

eta hozkailurako bidaia arretagabean

burura datozkit esne lurrundua etxeko banilla-izozkia

labetik bero ateratako gerezi-pastela Vermonteko

Cheddar Gaztaren Antzeko Zerbait duela

gainean gozo-gozo urtzen, artean

leunki

nik almendrak eta mahaspasak irensten ditut irizpide matematikoen

arabera nahasita edo apioa edo nik asmatutako mokadu gazi-gozoa,

brie gazta kakahuete-gurin ezti eta

salami zati txiki-txiki batekin

galleta gazi bakarraren gainean gehitutako gatzik gabe

edo irakurtzen ditut Cesar Vallejo/Gabriela Mistral/iazko

antologia osoa edo

agian egin beharreko gauzez osatutako beste zerrenda bat egingo dut

komuneko papera jarriko dut lehenik eta

ohartu naiz ez zaidala sekula bururatzen marrubizko

pastel freskoa idaztea: sekula,

nahiz eta marrubizko pastel freskoak irabazten dien

mahaspasa eta almendrei 6 eta huts

erraz

erraz

poema hau al dago nire zerrendan?

Bonbillak limoiak gutun-azalak bolalumak

postetxea eta kuiatxoak

laranjarik ez

ez dago

horrek esan nahi du ahaztu dudala akaso.

Nire txakurra kalera ateratzeak

egunkariek botatako galderei

zabaltzen die espazioa nire buruan

eta txinpartaka datozkit bat-batean adibidez

Lurrikara bat al dago Ekuadorren?

San Frantziskora zioan TWA hegaldi merke batek

Filadelfian hartu al du lur

edo

zer arraio gertatu zaie giza eskubideei Washingtonen? Edo zer gertatzen da

KPIaren beheranzko joera ezegonkorrarekin

eta eskola hartan nengoen (P.S. laralai) eta bazen garaia

nik alde egin nezan baina

Ez! Ezin nintzen joan: beste norbaiti baliozko zerbait irakatsi gabe

toki hau uzten zuen edonor deserritua izango zen ordutik aurrera

izango zen betirako ezgauza eta ezdeusa/aspergarria

eta ongi erdeinatua

40-50 ikasleren aurrean egona nintzen nire ahoari

eragiten eta eskuzabala izan nintzen irribarre faltsuekin, goxo

mintzatutako trikimailu sasi-atseginekin

halako helduen artean hitz egiten behartuta nengoelako,

Laneko Jarreraren traizio ohikoari jarraiki

LANEKO JARRERA

poema hau al dago zerrenda horretan

zapatak garbitu azazkalak zorroztu arroparen goiko eta beheko aldea koordinatu

kontrolatu ezpainetakoa ez

egin oihurik aspertuta nago

hau jainkoaren sorkuntza-orduak prostituitzea da

begiratu arretaz zure begiak zure eskuak ilunabarreko

zerua leiho handi instituzionaletan

ez

ez nintzen ausartu ez nuen kemenik izan

poema hau jartzeko zerrenda horretan

gero eskolaren bukaeran mutil batek Mahler-en 9.

sinfoniaren disko bikoitza ematen dit entzun

ezazu utzi zugana astiro sartzen dio

maitasun transzendentala

dio

nik pentsatzen dut keba,

haserre daramat egun osoa/inork ez du etxeko lana egin

ez nago prest

ez nago prest horrenbeste grazia jasotzeko

ez nago prest hartzeko nire aurpegia gordearazten didan

ezusteko musika hori.

Ezerk ez nau asetzen gauez

atzo etxeko gonbidatuak toalla marroi

bat utzi zuen komunean, gaur erabiltzeko

urdin bat jarri dut nik

eta zuri hautsizko oihal bat benetan

ez dut behar gonbidaturik

ez dut behar toallarik/maitalerik

txakur bat baino ez dut behar

 

Agian txantxetan nabil

 

Agian emakume bat behar dut

emakume bat ona litzateke badakizu horren emaztegai

horren gutxi gorabehera amatiar entzun zaitzala horrenbeste

ukitzea maite duzun azal unibertsala eta zugandik

zenbat eta hurbilago egon orduan eta ederragoa iruditzen zaizuna zuri/edonori

baietz esan eta barre eragiten dizuna eta esaten dizuna badakiela, bera ere

toki berean egon dela nire etsaiei balak okatuko dizkiela berak dio

Alaskara joan behar duzu barkuz pikutara dena probatu

te intelektual hau eta hartu bainu luze bat

 

Agian gizon bat behar dut

gizon bat ona litzateke badakizu horren gizona horren bizi

horren gutxi gorabehera maitale horren segurua horrenbeste

iritziaren ahots sakona eta leihopeen antzeko sorbaldak

eta masailak horren leun, ilea bi xaflako

bizar-ebakitzailez moztua, ile koipetsurik ez eta zahirik ez gainera/

norbaitek dio baietz eta barre eragiten dit eta esaten dit badakiela, bera toki berean egon dela berak

nire etsaiei balak okatuko dizkiela esaten dit barkuz joan behar duzu

Alaskara pikutara dena eta hartu bainu luze bat

 

larai eta laralai

zer dela eta obsesio sozial hori bainuontziarekin

 

agian neure neure burua maitatu behar dut soilik

(edonola ere subjektua ezagunagoa zait)

agian nire lehengusuak esaten didanean

bizitzaren lorea zimeldu zaion emakume bat gogorarazten diodala agian

borroka-giltza bat egin behar diot osabari deiadarka deitzen dion arte eta

barkatu

agian mespretxatzen dudan jendea musukatzeko

joera itsusi hau sentitzen dudanean

(halakoa baita festa hau,

mespretxatzen duzun jendea musukatzeko parada)

agian esan beharko nieke adeitsu, hara:

zoazte pikut…

 

Agian gauaren erdian iratzartzen naizenean

eskaileretan behera joan

hozkailuaren barnekiak lurrera bota

eta hortxe geratu beharko nuke, erdi-erdian, isuritako esnea

eta barreiatutako gurina nire oin zikinen pean ditudala

poemak idazten

poemak idazten

agian neure neure burua maitatzen ikasi behar dut ez besterik eta

edonola ere

horretan ari naiz