Aurkibidea
Pietā berria: Detroit-eko ama eta haurrentzat
Poema nire familiarentzat: Hazel Griffin eta Victor Hernandez Cruz
Neure baitan isilik lehertzean hemen
Nazio Batuen hogeita bosgarren urtemugan: 1970
Etsaientzat mehatxu izan behar dut
Poema bat Hegoafrikako emakumeei
Independentziaren Eguna AEBetan
Emakumezkoa eta gizon baten isiltasuna
Aurkibidea
Pietā berria: Detroit-eko ama eta haurrentzat
Poema nire familiarentzat: Hazel Griffin eta Victor Hernandez Cruz
Neure baitan isilik lehertzean hemen
Nazio Batuen hogeita bosgarren urtemugan: 1970
Etsaientzat mehatxu izan behar dut
Poema bat Hegoafrikako emakumeei
Independentziaren Eguna AEBetan
Emakumezkoa eta gizon baten isiltasuna
Poesia soziala eta engaiamenduaren gaiak aspertzeraino jorratu eta eztabaidatu izan ziren Espainiako literaturan eta, mimesiz, Euskal Herrikoan XX. mendeko 60ko hamarkadatik aurrera. Moda bihurtzeraino iritsi zela esan dezakegu eta literatura ohiko querelle horietako baten forma ere hartu zen: poesia sozialaren defendatzaile sutsuak vs. abangoardiaren orpotik xoraturik zebiltzanak.
June Jordan, begiratu azkar batean, poesia sozialaren barnean sar genezake bere poemetako mezu politiko-sozial gordinak aintzat hartzen baditugu. Alabaina, arestian aipatutako markotik aparte garatutako poetika izan zen berea, ez soilik Ameriketako Estatu Batuetako testuinguruan kokatua zegoelako, baizik eta bere poesiaren sakontasun soziala oso bestelakoa izan zelako. Kolonialismoaren historiaren kontrakarrera idatzitakoa da bere poesia, non askotariko zapalkuntzak salatzen diren: esklabotza, arrazakeria, biolentzia poliziala, biolentzia matxista.
Beltz izatearen kontzientzia bizitik idatzitakoa da, esaterako, Nork begiratzen nau ni saila, edo aurreiritzi razialak ditu jopuntutzat Etsaientzat mehatxu izan nahi dut titulu esanguratsudunak. Bere beste ildo jarraietako bat da bortxaketarena (bere larrutan ezagututakoa), hainbat poematan ageri dena, besteak beste Poema nire eskubideez durdigarrian. Mundu garaikideari lotuta idazten zuen, eta halaxe agertzen dira bere poemetan karga politiko handia duten leku eta identitate politikoak: amerindiarrak, Hegoafrika, Nikaragua, Irak, Bosnia… Milikeria gabekoa da bere idazkera, izanari izenaz egiten diona dei, ez itzulinguruz, eta horregatik zenbait lerro ia lelo moduan irakur litezke: “Gu geu gara espero genituen haiek”.
1936an jaio zen New Yorkeko Harlem auzoan Jamaikako migrante familia batean. Horrek jaiotzatiko esanahi ia saihestezina zuen: biolentzia historia latz batera kondenatua izatea. Beltz izateagatik jasotako biolentzia jarraia alde batetik —bere aitak sarri gogorarazten ziona zapaldua izan ez zedin— baina baita aitak berak hezkuntza zorrotzaren izenean Jordanen kontra erabilitako biolentzia ere. Hezkuntza horren baitan ezagutu zuen, halaber, literaturarekiko txera eta ikasketa arautu eta jarraituak jasotzeko parada (ikasle eta irakasle zuri artean). Unibertsitate garaian, kontzientzia politikoa eskuratzearekin batera ekin zion idazteari nahiz militantzia politikoari. 1955ean Columbia Unibertsitateko ikasle batekin ezkondu zen eta seme bakarra izan zuten 1958an; bikotea dibortziatu ondotik (1965) berak hezi zuen semea. Horren ondoren hasi zen publikatzen, 1969koa baitu lehen liburua, Nork begiratzen nau ni, eta hortik aurrera hil arte idatzi zuen poesia eta saiakera.
Bere belaunaldiko beste zenbait poetarekin batera (kaier hauetan bertan publikatutako Audre Lorde eta Adrienne Rich, besteak beste), XX. mendeko bigarren erdian poesia estatubatuarra astindu zuenetako bat izan zen, eta gaur egunetik begiratuta, garaiei aurrea hartu ziela esan daiteke, egun puri-purian dauden hainbeste gai jorratu zituelako. Bere poesia irakurri ondoren Jordan faltesten dugula sentituko du ziur aski irakurleak, bere ahotsa oinaze sendagarria delako, mundu honen makurkeria zornatzen laguntzen duena.