Aurkibidea
Aurkibidea
Dado Kolpe batek
sekula ez du abolituko Zoria
SAR-HITZA
Nahiago nuke Ohar hau irakurriko ez balitz, edota, bertan gaindi ibili eta gero, ahantziko balitz; Irakurle trebeari deus gutxi jakinarazten dio bere barneratzeaz kanpora denik: inozentea, aldiz, durduzarazi egin dezake Poemaren lehen hitzetan begirada pausatu baino lehen ere, ondoko hitzek, paratuta diren bezala, azkenetaraino eramango baitute, eta testuan ez da beste berritasunik irakurketari utzitako tarteak besterik. “Hutsuneek”, bistan denez, garrantzia hartzen dute, hastapenetik harritu egiten dute; bertso-moldeak galdatu ohi zituen, isiltasuna bezalakoa inguruan, harik eta puska batek, lirikoa edo oin gutxikoa, erdi-erdian, orrialdearen herena betetzerainokoan: nik ez dut neurri hori urratzen, barreiatu baizik ez. Irudi batek, beste irudi batzuen segida onartuz, bere oldez hasi eta buka egiten duen aldiro, paperak esku hartzen du eta, oraingoan ez dira, beti bezala, soinuzko marra erregularrak edo bertsoa izango —hobeki erran, Ideiaren azpizatitze prismatikoak, agerpenak eta bere partaidetzak dirauen liparra, eszenaratze espiritual zehatz modukoan, leku kanbiakorretan nagusitzen da testua, hari nagusi gordetik hurbil edo urrun, egiantzaren arabera. Buruan hitz multzoen edo hitzen artean diren bereizgarriak kopiatzen dituzten zuriune horien probetxu literarioa da, horrela erratea zilegi bazait, badirudiela mugimendua batean zalutu bestean baraxtu egiten dela, silabaka arituz, are hartara behartuz, Orrialdearen ikuspen aldiberekoaren arabera: hura unitatetzat hartuz, bestaldetik Bertsoa edo lerro perfektua ere hala diren bezala. Fikzioa azaleratuko da eta desagertu, laster, idazkiaren mugikortasunaren arabera, tituluak sarrarazten eta segiarazten duen funtsezko esaldi baten geldialdi osatugabeen inguruan. Dena hipotesian pasatzen da, lasterbidez, kontakizuna saihestuz. Gaineratu behar da erabilera hau, pentsamendutik biluzia gibelatzeez, luzatzeez, ihes egiteez, edo bere marrazkiaz, partitura bat bilakatzen dela, nahi duenak ozenki irakur dezan. Zergati nagusiaren, bigarren mailakoen eta albokoen artean den inprimategiko karaktereen diferentzia ahozko emanaldirako garrantzitsua da eta kokapena, orrialdearen erdian, goian, behean, ohartarazten du intonazioak goiti edo beheiti egiten duen. Soilik zenbait norabide oso ausart, usurpaketak, e.a., prosodia honen kontrapuntua direnak, oinarrizko egoeran gelditzen dira aurrekaririk ez duen lan honetan: ez da saio ahalketietarako parada dela uste dudalako, baina ez dagokit niri, orrialde antolaketa bereziaz edo bolumenezkoaz kanpo, Aldizkari batean usadioaren kontra gehiegi jardutea, nahiz eta argitalpen hau libertate ederretarako adoretsua, grazios eta gonbidatzailea izan. Honekin batera doan Poemaz adierazi behar nukeen, halarik ere, tradizioa guztiz hausten ez duen “egoera” bat; haren aurkezpena anitz zentzutan bultzatu, ez dadin inor asalda: aski litzateke begiak zabalarazteko. Gaur, hemendik sortuko den geroa zer izango den asmatu gabe, deus ez edo artea kasik, aise aitortzen dugu entsegu honen parte direla, ustekabean, gure garaian maiteak diren segida berezi batzuk, bertso librea eta prosazko poema. Badakit haien biltzea eragin arrotz baten azpian burutzen dela, hots, kontzertuan entzuten den Musikarenean; hor aurkitzen diren bitarteko ugari Letrenak ere badirela iruditu zaidanez, gibelera hartzen ditut. Genero honek, kantu pertsonalaren ondoan sinfonia modukoa emeki-emeki bilakatzen dena, ez dio kalterik egiten bertso-molde zaharrari, zeina gurtzen dudan eta pasioen eta ametsen inperiotzat dudan; aldiz, irudimen puru eta konplexu edo adimenekoak diren gai horiek ahalaz (jarraian den bezala) erabiltzeko unea delarik: ez baita arrazoirik haiek iturburu bakarra den Poesiatik baztertzeko.
Poema bera irakurtzeko, ikus PDF formatuan.
Jatorrizkoa PDF formatuan.