Neguaren gorazarrea
Neguarekin batera datozen ohiturak atsegin ditut,
telebistaz entzutea tenperaturak behera doazela
eta bihar zero azpitik bost gradu izango dugula soilik,
bost diamante izotzezko.
Eta hurrengo goizean kalera baino lehen
berokia, txanoa, lepokoa, botak eta eskularruak
poliki jantzi, erlijio zaharren errituak gogoratuz.
Gero, zeruaren grisantza egiaztatu,
eta haizearen zorrotza, eta parkearen biluzia,
hotza sudurreratu birikien hondoetaraino
eta dastatu droga ezagunaren zorabioak,
ahotik ilkitzen diren arima zatiak mirestu
eta ibili espektro beldurtien artean.
Herri guztien negu-jainkoei otoitz egin,
lagun iezadazue, lagun iezadazue,
antzigarra eta elurra gurtu,
izotz burruntziak eta ziztorrak ferekatu,
inoiz izan ez den xamurraz elur zikinean soa galdu
eta sekretuki mesprezatu besteen ele kexatiak.
Mendi lausoetaraino gogoa eraman,
hiriak erakusten duen barrokotasunaz gozatu
eta barre egin ezkutuan automobilez.
Noizbehinka arkuperen batean hankak eta besoak astindu
eta gero berriro aurpegian sentitu
neguak amultsuki eskaintzen duen mila musu heze,
non elur malutak bezalako maitaleak?
Entzun dut izozturik hiltzea oso ezti dela,
loak hartzen zaitu pixkanaka, eta ametsetan
jadanik, Neguaren Erregek gorte ororekin
betirako eramaten zaitu Jauregi Zurira.
w1998