66 lerro hiri setiatuan
Gasteizko plaza eta kaleak lasai zeharkatzean,
egunero bezala lanera edo lagunengana,
bat-batean asaldaturik pentsatzen dut
hau bera han egitea
arriskutsua dela oso egun askotan,
eta etxegainei begiratuz kalkulatzen dut,
begia hotz, dardar gogoa,
zein aukeratuko lukeen franko-tiratzaileak,
nondik etorriko ene burua
lore beltz odolezko bilakatuko duen bala,
susmagarria baita plaza zabalegi hori. Kale hura.
Etxe handiz inguraturiko parkea.
Entzun dut Sarajevoko parkeetan
zuhaitzik ez dagoela jadanik,
biztanleek moztu baitituzte etxeak berotzeko,
eta bat-batean asaldaturik pentsatzen dut
ez dudala nik etxean sua egiteko leku egokirik.
Gainera, ene kalea eraikuntza ofizialez beterik dago,
eta gobernu-bulegoak garrantzizkoak omen direnez
gerra garaian,
bat-batean asaldaturik pentsatzen dut
kalea istilugune bihurtu eta
suntsiturik egon daitekeela agian
Sarajevoko ene etxea.
Nola moldatzen da ni naizena Sarajevon?
Lanera doa oraindik abididez? Ala
ohitura arrunt horiek guztiak aspaldian desagertu ziren?
Eta bat-batean asaldaturik pentsatzen dut
ikastetxeak itxita egongo direla ziur asko,
nirea, gainera, trenbidearen bestaldean dagoela, geltokitik hurbil,
eta trenbideak eta geltokiak kontrolatu beharreko gauzak omen direla
gerra garaian.
Luzaro iguriki iristen ez diren eskutitzak
eta berriak ezin izkiriatu.
Nola egiten ditut erosketak Sarajevon?
Kilo patatak hamar marko balio duenetik
orduak ematen ditut batuketak eta kenketak egiten
baina emaitzak gose dira beti.
Eta bat-batean asaldaturik pentsatzen dut
gosea, hotza, izua, ilarak, zori txarra
ohitura ezin arruntegiak direla
gerra garaian.
Banaturik dago jadanik hiria,
barne mugak zauri dira
eta zauri horien odola ez da metafora,
trenbideaz haraindi etsai lagunak,
zubiaz honaindian lagun etsaiak.
Niri egokitu zaidan egoerari nola egokitu natzaio ni?
Eta bat-batean asaldaturik pentsatzen dut
ama sartaldean bizi dela eta ni berriz erdialdean
eta bi auzoak, anaiarena ere bai, urrunago egon daitezkeela
gerra garaian,
eta banaketa horiek ezustekoak direla eta ankerrak,
gau hartan zure etxean afaldu nuelako nago hemen.
Ez da falta Gasteizko inguruetan
leku egokirik artilleria kokatzeko,
Zaldiaran edo Gasteizko mendiak
ez dira Ilidza mendia bezain ikusgarriak izango,
baina handik jaurtiriko bonbek lan ona egin dezakete.
Eta gero errepideetara oinez irten, pardeltxoak bizkarrean,
hiritar hirigabeak,
udan bada sargori, neguan bada izotz,
inora ez doazen bideetan galdurik,
inon ez dagoen babesaren bila;
bake-itunak sinatu arte bizirik irautea da kontua.
Ez dezala deabruak beste 6 bat idatz.
w1998