Kalean erori paperak
Eta asfalto bustian ziren islatzen
kaleko argi desberdinak, iraunkorrak.
Lipar batez bizi eta hil eta bizi
planeta bakar baten begi ilunetan.
Haizeak puzten ditu izara hezeak
irudi abstraktuak osatuz temati.
Eta gu bestaldean babesaren bila,
eulia bezala negua iristean,
eulia elur gorritan harrapaturik.
Eta nori esan, edo nola, edo noiz,
segundo batean ispiluak dakarren
alkimia: eskalerik eskaleena.
Egunero ordu beretsuan kalea
zeharkatzen zuen huraxe, adibidez.
Gogoan ditugu egun eta etxeak,
egia atsegin genuen garai haiek.
Busti ziren kalean erori paperak
eta tinta nabarra zerien hitzei.
Etorkizunetik datozkigu engoitik
oroitzapenak.
w1998