Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-19-3
Rikardo Arregi
1958, Gasteiz
 
 

Zu Ipar Irlandan, ni Hego Euskal Herrian

 

Chi poría mai pur con parole sciolte

dicer del sangue e delle piaghe a pieno

ch'i' ora vidi, per narrar piú volte?

Ogne lingua per certo verría meno

per lo nostro sermone e per la mente

c' hanno a tanto comprender poco seno.

Dante, Infernua, XXVIII l-6

 

Jane McKee-rentzat

 

Aurrez aurre eserita, gutun zaharrak

irakurtzen ditugu zuk eta biok aztoraturik,

paper horixkak hiljantziak bailiran ukituz,

hain dira hauskor odolbatu ahantzi hauek.

 

Ispilu beldurgarria da biontzat

letra bihurrietatik datorkigun mina, eta gorrotoa,

arrotza zaigu hizkuntza, ez, ordea, egoera.

Bidaliko dizkizut liburu guztiak berak testamentuan

eskatu zuen moduan, baina, adi, ez inori erakutsi,

kartzela edo heriotza

dira sari bakarrak.

Hemen da sinadura eta hauek ziren zigiluak.

 

Eta elkarri murmurikatzen dizkiogu azken berriak,

hildako bat zure herrian, enean hogeita hamar zauritu,

hamaseigarren mendeaz ari zara ala gaur goizekoaz?

Hemen biktima zirenak borrero egin ziren han.

 

Haizea da bero,

zuri argia,

beleak du gorri

moko-begia

 

Idolatra irakurtzen dut hemen eta han heretiko,

edonon traidore. Aldatu da estiloa apurtxo bat

eta ez du inork jadanik antzar-lumez izkiriatzen.

Askatasunaren lurraldean deserrituak ziren bakarrik.

 

Istiluen sortzaile, herriaren etsai,

esaidazu non irakurri dituzun hitz horiek,

eta zein hizkuntzatan,

orain dela laurehun urteko liburu hartan

ala atzoko egunkarietan?

 

w1998