Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Miramar 1954
Anima mea desideravit te in nocte.
(Nere barrenak gauez irrikatzen zaitu)
Isaias, XXVI,9
Betieran sartzen ote naiz asia
tarteka bederen? Ez muga, ez aldi,
ez tarte laisterrik; beta-ren barnean
beti dan Arekin bete nago geldi.
BAT. Ala zakurra eizez dabillala,
isats-eraginka, ikara belarri;
baiñan oillagorra suma dula, kuzkur,
batera biltzen tu, lotuz gorputzari.
Buru ta biotza alde banatara
doazkit egunez, bi liran iduri;
gauaren mendean bat biurtzen dira
ezin bakanduaz: ordun naiz bat-bat ni.
Gauezko pakean egin ez duenak
otoitza xortzeke, zer dan ote daki?
Gauak? Ixillak? Zerk ote nauka kuku?
Indar oro batuz zer ote naiz ari?
Egonean jardun, jardunean egon,
eragiñik gabe norbaitek naragi.
BETA, Jaikoaren beti-ren antzera
noiz asi, noiz buka, ezer ez dit neri.
Tarte onek ez du laisterrik; egonak
aztuazi dit noiz otoitza nun asi.
Ari naiz, banago. Betaren pakean
ezaxolik nago otoitza noiz utzi.
Xaguxar bat egan bekoki gaiñean...
lurrean nagola dioket igerri.
Murgiltzen naiz berriz beta paketsuan,
jardunean egon, egonean ari.
Katu elur-margo, marrakaz isatsa
legunduz, atea zaiodan zabali,
eizetik irten da; atzarriz berriro,
lurrean nagola dioket igarri.
Arraiak uraren axalean zenbait
mamu atzemanka eiten baitu jauzi
ura galdu gabe? Alaxe berriro
arnasa galzeke murgillik naiz geldi.
BETE. Utsarterik, aldarterik gabe
ni bete; neronez ez xortu, ez antzi.
Baiñan utsa naiz ni; Jainkoak nau bete.
Ark ez baitu bazterrik, nik ez dut bazterrik;
ez baita mugitzen, enaiz ni mugitzen;
oro naiz Arekin, oro dut nerekin.
Miramar eipea! gauez bitan goxo.
Agur!, baiñan emen barne zaitut beti.
Noranai noala nerekin zaramat,
ez baita neretzat utsik, ez tarterik.
Gizaingeru diran Muyshondt-arrak oro
emen barne ontan nigaz deramatzit.
BETI. Sar banendi betian zatika...
orobat dirade oso eta zati.
Anima betian bizi zait; gorputzak
badu, zorigaitzez, aldarteen berri.
Zeru goxo onek lurreko minkaitza
ez galtzen! Erria lur ontan atzerri!
Bizi nadin, Jauna, naizaño, Zurekin,
Zurekin biurtuz BAT BETE ta BETI.
w1955