Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Gure zizak
Udalenaren parrak sortua
Martxok eraman induna,
gogora zadan bizi, izeneko
Santu uan aren eguna.
Esku-ekusiz ez nian eman
—ez baitzegon usaiduna—
martxo-lorea; ba duk besterik
par goxo bialtzen duna.
Udaurrearen parra da ziza
belar-koroien tartean;
inguruka ala jaiotzen dira
ortzak aurraren oiean.
Gaur, biar, etzi, zoro nabilla
par ori suma-naiean,
begi ta beatz, gogo ta biotz,
argitzean, illuntzean.
Alaxen amak bular-aurrari
deragio lên-par-murritz,
beatxingarrez masailla leunduz
beingoan ez bada berriz.
Gaur, biar, etzi, barrutira ni
belar-koroiak ikusiz,
igazko larre bikaiñen ua
aldatu ote dan tokiz.
Amak berebat bular-aurrari
ortzaldea araka dio:
«gaurgero ba du», ezin-etsiaz
egunoroz orduoro,
lênengo ortza noiz ager dakion.
Bein, berriz, uts... Noizbait gero,
lên-ortza agertu. Ala nabil ni
zizetan goiz-atsaldero.
Euzki-tarteak lurrari musu
noizko par egiñarazi,
aize-pilpilak berdin; nik berriz
—ez balitza musu ua aski—
biotz-ukituz, begi zorrotzez
lurra nai aurrerarazi.
Muzin egin dit: begi ta biotz
ez izan nik aski bizi!
Ba dut illoba begi-beltx beltxa,
tximistaren izpia du;
biamonean goiz goiz begiak
lurrera ditu zorroztu.
Lurra lotsa da, bein ta betikoz
dizkigulakoz ukatu:
begi-beltx aren begiratura
ezin geiago luzatu.
Goiz-intzak parra eragin dio
belar-koroi berdeari.
Osaba poz: «gaur ire egunean
zizak dituk, Joxe Mari».
Zer ote zuten gure ziza aiek,
kalekume xangoxuri,
beiñere ez’eko usai ta agoa
aurkitu iela aieri?
Intz, aize, eguzki, biotz-begien
igurtzi esan-eziña!
Gezur-munduan nekez arkitzen
dan adiskidego miña!
Ez luzaroko! Jo zian usai
ark zeruaren urdiña.
Geroztik noizbein mizkatzen diat
udazkenaren samiña.
w1934