Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-00-1
Orixe
1888, Orexa
1961, Añorga
 
 

Betiera

Urdin dago zerua, egoa da mazal,

mendiak urbil daude, zugazpeak itzal,

ura berantzaldian, itsasoa jabal.

Arkaitzean jarri naiz bi begiak zabal.

 

Nigandik urrun gabe ontzi bat ageri,

an ustu, emen bete, dabil erriz erri.

Ugiñen apar doia urbiltzen zait neri;

ur gardenean noiz-bein arraiak igeri.

 

Aspertzen ez omen da ikusiz begia.

Nere au aspertzeko da itsas-egia.

Uin-otsak lenago dit artzen belarria.

Ez aspertu, ez ase, ark nauka guzia.

 

Antxitak xortzen naute itzuli-inguruka;

lertzen dan apar arek axalean nauka;

begiei nai dutena errez diet uka;

dunba sor artan nauzu barrenean kuka.

 

Ots ori betidanik etengabe bera?

Iñolaz, nik bezala badu asiera.

Ez du tarterik —ontan biok berdin gera—.

Iduriratzen zail dut bion bukaera.

 

Nik ere badut ots bat belarrian beti;

ots ori entzuteko sarri naiz goseti.

Or arkitzen naiz nerau ots denen gaiñeti,

aldarteak aldarte, barnean barneti.

 

Nere biotz-pilpirak berekin etena;

betirautea ez da neurtu ditekena;

ots etengabe ortan, belarri barrena

dut aren iduririk jator-jatorrena.

 

Betieran sarturik arkitzen ote naiz?

Ez; nere mugarekin egin dut topo maiz.

Nere muga loa da: ori dut gaitzen gaitz.

Orregatik goizetan jekitzen ni garaiz.

 

Ari naiz ta banago entzun eta entzun,

ots orrek etengabe irauten ote dun.

Nerau neronengandik atertu nai ez nun;

baiña badator loa, bekaiñetan astun.

 

Ez da betirautea luze, zabal, zingo;

une, aldi, menderik ez du bere laingo;

guzia da batean, betean ta beingo .

Bestela mintza gaiten: ua dugu Jainko.

 

Ez da belarri-otsa. Zenbat legunago!

Ixiltasun osoa zaio urbillago.

Batetikan bestera bide luze dago;

Baiña sumatzen dala nolabaitxe nago.

 

Ixil ortan sarturik, uneka bederen,

—dena batean baita— Jauna daukat emen.

Dezadan beintzat atzi uneka, naiz eten.

Gero dut atergabe beti iastaturen.

 

w1951