Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Beti lagun
Animaeque, umbraeque silentes
Virgilio
Non nago? Non aut? Ez ote da auxe
neretzat lengo Tolosa?
Ez al dezaket entzun berriro
mintzo goxo aren otsa?
Bego negarra, lurrindu bedi
begian malko mingotsa,
alare ez uke nik iregatik
negar egitea, lotsa.
Ire errainua ikusten diat
nere begion txingarra;
argi biurtu dela niokek
ire ezpainen irriparra.
Danteren itzal isillak beude,
betorkit neri ire garra,
bete dezadan azken aginduz
eman idaken bearra.
Biotz-bertsoak egin nai eta
Jainko billa nauk oldartu;
ik esan idan bein ta berriro
ontan nendilla leiatu.
Lagun egidak argi orrekin,
nere bigarren aingeru,
igan ikusten diat garbien
Jaungoikoaren errainu.
Jainkorik ezin, ez ta aingerurik
gorputz-antzean iduri;
siñestez iñoiz konturatzen nauk
itzalpean nautela ni.
Illun ortatik bizi ontara
i aut bitartean argi;
errainu onen dirdaia lagun
aurrean zeuzkeat beti.
Beretarbiden, iturri askan
agertu didak begia,
osto tartetik iragazirik
eguzkiaren izpia.
Nere aurretik, ibilli gabe,
igaro uan mendia,
ikusi genin basora antzean
loretan den sagastia.
Len lagun zintzo gorputz-bizitan,
orain are, lagunago,
tokiz aldatzen nekerik ez duk
ez egal, eta ez zango.
Begi-ordeok aurreko ormara
eguzkiak jota baino,
zintzogo abil nere aurrean,
abil ni bizi naizaiño.
Oroitu ta aztu, burruka diat,
tartez bakar eguzkia,
errainu onek irauten balu,
auxe nere zoria.
Goibeltzen bazait, gainbero bedi,
bego barren au goria,
gorputz ustel au, gandu nasi au
daiteken arte eroria.
Biga atera duk, begiak lauso,
ikullu-zoko beltzetik,
begiak urez igurtzi eta
lauso orrek aldegiten dik.
Egunotako negar-malkoak
txuka ditudanean nik,
ni il arte ez beza Jaungoikoak nai
ire errainua galtzerik.
Nere bigarren albo-aingeru,
nere Jainko-erakusle,
il arte lagun, ortik onera
etzegok len ainbat bide.
Bakar-bakarrik nakustenean
jendeak esan bezate:
bekokian dik aren itzala,
lagun dik oraindik ere.
w1933
Musika: Antton Valverde