Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-00-1
Orixe
1888, Orexa
1961, Añorga
 
 

«Pampa»etan izar

Illun dago lurra, illargirik ez da, izar dago zeru.

Bi obo biribil, bat beltza, bat urdin. Ni naiz erdileku.

Izarrei begira, mendi gabe, doi dut jaso bear buru.

Zerua bertago izarrak gorrigo. Zelaia paketsu.

Begi-klixka batez neurtuak ditut millakan eremu;

giltzerdi neregan, eta beste klixkaz buka dut inguru.

Alper da bat-banan izar bakoitzan geldi begiratu;

guzien nir-nir’ak itz bat egiten du: «tiñel gaituzu gu!»

Bazter orietaz arago badira beste milla mundu:

ibil eta joan, nork ote lezake mugarik arkitu?

Ez xilborrik ere. Jainkoaren kutxak ertza non ote du?

 

Galtzen naiz berêla. Nere gogoeta zertako luzatu?

Nere belarrien betiko xixtua ezin dut sumatu,

kolkoan arnasa bakan, biotzean pilpira larritsu,

izarren ixillak, nekatuen loak, entzuten uzten du.

Ixil da burua, izketan biotza; baiña nork atzitu

zer dion? Berak, bai, oiartzunik ez dun itza bere baitu.

Noizbait burutik oin, biotzaren garrak osorik nau artu:

guzia biotz naiz; itza dut nerekin, ordu bat, bi ordu.

Itzik ixillen au biur ledi mintzo, biur lekit oiu,

asperen bederik...! nonbait utzi lezan gar onek errainu.

 

Gero... barne-barnez artu dut arnasa, bakarrean iru:

gorputz unatuak bere saria nai, oera dei digu.

Lo bete daudenak esnarazi gabe, ixil nauzu sartu,

oin, gerri ta beso, izaretan erdiz, beroaren izu.

Gogoa bil-bil dut gorde magalean, laster sorgor, itsu;

baina lo aurrean, gar berriko sua nigan oi dut piztu;

zertako nai ditut izar eta tarte ameska berritu?

Nere biotzean, ain toki gutxitan, guzia zaude Zu.

Ernai, ametsetan, lotan, argiz, gauez, Zu zaituda zeru.

 

w1950