Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Lizardi gurean
Jeiki naiz zintzo. Jantzi baiño len
luzagaleak atera,
Aralarmendi eguzkitan da,
irten nadin balkoera.
Sare-gaiñean erdi etzanik
bi besoak gurutzera:
osasuna ta poza zer diran
emen etorri ikustera.
Aizea arnastu, listua kurka,
goiz-listu ugariren poza!
oarkabetan ari naiz ta ari
eskuz leguntzen okotza.
Eskui aldeko zoko artara
doakit begi zorrotza,
laiño zuriren izarapean
lotan dirudi Tolosa.
Amandre Eguzki, zure argi-izpiz
urra zazu oge ori,
leiotik legun sartuz, zabaldu
gure Lizardiren begi.
Laiñoa jun da. Bion etxe-erdiz
Jaunak muño bat du jarri.
Alda al baneza! Etsi dezadan,
Urtzik nai bezala bedi!
Talo-esneak eztiaz jan ta
—arek an kaleko opilla—
burutsik eta kolkozabalik
eskuan euskal makilla,
saietsetara listua jaurtiz
noa lagunaren billa.
Aren begira Lizartzan nago.
Ager bedi beribilla.
Arontz-onontza etxe bi beten
errege-bidez nabiltzu.
Tolosa aldera geldi-geldi ta
Betelurantza, aldiz, usu.
Motxago onantza etorri arren
oraindi itzultzen dut buru.
Nabil ta nabil, nik nai orduko
ez da beribilla agertu.
An da! Txakurrak nagusi-usmoz
dardar baitabil isatsa?
Makilla ala nik. Laztantzekoan
esku artetik zait lasa.
Aren oiñetan gerria makur,
nasiz buruko kalpatsa,
ustekabean gur egin diot,
ez kunplimentu prantsesa.
On ta gaitzaren tarteko parra,
aren oiko par-irria.
Aldapa goien Orexa an dugu,
«munduaren ipurdia».
An iru egun mendirik mendi
arnastuz barren biria,
eder-gosea berdindu ta aztuz
zokoan dan lantegia.
Zopa lodia, baba gorria,
janari dana etxeko,
oillaskoren bat ikulluan da
laztasun au leguntzeko.
Mendi goseak eraman ditza
illuna datorreneko,
baitik bat, goiko iturri artan
ur otzez bagiña aseko.
Afal ondoan, ni lotia ta
ua mendiak eioa,
«emen duk oia, ez iñolare
irea bezain goxoa.
Baiña ama zanak egiña digu
eioz ta josiz osoa;
laxkarra baiñan etzaiok goitzen
uda goriko beroa».
Oaburuan baso bat lore,
izarak mendi-lurriña,
Egin lasai lo... Baiña leiotik
begiratzea du griña.
Azpian dauka Tolosa, aren gain
illuntze-gandu ariña,
gero lodigo, loa bezala.
An dauka txokondo miña.
«Egizute lo, ene zatiak,
sar nadin nerau lotara,
adiskideak goxatu didan
baserri-oge ontara».
Jesus-amenez lokartua da.
Beia ganbelan adarka.
Jeikiko ote naiz? Baztartzen al dut?
Baiñan ain sarri isildu da.
Bei ongi janen ausnarra soillik,
esnai dagonak entzuna,
marrurik ez da, zintzarrotsik ez,
urrun kaleko oiartzuna.
Aldamenean tren-txixturik ez,
lo dago nere laguna.
Goiko Jaun arek eman bezaio
eun bat urteko osasuna.
w1933