Hau ez da gerra bat
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Azaleko irudia: Igor Arzuaga
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
126 orrialde
978-84-19570-22-2
Mikel Ayllon
1980, Laudio
 
 

 

Sar hitza

 

ehaze

 

      Dagoeneko ibilbidea egina duen arren, bere ahots eszeniko propioa urratzen hasia den talde baten lagina ekarri dugu Ganbila bildumara: Laudioko Piszifaktoria Ideien Laborategiarena.

      Ezohiko triptikoa osatzen du esku artean dugun gerraren ingurukoak. Hiru testuak iritsi dira formatu ezberdinetan oholtzara, eta luzeenak, erdikoak, ardazten ditu besteak. Haien arteko loturak eta oihartzunak topatuko ditu irakurleak, ikerketa bide beraren zati diren heinean. Hitzak, bere horretan, Mikel Ayllonenak dira, nahiz eta Irati Agirreazkuenaga eta Igor Arzuagarekin osatutako hirukotearen dinamikari estuki lotuta egon. Ayllon narratiban ezagutu dugu lehenago ere; kolektiboaren aurreneko lanetako testuetan nabarmena izan daiteke narraziogintzarekiko lotura hori, baina liburu honetako lanetan ikus dezakegu nola barneratu duen idazleak dramagilearen kode ez idatzia: esaldi laburrak, erritmoa, aktoreari lanerako tartea uzten dion hitzen poetika... Zaleak berehala sumatuko du lerroartean askotarikoak direla teatrogintza unibertsaleko erreferentziak eta eraginak. Espazio eta denboren errepikak, gelditasunak eta ezlekutasunak absurdora garamatza, baina espresamoldeetan dramaren tonuaz jantzita. Gerraz ari gara, eta poetikak ez du inolako unetan gaia fribolizatu nahi, esanahiz eta kritikaz bete bai ordea, panfletoan erori gabe. Are gehiago, poetika horrek ateak parez pare zabaltzen dizkie bestelako irakurketei: gerraz ari gara, edo, funtsean, jendarte, bikote, bidaide egiten eta desegiten gaituzten harremanez.

      Ez da hori bakarrik lerroartean datorkiguna. Piszifaktoria arlo eszenikoan nora —eta nola— datorren oso kontziente den kolektiboa da. Zentzu horretan pausoak eman ahala bideaz, testuinguruaz, kultur sistemaz gogoeta politikoa —bere zentzurik zabalenean— egiten duen talde bat da. Horren adierazle da hitzaurrea bera, aurkezpen izaera gainditu eta gogoeta bide kritiko bat oparitzen diguna. Irakurri dizkiegu lehenago ere Irati Agirreazkuenagari eta Mikeli berari langintza eta sorgintza honi buruzko gogoeta mamitsuak, bilduma honetako Esperoan libururako teatro postdramatikoaz idatzitako artikulua horren lekuko, eta hemen datorren hitzaurre hau bera gogoeta horien ildokoa dela esan genezake.

      Oro har, ez da irakurketa samurra izango liburu honetakoa, baina bai literaturaz bezala antzerkiaz borborka dagoena, teatro irakurlearen gozagarri.