Hau ez da gerra bat
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Azaleko irudia: Igor Arzuaga
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
126 orrialde
978-84-19570-22-2
Mikel Ayllon
1980, Laudio
 
 

 

2. BATAILA:

Gerra-zelaiko belarraren usaina ilunabarrean

 

(Apaldu dira pixka bat musika eta gerraren zaratak. Urrunagotik entzuten dira orain. leiren ate aurrera itzuli da magenta, telefonoa eskegi ondoren. zan da orain komunean batetik bestera paseatzen dena, astiro, inora iritsi nahi ez duenaren pauso geldoaz.)

 

magenta: Banoa.

 

lei: Zergatik?

 

magenta: Esan dizut. Gerra bat hasi delako.

 

lei: Zergatik?

 

(Isilunea.)

 

magenta: Ni soldadu huts bat besterik ez naiz. Aginduak bete eta kito.

 

lei: Baina zerbait jakingo duzu, ezta? Gerra puta bat hasi duzu eta ez dakizu zergatik?

 

magenta: Gerrak ezinezkoak dira zedarritzen. Inork ez daki non dauden. Zer itxura duten. Nondik nora mugitzen diren mapa batean. Zergatik hasi ziren. Edo noiz amaituko diren.

 

lei: Ez joan. Ez utzi ni bakarrik. Zurekin joango naiz.

 

(lei aterantz hurbildu da. zanek, aldiz, ibilia gelditu du. Esekitokian dauden jantziei begira geratu zaie.)

 

magenta: Ez. Zu gera zaitez hor. Ez atera. Errealitatea arriskutsuegia da batzuetan. Gehienetan. Ni arduratuko naiz. Ekialdeko frontean behar naute. Etsaia milaka soldadu bidaltzen ari da ekialdera. Baina uste dugu /

 

lei: Nortzuk uste duzue, Magenta?

 

(Isilunea.)

 

magenta: Uste dugu distrakziorako maniobra bat dela. Ekialdean ez daukate zer eginik. Heriotzara kondenatzen ari dira haien soldaduak. Gure hondartzetan oin bat jarri bezain pronto, banan-banan akabatuko ditugu denak. Den-denak. Banan-banan. Haien nagusiek ere jakin behar dute horrenbeste. Horregatik guk uste dugu /

 

lei: Nortzuek? Nortzuek uste duzue, Magenta? Nortzuk zarete “gu”?

 

(Isilunea.)

 

magenta: Horregatik uste dugu iparraldetik eraso sorpresa egiten ahaleginduko direla. Haien indar guztiekin. Eta berdin zaiela ekialdeko frontean soldadu batzuk sakrifikatzea. (Fusila sorbalda gainean jarri, arropak atondu eta alde egiteko imintzioa egin du) Segituan alde egin behar dut. Aginduak dira.

 

lei: Ez, ez joan. Ez utzi ni bakarrik! Hori ere agindu bat da. (Etena) Bando berean gaude, ezta? Ezta? Magenta?

 

(leik ateko behatxulotik begiratu du eta ez du inor ikusi, magenta lurrean eseri baita, sorbalda atean bermatuta. Eskuekin buruari heldu dio leik, burua galtzen ari ote den beldurrez.)

 

lei: Ez! Joder, joder, joder! Ze erraza den, ezta, Magenta? Ze erraza den hanka egitea atzera begiratu gabe. Ez duzue gupidarik batere. Zuek egiten duzuen min guztia norbaitek zuei egitea merezi duzue. Behin, bitan. Minaren minaz erraiak lehertzen zaizkizuen arte. Ez al duzue inoiz pentsatzen atzean uzten duzuen jende horrengan, itzulerako zubiak erretzen hasi aurretik? Ze jende klase zarete? Ze jende klase zarete? Inoiz maitatu al duzue norbait benetan? Ba al dakizue zer den maitatzea, sikiera? Maitatzea. Joder, maitatzea. Maitatzea. Maitatzea. (Negarrez ari da, amorru bizian, eta beste kolpe bat eman dio ateari, eskuak irekita. magenta izutu egin da beste aldean) Zurrupatzea. Zurrupatzea. Hori da egiten duzuena. Zurrupatzea. Besteon odola zurrupatzea. Besteon indarra zurrupatzea. Bizimina, ametsak. Kaka zahar hori guztia zurrupatzen duzue. Ez dakizue zer den maitatzea. Hezur eta haragi uzten duzue jendea. Burua galduta. Erotuta. Eta ahoa bete odol ihes egiten duzue. Odola labaintzen zaizue ezpainetatik. Bai, ezpainetatik. Odola labaintzen zaizue lepoan behera, titietatik. Sexua odolez betetzen zaizue. Sexua odolez. Odola labaintzen zaizue hanketatik behera. Odola labaintzen zaizue. Nire odola, Zan. Nire odola. Nire odol guztia eraman duzu.

 

(Esekitokitik zintzilik dagoen jantzietako batera hurbildu da zan. Besarkatu egin du. Harekin dantza egiten hasi da, astiro, gehiegi nabarmendu gabe.)

 

magenta: Okerragoa da han.

 

lei: Han, non?

 

magenta: Han, frontean.

 

lei: Ez, kabroi halakoa, ez. Hau ez da lehiaketa bat. Ez etorri esaten zuk gehiago sufritzen duzula. Haiek gehiago sufritzen dutela. Denek sufritzen dutela gehiago. Utikan sufritzaile alaenak. Nork baino gehiago sufritzen duzue zuek, e? Nork baino gehiago?

 

magenta: Lasai, hasierak beti dira gogorrak, gero ohitu egiten zara.

 

lei: Nik ez dut ohitu nahi. Nik igande goiz oso bat nahi dut izaren artean, mundurik existituko ez balitz bezala, azala azalaren kontra. Sexurik ere ez dut behar.

 

(zanek zintzilik dagoen jantziarekin dantza egiteari utzi dio bat-batean, eta esekitokiaren paretik apartatu da.)

 

lei: Eta burutik kendu une batez auzoko supermerkatuko atean eskean ari den emakumea. Kartel horrekin. “Alabarentzako janaria ere onartzen dut”. Joder.

            Igande goiz bat ohean, haren ondoan, den-denarekin ahazteko. Munduarekin ahazteko. Haren arnasa entzun. Nirearekin akonpasatu. Arnastu. Eta arnastu. Oxigenoa kiloka hartu. Hiltzeko beldurrik gabe. Oxigenotan itotzeko beldurrik gabe.

 

magenta: Hasieran beti da horrela. Ez zenuke sinetsiko zein garbia den lubakiko oxigenoa goiz-alban. Gerra-zelaiko belarraren usaina. Denak geldi eta isilik gaudenean. Oraindik gerra hasi ez denean. Hiltzera zoazela ere ahaztuko duzu istant batez. Gerrak ere badaki ederra izaten.

 

lei: Baina hau ez da gerra bat.

 

magenta: Orain, bada.

 

lei: Baina ez da ederra, Magenta. Nik ez diot ederrik inon ikusten. Ez da ederra. Min handia egiten du.

 

magenta: Hasieratik. Une batez hiltzera zoazela ahazten baduzu, horregatik da, hasieratik dakizulako hilko zarela. Hasiera eta amaiera, finean, une bera dira.

 

lei: Ez duzu ezer ulertzen, Magenta. Dena ez da gerra bat. Hasieran dena zen hain desberdina.

 

(magenta altxatu da eta badoa. leik ez dio hitz egiteari utzi, magentak alde egin duela ohartu gabe. zan belauniko jarri da komun-zuloaren aurrean, publikoari bizkarra emanda. Ez dugu entzuten, baina oka egiten ari da.)

 

lei: Supermerkatuan elkar ezagutu genuen. Bai, badakit zer esan behar didazun. Ea nork elkar ezagutzen duen supermerkatu puta batean. Joder, horren arraroa ere ez da, ezta? Denok joaten gara supermerkatura. Gaztetan tabernetan ikusten zenuen jende hori guztia, gero, konturatzerako, supermerkatuan ikusiko duzu. Lekaleen pasilloan. Edo pastarenean. Errazago pastarenean, gu bezala. Lehenengo aldian ez nion erreparatu. Baina hirugarrenean, bai. Ze probabilitate egon zitekeen? Zerbait esan nion eta berak erantzun. Ez, ez ditut gogoratzen elkarri esan genizkion lehenengo hitzak. “Azkar egosten den pasta hori zikinkeria hutsa da”. “Normalean koloretakoa erosten dut, baina...”. “Lasai, nik ere hartzen dut batzuetan. Hamar minutuz zain egoteak edozein ernegatzen du”. Zer dakit nik. Halako zozokeriaren bat izango zen. Baina ez dut gogoratzen. Horregatik epaitu behar nauzu, ezta? Horregatik esan behar didazu merezi dudala min hau guztia. Ez gogoratzeagatik gure lehenengo hitzak. Hasiera. Denaren hasiera. Ba ez naiz akordatzen. Gauzak ahazteak mina arintzen du. Eta lehenengo musuaz ere ez naiz akordatzen. Hori entzun nahi zenuen, ezta? Hasieratik merezi nuela amaiera hau. Edo hasiera hura eta amaiera hau gauza bera direla, zuk diozun moduan. Ba hortxe daukazu. Ez naiz akordatzen. Ez naiz lehenengo musuaz akordatzen. Ez dut uste supermerkatuan izan zenik. Kalean izango zen, zebrabidea gurutzatu aurretik, semaforoa noiz berde jarriko. Ez dakit. Ez naiz akordatzen. Edo igual atarian, nerabeen moduan, bere etxera igo baino lehen. Joder. Ez dakit. Ez naiz akordatzen. Akaso hemen izan zen, gure betiko tabernako terrazan. Ostia, berriro amaiera hasieran. (Belauniko jarri da, eta leik eta zanek, biek dute orain gorputz jarrera berdina) Kosta egin zitzaion, baina urte batzuk geroago aitortu zidan nahita egin zuela. Supermerkatuko pastaren pasilloan hiru aldiz nirekin topo egitearena. Dena prestatu zuen. Lehenengo aldian behar baino luzeago begiratu omen zidan. Tabernetatik gogoratzen omen ninduen. Baina aldatuta nengoen. Jakina aldatuta nengoela! Ez zidan ezer esan lehenengo aldi hartan. Bigarrenean ere ez. Lotsatiegia da. Beti izan da lotsatiegia. Otzana. Isila. Eta hala ere burua beti buelta eta buelta. Filmetako gaizkileen moduan. Jendea bata bestearen atzetik asasinatzen duen jende horren antzera. Xehetasun txikiena ere beti kontuan hartzen duena. Ulertzen didazu? Hotza. Zurruna. Maizago hasi zen supermerkatura joaten, ni noiz agertuko. Serieko hiltzaileak bezala. Ulertzen? Igual burutik pasa zitzaion uneren batean. Ni supermerkatuan akabatzea. Baina nirekin hitz egitea aukeratu zuen. Hobe labana batekin lepoa moztu izan balit, joder. Baina hitz egiten hasi zitzaidan. Eta ez. Ezetz esan dizut. Ez dakit zer esan zidan. Ez dut gogoratzen. Hobe han hil izan banindu. Pastaren pasilloan. Penne, espageti, gnocchi, fusili eta makarroi artean. Hantxe, odol putzu bat lurrean. Nire odola tomate-saltsa bihurtuta. Ez esan komikoa izango ez litzatekeenik. Eta tragedia puta hau aurreztuko genuen.

 

(magenta dator berriro. Herrenka. Ikaratuta. Ihesi. Zauri handi bat dauka, eta odol-arrastoak. Kostata heldu da leiren ate aurrera. lei disko-jogailura hurbildu da.)

 

lei: Inor zauritu behar baduzu, izan dadila hiltzeko.

 

(Musika entzuten da berriro. zan altxatu da eta komuneko bonba sakatu du. Musikarekin nahastu da zarata. magenta atearen kontra bermatuta dago. lei negarrez ari da. zanek bainuontziko txorrota ireki du. Ahoa garbitu du. Gero, bainuontzia betetzen hasi da, astiro, oso astiro.)

 

magenta: Hotz naiz.

 

lei: 40 gradu egongo dira. Uda nekaezin honek denok hil behar gaitu.

 

magenta: Tranpa bat zen.

 

lei: Eta nola jakin behar nuen nik?

 

magenta: Argi zegoen hasieratik.

 

lei: Berriro hasi behar al duzu kontu horrekin?

 

magenta: Argi zegoen hasieratik.

 

lei: Esan dizut ez naizela akordatzen. Ez naiz akordatzen. Ez dakit zer kristo esan zidan. Zertarako akordatu? Hamar urte joan dira dagoeneko. Hamar urte. Azkar esaten da, gero! Hiru mila egunetik gora dira hamar urte. Eta beste hiru mila gau. Hurrengo egunean berriro esnatzeko arrazoi bat asmatzen gauero. Hiru mila gau. Hiru mila arrazoi. Begiak ireki eta hantxe bera. Harenak diren beste arrazoi batzuekin. Beste arrazoi desberdin batzuekin. Nireak ez diren beste arrazoi desberdin batzuekin. Ezin duzu jakin zer den hori. Haren begiak zabaltzen ikusi. Hiru mila esnatze. Haren kezken ozeanoan hondoratu. Haren beldurretan ito. Taberna ez ote duten halako batean itxiko. Nork zainduko duen burua galtzen ari den ama. Zertarako ekarri umeak geure buruez arduratzen ere ez badakigu. Hiru mila egun zauri horiek miazkatzen. Hiru mila egun nireak zokoratzen. Beste zimur bat gehiago aurpegian. Bizkarretik alde egin nahi ez duen min bat. Haragi belaxka. Leku guztietatik irristatzen den haragia. Lurrera itzuli nahi duen haragi zimela. Hiru mila aldiz. Hiru mila mailukada. Hiru mila arantza. Zertarako?

 

magenta: Besteen bizitzak salbatzeko.

 

lei: Ipurtzulotik sar dezakezu epika inozo hori. Eta ni? Nork salbatu behar nau ni, e? Ezin irudikatu dezakezu zenbat azal utzi dudan harreman honetan. Dena eman dut. Zenbat azal. Beste pertsona bat naiz orain. Zanen zulo eta hutsune guztien forma duen beste norbait naiz orain. Gorputz hau ez da nirea. Gorputz hau. Gorputz hau berea da, ulertzen? Gorputz hau haren miseria guztien zatiekin eginda dago. Haren zaurien zatiekin. Ni ez naiz ni. Eta orain nork salbatu behar nau ni?

 

magenta: Gu bidali gaituzte hiltzera. Ganadua bagina bezala. Besteen bizitzak salbatzeko, gu bidali gaituzte hiltzera. Nola ez ginen hasieratik konturatu?

 

lei: Nola konturatuko ginen hasieratik? Esan, nola?

 

magenta: Jeneralek ziria sartu digute. Bazekiten denak hilko ginela.

 

lei: Ez al zinen zu jenerala?

 

magenta: Nola ez ginen hasieratik konturatu?

 

lei: Horretarako dago maitasuna, ezertaz ez konturatzeko. Denak ihes egiten dizu. Ikusten duzu. Badakizu zerbait ez dagoela ondo. Zerbaitek karranka egiten duela. Badakizu. Istant batez bada ere, horretan pentsatzen duzu. Isilegia da. Otzanegia. Ez da ezer onaren seinale. Nola galtzen zaion begirada hitz egiten diodanean. Isilegia da. Zenbat gauza ari da isiltzen? Zenbat gauza ezkutatzen? Konturatu egiten zara. Istant batez baino ez. Baina ihes egiten uzten diozu. Horregatik ez gara konturatzen. Horregatik ez nintzen konturatu noizbait amaituko zela. Min egingo zuela. Zauriak min egingo zuela. Hiltzerainoko mina egingo zuela.

 

magenta: Min egiten du.

 

lei (ia aldi berean): Min egiten du. Hiltzerainoko mina egiten du. Baina maitasuna asmatu genuen. Bestela bezala egiteko.

 

magenta: Itsu-itsuan sinetsi genien jeneralei. Guk irabazi egin nahi genuen, ez besterik. Gerra irabazi nahi genuen. Guk. Gugatik. Zugatik. Zugatik ere bai, kamarada. Ekialdeko frontea sarraski izugarria izan da. Leku guztietatik erortzen zitzaizkigun balak. Metalezko ekaitz pisutsu baten antzera. Hondartzako harea gorriz tindatu da berehala. Gorpuak gorpuen gainean. Gure gorpuak. Gure gorpuen gainetik ibili behar izan dut atzera egiteko. Gure gorpuen hankak, buruak, besoak zapaldu behar izan ditut. Hankak, buruak, besoak. Denak nahasian. Jaberik gabe. Denak gureak. Errazagoa izan behar zuen. Berehala akabatu behar genituen denak. Guk. Haiek. Besteak. Etsaiak. Haien gorpu etzanekin bete behar genituen hondartzak. Udako postal makabro bat. Haien gorpuak. Haien odola harea lodian. Haiena. Ez gurea. Ulertzen didazu? Haien odola. Haien odolaren kolorea. Haiek sufritu behar zuten. Guk paseatu behar genuen haien gorpuen gainetik.

 

lei: Zanek sufritu beharko luke. Eta ez nik. Zanek sufritu beharko luke hau guztia.

 

magenta: Tiroz josita nago.

 

lei (ia aldi berean): Tiroz josita nago.

 

magenta: Odolusten ari naiz.

 

lei (ia aldi berean): Odolusten ari naiz. Zulo guztietatik darit odola. Ez dut indarrik izango bihar berriro esnatzeko. Hiru mila eta batgarren egunean berriro esnatzeko. Berriro altxatzeko. Zergatik? Zertarako?

 

magenta: Min egiten dute zauriek.

 

lei (ia aldi berean): Min egiten dute zauriek. Eta bihar norbaitek esango dit altxatzeko. Baina ez dut nahi. Zergatik? Zertarako?

 

magenta: Lasai, altxatuko zara.

 

lei: Utikan. Hori esango didate.

 

magenta: Lasai, altxatuko zara.

 

lei (ia aldi berean): Lasai, altxatuko zara. Baina min egiten dute zauriek. Osatu ondoren ere bai. Hutsunean nabaritzen duzu mina oraindik. Min egiten dute. Azalak badaki lehen han ez zegoela zulorik. Lehen dena zela azal. Azal, haragi, hezur. Zuloak min egiten du oraindik. Odolik ez dagoenean ere bai. Zuloak min egiten du betiko.

 

(Zerua izarrez bete da. Txitxarren kantuak baino ez du isiltasuna urratzen.)

 

magenta: Ba al dakizu sehaska-kantaren bat?

 

(magenta lurrean etzan da.)

 

lei (akordatzeko eta kantatzeko imintzioak egin ditu): Na, na, na...

 

magenta: Etzan egingo naiz.

 

lei (ez da gauza melodia bat osatzeko): Na, na, na...

 

magenta: Sehaska-kanta bat. Edozein. Hasieran bezala. Amaiera hau hasiera bat balitz bezala.

 

lei: Na, na, na... Joder! Ez naiz akordatzen. Ostia. Esan dizut ez naizela hasieraz akordatzen. Ez dakit. Ez dakit nola izan zen. Ez dago nire buruan. Ez dago ezer nire buruan.

 

magenta: Begiak itxiko ditut.

 

lei: Mina besterik ez dago.

 

magenta: Begiak itxiko ditut.

 

lei: Ez, ez itxi begiak. Geratu hemen nirekin.

 

(magenta sehaska-kanta bat abesten hasi da.)

 

magenta:

Amaren bularra
haurraren janari,
haurraren negarra
beti hunkigarri;
baratz honen erdian
goseak nago ni, zure
bular laztanen antsiz
eta egarriz.

 

Zure bular politak
zerrien jostailu,
edertasunak kontuz
gorderik behar du;

 

zaude isilik, haurra!
ez egin negarrik,
munduak ez du-eta
malkoen beharrik.

 

lei: Begiak ixten badituzu, iluna etorriko da. Eta ilunpetan, animalia izutuak besterik ez gara.

 

magenta: Beti gara animalia izutuak. Ilunpetan. Eta argitan. (Sehaska-kanta abesten jarraitu du, amaitu arte, begiak itxi gabe.)

Handitzen zarenean
ikusiko duzu

isilik egoteak
zenbat balio dun;
jarrai zure bidetik,

hobe da horrela,

gauza denen gainetik,
haizea bezala.

 

Amaren bularra
haurraren janari,
aterpe samur honetan

lo hartu nahi dut nik.

 

(Etena.)

 

magenta: Dena amaitu da niretzat. Ekialdeko frontea galdu dugu. Milaka soldadu hil dira. Ni ere laster hilko naiz.

 

lei: Ez. Nik lagunduko dizut.

 

(Aterantz joan da eta eskua heldulekuan jarri du. Baina ez da atea irekitzera ausartu.)

 

magenta: Ez atera. Alferrik da. Nekatuta nago. Gerrarekin nekatuta nago. Hainbeste gerrarekin. Burua galtzen ari naiz. Burua galtzen ari gara. Ni gerra guztietan egon naiz, kamarada. Guztietan. Tirokatu naute hondartzetan. Bonbardatu naute hirietan. Kasik hil arte torturatu naute kalabozoetan. (Hasperen egin du, sakon) Eta neskato hura. Ezingo dut inoiz ahaztu neskato hura. Suntsitutako eraikin baten atzean agertu zitzaidan. Ustekabean. Etsaiaren begiak zituen. Etsaiaren ahoa, sudurra, belarriak. Fusilarekin apuntatu nuen. Bat, bi, hiru. Etsaiaren begiak zituen. Ziur nengoen. Fusilaren ahoa bekokian jarri nion. Lau, bost, sei. Korrika alde egin nuen. Etsaiaren ahoa zeukan. Zazpi, zortzi, bederatzi. Eta eztanda egin zuen umeak. Mila puskatan txikitu zen. Etsaiaren belarriak zituen. Mila puskatan txikituko ninduen tiroa jo izan banio. Nekatuta nago. Hiltzen utzi behar didazu. Ez dago beste modurik. Ume haren ahoa, sudurra, belarriak ahazteko. Utz nazazu hiltzen. Azken batean, horretarako sortu ginen. Hiltzeko.

 

lei: Hiltzea koldarkeria hutsa da. Zer pentsatu behar dute orain tirokatu dituzun guztiek? Horretarako tirokatu dituzu? Orain horrela hiltzeko? Orain zeure buruari hiltzen uzteko? Ez. Altxatu eta sufritzen segi beharko duzu. Altxatu eta nirekin sufritzen segi beharko duzu.

 

(Isiltasuna.)

 

magenta: Begiak itxiko ditut.

 

lei: Esan dizut geldi egoteko. Anbulantziari deituko diot.

 

magenta: Hori ere alferrik da. Inguratuta gaude. Tiro egingo liokete sirenak entzun bezain laster. Hamaika aldiz esan dizut. Hau ez da jolas bat. Ez da jolas bat.

 

lei: Zuk ere abandonatu behar al nauzu?

 

magenta: Ikusi dituzu izarrak?

 

lei: Hirian ez da izarrik ikusten. Farolen argiak itsututa bizi gara.

 

magenta: Begira, hor daude.

 

lei: Hor, non?

 

magenta: Hor.

 

(Izarren ordez, zanen irudia agertu da zeruan, bainuontziaren aurrean belauniko, bizkarrez. Zuzeneko irudiak dira.)

 

lei: Ez dut ezer ikusten.

 

magenta: Arazoa ez da ez duzula ikusten, baizik eta ez duzula begiratu nahi.

 

lei: Hirian ez da izarrik ikusten. Esan dizut. Ez da ezer ikusten.

 

magenta: Begiak itxiko ditut.

 

lei: Zuk ere abandonatu behar al nauzu? Zuk ere bakarrik utziko nauzu? Denek egin behar al didazue tiro gaur?

 

magenta: Hemen utziko dizut fusila.

 

lei: Zertarako nahi dut nik hori?

 

magenta: Tiro egiteko. Nahi diozunari tiro egiteko. Eta haragia zulatzeko. Baina ez hurbildu ekialdeko frontera. Hura galdu dugu betiko. Agindu bat da.

 

(Isilunea. magentak begiak itxi ditu eta zan zerutik desagertu da. Izarrak dirdiraka ari dira berriro.)

 

lei: Zertarako nahi dut arma bat, esan? Zertarako nahi dut arma erabili bat? Arma horrek zenbat tiro jo ditu dagoeneko? Zenbat soldadu hil dituzu, Magenta? Zenbat min? Zenbat zulo haragian? Esan, zenbat hil dituzu?

 

(Isiltasuna. magenta lurrean etzanda dago, begiak itxita, isilik.)

 

lei: Kanoia bero egongo da oraindik, gainera. Eta odolez bustitako hondar-aleekin. Zertarako nahi dut nik fusil bero bat? Zertarako, Magenta? Esan, zertarako?

 

(Isiltasuna.)

 

lei: Fusil bat. Zergatik, Magenta? Zertarako? Mina min gehiagorekin estaltzeko? Kanoia ahotik sartu eta tiro egiteko? Horretarako ematen didazu? Zuk bezala egiteko? Errua nirea dela uste duzulako. Ez naizelako hasieraz akordatzen. Ez ditudalako gogoan Zanen lehen hitzak. Lehen musua. Eta azkena. Ezin dudalako gogoratu noiz izan zen gure azken musua. Zein izan zen. Ez dudalako gogoratu nahi. Gogoratzeak min egiten didalako. Horregatik? Kanoia ahoan sartzea nahi duzu. Hondarra senti dezadala hortzetan kraskatzen. Odolaren zaporea mingainean. Hondarra eta odola. Hortzetan. Mingainean. Eta kanoiaren beroa. Hori nahi duzu, ezta? Hori nahi duzu, Magenta?

 

(Isiltasuna.)

 

lei: Zenbat hil dituzu nire aurretik fusil horrekin? Esan, zenbat?

 

(Isiltasuna.)

 

      Magenta? Magenta?! Joder!! (Atera inguratu eta irekitzeko imintzioa egin du leik, baina azken unean buelta eman du berriro eta telefonoaren bila joan da) Anbulantziari deituko diot.

 

(lei telefonoaren bila dabilela, izar zuriak laranjaz tindatu dira zeruan. Sirena-hotsak entzun dira. Tiroak. Iskanbila. Sirenaren distira laranjak islatzen dira zeruan. Gero eta ozenago. Belar errearen usaina dago. Eta, bat-batean, isiltasuna eta iluntasuna.)