Hau ez da gerra bat
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Azaleko irudia: Igor Arzuaga
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
126 orrialde
978-84-19570-22-2
Mikel Ayllon
1980, Laudio
 
 

 

LAUGARREN BONBARDAKETA

 

pianista (pianoaren gainean dagoen metronomoa martxan jarri du eta Bala-zorroen gainetik paseatzea udazkenean kanta jotzen hasi da.)

 

(magenta eta zan elkarrekin dantzan hasi dira.)

 

(Sirena-hotsak).

 

magenta (telefono zahar bat dauka eskuetan): Ezin duzu imajinatu nolako sarraskia egin dugun, ama. Herri osoa suntsitu dugu. Atzo eman ziguten abisua. Ez dugu herritar bakar bat ere bizirik utzi. Ofizialen aginduak bete behar nituen. Orain sarjentua naiz. Nire eginbeharra da. Sarraski itzela egin dugu, ama. Etsaien ejertzitoko hiru soldadu ezkutatuta zeuden herrian. Atzo eman ziguten abisua. Tiroka hasi dira nire soldaduak. Denak hil ditugu. Umeak ere bai. Eta gero lur izoztuan pilatutako gorpuei tiro egin diete nire soldaduek. Badaezpada. Amorruz.

            Aitarekin akordatu naiz. Izoztuta egongo da haren gorpua lur azpian. Dagoeneko zizareek jan ez badute. Luzeegi doa negua denontzat, ama. Dena izoztuta dago. Ez dakit noiz amaituko den hau. Noiz hasi zen ere ahaztu dut.

            Etsaien ejertzitoko hiru soldaduak preso hartu ditugu. Herri osoa hil dugu. Eta soldaduak preso hartu ditugu. Arratsaldean fusilatuko ditugu kanposantuko hormaren kontra. Ofizialak etorriko dira. Haiek emango dute agindua. Nik ez dut eman nahi.

            Ez zenuke sinetsiko egin dugun sarraskia. Umeak, helduak, zaharrak. Denak hil ditugu. Hori da errealitatea. Nik ez dakit zein den egia. Baina hori da errealitatea. Ez zenuke sinetsiko neure begiz ikusi dudana.

            Utzi bihar lore batzuk aitaren hilobian nire partez. Berdin dio izozten badira. Beharbada, hobeto. Utzi lore batzuk. Itzultzen naizenean nik aldatuko ditut. Izozten badira, hobeto.

            Nekatuta nago, ama. Hau ez da inoiz amaitzen. Dardarka nago. Ez dakit honek zentzurik daukan.