Hau ez da gerra bat
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Azaleko irudia: Igor Arzuaga
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
126 orrialde
978-84-19570-22-2
Mikel Ayllon
1980, Laudio
 
 

 

2. BATAILA:

Bolbora usaina

 

(Zarata.

Bi gorputz zirkuluaren erdian, lurrean etzanda. liuda eta bagira dira.)

 

liuda: Bolbora usaina zegoen, Bagira.

 

bagira: Nola jakin zenuen?

 

liuda: Bolbora usaina zegoen, esan dizut.

 

bagira: Bai, Liuda. Baina nola jakin zenuen?

 

liuda: Bolbora usaina zegoen, eta atean jo zuten.

 

(Bi kolpe jo ditu bagirak lurrean, altxatu aurretik.)

 

bagira: Baina nola jakin zenuen?

 

liuda: Bolbora usaina zegoen. Atean jo zuten. (Etena) Bi soldadu ziren.

 

(Isilunea. bagiraren gorputza mugitzen hasi da, erantzunen bat aurkitu nahian.)

 

liuda: Bi soldadu ziren. Haiekin joateko esan zidaten.

      Arimak une horretan abandonatu ninduen.

      Arimak ez dauka pisurik. Baina nabaritu egiten duzu joan egin dela. Oinetako hatzetan lehenbizi. Lokartu egiten zaizkizu.

      Mundua leku ezinezko bat da bolbora usaina dagoenean. Zuk ere usaintzen duzu?

      Bolbora usaina zegoen. Arimak behatzetatik ihes egin zidan.

      Ba al dakizu arma bat erabiltzen? Bi soldadu gazte zeuden nire atean. Bizarrik ere ez zuten aurpegian. Arimarik ere ez.

      Arima usaindu egiten da. Izpiliku usaina dauka garbi dagoenean.

      Arma bat erabiltzen ba ote nekien galdetu zidaten.

      Zuk ba al dakizu arma bat erabiltzen?

      Fusil bat erakutsi zidaten. Ez zegoen izpiliku usainik. Katuari seinalatu zioten.

      Klik.

      Katuak klik egiten du.

      Eztanda gero dator. Eta bolbora errearen usaina.

      Baietz esan nien.

      Eskuetan jarri zidaten fusilak bost bat kilo pisatzen zituen. Arimak baino gehiago.

      Klik. Klik. Klik.

      Haiekin joan nintzen.

      Gerra klik batekin hasten da.

 

bagira: Baina nola jakin zenuen zeintzuk ziren onak eta zeintzuk txarrak?

 

soldadu ezezaguna: Etxeko atean jo dute. Bi soldadu dira. Bi soldadu eta hiru fusil. Klik. Klik. Klik. Bandoa aukeratzeko unea iritsi zaizue. Tolstoik bitan banatu zuen mundua. Alde batean, bere maitea. Argia, zoriona, itxaropena. Bestean, beste guztiak. Tristezia, iluntasuna, amaiera. Nola banatu nahi duzue mundua? Noren aldean borrokatuko zarete? Zein bando aukeratuko duzue? Onak ala txarrak?

            Gorputz bakar bat zarete orain, eta zuek erabakitzen ez baduzue, haiek erabakiko dute zuen ordez. Baina oraindik ez duzuenez sobera elkar ezagutzen, boto ezkutua erabiliko dugu. Iluntasunean gauzak argiago ikusten dira maiz. Itxi begiak botoa emateko. Nik egingo dut kontaketa. Zin degizuet egia esango dizuedala. Noren alde joko dituzue tiroak? Zer izan nahi duzue? Onak ala txarrak?

 

[Aukeratzen duzun bandoa aukeratzen duzula, jo hurrengo atalera.]