Neguko zirkua
Neguko zirkua
2005, narrazioak
232 orrialde
84-95511-74-6
azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

Aulkien Historiako une estelarrak

 

        Aulki tolesgarri bat eskaini zioten. Saiatu zen esertzen, baina altxatu egin zen berriz ere: zutik bakarrik jasan ahal zuen bere burua.

Marguerite Duras, La douleur

 

1789. urtean, Parisko populuak Bastille hartzen zuen bitartean, palazioan jolasten zebiltzan Versaillesen, Luis eta Maria Teresa printzeak, Luis XVI.aren eta Maria Antonietaren seme-alabak, aulkien inguruan dantzan, euren lehengusu-lehengusinen konpainian. Soka laukote batek musika jotzeari uzten zionean, arrapaladan esertzen ziren denak. Baina, zeuden aulkiak baino dantzari bat gehiago izaten zen beti. Beti geratzen zen norbait aulkirik gabe, jokotik kanpo. Jolas pedagogikoa, inondik ere, helduen bizitzarako ere irakaspen polita dena.

        Bat-batean jendetzaren oihuak eta ardaila heldu ziren palazioko leihoetara. Hogeita hamar mila gizoneko gudarostea antolatzen ari zen palazioaren ingurua babesteko. Sable hotsa, eztarri urratuen burrundara airez kordokatuak eta urduritasuna ziren nagusi. Eta soka laukoteak jotzeari utzi zionean, Luis eta Maria Teresa txikiak ez ziren oraingoan, ohikoan bezala, lasterka jostarian norbere aulkiaren bila joan.

        Zaldien irrintziek Guardia Nazionala herriarekin elkartuko zela iragartzen zuten dagoeneko.

        Une horretan bertan, Paris erdialdean, Erret Jauregiko Foy kafetxetik irten zen Camilo Desmoulins, ezpata esku batean, pistola bestean. Aulki baten gainera igo eta armetara dei egin zuen. Han, aulkiaren gorenean zela, zuhaitz baten adarra kraskatu, haren hostoetako bat batasun zeinu eta intsignia gisa aldarrikatu eta deiadar egin zuen: «Ez galdu lipar bat ere gehiago! Armetara!».

        Bere oihua hiriko langile auzo guztietara hedatu zen berehala.

 

 

1888. urtean, Buffaloko gobernadoreak Westinghouse elektratresnen enpresari enkargua egin zion aulki elektrikoa fabrika zezan. Argindarraren bi handikien arteko borroka zegoen honen atzean: Thomas A. Edison korronte zuzenaren defendatzailearen eta George Westinghouse korronte alternoaren asmatzailearen artekoa. Edisonek bere aurkariaren argindar sistema hobesten zuen exekuzioetarako, korronte alternoa heriotzarekin lotuz gero, etxe erabilerarako arriskutsuegitzat jo eta bere korronte zuzena hobetsi eta orokortuko zelakoan. Korronte alternoaren eragin txikitzaile demasak frogatzeko, dozenaka animalia —katuak eta zakurrak bereziki, baina baita elefante bat ere, tartean— elektrokutatu zituen sistema honen bidez. George Westinghousek, bere aurkariaren azpijokoaren jakitun, uko egin zion hasieran aulki elektrikorako bere produktuak saltzeari eta bigarren eskukoak erosita etsi behar izan zuten, azkenean. Diotenez, Westinghouse jaunak, aulki elektrikoan hiltzera kondenatzear zen lehen gizonari abokatua ordaindu zion ezkutuan, exekuzioa bertan behera uzteko itxaropenarekin.

        Aulki elektrikoaren inspirazio iturri nagusia inkisizio garaiko galdeketa aulkian dago ziur aski —lorpenekin gertatzen denaz bestaldera, kontinente berriko bekatuak ia beti egotzi izan zaizkio hasiera batean kontinente zaharrari—. Inkisizio garaiko aulki hark, argindarrik ezean, gezi muturren antzeko burdin puska puntadunak zituen, bertan esertzen zena adar eta enbor zulatzeko. Argindarra heriotzarako bide bezala hautatu aurretik —energia gazte eta glamurosa zen garai hartan, ez dezagun ahantz— gillotina eta morfinaren aukerak aztertu zituzten. Lehena, odoltsuegia zelako baztertu zuten. Bigarrena, plazer gehiegi ematen ziolako kondenatuari.

        1888ko maiatzean erabili zuten lehen aldiz aulki elektrikoa Ernesto Chapeleauren larruan. Chapeleau, bizilagunaren behiak pozoitzeagatik kondenatu zuten. Kondenaren ondorioa: hirugarren graduko erredurekin baina bizirik atera zela gizasemea. Lekukoek aitortu zutenez, hirugiharrari parrillan lakoxe kea eta erre usaina atera zitzaizkion gorputz erreari. «Aizkora batekin ez lukete okerrago egingo» adierazi zuen George Westinghousek. Heriotza zigorra, bizitza osorako kondena baten truke barkatu zioten Chapeleauri, azkenik.

        William Kemmler izan zen aulki elektrikoan hil zuten lehena, 1890. urteko abuztuan, Auburnen, New Yorkeko estatuan. Urtebete lehenago bere emazte Matilde Ziegler erailtzeagatik kondenatu zuten Kemmler.

        Abisiniako enperadoreak, Menelik II.ak, aulki elektrikoaren albiste izan zuenean, asmakizun harekin txunditurik, hiru aulki ekarrarazi zituen AEBetatik. Susmatzen ez zuena zen, aulki elektriko haiek ez zutela elektra-indarra berezko eta jainkotiar iturrikoa, argindarra behar zutela funtzionatuko bazuten, eta garai hartan, Abisinian, ez zuten halako aurrerapenik. Menelik II.a enperadorea gizon inspiratua zen, ordea. Berehala aurkitu zuen aulki hura zertan berrerabili: haietako bat bere tronuko aulkitzat baliatuko zuen egun hartatik aurrera.

        Geroztik, asko eta asko izan dira fabrikatutako aulki elektrikoak, eta haietako batzuk bataiatu ere egin dituzte: ur bedeinkatuz bezala, baita izenez ere. Old Sparky edo Txispatxo Xarra deitzen ziotena, kasu. Kartzelako patioko arbola bota eta harexen zurarekin egin omen zuten, presoek beraiek, 1924an. Berrogei urte luzetan 361 preso hil zituzten bertan. «Asteazkenero ziurtatzen dute kartzelako buruzagiek Old Sparky ongi dabilen. Bederatzi segundoz argiak itzaltzen dira. Inork ez du arnasarik hartzen. Boltaje handiko transformadoreen zarata eta aulkiaren deskarga baino ez dira entzuten. Niretzat hemen egun bat pasatzea, zuek kanpoan hiru egun pasatzearen pareko da. Gu ez gara mundu honetakoak», adierazten zuen Jacksonvilleko Heriotzaren Korridorean kondenaturiko gizon batek.

        Jim Williams delako gizaseme batek, Floridan, hogei minutuz eutsi zion aulkian hil gabe; azkenik indultatua izan zen. Rosie Judori ere bizia barkatu zioten, txundidura handiz, 1.500 voltioko deskarga elektrikoa bere gorputzetik batere kalterik sortu gabe pasatzen zela ikusi ondoren. Azken kasu honen ondorioz, Cellier diputatuak lege bat aurrera ateratzea lortu zuen, AEBetan pertsona bera birritan aulki elektrikora eramatea debekatuz.

        Non bis in idem...

        1927. urtean, Bessie Smith abeslariak aulki elektrikora eraman zezaten erregutzen zuen, ohikoa zuen graziari ironia eta ausardia dosia gehituz Send me to the electric chair kantua modan jarri zuenean. Emakume beltz batek halakorik abestea probokazio galanta zen garai hartan: «Ez izan gupidarik nirekin, epaile jauna: ez ditut 99 urte kartzelan pasa nahi nire senar onari zintzurra ebaki niolako; otoi, bidal nazazu aulki elektrikora, epaile jauna. Erein nuena jaso nahi dut, besterik ez. Ez izan errukirik batere nirekin». Askotan kontrakoa iruditu arren, pentsa zein neurritaraino egin dugun geroztik atzera irratian entzuten ditugun kantuen hitzei dagokienean.

 

 

1905. urtean, Chiadoko Rua Garrett karrikako 120.ean Fernando Pessoak kafea hartu ohi zuen A Brasileira kafetegiko terrazan. Terraza horretantxe, Fernando Pessoa eserita ageri den eskala errealeko brontzezko estatua jarri zuten urte asko ez dela. Eserita dagoen brontzezko estatuaren ondoan, aulki huts bat dago, turistek bertan eserita Pessoaren konpainian argazkiak atera ditzaten. Pessoa koitaduari kapelua eta eskua gastatu egin dizkiote bere ondoko aulki hutsean eseri eta estatua igurtzi beharraren igurtzi beharraz. Bere liburuek apaletan diraute, leitu barik, erran gabe doa: esku bat esku bat da beti, eta errazagoa eta atseginagoa zaigu inori eskutik heltzea, liburuari heltzea baino.

        A Brasileira kafetxea 1904. urtean ireki zuten. Handik urtebetera, kafetegi horretan bertan ­Pessoak berak edo bere heteronimoetako batek, hori ez dago jakiterik­ ezagutu zuen Coimbrako neska batekin ezkontzeko aurre-prestaketak egiten ari zela, Pessoaren emaztegaiak konortea galdu zuen. Alferrikakoak izan ziren Fernando Pessoak eta inguruko zerbitzariek bera suspertzeko egindako ahaleginak: emakumea hilik zegoen, bihotzekoak jota.

        A Brasileira kafetxearen jabeak, heteronimoen abantailarik ez zuenak, deskontsolatuta, luze itxita izan zuen kafetegia gertaera lazgarri haren ondorioz. Diotenez, honoko ohar hau jarri zuen atean: «Fechado por tristeza».

 

 

1909. urtean, Pragako Ramdice kaleko arotza mahai baten hanka oholari lotzeko lanetan zebilen, eta iltze parea zeukan haginen artean, mailua eskuan.

        Orduan agertu zitzaion gizon hura, aulkia arrastaka zekarrela.

        Arotza, iltzeak ahotik kendu, amantaletik txirbila astindu eta zain geratu zen, bezeroak bueltan zekarren aulkiak zer matxura edo zer tatxa izango ote zuen igarri ezinik.

        Arratsaldeon, Jaroslav.

        Arratsaldeon...

        Franz naiz, ez dakit akordatzen zaren...

        Bai, Hermann Kafkaren semea, ezta?

        Huraxe. Baina aitak otorduetan mahaiaren nire zatia papurrez gainezka neukala esan zidanez geroztik, ez diogu elkarri hitz egiten.

        A, tira... Be... Enfin... Zer zenuen... bada? Bost aulki eraman zenituen aspaldi ez dela, ezta?

        Salakoak ongi daude, baina bosgarren hau lanerako behar nuen.

        Ez da erosoa?

        Erosoegia da, horra arazoa.

        Erosoegia, Kafka jauna?

        Gogoratzen eredutzat ekarri nizun aulki zahar hura? Hura bezalakoxe bat egiteko esan nizun. Eta hau ez da hura bezalakoa.

        Berdin berdina egin dut, jauna... Soilik... Bizkarraldean koska bat zuen hark eta berriari leundu egin nion...

        Koska hori zen hain zuzen aulkiak zuen osagairik garrantzitsuena, Jaroslav.

        Eta orduan azaldu zion Kafkak arotzari aulki hura lanerako behar zuela, idazteko premiazkoa zuela ezinegona bere onena emango bazuen, eta erabat eroso bazegoen ezin zuela ondo idatzi. Eta ea nola idatziko zituen, Amerika, Metamorfosia, Gaztelua eta buruan zeuzkan istorio kafkiar haiek guztiak, baldin eta aulkiak bizkarrean minik egiten ez bazion.

        Koska mingarri hori garrantzitsua da niretzat, Jaroslav. Etengabe norbaitek pistola batekin mehatxatuko banindu bezala da. Eta orduan bakarrik idatz dezaket ondo, nik dakidan bezala.

        Jaroslavek ez zion ulertu, baina Kafkaren begirada zeharkatzen zuen labana distira hark konbentzitu zuen. Agian esan egin behar zion Franzek arotzari, bazekiela pistola hura ez zegoela kargatuta, eta hori jakiteak, min hura jasaten lagundu eta edozein jainko bezain boteretsu sentiarazten zuela idazlea.

 

 

1920. urtean, Ivan Revinsky zirku enpresariak bi erabaki garrantzitsu hartu zituen: lehena, zirkua karpa erraldoi batekin estaltzea, artistak eguraldiaren mende ez egoteaz gain, inguruetako etxeetatik ikuskizuna inork doan ikus ez zezan, eta, batez ere, herrietako plaza nagusietan bizkarroiren batek bere balkoia merkezurrean alokatuta negoziorik egin ez zezan.

        Ivan Revinskyk gorria eta zuria hautatu zituen karparen kolore. Gorria, hasi berri zen iraultzaren eta langileriak zainetan zuen odol borborkariaren omenez —gero benetako suertatu ziren zurrumurruek ziotenez, zirku langileak beren gain hartu eta estatuaren soldatapean jartzeko asmoa zuten agintariek—. Zuri kolorea aldiz, errusiarren esku eta arima garbiaren ordezkagarri hautatu zuen (eta, arrazoi hau Ivan Revinsky enpresariak ondo bere kolkorako gordetzen bazuen ere, iraultzak frakasatuz gero, tsarren aurrean bere burua zuritzeko ere balioko ziolako karparen marra zuriak).

        Ivan Revinskyk hartu zuen bigarren erabakia, zirkuaren inguru osoa banku korritu ilaraz betetzea izan zen, anfiteatro eramangarriak sortuz, antzinako Erroman ohi zutenez, xutikako ikuslegoari atseden emanez horrela, eta jendeak aulkiak etxetik ekarri beharrik izan ez zezan aurrerantzean. Publikoa elkarren kontra estutuko zen banku korritu eramangarri eta deseroso haietan, helduen gabardinak umeen gabanen kontra, proletarioen patrikak beste proletario batzuen patriken kontra, nerabeen ukalondoek elkar igurtziko zuten ogi gogorraren zakuan pilatzen diren ogi-koxkorrek legez, eta berbarik egin gabe maiteminduko ziren gero gaztetxo haiek, inozentzia galtzen hasiko ziren, ukalondoetatik lehenbizi eta elkarrengana estutzen ziren zapata eta belaunetatik gero, ezarian-ezarian.

        Bederatzi urterekin poliomelitisak erkindutako belaunburu haiek, elkarri musu ematen zioten kalaberatxoak bailiran.

 

 

1943. urtean, Pablo Picasso eta Dora Maarren arteko harremana izorratzen hasia zen jada (Oi, jenioak, oi, zoin diren tirano! Inguruan duten jenio oro maxkal-itzaltzeraino!). Pablo Picassok, lanerako erabiltzen zuen txatartegiko horman egindako zulo batetik zelatatzen zuen Dora Maar. Dora Maarrek, estudioko burdina eta trepeten artean zer aurki zebilela, karrerista bizikleta baten eserlekua topatu zuen. Eserleku luzexka eskuetan hartu eta hankartean estutu zuen, ezkutuko behatxulotik emakumea espiatzen zuen Pablo Picassoren harridurarako. Aurrera eta atzera, gora eta behera, barrura eta kanpora igurtzi zuen karrerista bizikletaren pieza hura Dora Maarrek bere hankartean, eserlekua plazeraren objektu ezkutu bihurturik.

        Gau hartan bertan, Pablo Picassok bizikletaren eserlekuari karrerista bizikleta baten heldulekua lotu eta zezen baten aurpegia irudikatzen zuen eskultura egin zuen haiekin. Heldu-lekuaren kiribildura aker-adarren antzeko hari esker, Dorak bizikleta baten eserlekuarekin adarrak ipini zizkiola irudikatu gura izan zuen, nonbait.

        Picassok, beste era batera kontatzen du istorioa, jakina: «Egun batez, txatarra pilo baten erdian bizikleta baten eserlekua topatu nuen eta haren ondoan herdoildutako bizikleta-helduleku bat. Berehala, bi parte hauek nire buruan elkarrekin lotu zituen irudimenak... Zezen buruaren ideia, ia pentsatu gabe etorri zitzaidan... Bi zatiak soldatu besterik ez nuen egin behar izan. Brontzezko eskulturen gauzarik ederrena horixe da: halako batasuna ematen diote elkarrekin batere zerikusirik ez duten objektuei, zaila baita batasun hori osatzen duten elementuak elkarrengandik bereiztea. Baina hortxe dago arriskua ere: ikusleak zezenaren burua besterik bereizten ez badu, eta ez bizikletaren eserlekua eta heldulekua... Orduan eskulturak interes guztia galtzen du... Agian harrika bota behar nuen zezen buru hura. Kalera jaurti, errekasto batera, edonora... baina harrika bota. Hartara, obrako langileren bat handik pasa eta hartu egingo zuen. Akaso konturatu egingo zen zezen buru harekin bizikleta baten eserlekua eta heldulekua egin zitzakeela. Eta halaxe egingo zuen gainera. Hori bai, zoragarria litzateke. Metamorfosiaren dohaina».

 

 

1961eko uztailaren 21ean, Ernest Hemingway, Ketchun, Idahon, Union kaleko bizartegiko aulkian esertzen delarik, ahul bezain desanparatuta sentitzen da. Amorragarriak zaizkio han kloroformo eta anestesiarekin lotzen dituen usain eta lurrinak. Ileapaindegikoa, aulki bainoago, ahulki zaio. Badaki jakin, garai batean haginlariarena ere egiten zuela bizarginak. Ez zeru eta ez infernu, minaren sentipenak eta plazerarenak nahasten diren linbo badaezpadakoa begitandu izan zaio beti bizartegia. Badaki herriko alkatearen eta abadearen ondotik eta sendagilearekin lehian, bizargina bera zela garai batean herri txikietako hirugarren botere faktikoa. (Aipatu beharrik ere ez dago aseguru saltzailerik onenak zirela antzina bizarginak, bizar-labana zorrozten zuten bitartean galdetzen zutela, «bizi asegururik ba ote duzu? Salduko nizuke bat, modu onean... Inoiz ez da jakiten noiz...»).

        Ez zaio Hemi erdi etzanda egotea gustatzen. Ez emakumerik ondoan ez duela behintzat. Etzaulki trakets hark Gerra Handian anbulantzia gidari jardun zueneko gomuta dakarkio burura.

        Hemingwayk, barberoaren ahulkian esertzen delarik, ez daki oraindik John Cheeverrek urte gutxiren buruan ipuinari buruz zer esango duen: alegia, ipuina dela haginlariarenean hagina ateratzeko zain gaudela gure buruari kontatzen dioguna (nobela bat kontatzeko denbora askirik ez eta, ipuina behar du derrigor). Hemingway, zaleago zen ipuina izeberrarekin konparatzera, agerian utzi beharrekoaren gainetik urpean geratzen den eta irakurleak intuitu behar duen zatia gorestera. Baina izeberretik haginera ere ez dago hainbesteko aldea, Hem: izeberrak urpean dauden, guri bost. Txantxarrak jotako haginak ordea, zenbat lan ez ote digun ematen atera nahi ez duenean! Beharbada zuzenagoa, egiazkoagoa, giza pairamenarekin lotuagoa da Cheeverren konparazioa.

        Hemingway Chicagoko haurtzarora itzultzen da bizartegiko ahulkian eserarazi, moztuko dioten ilea bildu, bizarra eskuilatu, eta alkandoraren paparretik barrura moztutako ile gogaikarririk sar ez dakion oihala lepo inguruan lotzen diotenean. Toreatzaile batek kapotea nola, halaxe haizatzen du oihala bizarginak ehiztariaren lepo inguruan lotu aurretik. Estafeta karrikarekin akordatzen da orduan Hem. Hasieran kapotea iruditu zaion eta orain lerde-zapi erraldoia begitantzen zaion hori soinean, gero eta suminduago dago. Ospitaleetako gaixoei jartzen zaien txabusina ez ote da bada, bizarginak lepoan lotu diona? Barregarri sentitzen da, tuberkulosiak jotako gaixoa bezala, ipurzuria agerian, biluzik balego legez txabusinaren pean. Erretxindu egiten du hain otzan sentitzeak. Haragi xerra eder bat jan behar nuen, konbatearen aurretik, esan dio bizarginari. Honek, gizon handiei zerbait ulertzen ez zaienean egin daitekeen gauzarik burutsuena egin du: ez dio ezer erantzun.

        Leihotik begiratzen du Hemek kalera, erretxin, bere auzoek tesitura barregarri hartan ikus ez dezaten jainkoari erregutuz, segidan bere buruari gogorarazteko, jainkoarengan ez duela gehiegi sinesten. Baina ipurzuria agerian sentituz gero, ez ote dago dena justifikatuta, baita jainkoarengan sinestea ere?

        Barberoenea denboraren igaroa neurtzeko leku ederra da Hementzat: txikitan, aulkiaren gainean ohol bat jarrarazten zuten, bera ohol gainean eseri eta ile-moztaileak makurtu gabe lan egin zezan. Oraindik gogoan du ze harro zegoen larruzko aulkian oholik batere gabe eserarazi zuten lehen aldi hartan: galtza luzeak estreinakoz janztearen pareko zerbait zen. Hazi ahala, osabaren ahate-haztegiko zurezko atean labanarekin bere altuera koskaz koska nola handitzen zen markatzearen antzeko zerbait.

        Ilea sarri moztea estatua bihurtzeko bide segurua ere bazen. Hem saiatzen zen ilea mozten zioten bitartean zirkinik ere ez egiten. Bereziki, hamabost urte zituenean, deskuidatuta ukalondoa aulkiaren besotik apur bat kanpora atera eta aulkiari pega-pega eginda ilea mozten ari zitzaion ile-moztailearen zakil gotorra nahi gabe ukitu zuen hartaz geroztik. Halakoa izan zen barberoaren haragi puska hark ukalondoan eragin zion inpresioa, ez baitzuen bakerik izango, harik eta Parisen Scott Fitzgeralden zakila berearekin alderatu, eta berea ere, idazle estandarren mailan zegoela baieztatu zuen arte.

        Urteak pasa dira eta joan da kalpar harroa. Dagoeneko ez dio ileak bizarginari garai bateko lanik ematen. Hemek ileapaindegian gehien gorrotatzen duena zera da, hala ere: nola mugiarazten dion bizarginak burua nahieran. Barailezurretik heldu eta gorantz tiratzen dio, bere lepoa itsasontziaren lema eta bizargina txalupako lemazaina balitz bezala. Umiliagarria deritzo antropologia irakasle baten mendean dagoen burezur inertearen pare sentitu eta buruarekin mugimendu zentzugabe horiek obeditu beharrari. Behin baino gehiagotan saiatu izan da buruari tinko eusten, baina barberoaren hatzek —«boterea barberoaren hatzak bezain nazkagarria da», zioen Ossip Mandelstamek— makurrarazi izan dute beti; guraizeduna irteten da desafio guztietan garaile. Botere harreman hori gauzatu egin behar du azkenean bizarginak: nork agintzen duen adierazi. Armak berak dauzka finean, bere esku daude guraize zein bizar-xafla. Ondo zekien hori Luis Buñuelek, begia bizar-labana batez ebakitzea ez baita, askok uste duten bezala, surrealista, amesgaizto oso errealista baizik. Horregatik heldu da gaurko egunetaraino fotograma horren lokamutsa. Ez da artea irauten duena, zirrara baizik.

        Hem ehiztariak begitazio beldurgarri bat izan du oraingoan bizarginaren ahulkian eserita: ile-moztaileak burua heldu eta lepoa aurrerantz begira jarri diolarik, orein disekatuaren burua bere etxeko horman bezalaxe sentitu da.

        Etxeratu bezain pronto, horman zintzilik jarritako oreina eta Afrikan ehizatutako piztien buruak hormatik kendu eta zaborretara bota ditu, bizilagunen harridurarako.

        Erotu egin al gara?, galdetu dio neskameak kezkatuta, Hemek afaltzeko eseri nahi ez eta otordua zutik egiten duela-eta.

        Eseri ni? Ez naun ni berriz berehala eseriko!

        Hem, lepoko giharrak askatzeko ahalegina egin eta mandiora sartu da, bere azalari darion barberiako lurrin eta kloroformo usain loarazlea behi eta oiloen konpainia noblean uxatuko duelakoan.

        Tamalez, ez du bere buruarentzat etxaldeko gainerako oilo eta behiekiko sentitzen duen errukirik. Kulatan dituen lasto izpiak astindu dizkio armairutik atera duen eskopetari. Atsegina eta lasaigarria zaio lasto izpi lehorrak usaindu eta ukitzea, azkenekoz. Ez du hil aurretik lasto izpi horiek baino argiaren antzekoago beste ezer ikusiko.

 

 

2001eko irailaren 11n, George W. Bush, AEBetako presidenteak, cowboy eta duelo gizonaren berraragiztapen politiko eskasa bezala ezaguna zenak, cowboy hitza ostera ere bere esparru etimologiko hertsira ekarri eta Asiako behi sakratuenei errapeak ondo husteagatik historiara pasako zen presidenteak, haur-eskola batean jakin zuen Dorre Bikien aurkako erasoen berria. Umez inguratuta zegoen, umeei ipuin bat kontatu eta botoak irabazteko presidente batek egin behar izaten dituen irudi ariketa penagarri haietako bat egiten. Ume haiek ez ziren Maria Antonieta eta Luis XVI.aren seme-alaba jolastien oso ezberdinak: medium class inexistentearen habeari fermuki eutsi nahi zioten guraso zintzilikatu batzuen seme-alabak izanen ziren, ziur aski. Ume haietako batek libre utzitako aulki ñimiñoan eserita zegoen AEBetako presidentea, nola egoten den atsedenaldian boxeolaria kornerrean managerrak eskainitako inbutuan odol-listu eta lerde-aparrak tu egiten. Eta ume aulki hartan eserita jakin zuen hain justu presidenteak bere aholkulariengandik —belarrira esan zioten, azterketa batean mihipetik lagunari bezala— bere herria, bere lurraldea, bere marrak eta bere izarrak, historian lehen aldiz, erasopean zeudela.

        Bush dinastiako George W. Bush presidenteak, George Bush CIAko zuzendari ohi eta AEBetako presidente ohiaren semeak, telebista kamerek betikotu zuten une hartan, behi bat jezten ari zen autista zirudien, begirada garden eta urrunean galdua. Zegoen jarreran eserita egonda, inguruan jezteko behirik eskura ez izateak bereziki harrituko balu bezala.

        Where the hell is the cow, boy?