Neguko zirkua
Neguko zirkua
2005, narrazioak
232 orrialde
84-95511-74-6
azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

Ez da ezer gertatzen

 

Bere amarekin akordatu da: betunaren hodiari nola sakatzen zion, zapatentzako krema horizontalki hedatuz zapataren gainean, hura trapuarekin zabaltzen hasi aurretik. Marratxo luze bat zen, eta marratxoaren ondoren, tarte bat eta betun puntu bat gero, betunezko harridura ikur bat zapataren gainean. Amak irribarre egiten zion Serantesi, hura betunari begira sumatzen zuenetan, eta batzuetan, bigarren harridura ikur bat aterarazten zuen betun hoditik. Jolas bat zen, jolasen adinean. Amak «ez da ezer gertatzen» esatea aski zen orduan, arazo guztiak desager zitezen.

        Nerabezaroan mutututa egon zen hilabetez, bere gorputzarekin gertatzen zena ulertu ezinik, bere matrailezurra baimenik eskatu gabe hazten ari zelako haserre, bere bizarrarekin, bere azaleko pikor eta gorritasunekin amorratuta. Amak etsia hartu zuen, ez zion jada ezer galdetzen, harik eta, goiz batez, zapatak garbitzen hasi aurretik, seme nerabea berarengana makurtzen ari zela sumatu zuen arte. Betuna zapatari erantsi gabea zuen artean, eta deus esan gabe, amak, harridura ikurraren ordez, galdera ikur bat marraztu zuen egun hartan betunarekin zapataren punta biribilduan.

        Berradiskidetzeko era bat izan zen.

        Gustatzen zitzaion amak zapatak nola garbitzen zituen. Geroztik geratu zitzaion zapatei lustrea ateratzeko zaletasuna. Arazoak zituenean horixe egiten zuen: lasaitzeko, zapatak lustratu. Eta nik zapatei lustrea ateratzen badiet, zergatik ez da bada, arazo latz dirudien hori konponduko? Ez zion bere joera hura inori sekula aitortu. Bazekien zer esango zioten: zapata bat ez zela lanpara miragarri bat, alferrik zela hura igurztea.

        Mokasinei distira ateratzen ari delarik, bere amak zapatak lustratzeko zuen era harekin gogoratu da. Ez daki ondo non irakurri zuen, duintasuna mantentzen zutela adierazteko heriotzara kondenatutakoek zuten azken aukera zapata distiranteekin hiltzea zela. Ospitalera iritsi denean galduta sentitu da. Pasilloan doala, igandez jantzita joan arren, behin eta berriro begiratzen dio bere buruari, laneko trajebuzoa soinean ez daramala erabat sinetsiko ez balu bezala. Deseroso doa horrela jantzita, bai. Kabezerako medikuak —zergatik dira medikuak kabezerakoak, oheen zatiak edo egunkarietako titularrak balira bezala?— eman zion papera galtzetako atzeko patrikan dauka, eta hamar metroro, eskua sartzen du patrika horretan, paperak bertan jarraitzen duela ziurtatzeko. Ez duk alferrik egiten Serantes, patrikek baditek berezko joera irensle bat, zulo beltzen pareko halako indar desagerrarazle bat. Baditek indar hori Serantes, ondo ari haiz. Segi horrela.

        Batoi zuria jantzitako emakume bat, laurogei bat urtekoa, oinez dabil noraezean. Erizain bat datorkio atzetik, presaka txikian.

        Zer ari zara hemen, Begoña?

        Begoña delakoak sorbalda uzkurtu du, errieta egin dioten umeak bezala, lotsatuta.

        Ahaztu egin zait nire gelako zenbakia.

        Ez da ezer gertatzen.

        Sendagile bat inguratu da berehala erizainari laguntzera. Ez da ezer gertatzen.

        Badakizu ze urtetan gauden, Begoña?

        1945a dela uste dut. Bostarekin bada zerbait, gutxienez.

        2005. urtea da, Begoña.

        A, banengoen bai ni. Bostarekin zerbait.

        Zenbat urte dituzu?

        Berrogeitaka batzuk bai.

        Badakizu ze urtetan jaio zinen?

        Hirurehun eta laugarrenean.

        Ikusten? Azkenean ere akordatu zara gelako zenbakiarekin!

        A, bai. Eskerrik asko, jauna. Zenbat zor dizugu?

        Sendagileak irribarre egin du, samurtasunez.

        Ezer ez, Begoña.

        Nola ezetz, izango duzu ba minuta bat, ezta? Zenbat zor dizugu? Esan nire seme-alabei, haiek ordainduko dizute, terrenoen dirua ere zerbaitetarako dago, ezta?

        Amona deskontsolamendutik erabateko duintasunera pasa da esaldi gutxi batzuetan, deigarria behintzat bada, galeratik duintasunerako bidea nola egin duen; Serantesek kontrako bidea bakarrik imajinatu izan du ordura arte. Pausoa azkartu eta aurrerantz jarraitu du pasilloan. Medikuaren bolantea atzeko patrikan, mahoizko trajebuzoa etxean, bera deseroso, ateetako plakatxoetan X izpien gela adieraziko duenaren bila.

        Ikustagun, Serantes zara orduan? Zurea goiko gelan egingo dugu. Ez dut uste izpien esplorazioa nahikoa izango denik.

        Esplorazioa, esparru semantiko baten traizioa, ez dagokion umore baten sorrera: txikitako kromo bilduma, tigrea, Marco Polo, itsasoa, Moby Dick. Ze urrun. Garai txarrak esploradoreentzat.

        Balea baten hezurduraren flasha akuariumeko sala nagusian: bere birikak.

        Kontuak ez dauka itxura onik. Goiko pisuan, bere lantegian behintzat, nagusia egoten da beti, eta goiko pisura igotzen den guztietan dardarka joaten da jendea, berri txarrak izaten dira gehienetan. Ospitaleetan ez du zertan horrela izan, jakina, baina entzuna du gaixo terminalak goiko pisuetara eramaten dituztela, edonola ere hiltzera doazenez, itsasora begira (Marco Polo, Moby Dick) bista onak izan ditzaten gutxienez. Igogailura bidean, aldean gidari doakion erizainaren izenik ere ez dakiela otu zaio Serantesi. Ez dio izenik ere esan. Edo agian esan dio eta ahaztu egin zaio?

        Ahaztu egin zait nire gelako zenbakia.

        Territorio zuri horiek ez dira memoria mantentzeko leku onak. Irristakorra da dena. Horretarako zegoen pentsatuta. Ohatilak, jendea, gaixoak, hilak, biziak, negarrak, oihuak, arbel zurien gainean aise ezaba zitezkeen zirriborroak baino ez ziren haiek guztiak. Erizainaren bularreko plakatxora zeharbegirada bat lerratzen saiatu da, baina gaizki begiratu dio emakumeak, bularretara begira ari zitzaiolakoan.

        Orduan bere zapatei begiratzea erabaki du: zikinak ditu. Seinale txarra, Serantes.

        Igogailutik atera bezain pronto, arima ziniko, maltzur, edo sinpleki inkontziente batek zabalik utzi duen ate baten zirrikitutik zeladore eta erizain talde bat bereizi du, pastatxoak jaten eta xereza edaten, algaraka. Norbaiten urtebetetzea. Erizainek eta sendagileek, hilek eta biziek, denek betetzen dituzte urteak. Eta ospatzeko eskubidea dute, une horretan Serantesi hori onartzea kosta egiten bazaio ere. Nire tristeziak munduaren tristezia behar luke elkartasun gisara, pentsatzen dugu horrelakoetan. Baina munduak ez du inoiz eskatutako neurririk ematen. Pozarren aldatuko genuke gure burua, ospitaletik alde egitear, poltsan arropak batzen ari den gaixo sendatu berri horren zoriagatik, ospitalean egon arren bere animo egoera jada ospitaletik urrun dagoen horren larruan egon nahi genuke.

        Azalpenik ez. Deituko diotela emaitzak prest daudenean. Ezin ote diote ezer aurreratu?

        Ez, baina nahi baduzu hitz egin medikuarekin.

        Serantesek trajebuzoa soinean ez daramala berriro ziurtatu eta ezetz esan du. Igogailura bidean, hatz puntak atzeko patrikan sartzean, bolantea ez duela han ohartu da. Larritu egin da une batez. Lasai Serantes, paper puska horrek bete dik bete behar zian funtzioa. Telefonoz deituko ditek, hori duk hurrengo pausoa.

        Kanporako bidean, bere gelako zenbakiarekin akordatzen ez zen emakumea ez dago pasilloan.

 

 

Zuzenean joan da ospitaletik lanera. Ez omen zeukan zertan. Ez zeukan zertan baina nahiago du horrela, trajebuzoa jantzi eta lanean hasi. Kate-lanean. Serantesek, xafletan iristen zaion kartoia hartu eta forma ematen dio, kartoi laua zena kartoizko kaxa bihurtzen du. Horretan lan egiten du Irungo diru-truke kabina itxi zutenetik. Txanpon ezberdinik ezean, txanpon trukerik egin beharrik ere ez, ondorioz. Eta bera kale gorrira. Doi-doi topatu zuen lan hori, bere adinean, zortea izan zuela ere esan zitekeen. Kartoi laua hartu eta kaxa bihurtu, behin eta berriro. Mundu aspergarri lauari erliebea ematea bezala. Bi egiten ditu minutuko, ehun eta hogei lehen orduan, eta hortik aurrera, nekearen eraginez, orduko hamar kaxatan gutxitzen du erritmoa, eguneroko zortzi orduak osatu arte: seiehun eta laurogei kaxa egunean, hiru mila eta laurehun astean, ehun eta hogeita hamasei mila urtean. Horietatik akastunak, errotulagailu beltzez Kaxa akastunak hemen jarrita dagoen apaleko zokora baztertzen dituztenak, apenas iristen dira laurehun kaxatara: profesional ona da. Beste bi langilek ere lan bera egiten dutela kontuan hartuta, laurehun mila kaxa urtean, eta bakoitzean seina xanpain botila, borobilduz, bi milioi t'erdi xanpain botila beraz, banaketa enpresak Europako superfizie handietara barreiatzen dituenak.

        Agian ez zen xereza. Xanpaina edaten zuten agian erizain eta medikuek, algaraka, igogailuaren ondoko gela hartan.

        Zorioneko jo izan du ordura arte bere burua. Lana nekagarria da, baina ez dio gehiegi pentsarazten, eta tailerreko makinak ez dira zaratatsuegiak, ez da tornu batean lan egitea bezala. Lan garbia da.

        Serantes, zergatik ez duzu eguna libre hartu?

        Uste baino azkarrago bukatu dugu eta, pentsatu dut...

        Egun baten gorabehera ez da ezer, gizona, hartu atseden.

        Nagusiak atseden hartzeko esatea ezin daiteke albiste ona izan.

        Inporta ez bazaizu... Atzeratuta nabil...

        Serantes katera itzuli da. Kaxak muntatzen eman du goiza. Eguna. Astea. Astelehenean deitu diote berriz ospitaletik.

        Ez, ez da ezer gertatzen, baina aurrez aurre esan beharreko gauzak dira. Berri txarrik ez, jauna, ez nik dakidanez behintzat, jakinarazlea besterik ez naiz, idazkaria... Nahi baduzu sendagilearekin jar zaitzaket...

        Bere buruari begiratu dio, soinean du trajebuzoa. Kuxidade ederra mediku batekin hitz egiteko. Ezetz esan dio, joango dela. Badaki bidea.

 

 

Ospitalean, memoria galtzen ari zen emakumearen gelaren parean geratu da, jakinminez. Ez dago jada han. Haren ordez, emakume haurdun gazte bat, ohean atseden hartzen. Gutxi falta zaio erditzeko. Bere ondoan, senarra behar duena, eskutik heltzen dion gizon erkin bat, aho zabalka etengabe. Urduri dago, leher eginda, emaztea bisitatzera etortzeko meategi bateko aho beltzetik atera berri balitz bezala. Aurrera jarraitu du. Zain dago erizaina.

        Serantes?

        Berehala eraman du sendagilearen aurrera, adeitasunez.

        Serantes jauna da.

        Ez du minbizi hitza inongo unetan aipatu. Ez du heriotza hitza inongo unetan aipatu.

        Asuntoa hedatuta dagoen ikusi beharko da, horretarako froga berriak egin beharko ditugu.

        Plurala erabili dik. Frogak bioi egin beharko balizkigute bezala, pentsatu du Serantesek, harrapazak. Asuntoa biona balitz bezala. Ez da ezer gertatzen. Ez, hiri ez, alu horri. Niri. Sei urte bai medizina karrera ikasten, gero hitz hura erabili behar izateko: asuntoa.

        Asuntoa tumore bat da. Emakume haurdunaren gelaren paretik pasatzean, hau ohetik altxata, zutik aurkitu du leihotik begira; irribarre egiten du sabel betea laztanduz. Ohean etzanda, bere ordez, senarra behar duena dago lo.

        Ez dugu harritu behar. Beti izan dira indartsuak eta ahulak. Hondoratuak eta salbatuak.

 

 

Autobusa hartu duenean bere tumoreari buruz pentsatzen jarri da Serantes. Ez dago goibel, pentsakor bakarrik. Zer ote da tumore bat? Ba ote dira piano itxurako tumoreak edo ogi bat bezala luxeak edo madari ustela bezalakoak ukitu eta lehertzen direnak, hatzak egun osorako itsaskor utziz? Nolakoa ote da berearen itxura? Izaki bizidun bat ote da benetan minbizia, sendagileei esatea gustatzen zaien bezala, beste izaki bizidun baten barruan? Merezi ote du errukirik eta barkamenik izaki horrek? Moby Dick bezalako izen baten bataioa beharbada? Ez al da bera izango Moby Dick, ez al da bera izango munstroa, marinel bat irentsi duena, bere barruan poxpolo bat piztea bururatu zaion marinel bat? Ederrago bihurtuko ote du eldarnio horrek bien arteko azken borroka? Begiak itxi ditu, eta pentsamendua bere giltzurrunen parera jaitsarazi. Gizon txiki bat da bera, mahoizko trajebuzoz jantzita bere zainetan barrena, pasillo batean barrena patinekin irristatzen, bere gelaren zenbakia ahaztu duen arrotz bat bere gorputzean barrena. Bere giltzurrunetik gertu, trafikoko polizia bat dago: Irungo aduanetako kasernan dago orain. Eta Irungo aduanetako kaserna bere giltzurrunetan, bai. Gauzak eta objektuak, taupadak eta klaxonak. Trafikoko polizia epokakoa da, barregarri samarra, ingelesa, apur bat Buckingham palace, apur bat guardia noiz aldatzera doan galdetzeko gogoa ematen duen horietakoa, turista izanez gero.

        Jakin daiteke nora zoazen?

        Tumore baten bila nabil. Nirea omen da.

        Pasatzen uzten dio poliziak eta hangar handi batera heltzen da Serantes, eta hangar hori ezaguna egiten zaio argirik ez egon arren. Eta orduan ikusten du. Eta ikusi orduko badaki hori dela bere tumorea, karratua da, kartoizko kaxa baten itxurakoa. Begiak ireki aurretik kartoizko kaxaraino hurbildu eta barruan zer dagoen antzematen saiatzen da.

        Baina justu orduan autobus gidariak tupustean balaztari sakatu eta ireki egiten ditu Serantesek begiak, sustoarekin. Lastima, gutxi falta izan zaio.

        Bere etxeko aldapari ekin aurretik igaro beharreko lurpeko pasabidera heldu denean, betiko mimoa dakusa bertan, betiko bere numeroa egiten: pailazoz jantzita, aurpegia tximeleta gorri bat. Organoxka single baten melodia xumeaz musika-kaxa batetik ateratzen den dantzariarena egiten du pailazoak: geldiro-geldiro destolesten da, nagiak kenduz bezala, kartoizko kaxatik kanporatu eta ballet postura bat entseatu ondoren, gelditasun berdinarekin atzera tolestu eta melodia bukatzerako kaxara bere burua bilduz.

        Betidanik mimo hura talentu handikoa dela pentsatu izan badu ere, ez dio sekula ezer bota, baina oraingoan Serantesek txanpon bat bota nahi dio, bizitza horretan balihoakio bezala. Patriketan ez dauka, ordea, txanponik. Zorte txarra: agian tumoreak txanpon itxura du eta txanpona pailazoaren kapelura botatzea aski zen bere gaitza gainetik kentzeko.

        Gero pentsatzen du Irungo diru-truke kabinan lan egin izan ez balu, ez litzaiokeela halako inozokeriarik otuko.

        Akabo, Akab kapitaina.

        Etsita, apustuen bulego batera sartu da, kanbioak eskatzeko asmoz. Lurra kiniela boleto porrokatu eta txikituz beteta dago, itxaropenarekin beteak izan diren zaldi lasterketen apustu-txartelak txikituta eta zimurtuta daude orain, zorterik izan ez dutenen paper zati hutsalak dira. Besapean daraman analisiaren sobrea hartu eta mila puska txikitan tarratatu eta apurtu du, kiniela paper-txataltxoen gainera bota aurretik; zorte apur batekin erratza pasako dute, eta zorterik izan ez duten beste paperekin batera, zaldi karreretako izenekin nahasian joango dira paperontzira bere analisiko emaitzak ere. Bono-loto bat jokatu nahi luke: ospitalean bere gelako zenbakiarekin akordatzen ez zen emakume haren gelako zenbakien batura jarriko luke lehenik.

        Jendea Billy Garlic izeneko boxeolari txiletar bati buruz marmarrean ari da hurrengo zaldi lasterketa telebistan noiz hasiko den zain. Billy Garlic, bai izen ederra. Bere potretari so egin beharrik ere ez dago Billy Garlic irabazle baten izena dela jakiteko. Kanadar baten kontra jokatzen omen du pisu astunetako finala. Serantesek pentsatzen du berak ere baduela boxeolari abizena, eta pena litzatekeela pisu astuna zehazki zenbat kilotik gorako boxeolaria den jakin gabe hiltzea. Beti jakin nahi izan duen zerbait da: ze pisu ote dagokio berari? Crucero, gallo, pluma, mosca, welter. Ederrak dira boxeolarien kategoria ezberdinak adierazteko erabiltzen diren deiturak. Bere zapatei begiratu die: ez dago lustrerik, ez dago harridura ikurrik, urteen zamak eta kaleetako hautsak gain hartu diote haurtzaroari.

        Zapatak garbitu behar ditut. Zapatak garbitzen baditut dena ondo aterako da, seguru.

        Begiak itxi eta berriro ere bere gorputzaren barrura sartzen saiatzen da.

        Irungo kasernara iristear dago berriro. Aduanako langileen lanpostuak kolokan daudela-eta manifestazioak egiten ari dira inguruan. Istilu usaina dago, giro arraroa. Berak, ordea, aurrera segi nahi du. Lankide batek ez dio pasatzen uzten.

        Jakin daiteke nora hoan, eskirol alua!

        Tumore baten bila! Nirea da! Eskubidea daukat!

        Asuntoaren erdira, mamira, bere giltzurruneko kartoizko kaxara nahikoa gerturatzen denean, kartoizko bere tumore hura hartu, berau itxi eta kaxa apal diskretu eta ilun batean —kaxa akastunak hemen dioen zokoan, kasu— gordetzearekin nahikoa behar luke, pentsatu du.