Neguko zirkua
Neguko zirkua
2005, narrazioak
232 orrialde
84-95511-74-6
azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

Bala bat patrikan

 

Kanpaiak bazkaria prest zegoela adierazten zuen. Bazkaria edo, ahora eramatera gindoazen ahi gisako nahaskin nazkagarri hura. Bazkaria ez zen bazkari, eta ez izateagatik, kanpaia ere ez zen kanpai, txapak txaparen kontra jotzean ateratzen zuen metal xaxtar baten hots lehorra besterik ez.

        Denok ginen beldur, baina horrek ez zigun elkarri txantxak egiteko gogoa itzaltzen. Herren, itsu eta gorrei buruzko pasadizoak kontatzen ziren, jaiotzetik hala zirenak gerratik libratu zirelako eta haiei aiher genielako, edo akaso, heriotzari buruz eta maingu eta herrenei buruz hitz egitea, aukera gertagarri haiek konjuratu eta gugandik uxatzeko erarik onena zelakoan.

        Entzun duzue zurrumurrua?

        Orain horrela esaten zaiek kanoikaden txistuei?

        Leku lasaiago batera bidaliko omen gaitiztek.

        Nik ere entzun diat zerbait.

        Hara, Leo! Honek ere entzun dik!

        Bai: soro lasai batera eramango gaitiztek, burdinazko gurutzez betetako soro batera.

        Belarria genuen fina. Edozein soinu bereizten genuen: fusilak kargatzen zirenekoa, granaden txistuak parabolaren goiengo puntuan zeudeneko une mutua, eta batez ere, bazkaria prest zegoela adierazten zuen zintzarri hura. Usaimena aldiz, erabat galdua genuen harrezkero, bolboraren eta kearen erruz, ziur aski. Batzuetan, hala ere, gernuarekin nahasitako giza gorotz ustelaren kirats higuingarria ekartzen zuen haizeteak. Lubakietan bolo-bolo zebilen ipuin baten arabera, etsaiak libramendurako erabiltzen zituen upelak maldan behera botatzen zituen haizea alde zuenean, usain nazkagarri hura gure lubakietaraino iritsi eta horrek gure morala areago birrindu eta indar urrituko zuelakoan. Eta egia zen: hura bezalako ipuin ergelek lortu egiten zuten etsaiaren uzkitik ateratako azken uzkerra senti gintezen.

        Behin, halako euritea izan zen lubakiek urez gainezka egin baitzuten: kanpora atera behar izan genuen, lupetzan itoko ez baginen. Egunek luze jotzen zuten. Eta hurrengoa aurreko eguna bezain luze izateak harritu egiten zituen denak. Ez genuen ikasten. Ez genuen sekula ikasiko.

        Ez zaudete hemen zuen familia putari idazteko, esaten ziguten.

        Eta orduan, gure familia putari gu lurrarekin berdinduta izanen ginenean haiek bidaliko zizkieten gutunak asmatzen genizkion elkarri.

        «P. andere agurgarria:

        «Penak gain harturik idazten dizut zure semea fronteko lehen lerroan jasotako zaurien ondorioz hil dela esateko, Indioilarraren batailoiko Ezker Izterra dibisioko frontearentzat ezinbestekoak ziren lurrak hartzeko borrokan. Zure semea hilik dago, baina ukuilua gurea da orain. Hartu gure besarkadarik sentituena une lazgarri hauetan. Soldadu adoretsua izan zen, eta bere portaera eredugarria izan da azken unera arte. Guretzat ere galera ordezkaezina izanen da, eta Kantinplora Zaplatuaren Ordenako domina emango diogula jakiteak sendia poztu eta semeaz harro egoten lagunduko dizuen itxaropena daukagu.

        «Granada baten leherketak zauri larriak eragin zizkion: jakin dudanez, kanpamendura itzultzen ari zela egin zuen bere azken kukurrukua. Sufritu gabe hil zela ziurta diezazuket, honenbestez, ustekabean. Froga gogorrak jarri dizkigute eta frontean lagun askoren galera nozitu dugu. Jakizu gure ejertzitoaren eta neronen babes osoa duzula une latzotan, ausarta baitzen galdu dugun soldadua, zure semea.

        «Arren, ez izan zalantzarik eta idatzi helbide honetara edozein laguntza edo aringarri eman diezazukegula uste baduzu.

        «Beti zure aginduetara... Antoine Brouillard, teniente koronela.»

        Baina uste baino luzeago zihoan setioa, eta gero eta handiagoa zen gazteen desgogoa otorduetan txantxak egiteko garaian ere. Estebanena kontatu zuen norbaitek orduan, ahia plater funtzioak betetzen zituen kantinplorapeko aluminiozko katiluan nahasten ari zirelarik, ahora eramateko batere asmorik gabe. Sukaldaria zen Esteban, ahia hobeto ateratzen zitzaion hari, baina orain zaurituta zegoen, ohatila batean luze, morfinaren paradisuan atseden hartzen.

        Mirari bat izan duk.

        Estebanena?

        Bai.

        Baina egia al duk bularrean zuela tiroa?

        Richardek zutik jarri eta bere saihetsezurren arteko puntu bat seinalatu zuen, bihotzaren ondoko saihetsaren kurbara hatz erakuslea eramanez. Keinua barregarri samarra zen, zerbaiten meritua —zerena baina?— bere buruari atxiki nahi dionaren imintzioa.

        Hementxe jo zioan.

        Balak zeharkatu egingo zioan bular-kaxa, ala? Birikarik ukitu gabe?

        Bai zera! Hori izan duk mirakulurik handiena ba!

        Zer?

        Bala patrikan geratu zaiola.

        Egun hartan, aspaldi luzean ez bezala, Estebanek prestatu ez zuen ahi higuingarri hura irensteko asmotan ziren bakanek ere barre ttikiari eman zioten orduan. Giroa ari zen pixkanaka pizten.

        Nola geratuko zitzaioan patrikan, Richard?

        Baietz! Patrikan geratu zitzaiola ba!

        Ez diat sinesten. Bularrean tiroa jaso eta bala patrikan geratu? Lehen aldia izango litzateke...

        Richardek, orduan, bere sinesgarritasuna kolokan jartzen zutenero bezala, sudur mintzak puztu eta gerraren hasieran denei banatu zieten petatearen barruan zegoen trepeta alferrikako hura atera zuen jakaren barruko patrikatik.

        Oraindik gorde egiten al duk hori?

        Pisua besterik ez dik, lehen egunean bertan utzi nian nik. Soberako pisua hobe lehenbailehen baztertu, Richard.

        Richard uneka-uneka puzten zen, ikasle mukitsuek arbelaren aurrean ernegarazten duten seminaristaren eran.

        Ez duzue ezer ulertzen!

        Ulertu ulertzen diagu, baina ez diagu sinesten, Richard. Nola nahi duk sinestea Estebanek bularrean tiroa jaso eta bala patrikan geratu zitzaiola? Ez gaituk atzo goizean jaio!

        Eta orain biblia xaxtar hori ateratzen duk atentzioa desbideratzeko... Irakur iezaguk salmo bat, ea errautsez egindako ahi nazkagarri hau ogi-edo bihurtzen den...

        Zer jakingo duzue zuek! Biblia hau zian Estebanek bere alkondarako patrikan. Horregatik geratu zitzaioan bala bertan! Altzairuzkoa dik azala liburuak eta hark gerarazi zioan bala!

        Ahia ahoan batera eta bestera zerabilten soldadu rasoek elkarri begiratu zioten, sinesgaitz, barreari eusteko ahaleginetan; eman ere barreari emanak izango ziren horrezkero, egia esan, baldin barreak ahi nazkagarri hura kontrako eztarritik bidali eta haren zaporea arnasbideetan biderkatzeko arriskuaren jakitun ez balira.

        Zer esan nahi duk, Richard, liburuaren azal xaxtar horrek bala gerarazi zuela?

        Ahi bola biriketatik desbideratu eta urdailera bidean jartzeko denbora doia izan zuten rasoek. Irria galderarekin ernatu eta galderaren doinuarekin batera kutsatu zitzaien bazkaltiar guztiei. Algara ozena zen, ofentsiboa, barre kuarteleroa. Richard sutan zegoen, lepo-paparrak eta masaila gorritzen hasiak, alkandoran zituen galoi urri eta estreinatu berriak bezain gorri.

        Bai. Horixe bera!

        Barre egin zuten denek. Barre eta barre. Aspaldiko partez heriotza urrun ibiliko zen kanpamendu hartako oihal-denda hartatik, zelai kixkaliaren gainean inprobisatutako behin-behineko jantoki hartatik, barre ozen haiek uxatua. Nietzschek aipatu bide zituen jainko dantzari haiek, haiengan fedea izatea posible den jainko bakar haiek zebiltzan han inguruan dantzan. Richard haserre atera zen oihaletxetik.

        Richard, Richard... Fedeak mendiak mugitzen dituela baina... Ez gaitzak izorratu!

        Lasai joan zen eguna, lasai joan zen bitartean.

        Ilunabarrean, literetara agertu zen sarjentua. Gazteetako batzuk lo zeuden jada korneta doinuak etzalekuetatik aterarazi eta firme jarrarazi zituenean. Sarjentuarekin zegoen Richard bera ere.

        Hartu atseden eta ireki petateak, arren.

        Richardek mendeku gosea eta destaina zituen orain begietan.

        Baten batek mespretxatu egin omen ditu lehenengo egunean eman genizkizuen hornidura tresnak.

        Hornidura tresna? Azal gogorra behar zen gero patrikako biblia ziztrin bati izen hori emateko.

        Sarjentua banan-banan hasi zen petateak ikuskatzen. Lasatu eta tinko jarritako kordelen zarata zaurgarria baino ez zen entzuten: oihal urratua eta soka, lasatu eta estutzen, petateak bildu eta handik alde egitera joango bagina bezala. Baina ez, ez zen horrelakorik jazoko oraingoz, ez horixe. Banan-banan zerraion sarjentua petateak miatzeari. Gutako gehienok ez genuen tapa metaleztatua zuen bibliatxorik bertan, jakina.

        Fede gutxiko gizonak! Ez al duzue gogoan erlijio batek bere gerizpean hartzen gaituelako gaudela gu hemen, besteak beste?

        Richarden botei begira nengoen ni. Distira egiten zuten, baina ez bere begiek adina.

        Neurriak hartu beharko ditut. Eta zuek ere bai. Zuek ere neurriak hartu beharko zenizkiokete zeuon buruei. Bala batek bularra kraskatzen dizuenerako neurriak. Hilkutxaren tamaina egokia izan dadin!

        Richard hanka puntetan jarri zen. Orpoak elkarren kontra kolpatu eta berriro lur hartu zuten bere bota lustratuek, bere harrokeria hanpatuak. Begietako distira zen lur hartzen ez zion bakarra.

        Ez dute Estebanena sinetsi nahi izan, sarjentu.

        Sarjentuak, orduan, eskularru beltza erantzi eta jakaren barruko patrikara sartu zuen eskua, desgogora, igande arratsaldean eskupekoa eman eta berehala gastatu ondoren eskupeko berri baten bila etorri den seme-kozkorrari bigarren ordain bat eman behar dionaren gogo gabeziarekin. Tabako pakete baten tamainako biblia txiki bat atera eta gorantz jasoz erakutsi zuen, denok ikus genezan. Metalezko azalean zulo bat zuen biblia txikiak, liburuxka erdi-erditik zeharkatzen zuena. Bala batena izateko handiegia iruditu zitzaidan niri zuloa, baina besteak aho zabalik geratu ziren bibliari begira; erlijio baten indarra, mendiak mugitzen zituen fedearen boterea agerian zegoelakoan. Gutako inork ez zuen ordura arte sekula pentsatu Esteban hain fededuna zenik. Juxtu kontrakoa esango genuen gutako askok, ni tartean nintzela. Egia zen, beraz, Richardek esandakoa. Patrikan geratu zitzaion bala.

        Sinesten duzue orain, fedegabeko babalore rasoak? Lotara ba, bihar egun luzea izango dugu eta!

        Argiak itzali ondoren ere, Richarden harrokeria esekia eta bere pausoen eta bere orpoz orpoko zapaten larru igurtziaren txistu gogaikarria geratu ziren oihal-dendan, luzaro, lokatz hezearen eta etsaiaren gernu eta gorotz sunda nazkagarriari gailenduz.

        Gauez lehergailuak entzun ziren, baina urrun, banda bateko perkusio saila bezain gozo oraindik.

        A zer kiratsa! Haizea gure kontra denean, hildako soldaduak zuhaitzetara jasotzen ditiztek, geronek hildakoen ustel usaina geronen sudurtzuloetan enterratzeko!

        Hago isilik!

        Ipuin haiek. Haizeak ekarritako ipuin haiek nahikoa, gure urdail-tutuak okagura sentitzeraino lizuntzeko.

        Handik egun bira, jantokiaren kanpoaldean ginen, hotzari tabako konpartituaren haritik kanpora bultza nahian, zigarroak elkar banatu eta eguraldiaz kexu, gorroto genuen bazkari okaztagarri hura berandu zetorrelako eta oraindik kantina barrura deitu ez gintuztelako kexu, gorrotoa uxatzeko egunerokotasunaren gauza txikiez kexu, familiakoek bidalitako gutun atzeratuak irakurriz, harik eta hatzak jelatu eta gutunera itsatsita geratzen zitzaizkigun arte. Hatz puntetan itsatsitako orri zati izoztuekin eta hitz zati izoztuekin bazkaldu behar izango genuen gero, eskuak ur hotzarekin ez bustitzeagatik.

        Esteban hobeto omen zagok.

        Lizentziatu egingo dutela entzun diat.

        Horrek zauzkak horrek potroak! Lizentziatu eta etxera bidaliko ditek.

        Hiltzear egon duk, azkenean. Prezioa hori baduk, nahiago diat nagoentxoan egon, zer nahi duk esatea.

        Orduan entzun zen deia: kanpai ere ez zen kanpaia, txapak txaparen kontra jotzean ateratzen zuen metal xaxtar baten zintzarri hots lehor hura, gure belarri sailkatzaileentzat apur bat arrotz.

        Bazen garaia. Eta total, tripa-zorriei ezeren zaporerik ez zuen ahi okaztagarri hura jaten emateko.

        Estebanek fundamentu gehiago zian sukaldean, esan zuen norbaitek.

        Oso ondo oroitzen dut, ni izan nintzelako jantokira sartzen lehena. Eta urte asko pasa badira ere, gerra hark gutako asko lurrarekin berdinduta utzi bazituen ere, bizitasun berezi batekin oroitzen dut oraindik une hura, espero ez ditugun ezusteko ederrak bezala epel, bizitzarekin berradiskidetzeko une bat bezala samur, sasien garratzenean masusta izpi gozo. Jantoki gisara antolatutako oihaletxeko errezela zeharkatzen lehena izan nintzen, bai, eta ohartu nintzen kanpai ez zen kanpai haren zintzarri hots xaxtar hark bazuela zerbait berezia, ez zela ohiko hots xaxtarra, izan hots xaxtarra izaten jarraitzen zuen arren, ez zela ohikoa. Beste zintzarri bat zen. Noizbait Richard seminarista ipurdimiazkatzaileak eta sarjentuak gure errespetu apur bat merezi izan bazuten —eta horri buruz ere baditut nire zalantzak—, egun hartantxe galdu zuten betirako.

        Jantoki hutsaren erdian, ahi nazkagarriaren usaina zerion lapikotik gertu zegoen Esteban, buruan oihal-esteka eta balak kraskatu zion bular-kaxaren gainean oihal-esteka, beso bat ere igeltsatuta zuela. Pattarra sobera edan duenaren maxakan begiak nigan iltzaturik zituen, eta zergatik ez esan, pozik zegoen: metalezko petaka bati eusten zion onik zuen eskuaz. Liberté, égalité, fraternité inskripzioa zuen petakak, eta hitz haien ondoan, itsasoan ubera utziz zihoan belaontzi baten grabatua. Zulo biribil ttiki batek zeharkatzen zuen belaontziaren irudia, eta hala ere, belaontzia ez zen hondoratzen. Bala bat zegoen petakaren barruan —kax-kax: azken abisua antzokian atsedena amaitu dela adierazteko— petakari zintzarri itxura emaki bazkaritara deitzen gintuena.