Neguko zirkua
Neguko zirkua
2005, narrazioak
232 orrialde
84-95511-74-6
azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

Literatura unibertsala eta ozeanoa

 

Liberté, égalité, fraternité!

        Liberté eta nahikoa, gure kasuan. Hemen nik agintzen diat eta ez zagok berdintasunik. Dakienak eta talentua duenak agintzen dik, halaxe izan duk beti. Ez dakien jaunak, galeretan zain arraunak! Eta hirugarrenari dagokionez, fraternité, inoiz ez dut jakin oso ondo zer esan nahi duen hitz horrek.

        Emana zuen kapitainak egun hartako lezioa, gabiaren gorenetik. Gabiako likatan preso geratutako kaioari luma kendu eta idazten hasiko zen gero bere kaierean, anpuloski. «Mila behazunehun eta hobigarren urteko otsailaren laua da gaur, otsoen hilak laua izatea badauka behintzat...».

        Urte asko falta ziren manifestu komunista sortzeko. Edo beharbada hainbeste urte igaro ziren idatzi zenetik, inork ez zuela jada gogoan.

        Belaontzia duelo batean irabazi zuela zioten. Dueloan aurkari biak bizirik atera zirela, hala ere, elkarri tiro egin beharrean lekukoei tiro egin zietelako propio biek, hala zioen kondairak. Norberak bere aurkariaren lekukoari, jakina.

        Joko bat bezala hasi zen dena: vikingoen eran biziko gaituk, esaten zuen kapitainak. Eta vikingoen eran egiten zuten: ekaitzak ekaitz, bela nagusia harro eta zabalik beti.

        Bela ez biltzeaz gain, bazituzten vikingoek lege gehiago ere:

        Ez da ontzian berrogeita hamar urte baino gehiago eta hemezortzi baino gutxiago dituen gizonik onartuko.

        Ez da hautaketan kideen ahaidetasuna kontuan hartuko.

        Gizon bakoitzak bere laguna mendekatuko du, bere anaia balitz bezala.

        Inork ez du beldurra adierazten duen hitzik esango, ezta egoera desesperatua edo arriskutsua denean ere.

        Edozein gerra harrapakin, bere balioa txikia izanagatik, masta nagusiaren ondoan utziko da beti. Hala egiten ez duena taldetik egotzia izango da.

        Inork ez du eztabaida eta istilurik piztuko.

        Debekatuta dago ontzira emakumeak ekartzea.

        Debekatuta lurmuturretan gaua pasatzea.

        Albisteak iristen direnean, inork ez dizkio bere kideei kontatuko, kapitainari baizik.

        Ontzia portuan dagoenean, inork ez ditu ontzitik kanpo hiru gau baino gehiago segidan pasako.

        Gizon zaurituek ez dute egun bete pasa arte zauria lotuko.

        Dueloak ez dira sekula ontzian egingo, baizik eta basoan, hurritzen artean. Gizon batek hanka bat seinalatutako bidetik ateratzen badu, damutu egin dela ulertuko da. Biak ateratzen baditu, korrika ari dela.

        Baina nora doa hau? Zer anabasatan gabiltza? Nora goaz?

        Oihalek nahi duten lekura!, oihu egiten zuen kapitainak.

        Kapitaina belaren beheko aldean itsasoan zeramatzaten egun bakoitzeko marratxo bat egiten hasi zen tintaz. Sukaldariarekin fidatzen ez zela eta, despentsako kontaduriak eta agortzen zihoazen jatenen nondik norakoak ere hantxe seinalatzen hasi zen, denen bistara, belaren oihala bitakora-kaiera bihurtzeraino. Normandiako poema epiko baten zatia idatzi zuen hurrena, erdi txantxetan. Vikingoen legeak izan ziren handik bi astera denen bistara geratu zirenak. Zenbait lege erromatar ere bai, itsasontzi hartan haien baliagarritasuna zalantzagarria bazen ere:

        Marko Tuliok eskubidea du bere erlauntzako erleak pertsekutatzeko, baita hauek Kaio Luzioren lurraldeetan barrena dabiltzanean ere.

        Haizerik gabeko egunetan ez bera txikikeriekin gogaitzeko agintzen zuen kapitainak, eta oihal handi hartan idazten ematen zuen eguna, luma tintontzian busti eta erabat bere baitara bilduta. Denbora gutxiren buruan, belaren beheko alde osoa zegoen zirriborratua. Marinelak askotan hurbiltzen ziren hara, beren atseden uneetan, kapitainak idatzitako azken pasarteak irakurtzera.

        Berak asmatzen ote ditu?

        Ez dut uste. Inori entzundakoak izango dira. Hor kontatzen duen hori, gerrako istorio hori, entzuna nuen nik Saint Maloko portuan...

        Kontua zen eskifaiakideak aski entretenituta egoten zirela istorio haiek irakurriz. Salgaien garraioan egindako joan-etorriak laburragoak ziren hartara.

        Asteak aurrera joan ahala, eskailera bat eginarazi zion kapitainak ontziko arotzari, oihalaren erdiko aldean eroso idatzi ahal izateko. Eskailera nahikoa luzea ez eta, goitik zintzilikatzeko zabu bat eginarazi zion handik bi astera.

        Ez al litzateke hobe oihalak askatu eta lurrean idaztea, kapitaina?

        Oihalak askatzerik ez dago!

        Vikingoen araua hausterik ez zegoen. Sakratua zen hura, zerbait sakraturik bazen: oihalak zabalik beti.

        Orduan eta bela-oihalean gorago, are istorio ulergaitzagoak idazten zituen. Bere lepotik barre egiten zutela eta, kapitainak debekatu egin zien eskifaiakideei istorioak irakurtzen jarraitzea. Marinelek haien arteko bat hautatu eta gorantz bidaltzen zuten gauero isilpean, kandela eskuetan zuela, kapitainak idatzitako azken istorioen berri izan eta gainerakoei kontatzeko. Zoratu egin zela uste zuten. Gero eta gutxiago ulertzen zituzten kapitainaren istorioak. Herrialde urrun desagertuetan kokatuak edo oraindik sortzeke zeuden lurralde eta zibilizazioei buruzkoak behar zuten ez hanka ez bururik ez zuten ameskeria haiek. Hitzak asmatzen zituen, gero eta kriptikoagoak ziren bere paragrafoak. Grafia eta hizkuntza bera ere asmatuak omen ziren azkenerako. Azken istorioak jakiteko irrikaz, hasieran denak ziren bolondres kandelarekin gabiara igotzeko, baina denboraren poderioz, gogoz kontra onartzen zuen zeregina zotzik motzena hautatzen zuen marinel koitaduak.

        Kode zifratu bat ematen dik, batek zakik zer esan nahi duen.

        Eskifaiakideetako askok utzi egin zuten kapitaina. Beste ontzi eta beste lan batzuk hartu zituzten, pena handiarekin. Baina kapitainak ez zion horregatik istorioak idazteari utzi. Zazpi urteren buruan, bela-oihalak alde bietatik idatzita zeuden, zuriune bakar bat ere utzi gabe. Hamaika istorio zeuden han, baina jada inork ez zien arretarik jartzen.

        Istorio haien artean ba omen zen kapitainak bere burua mastari lotarazi ondoren Bering itsasartean sorgindu nahi izan zuten bi itsas-lamiei buruzko kontu zirraragarri bat.

        Ez dago garbi belaontzi harekin zer gertatu zen.

        Itsas-lamiek barne-hezetasuna zurrupatu eta azal huts bihurtu zutela kapitaina diote zenbaitek.

        Beste batzuek diote gau batez gabiaren gorenean zen istorioa irakurri nahi izan zuen marinel haietako batek erre egin zuela nahi gabe kandela batekin. Nahita erre zutela oihala dioenik ere bada, inkisizio berantiar batek izan zuela zerikusirik. Oihal handi hura kortsarioek beren erasoetan tarratatu eta istoriorik onenak ganibetaz ebaki ondoren lapurtu egin zituztela diote sandiak eta berendiak: oihalak denak zuloz josita, ontzi fantasma bihurtuko zen azkenerako. Piraten antologietan behar luke beraz, istorio haien oihartzunik.

        Nahikoa zabaldua dagoen beste iritzi baten arabera, Doverreko merkatari batek erosi zuen. Ontzia puskatan egin eta egurra ardi kortak egin eta larreak hesitzeko bidali ei zuen Eskoziara. Bela-oihalak berriz, toles-toles eginda saldu bide zizkion dirutza baten truke Joyce deitura zuen dublindar eszentriko bati.

        Ez da falta kapitaina itsasoa utzi eta lurrean bizi dela espekulatzen duenik: hainbat ostatutan agertuak dira gau bakarra bertan pasa eta ordaindu gabe joan diren erromesen logeletan tinta beltzez idatzitako burkoak. Herrialde nordikoetan ere ba omen dira longainaren barruko forrua istorioz izkribaturik noraezean ibiltzen diren jendeak.

        Erranak erran, aspaldi ez dela, belaontzia kapitainik gabe noraezean errari ikusi duela dioen arrantzalerik ere bada Antilletako uharteetan.

        Portuko tabernan galdetuz gero, kalaka merkeak, sare-konpontzaileek lanean aspertzen direnean asmatutako kontuak besterik ez direla esango dizute.

        Gauza bat da segurua: jada ez du inork dueloetan lekuko izan nahi.