Neguko zirkua
Neguko zirkua
2005, narrazioak
232 orrialde
84-95511-74-6
azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

Elephant Terrible

 

Berriro ere hasieratik hasiko gara.

        Beharrezkoa al da?

        Zu errebolberra garbitzen ari zinen, beraz. Zergatik ez zenuen arma distira ematen hasi baino lehen deskargatu?

        Bakarrik nengoen, mila bider esan dizut.

        Eta zer bakarrik egonda ere? Gerta zitekeen ezbehar bat. Gerta zitekeen zeure burua zauritzea... Ez al duzu zeure burua estimatzen?

        Linok, itxuraz behintzat, lasai eusten zion.

        Inoiz ez duzu gauza horietan pentsatzen. Zuk jakin behar zenuke hainbeste. Polizia zara, edukiko duzu armaren bat, ala?

        Pentsatu duzu inoiz suizidioan?

        Aski da! Gutxi uste nuen nik... Seguruak huts egin zuen, hori da dena... Nola jakin behar nuen? Zorte txarra izan zen, besterik ez!

        Zure istorioa erabat sinesgaitza da eta badakizu: errebolberra garbitzen ari zinela Gorky zure gelara sartu, zu ikaratu eta ustekabean errebolberra disparatu eta izpiritu santuaren obramenduz bere bihotzean asmatu zenuela sinestea nahi duzu?

        Halaxe gertatu zen. Sustoa hartu nuen atea ireki zuenean.

        Bi egun zeramatzan gizonkoteak komisaldegian. Goiz eta arratsalde, gau eta egun. Jaten apenas ematen bazioten ere, ordutik ordura gizenago zegoela begitandu zitzaion komisarioari, laster ez zela han kabitu ere egingo. Dagoeneko dozena erdi bider errepikatua zuen gutxienez bere bertsioa. Hitzez hitz, irristadarik gabe.

        Zein da zure lana zirkuan, zehazki?

        Bezatzailea naiz.

        Lehoi domadorea?

        Ez. Ziminoak bezatzen ditut.

        Ziminoak?

        Bai.

        Ulertzen dut. Eta gu ere ziminotzat gauzkazu, akaso? Orangutan aurpegia daukagu?

        Nahiago nuke horri ez erantzun.

        Komisarioak ez zituen amaierarik gabeko galdeketa haiek jasaten. Baina lehendik ere nahikoa hedatua zegoen komisaldegian bere maritxu ospea, eta laguntzaileak begira zituela oharturik, hortxe eman zion lehen zaflada atxilotuari, gidoiak agintzen zuen bezala. Apenas egin zuen zirkinik gizonkoteak aulkian. Barregarri sentitu zen komisarioa.

 

 

Bakailaoa beratzen jarri eta arratsaldean ekin zioten berriro galdeketari. Apur bat bigunago zegoenean baino ez zen komisarioa sotora jaitsi.

        Ongi da. Damu dut. Aitorpen berri bat egin nahi dut. Egia oso-osoa.

        Garaia genuen. Idazkariari deituko diot.

        Ez naiz ni izan. Bruno babesteagatik egin dut dena... Alferrik ari naiz, arman dauden hatz-markak begiratzen dituzuenean jakingo duzue, lehenago edo geroago.

        Bruno? Bruno, zer gehiago? Nor da Bruno?

        Bruno, ez dauka beste izenik. Onena da Bruno. Senegaldik ekarri genuen. Ez du merezi, berak... Berak ez du kulparik...

        Nor arraio da Bruno?

        Ziminoetako bat. Berea da zirkuko ikuskaririk onena. Ez al dituzu afixak ikusi? Denetan ageri da Bruno, «Makinaz idazten duen munduko zimino bakarra»!

        Bezatzailea, ordura arte halako hoztasun nabarmenez portatu zen gantz upel hura, adarra jo besterik egin ez zien morroi gogor sobornaezina, horratx orain, begiak malkotan blai: goitik behera amildu zen bere ehun eta hogei kilo eta guzti. Dena intziri, dena txilio eta negar.

        Bruno gizajoa! Zer egingo diozue orain? Injekzio letala? Ez! Ez du hiltzea merezi! Berak ez zekien zer egiten zuen! Urteak daramatzat Bruno bezatzen... Gorputz eta arima gara. Egur bereko ezpala lez, odol berekoak biok! Anaiak bezala...

        Zaude, isilik, faborez! Zer esan nahi duzu? Ziminoak hil zuela? Ziminoak hil zuela morroia? Hori esan nahi didazu?

        Hemen erantsi zion komisarioak bigarren zaflada, gidoiak aginduta bezalaxe. Oraingoan, lepoa okertu eta utzi egin zion Linok buru inerteari erortzen. Komisarioak alkandora lasatu zuen, itotzen ari zen soto heze hartan. Normalean baino areago ito ere, gelako aire guztia xurgatzen zuen gizenkote haren erruz.

        Hatz-marken emaitzak heldu bitarte, beste behin aldatu zuen oraindik krimenaren bertsioa, Brunorena haiek nahasteko jukutria izan zela onartu eta ez zela gehiago koldarkeriatan itzuli-mitzuli ibiliko, baietz, bere gain hartzen zuela erantzukizun guztia eta Gorky berak hil zuela eta ez beste inork, nahita eta aurrez prestatutako plan bati jarraiki; ezinikusia ziola aspaldi, zirkuan sartu zen egunetik bertatik, eta aspaldian bere emaztearekin larru tratuan zebilela ere entzun zuela bolo-bolo. Hori gehiegizkoa izan zen nonbait, ezin bide zuen gehiago jasan. Horregatik hil zuen. Komisarioaren laguntzaileek baieztatu egin zuten kontu hura: Linoren emaztea —egindako ikerketetatik ondorioztatu zutenez karabana separatuetan lo egiten zuten—, bera ere zirkuko langilea, Gorky zelako harekin, hildako morroiarekin oheratzen zen aspaldiko asteetan.

        Baina buruhausteak hasi besterik ez ziren egin. Analisiek ez zuten zalantzarako tarterik uzten: hatz-markak ez ziren gizakiarenak. Lan hartan zeramatzan hogeita bost urteetan ez zuen komisarioak halakorik egundo ezagutu. Bruno ziminoaren hatz-markak harrarazi behar izan zituen orduan, baina hara zer ustekabea: animaliaren aztarnekin ere ez zetozen bat armaren katuan aurkitutakoak.

        Gozoa jarri zen komisarioa.

        Katu batek ez du bada, bakarrik disparatzen, alajaina!

        Zimino batek ere ez, nire iritzia jakin nahi baduzu, jauna.

        Giro loratua zegoen, beraz. Zirtolari zebiltzan lankideak.

        Zirkuko jabea —«ni enpresari apal bat besterik ez nauzu»— dirua galtzen ari zen, zirkua han, orube desanparatu hartan geldirik eta emanaldirik eskaini gabe. Bira bertan behera uzteak langilegoa murriztu eta hainbat jende kaleratu beharra suposatuko omen zuen. Horixe esan zion komisarioari. «Hara: honek La Navalek bezalaxe funtzionatzen du. Ez da jendeak uste duen bezain erromantikoa kontua». Baina komisarioak ezin zion besterik gabe alde egiten utzi.

        Zure gizonkote horrek, Linok, hiltzailea zimino bat dela dio.

        Elsa?

        Gutxi uste zuen komisarioak, zirku jabeak zimino-hiltzailearen hipotesia hain era naturalean hartuko zuenik.

        Elsa? Zer Elsa, gero? Elsa ez, Bruno! Bruno delako bat aipatzen du behin eta berriz zakur horrek!

        Barre egin zuen enpresariak gogotik, kristalaren bestaldean, inguruetako idazmahaietan zegoen jendearen arreta komisarioaren bulegorantz erakarriz. Ez zen normala komisaldegi batean inork eztarria lehertu beharrean barre egitea, zeremonia aurkezleek —«ladies and gentlemen, mesdames et messieurs!»— soilik zuten leize sakontasun harekin.

        Hori ezinezkoa da, jauna. Elsa da gure izarra, ez Bruno.

        Pazientzia galtzen hasia zen komisarioa.

        Ez al da Bruno delako hori makinaz idazten duen ziminoa, munduan halakorik egiten duen bakarra?

        Bai, hori egia da. Baina ofizioari zor diodan errespetu guztiarekin, idazmakinarena oso trikimailu merkea da. Ulertuko duzun bezala, ez du Brunok Dickensen istoriorik idazten, makina jotzen duenaren imintzioak egiten ditu, tak-tak-tak-tak, baina ez du benetan idazten!

        Komisarioa sutan zegoen.

        Hori imajinatzen dut nik ere, zuk esan beharrik gabe!

        Elsa aldiz, ezberdina da...

        Elsa hori... Beste zimino bat al da?

        Bai, horixe duzu Linoren kuttuna. Elsak labana-jaurtitzailearena egiten du numeroetako batean: jendea aho-zabalik geratzen da berak ganibeta eskuetan hartu orduko. Ikusi egin beharko zenuke, ez sinestekoa da. Horretarako jaio dela dirudi. Benetako artista! Gazteagoa zenean, trapeziora igotzean ere, benetan, nik Kirk Douglasen antza hartzen nion... Zerorren begiekin ikusi beharko zenuke. Baduzu seme-alabarik?

        Komisarioak painueluarekin xukatu zuen kopetako estalaktita jarioa. Kristalaren bestaldean bere laguntzaileek irribarre txikiak egiten zituztela igarri zuen, «maritxu honek nola izango ditik bada, seme-alabak, nahiko lan bere burua gobernatzen!». Atea itxi eta estoreak jaitsi zituen, nahikoa entzun zuten kanpoan. Ez zien bere lepotik barre egiteko aitzakia gehiago emango.

        Gauza bat bakarrik. Esadazu, arren: Elsa horrek errebolber bat erabiltzen asmatuko lukeela uste duzu?

        Hmmmm... Zaila da ziurtatzen... Nik ezetz esango nuke, baina Linorekin, ez dago sekula jakiterik... Beti dabil zer edo zer berria asmatu nahian. Profesional aparta da. Baina pasioa, maitasuna, badakizu zer den hori... Maitasunak dena izorratzeko, maitea gurea izateko, edukitzeko gogoa sortzen du, eta edukitzeko ezintasunak krimenera eramaten gaitu erremediorik gabe. Zer kontatuko dizut zuk ez dakizunik?

        Zirku enpresari hark benetako filosofotzat zeukan bere burua.

        Jarraitu, arren eskatzen dizut.

        Gorky gizajoa... Linok itsumen momentu hori izan ez balu, txorakeria hori egin izan ez balu... Baina pasioa lore gaiztoa da. Badakizu zer esaten duten: Pas de roses sans épines!

        Botanika gutxiago eta harira, mesedez.

        Hara, gauza bat garbi dago behintzat: Linok Bruno aipatu badu, zuek okerreko arrastoan jartzeagatik baino ez du egin, Elsa babestearren. Sinets iezadazu: Bruno zimino zaharra da, errukiagatik jarraitzen du gurekin, ez dugu harrizko bihotzik, nola esan... Bere garaian kanguru boxeatzailearen kontra borrokatzen zen eta ez gara hain esker txarrekoak. Bruno izar erretiratua da ia, gure familiako beste kide bat. Jubilazio-saria ordaintzeko era bat da bera gurekin mantentzea, nolabait esatearren. Baina Linok berak ere ez dio aspaldian arreta gehiegi jartzen. Argotean «jostailuzko numeroak» esaten diegun horiek baino ez ditu Brunok jada egiten.

        Dickensen nobelarik ez, orduan.

        Ez esperantza handi eta ez txikirik, komisario jauna.

        Enpresariak begia keinatu zion komisarioari, literaturzale bik derrigor elkar ondo ulertu behar zuten jakinaren gainean.

        Bi gizon bidali zituzten Elsari hatz-markak hartzera. Zirkuaren kontu hura urrunegi heltzen ari zen. Eta hara zer txiripa, zer txanpa eta zer kointzidentzia: Elsaren hatz-markak bai, eureka, haiek bat zetozen errebolberrari itsatsitakoekin.

        Garuna funditzear zuen komisarioak. Etxera joan nahi zuen.

 

 

Oinetakoekin ziegako horma kolpatu eta ondoan morroilope zegoen presoak abisu eman izan ez balu, beranduegi iritsiko ziren. Doi-doi izan zuten Linori ito aurretik gerrikoa lepotik kentzeko astia. Lino bere buruaz beste egiten saiatu zen. Bi gizonen artean jaitsi behar izan zuten gizonkotea. Hodi ustel haiek nolatan eutsi zioten bere pisuari, horretaz mintzatuko ziren zaindariak aste osoan. Komuna askotan trabatzen zen, aspaldi eskatua zuten hoditeria berria, eta beldur ziren Linoren gertaera Barne Saileko aurrekontua kudeatzen zuten patrikazimurrek hodiak oraindik ere urte batzuk gehiago irauteko moduan zeudela argudiatzeko aitzakia bezala ez ote zuten erabiliko.

        Komisarioak gero eta ilunago ikusten zuen egoera.

        Gerriko bat ziegan, nola liteke halakorik! Jakin al daiteke nondik atera duen?

        Ez dakit, baina zirkuan lan egiten du. Horrek lagunduko du ezerezetik gerrikoak ateratzen, ezta?

        Zergatik galdetu ote zuen ezer? Lankideengandik ezin zuen trufa besterik espero.

        Bere Elsa kuttunari buruz galdetu ziotenez geroztik, erabat mudatu zitzaion Linori aurpegia. Bere masaila lodietako gorrikara erabat zurbildu zitzaion, belarri handi eta behiala tenteak apalduta zeuzkan orain, zakur egurtuaren tankeran. Ez zuen gehiago hitz egin nahi. Uko egin zion mokadurik probatzeari.

        Zirkuko buruzagiak telefonoz hots egin zuen goiz hartan, bezatzaileak ziminoen entseguetarako erabiltzen zituen trepeten artean txorimalo bat topatu zutela abisatzeko: balaz zulatuta ei zegoen txorimaloa, bereziki bular aldean, oihal gorriz egindako bihotz bat zegoen lekuan bertan.

        Lino beste ikuskari bat prestatzen ari zen Elsarekin. Ez dago dudarik. Beharbada egia dio. Akaso istripua izan zen. Pentsatzen jarrita, ez dut uste Linok inor hiltzeko barrurik duenik.

        Baina dagoeneko ez zen komisarioa enpresari-filosofoarekin fio.

        Arratsalde hartan bertan eraman zuten Lino zirkura. Deskargatutako arma karabanako mahaian paratu eta hormaren kontra jarri zuten txorimaloa, Gorkyren gorpua topatu zuten lekutik hurbil.

        Ekar dezatela Elsa.

        Ziminoa ekarri zutenean, alaitasun handiz jauzi egin eta besarkatu zuen bere bezatzailea.

        Hau al da Elsa?

        Burua makurtu zuen Linok, bere animaliatxo kuttunari begirada eutsi ezinik, triste, ahalkeak jota. Traidore bat bezala sentitzen zen. Nondik begiratzen zen, hunkigarria ere izan zitekeen estanpa.

        Esaiozu errebolberra hartzeko.

        Linok, deus esan gabe, errebolberra seinalatu zion ziminoari. Elsa, errebolberra hartu eta jolasean hasi zen, txorimaloari begira. Errebolberra destatu eta katua sakatu zuen, azkenik. Itxura guztien arabera, harritu egin zen Elsa, errebolberrak eztandarik egin ez zuela ikusita.

        Kontua ez zegoen batere garbi. Hiltzailea zimino hura izan zela onartuta ere, kosta egiten zen istripuaren hipotesia ontzat ematen: aukerarik sinesgarriena, Linok Elsa leziatu eta honek Linoren asmoak haren ordez inkontzienteki —egin ote lezake ezer zimino batek kontzienteki, jainkoarren?— bete izana zen, horrela, ziminoa erailketa burutzeko bitarteko hutsa baino ez zen noski izango, eta Lino zeharkako hiltzaile, krimenaren egile intelektual eta justiziaren aurreko erantzule bakar.

 

 

Luze jo zuen epaiketak.

        Albaitariak haren bila joan zirenean, komisarioak bihozkada bat izan zuen: ez zela Elsa zirkuko jabeak seinalatu zien ziminoa. Kaiolan zeuden lau emeen artetik edozein hautatu zuela, gutxien estimatzen zuen emea, «argotean jostailuzko numeroak esaten zaien horiek baino egiten ez zituenetako bat»; edozer, Elsaren atzipena saihestu eta bere izarra babestearren.

        Eta horratx, nola baieztatu ziren geroago bere susmoak: handik hiru hilabetera, auzia hasi zen egunean, errekonozimendu errondan, Linok zimino hura Elsa ez zela salatu zuen. Hatz-markak hartu zitzaizkionean ohartu ziren egia zela, ez zetozela bat zimino harenak errebolberreko hatz-markekin. Prentsak izan zuen bazka franko egun haietan: Orson bataiatu zuten zimino berria. Orson, Hirugarren ziminoa izenez ezagunagoa.

        Lino asko agertu zen paperetan; nork ez zuen bada, bere zimino kuttuna babesteagatik kartzelara joateko prest agertu zen heroiaren istorioa irakurri? «Hori da hori maitasuna!», oihukatzen zuten arrandegietan etxekoandre eta jubilatuek, zapo eta bixiguen aho irekietatik soilik irten zitekeela zirudien harridura bozgoratu batez, edo, «Etxerako nahi nuke nik halako gizon bat!» kafetxeetan teari azukre koxkor bat bota eta bigarrena etxerako gordetzen zuten alargun bileretako kideek. Urteko berririk bitxienetakoa izan zen hura, inondik ere, hiriko katedral nagusian gotzainak esposatu zuen eskizofreniko bikote baten ezkontza iskanbilatsuarekin batera. Ez zen gutxiagorako, azken hau: bikoteko kide biak eskizofrenikoak izaki, haietako batek banpiro bat zeukan lagun imajinariotzat eta besteak ostera, emakumezkoak, bere pertsonalitatea Paulova dantzariarekin nahasten zuen tartekako brote eskizofrenikoetan. Elkarrekin ezkondu aurretik, banpiroa Paulovarekin adiskidetu eta ezkontzea lortu ei zuten eskizofrenikoek, haiek, ez soilik sendabidean, baizik eta ezkontzeko libre eta konpromezurik gabe geratuz. Komisarioak ondo gogoan du Linoren berria eta ezkonberri eskizofrenikoena orrialde berean irakurri izana. Iraingarria zen. Areago, umiliagarria ere bai.

        Azkenean, Lino aske geratu zen froga askirik ez zela eta. Polizia zirkuaren arrastoa topatzen saiatu arren, ez zuten sekula aurkitu. Ez zirkua eta ezta enpresaria ere, jakina. Hain azkar mudatzen dira izenez eta urtaroz, zirkuak. Komisarioak ez zuen inoiz arantza hura bere espediente izpiritualetik aterako, eta igande arrastiriak lanbrotzen zizkion gomuta pisu harekin bere kulunkaulkian zahartu beste erremediorik ez zuen izan: hirira etorri ziren zirkuek ez zuten geroztik sekula zimino labana-jaurtitzailerik ekarri.

 

 

Lino aske geratu eta gutxira, sexu enkontru bat-bateko eta lasaigarrien bila hiriburura joan ohi zen anbienteko taberna haietako bateko gela ilunean, Lino bereizi uste izan zuen komisarioak, begitazio hori izan zuen. Ezin beste inor izan: bere gerri buelta besarkatzeko bi marinel indartsu behar ziren gantz upel hura, begizulo sakon eta belarri itzel haiek ez ziren ahazteko modukoak. Erruki gutxirekin jarri zioten bere buruaz beste egiten saiatu eta ordu gutxira Elephant Terrible goitizena komisaldegian, larruzko gerrikoa lepotik kendu zioten zaindariek beraiek. Bera zen argirik gabeko gela hartan, ez zuen zalantzarik.

        Horregatik, Linok denak engainatu zituela iruditzen zaio oraindik ere komisarioari, bezatzaile sentibera hark benetan maite zuena Bruno zaharra zela, «gorputz eta arima gara, anaiak bezala!», eta elkarrekin ikusten ditu biak oinez, Varaderoko malekoian eskutik helduta. Batzuetan banpiro bat ere ikusten du, Paulovaren konpainian, eta gero gogoa lainotzen zaio eta Bruno Paulovarekin bistaratzen du, edo Bruno Paulovaren tutu gonarekin jantzita, eta banpiro bat Linori alkandorako botoiak erantzi eta hari lepoaren luzera osoa miazkatzen, edo Paulova anbienteko taberna batean berari odola zurrupatzen, edo banpiro bat karabana baten barruan errebolberrari, bere patuaren erruleta errusiarrari distira ateratzen, maite nau ez nau maite, petaloak kentzen («badakizu zer esaten duten: Pas de roses sans épines!»); eta igande gau horietan zinez, gorputz eta arima —giza gorputzarekin, zimino arimarekin— gorrotatzen du komisarioak bere ogibidea.