Neguko zirkua
Neguko zirkua
2005, narrazioak
232 orrialde
84-95511-74-6
azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

Ogiaren konkista

 

Abdulek presaka segitzen zion Sergiori eta galdera behin eta berriro egiten zion, ozenki, gero eta ozenkiago. Sergiok ez zion erantzuten. Galdera, orduan, Luzuriaga Fundiciones lantegiko tximiniatik ateratzen zen ke zerrendaren pareko zen, haize kontra zihoan kea, ez zen Sergioren belarrietara iristen.

        Zertarako behar dugu ogia?

        Sergiok oinez jarraitzen zuen, geratu gabe, ogi erosi berria besapean.

        Hago isilik eta etor hadi nirekin.

        Bi hilabete eman zituzten Zumarragako tren geltokian bagoiak husten. Sergiok erakutsi zion bagoi hustuketari buruz jakin behar zuen guztia. Bagoi hustuketaren artea, esan ohi zuen berak. Urte batzuk geroago ere, egunkari batean arte hitza irakurtzen zuen bakoitzean, argazkian ageri zen artistak pintore izan aurretik trenak hustu zituela pentsatzen jarraituko zuen Abdulek. Hitzak ze testuingurutan ikasten diren, asko aldatzen dira gauzak. Egin ariketa hori, ederra da: irudietsi Van Gogh, Matisse, Dali edo Toulouse-Lautrec bera, treneko korridore estuetan emakume gizenekin gurutzatzean pardonnez moi, pardonnez moi, elkarri traba egiten.

        Ziur nahiko denbora izango dudala?

        Horixe nahikoa denbora izango duala, ez duk ba izango, zozoa! Hori bai: ibilbide luzeko trenetan bakarrik, entzun, txo-txo?

        Eta nik nola dakit ibilbide luzekoa edo laburrekoa den, niretzat tren guztiak berdinak dira...

        Orain ez, orain Abdulek bereizten zituen. Sergiok arrazoi zuen. Ibilbide luzeko trenek hauts gehiago eta neke gehiago zuten gainean, lurralde ezberdinetan zahartu denaren txapa-azala, beste garai bateko ukitu bat, herdoilera iristen ez den distira-ez bat, diktadoreak erortzen ziren bitartean garai berriaren etorrerak tren haiek martxan harrapatu izan balitu bezala, trenak enteratu ez bailiran erregimen aldaketaz. Eta diktadurak gera daitezke, baina martxan datozen trenak ez. Beste garai bateko auskalo zer bat zuten ibilbide luzeko trenek.

        Hik bagoi batera igo eta korridore ondoan dauden apaletatik aukeratu maletarik berriena, txo-txo. Txikia baduk aukeratu bi. Eta gero jaitsi eta hanka. Erraza duk!

        Eta maletaren jabea?

        Jabea lo egongo duk trenean, motel. Errebisorearekin eta estazioko zaindariarekin ibili behar duk kontuz.

        Sergiok erakutsi zion trenak husten eta eskapada bat baino gehiago egin zuten elkarrekin. Maletaren bat ere abandonatu behar izan zuten bertan behera, trenbidearen erdian, zabal-zabalik, gaixoari sabela ireki eta itxi gabe desertatzen duten zirujau koldarren moduan.

        Korri, Abdul! Korri, ostias! Korri, laputa, korri! Ostias, Laputa. Emakume izenak iruditzen zitzaizkion. Ostias, Laputa, Sergio eta bera: tropel oso bat sumatzen zuen halakotan bere ondoan korrika. Sergiori ez zion inoiz halakorik aipatu, hala ere.

        Estazioz aldatu behar izan zuten. Estazio berria txikiagoa zen eta han ez zen hainbeste tren geratzen. Sergiok arriskutsuegia zela erabaki zuen arte. Ez zuela merezi. Egun batean deliberatu zuten kito, utzi egingo ziotela trenak husteari. Laga egin zuten trenak hustearen artea, Sergiok zioen bezala.

        Behin halako ogibide bat izan duenak ez du, ordea, hain erraz ahazten. Tren hustutzaileak. Horixe ziren haiek. Maleta hartu, eta estaziotik apur bat urruntzen ziren, belar izpi luzexka batzuk baino ez zituen orube hutsera iritsi arte. Maletak bertan ireki eta banatu egiten zuten edukia.

        Emakume arropa, berriz! Laputa!

        Sergio madarikazioka hasten zen emakume arropa topatzen zuten bakoitzean. Abdul aise konformatzen zen. Arrebari ondo etorriko zitzaion galtza pare hura. Dirua gutxitan aurkitzen zuten. Jendeak berarekin eramaten du azalera atxikirik, dirua da hemen jendearen bigarren azala, Abdul, esana zion aspaldi bere buruari.

        Abdulek ulertzen ez zituen gauza asko baziren herrialde hartan. Jende saldoa ikusi zuen asaldatuta behin, eraikin handi baten hormei arrautza tiraka.

        Zertan ari dira horiek Sergio?

        Protestaka, Abdul.

        Ze gauza, trabajo?

        Ez, ez da lan kontua. Protestaka ari dituk, politikagatik.

        Baina Abdulentzat harrigarriena arrautzak eraikineko hormen kontra lehertzen ikustea izan zen: arrautzek gorriz eta horiz margotzen zituzten eraikineko hormak.

        Udaletxea duk hori, Abdul. El ayunta.

        Oihuka ari zen manifestazioko jendetza.

        ¡El ayunta-miento-miente! ¡El ayunta-miento-miente!

        Arrautzak botatzen zituzten udaletxeko hormaren kontra eta hauek kolore festa batean lehertzen ziren. Bai gauza ederra!

        ¡Espera, espera! Gure herrian arrautzak ez dira koloretakoak, Sergio!

        Van Gogh, Matisse, Picasso, Dali bera, eraikinetako hormak kolore leherketa bihurtzen, modern art edo ready-made, arrautzak bota fatxaden kontra.

        Korri Abdul, korri!

        Abdulek ez zuen sekula ulertu arrautza koloretsu haiek ze hegaztik erruten zituen. Usapal gris zikin haiek ez behintzat.

        Eta orain Sergiok arriskutsuegia zela erabaki zuen. Ez zutela tren gehiago hustuko. Astebete pasa zuen Sergiok belar izpi urriak zituen orubean sarraila zahar batekin frogak egiten. Barregarria zen: alanbre batekin irekitzen saiatzen zen, behin eta berriro, baina saririk ez zeukan sarraila hura irekitzeak. Txatarra artean sarraila bat irekitzen duzu eta hutsetik hutsera eta orubetik orubera egiten duzu jauzi, txatarreriatik zuhaitz artera. Barregarria. Ireki behar dugun atea horrelakoa duk zepela, esaten zion Sergiok Abduli, honek bere begi zuri eta handiekin galdera egiten zionean. Oi bai, begi zuri eta handiak dira orain interrogazio ikur berriak, aspaldiko zerri-gako itxurako haiek baztertu ditugu, orain biribilak eta zuriak dira galdera ikurrak.

        Eta nik nola dakit ibilbide luzekoa den ala ez, Sergio, nik nola dakit, zer ari zara alanbre horrekin, eta batez ere, zertarako erosi duzu ogia, nora zoaz ogi horrekin, ez al genuen gaur etxe hartako sarraila hura apurtu behar?

        Gustatu al zitzaion arrebari atzoko galtza parea?

        Oraingoan Sergiok galdetzen zuen, gutxitan gertatzen zen zerbait zen hori. Gauza arraroa zen Sergiok ezer galdetzea.

        Morroi hau nire arrebarekin maiteminduta dago, pentsatu zuen azkarki Abdulek. Gero polikiago pentsatu zuen eta deliberatu zuen ezetz, ideia polita zela, baina ez zela posible. Ideien planoan gozatu zuen halere burutazio hura, ahobuelta osoan.

        Egunkarian irakurri diat paperak emango dituztela. Ez denoi, lan bat daukazuela frogatu behar omen duzue.

        Ah, ¡pues yo me dedico a pulir trenes!

        Horrek ez dik balio, Abdul...

        Imajinatzen zuen bai, trenak husteak ez zuela balioko.

        Sergio presaka zihoan oinez. Abdul bere atzetik, lurruna ahoan. Goizeko zazpi t'erdiak ziren eta lurrunak Luzuriaga Fundiciones aldera eramaten zizkion galderak Abduli.

        Zertarako daramagu ogi bat?

        Hik ez dakik presoei ogi barruan lima bat sartzen zietela, ezta?

        Ez.

        Hik ba al dakik zer den Alcatraz?

        Hegazti baten izena ematen du. Hegazti handi batena. Txori bat da?

        Alcatraz, akaso hori zen sekretua. Akaso hori zen gorringo koloretsuak zituzten arrautzak erruten zituen txoriaren izena.

        Hiri ezin zaik ezer esan, hirekin ez zagok hitz egiterik, txo-txo! Hik ez duk txikitan pelikularik ikusi...

        Erruki zion hori esaten zionean, Abdulek nabaritzen zuen. Iritsi ziren atarira. Inor ez peorako buzoien parean. Isiltasuna zen nagusi arkitekto baikorregiren batek igogailuarentzat gorde zuen eskailera-hutsunean. Edonola ere, mamuek ez dute igogailurik behar.

        Etzak piztu argia.

        Abdulen eskuak ulertu eta erretiradako keinua egin zuen.

        Baina lehen eskailera-buruan arazo bat, eskaileretan behera zetorren bizilagun bat, mesfidantzaz begiratu ziena. Sergiok irribarre egin zuen, irribarre zabal bat, Egun On, eta ogia jarri zuen bera eta sartzen ziren lehen aldia zen portal hartako bizilagunaren artean. Ogia erakutsi zuen gezirik gabeko arku bat edo ezkutu bat bailitzan, eta eskaileretan gora jarraitu zuen Sergiok, eta bere atzetik bere itzalak, Abdulek, eta bizilagunak ogiari begiratu eta bere begietako mesfidantza ogiak irentsi egin zuen zup, gezi bat iltzatuta geratzen denean bezala ezkutu batean, eta beherantz, atarirantz eta kalerantz eta mundurantz, eta ziur aski, astean berrogeita hamar ordu kentzen zizkion Luzuriaga Fundiciones aldera, lan astun baterantz abiatu zen bizilaguna. Agur, laster arte, izan ondo eta saiatu hanka putzuan ez sartzen, bakarkako lana duk bizitza eta fundi hadila gozo galdara batean!

        Jakina, Abdulek orduan ulertu zuen dena: ogia ezkutu bat zen, lapurrak ez dira etxeetara ogi bat besapean dutela sartzen.

        Sergiok Abduli eskutik heldu eta astindu egin zion besoa.

        Ikusten, zozoa? Ulertzen duk orain zertarako behar genian ogia? Eutsi!

        Abdulek, atari hartan zutik, Sergiok eman zion ogiari eutsi zion esku batekin eta totem bati bezala begiratu zien ogiaren azaleko orban luzeei, ogia biltzen zuen paper marroi xeheari. Argia urratu aurretik lehenak izan ziren okindegian sartzen.

        Baguette?

        Ez, ez... merkeena.

        Merkeena da baguette-a, jauna.

        Usaindu egin zuen Abdulek ogia, eta ogiak, bizilagunaren begiradatik zurrupatu ondoren bereganatua zuen mesfidantza bere usna-ildoetara botatzen zuela iruditu zitzaion. Ez zuen nahi beretzat ogiak mesfidantzarik, kanpora egozten zuen, jaurtiki, usain gaizto bihurturik, arropa zikinaren kirats bihurturik legami-irinen osasungarria. Bitxia zen: hain erabilera eznoblearen ondoren, ogia estolda bihurtu zen, «nik ere badaukat nire duintasuna», aldarri egingo balu legez.

        Abdulen aurrean makurturik, Sergiok alanbrea sartu zuen sarrailaren begitik.

        Zer esaten didak orduan, gustatu zitzaizkioan galtzak hire arrebari, bai ala ez?

        Sergiok alanbreari eragin zion, eta begi bat itxi zuen sarrailaren parean, tiro doia egitera doan ehiztariaren gisa. Alcatraz bati tiro, kolore eztanda, hori, gorri. Klak.

        Xuabe ireki zen atea, sarrailak nobedadea, giltza ez zen beste zerbaiten bulkada kitzikagarria eskertu izan balu bezala.

        Hik itxoin ezak hemen, Abdul.

        Abdul zain geratu zen, esaneko, bigarren eskuko ogi ahitu harekin zer egin ez zekiela.

        Leiho ttipi batetik egunak oraindik argitu ez zuela ziurtatu, ogiari koskorra kendu eta ahora eraman zuen. Baliatu beharra zeukan. Ramadana hastera zihoan: egunsentiaren ondoren ezingo zuen egun osoan mokadurik probatu.