Neguko zirkua
Neguko zirkua
2005, narrazioak
232 orrialde
84-95511-74-6
azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

Camarillo brillo

 

Kore-Eda Hirokazuri esker

 

Izango ote nuen nahikoa denbora?

        Hori zen eta ez beste bat nire kezka nagusia.

        Bainuetxe kalamastra bat zirudien erorkin zahar hark. Zain jarrita ni bezalaxe, beste hainbat. Adin guztietakoak zeuden han, denak nire egoera berean. Tartean, eta hori zen beldurgarriena, baita umeak ere.

        Hurrengoa!

        Ni nintzen hurrengoa.

        Torturatu egingo ote ninduten? Utikan, hobe horretan ez pentsatu.

        Idazmakinak hautsa hartzen, kautxuzko tinta-zanpagailuak nonahi, funtzionario zurbila aurrez aurre, begiak tintaz zigilatuak balitu bezala, soraio.

        Eguzkia itsugarri sartzen zen leihotik. Nire aurrean nuen bata zuriko petrikiloari ez zion, ordea, argiak enbarazurik egiten, berak leihoari bizkarra ematen zion eta. Zerbaitegatik zen bere bulegoa eta ez nirea.

        Gogorik gabeko berbeta zuen, ez zuen nire fitxatik begirada altxatzen.

        Jakinaren gainean egongo zara honezkero, baina atzo hil zinen, arratsaldeko zazpiak eta lau minututan hain justu, bihotzekoak jota.

        Hori zen orduan borrarena zirudien kolpe latz hura. Bihotzekoa, alajaina. Ze kategoria gutxi. Ezin al zuen zerbait orijinalagoa izan? Nire kolkorako gorde nituen horiek denak, jakina.

        Zergatik ez dituzue errezelak ixten?

        Hasperen egin zuen funtzionarioak, nire erreakzioak apur bat harrituta, beharbada.

        Ez dakit sinestuna zaren, baina hala bazara, niri dagokit jakinaraztea, horretarako ordaintzen didate eta, ez dagoela ez zeru eta ez infernurik, ez dela hemen bekatuekin zigorrik eta ongiarekin paradisurik trukatzen.

        Espero izatekoa zen, a zer nobedadea.

        Linborik ere ez dago... Edo bai: hauxe da linboa. Paseko lekua duzu hau, behin-behinekoa. Erabakia hartu arte baino ez zara hemen geratuko. Zure esku dago.

        Erabakia? Ze erabaki?

        Erizainek azalduko dizute prozedura. Eta orain, barkatzen badidazu... Lan asko daukagu.

        Tinta-zanpagailuarekin nire txostena zigilatu eta kanpora egotzi ninduen konturatu orduko.

        Zoko usaina zuen gela batera eraman ninduten. Zororik gabeko zoroetxe abandonatu bat, drogamenpekotasuna gainditzeko rock izarrak hartzen dituen ospitale sotila, diktadore batek bere ihesean abandonatu eta sasiek hartutako udako etxalde dekadentea. Horiexen antza zuen lekuak. Diktadoreak abandonatutako etxearena gutxiago, agian. Diktadoreek ez zituzten beren etxeak hain erraz abandonatzen.

        Zer gibelarraiotarako ote nengoen han?

        Kontua erraza da, gaztigatu zidan erizainak, aukeratu egin behar duzu: literatura unibertsaleko pertsonaia bat aukeratu behar duzu, eta hemendik aurrera, fikziozko pertsonaia horren baitan biziko zara eternitate osoan, dela Emma Bovary edo dela Dorian Gray, dela Sherlock Holmes edo dela Robin Hood, eta berak bezala jokatu eta sentituko duzu engoitik, ez duzu zure aurreko bizitzaren arrastorik gogoratuko. Liburutegia beheko solairuan dago, behar dituzun bolumen guztiak kontsulta ditzakezu bertan. Poeren belea aukeratu zuen batek, joan zen hilean. Animaliak ere zilegi dira.

        Adarjotzearen makurra eta amesgaiztoaren mikatza! Literatura unibertsaleko pertsonaia bihurtu behar al nuen? Nor, ordea? Ivan Ilitx? Sekula hizketan uzten ez zioten Rayuelako Maga koitadua? Hyde jauna? Ezta pentsatu ere! Eta bestalde, zentsuratutako liburuak ere bertan izango ote zituzten? Banituen nire zalantzak.

        Ezin al dut kantu bat aukeratu?

        Zur eta lur begiratu zidan erizainak. Nire fitxa zeukaten, xehetasun guztiekin: bazekiten idazlea nintzela, bazekiten zer idazten nuen, nire prentsa artikuluen berri zehatza zuten, jakiteagatik, bazuten azken bost urteetan unibertsitatean sinatu nituen manifestuen berri ere. Unión Obrera aldizkariko elkarrizketa batean esana nuen behin, «gustuko ditudan poetak behin eta berriz irakurtzen ditut, haiek azken juizioan nire defentsa presta dezaten», baina hortik eternitate osoa Aureliano Buendia edo Oliveira bihurturik pasa nahi izatera, ez zegoen ba aldea! Kalkulu erratua egin zuten nirekin. Gainera, lehen oroit-ahaleginean, ez zitzaidan pertsonaia zoriontsu bat bakarra ere bururatu. Ez ote nuen literatura alairik batere irakurri, alajaina? Zertan xahutu nuen orduan nire bizitza?

        Pertsonaia baino, nahiago nuke kantu izan!

        Sentitzen dut: mendebaldeko hegala literaturari dagokiona da. Kantuak, ekialdeko hegalean.

        Hizketan hotza eta zimurra bezain afektiboki inguraezina zen hango langileria, erran gabe doa.

        Atezain bat tabako rubioarekin sobornatuta lortu nuen lekualdaketari zegokion tinta-zanpagailuaren zigilua. Tabakoa baino nahiago omen zuen nailonezko panty pare bat, baina ez neukan horrelakorik eskura.

        Alde ederrekoa zen ekialdeko partea. Jendeak beste bizipoz bat zuen han, txistu egiten zuen txistu, eta tangoak hortz artean erabili ere bai; lurretik oinak altxa gabe dantza txikiren bat tarteka, begiraleak entretenituta zeudela probestuz, alaitasun erakustaldiak debekatuta baitzeuden. Baina onena, fonotekako bilduma: ikaragarria zen.

        Begi ondoan orezta zuen zapata zuridun gizon bat inguratu zitzaidan, binilo bat eskuetan.

        Bob Dylan, ez zeukaat dudarik. Baina zalantzak ditiat oraindik kantuarekin.

        Like A Rolling Stone, adibidez? Hemendik urte askora oraindik oroituko dute kantu hori...

        Like a Rolling Stone? Hik uste? Eternitate osoa errekarriarena egiten? Okurritzea ere! Barkuei begira jartze hutsarekin zorabiatzen den horietakoa nauk ni. Knockin' On Heaven's Door ere ez, jakina, paradoxikoegia litzateke gure egoera linbotikoan... Beste zerbait neukaan buruan: Just like a woman edo, ez zakiat, ez diat garbi ikusten... Eta hi, zeren peskizan habil, asko galdetzea ez baduk?

        Zerbait alaia. Kantua oso ona ez izan arren, bizipoza sor dezala behintzat.

        Hobe duk azkar ibili, epea ez duk betirakoa...

        A, ez? Ez didate ezer esan.

        Ez ditek esaten, zakur horiek, baina bazagok, bai, epe bat: astebete bakarrik zeukaagu, bestela, hemen geratzera derrigortzen haute.

        Hemen? Betirako?

        Nortzuk uste duk direla etxe honetan lan egiten duten mediku, funtzionario eta erizain xinxangre horiek denak? Bere garaian kantu bat apartatzeko gai izan ez zirenak! Inkestetako NS/NC horiek! Hara, hator nirekin, zerbait erakutsiko diat.

        Fonotekatik atera eta tabernara jaitsi ginen. Kamareroa seinalatu zidan, bide-erakusle ororen poz paternalistarekin.

        Ez da posible! Nik uste dudana al da Are You Lonesome Tonight mihipean darabilena?

        Erregea! Elvis berbera! Ez huen gai izan, gizajo hori. Musikariei askotan gertatzen zaiek. Blokeatu egiten dituk. Nola ba, kantu bat bakarra aukeratu? Krudela duk gero! Goiko karaokean lan egiten dik, egik kontu. Nahi baduk joango gaituk gauean, Only The Strong Survive edo holakoren bat abestera.

        Frank Zapparen diskoak entzuten bota nuen arratsaldea. Gehiegi ez pentsatzea izango zen onena. Total, ez zen hainbesterako: eternitatea besterik ez zen. Poztu egin nintzen ataka estu hartan ere oraindik ironia erreserba agortu ez zitzaidalako. Zirt edo zart. Aukeratu nuen nirea: Camarillo brillo izango zen kantua. Pontxo mexikarrei buruz eta estasian ahitu eta un-concho geratu arte larrua jotzeari buruz hitz egiten zuen kantu nahiko hippya, ate baten ondoan biluzik zegoen emakume baten eta Zappa beraren arteko harreman psikodelikoaren istorioa. Ingeleseko gure irakasleak atzerrira ihes egin aurretik esandakoaren arabera, un-concho, unconscieus-en ahoskeraren aldaki umoretsu bat zen inondik ere, eta Concho, tribu indiar bat izateaz gain, Texas aldeko ibai baten izena ere bazen, Fort Concho fuerteari izena ematen ziona bidenabar. Fort Concho. Ederra. Betidanik grazia egin zidan hitza zen hori. Bazuen puntutxo esoterikoa kantuko emakumeak: tarota irakurtzeko abildadea ei zuen eta intzentsua jartzeko gakoan, kriskitin pare bat zeukan zintzilik ziri lurrintsuaren ordez; ez hori bakarrik, nano bat ere bazuen etxean, eta baita suge bat ere, maskotatzat. Keinu ironikoz betetako kantua zen, Texas-Mexiko mugakoa, eta mugak gustuko nituen nik. Ez al nengoen, gainera, muga batean, mugaren mugan eta kinkaren kinka ezinago larrian?

        Aukera ona, aixkide: ederra duk kantuaren arrankea!

        «She had a Camarillo brillo...», saiatu nintzen abesten.

        Kamarilo-brilo, ahoskatzen dik Zappak.

        Eta zuk? Aukeratu al duzu zurea?

        Lotsa ere ematen zidak, baina... asko eskatzea ez baduk... Konpartituko huke hire kantua nirekin?

        Ezustean harrapatu ninduen erabat.

        Ez dakit ba, horrela, derrepente, ez dugu ia elkar ezagutzen... Ez al doa hori arauen kontra?

        Ahotsa jaitsi zuen, ahalkeak jota.

        Kasualitatez, nork bere aldetik hartutako erabakia izanez gero, zilegi izaten duk. Bestela ez ditek onespenik ematen. Hobe gaurtik aurrera elkarrekin ikusten ez bagaituzte...

        Pena hartu nuen. Jatorra zen Dylanzalea.

 

 

Hegazkinera denok, tximaluze horiek! Tira, tira! Denok barrura! Denok esan dut! Azkar, azkar! Ez daukagu egun osoa!

        Ez dakit zertara zetorren hainbesteko presa eta zakarkeria, egia esan.

        Paraxut bana eman ziguten bi-helizeko hegazkinera igo bezain pronto. Ez zen handia, berehala hartu zuen altuera. Imajinatu behar nuen: nola biziko nintzen bada eternitate osoan kantu baten barruan, paraxutarekin salto egin eta kantuaren adarretan zintzilik geratuta ez bazen? (Well, I was born to have adventure, zioen Zapparen kantuak, eta horratx zinez zain nuena). Kantuaren izenburua bozgorailuetatik ozenki esan eta hegazkinetik salto egitera xaxatzen, akuilatzen gintuzten. Pena hartu nuen begi apur bat estrabikoa zuen neska beltzaranak, maskotatzat suge bat izateko itxura guztia zuenak, Dylanen The Times They Are A-changin' kantuaren deiarekin jauzi egin zuenean.

        Orduan bereizi nuen jende artean kukuturik zapata zuridun morroia. Gogoa lauso, nire pentsamendu bertsua zerabilen hark ere buruan: Dylanekin joan zen neska estrabikoa.

        Ez zinen damutuko, ezta?

        Ezta batere, Camarada Camarillo.

        Zapparen lurraldearen gainean egon behar genuen inondik ere: gu bakarrik geratzen ginen jauzi egiteko.

        Arrazoia eman ziguten bozgorailuek.

        Camarillo brillo!

        Begia keinatu zidan zapata zuridunak jauzi egin aurretik.

        Ondo egin diagu, gazte. Egin behar genuena egin diagu.

        Haren atzetik akuilatu ninduten ni ere. Airearen zafrada askatzailea sentitu nuen aurpegian, eguzki izpien epela. Nahikoa denbora izan nuen, azkenik. Nahikoa denbora jaiotzen ikusi ninduen Hego Amerikako nire herriaren izena ahazteko; gauaren erdian ohetik arrastaka aterarazi ninduten diktadorearen gizonekin akordatuagatik ere, orezta zuen soldadu gaztearen militar bota sastarrak alegiazko zapata zuriekin ordezkatzeko, tinta-zanpagailuz betetako atxilo-etxea linbo bihurtzeko, borraren kolpea baino, aukeran, bihotzekoa nahiago nuela erabakitzeko; denbora, muinean, Margak eta biok azken aldian disko-jogailuan jartzen genituen kanten artetik Margaren gustukoena aukeratzeko, gertaeren bertsio ez-ofiziala eraikitzeko, denbora doia.

        Atsegina zen sentipena: behera eta behera, ni erori baino, airea gorantz ote zetorren iruditu zitzaidan.

        Paraxut zurigorri mordoa ikusten nuen han, nire azpian. Baina lurra txikiegia izateaz gain, urrunegi zegoen, eta eskuburdinak askatzea lortuta ere, ez neukan nirea irekitzeko batere gogorik.