Neguko zirkua
Neguko zirkua
2005, narrazioak
232 orrialde
84-95511-74-6
azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

Jon Miranderen balada

Jim Morrisonen omenez

 

Paris, 1971ko uztailak 3

 

Leiho ondoan eserita zegoen, kalerako jantzita, alkandora zuriz eta modaren araberako tiranteekin prakei eusten ziela. Arrastiriko ordu hartan leihotik sartzen zen distira larua nahikoa ez izan arren, argirik piztu gabe irakurtzen ari zen, halako moldez non, betaurrekoekin ez ezik, begizuloekin ere irakurtzen zuela baitzirudien.

        Leihoak barrualdean zuen arasan, bi liburu, artean zabaldu ere egin ez zituenak: Ithurralderen Pierre Topet-Etxahun eta Gabriel Arestiren Harrizko herri hau, suomiera ikasteko eskuliburu alemaniar baten aldamenean biak. Hogei urte lehenago idatzitako testu argitaragabe bat zeukan eskuetan, bere garaian Euzko Gogoa-k atzera bota ziona.

        Lenago sorgiñak, heretikoak eta beste gaizkigileak agirian urkatu, erre edo zintzur-egiten zituzten, ikusle kristau onen jolaserako; urkamendiak orduko antzoki eta kinemak ziraden. Baita oraindik ere aspaldi ez dala, kalean gillotinatzen zituzten frantzesek iltzera epaitutakoak: ene ezagun alako lepo-ebaiketa batean so egille gertatu zan batek sarri esan dit poz asko artu zuela ikuskizun bakan ortan... Ezen gizakia ala da jaiotzaz, atsegabe ematen baitio urko lagunari min eragiteak. Gizabideak beartzen gaitu, baiki, gure jaidura basa orri uko egitera; gizartean bizitzekotan emetu, malgutu, otsandu, a.d. «zivilizatu» bear gera, irrits sadikoak zapalduz, gure beste griña txarrak bezela.

        Hitzez hitz sinatuko zituen orain ere, hogei urte lehenago idatzitako lerro haiek, hala otu zitzaion, begirada kaieretik jaso gabe. Eskuindar izanik ere, ez zeukan bere burua inmobilista besalper haietakotzat, eta hargatik, bere iritzia hogei urte lehenagoko gogoetekin lerrokaturik izateak arrasto mingotsa ekarri zion eztarrira.

        Bañan, zapaldurik ere griña txarrok or daude, gure biotz ondoan, psykologi berriak erakusten digunaz. Il eziñak dira...

        Norbaitek atea ireki zuen tupustean. Ez zen Marie. Ezezaguna egin zitzaion sarraila biratzeko presa hura. Kaiera leiho ondoan utzirik, aterantz abiatu zen. Astean behin garbiketa egitera etorri ohi zen garbitzailea behar zuen noski, hura baitzen bere arrebaz gain xanbreko giltza zuen bakarra.

        A, hemen zaude, jauna! Barkatu. Ez nuen uste gaur inor egongo zenik.

        Ez zara bakarra: neronek ere ezustea hartu dut goizean esnatzean, artean bizirik nintzela ikusita.

        Barkatu, ez dut nire burua aurkeztu: Isabelle nauzu.

        Bostekoa luzatu zion idazleak:

        Jon Mirande, baina hori ere, gero eta gutxiago.

        Zure lanean oztopatzen bazaitut, bihar etor naiteke... Badakit berandu dela aukeran...

        Ez arduratu horregatik.

        Jon Mirande emakumearen urduritasuna baretzen saiatu zen. Xanbreko lurra, paper, liburu ireki eta kaiera koloretsuz beteta ikusteak noraezean utzi zuen emakumea. Gizasemeak berriz, ustekabeko bisita hark zintzurreko mingostasunari buelta ematen lagun ziezaiokeela egin zuen kontu. Egunak erredentziorako aukera bat eskaintzen zion, beraz? Ongi: baliatzeko prest zegoen.

        Gozatuko dugu eztarria tragoxka batekin biok ere lanari ekin aurretik, Isabelle?

        Ez zuen emakumeak halako gonbidapenik espero: hazpegi ederrak zituen bere mutuan. Begiak beti irekita zituela zirudien, baita baiezko keinu batekin betazalak hertsi zituenean ere. Ez ziren Parisen edozein zokotan ageri ziren begi berekoi eta zurrupari haietakoak, inguruko guztia irentsi eta trukean ezer ere ematen ez zuten begi nekagarriak, «hemen nago» esanez munduari beren burua eskaintzen zioten begi tolesgabeak baizik.

        Ohore handia litzateke, baina ez dakit nik egokiena den...

        Barruraino sar zedin gonbidatu zuen. Benetan zegoen emakumea artega. Izerdiaren distira zuen aurpegian, metroan presaka eta norbaitengandik ihesi etorri izan balitz bezala. Zurbil zegoen gainera. Ardo zuria atera zuen Mirandek, bi edalontzi ttikitan, isurkin hura emakumearen azalera lehenbailehen kanporatu eta aingeru aurpegi hura izerdituago ikusteko irrikaz.

        Zure emaztea etor daiteke...

        Emaztea? Arrebarekin nahasten duzula uste dut. Arreba dut Marie, ez emazte. Edonola dela ere, gaur ez da etorriko.

        Isabellek irribarre egin zuen, laxoago, gau hartan egingo zuen azken irribarrea ez zela iragarriz. Edalontzia ia ezpainetan zuela, lepoa beheratu eta edariari begira geratu zen: barruko korapiloa askatzeko zuen premiak gain hartzen zion ardoa edateko zuen gogoari. Jon Mirande eserita egona zen leiho ondoko aulki hutsari so egin zion une batez Isabellek. Bizkarreko margoa azalkatua zuen aulkiak, gizaseme bitxi haren bizkarrezurraren erradiografia emanez. Leihoko markoaren ingurua postalez eta txartel horituz josita ageri zen: igel bat marrazturik zuen bat zen denen artean deigarriena, hiru dardoz hormari josita zegoena. Ezagun zuen leiho ondoko aulki huraxe zuela lekurik gustukoena.

        Ardoa dzangada bakarrean irentsi eta arrapaladan hasi zen hizketan:

        Ez didazu sinetsiko Mirande jauna, baina, Jim Morrisonen xanbrea garbitzen izan naiz. Atea bizpahiru aldiz jo eta, xanbrean inor egonen ez zelakoan, barrura egin dut, beti egin ohi dudan legez.

        Sinesten dizut, nirean ere halaxe egin duzu.

        Ez zuen ordukoan Isabellek barre trazarik egin. Alderantziz, gero eta larriago zegoen.

        Egongelaren erdian, latorrizko bainuontzian zegoen bera... Hilik ematen zuen... Aparra zerion ahotik eta arrain hilarenak ziren haren begiak. Ez naiz salatzera ere ausartu. Hanka egin dut, inori deus esan gabe... Jendarmeriara joan behar nuke, bestela nire bila etorriko dira erratza eta lanabesak latorrizko bainuontziaren ondoan aurkitzen dituztenean. Ikaratuta nago, jauna!

        Ez zirudien Mirandek Isabelleren aitorpena entzun ondoren trenpu-aldatuegi.

        Nor da Morrison?

        Jim Morrison! Ez duzu ezagutzen? Abeslari amerikar bat, entzute handikoa, eskandalu asko sortu ditu Estatu Batuetan.

        A, bo! Eskandalagarri sinpatiko hori, entzun dut zerbait, bai. Hila dela diozu? Bainuontzian?

        Irakurri berria zuen Izan basa testuaz oroitu zen: Lenago sorgiñak, heretikoak eta beste gaizkigileak agirian urkatu, erre edo zintzur-egiten zituzten, ikusle kristau onen jolaserako... Oroitzen zuen, bai, Morrison, irakurri zuen zerbait, amerikar eskandalagarri hari buruz.

        Morrison... Zerbait idatzi behar nuke berari buruz. Idazteari utzi ez banio, agian...

        Idazlea zara orduan? Zer idazten duzu, jauna? Gutunak?

        Gutunak ere bai, tarteka.

        Nik idazten ditudan gutun bakarrak Nizarako dira. Nire senarra, badakizu. Uda sasoian ez dugu elkar ikusten. Hondartza-garbitzailea da.

        Lan gogorra inondik ere.

        Bai horixe. Eskuarea eta saskiak hartuta, gauero. Eta zaborraren artean kaio zaurituak agertzen ez badira, pozik. Eskuareaz kolpatu, lepoa bihurritu eta saskira bota behar haiek ere. Nik ezingo nuke halakorik eraman, zabor-saskiak hego dardartiz mukuru, pentsa... Azaleko biloak lazten zaizkit pentsatze hutsarekin.

        Biloak, azala, laztu... Gustatzen zitzaion emakume haren mintzamoldea.

        Badakizu nola akabatzen diren olagarroak, Isabelle?

        Olagarroak? Zertara datoz orain olagarroak, jauna?

        Koska egin behar zaie buruan eta ondoren arroken kontra kolpatu. Bestela ez dira egositakoan samur geratzen.

        Ene... Nire senarrak ez dit sekula bere gutunetan olagarroei buruz deus aipatu.

        Jabetzen zarenez, ez da hain erraza olagarroarekikoak egitea. Oroitzapenak ere olagarroen gisakoak dira. Esan liteke kasik, olagarro bat edo oroitzapen andana bat akabatzea baino askoz errazagoa dela gizon bat akabatzea, Isabelle.

        Ez aipatu horrelakorik, jainkoarren! Utikan piztia ilunak! Hain da eder itsasoa bare denean...

        Agian zuzen zaude. Nik, ordea, beldur diot itsasoari. Gogoan dut, artean haurra nintzela, bagenuela bizilagun munstro bat, hirugarren solairuan bizi zena. Bazuen halako seme elbarri bat, xanbretik ateratzen uzten ez ziona. Guk ez genuen sekula ikusi, entzun bai, ordea: egundoko oihu erdiragarriak botatzen zituen gauero. Laugarren solairuko bizilagunak, jostailu berri bat oparitu ziotela eta, hura erakutsi nahi izan zidan behin: atea zabalik zegoen eta tarrapataka sartu ginen korridorean barrena bere etxeko sukalderaino. Sukaldera heltzean, laguna supituki geratu zen: «Egon-egon! Hau ez duk nire sukaldea!». Garai hartan etxe guztiak antzekoak ziren... Eta gu okerreko etxean, deskuidatuta, gure tarrapatakan! Hura intziri festa elbarriak gu ikustean! Itotzera doan katemearenak ziruditen txilio haiek. Etxetik ihes egitekotan ginela, elbarriaren aitak harrapatu gintuen lepotik. «Zer egin diozue semeari? Zer egin diozue ume gaiztaginok!» hasi zitzaigun heriosuharrean, arrastaka gela ilun batera eramaten gintuela. Hantxe kisketatu gintuen.

        Jaungoiko maitea! Hura beldurra!

        Oraintxe begien aurrean banu bezala oroitzen dut gela hartako paretek zuten hormapapereko marrazkia: arrain ttiki pila bat ziren, hondo urdin azalkatuaren gainean. Gelan aulki bat zegoen, antigoaleko haginlariek eduki ohi zituzten aulki horien antzekoa. Era guztietako lokarri, kate eta giltzarrapoak zeuden han eta hemen, aulkiari atxikirik. Itsasoa ikusten dudanero oroitzen dut gela hartako hormapaperean margoturik zeuden arraintxoen irribarre sadikoa. Klaustrofobia eragiten dit niri itsasoak, Isabelle.

        Badira ateak sekula zeharkatu behar ez genituzkeenak.

        Begirada piztu zitzaion emakumeari. Erosoago sentitzen hasia zen. Gizonak kontatzen zizkion kontu ilunek bere iluntasunaren balantza orekatuko balute bezala.

        Axola zaizu kanapean esertzen banaiz? Azken aldi honetan hankak nekatzen zaizkit, errazegi.

        Kanapea, grazia egin zion Jon Miranderi. Gelaren erdian zegoen hiru gorputzeko sofara hurbildu zen Isabelle. Dardarka zegoen artean. Iluntasuna ia erabatekoa zen arren, etxeko argi guztiak itzalirik zeuden. Apur bat makurtu zenean, Miranderen begien bistan geratu ziren Isabelleren bular tente eta zuriak. Hara zuzendu zituen idazleak, begiez gain, esku biak ere. Isabelle hizketan hasi eta atzera egin behar izan zuten idazlearen eskuek azken unean.

        Jendarmeriara joan behar nuke lehenbailehen, ez duzu uste?

        Ardo honek ez du sobera balio. Uxuala aterako dizut kemena berreskuratzeko. Gero lagunduko dizut jendarmeriara, hala nahi baduzu. Zaude unetxo bat. Sukaldean gordetzen dut botila, arratoien eta zomorroen aurkako pozoiekin batera, apal berean...

        Irribarrez ari zen Jon Mirande.

        Pozoi nahiz uxual, kolorea eta gustua gorabehera, antzekoak dira denak, ez zaizu iruditzen?

        Gizona sukaldean zelarik galdeketari lotu zitzaion Isabelle, ozenki mintzatuz.

        Nola egiten du idazle batek?

        Nola egin, zer?, Mirande uxual botila eta bi godalet zekartzala itzuli zen gelara, eta Isabelleren ondoan eseri zen, hiru gorputzeko sofa berdean.

        Idaztearena eta hori guztia... Nola egiten da?

        Harritu egingo zinateke. Normalean idazten ari denarekin inolako loturarik ez duen zerbaitetan pentsatzen du idazleak idazten duen bitartean.

        Ez dut deus ere ulertzen.

        Bi eskuez heltzen zion Isabellek godaletari, abade batek kalizari nola. Neronek behar nuke eta ez berak bekatariaren rolaz ardura, pasa zitzaion burutik Miranderi.

        Samur da bada ulertzen. Eman dezagun, nola zen? Joe Morrison...

        Jim, Jim Morrison.

        Bada eman dezagun Jim Morrison delako abeslari sinpatiko horren omenez soneto bat idazten dudala, baina nirez, zugan pentsatuz idazten dudala eta zuretzat dela poema hori, maitasun poema kamuflatu bat dela.

        Deus ulertu gabe jarraitzen dut.

        Isilik geratu ziren. Tarte luzez, uxualaren zintzur-tutuan beherako jarioa izan zen hots bakarra. Laster gauerdia izango zen. Sofatik altxatu eta leiho ondora hurbildu zen Mirande. Hiru dardoz hormari jositako postaletik gela osoa zaintzen zuen igelak.

        Jendarmeriara joan behar nuke.

        Izango dugu horretarako ere astirik.

        Agian telefonatu behar nioke Poliziari. Ez deritzozu hala? Bazen hemen nonbait telefono bat, ezta?

        Hatzaz seinalatu zuen telefonoa. Lurrean zegoen, liburu artean ezkutatuta. Isabellek telefono-giderra hartu eta larrialdien zenbakia markatu zuen.

        Ez du linearik ematen.

        Telefonoa ez dabil, ene maite Isabelle. Ez dut azken sei hilabeteotan erreziborik ordaindu.

        Biziki haserretu zen orduan. Telefono-giderra zoruaren kontra jaurti eta harrapatzen zituen lanpara, liburu-apal eta bestelakoak lurrera botatzen hasi zen.

        Ez dut espetxean amaitu nahi, Jainkoarren! Nire senarrarekin mintzatzerik banu!

        Eskura zituen koaderno eta paperak oro tarratatzen hasi zen Isabelle, amorru biziz. Jon Mirandek patxada osoz, sofatik altxatzeko keinurik txikiena ere egin gabe, bere pipa tabakoz betetzen zuen bitartean, xanbrean bakarrik balego bezala. Bañan, zapaldurik ere griña txarrok or daude, gure biotz ondoan, psykologi berriak erakusten digunaz. Il eziñak dira... Isabelleren animoa apur bat jabaldu zelarik soilik deliberatu zen mintzatzera pipatzaile nasaia, sofa inguruko ke-geruzen artetik.

        Eskertzen dizut lana aurreratzea. Paper zikin horiek guztiak sutarako nituen.

        Isabelle, bere jardunaren zentzugabeaz oharturik, eseri egin zen berriz idazlearen ondoan, hiru gorputzeko sofa berdean, tabakoaren ke gozoa isilik arnasten zuela. Isiltasunak behea jo zuen, aingura baten eran. Horma-erloju baten hotsa bakarrik entzuten zen. Hormetarantz so egin zuen Isabellek, baina han ez zen inon erlojurik ageri. Inguruko etxeren batekoak izanen ziren erlojuaren hotsak. Ile-adatsa alde batera apartatu zuenean, Isabelleren loki inguruan zain grisail baten bor-borra nabaritu zuen Jon Mirandek gelako ilunpean, eta horrek eman zion aukera oroitzeko nolatan leporatu zion Vulcanok Momo jainkoari gizakia lokatzez egin zuelarik, barruan zituen isuri, umore eta arimaren nondik norakoak arakatzeko leiho bana ez ireki izana gizaki bakoitzaren bularraren parean. Askoz ere errazago zatekeen hartara, hurkoaren barrua arakatzea.

        Isabelle sofan bere baitara kizkurtu zen, pipatzailearen sorbalda bere sorbaldarekin ukitzeraino. Isiltasuna deserosoegi suertatzen ari zelarik, erabaki zuen mintzoari ostera kateatzea:

        Eta... zu beti izan zara idazle? Ez duzu besterik egiten?

        Parisko buro batean igaro nituen hainbat urte. Aspergarria zinez.

        Hankapaluarena egitea baino hobe, edozein kasutan.

        Hankapaluarena?

        Miseriarik gorriena ezagutua naiz, ez pentsa. Izan zen sasoi bat elizaz eliza hankapaluarena egiten ibili ginena. Zerbait egin behar, ahora zer eramanik izango bagenuen. Eliz-atarian jartzen zen senarra, makulu batekin, zango baten faltan hankapalua bailuen, diru eske. Diru pizarren bat erdietsi bezain azkar ardo botila erostera joaten zen, aurrez hankapalua eta makulua niri utzirik noski, bera botilarekin bueltatu artean hankapalua neronek jantz nezan. Zer deritzozu?

        Elbarritasun trukagarria zela zuena, ihardetsi zuen Mirandek, garratzetik umorera lerratuz.

        Senarrak, elizako aitorlekura sartu eta bertan husten zuen sarritan ostatuan erositako ardo botila, nigana alderoka itzuli aurretik. Orain askoz gutxiago edaten du, jainkoari eskerrak. Esan dizut Nizako hondartzan lan egiten duela?

        Ahaztua nuen senarrik bazenuenik ere, egia esan.

        Lurrean zeharka zetzan uxual botila hutsak biltzen zuen bere barruan xanbreko argi apurra, itsasargi apurtu bateko beirazko oroigarria bailitzan. Celine idazlea oroitu zuen sofan erdi etzanik Jon Mirandek: gauaren muturrerainoko bidaia barik, bizitza, botila baten azken muturrerainoko bidaia zatekeen. Hain zen erraza botila barruan hondoratzen zen isiltasuna eta botila barruan hondoratzen zen aingura norbere barruko egiarekin nahastea.

        Isabellek tolestuak zituen belaunak: gustura miazkatuko zukeen idazleak belaunburu haietatik izterretarainoko trantze leuna. Sofaren hiru gorputzetarik bi okupatzen zituen Isabellek, eta apur bat bazterturik zegoen Mirande. Ez batak eta ez besteak, ez zuten, hala ere, oinekin zorurik ukitzen: zapatak jantzita zituzten eta itsasoaren erdian galdutako baltsa batean ziruditen biek. Uxual botila hutsa, kostako begiraleei beren kokapenaren berri gaztigatu eta sos mezuren baten bidaltzeko balia zezaketen, baina mespretxatu egiten zuten, itxuraz, destino fataletik libra zitzakeen aukera bakarra ere. Uxual botila hura.

        Lasaiago zaude orain?

        Apur bat. Baina oraindik ere jendarmeriara joan beharko nukeela uste dut, ez da ona izaten gauza hauetan berandutzea.

        Eta Sena ertzera, Pont Neuf-era egunsentia ikustera joango bagina?

        Sena ertzera? Ez dakit... Azken aldi honetan hankak nekatzen zaizkit errazegi. Nekatuegi nago egunsentiari begira egoteko.

        Eserita ikus genezake.

        Pont Neuf-en ez dago non eseririk.

        Geuk eramango dugu non eseri.

        Jesarrita zeuden sofa berdeari begiratu zioten biek, tupustean bale baten gainean eserita dagoela ohartzen denak bezala. Biak batera altxa ziren, jauzi batean.

        Lanpara bat erori eta lurrean kiribilkatu zen sofa bere lekutik arrastaka mugitzen hasi zirenean.

        Egurrezko etxe zahar hauetan dena entzuten da. Hobe zapatak eranzten baditugu.

        Doi-doi sartzen zen sofa apartamentuko atean zehar. Barre batean ari ziren, mozkorturik baleude bezala —uxual botila huts bat, pixkanaka edana... agian hordi ziren, benaz—, balantzaka, egongelako eta korridore estuko alfonbrak kiribildu eta bidetik baztertzen. Algara isilean zebiltzan biak, halakorik posible bada behintzat; zaratarik ez ateratzeko ahalegin gehiegirik egin gabe, halere, ez gaua eta ez goiza ez zen ordu hartan, gaiztakeria bat egiten ari den haur bihurrien gisan. «Biok batera: un, deux, trois... Orain!». Biek batera altxatu zuten sofa. Eskailburuko argiaren giltzari ukondoaz sakatu —lehen aldiz, argi bat— eta zapatak berriro jantzi ondoren egurrezko eskailera estuetan behera abiatu ziren. Krask egiten zuen maila bakoitzak, haien irribarrearekin elkartasuna adierazi nahiko balu bezala. Pauso bakar batean maila bi jaitsi zituenean, Isabelleri seko gorritu zitzaion aurpegia, hiru eserlekuko sofari indarka eutsi beharraren eutsi beharraz.

        Lotsatia haiz gero, neska, bota zion Jon Mirandek goitik, sofari behetik eusten zion Isabelleri.

        Barre tximista kutsagarri batek erasan zuen berriro Isabelle, halako moldez non sofa askatu eta doi-doi baztertu baitzen paretaren aldera, sofa eskaileretan behera irristada burrunbatsuan eror zedin saihestu ezinik. Barrez geratu ziren biak, hormaren kontra, elkarri eskua emanik, dozena inguru eskailera-maila beherago trabeska zetzan sofari begira.

        Bide luzea egin zuten sofa aldean zeramatela. Paris erdia zeharkatu zuten, nekatzen zirenero geratu eta sofan atseden hartuz. Berdin hartzen zuten atseden parke baten sarreran edo zebra-pasabide mortuen erdian. Haientzat baino ez zuten ordu hartan semaforo argiek dir-dir egiten. Edonork ikusi izan balitu, Poliziari parte eman izango ziokeen, seguru. Zortea alde lerratu zitzaien, ordea. Goizeko seiak inguru baziren ere, ez zebilen inor karriketan gaindi. Goizeko lehen egunkari banatzaileak Jim Morrison latorrizko bainuontzian hilik agertu zela bozgora oihukatzen hasterako, Pont-Neuf ondoko zementuzko zabalkoan ziren biak, hiru gorputzeko sofa berdean eserita. Morrisonen begiak magnesiozko argazki kameraz flasheatuak izanen ziren ordu hartan. Edo auskalo, jendarmeriakoek Polaroid kamera sortu berriak baliatuko zituzten beharbada, presaka egin beharreko zeregin deseroso haietarako. Baina latorrizko bainuontzia ahaztuta, elkarren eskuei oratzen zieten bikote aparteko hartako gizon emakume haiek barre eta barre egiten zuten gogotik. Izan ere, sofa baten eta latorrizko bainuontzi baten artean bada ezberdintasun garrantzitsu bat: Senatik oso gertu egonagatik, nekez ito zaitezke sofa batean.

        Emakume bat eta gizonezko bat, Sena ertzean, sofa tarratatuan kukuturik, tarteka lepoa luzatuz, uztaileko egunsentiaren xerka.

        Jainko greziarrek gizakiok bularraren erdian leiho bana izan behar genukeela uste zuten. Leihotik begiratu eta besteek zer sentitzen duten jakiteko.

        Alferrik litzateke: ilunegi egoten da gehienetan barruan.

        Isabellek arrazoi zuen. Alferrikakoak ziren gauetik gauerako leihoak.

        Haien arteko hamaikagarren isilune luzearen ondotik gertatu zen. Tupustean, Isabelle sofatik altxatu eta ibai ezpondarantz abiatu zen zementuzko zabalkoan zehar, lasterka. Jauzi egin zuen gero tanpez uretara. Jon Mirande ohartu zenerako uretan zen Isabelle. Betaurrekoak erantzi eta ibaira jauzi egin zuen berak ere, birritan pentsatu gabe. Sofa abandonaturik geratu zen minutu batzuez, itzal leun bat porlanaren gainean.

        Inor ez zen gertatutakoaren lekuko izan. Handik minutu gutxira, arnasestuka itzuli zen Mirande, tiranteak gerritik behera zintzilik eta zapatak bidean galduak, Isabelle neskatila baten gisan beso artean zekarrela. Arropak azalean lapatuta zituzten biek. Eztulka zetorren Mirande, ur arrasto nabarmen bat utziz. Isabelle sofan erdi etzanda utzi eta bere ondoan eseri zen. Irentsitako ur zikina kanporatzen saiatu zen, eztula behartuz. Isabelle baino okerrago zegoen bera.

        Horrela egon ziren biak, erdi etzanda Isabelle eta lurrera begira eserita Mirande, hatsalboka, minutu luzez. Hiriak lo zerraien, baina egunkari-banatzaileen bizikleta kirrinkatsuen etorrera aurresenti zitekeen jada.

        Le Figaro, azken berriak!

        Orduan ohartu zen. Behin eztarria garbitu eta arnasestua amiñi bat sosegatu zuelarik, Mirandek emakumearengana burua jiratu zuenean. Ez zegoen han. Oharkabean, berriro ere sofatik alde egina zen, narrasti bat bezain isil: zubirantz zihoazen eskailerak igotzen ari zen. Berehala heldu zen zubira, eta Senara jauzi egin aurretik esker onezko keinu bat egin zion. Hala egin zuela sinetsi nahi izan zuen behintzat Mirandek.

        Ez zuen idazleak zirkinik ere egin. Eserita geratu zen, ukondoak belaunetan eta ukabil biekin masailei eutsiz, gorpu bat uretara jausi eta nola desagertzen zen ikusten zuela. Erresuminik gabe irentsi zuen ibaiak emakumea. Egunsentiko une hura, argi hura —otu zitzaion— bazen botila baten barruan sartuta saltzeko lain eder. Bizitza, berriro ere, botila baten muturrerainoko bidaia bezala. Argi izpiek zerua saretzen zuten, deblauki.

        Le Figaro, azken berriak! Jim Morrison kantaria bainuontzian hilik!

        Nazka eragin zion begirada horizontera luzatzean bereizi zuen hurrengo gauzak: urrunean ageri zen Frantziako Errepublikako bandera baten koloreek goragalea eragin zioten. Mundu krudela hasia zen, berriro ere, bere ohiko itxura bereganatzen.

        Aho gustu nazkagarri hura ezabatzeko zerbaiten premia sentitu zuen. Hanka-hutsik eta eskale traza harekin, Vaugirard karrikako sotoan merkatu beltzean saltzen zuten uxual hartatik aterako ziotenetz galdetu zion bere buruari. Begi pare baten premia sentitu zuen: kanpokotik zurrupatu eta hartzeaz gain, zerbait emateko borondatea izango zuten begi eskuzabalen premia. Baina inguru hartan ez zen inor. Ez ur sakonen hondoetatik at behintzat. Eguzkia uztai polar baten gisan agertzen hasi zen eraikuntza paristarren bestaldean. Balada baten hasiera otu zitzaion orduan: Leiho beltz bat zenuen, leiho beltzari emana, Isabelle. Gauza izango ote zen etxera iritsi arte estreinako esaldi hura oroimenean gordetzeko?

        Jon Miranderen balada Jim Morrisonen omenez, honela titula zezakeen. JM-k JM-rentzat. Bere inizialak kantariarenekin bat zetozela ohartu zen. Bitxikeria ergel bat gehiago baino ez zen, noski, eta ezer gutxirako balio izan zion abagune hark, goizeko lehen argiak gauza guztiei arintasuna kendu eta pisua eransten zien ordu gogaikarrian sartua baitzen eguna.

        Nekatuta zegoen eta sobera etsita. Bera bakarrik eta inoren laguntzarik gabe, ez zen sofa madarikatu hura ostera etxeraino garraiatzeko gai izanen.