Hitzontziak
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
Azaleko argazkia: Idoia Unzurrunzaga
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
aurkibidea
 

 

15

 

Hildakoak ez dira gutaz sekula ahazten, lagunik onenak ditugu, hutsik edo traiziorik egingo ez digutenak, inoiz egin baziguten ere; hildakoak ez dira isiltzen, kalaka etengabean aritzen zaizkigu, baina ni adi, benetan adi, Arturori egoten natzaio, hari eta Gonzalori ere bai noizean behin, hura gizon zuhurra izan baita beti, eta estimatzen ditut haren gogoetak eta aholkuak; besteei, nire lehen senar Jorgeri eta Gonzalo ondorengo maitaleei, aldiz, ez diet hainbeste jaramonik egiten, guztientzat astirik ez izaki. Coco ere hor dago, gainera, eta arreta eskatzen dit, jeloskor jartzen baita bestela, eta zaunka hasten zait, protestan, gizonezkoren batek ni besarkatu edo musukatuz gero: bati baino gehiagori egin izan dio hozka. Besteak beste hori dela eta, nahiago ditut maitaleak nire etxetik kanpo, hotel on bateko gela eroso batean, ahal dela. Lagun horiekin eta alabaren gaueroko deiarekin nahikoa, ez dut beste inor behar, norbaitek aldika opariak egitea, afaltzera gonbidatzea, dantza egitera eramatea eta, batez ere, potxotxa miazkatzea atsegin badut ere. Muskuilua jango dizut, esan ohi zidan Arturok, trikua jango dizut, eta bero-bero jartzen ninduen. Ez dut, beraz, Joseren beharrik ere; ez diot inoiz esan, baina hala da, eta honezkero berak ere jakin behar luke.

      Jose gizon bizkorra dela agerikoa da; sortu duen taberna eta jatetxe katea horren frogarik nabarmenena, baina tontotu egiten da nirekin, berak aitortu izan didanez. Jakina, baliteke horixe bera esatea beste edozein emakumeri, baliteke gezurti hutsa izatea, iruzurgilea, gizon gehienen antzera. Ez dut uste; begira-begira nola geratzen zaidan ikustea nahikoa da esaten dizkidanak benetan sentitzen dituela jakiteko. Nabaritu egiten zaio, esan zidan Laura Ybarrak, Iturritik etxerako bidean gindoazela ezagutu zuen gauean: Txora-txora eginda daukazu, Gloria.

      Gizonak!

      Laurak, alargundu berri, Madrildik alde egin nahi izan zuen, eta Donostian bilatu zuen aterpea, nire etxean. Mme. Licheronen ikastetxetik ordura arte etenik gabe luzatutako gure adiskidetasun paregabeak harritzen gintuen; lagunak baino gehiago, ahizpak gara, izan ez nuen ahizpa izan da Laura niretzat, bizitza oso bateko gorabeheretan, galderarik eta juzgurik gabe, aldean izan dudana, eta era berean, behar izan duen aldi gutxietan, aldean izan nauena, Lauraren bizitza ordenatua eta lasaia izan baita, enbaxadore baten emazteari eta seme-alaba askoren ama bati dagokionez. Eta orain biok alargun, izan zen Lauraren azken ondorioa, Biteriren hitzak gogora ekarriz: bi alargun dotore mardul, bi alargun sexy, hala esan zigun, batez ere Laurari bihotz eman nahian, baina seguru naiz benetan hala uste zuela, horixe baikinen, izan ere. Laurak muzin egin zion nik adierazitakoari, eta ez zuela gizon gehiago behar etsi zuen, nahikoa zuela seme-alabekin. Baina gauzak ziren erakoak ziren eta, Biterik esan bezala, gu emakume desiragarriak ginen, oraindik bai, esan nion.

      Ez, Gloria, ikusi orain zenbat zimur, kontra egin zidan. Ez dugu gure adineko gizon gehienek daukaten upeltzarra, behintzat. Barre egin zuen. Ez zuen uste Josek halakorik zuenik. Ezetz, ez zuela esan nion, korrika eta pilotan aritzen zela eta sasoiko zegoela.

      Ondo zaindu, beraz, halako gutxi dago eta.

      Zaindu dezala berak bere burua, nik nahikoa lan neurea zaintzearekin. Lauraren aholkuak zentzuzkoa zirudien, Jose ez da gizon arrunta, baizik eta itxura on samarrekoa, diru askoren jabea, zer gehiago eska dezaket? Eta, hala ere, bada harengan asebetetzen ez nauen zerbait, alderdi ilun ezkutu bat sumatzen diot, beste hein batean Biteriri ere sumatzen diodana, zer izan daitekeen asmatzera iritsi gabe; alderdi hori gizonezko guztiengan ote dagoen jakin nahian, nire bizitzakoak ekarri ditut gogora banan-banan, aitarengandik hasita, agerikoa iruditu zait-eta haren alderdi iluna, hala nola Jorgerena eta, beste era batean, Gonzalorena. Arturo da balizko arau horren salbuespen bakarra. Hura gogoratzen dudanean, gizon xalo bat gogoratzen dut, azpildurarik gabea, zurikeriarik gabea, fidagarria, eta horrek sekulako lasaitasuna ematen zidan, harekin ezin zitzaidan ezer txarrik gertatu, eta sentipen hori zoragarria zen gutxi bezala, zeren eta, hura atzera lortzen ahalegindu banaiz ere hainbat gizon bitarte, guztiekin huts egin dudala aitortu behar, handiagoa edo txikiagoa baina huts beti: Arturo, denboraren poderioz ikasi behar izan dudanez, errepikaezina izaki. Laurak behin baino gehiagotan gogorarazi dit, beste edozein gizonekin ez konparatzeko, baina niri hori eskatzea gehiegizkoa da, harekin konparatuko baitut, ezinbestean, hurbilduko zaidan beste edonor.

      Gizonak!

      Ez naiz inoiz haien atzetik ibili, hori behintzat ondo ikasi nion amari, beraiek izan ditut atzetik beti, beraiek mugitu behar izan dute, nitaz arduratu, ni zaindu eta pozik izan, ondo baitzekiten zer gertatuko zen bestela, berehala utziko nituela, neu nintzela nagusia, zenbaitetan kontrakoa iruditu arren. Arturok bazekien hori, behin baino gehiagotan eta itxuraz txantxetan aitortu zidanez.

      Serio ari zen, ordea, bere negozioetan aritzen zen era berean; laztana eta zigorra erabil zitzakeen, losintxa eta mespretxua, behar zen neurrian eta unean baizik ez, nagusi on batek jokatu behar duen bezala. Jakina, langile onak izanda errazagoa da, eta izan halakoak ziren Arturok Ibizan zituenak, hemengoak, euskaldunak asko, finak, garai batekoak ziren erakoak, Donostia inguruko baserrietatik etorritako neska gazteak gehienak, edo gurean zaharraren zaharrez hil zen Josepa, amona bat anaia eta biontzat, beste ama bat, benetakoa baino gozoagoa, ulerkorragoa niretzat. Ia familiako bihurtu ohi ziren neskame maitekorrak tokitan daude egun, inork ez du neskame izan nahi, eta etxe batean lan egiteko prest daudenak ez dira fidatzekoak, kanpotarrak dira, moroak, hegoamerikarrak, Mongoliakoak, Errumaniakoak, nik al dakit, denetarik, baina espainol alerik ez, horregatik kontuz ibili behar da haiekin, estu zaindu beharrekoak dira, batez ere nirea bezalako etxe batean, gauza eder eta baliotsuez betea, atea irekitzen zaien une beretik erne egon beharra dago. Zilarrezko erretilu eta mahai-tresneria, urrezko bitxiak, perlak eta harribitxiak, zapiak, oinetakoak, era askotako jantziak arriskuan daude, batez ere indio horietako bat inguruan ibiliz gero, zeren eta horiek dira okerrenak, darabilten hizkera gozo horren bitartez edonor xaramelatzeko gai izaki, bai andrea, andreak nahi bezala, mila esker, andrea, hala aritzen zaizkit, baina nirekin jai dute, ez naute liluratuko, ez diet utziko, jakingo dut kate motzean lotzen, gure familiarenak betidanik izan direnak inork lapurtu ez diezazkidan. Saiatu moroekin, Gloria, langile onak dira, esaten dit Laura Ybarrak, nire beldurra aitortutakoan, eta hala da, seguruenik, berak dioen eran, bizitza erdia igaro baitu enbaxadaz enbaxada eta ondo jakin behar du.

      Ez naiz fio, moroak maltzur azeriak iruditu zaizkit beti, fanatikoak, eta ez nuke terrorista bat nire etxean nahi, inolaz ere, urteetan guk jasan behar izan dugun terrorismoarekin nahikoa izan dut, urte gogorrenetan ere kalera irten izan naiz lasai asko, nire lagunak Alde Zaharrean sartzen ausartzen ez zirenean ere, ni hemen ibiltzen nintzen, terroristei eta jonkiei ezaxola; orain, aldiz, beldur ibiltzen naiz askotan, etxetik irten orduko moroak ikusten ditut kantoian, drogak erretzen dituzte edota paper marroizko, plastikozko zorroetan sartzen dute burua drogatzeko, lekeda esnifatzen dute, Josek kontatu didanez. Hori dena guztion aurrean, non dago ba polizia, udaletxekoa edo Ertzaintza, berdin zait, biak ordaintzen ditugu gure diruaz. Inon ez, horri esker ibil daitezke moroak ibiltzen diren bezala, hemengo jaun eta jabe. Gorrotatzen gaituzte, ezagun dute, nola begiratzen diguten nahikoa da horrenbeste jakiteko, gorroto horrek beldurtzen nau, gau batean etxerako bidean inguratu, jo eta lapurtuko didatela pentsatzeak eragiten didanak, edozein basakeria egiteko gai dira mutur handi horiek, bonba bat jar dezakete autobus batean edo Anoetan, futbol egun batean, edo hementxe bertan, turistek betetako kale hauetan.

      Tokitan daude garai bateko turistak ere, Maria Cristinan edo Londresen geratzen zirenak eta Juanito Kojuan edo Nicolasan bazkaltzen eta afaltzen zutenak, klase pixka bat bazeukatenak, ondo jantzitako eta hobeto hezitako gizon-emakume eder haiek guztiak. Beste garai batzuk ziren, ez dago esan beharrik, denok bakean bizi ginen garaiak, terrorismorik gabeak, Espainia osoko familiarik nabarmenenek udak hemen igarotzen zituztenekoak, zoriontsuak izan ginenekoak.

      Zoriontsuak? Batzuetan bai, beste batzuetan ez hainbeste, zoritxarrekoak ere izan ginen, gurasoak bereizi eta anaia eta biok eskola banatara joan behar izan genuenean, gogorra izan zen, baina asko ikasi nuen, diziplina adibidez, edozein tokitan eta unetan duin agertzeko borondate menderakaitza, zeren eta Mme. Licheronenean, Ongi Jinen ikasitako bertute edo dena delako horregatik izan ez balitz, hilda nengokeen aspaldi, horregatik eta artean nire premia zuen Eugeniarengatik, noski, ezin bainuen mundu doilor honetan, hain txikia, bakarrik utzi, errugabe halakoa, Arturoren heriotza ankerrak eragin zidan oinazea jasanezina izanagatik ere. Eta alaba izan nuen gogoan Gonzalori ezkontzeko baiezkoa ematean, baldintza bat baizik ez nion jarri, Donostiara, nirera etorri behar zuen bizitzera, nahiz eta enpresa Bilbon eduki; berak, aldiz, beste zerbait proposatu zidan, Algortan biziko ginen astegun zurietan, baina asteburu osoa Donostian igaroko genuen, ezetz esan nion, eta azkenean nire asmoa onartu behar izan zuen, betiko galduko ninduen beldurrez, ordurako pitin bat ezagutzen ninduen, eta guztiz sinetsi baitzidan mehatxua. Andre potroduna zara, esan zidan, zurekin txantxa gutxi, eta hala zen: barrabilak moztuko nizkioke nire etorkizuna edo alabarena arriskuan jarriko zuen edozein gizoni, eta bazekien.

      Ibizan ezagutu nuen Gonzalo, Arturoren bitartez, hura eta haren emaztea sarri azaltzen baitziren diskotekara; sei seme-alaba zituzten, ordurako hainbat aldiz aitona-amondu zituztenak. Gu baino hogei urte zaharragoak ziren arren, bazekiten bizitzaz gozatzen, unean unekoaz, gazte baten sukarrik gabe, baina sofistikazio handiagoz, savoir faire, savoir vivre gehiagoz, bikote bikaina osatzen zuten, dibertigarria, inbidiagarria niretzat. Emaztea, Begoρa, artista zen, eta itsasoa pintatzen zuen behin eta berriro, itsaso bare urrezkoa, itsaso haserre urdinkara bitsaren zuriak ozta arindua, suak hartutako ilunabarreko itsaso gorria, oi Mediterraneo aldeko argia, esaten zuen miretsita, zein ezberdina gure itsasoarenarekin alderatuta, eta Gonzalok burua pitin bat mugitzen zuen, seguruenik hamaika aldiz entzuna zuen hura lehen aldiz entzungo balu bezala; polita zen ikusteko, are hunkigarria, Arturori aipatu nion, eta hark bere betiko eran barre egin eta pintatzen ikasteko esan zidan, bera jadanik enpresaria baitzen, Gonzalo bezala, eta horixe egingo nuela agindu nion, edozer haien erako bikote bat osatzeko Arturorekin, elkarrekin egoteko haiek bezain luze. Asmo polita nirea, baina nahiko begilaburra, zeren ahaztu edo oharkabean pasatu zitzaidan hura eragotzi ziezadakeena, agerikoena, gure edozein asmo zapuztu ohi duena: heriotza.

      Itsasotik urrun harrapatu zuen Begoρa, Bilboko ospitale batean, pare bat hilabete lehenago buruan aurkitu zioten tumore txar baten ondorioz. Arturo, aldiz, bala batek hil zuen, asasino baten pistolatik irtendakoa. Biek ala biek hutsune erraldoi bat utzi zuten beren atzean, elkarri lagunduz Gonzalo eta biok betetzen ahalegindu ginena. Begoρaren heriotzaren berri hil eta hilabeteetara izan nuen, Gonzalok telefonoz hots egin zidanean, Arturorengatik doluminak emateko; egunkari eta telebista guztietan agertu zenez, gertatutakoaz jakin eta nik huts egin nituen hileta-elizkizunetara etorri eta han ikusi ez ninduenez, nola nengoen jakin nahi zuen. Zer esanik ez, gaizki nengoen, lehen aldiz alargun sentitzen nuen neure burua, elbarri, nire gorputzari atal bat moztu izan baliote bezala, moztutakoa ez zegoen jadanik, baina mamu-minak han jarraitzen zuen, bertan egondakoaren oroigarri, eta hain zen latza, non, Eugeniarengatik izan ez balitz, Arturoren atzetik joango bainintzen neu ere. Horixe aitortu nion Gonzalori, eta ondo ulertzen ninduela esan zidan, berak ere antzeko zerbait sentitzen zuela, batez ere lan-bidaietatik itzultzen zenetan, etxeko bakartasunak, hango isiltasun astunak estutzen zuela, urteetan bizitasunez eta zarataz betetako etxe hura hilkutxa bat iruditzen zitzaion.

      Benetan lagundu zidan Arturo hil ondorengo hilabeteetan, asteburuetan Donostiara etortzen zen, Londres hotelera, eta zinemara edota afaltzera eramaten ninduen eta Eugeniari opariak ekartzen zizkion, baita neuri ere, nahiz ezer behar ez nuela adieraziz protestatu. Hartzeko lasai esaten zidan, Parisen, Frankfurten, Erroman edo Bruselan zegoela, niri oparitutakoa nonbait ikusi, niretzat egokia zela pentsatu, dendan sartu eta, besterik gabe, erosi egin zidala. Gonzalo eskuzabala zen, baina, urteak gorabehera, gizon galanta ere bazen, horregatik ez nintzen harritu, igande bateko arratsaldean, Londres hoteleko haren gelako ohean bukatu nuenean. Arzakenean bazkalduak ginen eta, dezente edan genuenez, badia osoa ikusmira zuen gela hartara atseden pixka bat hartzera joatea normala iruditu zitzaidan, Gonzalok beregana erakarri eta kopetan muin egin zidan; bitxi sentitu nintzen, baina ez deseroso, artean indartsuak ziren beso haiek babestuta, eta antzeko zerbait gertatu zitzaion berari ere, amodioa egindakoan aitortu zidanez. Alkoholaren lurruna ordurako gure buruetatik aparte, pozik ginen biok, arindu ederra hartuta, dolua bukatu eta bizitzarekin jarraitzeko garaia iritsi zitzaigula ulertuta.

      Handik aurrerakoa nahikoa azkar joan zen, Eugenia eta Gonzalo ondo konpontzen ziren, alabak ia izan ez zuen aitatzat hartu zuen nolabait, aita batek egin beharreko guztia egiten baitzuen hark. Mimatu egiten zuen, ia ni mimatzen ninduen beste, eta, Arturo etenik gabe gogoan izanik ere, estimu handitan nuen, gustura egoten nintzen harekin, maitagarria izateaz gain entzule eta hizlari fina baitzen, eta, batzuetan, hirurok ispiluren batean ikusi eta familia ederra osa genezakeela iruditzen zitzaidan, hori dela-eta ez nuen bitan pentsatu behar izan, berarekin ezkontzeko eskatu zidanean; biok alargunak gara, esan zidan, onuragarria izango da biontzat, jakaren barne patrikatik kutxatxo beltz bat atereaz; ireki zuenean, zafiro eder bat ikusi nuen, eta ezkerreko eskua hartu zidan eta hura hatzean ipini.

      Nire gustuko udatiarrak bezala, beste garai bateko gizona zen Gonzalo, printzipio eta balio sendokoa, baina malgua aldi berean, ulerkorra, nortasun horrek erakartzen ninduen, urteek emandako oreka niretzat inbidiagarriak babestuta sentiarazten zidan. Bizkorra zen, Arturo ezagutu zuen, bazekien ezin zela harekin lehiatu, ez zuen harekin lehiatu nahi, are eta gutxiago haren oroimenarekin, haren mamuarekin, horregatik saihesten zuen haren aipamena, ni mintzeko beldurrez. Hasierako grina nahikoa azkar baretu zen gure artean, elkarrekin bizitzen jarri eta urtebetera edo, eta harrezkero, paseoan ibiltzen zen bikote bat ginen, kafetegietako terrazen eguteran esertzen zena, Paseo Berriaren buelta amaitutakoan, eguerdiro vermoutha edaten zuena. Horra, funtsean, gure bizimodua.

      Zailena niretzat, Arturoren heriotzaren urteurrena izaten zen —oraindik ere hala da—, baina horretan ere jaun baten eran jokatu ohi zuen Gonzalok, egun horiek —hilaren bosta eta ingurukoak— hartzen baitzituen egin beharreko negozio-bidaiak egiteko, egun batzuez nirengandik diskretuki urruntzeko, niri bakea emateko, nire min eta oroimenekin bakarrik uzteko. Nire mina zela eta, mina hartzen zuen, eta horrek gaizki sentiarazten ninduen, horregatik eskertzen nion alde egitean eskaintzen zidan nahi beste negar egiteko aukera, inork ez zuen nitaz errukitu behar, lasai berritu nezakeen otsailaren hasierako gau hotz bateko izua, gertatutakoa jakitean hartu ninduen ikara, leiho ondoko besaulkian eserita, egun zoritxarreko haren testigantzak gordetzen zituen kartoizko kutxa magalean, eta badiari begira, barnera nintekeen oroimenaren zingiran.

      Arturo!

      Nire kutxa: egunkarietatik moztutako albiste, erreportaje, elkarrizketa eta argazkiak, nire altxorra, hainbeste maitatu nuenarengandik geratzen zitzaidan bakarra, gorde nitzakeen haren hondar bakarrak, besteak, benetakoak, emaztearen esku egonik, Arturok aspalditik maite ez zuen haren esku, egunkari guztietan seme-alabez inguratuta agertu zen beltzez jantzitako ile-horail polit baina arrunt haren esku. Hark egunkariei adierazitakoaren arabera, senar eta aita ezin hobea zen Arturo, maitekorra, zintzoa, langile porrokatua, gizon on bat, azken batean, jendekina eta lagun askokoa, ez Egin egunkariak aurkeztutako diruzale bihozgabea. Nola ibiliko zen droga kontuetan sartuta, Diarioko argazkian agertzen ziren seme-alaba ederrak izanda? Galdera egokia zen, eta nire artean eskertu nion bihotzez, ia gainerako guztia, aldiz, gezurra; gezur politak ziren alargun ofizialarenak, edonor hunkitzeko erakoak, baina amorragarriak niretzat, ondo bainekien haien harremana ustelak jota zegoela aspalditik, dena itxura hutsa zela, antzezpen interesatu nazkagarria, emakume haren estilo eza agerian uzten zuena. Nola liluratu zuen Arturo: ulergaitza zitzaidan, eskerrak garaiz jabetu zen haren gaiztakeriaz, eta eskerrak nirekin topo egin zuen beste norbaitekin baino lehen, bestela memelo oker horrekin jarraituko baitzukeen, eta zoritxarrekoa izango zen bizitza osoan. Nirekin zoriontsua izan zen lehen egunetik, koldar gaizto batzuek atzetik hil zuten gau madarikatu hura arte.

      Arturo!

      Zein misterio handia maitasuna, hain dira bihurriak haren bideak, eta apetatsuak haren aukerak, hain itxura eta mozorro ezberdinak har ditzake. Horretaz aritu gara Biteri eta biok behin baino gehiagotan, gure hizketagai kutuna dela esan daiteke, bioi gehien interesatu zaiguna. Maitasunak alderdi bat baino gehiago du, sustrai eta adar luzeak, eta maite izan duguna desagertzen denean ere, maitasunak hor jarraitzen du, inoiz baino biziagoa batzuetan, heriotzak, itzali beharrean, suspertu egin izan balu bezala, nire kasuan hala izan da eta Biteriren kasuan ere hala izan dela esango nuke. Izenik aipatu ez arren, berak ere bere Arturo duela eman dit nolabait aditzera, bihotzean badaramala inolaz ere ahaztu ezin duen norbait, bere kutuna, nirea bezala hilda dagoena, baina, nire kontrara, Biteriri ez zaio atzera begiratzea atsegin, hil arte bizi, esaten dit, hori omen zen ahaztu ezin duenaren leloa, eta horixe baliatzen du iraganari itzuri egiteko, mina saihesteko, azken finean, izan ere, hori, eta ez besterik, da kontua, biona, edonorena, mina saihestea edo, bestela, ahalik eta arinen eramatea.

      Arturok eta biok bizi genuenari ostera begiratzen diodala, zoriontasun betea ikusten dut, akasgabea, oso-osoa, elkarrekin egoteko ezkutuka ibili behar izan genuen aldian ere; mina ondoren agertu zen, hura hiltzean, mina eta amorrua ere bai, horixe sentitu bainuen, ezintasun izugarri batekin batera: hil zutenak asasinoak izateaz gain, lapurrak ere baziren, bizirik jarraitzeko gogoa lapurtu zidaten, itxaropena, horregatik gorrotatu izan ditut eta gorrotatuko ditut aurrerantzean ere, bekatu larria dela jakin arren. Barkatu beharko nituzke, kontzientziak eta bizi omen dugun bake giroak horretara naramate, baina ezin, Biteriri azaldu diot, traizioa irudituko litzaidake, nolabait.

      Traizioa hitz larria da Biterirentzat, adarra jotzeko gogoa guztiz eragozten diona, serio jartzen duena, filosofoa Iturrin agertzen denetan bezala. Maiteminduta duzu gajoa, jakinarazten diot, hari harpa jotzeko tentaldiari eutsi ezinik, eta berehala pikutara bidaliko nauelakoan. Maiteminduta ez, gaixorik dagoela esaten dit, gehiegi pentsatzen duela, eta horrek burua nahastu diola, ondoren gaineratzeko: zuk Joxeri bezala. Touchι. Irribarre xalo batez esaten dit eta biok barre egiten dugu, ezin hobeto baitakigu Jose eta biona berez barregarria dela, denbora-pasa atsegin bat ozta-ozta, eta hasi bezala bukatuko dela lehenago baino geroago, tirabira berezirik gabe, era lasai berean.

      Biterik kontatutako guztia ez da barre egiteko modukoa, ordea, zer hausnartu ematen dit, ustekabe harrigarriren bat noizbehinka, orain hurrena, filosofoaz ari ginela, eman zidanez: hari ere, zuri bezala, gehien maite zuena kendu zioten modu bortitzean, esan zidan. Zu alargun utzi zintuzten, hura umezurtz.

      Ordura arte ikusi egin ere ezin nuen neska ilunak beste itxura bat hartu zuen Biterik esandakoaren argitan: asasino bihozgabe batzuen biktimen biktimak ginen, memoriaren menpeko erabatekoak, etenik gabe berritzen zen oinaze sor batean kideak. Hori ginen biok, nahiz eta elkarrekin behin ere ez hitz egin. Hildakoek batzen gaituzte, Biterik esan zidanez.

      Asko ikasten da berriketan harekin, asko ikasten dut neure buruaz ere, barneko zurrunbiloa hitzetan jartzen dudala, zentzu pitin bat hartzen du ordura arte batere ez zuenak, kaosa ordena bilakatzen da hitzak ahotik irten ahala, iluntasuna argitasun, horretan laguntzen dit, eta, gainera, bultzatu egiten nau, ni zalantzatan ikusi orduko, Jorge nire lehen senarrarena kontatu nionean egin zuen bezala. Pitinka kontatu nion, zatika, atzera eta aurrera, baina laster eta ondo ulertu zuen: Homosexuala zenuen senarra, Gloria, gay, maritxu, nahi duzun moduan. Halaxe, gordin eta ziplo bota zidan hitzetan jartzen sekula ausartu ez baina nolabait banekiena; zuzena da, zuzenegia ere bai zenbaitetan, estimatzen diot zuzentasuna, ordea, Arturori estimatu nion bezala, erakarri egiten nau halako jendeak, hain dira ausartak, hain bizizaleak, non ez baitira gai heriotzaren itzal luzeaz ohartzeko ere, eta libreak izan daitezke hala.

      Dena ezin da, ordea, askatasunak eta diziplinak ez dirudite bateragarriak, eta ni diziplinarako eta diziplinatik hezi ninduten, eta halaxe hezi dut alaba, mundu zatar honetan ibiltzeko mesede egin diodalakoan, haren hobe beharrez, emakume batek ezinbestekoa baitu diziplina gizonen munduan sartu eta nabarmentzeko, eta, hain zuzen ere, hori lortu du Eugeniak Madrilen, lan egiten duen finantza konpainia amerikar handian, bertako nagusiei edozein gizon bezain ona edo are hobea dela argi utziz, eta, han irabazten duen diruari esker, paradoxikoki, emakume gazte libre bat da. Harro egongo zen haren amona, nitaz baino harroagoa seguruenik, normala den bezala, zeren haren bizitza eta nirea nahikoa antzekoak izan dira, gizonei dagokienez behintzat, mendean izan ditugu, bai, baina haien beharrean ere egon gara: biotako inori ez zitzaiokeen lan egitea burutik pasatu ere egingo. Duintasun kontua zen, klase kontua, aspaldiko kontuak, nolanahi ere, betiko galdu edo azkar galtzen ari den mundu batekoak, Internet eta sakelako telefonoak baino lehenagokoa, ezin sendoago, aldagaitza zirudiena.

      Gero eta ederragoa zaude, esan ohi dit Josek belarrira, Iturrin sartu eta ikusten nauenean, eskertzeko modukoa, edozein eratan, eta horixe egiten dut, eskertu, baina berak adierazitakoa aintzat inolaz ere hartu gabe, etxera itzulitakoan, bakarrik, nire logaleko ispiluaren aurrean eserita, makillajea kendu, aurpegia garbitu eta betiletarako seruma zabaldu ondoren, krema suspergarriekin ari naizela, argi eta garbi ikus dezaket denboraren laztanak azalean eragindakoa, pitinkako sarraski etengabe hori, patetiko bilakatzen da orduan edozein lausengu, hitz gozo edo gezurtxo onbera, alferrikako edozein maskara edo mozorro, nire gainbehera agerikoa da, eta ez du aitzakiarik, ez du gelditzerik, nahiz eta asteazkenero pilates egitera joan eta udan goiz eta arratsaldez igeri egin.

      Eta, hala ere, jarraitu beharra dago, bizitzak oraindik ekarri ahal diguna hartzeko prest, ez baitago inoiz jakiterik; nik, adibidez, bilobatxo bat nahi dut aspalditxotik, eta Eugeniak badaki, saiatzen naiz, ama, baina gaurko gizonekin ez dago zer eginik.

      Gizonak!

      Bi senargai izan ditu orain arte alabak, madrildarrak biak eta gure tankerakoak, baina gaizki joan zaio biekin, ezin okerrago, egia esan, eta etsi egin du, beste mutil batekin hasi da duela gutxi, mutil ona itxuraz, eta, Eugeniari sinestera, maitagarria, baina inolaz ere ez aurrekoak bezain guapo eta aberatsa. Ulertu egiten dut, zapuztuta dago eta beste klaseko batean aurkitu nahi du bere klase berekoek ukatu diotena, zuzen da beharbada, ez baitago jakiterik nork sentiaraziko digun zoriontsu.

      Arturo!

      Ez diot hori esan, noski, pentsatu bai, eta Jainkoaren eskuetan utzi dut dena azkenean, ulergaitza baitzait alabari gertatutakoa, hain neska bakana izaki; dena dauka, edertasuna, adimen zorrotza, alaitasuna, dirua, gehiago eska al daiteke? Zer gertatzen ote da, zerk huts egiten du? Bizi garen garai zoro honen errua izango da, oraingo gizon gazteena, batek daki. Edozein modutan, alabaren zoriona nahi dut nik, beste edozeren gainetik, gainerakoa berez etorriko da, bilobak eta hori dena, Eugenia bera etorri zen antzera, opari bat, bizitzarena, bere aitaren eta bion arteko harremanak utzi zuen gauza eder bakarra.

      Gutxitan gogoratzen naiz Jorgez, Eugeniaren zerbaitek —keinu batek— gogorarazten didanean baino ez; heriotzaz sarritan pentsatzen dut, ordea, eta batzuetan mesede egiten digula iruditzen zait, zeren eta Jorge eraman izan ez balu, ezingo nukeen, seguruen, Arturorekin ezagutu nuen zoriontasun erabatekoa ezagutu, ezingo nintzateke berarekin Ibizan egon, ezta berari esker han egindako lagunak eduki ere, Gonzalo bera.

      Zoritxarrez, heriotzaren mesedetzat hartu dudan hori ez zen musu-truk izan, ez zen opari bat, mailegu bat baizik, eskura jarri zidanak urte gutxi batzuen ondoren kendu zidana, era ezin bortitzagoan; gainera, bere ordezkariak bidali zizkion Arturori, urte batzuk lehenago Jorgeri Manhattaneko ospitale batera bidali zizkion era berean.

      Eta, guri, nora bidaliko ote dizkigu?

      Niri hona bidali dit, erantzun zidan Biterik, filosofoa egoten den zokoaren aldera begira, ulertu nuen, gero eta hurbilago sentitzen zuen heriotzaren mezularia zen hura Biterirentzat, horregatik zion niretzat ordura arte ulergaitza zen beldurra. Ez da harritzekoa Biterik hala hartzea, bestela itsusia ez litzatekeen neska horren itxura ikusita: goitik behera beltzez jantzita beti, pasa den mendean Parisko kafetegietan ibiltzen ziren existentzialista horietako bat balitz bezala, guztiz demodι, berak kontrakoa uste badu ere, harroa da, seguru naiz, eroa izateaz gain, harroa izan behar baita Biteri gizajoa gogaitzeko, martirizatzeko, zerbait egin izan balio bezala, zerbait larria, baina ez da hala izan —Biteriri berari galdetu nion—, egin dion bakarra jaramonik ez egitea izan da; filosofoak hori nahi baitu, haren maitasuna, hain zuzen ere, hark eman ezin edo eman nahi ez diona, bien artean dagoen adin tarteari gehiegizkoa iritzita, seguruenik, edo laster hilko delakoan bestela, hori izanik bere obsesiorik nabarmenena, denbora osoan buruan darabilena.

      Nekatuta omen dago, nekatuta egunero hamaika pilula eta botika hartzeaz, nekatuta urtero gutxienez pare bat aldiz ospitalera igo eta bertan gelditu behar izateaz, nekatuta lan egiteaz eta gauez ibiltzeaz, mendira joatearekin egiten du amets, baserri batean bizitzearekin, toki gozo bat nahi omen du munduari azken agurra emateko, betiko desagertzeko.

      Gora bihotzak, Biteri, segi aurrera, zoaz mendira, edozer egin, baina ez etsi, mesedez, ez galdu esperantza, bizitza harrigarria da, sekula ez dago jakiterik, norbait agertuko da bat-batean zure bizitzan, bizimodua hobetuko dizun botikaren bat aurkituko dute, beste zenbait alditan ere azaldutakoak berritu nizkion, eta denbora osoan begira izan nuen, irribarre amultsu bat ezpainetan, ahalegina eskertzen zidala, baina alferrik ari nintzaiola jakinarazten zidana. Ahoa ireki orduko banekien hori pentsa zezakeela, hitz egite aldera ari nintzaiola, nik neuk ere ez nituela berari esandakoak sinesten; sinesten nituen, ordea, ez beharbada guzti-guztiak, baina bai gehienak, garrantzitsuenak, bizitza harrigarria dela sinesten nuen eta sinesten dut oraindik ere, eta, era berean, borroka azken uneraino egin behar dela sinesten nuen, baita dena azkar aldatzen dela ere. Ez naiz beltzez jantzitako neskaren erako filosofo bat, noski, baina hiru kontu horiek agerikoak dira niretzat, eskarmentuak irakatsitakoak, nire jendearen ondoan ikasitakoak, amaren ondoan edo Arturoren eta Eugeniaren ondoan, besteak beste.

      Entenditu dizut, Gloria.

      Ez, ez didazu ezertxo ere ulertu, nahiz eta esan dudan guztia zuk zeuk lehenago adierazitakoa izan, zuk eta ez beste inork goraipatu baitizkit medikuntzaren aurrerapenak, eta Sovaldik salbatu zaituela, zenbat aldiz ez ote didazu esan?

      Bizimodu nahikoa latza izan du, nire ustez, drogak-eta tartean, galduta ibili omen da urteetan, Bartzelona aldean aurrena eta Donostian bertan ondoren, sekula ez dit gauza handirik kontatu eta, noski, nik ez diot inoiz galdetu, diskrezioa garrantzitsua baita niretzat, baina eskarmentua keinu bakoitzean nabaritzen zaio, batez ere begiradan, samur-samurra edo gogor-gogorra izan daitekeen horretan, argi-argia edo ilun-iluna, muturreko sentipenak izaten baitira Biterirenak, goian dagoenetan oso goian egoten da, eta behera datorrenetan, aldiz, zulo sakonaren hondora erortzen da, eta ez dago hortik ateratzerik.

      Pasatu eginen zaio, lasaitzen nau Josek halakoetan; gaztetatik ezagutzen du, baina ikusi gabe egon zen urte askotan, hogeita hamarretik gora, berak Frantzian emandakoak, hain zuzen ere. Halako gorabeherak izaten ditu, baina alaia da berez, hala izan da ezagutzen dudanetik, lagunaren aldarte aldaketa bortitzak zuritzen saiatzen da Jose. Ez du oso gogor saiatu behar, Biteri irribarretsu hori izanik aldi gehienetan nik ezagutu dudana, edozein bezero ondo hartzen duen hori eta ni neu ere maitekor hartu ohi nauena, niri konfiantza ematen asmatu duena, ni entzuten jakin duena, gainerakoak —izan ditudan maitaleak-eta— askoz interesatuagoak egon baitira nire gorputzaz, kontatzeko nuenaz baino. Biteri ez, Biteri ezberdina da, zenbaitetan gizona ere ez dela lirudike, hain egoten da gizon gehienen kezka eta nahietatik urrun, beste planeta batekoa balitz bezala.

      Ez al duzu amodioa egin nahi horrekin, galdetu izan diot, filosofoa bere betiko zokoan zegoela, eta Biterik, irribarrea zabalduz, ezetz, bere bizitzan izan behar zuen sexu guztia gaztetan izan zuela, asebeteta dagoela, ez duela gehiago behar, eta ondo bizi dela bizi den eran, istilurik gabe, eta sexuak, batez ere adin batetik gora, buruhausteak baino ez dituela eragiten, zapuztuta uzten duela, garestiegia izaten dela.

      Txortan egiten duzu norbaitekin behin, eta badirudi horrekin ezkondu behar duzula, betiko maite behar duzula, eta nik ez dut horretarako balio, ez naiz fio zurekin egin eta ia berehala zutaz maitemintzen direnez.

      Hitz egokiak Biterirenak, neuri ere hori iruditzen baitzait eramangaitzena, maite zaitut errepikatu eta gogaikarri hori, Joseri, adibidez, askotxotan entzun behar izan diodana. Badirudi hori esaten duenak baduela ondoren edozer egiteko eskubidea, gure nagusia izan daitekeela, baina nik ez dut inongo nagusirik nahi, Arturo eta gero, behin ere ez dut nahi izan, libre izan nahi dut, nire kasa ibili, inoren menpe egon gabe, Biterik ere nahi duen bezala. Askatasun egarri bera dugu biok, bere iraganaz kontatu didan apurrak aditzera ematen duenez; nire antzera, suertatu zitzaionera moldatu behar izan zuen, eta orain, bizialdiaren azken zatian bere buruaren jabea izan nahi du, behingoz. Egarri bera dugu biok, baina ni bizitzara naraman bitartean, hura heriotzara darama, dagoeneko hilik dago agian.