Hitzontziak
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
Azaleko argazkia: Idoia Unzurrunzaga
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
aurkibidea
 

 

1

 

Behin eta berriz. Behin eta berriz. Gauzak nire eskuetatik behin eta berriz igaro. Atertu gabe. Txikiak edo handiak. Behin eta berriz. Metalezkoak, plastikozkoak, paperezkoak: gauzak gauzak dira. Denak. Nire eskuek ukitu arte behintzat. Salgai bilakatu arte. Miraria nire esku lehorrek egiten dute, ez jainko ahalguztidun baten eskuek. Hartu, dena dakien nire aurreko begi gorritik pasatu eta horra miraria burututa: salneurri zehatza duen salgaia. Txanpon batzuen truke beste esku batzuek hartuko dutena. Botila bat olio edo botila bat ardo. Ia edozer izan liteke salgaia. Ni neu ere bai. Salgaia edo alokagaia.

      Orduka alokatzen dut neure burua. Merke antzean. Zenbat ordu, hainbat euro. Gutxi. Gutxiegi duintasunez bizitzeko. Neure burua alokatzen dut, gorputz osoa. Bereziki ezker-eskuin etenik gabe mugitzen ditudan esku lakarrak. Salgaiek eta horien truke jasotako txanponek zikinduak.

      Orduka alokatzen dut irribarrea ere.

      Zaila izan zitzaidan denbora guztian irribarre egin behar hori, beharbada zailena. Gero hori ere ikasi nuen, lehenago gustuko ez nuen beste hainbat gauza ere egiten ikasi nuen bezalaxe. Hemen ez dago beste aukerarik. Nagusiek, ikuskatzaileek eta arduradunek agindutakoa bete behar. Agindu inozoak izan daitezke, halakoxeak izan ohi dira, edo absurdoak. Berdin dio. Bete egin behar dira. Isilik. Irribarrez.

      Estreinako egunetik jakinarazi zidaten. Adeitsuki hartu behar genituen bezeroak. Guztiak. Halaxe azaldu zidaten, uniformea eta nire izena zuen plastikozko txartela ematearekin batera. Mimatu ere egin behar omen genituen. Baietz nik, jakina, denari baietz. Badaezpada ere. Eta berdin arduradunak kutxetako batera eraman eta berari adi egoteko esan zidanean. Aulkian eseri eta hasi da erreskadan datozkion bezeroak irribarrerik zabalenarekin agurtzen. Egun on, zer moduz, aspaldiko, nahi al duzu... Bazuen bezero bakoitzarentzat zer edo zer. Egun on, zer moduz, aspaldiko, nahi al duzu... Askok ez zion agur edo irribarrerik itzultzen. Bost axola haiei gorbatadun itsusi haren adeitasuna.

      Ordubete aritu zitzaidan arduraduna (Iρaki Aspe, bere txartelaren arabera) irakasle. Ondoren nire txanda iritsi zen. Atzean neukala, haren jarduna berritzen ahalegindu nintzen: Egun on, zer moduz, aspaldiko, nahi al duzu...

      Baldar aritu nintzen, zalantzati, baina biharamunean itzultzeko esan zidaten. Pott eginda baina pozik irten nintzen, ospatzeko gogoz: igotzen ari nintzen hiperrean, bezeroek hustutako apalategiak atzera betetzeari utzi eta kutxazain izango nintzen aurrerantzean. Eta, noski, Iturrira jo nuen.

      Astegun buruzuria izanik ere, beteta zegoen. Barrako nire zokoa bilatu nuen jende artean. Biterik berehala ikusi ninduen, baina zegoen tokian bertan geratu zen, ikusi izan ez banindu bezala. Astazakila halakoa. Aspez gogoratu nintzen, pena bertan ez egotea, bezeroak nola hartu behar diren irakasteko: Gabon, zer moduz, aspaldiko, nahi al duzu...

      Hire bezeroa nauk, mozolo hori, aldarri egitekotan egon nintzen, Biteriri gaiztoz begira, nire aldarteak, nire sentimenduek bost axola ziotela seguru. Musika eta jendearen berbaroa ozenegiak ziren inoren oihurik entzuteko. Keinu bat baino ez nion egin, egarri nintzela adierazteko.

      Asteazkena zen, ez ostirala, baina edan egin nahi nuen. Ospatzeko. Eta ahanzteko ere bai. Horretarako premia izaten dut sarri. Nahi ez nukeen asko daramat aldean. Buruan zulo bat egin eta erabat hustuko nuke batzuetan. Zama handia zaizkidan oroitzapenetatik libratuko nintzateke, ahal banu. Ezin, ordea. Gustura daude nire garunean, ederki etxekoturik, hildakoak hilobietan bezain. Eskerrak lanean ez dudan gogoratzeko astirik. Bezeroen emana handiegia da, arreta beste edozertan jartzeko: Egun on, zer moduz, aspaldiko, nahi al duzu... Behin eta berriz.

      Eta hala ere ezin ahantzi!

      Hala esaten dit Marik, gogoa beste nonbait dudala antzemandakoan. Ezagutzen nau Marisorginak. Ondo baino hobeto. Begiratu eta istantean daki buruan darabilkidana. Sinesgaitza? Ez horrenbeste: pare bat konturi jira eta bira pasatzen ditut egunak. Edo okerrago: kontu bakar bati, haren ustetan.

      Ahantzi alproja hori, esaten dit. Erraza balitz bezala. Ahantz dezala berak, ahal badu, etxean duena: Adolfo. Batzuetan, Mari dagoen aldera begiratu eta haren irribarreak (Egun on, zer moduz, aspaldiko, nahi al duzu...) ezkutatzen duen iluntasuna ikusi ahal dut. Dirdira moduko bat egiten duen iluntasun oliotsu bat. Une bat baino ez da izaten, bezeroak patriketan aurkitu dituen txanpon guztiak niri eskaini bitartekoa. Nahikoa.

      Bezeroek beren zaborra guri uztea atsegin dute. Traba egiten dien guztia utzi nahi izaten digute, txanpon txikiak izan edo beren baitako amorru zaharrak. Badakite gu garela horretarako egokienak. Ez digute begiratu ere egin behar. Jasotzeko gaude, horixe adierazten dute gure uniformeek: utz ezazu hemen soberan duzuna. Eta horixe egiten dute: pisu zaiena guri utzi. Badakite egin dezaketela. Urteak daramatzate horixe egiten. Gutxietsi, menostu, iraindu ahal gaituzte. Errieta egin, beren alabatxoak bagina bezala. Eta musu-truk, mespretxuaren ordaina gure betiko irribarrea baino ez dela izango ziur, burutik igarotzen zaien edozer botatzen digute, ez bat ez bi.

      Batzuetan, irainak itzultzearekin egiten dut amets. Jaiki egiten naiz, eta haietaz uste dudana jakinarazten diet bertatik bertara. Bat-banaka aletzen dizkiet nire arrazoiak. Ametsetan.

      Dena da posible ametsetan. Denon ametsetan. Posible da, esate baterako, Biteri eta biok elkarrekin bizitzea, hura nitaz maiteminduta egotea. Edota hipermerkatu bateko behin-behineko kutxazain izan ordez, unibertsitateren bateko irakasle izatea. Nire burua ikus dezaket, adi dagoen ikasle multzo baten aurrean, Hegel azaltzen:

      Herrschaft und Knechtschaft.

      Jaunaren eta esklaboaren dialektika. Zalantzarik gabe, nire gaia. Horren gainean egin nuen ikasketetako azken lana eta, ikusiak ikusita, ez dirudi halabeharrez izan zenik. Ba al da hau baino leku egokiagorik filosofo alemanaren teoria ospetsua ikertzeko? Ez dut uste. Marik, aldiz, oso bestelako iritzia du. Behin ere ez da unibertsitatean izan, baina argi du: txatxu zahar horren neskamea haiz, horretarako behar hau! Zulo bat haiz harentzat!

      Zulo bat naiz, bai, onartzen diot nire artean. Zulo ilun bat. Beterik egon nahi duen zulo bat. Betetzerik ez dagoen zulo bat, azken batean. Eta horra hor koska: bete beharko nindukeenak ez nauela betetzen. Ez bete, ezta estali ere. Uko egiten dio-eta, behin eta berriz.

      Ez umildu haren parean, eskatzen dit Marik. Nik ezetz, lasai egoteko, ez dudala halakorik egingo. Umiltzeko, guztiz eta osoki umiltzeko, hiperra dugu: zuzendaria, arduradunak, bezeroak. Ez dut beste inoren premiarik.

      Biteriren jopua izan nahi nuke, haren neskamea. Hark, aldiz, nire nagusia, nire jauna izan nahi ote luke? Ez dut uste, haren ezezkorik biribilena jaso baitut orain arte. Hitzik gabe adierazi dit, baina zenbait gauza ulertzeko ez da hitzen beharrik. Hala ere, ezin isilik egon. Neure baitan bada zerbait hitz eta pitz aritzera bultzatzen nauena. Etenik gabeko jario bat, gogaikarria. Nigandik irten nahian, zalapartaka aritzen zait isildu beharrekoa. Jakina, ez diot irteten uzten. Arriskutsua litzateke.

      Isiltasunak babesten nau. Berezitzat hartuko naute. Edo harroputz. Auskalo. Gutxiesten ditudala pentsatuko dute, beraiek baino gehiago naizela uste dudala. Filosofoa deituko didate.

      Filosofoa!

      Ez dakit nork eman dien nire ikasketen berri. Nik ez, hori seguru. Sekulan ez dut filosofiaren hizkera haiekin erabili. Aitzitik, haien modura egiten ahalegindu naiz beti, onar nazaten. Gaizki hitz egiten ere ahalegindu naiz zenbaitetan. Itxuraz ondo hartu banaute ere, mesfidantzaren distira nabaritzen zaie begietan. Areago, sentipen ilun oldarkor bat antzeman uste izan dut batzuetan haien irribarre itxuraz xaloan. Ez dira nitaz fio. Hori uzten du agerian haien keinu bakoitzak. Nire kezkei, esaterako, barregarri irizten diete, umekeria huts. Benetako arazoak haienak dira. Baina ni ere diru premian nago, haiek bezala. Neuk ere jan egin behar dut, eta jantzi eta etxeko alokairua ordaindu. Hik ez dun seme-alabarik. Ez, ez dut, egia, baina horrek ez du esan nahi dirurik gabe bizi naitekeenik. Inor ezin da dirurik gabe bizi. Filosofoak ere ez. Jan gabe ez dago filosofatzerik, goseak gogoa zorrozten duelako uste zabalduaren kontra. Zerbait zorroztekotan, erresumina zorrozten du goseak. Erresumina eta amorrua. Hori egunero ikusten dugu hiperrean. Jateko lapurtu behar dutenen amorrua, zaindariek harrapatutakoan. Biltegi ondoko gelatxora eramaten dituzte eta, batzuetan, haien oihuak entzun ditugu kutxetatik. Jan egin nahi dutela.

      Jan?

      Badute iluntzean etortzea botatzen dugunaren bila, besteek egiten duten moduan. Burua jaitsi eta lanean saiatzen naiz arreta osoa jartzen, lankideen kalaka ez entzutearren. Nire onetik ateratzen naute. Zergatik aztoratzen dira hainbeste. Azken finean, lapurrek ez diete inoiz ezer lapurtu, nik dakidala. Haien alde ere egon behar lukete. Benetan lapurtzen diguten lapur handiak mendekatzeko besterik ez balitz ere. Baina haien kontra daude. Lapur txikien kontra eta handien alde. Edo, bestela esanda, morroiak nagusien alde. Zapalduak zapaltzaileen alde. Jopuak jauntxoen alde. Betikoa: Herrschaft und Knechtschaft.

      Hipermerkatuari esker bizi gara eta, lapurtuz gero, guri ere ari zaizkigu lapurtzen. Halakoak esaten dituzte, lotsarik gabe, beraiek izaki hipermerkatuari ahal duten guztia lapurtzen diotenak. Denak lapurrak. Hipermerkatuaren hierarkian duen tokiaren arabera lapurtzen du gutako bakoitzak. Guk gauza txikiak beti: gozokiak, txokolatea, pilak, paperezko zapiak... Ez naiz horretaz harro, baina damu ere ez. Niretzat, lapurretak baino gehiago ekintza politikoak dira, multinazional ahalguztidun bati egindako sabotajea. Hori esaten diot behintzat neure buruari. Gezurretan ari ote natzaio? Ziur aski. Baina gezurrak beharrezkoak dira. Errealitatearen erauntsi bortitzetik babesten gaituzte pixka bat. Eskerrak. Bestela elkar akabatuko genuke. Egiak ertz zorrotzak ditu. Zauri gaiztoak eragiten ditu. Horretaz gogoratzeko, neure gorputzaren orbainei begiratzea nahikoa. Eta, hala ere, gezurra beste behar dugu egia. Norberaren egia txikia, jakina, besteak (handiak, hau da, munduaren zoko-moko guztiak, ezkutuenak ere, argitzen omen zituztenak) errautsak haizetan baino ez baitira gaur egun. Hala gure egia txikia, nola gure gezur potoloak ere. Zein da nire egia? Sarri galdetu diot neure buruari, eta nago bizitzea dela. Osoki bizitzea, ez bizirautea, nik egiten dudan bezala. Hil arte bizi, esaten zuen amak, gogoratzen ez dudan, gogoratu ezin dudan aitaren esaldi kutuna omen zena etsipenez berrituz. Hil arte bizi. Ederra, alajaina. Hura hala bizi izan zen, gutaz ahaztuta! Aita hil zenetik hogeitaka urte joan bada ere, lelo horrekin jarraitzen du oraindik amak. Ezin dio barkatu. Ez hari, ez haren lagunei, ez eta bere buruari ere. Niri ere ez, esan gabe doa. Baina dagoeneko ez dit axola. Ezin dut ezer egin. Ezin diot lagundu. Ez dit uzten. Biteri eta lankideak bezala, ez da nitaz fio. Neure ama ere ez. Horra egia. Horra mina. Horra nire gezurrak, txiki zein handi, ageri-agerian uzten dituena. Horra nire ispilu ankerra.

      Bertan ikusten dudana itsusia da, beldurtzekoa. Nik ikusten dudana ikusten ote du Biterik ere? Erantzuna baiezkoa balitz, erraz ulertuko nuke zergatik ez didan kasu egin nahi. Nork maitatuko luke munstro bat? Inork ez, noski. Biterik badaki zerbait munstroez. Taberna batean egon beharrean unibertsitatean balego, munstrokerian doktore izango litzateke, zalantzarik gabe. Horregatik ez ote dit begiratu ere egin nahi? Baliteke. Zorioneko Biteri. Ihes egiten dit ikusi orduko. Agurtzen dudanean, ozta itzultzen dit agurra. Burua igotzen du pixka bat eta hori izaten da dena. Edozein zakurri egiten dio niri baino kasu handiagoa. Esfingearen zakurtxo pekindar barregarri horri, adibidez. Ilezko bolatxo bat da, ia mutur eta begirik gabea, autismoraino berekoia eta zakarra. Hain txikia ez balitz, bere nagusiaren tankera bertsua luke.

      Esfingea, aldiz, handia da gorpuzkeraz eta garaieraz. Ikusgarria, batez ere janzteko duen moduagatik. Atso bat da (ez, emakume zahar bat da), baina janzkera koloretsua darabil, modernoa, ia nerabe batena. Zaila da hura albotik pasatu eta begira ez geratzea. Buruak, hari begiratzeko baino gehiago, hura goitik behera aztertzeko itzultzen dira. Gizonak eta emakumeak itzultzen dira, batzuk disimuluan eta beste batzuk gabe. Emakume gehienok gaizki begiratzen diogu, baina esango nuke gizonek, batzuek behintzat, desiraz begiratzen diotela. Bera, berriz, inori begiratu gabe ibiltzen da, takoi altuko larruzko oinetako garestietatik munduarekiko uzkur. Talaia horretatik ikusten du dena, altzoan zakur mikroskopiko hori besoetan daramala. Azken aldian ez du ondo jaten, edo hoztu egin da, gajoa, esango dio entzuteko prest dagoen edonori, besoetan daukan aberetxoari musuka. Hain da ahula, hain da gaixobera. Umetxo bat da, gaineratuko du lerdea dariola, nire bihotzekoa. Biterik ez lukeela gogoko ez baneki, barrez lehertuko nintzateke halakoak aditutakoan. Baina Biterirekin txantxa gutxi. Gizon iluna da, isila, bereziki nirekin. Lanean ari delako, seguru asko, esaten dit Marik. Haren modukoa haiz hi ere. Ezetz nik, funtsean alaia naizela, lasaia. Hemendik kanpo izango dun, ze, hemen uzkurra haiz oso. Ez dut harekin mokoka jardun nahi. Horretarako nahikoa du senarra. Alfer hori, hark esango lukeen bezala.

      Alfer hori: inoiz deitu dion gozoena. Zoritxarreko Mari, horra zer esaten diodan nik, esan gabe noski. Beste kontrario bat gehituko nioke nire hemengo kontrarioen zerrenda ez motzari, bestela. Eta ez dut nahi. Gehiegi litzateke niretzat. Aurkari gehiegi, buruhauste gehiegi, zalaparta gehiegi. Bada dotoretasun kontua ere. Oihane gajoa, esaten dit hark sarritan (Biteri dela bide, gehienetan). Mari gajoa, esan ahal diot nik ordainetan. Baina isilik nahiago, orain arte bezala. Estilo kontua. Gainera, zertarako ezer adierazi? Pentsa dezala nahi duena. Egin dezala nahi duena. Badu horretarako adina. Alfer baten emaztea eta ume eder baten ama da, hiper honetako langilea izateaz gain. Jakin behar luke zertan den mundua. Badaki kaka noraino hel daitekeen. Badaki egunero jatea ez dela hain erraza. Urdaila asetzeko premia itsusia dugu, zoritxarrez. Biziko bagara, bai. Eta denok bizi nahi dugu. Bizi, hildakoek ere bai. Edonola, baina bizi. Biziraun, behinik behin. Edonola. Eta horretarako ezin gorputza elikatu gabe utzi. Hezurrek behar dute. Larruazalak ere bai. Zelula bakoitzak. Materiak hil egin behar du, beste modu batez berpizteko. Hau da, desagertu egin behar du, berriz jaio eta ostera agertzeko. Materiak hala jokatzen du, eta gu materia gara. Materia hutsa. Marik sinesteko lanak baditu ere: Hori baino ez al gara? Zer gutxi garen, ba. Baietz nik, gutxi garela, ia ezer ez. Eta hark ezetz, nik diodana egia izanez gero, saltzen ditugun gauzak bezain gutxi ginatekeela. Horixe. Saltzen duguna baino askoz gutxiago gara eta. Argi eta garbi, nire ustez. Ikusi besterik ez dago Aspek nola jokatzen duen salgairen bat hondatzen denean. Sutan jartzen zaigu, salgai bakar horren galerak enpresa osoarena balekar bezala. Eta oso bestelakoa izaten da gure arduradunaren jarrera, hondatutakoa gutako bat denetan. Bi kasuetan kopetilun agertzen zaigu, baina salgaienean are ilunago. Horiek ordezkaezinak dira, nonbait. Gu ez. Gu hondatuz gero, zakarretara bota eta erraz aurkituko digute ordezko bana. Hemen esplotatua izan nahi duen jende mordoa dago bazterretan, eta badakite. Badute non aukeratu. Zerrenda luzeak dituzte, adin, sexu eta jatorri askotakoz beteta. Sarritan aipatzen digute. Beldurtzeko. Edozein arduradun edo begirale baino askoz eraginkorragoa baita beldurra. Horregatik erabiltzen dute. Lapurren aurka, noski, baina gure aurka ere bai. Lapurrak deitzen dituztenei kasu egiteko, seguritatekoak dituzte. Lapurrak deitu gabe lapurtzat gaituztenok zaintzeko, berriz, zerrendak. Zerrendak eta gu geu, esan gabe doa. Elkarren zaindari gaituzte, elkarren zelatari eta salatzaile. Musu-truk, gainera. Ordaindu, beste zerbaitengatik ordaintzen digute, errepikatzeagatik, alegia: Egun on, zer moduz, aspaldiko, nahi al duzu...

      Horra gure lanaren funtsa: errepika eta, ondorioz, nekea. Zortzi, bederatzi, hamar orduko nekea, soldata iraingarri baten truke. Horixe dinagu, horixe baino ez, ez ahaztu. Mariren aholkuak sobera. Nahita ere, inork ezingo luke ahaztu, batez ere soldata jasotzeko oraindik pare bat aste falta direnean. Nekea, kutxan ordutan eserita egoteagatik. Nekea, bezeroen heziketa txarra eta errespetu ezagatik. Nekea, hiperreko bozgorailuetan kanta berdinak egunero entzun behar izateagatik. Nekearen nekez, nekea. Izan ere, zer ez da nekagarria hemen? Hemen eta leku gehienetan, haserretuko litzaidake Mari: Hemendik kanpo ere zakurrak oinutsik.

      Zakur guztiak ez dira berdinak, ordea. Esfingearenak, esate baterako, ozta du zerikusirik hiperreko zaborretan aztarrika ibiltzen diren zakur sasikoekin. Hark bere jabearen gutiziak jaten dituen bitartean (zabaldu ahoa txikitxo horrek, nire bihotza!), hondar ustelak marruskatu behar izaten dituzte hiper aldekoek. Letagin zorrotzak dauzkate, eta, gaitz erdi, horiei esker urra ditzakete plastikozko eta paper latzezko zorroak. Pok, aditzen da, haizea zorrotik irtetean. Ondoren alarau bortitzen bat eta lanean ari diren masail indartsuen hotsa baino ez. Goseak ezarritako musika. Zakurrak ahalik eta azkarren jaten saiatzen dira. Sabela bete eta gehiagoren bila jotzen dute hala ere. Pok gehiago entzuten dira laster, baita ezer lortu ezin izan dutenen ulu etsiak ere. Nori ari zaizkio deika? Zakur madarikatuak. Inork ez ditu hemen nahi. Traba egiten dute. Traba, janari hondarretan aztarrika ari diren dohakabeei, eta traba haiek eragindako nahaste-borrastea goizero garbitu behar dutenei, besteak beste. Zuzendaria eta arduradunak ere haserre dituzte, bezeroak ez ote dituzten uxatuko kezkatan. Langileok ez bezala, horiek ondo zaindu behar dituzte, orain arteko salmentak mantendu ez ezik, handitu ere egin nahi badituzte, Madrildik edo Paristik etengabe eskatzen zaien moduan. Gehiago saldu behar dugu, esaten digute, gehiago saldu behar duzue, esan nahi badigute ere. Obsesio hori dute. Bezero gehiago, salmenta gehiago, diru gehiago. Ez haztea urritzea da. Ez hazteak artaburuen zerrenda luzatzea dakar. Gainera, hipermerkatua ez da handitu behar duen bakarra. Langileok ere hazteko premian gaude. Hori espero dute gugandik. Enpresaren politika omen da. Politika horren adibiderik onena: Aspe. Biltegian hasi zen, kamioiak deskargatu, salgaiak pilatu, ordenatu eta halakoak egiten. Biltegitik dendara pasatu zuten gero, eta han apalategi hustuak atzera betetzen jarri zuten. Hortik aurrera geldigaitza izan zen haren igoera, bizkor-bizkorra. Apalategietatik kutxetara eraman zuten, eta bertan erakutsi zion zuzendaritzari ez zirela oker bera aupatzea erabakitzean. Hala iritsi zen arduraduna izatera. Gurea.

      Aspe harro dago bere ibilbideaz: Nik egin badut, zuek ere egin dezakezue. Hori esan gabe ere, horixe adierazten digu ahal duen bakoitzean. Eta ez dabil oker, bere bidea baita enpresa honetan igotzeko biderik zuzenena. Zurubi bat da, mailaz maila igo beharrekoa. Mailak lankideak dira. Horietako bat zapaldu eta hurrengoan ipini behar da oina, indar egin eta gora egiteko. Erraza da. Aspek gogorarazten digu: Gogor lan egin eta eman eskatzen zaizuena. Lan egin eta eman, beraz. Zerbait jasotzeko, aurrena eman egin behar. Formula ederra, benetakoa balitz. Batzuetan, eman bai, baina jaso ez da ezertxo ere jasotzen. Neure eskarmentuagatik diot hori, dena emanda ere, esku hutsik geratu eta gero. Behin baino gehiagotan gertatu zait. Hala ere, hori baino askoz okerragoa iruditzen zait eman nahi eta inork hartu nahi ez izatea. Biterirekin hori gertatzen zait. Hari edozer emateko prest ni, eta hark hartu nahi ez. Amorragarria. Ez hartu, ez eman: ezer ez. Haren esku balego, begiratu ere ez lidake egingo. Zorionez, taberna batean halakorik ezin egin. Nahitaez ni ikusi behar. Begietan min hartu arren. Tabernaren jabea bera balitz, ez ninduke harrituko sarrera galaraztea. Begitan nauka. Nik dakidala, inongo arrazoirik gabe nauka begitan, nolatan ezin ulertu. Beharbada ez zaio nire itxura gustatzen, edo, nik jakin gabe, gaizki-ulerturen bat gertatu da bion artean. Ez ninduke harrituko.

      Gaizki-ulertutan aditua naiz, batez ere amari dagokionez. Zenbat ez ote dut harekin izan? Nahi baino gehiago. Beldurrez bizi da. Horrek zailtzen du dena. Bereizten gaituen horma da haren beldurra. Bizitza hondatu dio. Eta neuri ere hondatuko zidan, utzi izan banio. Baina ez nion utzi. Libre izan nahi nuen. Libre?, muturra okertu zidan Marik, amarenetik zergatik eta nola alde egin nuen kontatutakoan. Libre izan nahi nuen, bai, nahiz eta hemen bukatu. Paradoxa mingarria: zapalkuntzaren etxera askatasun bila etorri. Mingarria ez ezik, dibertigarria ere bada. Amarentzat bai, behintzat. Ondo gogoan dut zer esan zidan hiperrean hartu nindutela kontatu nionean. Haren etxeko sukalde ezin modernoagoan geunden, robot, labe pirolitiko eta beste hainbat trepetaz inguratuta. Nespresso bat eskaini zidan, telebistako iragarki batean bageunde bezala. Bere kezka agertu zidan orduan: moldatuko ote nintzen handik kanpo? Ez dakizu ezer egiten, bizitza liburu artean pasatu baino ez. Moldatuko naiz, ama, ez larritu. Moldatu, zu, filosofo bat? Horrekin ez dago jaterik. Eta nik: Horregatik etorriko naiz robot berrian egiten dituzun gutiziak jatera. Ez zidan ironia ulertu, eta bere etxera ez itzultzeko eskatu zidan. Hemendik bazoaz, benetan zoaz, betiko zoaz, ez itzuli orain duzun dirua xahutu bezain pronto. Aditu?

      Aditu.

      Gorrotatu egiten dut galdera hori. Nirekin hizketan ari denak lelotzat hartzen nauela ematen du aditzera: Aditu? Tamalez, amak ez ezik, beste askok ere badarabil hitzetik hortzera. Aspek, noski, baita unibertsitatean behin-behineko irakasle dabiltzan nire garai bateko ikaskideek eta Marik berak ere. Sasi filosofo, sasi irakasle horietako batzuek galdera hori erabiltzen dute, haiek dauden lekura iristeko hainbat aholku emandakoan. Haiek dauden lekura! Non daudela uste ote dute? Batzuek badakite hiperrean lan egiten dudala, eta ia zoriondu egiten naute, hain toki niretzat egokian esplotatua izateagatik. Badakizu, esaten didate, zure doktoretzarako: jauna eta esklaboa eta hori dena. Bai, hori dena. Unibertsitatean jaun eta esklaborik ez balego bezala. Hipermerkatu batean baino askoz gehiago dago, ni bezain neskame-morroi dira. Begirale eta arduradunak izan ordez, tesi-zuzendariak eta behin betiko irakasleak dituzte. Bezeroak ere badituzte, gero eta gutxiago izanagatik. Antzera gertatzen omen da hiperrean ere, nire harridurarako, nire kutxako jende ilara ez dela sekula bukatuko iruditzen baitzait. Krisia beste kontu batzuetan nabaritzen da. Jendeak erosten dituen gauzetan. Kantitatea ez da aldatu, kalitatea bai. Lehen litro bat olio erosten zuenak kantitate bera erosiko du orain ere, olibazkoa izan beharrean, ekilorezkoa. Horretan nabaritzen dut nik krisia. Batez ere horretan. Gero lapurrak daude, baina horietaz seguritateko zaintzaileak arduratzen dira. Tamala filosofiaren azokan zaintzailerik ez egotea, nire adiskide horiek guztiak kanporatzeko. Barregarriena, hala ere, hiperrean lan egiteko nire ustezko arrazoia da. Landa lana egiten ari naizelakoan daude hainbeste maite omen nauten horiek. Aspaldiko adiskide xaloak. Ez al dute beraiek ere alokairua hilero ordaindu behar? Ez al dute jan eta jantzi behar? Behin ere ez al dute zinemara edo tabernara joateko gogoa? Beharbada zonbiak dira. Beharbada denok gara zonbiak.

      Batzuetan biziak osotoro hilda daude. Eta hilak, aldiz, bizi-bizirik. Horietako bat da gogoratzen ez dudan aita. Bizirik dago nigan, galderak egiten hasi nintzenetik. Jakin-minaren eztena nabaritu orduko, hartaz galdetu nion amari. Zeruan omen zegoen eta hori bide zen jakin behar nuen oro. Zeruari begiratzen nion nik orduan, eta ederki zapuztuta geratu ohi nintzen, han goian haizeak bultzatutako hodeiak besterik ez bainuen ikusten. Hodei horien atzean irudikatzen nuen aita, irribarrez niri begira. Gero, bizitzak zauritu eta ordura arteko ipuinak barregarri bilakatu zitzaizkidan. Ipuinik gabe nola bizi, ordea? Hasieran posible zela uste nuen, baina laster ezetz, ezinezkoa zela jabetu nintzen. Hutsune handi bat nabaritzen nuen nire baitan, beste ipuin batzuek bete beharrekoa. Zein ipuinek? Horregatik aukeratu nuen filosofia. Makina bat zalantza nuen. Nire jakin-mina mugagabea zen. Funtsezko galderak iruditzen zitzaizkidanak nerabiltzan etenik gabe. Inguratzen ninduenaren zergatia ezagutu nahi nuen, ulergaitza zitzaidan mundua pixka bat ulertu. Argi izpi bat behar nuen iluntasun hartan. Izpi bat gutxienez. Eror ninteke betiko zoriona eskaintzen duten saltzaile esoteriko horietako baten eskuetan, eta edozein txorakeria salbabidetzat har nezakeen. Izpi hori, aldiz, liburuetan bilatu nuen. Bilatu bai, aurkitu ez. Munduaren iluntasuna altzairuzkoa da, gotorra, eta, saiatu nintzen arren, alferrikakoak gertatu ziren nire saiakera guztiak. Arrazoiaren argia ez zen nahikoa. Beste zerbait behar zen. Erraz esaten da, gero: beste zerbait. Hasieran, irakasleengan aurkitu nahi izan nuen faltan nuen zorioneko zer edo zer hura. Ezjakin galanta ni, haiengandik irribarre ziniko, dogmakeria eta harrokeria franko eta afaltzeko gonbidapenen bat baino ez nuelako jaso. Kaka egitera bidaltzekotan egon nintzen, baina, artean bilatzen ari nintzen lana aitzakia, arazorik gabe egin nien iskin. Zentzudun jokatu nuen behingoz, nire doktoretzako epaimahaian nazkante horiek egongo zirelako eta, nahi izanez gero, ederki har lezakete mendekua.

      Herrschaft und Knechtschaft.

      Modu berean jokatu nuen, unibertsitatean jarraitzea erabaki nuenean, lizentzia eskuratu eta gero. Erabaki zaila izan zen, hausnarketa luzea behar izan zuena. Alde batetik, unibertsitateak eragiten zidan egonezina zegoen. Beste aldetik, ordurako ikusten hasita nengoen errealitate gordina. Tirabira horretan errealitate printzipioa nagusitu zitzaion nire askatasun gogoari. Unibertsitatetik irtendakoan, langabetuen ilara bukagaitzaren azkenak bihurtzen gara ni bezalako lizentziadunok. Horrenbeste banekien. Banekien moduan doktoretzako ikastaroa eta abarrekoak amak (hau da, amaren senarrak) ordainduko zizkidala. Dena zoragarria, beraz. Arazo bakarra: ito egiten nintzen amarenean, Sixtok ni alabatzat jo arren. Gozo hartzen ninduten biek (gozoegi), eta hori eramangaitza zitzaidan. Handik kanpo behar nuen lehenbailehen. Baina garestiak dira alokairuak, egunkaria zabaldu eta laster ohartu nintzenez. Dirua behar nuen, neure dirua. Nondik atera? Egunkari beraren orrialdeetan hasi nintzen bila. Boligrafo gorriz markatu nituen interesgarriak, bospasei. Telefonoa hartu eta hots egin nien. Antzeko erantzunak jaso nituen: berandu ari nintzaien deika, iragarkian eskainitako lana jadanik hartuta zegoen. Ez dakit zenbat aldiz errepikatu behar izan nuen egun hartakoa. Goizero, gosaldu, amari egunkaria eskuetatik kendu eta iragarkiak aztertzen nituen etxe hartatik aterako ninduen lanaren irrikan. Orduak ematen nituen horretan. Telefonoz deitzen nuen, mezuak bidaltzen nituen.

      Behin eta berriz.

      Behin eta berriz, inoiz amore eman gabe. Hala ere, hiperraren berri beste bide batetik heldu zitzaidan. Garai batean fakultateko tabernan lan egindako neska batekin topo egin nuen kalean eta, honetaz eta hartaz hizketan ari ginela, aipatu zidan. Saiatzeko esan zidan, lehenbailehen joateko. Horixe egin nuen. Autobusa hartu eta hona azaldu nintzen. Norbaitekin hitz egin behar izatea espero nuen, baina paper batzuk eman zizkidaten. Nire datuak eta ordura arteko nire ibilbidea jakin nahi zituzten. Kontu handiz bete nituen, galdera guztiak ondo pentsatuz, edozein erantzun nire asmoetarako oker kaltegarria izan zitekeela jakitun. Nire ustez egiaztatzeko zailak ziren datuak eman nizkien, lan txikiak eta urrunak asmatu nituen, eta erabat isildu nizkien Filosofia ikasketak, badaezpada ere. Emakume gazte, baina lanean zaildua azaltzen ahalegindu nintzen.

      Eguerdi batean hots egin zidaten, biharamunean hona etortzeko esanez. Bezeroek hustutako apalategiak atzera betetzen jarri ninduten. Lana erraz bezain aspergarria zen, bakarka egin beharrekoa. Horretan aritzen ginenetariko bakoitzak hiperreko zati banaren ardura zuen. Argia zen agindua: hutsunerik ez apalategietan. Hortaz, bezeroek erabiltzen zituzten orgatxoetariko bat hartu, biltegira joan eta salgaiez bete behar genuen. Behin eta berriz.

      Salgai gehienak astunak ziren (metalezko potoak, kartoizko kutxa handi sendoak...), halakoak jasotzen ohitura ez zuen ni bezalako norbaitentzat. Eguneko lehen orduetan arazorik gabe aritzen nintzen, baina handik aurrera sufrimendu hutsa zen. Beso-eskuak orbaindu eta zaurituta, lepo-bizkarra harri bihurtuta, ahalegin mingarriak egin behar izaten nituen lanean jarraitzeko.

      Hasierako egunak izan ziren okerrenak. Pott eginda etxeratzen nintzen, hain birrinduta, non telebista pareko sofara jo behar bainuen berehala. Amarenean nengoen artean, eta entzutekoak ziren haren hasperenak, bere alaba maitearen egoera penagarria ikusita. Egun gutxi batzuetako kontua izango zela uste nuen orduan, baina, egunak igaro ahala, luzerako nuela ohartu nintzen. Hala, hiperretik itzuli eta estreinako egunaren zeremonia errepikatzen nuen iluntzero, amaren etsipenerako. Etxeko atea nire atzean itxi eta dutxapean jartzen nintzen, hiperretik ekarritako zikinkeria guztietatik libratzeko premian egongo banintz bezala. Ur beroak laguntzen zuen, baina ez nire azaleko zentimetro bakoitzean pilatutako nekea deuseztatzeko beste. Badakizu ez duzula inongo lanik egin behar, gogorarazten zidan amak. Esaldia hor bukatzen zuen, etxe honetan zauden bitartean esanez bukatu ordez, horixe izanik benetan hark adierazi nahi zidana. Banekien, lehen soldata jaso orduko handik alde egingo nuela nekien bezain ondo. Pikutara bidal nezakeen, eta egin ez banuen ez zen gogo faltaz izan, indar ezaz baino. Lagunak-eta astebururako utzi behar izan nituen, astegun buruzurietan etxean geratzeko baino ez bainuen gogorik. Lana nekagarria zen, baina dezente ari nintzen ikasten. Unibertsitatean baino gehiago. Ordura arte teoria hutsak zirenak errealitate fisiko bilakatu zitzaizkidan. Nire gorputz osoa laborategi bat zen, liburuetan ikasitakoak egiaztatzeko balio zidana. Alienazioa, besterentzea. Nekearen nekez, beste bat nintzen, neure izen eta itxura berberak izanagatik ere, arrotza, are gorrotagarria zitzaidan beste bat. Liburu interesgarriak ahaztuta, alferkerian eta telebistari begirik kendu gabe sofan hondoratuta zetzan alproja hark ezin nirekin zerikusirik izan. Inolaz ere. Bazuen, ordea. Nekea nitaz jabetua zen guztiz. Harena zen nire gorputzaren zelula bakoitza. Eta haren arauak estuak ziren. Lasaitasun erabatekoa derrigortzen zuten, eta edozein mugimendu, txikiena ere, eragozten. Horregatik sofa eta horregatik ere telebista eta haren mantra etengabea: dena salgai, dena salgai, dena... Umontzi epel batean egotea bezalakoa zen, likido amniotikoz inguratuta. Nekearen neskamea nintzen, eta nahi zuen guztia egin zezakeen nirekin. Beste inori onartuko ez niokeena ere bai. Pentsatzen eragoztea, adibidez. Nire gorputz osoaren jabea nire garunarena eta haren pentsamenduena ere bazen, eta hori zela medio onar niezaiokeen beste inori onartuko ez niokeena. Edozein zerrikeria. Okaztagarria irizten nien reality-en adikto bilakatu nintzen laster. Besteen min eta saminek neureak arintzen zituzten, nolabait. Lagun hurkoaren sufrimendua mugagabea da, eta egunero izaten nuen zer aukeratu. Maitasun falta izan ohi zen gehien sufriarazten ziena telebistako emakumeei. Gizon gihartsu ergel baten arretaren truke edozer egiteko prest egoten ziren emakume haiei. Emakumea barregarri uzten zuten emakume haiei. Hi ere hala ibiltzen haiz zahar nazkante horren atzetik, esango zidan reality-zale ere den Marik. Ez zen lehenengo aldia izango. Ezetz nik beti, ur sakonetan sartzeko gogorik gabe. Ezetz, azalpen luzeetan nekatzeko kemenik gabe. Zer axola zitzaion inori nire sexu bizitza? Hobeto esanda, nori axola zitzaion sexurik gabeko nire bizimodua? Orduan, orain bezalaxe, zerbait urruna baitzen sexua niretzat, nahiz Marik kontrakoa uste.

      Benetako bizitzak ozta du antzik telebistan ikusten diren zozokeriekin. Benetako bizitza benetakoa da: zuzena, gogorra eta itxurakeriarik gabea. Benetako bizitza ez dago aldez aurretik idatzita, ez du gidoirik. Benetako bizitzan ezin da atzera joan eta okerrak zuzendu. Gehienez, amak egindakoa egin daiteke: bizitakoa madarikatu eta sekula ez dela bizi izan sinetsi. Fikzio bat sortu eta horren barruan eroso bizi. Horretarako, ordea, ahaztu beharra dago, eta denok ez gara hori egiteko gauza. Ni ez, behintzat. Sekula ezagutu ez nuen aitaz ere gogoratzen naiz. Batez ere, hartaz gogoratzen naiz. Beste fikzio bat, agian. Edonork esango zuen hori, umezurtz jaio nintzela jakinda. Badirudi fikziorik gabe ez dagoela bizitzerik. Hau da, gezurrik gabe. Beharbada gure espeziearen funtsezko premia bati dagokio. Beharbada egiaren argitan, egia osoaren argitan ez legoke bizitzerik. Latzegia litzateke gure planeta honetan bizirautea. Baliteke oso bestela gertatzea eta egiak hainbat ohitura anker eta zurikeria astun alferrikako bihurrarazi eta horietatik askatzea. Auskalo. Edozein modutan, halako kontuak erabili ohi nituen nire artean, hiperreko apalategiak bete bitartean. Kontu zaharrak, aspalditik gogoan zirika neuzkanak. Horretan ari nintzela, bezeroen berriketak entzutea gertatzen zitzaidan askotan. Berez, bost axola zitzaizkidan. Ez nituen aditu nahi ere, baina aditu egiten nituen. Argi eta garbi, fikzioak kontatzen zizkioten elkarri. Gizon izan zein emakume, denak aritzen ziren horretan. Seme-alabez, lanaz, oporrez edo beste edozertaz ari zirela, berdin gezurretan ari ziren. Hitz erdika edo ozen, komeni bezala itxuraldatzen zuten edozein kontu. Fikzioak bizi zituen. Eta fikzioak bizi ninduen neu ere, besteak beste, hizketan aritutakoak bereizi eta nigandik urruntzen zirela, haien bizitzak irudikatzeari lotzen bainintzaion. Hizkerari eta janzkerari erreparatuta, erraz antzera asmatzen nien historia bana, tomate poteak edo sardina latak pilatzeari inoiz utzi gabe. Nire baitan fikzioa nagusitzen zitzaion filosofiari, eta, ordura arteko hausnarketak bat-batean bazter utzita, bezero haien balizko bizimodu eta izaera arruntak beste zerbait bilakatzen ziren fikzionatzearen fikzionatzez. Zerbait adierazgarria, zerbait interesgarria egunerokotasunean. Denbora-pasaren bat behar izaten da hemen ez erotzeko. Ekintza bera, mugimendu eta keinu berak behin eta berriz errepikatuz, edonor ero baitaiteke. Derrigorrezkoa da ihesbide bat, arnasa hartzeko zirrikitu bat, gutxienez.

      Gorputzak ez du fikzionatzen, ordea. Egia baino ez daki. Bere egia, noski, plazerezko, oinazezko edo nekezko egia erabatekoa. Minduta badago, zaurituta badago, ezin du itxurarik egin. Apalategi batetik bestera mugitzen diren gorputz horiek (trakets, motel edo zalu, urduri edo premia handirik ez duenaren patxadaz) beren egia aldarrikatzen dute, hitzen beharrik gabe. Modu berean gure gorputzek, langileon gorputzek, beren egiarik barnekoenak barreiatzen dituzte. Kutxa baten atzean babestuta edo korridoreetako babesgabetasunean, gorputz horien geografia argia da, ezin zehatzagoa. Dena bistan da. Jantziak gorabehera, dena bistan. Zauriak ezin dira ezkutatu, nahiz eta hamaika alkandora, hamaika jaka edota beroki jantzi. Oihalak alferrikakoak dira orbainak ezkutatzeko. Guztiz gardenak balira bezala, agerian uzten dute dena. Ebakiondo edo ubeldu, seinaleak hor daude, ezabaezin. Gorputzaren egiak. Oinetako krokodilo larruzkoak izanagatik ere, ezin inoren herrena desagerrarazi. Eta atorra zetazkoa izanagatik ere, nekez leunduko du hamaika aldiz urratutako larmintza. Markak, behin eginez gero, betiko dira. Juduak gara denok. Zenbakiak daramatzagu eskumuturrean, nire eskuetatik igarotzen den gauza bakoitzaren antzera. Uneoro eskaneatu ahal gaituzte. Garen guztia kode horretan dago. Zero asko. Dena eta ezer ez. Gorputzaren egia. Juduak gara denok. Edo palestinarrak.

      Harrigarria zein erraz bilaka daitekeen menperatua menperatzaile, zapaldua zapaltzaile. Egunero gertatzen da. Edonon. Edozer dela medio. Gainean dagoena azpian egon daiteke, konturatzerako. Ez da oso sarri gertatzen, baina gerta daiteke. Horixe gertatu omen zitzaion Joxe Goietxeri, Iturri tabernaren jabea ere badenari. Amari entzun nion: Gixajo bat bizitza osoan eta begira orain. Miresmenez esan zuen amak hori, aberats berriei dien ezinikusi niretzat ulertezinaren arrastorik gabe; azken batean, nor ama baino aberats berriagorik? Hollywoodeko film baten heroia zirudien Goietxek, amaren hitzetan, lan gogorraren bidez erpinera iritsitako gizon adimentsu bulartsu bat. Egunkarian ikusi, hasperen egin, ezkerreko eskuaz ilea atzera eraman eta, gaztetan ezagutu zuela aipatu ondoren, harritu egiten da gixajo haren bilakaera ikusgarriaz. Nork esango zuen orduan? Galderak egiteaz gain, horien erantzunak ere ematen ditu amak: Inork ez. Egun osoa tabernetan ematen zuten haietako bat, ez besterik. Zu ere han egongo zinen, ba, bestela nola dakizu hura non egoten zen? Horixe galde niezaiokeen eta horixe gorde nuen nirekiko, alferrikako kalapita baten beldur. Banekien zer esan behar zuen, gainera. Hamaika aldiz aditua nintzen bere gazte garaiko kontuak. Kontu haietan, aldiz, gutxitan agertzen zen aita, nik nahi baino gutxiagotan behintzat. Galdetu egiten nion, noski, baina laburrak izaten ziren haren erantzunak, sekula ez nik nahi bezain luze eta argiak. Kontu mingarria zen amarentzat, aspaldikoa, eta hobe genuen, hobe dugu oraindik, isilpean. Horregatik isiltzen naiz, amari minik ez eragitearren. Horregatik eta denbora galtzea litzatekeela ondo baino hobeto dakidalako.

      Denbora alferrik galtzea. Barregarria. Bizitzea bera ez ote da osoki denbora galtze izugarria? Hil behar dugula dakigun unetik ez ote da hala? Funtsezko galdera filosofikoak, dudarik gabe, gizon-emakumeok pentsatzeko gai garenetik errepikatu direnak. Behin eta berriz. Saihetsezinetan saihetsezinena. Hiper bateko kutxazain batentzat ere bai. Mota askotako paketeak, botilak eta latak nire eskuetatik igarotzen diren bitartean, pentsa dezaket horren gainean eta beste makina bat konturen gainean ere, denbora motel pasatzen baita hemen, kobratu beharreko salgaiak eskuratzen dizkidan garraio uhala bezain. Ezer ez da musu-truk ematen, ez hemen, ez beste inon, dena ordaindu beharra dago. Beharbada horixe adierazi nahi dit amak, hitz egokiak aurkitzeko lanak baditu ere. Beharbada horretan datza haren bizitzaren sekretua, jokatzen duen bezala jokatzera behartzen duen funtsezko arrazoia. Auskalo. Behin baino gehiagotan saiatu naiz hori dena argituko lukeen erantzuna aurkitzen, baina ez dut hori eragingo zukeen galdera egokia asmatu. Ez, ez dut asmatu, ez amaren kasuan, ezta beste inorenean ere. Begirada garbiaz ahalegintzen naiz edozeri begiratzen, hura ikusiko nukeen estreinako aldia balitz bezala. Baina, bai zera, beti suertatzen zait begirada lohitzen didan zerbait. Aurreiritziak, beldurra... Denetarik. Ordaindu beharrekoa? Baliteke. Batzuetan, amak ordaindutakoa irudikatzen saiatu naiz, dakidan apurrarekin, haren gaztaroa osatzen. Ezin esan lortu dudanik. Haren gainean dakizkidanak gutxi dira eta ez bereziki sinesgarriak. Bere buruaz zer edo zer aipatzen duen bakoitzean, beste norbaitez arituko balitz bezala aritzen baita ama. Urruntasun berberaz. Salbuespenik gabe bukaera zoriontsua duen istorio baten protagonistatzat hartzen du bere burua. (Inoiz izan ez dudan) aitari buruz galdetzen diodanean ere bai. Garrantzirik gabeko pasadizoak kontatu, modu bertsuan amaitzeko beti: Eta orduan zu iritsi zinen. Horra gakoa, horra esaldi sorgina, horra guztiaren hasiera eta bukaera. Zu iritsi zinen, hau da, ni neu iritsi nintzen. Funtsezko gertakizun horrek muga bat jartzen bide dio amaren bizitzari. Beste edozein amarengan normala litzatekeen hori, normaltasunetik harago doa neure amaren kasuan nonbait. Nire munduratzeak bereizten omen ditu haren bizitzaren alde biak: gogoratu eta ahaztu nahi dituenak. Gazte eta zoroa zenekoa, eta ama eta, beraz, emakume arduratsu eta zoriontsu bilakatu zenekoa. Edo, beste modu batez adierazita, haren bizialdian bi aro zeuden, lotsatzen zuena eta harrotzen zuena. Edo, areago, nire benetako aitari lotutakoa bata, eta haren benetako senarrari (bakarrari, nire aitarekin ez baitzen inoiz ezkondu) dagokiona bestea. Horrelaxe bana daiteke haren bizitza orain arte, baina, nahi izanez gero, badira beste modu batzuk ere. Esaterako, langile baten alaba zenekoa, eta oraingoa, konfort burgesez betetakoa. Txorakeriak, moztuko luke amak nire pentsamenduen haria. Ezagutzen dut, ordea, eta sekula ez diot halako konturik aipatu. Nerabe konformagaitza nintzenean ere ez (utzi ote diot inoiz nerabe izateari?). Ez nintzen horren inozoa. Ordurako, behin baino gehiagotan ohartarazi nahi izan ninduen benetako bizitza zeritzonaren arriskuaz, eta banekien nolako beldurra zion politikari. Ia sexuari ziona bezainbeste. Nire garunaren zein nire aluaren birjintasuna zaindu nahi zuen, kosta lain kosta. Damututa dagoelako, ziur aski. Azken batean, zer naiz ni, amak aitarekin birjintasuna galtzearen ondorio zuzena ez banaiz? Amak hala azaldu zidan, nire sortzeari buruzko xehetasunak jakin nahi izan nituenean. Hasieratik azaldu zidan modu berean: Nire lehendabiziko mutil-laguna izan zen, harekin batera deskubritu nuen ordura arte arrotz zitzaidan mundu bat, gure etxean ez bezala, askatasuna ia erabatekoa zen mundu zoragarri bat. Sekulakoa izan zen. Sekulakoa, politikak aurrena eta drogak geroago mundu libre hura suntsitu zuten arte.

      Droga: politika eta sexuarekin batera, apokalipsiaren hirugarren zalduna, amaren hitzaldi haietan. Droga: auskalo zergatik, inoiz izugarri erakarri ez nauen zerbait. Jakina, txirri batzuk erre ditut eta koka lerro batzuk ere sartu ditut tarteka, jai, parranda eta halakoetan, baina burua galdu gabe. Sudurra hautsez betetzekotan, taberna bateko komunean egingo nuke nik, inolaz ere ez hiperrekoan. Ez dun hainbesterako, esan zidan Marik behin, beste batzuek kafea edaten diten, ura izango balitz bezala. Berehala ulertu nion. Nitaz ari zen, kafearena baitut menpekotasun nabarmena. Koka eta kafea alderatzeari gehiegizkoa iritzita ere, burua makurtu eta berriketan jarrai zezala utzi nion. Ez dago besterik, Mari harrotzen denetan. Ezin jarioari trabarik jarri. Hitz egin dezala, beraz, bota ditzala barruak nahasten dizkioten goganbehar ustelak, betikoak: haurdun geratuz gero, lanik gabe geratuko ote den; haurdun geratuz gero, gizonik gabe geratuko ote den. Beldur horrek janda bizi da. Berriz ama izan nahi luke, baina jakitun da horrek lekarkiokeenaz. Kale gorrian ikusten du bere burua, ume jaio berri bat besoetan eta beste bat, koxkorragoa baina oraindik txikiegia, ondoan, lanik eta etxerik gabe; eta ikaratu egiten da. Ez niregatik, esaten dit, Aitor eta umetxoagatik baino. Hori esaten dit, bere beldurrak azalpen bat behar balu bezala. Aitor bere lau urteko semea da, eta nahikoa, haren aitaren iritziz. Etxetik botako nindukenan. Argi esan zidanan. Aitorrekin bakarrik estu eta larri ibili eta hik beste bat nahi. Zoragarria! Horixe esan zidanan. Gauza gehiegi esaten du bere Adolfok. Mariri sinestera, eta nik sinetsi egiten diot, haren mehatxua ez da txantxetan hartzekoa. Serio ari zaio. Bere ama alargunaren etxera itzuliko litzateke, eta bakea. Eta hark pozik hartu ere, sekula ez naizelako haren gustukoa izan. Bere Adolforen gustukoa ote den edo inoiz benetan izan ote den galdetuko nioke Mariri, galdera hori mendekutzat hartuko lukeela ez baneki. Nire mendekutzat, berak Biteriz behin baino gehiagotan adierazitakoak direla eta. Oker da. Zirikadak, probokazioak entzun dizkiot, baina aintzat jo ez, eta harekin ika-mika batean sartu baino, nahiago izan dut isildu, eta onartu itxura egin. Uste duela Biterik larrutan egiteko baino nahi ez nauela? Ederki. Pentsa dezala nahi duena. Pentsa dezala nik neuk ere pentsatu nahi nukeena, inolaz ere ez —eta tamalez— pentsatu ezin dudana. Pentsatu ez, desiratu bai. Behin eta berriz desiratu, haren sexu harroa irudikatu, nirekiko desio amestuaren froga. Irudikatu, ez gogoratu. Irudikatu, ezer gutxi dagoelako gogoratzeko. Eta horixe egiten dut, ezinezkoa da-eta gertatu ez dena gogoratzea. Gertatu behar zuena eta sekula gertatu ez zena. Horregatik da irudimena geratzen zaidan bakarra. Nire desiraren irudimena. Nire desira zapuztuaren kontsolamendu bakarra. Talka egiteko eta, beraz, mundu bat, historia bat sortzeko gaitasunik gabe, beste desira bat aurkitu ezean, muzinduta. Halako gogoeta hegeliarrek laguntzen didate bertan saltzen dudan denbora pasatzen. Pasatzea baita kontua, azken batean. Orduak pasatzea, egunak pasatzea, salgaiak eskanerretik pasatzea. Edozer. Makina bat kontu pasatzen da edonoren burutik, halako ordu luzeetan. Gaur nire aurretik pasatu diren bezeroak beste, gutxienez. Edozer. Gogoaren, desiraren bideak bihurriak dira, betiere harrigarriak. Esaldi xume arrunt eta, itxuraz, guztiz garrantzirik gabe bat nahikoa izan daiteke:

      Eta orduan zu iritsi zinen.

      Bost hitz. Nahikoa. Bost hitz eta hamaika aukera. Adibidez, esaldia ama baten ezpainetan kokatuta, damuz bete daiteke istorioa. Izan zitekeen eta inoiz izan ez zenaren damua, edo, bestela, izan bai, baina izan behar ez zuenarena. Nondik begiratzen zaion. Irudimenari ahalegin izugarririk eskatu gabe irudika dezaket esaldi bera Biteriren ahotan, niri begira esanda: Eta orduan zu iritsi zinen eta dena aldrebestu zenuen, dena nahastu, dena hondatu eta zapuztu. Horixe egin zenuen. Bai, erraz antzean entzun ahal dut Biteriren purrustada, hitzetan inoiz eman ez didana, baina urrunetik, begiradaz askotan jaurtiki didana. Zoaz, utzi bakean, ez dakit zer nahi duzun. Musikaren eta tabernako bezeroen berbaro trinkoa baino ozenago entzun ditzaket horiek guztiak, Biteriren begietatik irten orduko. Ni jo eta belarrietan lehertzen zaizkit, mingarri. Hain mingarri, non, zenbaitetan, belarrietara eraman behar izan baititut eskuak, odoletan ote dauzkadan. Horren beldur edo gehiago aditzearen beldur, agian. Nik beste zerbait aditu nahi dut, zerbait gozoa, zerbait atsegina, ez zakur amorratu baten zaunka. Amets barregarria, Biteri babesten duen oskola zein gogorra, zein hautsezina den jakinda. Oskola diot, batzuetan Iturrin sartu eta sarreratik urrunen dagoen barraren muturrean ikusten dudanean, handik begiratzen didanean, dortoka zahar bat iruditzen zaidalako, mesfidatia, heldu berriak (neuk) zauritu nahi balu bezala. Nik, berriz, zauri bakarra eragin nahi nioke, ni odolusten ari den berbera, desioarena. Horixe opa diot, hori soilik. Ausardia galanta nirea, hala ere, ez bainago inori ezer opatzeko moduan. Neskameak bere lana (bere gorputza) baino ez dauka bere jaunari eskaintzeko, eta nik, zerbait egin badut Biteriren arreta erakartzeko, hori izan da, neure gorputza eskaini, hiperrari egunero eskaintzen diodan bezala. Hari, ordea, dohainik eskaintzen natzaio, haren eskuetan utzita ni non, noiz eta nola hartu. Besterik egin al dezaket? Baliteke, baina ez dakit zer. Biteri gizon kementsua da, nahiz eta itxuraz ahul samarra izan. Dagoeneko hainbat bider hil denez (berak aitortu zidan, gure gau sorgindu, gogoangarri, bakar hartan), ez da heriotzaren beldur, neu bezala. Horri esker da indartsua, horri esker da nire jaun eta jabea, horri esker umiltzen dut behin eta berriz neure burua, egiten ari naizenaz guztiz ohartuta. Ezinbestean, ezer gutxi egin dezake-eta neskameak bere jaun eta jabearen aurrean. Ezer ez. Zain egon baino ez. Zain egon, haren ezpainetatik azkenik erori arte gauero amestutako esaldia:

      Eta orduan zu iritsi zinen.