Hitzontziak
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
Azaleko argazkia: Idoia Unzurrunzaga
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
aurkibidea
 

 

10

 

Bake garaian bizi gaituk nonbait, elkar ulertzeko, elkarrekin bizitzeko, lehengo kontu zatarrak ahazteko garaian, tolerantziarenean, doinu polita duk, bai, bakea nahi diagu guztiok, nola ez, guztiok nahi diagu ondo bizi, ederra lukek, posible balitz, ez duk ordea, batzuk ondo bizitzeko beste batzuek gaizki bizi behar ditek, Gloriak ere onartu zidak behin edo behin, baina berak edozer egingo likek berdin jarraitzeko, orain arte bezala, berea dena berea da eta, gurasoek, aitona-amonek, arbasoek utzitakoa, familiarena, belaunaldi askoren emaitza, eta, galdetuz gero, antzeko zerbait esango liketek edonongo jabe eta nagusiek, horregatik su eta gar defendatuko liketek, Bitorixan duela berrogei urte egin zuten bezala, egin zezaketen guztia egin zitean, eskura zeukatena erabili, gezurrak, borrak, ke-potoak, balak, guk, aldiz, eskuak baino ezin, harriak eta molotov koktel kaskar batzuk, gure esku zarpail zikinak, ezer gutxi estatuaren armategiaren aldean, bost hildako eta ehunka jipoitu eta zaurituren ondoren, borroka luze gogor baten ondoren, esku-hutsik geundean, ez bakarrik Bitorixan, Euskal Herriko beste zokoetan ere berdintsu, gainera, genuen apurtxoa orduan sortzen ari ziren sindikatuek kendu nahi zigutean, borrokaren etekinak nahi zitiztean, bakoitzak bere antolamendua finkatu nahi zian, ahalik eta bulego gehien zabaldu, ahalik eta langile gehien bildu, haien lepotik burokrata pilo bat bizitzeko, bakoitzak bere zatitxoa nahi zian, ustez zegokiona, eta, lortuz gero, saritu zituen estatuaren defendatzailerik sutsuenak bihurtzen zituan, miragarria zuan, goizetik gauera aldatzen zuan jendea, memoria erauzi izan baliete bezala, entenditzeko modukoa, beraz, langile mugimenduaren lorpenik handiena, batasuna, azkar haustea, langileen batzar orokorrak antigoaleko kontuak zituan, langileak defenditzeko sindikatuak zeudean, Europan bezala, edozein herri demokratikotan bezala, langileak trankil egon zitezkean, aberastasuna banatzeko aberastasuna sortu beharra zegoan, eta horixe baino ez zitean egiten ugazabek, borrokatu ordez, zaindu beharra zegoan, gure hobe beharrez, nazkagarria, botaka hasteko modukoa, estatuak, nagusiek ia ez zitean poliziaren beharrik, elkarren polizia bihurtzen ari ginen-eta, mugimendua kinka larrian zegoan eta, beti bezala, hi izan hortaz jabetu zen lehena, pentsatu beharra zegoan, horretan ematen hituen egunak, hilabete batzuk lehenagotik zetorren autodefentsaren gaineko eztabaida bizitu egin zuan, Bitorixan eta beste hainbat tokitan ere bai, mugimenduak bere burua defendatu behar zian, eta, horretarako, antolamendu armatu baten premia zegoan, hi iritzi horretakoa hintzen, neu ere bai, horretan bat gentozaan denok, antolamendu moduan ez ordea, beste ETA bat behar al dugu, galdetzen zitean batzuek, ez, guk beste mota bateko ekintzak egin behar genitizkek, beste modu batean antolatu, erantzuten zitzaiean, ez haiek bezala goitik behera, modu autonomoan baizik, talde ezberdinen koordinakundea izango lukek, halako zerbait, talde sare osoak isilpekoa behar zian, preso hartuko, torturatuko edo hilko gintizketean, partidu gehienen eta haien peko sindikatuen oniritziarekin, gainera, eskuinekoak eta ezkerrekoak elkartu eta gure atzetik hasiko zituan, terroristen atzetik, horixe baino ez ginelako haientzat izango, terrorista zikin batzuk baino ez, probokatzaile batzuk, ia faxistak, ETAri esaten zizkiotenak errepikatuko zizkigutean, hori dena bagenekian, asmatu ezin genuena, aldiz, zera zuan, halakoak botako zizkigutenetako batzuk lagunak izango zirela, Manolo Lete horietako bat, neuri eta hiri minik handiena egin ziguna, apaiz gazte erreboltaria lehendabizi, eta Cablenorreko langileen ordezkari zintzoa gero, gugandik urrundu eta Euskal Iraultzarako Alderdia omen zenaren kide bihurtu zuan, legala izan ahal izateko, Euskadiko independentziari eta iraultza sozialistari uko egin berri zion haren kide, ezin apaizez fio, esan huen, baita EIA hura partidu estalinista zela ere, hire azalpenek ez zidatean lagundu, hik baino askoz lehenagotik, herriko Gazte-Lekuaren garaitik ezagutzen nuelako akaso, sekulako mina hartu nian laga gintuenean, egia esan, ez zuan hura izan autodefentsaren gaineko eztabaidaren garaian abandonatu gintuen bakarra, aurrera egin behar zuan ordea, irabazi arte, bidean kideak galtzen bagenituen ere, galduko genituela segurua zelako, batzuk baztertu eta etxera joango zituan besterik gabe, baina egongo zituan oso bestela jokatuko zutenak ere, isildu ordez, inoiz gutarra izana aitortuko zutenak, aitortu beren damua berehala aldarrikatzeko, horiek gazte kontuak zirela, hori baino ez, ulergarria, beraz, ezaguna duk-eta gazteek, edozein gaztek, txorakeriak egiteko berezko joera dutela, denboraren poderioz sendatu daitekeen gaixotasuna bestalde, ez oso larria, eta barkagarria erabat, Manolo Lete halakoa zuan, damutua, baina ez musu-truk, damutu bere txokotxoa bilatzeko frankismoaren jarraipen hutsa zen sasi demokrazia hartan, ederki asmatu huen berriz ere, euskal iraultza zuzendu behar omen zuen partidua, komunistekin, Espainiakoekin elkartu zen-eta, luze gabe, estalinistak bai, biak, biak txoko epel baten bila, etekinak ateratzeko garaia zuan eta kito, ereindakoa jasotzeko sasoia, horretan ari zituan, norgehiagoka, horretarako banderez eta ideiez aldatu beharra bazegoen ere, berdin zian, demokraziak eskuzabaltasuna derrigortzen zian, adostasuna, tolerantzia, bat etortzea, klase ezberdinen arteko akordioa, hain justu, betikoa, burgesiarekin egin zitekeen bakarra, zuek azpian eta gu gainean, zuek morroi eta gu nagusi, gurekin jai zitean ordea, trikimailu txepel horiek primeran ezagutzen genitian, ziri hori ez zigutean sartuko, guri ez, erregimenak bahitutako hitzak askatzeko momentua zuan, askatasuna askatu beharra zegoan, demokrazia demokratizatu beharra, horretan ari gintuan, denbora pasatu ahala ordea, gure egitekoa uste baino zailagoa zela konturatu gintuan, itxuraz gurekin bat zetozen gehientsuek, hainbat aitzakia ipinita, ezetz erantzun ziotean gure eskaintzari, azkenean hiru geratu gintuan, Trosko gaztetxoa, hi eta hirurok, hala osatu zuan gure taldetxoa, hala sartu gintuan galdu baino ezin genuen gerran, armak, ahalik eta onenak, nola edo hala inguratzea zuan guretzat premiazkoena, udaltzain edo militarren bati lapurtu ahal genizkioan, merkatu beltzean erosi ahal genizkian, besterik ez zitzaiguan bururatzen, aukera biak arriskutsuak, ezer ez egitea bezain arriskutsua, horretan ados gintuan hirurok, Trosko eta biontzat, aldiz, zirt edo zart egin beharra zegoan, hiretzat ez bezala, gauzak ondo egin behar ditiagu, esaten huen, gureak egin dik bestela, eta hire alde egin genian, batez ere, pistolarik ezean, guk egindako lehergailuak erabiliko genituela aditu eta gero, guk ez zakiagu hori egiten, ikasiko diagu erantzun higun, eta harro erakutsi higun, bonbak egiteko gidaliburu bat, marrazkiz betea eta gaizki inprimatua, frantsesez idatzia, anarkista batzuek-edo, bertan ageri ziren sinpleenak aukeratu eta horiexek egiten saiatu gintuan, gehienen osagaiak oso arruntak zituan, eskuratzeko errazak, hala, hik edo Troskok itzulitako azalpenei jarraituz, molotov handiak izatera ozta heltzen ziren lehergailuetatik askoz bihurriagoak zirenetara pasatu gintuan, metxa motz eta luzeetatik ordulari baten bitartez eztanda egiten zutenetara, harkaitz baten edo zuhaitz batzuen atzean babestuta, tramankulu erraz horiek, beren txikian, zein eraginkorrak ziren ikusten genian miretsita, hain kaxkar, eta, aldi berean, hain suntsigarriak, prest geundean, non ipini erabakitzeko astia izan genian, lehenak izanda kontuz ibili behar genian, eta jendea zauritzeko arriskurik ez egotea, geure buruari jarri genizkion baldintzetako bat izan zuan, horrek gauez lehertu eragitera behartzen gintuan, irizpide politikoen arabera aukeratu genitian jomugak, hala ere, hiru sindikaturi egingo geniean eraso, komunisten CCOOri, sozialisten UGTri, eta txinoen SUri, hirurei gau berean, gure mezua mundu guztiak ulertzeko, zalantzarik ez egoteko, berdin zitzaigun-eta noren sindikatua zen, denen kontra geundean, langileok banatzeko tresnak zituan, batasunak aitzakiarik ez zuen garaian, sartu zuen demokrazia ipurtzulotik gora esatekoa, guk badiagu gurea, demokrazia zuzena, batzarra, inork ez gaitik ordezkatzen ahal, guk hitz egiten diagu, guk aukeratzen diagu, gure esku zagok dena, Trosko eta hi makal samarrak zinetelako edozein eskulanetarako, nik lapurtu behar izan nian lehergailuak ipintzeko erabili genuen autoa, Ford Fiesta berdexka bat, Frantzia kalean aurkitu genuena, metalezko ziri baten bitartez atea zabaldu, bolante azpian motorra martxan ipiniko zituzten kableak lotu, txinparta ikusi, motorrak orro egin, Trosko eta hi korrika autora igo eta lehergailuak gordeta genituen lekura abiatu gintuan, kartoizko kutxa banatan sartu genitian han, eta haietako bakoitzean, alde guztietan, barruan zer zegoen eta zein arriskutsua zen letra potoloetan idatzi genian, badaezpada ere, ez genuen-eta inor zauritu edo hil nahi, gurea sinbolikoa zuan, salaketa bat, aldarri bat, lehergailuak guk biok ipini genitian, hirurak, Trosko autoan gure zain utzita, San Franciscon poliziaren balek eragindako zaurien ondorioz herren nabarmen samarra zeukan-eta, ordu erdi bat genian hirurak jartzeko gure kalkuluaren arabera, hortik gure presa, di-da egin beharra zegoan, astirik galdu gabe, eta halaxe egin genian, bukatutakoan, Ulibarritik gertu erre genian Fiesta berdexka hura, lotara joan gintuan gero, esnatutakoan izango genian hik idatzitako agiria egunkarietara bidaltzeko astirik, eta bidali izan ez bagenu ere, antzera, guk ezer bidali baino lehenago bazekitelako zeinek ipini zituen bonbak, ETAk, noski, zeinek bestela, eta idatzita zitiztean haren kontrako editorial eta zutabeak, nahiz eta pentsaeraz oso ezberdinak izan, ETAkoak miresten genitian, ekintzaile ausartak iruditzen zitzaizkiguan, eredugarriak, bizitza bera ere emateko gauza, baina nekatzen hasita geundean, edozein ekintza haiei leporatzen zietean besterik gabe, bost axola beste batek egin eta aldarrikatu bazuen ere, aldez aurretik erabakita zegoan, terroristak, benetakoak, haiek zituan, gainerakook terrorista izatera ere ez gintuan ailegatzen, beste zer edo zer gintuan, ero batzuk, amorragarria, ez Troskorentzat ordea, askoz hobeto guretzat, esaten zian, aintzat hartzen ez bagaituzte, bakea emango zigutek, guk gureari eta hor konpon gainerakoa, gure borroka hasi-hasieran zegoan, eta ikusi behar zer idatziko zuten handik hilabete batzuetara, bonbaren bat haien ipurdi epelen azpian kokatuz gero, eta hori generabilean buruan, zaplazteko galanta jo behar geniean, seko beldurtuko zituena, zerbait berezia, baina bururatzen zitzaiguna bertan behera laga behar genian, guretzat zailegia zelakoan, korapilatsuegia, ezinezkoa hitz batean, hiru lagun baino ez gintuan, hiru lagun egoskor hala ere, amore emateari behin eta berriz uko egiten genionak, eutsi egin behar historiaren haizea aldatu arte, aldekoa izan arte, erresistentzia gintuan, iraultzaren garra gorde eta babestu behar genuenok, hortaz, gure ametsetako ekintzak egin ahal izan baino lehenago, beste apalago batzuk egingo genitian, eta horixe erabaki ondoren berandu samar etxeratu nintzen batean, El Correo Espaρol-en bi kamioi txiki ikusi nitian elkarren ondoan, gau osoa zabalik egoten zen taberna baten aldamenean, hutsik zeudean, nik uste bezala, tabernako kristal zikinak ikusmena eragotzi arren, lau lagun ikusi nitian barruan, haien artean elkarrekin berriketan ari ziren jaka urdin ilunez jantzitako bi gizon, kamioien gidariak, erlojuari begiratu nioan, hirurak, hamar minutu geroago tabernatik irten, kamioietan sartu eta handik urruntzen ikusi nitian, erraza zuan, ekintzaren sekuentzia osoa ikusi nian, eta biharamun arte itxaron nian, hi goizeko seietan sartzen hintzelako lanera, ni, berriz, lagun batek Kutxillerian zuen taberna batean aritzen ninduan lanean orduan, susmatu ere egin gabe hura izango nuela lanbide handik aurrera, eta hara azaldu hintzen hi, askotan bezala, bazkalondoan, orduan kontatu nian, eta hik baietz, ostiral gau batean Abetxukon auto bat lapurtu eta hara agertu gintuan, zorro bat bete molotov aldean generamala, minutu baten kontua izan zuan, azkarra eta garbia, kamioiak bertan zeudean, haien gidariak kafea edaten ari zituan tabernan, gauero bezala, Trosko lapurtu berri genuen autoan geratu zuan, molotovak guk bota genitian, kamioiak egunkariez beteta zeudean, eta gidariak konturatu zirenerako ez zegoan zereginik, suak dena kiskali zian, eta gu urtegirantz gindoazaan, pare bat ordu lehenago lapurtutako autoari su ematera, han lagatako hire Renault zaharrean bueltatu gintuan Bitorixara, parrandaren batetik etorriko bagina bezala, pozez egunkari faxista haren aleen erreketarekin, igandean lehen orrialdeko argazki nagusian ageri zituan erretako kamioien hondarrak, historiaurreko hegazti bi ematen zitean, bi eskeleto beltz gora begira, hik Bakunin aipatu huen, suntsitzea sortzeko modu bat dela edo halako zerbait zioen esaldi famatua, eta gu, Trosko eta biok, harekin bat etorri gintuan, arterik gorena irizten genion-eta, egunkari faxista bati kalte egiteaz gain, hain eskultura arin hegalaria sortzeko gauza zen ekintza bati, nahi zuen guztia esan zezala ipurdia garbitzeko ere balio ez zuen Neguriko burgesiaren paper zikinak, terrorismoa deitu nahi ziola, ederki, ohorea zuan guretzat, haiengandik etorrita bai, terrorista haiengandik etorrita bai, horixe baino ez zirelako guretzat, Francoren terrorismoa bizitza osoan goraipatu eta gero, horretan jarraitzen zutenak, haren ondorengo zuzenena aupatuz, burgesia hiltzailearen interesen defendatzaile sutsuak editorial nazkagarrietan, gezurrezko albisteetan, xelebrea zuan, patrika betetzearren edozein krimen egiteko gauza zirenen bozeramaile fidelek guri esatea terrorista, xelebrea eta harrotzeko modukoa ere bai, aintzat hartzen gintiztean, nahiz gu ezer gutxi izan, hiru lagun ia esku-hutsik, putzaren hurrena, ordura arte bai, ondoren beste zerbait bihurtu gintuan, bai, bi kamioi haiek erretakoan, ez zitzaiean gustatu, hitz askatasunari egindako erasoa izan zuan gurea, demokraziaren zutabe nagusienetako bati, onartezina, beraz, zuzenbide estatuari egindako bidegabekeria, ahaztu gabe bi langile eta beren familiak miseria gorrian geratuko zirela, hain justu langileen eskubideen defentsan ari omen ziren haien erruz, erasoa berenganatzeko bidali zuten agiria Zaramagan hildako langile baten izenaz sinatu zuen komandoa, autonomoak, kapitalismoaren kontrakoak, Pedro Martinez Ocio komandoa, sindikatuen kontrako ekintzak gureganatzeko agirian Maiatzak 1 komandoa izan ginen moduan, hik asmatutako amarrua zuan izen aldatzearena, azaldu higunean besteok bikaintzat hartu genuena, etsaia nahastu nahi huen hala, ginenak baino gehiago ginela sinestarazi, gure arrasto aurkitzea zaildu, txibiaren taktika, tinta bota eta belztura ospa egiteko aprobetxatu, hala azaldu higun, hain hintzen burutsua, seguru sentitu gintuan, idatzi zezatela nahi zuten guztia, egin zezatela nahi beste mehatxu, guri bost, borrokari segituko genioan berdin-berdin, adi, erne ibiliko gintuan etsaiaren ahuleziak aurkitzeko, gure neurriko helburuak erraz jo, eta jo ostean erraz alde egitekoak, horretan geundean, lanean, kalean, edonon agertu ahal zuan El Correo Espaρol-en kamioiren bat, edo banku baten bulegoa, gure asmoetarako egokia, hik hain gustukoak hituen itsas metafora horietako bat erabiliz, boterea hamaika garrotako olagarroa izaki, hortaz, kontua zera duk, erraz jo, erraz moztu daitekeen horietako bat aurkitzea, bitartean sindikatuak genitian, gero eta gehiago zirenak, bide batez esanda, hala aste gutxi batzuetan, ELAren bulegoari egin genioan eraso, baita USOrenari ere, eta Arabako nagusien SEAri ere egingo genioan, beste norbait aurreratu izan ez balitzaigu, zer pentsatu eman ziguan horrek, halakorik ezin zuan errepikatu, arriskutsua zuan guztiontzat, talde autonomoak gintuan, baina ondo koordinatuta behar genian, premiazkoa zuan, edozein egunetan nahigabe tamalgarriren bat gertatuko zuan bestela, denak ados, horixe esan higun, koordinakundearen bileratik bueltatu hintzenean, denok ikusten zitean guk ikusten genuen arriskua, SEArena ezin zuan, ez zuan errepikatuko, errepikatu zuan ordea, handik gutxira gainera, koordinakundearen bileran, bada, hasi berri zegoen Bai Euskarari kanpainari laguntzea erabaki zuan, talde bakoitzak ahal moduan, baina denak batera gure hizkuntzaren zapalketaren kontra, hori zela-eta, gu ere zer egin genezakeen hasi gintuan hausnartzen, zapalkuntza sinbolizatuko zuen zerbait topatzen, ikastolen aldeko zer edo zer egitea pentsatu genian hasieran, baina batez ere dirua behar zutela entenditu genian laster, dirua, ordea, bankuetan zegoan eta haren bila joateko armak behar zituan, beste ideia bat behar genian, dirurik eta pistolarik gabekoa, Troskori inoiz bururatu zitzaiona: Delegazioa, Ministerio de Educaciσn y Ciencia, bonbatxo bat, primerakoa, handik pasatu gintuan hirurok, banan-banan, ekintza nola egin zitekeen ikustera, begirasun batean lan erraza iruditu zitzaiguan, eta garbia, heldu, paketea laga eta alde egin, halako zerbait pentsaezina lukek gaur egun, baina garai hartan egin zitekean, ez zegoen-eta kamerarik inon, igande bat aukeratu genian ekintzarako, maiatzaren bukaeran, Santiago kalean bertan, gustukoen nituen Ford Fiesta urdin ilun haietako bat hik ikusi, niri erakutsi, eta behingoan geundean auto barruan, goazemak paketearen bila, ordu laurden bat geroago, autoaren atzealdean genian paketea, orain bai, Adela Ibabe komandoa bere helbururantz zihoan, hala bataiatu genuelako gau epel hartako ekintzarako, Troskok eta biok ez genian ezagutzen, baina haren tragedia kontatu higun, eta hala ailegatu gaituk delegazioaren inguruetara, berandu zuan, Bitorixako kaleak hutsik zeudean, itxura batean, denak aurreikusi bezala joan behar zian, hortaz, hik eta biok atzealdeko paketea jaso, kontu handiz ipini behar genuen tokiraino eraman eta, hura lagatzekotan gaudela, han, laga behar genuen tokian bertan, beste pakete bat dagoela konturatu gaituk, gure paketearen antzekoa den beste bat, gureak gainean idatzita duen oharraren antzekoa ere baduena, kartoizko kutxa horren barruan dagoenaren arriskuaz ohartu eragiten diguna, elkarri begiratu biok eta bagenekian zer egin, handik berriz eramatearen arriskua nabarmena zuan, oso, gurea bertan lagatzeak, bestearen aldamenean, zentzuzkoena zirudien, horixe erabaki genian, bi lehergailuk bakar batek baino kalte gogorragoa eragingo ditek, Troskok ezin zian guk kontatutakoa sinistu, haren begiek erotzat hartzen gintian, hasieran gu biok eta, hasierako amorrua hiri pixka bat pasatutakoan, hirurok, zertarako balio du ezer koordinatzen ez duen koordinakundeak, galdezka ari gintuan, akats hark kolokan lagatzen zian gure ordura arteko antolamendu osoa, barregarriak gintuan, ordu batzuk lehenago lapurtutako Ford Fiesta nola hasten zen erretzen begira geundela, dudak generabiltzaan egiten ari ginenaz, beharbada gure burua zuritzeko baino balio ez zuen zerbaitean ari gintuan, beharbada itxura hutsa zuan dena, gure buruari kontatzen genion ipuintxo miragarri bat besterik ez, susmo haiek, denboraren poderioz desagertu ordez, handitu egin zitzaizkiguan ondorengo egunetan, koordinakundeak bere akatsa onartu eta ez zela errepikatuko ziurtatu zigun arren, ez zegoan atzera egiterik, igande hartako zaputzak mugarri bat ipini zian gure taldearen ibilbidean, handik aurrera ezberdina izango zuan dena, ezberdina izan behar zian, komando bat baginen, komando oso bat izan behar genian, behar bezalakoa, behar bezalako helburu eta bitartekoekin, behar bezalako armekin, hobe genian lagatzea bestela, gertakizun xelebre hark ispilu baten aurrean ipini gintian, eta itsusia zuan ikusi genuena, komikoak gintuan, edonor errukituko zuan gutaz, baina errukia ez zuan guk bilatzen genuena, guk etsai burgesa izutu nahi genian, nola izutu inor esku-hutsik, ordea, berriz ere armen kontura itzuli gintuan ezinbestean, armarik gabe pailazokeriatan ari gintuan, ados hirurok, alfer-alferrik, koordinakundetik pistola batzuk helduko zirela laster esan zigutean, ETA laga eta elkartu berri zitzaizkigun bereziek ekarriak, ez zuan lehen aldia, lehenago ere esana zigutean, hortik gure mesfidantza, pazientziarik ez genian, ezta pistolaren bat non lortu ahal genuen ideiarik ere, pistola bat, bakarra, hura eskuan erraz samar lortuko genitian beste batzuk, armak inguratu, baita armak erosteko dirua ere, estutzen gintuen korapilo horretatik nola askatu hausnarrean geundela, bere auzoko polizia aipatu zian Troskok, gurasoen etxean bizi zena, beren azpiko etxebizitzan bakarrik bizi zuan Nafarroako Murchanten jaiotako polizia bat, tratabide oneko gizona, alaia, jubilatzeko hilabete gutxi batzuk faltan zituena, eta, inportanteena, asteburu asko bere jaioterrian ematen zuena, hik argi ikusi huen orduan, herrira joaten denetan, etxean utziko dik pistola, esan huen, Troskok baietz, seguru asko hala izango zela, hor abiatu zuan gure hurrengo ekintza, Troskoren amak poliziaren etxeko giltzak zitian, poliziak berak, badaezpada eta konfiantza osoz lagata, haren etxean sartu ginen larunbat sargorian hiria hutsik ageri zuan, oporretan ez zeuden bitorixatarrak, nonbait, Gamarrara edo urtegietara ihes eginak zituan, esandako orduan Troskok zabaldu ziguan beheko atea eta poliziaren etxeko giltzak eman, hi eta biok sartu gintuan, bera kanpoan, eskaileretan zaindari utzita, inor ez zen-eta harrituko han ikusiz gero, bere etxean zegoan azken batean, harritu gintian poliziaren txukuntasunak, bakarrik bizi zen gizonezko bat izan arren, dena ordenatuta eta garbi-garbia zegoan, harraskan plater edo baso zikinik ez, ohea ondo eginda eta komuna distiratsu, seguru asko txukuntasun eta ordena bikain harengatik aurkitu genian laster bilatzen genuena, logelako armairuko kaxoi batean, balez betetako kutxa marroixka baten aldamenean, biak hartu genitian, beste kaxoi batean aurkitu genituen bost mila pezeta ere eraman genitian, baita beste hainbat gauza ere, ez behar edo nahi genituelako, ez, gure ekintzari lapurreta arrunt baten itxura ematearren egin genian, eta arrazoi berberagatik txikitu genian sarraila alde egitean, pistola nik hartu nian, uste baino astunagoa iruditu zitzaidaan, balarik gabe zegoan, eta gerrian sartu nian, telebistan ikusita nuen bezala, atsegina zuan burdinaren hotza nire larru izerdituaren kontra, aipatu nian eta hik barre egin huen, hura ere laster bero-bero egongo zela esanez, biharamunean bertan hasi gintuan berotzen, mendian, Oto Goien aldean, pistola bat eskuetan genuen lehen aldia zuan, inongo tirorik egin baino lehen, hura nola erabili ikasi behar genian, atzera eta aurrera aritu gintuan, atal bakoitzaren zeregina asmatu nahian, mugitu ahal zena mugitu genian, garbitu ahal zena garbitu, Troskoren auzoaren etxean hartutako gauzak lagun, eta hik zuzenduta, hi hintzen-eta soldaduska egina zuen bakarra, hankak zabaldu behar dituk eta arnasa egin atzamarra mugitu aurretik, kontuz atzerakoarekin esaka aritu hintzaigun tiro egiteko momentua iritsi zen arte, bala gutxi genian, behar baino gutxiago, tiro bana egingo genian, gehiago ezin, ekarritako ardo botilaren hondarra hiruron artean banatu, edan, eta jomuga ipini genian, harri zapal baten gainean, hasi gaituk, ba, tiraka, eta hik egin duk aurrena, hankak zabaldu dituk, oinak lurrean ondo finkatu, arnasa hartu duk, jarri dituk begi biak botilan, eta, huts egin duk, huts egin dik gure irakasleak, barre egin diagu, ez dik axola, ez diagu inori tiro egiteko asmorik, pistola mehatxu egiteko erabiliko diagu, jendeak pixka bat beldurtzeko, guk nahi duguna lortzeko, hortaz, txanda ailegatu zitzaidanean, nik ere hankak zabaldu, oinak lurrean ondo finkatu, eta sakon hartu diat arnasa, tiro egin baino lehen, balak bete-betean jo dik botila eta makina bat puskatan txikitu, txalo egin didazue, asmatu izana txundigarria iruditzen zaidala, txundigarria eta sinesten zaila, baina orduan gertatu duk harrigarriena, Troskok pistola hartu, hik irakatsitakoa errepikatu, tiro egin eta lurrera bota dik botilaren partez ipinitako kazola metalezkoa, kazola hartu dugunean, bi zulo dituela ikusi diagu, balak zeharkatu dik, berriz ere txaloak, berriz ere txantxak, berriz ere poza, hirutan bik asmatu, handia duk gero, ospatzeko modukoa, orain bai, orain benetako komando bat gaituk, langile mugimenduaren tresna eraginkorra, orain edozerekin egin zezakeagu amets, gure artean hainbat aldiz zehaztu dugun helburu posibleen zerrendari ekin ahal zioagu, eta pistola, hoztu ondoren, garbitu genian, gure autoa zegoen lekurantz mendian behera gindoazela, hasi gintuan benetan jabetzen zer zen handik aurrera espero ziguna, ordura arteko ekintzek nekez izango zitean zerikusirik aurrerantzean egingo genituenekin, beste aldi batean sartzen ari gintuan, gure hordagoa jota zegoan, ez zegoan atzera egiterik, ez zegoan damutzerik, Bitorixako Aurrezki Kutxak Siervas de Jesus kalean zuen bulego bat genian gure zerrendan aurrena, ekintza erraza, hiru lagunek egiten zitean lan han, eta kutxa gotorra zuzendariaren bulegoan zegoan, zurezko ate batek babestua, bulegoa goizeko zortzi eta erdietan zabaltzen zitean eta, hainbat egun zaindu eta gero, hura zela sartzeko momenturik aproposena ikusi genian, nor sartu ordea, pistola bakarra genuenez eta Troskoren herrena nabarmena zenez, gu biok sartu eta hura, beti bezala, autoan geratuko zela erabaki genian azkenean, jostailu-denda batean itxura oneko pistola gezurrezko bat erostea eta hik hura eramatea ere adostu genian, nik modu nabarmenean erakutsiko niean nirea, benetakoa, eta hi, berriz, atzerago geratuko hintzen, ni babesten bezala, minutu gutxi batzuen kontua izango zuan, ez zegoan arrisku handirik, eta aurreikusita genuen bezala joan zuan dena hasieratik, uda bukaerako egun hartan, ile-orde bana buruan eta antiojo beltzak jantzita sartu gaituk, oihuka, eskuak igotzeko eta lurrean etzateko aginduz, eta hala jokatu ditek, horixe egin ditek segituan, guri begiratzera ere ausartzen ez direla, beldurtuena bulegoko zuzendaria bera, kutxa gotorra zabaldu ziguk eta horretatik guk ekarritako zorrora aldatu diagu dirua, karnetak eskatu zizkieagu gero, guk agindutakoa bete ezean, haien bila joango garela esatearekin batera, guk alde egin eta ordu laurden bat itxaron beharko dutela ere esan zieagu, ezin jakin emandako hitza bete ote zuten, handik irten, zain genuen autoan sartu eta alde egin genuelako, baina baietz esango nikek, kaka praketan eginda zeudean, gu, aldiz, praketan ezin kabituta, bost minutuko kontua izan zuan, erraza, garbia, bagenian harrotzeko motiborik, batez ere berrehun mila pezetaren jabeak ginela ikusitakoan, berrehun mila pezeta, dirutza garai hartan, bi zati egitea pentsatu genian, bata presoak eta haien familiak laguntzeko erabiliko genian eta bestea greban zeuden hainbat langileri laguntzeko, mahai gainean barreiatutako diruari isilik begira hirurok, lana txukun egin izanak eragindako poza zuan gurea, Ezpeleta zaharraz akordatu ninduan, urte batzuk lehenago, herrian, lankide izan nuen gizon maitagarri jakintsuaz, eta entenditu egin nian behin baino gehiagotan azaltzen saiatu zitzaidana, lana txukun egin izanaren harrotasuna, orduan txantxa hutsa iruditu zitzaidana, erabat zentzuzkoa zuan bat-batean niretzat, baita zuek bientzat ere, neu bezalaxe zeundeten-eta, diru pila hari irribarretsu begira, sekulakoak gaituk, onenak, gora gu ta gutarrak, gora Errusia, ospatu beharra zegoan, higan zuhurtzia euforiari nagusitu arte, ezetz, betiko bizimodua egiten jarraitu behar genuela, ezer gertatu izan ez balitz bezala, dirua lehenbailehen banatu eta kito, beste zer edo zertan jarriko genikek gogoa, beste ekintza batean, eta horixe egin genian Troskok eta biok, lanera joan, iluntze batzuetan lagunekin Kutxin elkartu, betikoa, kaletik gindoazela, ordea, pausajea moteltzen genian banku edo aurrezki-kutxa baten paretik pasatzean, arretaz begiratzen geniean, kokapenari, ihes egiteko aukerei eta beste hainbat konturi ere erreparatuz, alarma bat agerian lagako zuen kableren baten bila aritzen ginen, kanpotik ikusi ahal zenari begiratzen genioan, ez zagok kontu txikirik, hala esaten huen hik, dena hartu behar zuan aintzat, den-dena, edozer izan zitekean inportantea, denak behar zian behar bezala josi, huts bakar bat nahikoa izan zitekean, hilkorra, harrokeriarik ez, gero, horregatik pistola behin eta berriz garbitzen eta olioztatzen genian, eta arrazoi berberagatik saiatzen gintuan auto on samarrak lapurtzen ekintzetarako, halakoa hintzen izatez, gauza horiek zaintzen hituen, hitzak zaintzen hituen moduan ekintzak gureganatzeko agiriak idaztean, aurrezki-kutxarena sinatzeko Durruti komandoa aukeratu genian, anarkistaren omenez, hura ere bankuak lapurtzen ibili zen-eta, tradizio horren jarraitzaileak ginela emango genian aditzera hala, haren borroka eta gurea, tarteak tarte, borroka bera zela, Durrutik eta bere lagunek sindikatu bati laguntzeko lapurtzen zutelako, eta gu, berriz, sindikatuen kontra eta gure klase osoaren batasunaren alde ari gintuan, etsaiak batzen gintian, ordea, anarkista haiek eta geu kapitalismo ahalguztidunaren kontra ari gintuan, betiko jauntxoen eta haien txakur leialen kontra, ez jainkorik, ez jaberik, lelo ederra, ederrik egotekotan, haiena baina gurea ere bazena, haiek bezala, guk ere ez genian inoren menpeko izan nahi, libre bizi nahi genian herri libre batean, guk bankuak lapurtzen segitu genian, lehenbizikotik pare bat hilabetera egin genian bigarrena, Bitorixan bertan berriz ere, baina auzoz eta kutxaz aldatuta, Judizmendi auzoko Arabako kutxaren bulegoan, hura ere erraza izan zuan, aurreko lanean baino gutxiago bildu genian, berrogeita hamar mila pezeta gutxiago, zehatz esate aldera, dirutza, hala ere, guretzat, baita hura jaso zuten langileentzat ere, seguru asko, grebak urriagoak zituan ordurako, baina egon artean bazeudean, eta gogorrak, Michelingoa halakoa zuan, nagusiek beren arma guztiak zerabiltzatean, legalak eta ilegalak, langileek ahal zutena egiten zuten bitartean, milaka pezeta batzuek lagunduko zitean, baina zerbait gehiago beharko, haiek eta guk ere haiekin batera eskirolen kontra jotzea, esaterako, edota enpresaren zuzendaritzakoen kontra jotzea, bi aukera horiek ikusi genitian, beldurtu behar genitian, haiek egiten zuten bezala, eskirolen autoak erretzen hasi gintuan, kristaletako bat apurtu, auto barrura molotov bat bota eta alde, di-da, bospasei kiskali genitian hala, enpresaren zuzendaritzakoak eta poliziak langileek beraiek egindakoa zela uste bazuten, zuzendaritzakoak jipoitzea ezinezkoa zuan ordea, ondo babestuta egoten zituan, horiekin gerra psikologikoa generabilean, gauez hots egiten geniean, kaleko telefono kabinetatik beti, eta mehatxu egiten geniean, langileek eskatutakoa onartzen ez bazuten, zer gertatu ahal zitzaien azaltzen geniean, zuk ikusi zer komeni zaizun, zuri eta zure familiari, hori bota eta segituan moztu, mehatxatuari erantzuteko aukerarik gabe lagaz, pentsatu egin behar zitean, ez berriketan jardun, baina gure mehatxuek ez zitiztean kikiltzen, aldiz, gero eta ausartago ari zituan langileen kontra, guk ere halaxe behar genian, beraz, eta haietako bat bahitzea bururatu zitzaiguan, non bizi ziren jakin eta segitzen hasi gintuan, egun gutxi batzuk nahikoa izan zituan alferrik ari ginela konturatzeko, halako ekintza batek bitarteko asko derrigortzen zian, guk izan ez eta lortu ere ametsetan lortu ezin genituenak, gordelekuak behar zituan, autoak, guk ez genuen azpiegitura bat, azken finean, ordura arteko lana baliagarria gertatu zitzaiguan, hala ere, zuzendari horietako bat Armentiatik hurbil bizi zuan, txalet batean, gauez bonba bat ipiniko genioan etxeari, ez etxea txikitzeko nahikoa, baina bai bertan bizi zirenak izutzeko bestekoa, eta horixe egingo genian, beti bezala jokatuko genian, gauean lehergailua ipini behar genuen baino hiru ordu lehenago bilduko gintuan, lehergailua osatu eta jartzera joango gintuan, hainbat aldiz egina genuena, errutina zuan kasik, baina dena okertu zuan, osagaiak Troskoren kontu geratu zituan, hark eraman behar zitian biltzeko lekura, eta hara azaldu behar genian guk biok ere, Bitorixan lapurtutako autoarekin, horixe egin diagu, joan gaituk eta Ford Fiesta bat ekarri zioagu Troskori, hark eskatu bezala, baina autotik jaitsi eta aurkitu dugunak seko ikaratu gaitik, belarrik gabeko gune bat, errautsezkoa, ertz beltzak dituena, eta hor gorpuzki odoltsuak ageri dituk han-hemenka, soin-atalak, hanka baten zatiak, esku batenak, Troskorenak denak, segituan konturatu garenez, dardarka gaudek, botaka hasteko puntuan, negarrez, parean dugun ikuskizun higuingarriak erasanda, ez zakiagu zer egin, baina bazakiagu zer edo zer egin behar dugula, lehenbailehen gainera, ekintzarako ekarri dugun linternari esker garbitu ahal izan diagu hura zertxobait, salatu ahal gaituen edozein arrasto desagerrarazten saiatu gaituk, horretan aritu gaituk buru-belarri, ahal moduan negarrari eutsiz, bukatu dugunean, Bitorixara bueltatu gaituk, ordu batzuk lehenago lapurtu dugun lekutik gertu laga diagu Ford Fiesta, bertan ezer ahanzten ez zitzaigula ziurtatu eta gero, Egin egunkariari hots egin zioagu topatu dugun lehen telefono kabinatik, burkidearen, lagun maitearen hilotzetik geratzen dena non dagoen azaldu zioagu telefonoa hartu duenari, baina hor ere zerbait hautsi zuan betiko, beste aro bat hasi, mugarria, betiko moduan, heriotzak ipini zian, hark adierazi ziguan kito, bukatu duk, gureak egin dik, eta biok makurtu gintuan hitzik behar ez zuen lege horren aurrean, denbora behar genian, negar egiteko denbora, agur esateko denbora, zer gertatu zen ulertzen saiatzeko, zer joan zen gaizki, non okertu zen guztia, galdera asko, berandu ibili izan ez bagina, bizirik egongo ote zen Trosko, edo, ostera, garaiz ailegatu izan bagina, hirurok egongo ote ginen hilda, hala hobeto akaso, talde osoa desagertuko zuan, agertu bezala, bere lana bete ondoren, zeruan itzaltzen den izar baten antzera, hura bezain isilik, lan eskasa gurea ordea, boteretsuen erasoak ez zian etenik, eta eragiten genien kaltea euli batek elefante bati eragin ahal diona baino barregarriagoa zuan, ezin gure burua engainatzen segitu, Delegazioko deskalabruak eragin zigun krisia txiki lagatzen zian hark, eta ezin etsi ere, hildako lagunari zor genioan, guk borrokatu bitartean, Troskok bizirik iraungo zian, gure ekintza bakoitzak haren bizitza luzatuko zian, horretan geundean, ezer gutxirako balioko zuten ekintzak, noski, Troskori gertatutakoa guri ere gertatu arte inoiz, bonba bat eskuetan lehertu edo poliziak tirokatuta erori arte, gertatuko ahal zitzaigun onena akaso, Troskorekin atzera bildu eta betiko bakea izango genian, denborarik eta beharrik gabeko eremu epel batean, eta handik begiratuko geniokean munduari, urrun hartatik, ederra mundua, planeta urdin bat, biribila, perfektua, heroina lehen aldiz hartzea bezala, handik bai, benetako munduan, Bitorixan, oso bestelakoa zuan dena, bere familiak hileta-elizkizunak egin zizkioan eliza gorroto zuen Troskori, eta San Vicente eliza beteta egon zuan, gu hara ezta hurbildu ere, zer egingo genuen guk, ezkutuko poliziez gainezka egongo zen eliza batean, Trosko omentzera inora joatekotan, lagunek antolatutako omenaldira joango gintuan, baina hara ere ez gintuan hurreratu, omenaldi hunkigarria izan zuan, antza, haren argazki bat handitu eta ikurrina baten gainean ipini zitean, aurresku bat dantzatu ziotean, bertsoak kantatu, eta, amaieran, hik bai baina nik artean ezagutzen ez nuen gure Joxek hitz egin zian, lagunaren izaera eta ibilbidea aipatzeko, haren koherentzia eta ausardia goratzeko, hitzaldi bikaina izan zuan, komunikabideen gezurrak salatu zitian, besteak beste, Trosko autonomoa zela eta ez, egunkariek-eta zioten moduan, ETAkoa, argi utziz, eskertzekoa bezain harrigarria hire ustez, Joxe troskizalea zelako, Trosko gutarra bihurtu arte izan zen bezalaxe, Joxek adierazitakoen berri jasotakoan, sektakeriarik gabe jokatu izana txundigarria zitzaiguan, urte hartako giro sektarioan ohituta, esan egin hion, harekin Zapateriako taberna batean topo egin huenean, hik esan eta hark eskertu, hitz-aspertu hartan jakin huen, hark ere duda gaitzak zituela eta Liga, bere betiko partidua, uztekotan zebilela, haren dudak eta gureak antzeko samarrak zituan, nonbait, zertan ari ote zen, zertarako balio ote zuen egiten zuenak, bere egoera pertsonala ere kaskarra zuan, bizi zen neskarekin arazoak zitian, arazo potoloak, kontatu zidanez, dena, bere ordura arteko bizitza osoa bertan behera zetorkiolakoan zegoan, dena, sendoena zirudiena ere ari zitzaioan zatika erortzen, guk ondo ezagututako sentipena, inondik ere, biok zenuten jakin-min intelektuala, nik inolaz ere ez nuena, inoiz izan ez dudana, zuek dena irakurtzen zenuten, zinemaz, liburuez, musikaz eta politikaz, pixka bat nekagarria zuan niretzat, denbora guztia haren izena hire ahotan, Joxek esan du, Joxek egin du, ez nian begitan hartuta, baina oso gustuko ere ez nian, egia esan, hi konturatu egiten hintzen, eta barre egiten hidan, jeloskor al haiz, galdetzen hidan, alu horrek, eta nik pikutara bidaltzen hindudan, Joxe harekin batera pikutara, ez haiz fio, ezta, galdetzen hidan, baina kontua ez zuan hori, beste zerbait baizik, Joxe hark antz handia zian gure Troskorekin, eta errezeloa nian Joxe ez ote zen izango haren ordezkoa, lagun hil berriari egindako traizioa iruditzen zitzaidaan gainera, hura ezagutu eta gero ohiturak aldatzen hasita hengoen, iluntzean Kutxira jo ordez, beti bezala, Zapara jotzen huen, hango taberna zaratatsuetara, haxixa erretzen zen haietara, eta asteburuetan Donostiara joaten hintzen, bero-bero hinduen hango neska batengana, Bitorixan bakarrik geratzen nintzen asteburuetan hara jotzen nian nik ere, horietako batean ezagutu nian Joxe pixka bat hobeto, El Sotano tabernako zoko ilunean txirri bat hark bildu eta hitz-aspertu luzeak izaten genitian, ez hirekin izaten genituenen mailakoak, baina hartaz nuen iritzia aldatzeko balio izan zutenak behintzat, ni haxixarekin zaletzeko ere balio izan zuten moduan, Zapako tabernetako berriketa haietan sarritan aipatu genian Trosko, edo Kepa, Joxek deitzen zion bezala, nahiz eta haren benetako izena, hildakoan jakin izan genuenez, Roberto izan, Roberto Idiakez, maite zian, hunkitu egiten zuan, sentipen horrek batzen gintian, hirurok jota utzi gintuen istripu tamalgarria zuan sortzen ari zen gure adiskidetasunaren oinarria, harrezkero ezberdina izan zuan dena hirurontzat, aldatzeko premia sentitu genian, bakoitzak bere modura, baina hirurongan nabaritu ahal izan zuan hori, Joxek, esate baterako, bere partidua utzi behar izan zian, ito baino lehen, horrek arazo ugari ekarri zioan, inork halakorik aurpegiratu ez zion arren, traidoretzat jo zitean, ordurako hondoratzen hasita zegoen itsasontzitik ihes egin nahian zebilen arratoitzat, amore erraz ematen zuen gizon makaltzat, mingarria izan zuan Joxerentzat, batez ere Puik, bere betiko emakumeak ere horixe uste zuela konturatu zenean, horrek gogor jo zian, nahi zuen bezala pentsatzeko eskubidea zuela aldarrikatu zian, eskubide hori, noski, aitortu ziotean, beraiek Joxez nahi zutena pentsatzeko zuten eskubide berbera izaki, klase borrokaren zartadak eramateko gauza izan ez zen burges txiki bat iruditu zitzaiean, alferrikakoak izan zituan Joxeren azalpenak, egiten ari zen traizioa ez ziola partiduari egiten, langileei, herri osoari ari zitzaioan egiten, argi laga ziotean, bere Pui maiteak lehena, erruki nioan, latza izan behar zian kalean zenbait aste lehenago arte bere burkide eta lagun-minak izandakoek agurtu ere ez egiteak, kalean edo taberna batean topo egitean, horregatik joaten zuan Zapara, Kutxi ahaztuta, beharbada haiek dioten gisara duk eta burges ttipi belaxka bat baino ez nauk, duda egiten zian batzuetan, duda dudaren gainean, egun batean iluntzean elkartu eta lana utzi berri zuela esan ziguan, El Abuelon gintuan, lana utzi diat, iragarri ziguan, zor zizkidaten sosak jaso eta ez naizela itzuliko jakinarazi zieat, ezin esan Joxeren erabakiak harritu gintuenik, aspalditxotik ari baitzitzaigun laga behar zuela abisu ematen, bejondeiala motel, poztu gintuan gu ere, ospatu beharra zagok, atera itzak garagardo batzuk, atera ezak nahi duana, berandu arte iraun zian ospakizunak, taberna guztiak itxi arte, eta, biharamunean, sekulako ajeaz lanean ari ginela, artean ohean gozo-gozo egongo zen Joxeren inbidia izan genian, zer ari ote ginen han, beste norbaitentzat lanean esklabo, bakoitza bere lantokian, baina biok galdera hori egin genioan geure buruari, iluntzean hirurok berriz elkartu ginenean, aitortu genuenez, galdera horri gutako bakoitzak eman zion erantzuna ezberdina izan zuan, hi berehala lagatzeko moduan hengoen nonbait, ni ez ordea, ez nekien-eta besterik egiten, menpekoa izateko jaio nintzela esaten diodanetan, Gloriak barre egiten zidak, baina hala duk, nagusi petral baten mendean egon edo droga baten mendean egon, azkenean, berdintsu, ezin libre izan, askatasuna garrantzitsuena duk, esaten dik xalo-xalo, behin ere lan egin ez duen Gloriak, garrantzitsuena, hala uste genian eta hala uste diat nik oraindik ere, haren atzetik ibili nauk bizitza osoan, baina hark hamaika ezkon-nahi duen neska irtirin baten moduan jokatu beti nirekin, begiratu justu-justu eta muzin egin izan zidak beti, hik ere barre egin hidan gau hartan, nire beldurra ikusita, trankil egoteko esan hidan, gutxi behar dela bizitzeko eta niretzat ere irtenbide bat egongo zela, diruaren truke lan egiten diagu, dirurik bagenu, ez genikek lanik egingo, baina guk badiagu dirua, non, non dugu diru hori, eta hik, harrotuta, non izango da ba, bankuetan, aurrezki kutxetan, dendetan, gasolindegietan, edozein tokitan, handia hintzen, edo ni artaburu galanta, edozein modutan, irtenbide bikaina zuan hik proposatutakoa, bizimodua konponduko zigun lanbide ederra, lanbide hitza ez zitzaian gustatu, gureak ekintzak izango zituan, ekintza iraultzaileak, Trosko komandoa gaituk orain, ez ahaztu, kapitalismoaren aurka jardungo diagu aurrerantzean ere, gure lan-indarra saltzeari uko egiteaz gain haien etekinei egingo zieagu atximur, ezer ez hori baino arriskutsuagoa kapitalismoarentzat, hik azaldu bezala izan dadila, prest nengoan, borrokari jarraitzeko irrikaz, hala ere, pare bat baldintza ipini nizkian, bat, lehergailuak ahanztea eta burdinak baino ez erabiltzea, eta bi, komandoa gu biok osatzea, beste inork ez, biharamunean ez gintuan lanera joango, ez eta ondorengo egun eta asteetan ere, akabo, esklabo izateari laga behar genioan, betiko.