Hitzontziak
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
Azaleko argazkia: Idoia Unzurrunzaga
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
aurkibidea
 

 

6

 

Amorragarria, gero eta memoria kaxkarragoa zaukaat, gertakizunak oso urrunak zaizkidak, horien protagonista, neu izan beharrean, beste norbait izango balitz bezala, baina kontrakoa ere gertatzen zaidak beste batzuetan, eta aspaldiko kontuak bizi-bizi agertzen zaizkidak gogora, ezagutu hindudan egunekoak, esate baterako, Bitorixara ailegatu berria ninduan, eta Manolo Leteren etxean nengoan, Adurtza auzoan, eta hara agertu hintzen harekin biltzeko, apaizgoa lagata zian Letek ordurako, eta Gamarra aldeko Cablenor enpresan ziharduan langile, eta biharamunean han zabaldu beharreko paperekin agertu hintzen hi, Adidas poltsa urdin bat eskuan, sukaldeko mahaian laga huena, berehala ireki zian Letek, hiri aurrea hartuta, eta orri haietako bati begira, ederra esan zian, seme jaio berria besoetan duen aita bezain harro, horixe izango zelako Cablenorreko komitearen estreinako agerpena, hilabete askotako lan zailaren emaitza, papera, plegu laurdeneko paper zuri arrunta zuan, alde bakarrean idatzita eta garai hartako vietnamita batean inprimatuta, bertan enpresa komitearen eskakizunak ageri zituan, eta Letek, miresteko eskaini zidala, atzamarrak tintaz zikinduta laga zizkidaan, kafe bat nahi izango duk, ezta, galdetu zian Letek esker onez, hik ekarritakoak eragin zion liluramendutik apur bat irten zuenean, eta hire poltsa mahai gainetik kendu eta gero hiru Duralex baso ipini zitian bertan, sukalde txiki iluna zuan, etxebizitza osoa bezala, baina kafearen usainak atsegin bihurtu ziguan, eta hara eseri gintuan pozarren, eta luze jardun genian honetaz eta hartaz, edo, hobeto esanda, jardun zenuten, ni entzule izan ninduzuelako denbora gehiena, baina entzule txunditua beti, gustua ematen zuen-eta zuei aditzeak, hain zineten hiztun jakintsuak, eta, hasieran, Bitorixako langileen egoeraz aritu bazineten ere, luze gabe beste kontu batzuk, unibertsalagoak-edo, aipatu zenituzten, niretzat izen hutsak baino ez zirenak: Rosa Luxemburg, pentsalari anarkistak eta abar erabili zenituzten, berriketan ari zinetela, eskuak begiratu nizkizuela gogoratzen diat, langilea izango hintzen, hik esan bezala, baina langile berezia, Lete bera bezala, eta hi ere apaiza izandakoa hintzela pentsatu nian, asko ikasi behar nuela ere pentsatu nian, sekulako ezjakina nintzela, inolaz ere langile mugimenduak behar zuen ekintzailea, eta aurrerantzean gogor ahaleginduko nintzela zin egin nioan neure buruari, Letek gomendatutako liburuei helduko niela, gogoz gainera, ez ordura arte bezala, laster nekatu eta esku artean neukana baztertzen nuela, teoria haien guztien inguru-minguruetan zorabiatuta, baina zuek beste jakitera inoiz ez nintzela ailegatuko banekien arren, gure klasea, gure aberria askatzeko premiazkoak iruditzen zitzaizkidan kontu haien gutxieneko jakintzaren jabea izan nahi nian, bestela ezingo nukeelakoan behar beste lagundu ahalko, eta nik hori nahi nian, eramanezina zitzaidalako gure egoera: gero eta esplotatuagoak, gero eta zapalduagoak gintuan, nekez ailegatu ahal gintuan astearen bukaerara, dena garestitu, eta prezioek gora eta gora egiten zitean, eta soldatak, aldiz, mugitu ez, batere ez, hori hemen, etxean, baina hemendik kanpo ere, zakurrak oinutsik, han ere langileak eta herriak zigortuta, txikituta, akabatuta, Pinochet diktadorearen Txilen, esate baterako, Allende presidentearen ezker erreformistak egindako akats kriminalen ondorioz, burgesiak eta bere armadak odoletan ito zitean, Txileko langileriak egindako ahalegin gaitza, errotik moztu zitean Allenderen sozialismorako bide demokratikoa, errotik moztu porrotik latzenera baino ezin eraman zezakeen gezur eder hura, demokrazia, badakik, demokrazia, hitz ederra, burgesen gustukoa ere bai, noski, negozioak, aferak ondo doazkienean, orduan bai, orduan gutizia iruditzen zaiek, gizateriaren jenioaren asmakizunik ederrenetako bat, noizean behin, ordea, mikaztu egiten zaiek zorioneko demokrazia, eta dena gehiegizkoa zaiek, demaseko askatasuna, demaseko hauteskundeak, eta orduan galderak zetozkiek: zergatik egon behar dugu jendaila ezjakin eta zital horren pean, nola da posible horietako baten bozak guretako batenak beste balio izatea, horrek hondamena zekarrek ezinbestean, lapurretak eta krimenak, kaosa, horixe esaten ditek beren jabegoa, beren ondarea arriskutan ikusi orduko, eta norbaitek herria aipatzen badie, kaka zaharra esango ditek behingoan, hitz horrek nazka eragiten dielako, haiek herria ez, haiek aberria maite ditek, aberria entzun eta bihotza pil-pilean jartzen zaiek, eta dena emango liketek horren alde, aberria, paradisuaren beste izena, dena duk zilegi horren alde, basakeriarik bihozgabeena ere, aberria arrisku gorritan zagok gero, nork salbatuko du, beraiek noski, komunistak bazatozak, anarkistak, deabru etsaiak, beldurgarria duk, ikaragarria, baina, egon, egon pixka batean, tankeak ere bazatozak, helikopteroak bazatozak, mota guztietako poliziak, horiei esker, zorionez, demokrazia izan ahal duk berriz ere demokrazia, ero eta bazter-nahaslerik gabe, legearen inperioa berriz ere, haien legearena, noski, jabe denaren lege santuarena, apaiz eta apezpikuena, legegizon eta epaileena, jeneralena, demokrazia itzuli da-eta, aleluia, hala ziotek egunkarietako lehen orrialdeek eta telebistetako albistegiek ere, aleluia, burgesak eta enparauak halakoak dituk, errukigabeak beraiena norbaitek zalantzan ipiniz gero, hori Bitorixan ikasi nian, zuei entzunda, baina, batez ere hango kaleetan ikasi nian, bertako langileek isuritako odolari esker, noan poliki ordea, aurreratu gabe, zenbait hilabete geroagoko gertakizunez ari naizelako, eta Adurtzako etxebizitza ilun bateko sukalde ilunean gaudek oraindik, mila bederatziehun eta hirurogeita hamabostean, eta Franco, aspalditxotik hilzorian izanagatik ere, ez duk oraindik hil, gu ordea ez gaituk diktadore odolzale horretaz ari, horrek bezala bibotea daukan beste militar batez ari gaituk, Augusto Jose Ramon Pinochet Ugarte komandante nagusiaz, noski, baita hura izendatu zuen Salvador Allende presidenteaz ere, eta zuek, Manolo Letek eta hik heuk, traidoreak madarikatzen dituzue, Txileko langile borrokalari nekagaitzak saldu zituztenak, haiek oharkabean hiltegira eraman zituztenak, eta zuen berriketa adituta ilundu egiten nauk, eta Txileko langileei ez ezik, guri ere halako zerbait ez ote zaigun gertatuko bururatzen zaidak, nahiz nire zalantzak adierazten ausartu ez, eta isilik eta adi jarraitzen diat, gero eta ilunago, eta orduan hi konturatu nonbait, eta langile eta herri zapalduen azken garaipenak aipatzeari ekin diok: aurreko urteko meatzarien greba Ingalaterran, Portugalgo iraultza, Ginearen independentzia eta beste hainbat borroka eredugarri eta heroiko, porrotak porrot, azken garaipena langileena izango delako, mundu osoko langileena, kapitalismoarenak, lehenago edo geroago, egingo duelako, ez zagok beste irtenbiderik, sozialismoa ala basakeria, sozialismoa ala ezer ez, horregatik ezin etsi, aurrera jarraitu beharra zagok, kosta lain kosta, aurrera beti, edo, gehienez, bi urrats atzera egin, ondoren beste bat aurrera egiteko, ez zaidak ahaztu, makina bat urte pasatu arren, hor zagok, buruko zokoren batean, Lenin uste diat, hiri edo beharbada Leteri entzun nioan, baina ez orduan, eta, pentsatzen jarrita, arraro zaidak esaldi, tesi, teoria edo dena delako hori zuei entzun izana, zuek ez zineten-eta Lenin zaleak, iraultzaile handia izan zuan, hori ezin ukatu, baina hark sortutako partiduak egindakoak izugarriak izan zituan, ez ahanzteko modukoak, eta, zuen ustez, tamalgarriak mundu osoko langileen interesetarako, halako gauzak niri begira esaten zenituzten, eta nik baietz beti, zuek esanda bezala zela, hala izango zela, zuek zineten-eta jakintsuak, nik ahaleginduta ere, nekez entenditu ahal nian irakurtzen nuenaren erdia, zuek gomendatutakoa, alegia, ahalik eta gutxien irteten nintzelako etxetik, hasierako aste haietan, kalean norbaitek ezagutuko ninduen beldur, horregatik bakarrik ia egun osoan, ordu luzeak izaten nitian betetzeko, neure burua prestatzen saiatzen ninduan, liburua eskuetan hartu eta sekulako ahalegina egin behar nuelako orrialde haietan esaten zenari lotuta jarraitzeko, joan egiten zitzaidaan burua, herrira askotan, han lagatako lagunengana, etxekoengana, batez ere izugarri sufritzen ari zen amarengana, gajoa, hots egiten nioan noizbehinka, eta bere samina ezkutatzen saiatu arren, erraz antzematen nioan, haren hitz bakoitzaren atzean gordeta, bai, gaizki ari zuan pasatzen, baina amaren samina, neurea bezalaxe, merezi zuen samina zuan, sakrifizio bat, kausa justu eta ohoretsu baten alde egindakoa, eta, gainera, luze iraungo ez zuena, eta sinesmen horri esker, eraman ahal nitian bakartasun ia osoan kalera irten gabeko egun haiek, bueno, batzuetan irteten ninduan, baina oso noizbehinka, eta halakoetan azkar ibiltzen ninduan, badaezpada ere, kale jendetsuenak saihestuz, orduko Bitorixan inork ez zuela Gipuzkoako herri bateko inor ezagutuko uste banuen ere, ezetz esan zidaan Letek, Arakan eta Bitorixako kuarteletan gure herriko gazteak ere bazebiltzala soldadu, bera ezagutu eta agurtu egiten zutenak, Adurtza, gainera, kuartel gehienetatik hurbil zegoan, hortaz, etxeko lau pareten artean preso joaten zitzaizkidaan egunak aspertuta, etxeko garbiketa eta bazkaria egindakoan ez nuelako beste zereginik leitzea ez bazen, liburuak, ordea, ez dituk niretzat, hik ondo dakianez, eta gehienetan lotan geratzen ninduan orrialde gutxi batzuk irakurrita, iganderoko mendi bueltarekin egiten nian amets, Izarraitz aldean ibiltzearekin, eta ito egiten ninduan giro hartan, eta ezin kexatu, ez nian eskergabea izan nahi, eta hobeto han, benetako kartzela batean baino, noski, Lete, hi eta gainerakoak lanean ari zineten, ni egongelako sofa gorrian alferkerian nentzan bitartean, eskerrak Letek, nik ezer esan gabe ere, nire egonezinaz konturatuta, auzo inguruetan ibiltzea banuela jakinarazi zidaan, joan Olarizura, esan zidaan, han lasai ibiliko haiz, jubilatuak ibiltzen dituk, beste inor ez, eta horixe egin nian harrezkero, gosaldu eta Olarizu aldera jotzen nian, edo, bestela Esmaltaciones San Ignacio eskuinean laga eta Otazu aldera segitzen nian, txango haiek oxigenoa zituan niretzat, goizeko freskurak burua garbitu eta pentsatzen uzten zidaan, naturaren taupada sentitzea zoragarria zuan, urtaroek eragindako aldaketak, koloreen bilakaera, usainena, zoratzeko modukoa dena, ni bezalako preso batentzat, baina, jakina, munduan ez zuan dena natural, harmoniatsu eta argia, ostera, nahasia eta iluna zuan, zerbait izatekotan, sarritan beldurgarria, ze, nik maldak igotzen eta zelaiak zeharkatzen nituela, handik hurbil samar langileak lanean ari zituan, gehienek egun argia ikusi gabe, izerditan baina gozatu gabe, makinen edo mailuen zalaparta mingarriek erasanda, jota, metalezko hautsa arnastuz, egunero kutsatzen eta gaixotzen, birikak kaka pozoitsuz betetzen, egunero hiltzen, azken batean, eta, naturaren altzo gozoan nengoela, txorien kantuak baino ez zuela goizeko isiltasuna hausten, bakarrik, horiek denak nerabilzkian buruan, entenditu gabe zer zela-eta gizon-emakumeok hautsi, zikindu behar genuen naturaren berezko ordena: bakoitzak zegokiona egin, eta kito, ez zuan gehiago behar, nahikoa, bakea, hiltzeko ere bake santuan, hildakoak eta haien hiltzaileak elkarrenganako gorrotorik gabe, batere ez, aspaldiko lege bati segika, bakoitzak bazekian zer, noiz eta nola egin egin beharrekoa, katea ez zuan eteten, gurpila ez zuan gelditzen, dena erraz zebilean, leun, ondo olioztatuta, karrankarik gabe, eta nik, miretsita, aho zabalik naturaren parean, arrazoi bakarra topatzen nioan gure espeziearen zoritxarrari: goranahia, handinahia, gehiegikeria, baina barne bultzada kriminal hori bera duk beti, zigortzera, torturatzera, hiltzera, behar baino gehiago biltzera eta pilatzera eta pilatutakoa defenditzera ezinbestean eramaten gaituen horri egozten nioan, eta, bide batez esanda, oraindik egozten zioat kaka zahar, itxuragabe hori, murriztu beharrean, gero eta gaitzagoa delako dena mendean hartzen duen zikinkeria, inor ez da salbatuko, inortxo ere ez, halakoak entzunda, barre egiten zidak Gloriak, daukan diru parrastak babestuko duela sinetsita dagoen emakume bestela argi eta bizkor horrek, edozer egingo likek, beste edozein aberatsek bezala, berea dena defenditzeko, hiltzera ere helduko lukek, segur nauk, ez likek bere eskuz egingo, jakina, profesional bati ordainduko zioan, dirua sartuko liokek banku-kontuan, Suitzan, Panaman edo Seychelles uharteetan, infernuan bertan, Gloria ez duk ankerra, ez duk zitala, baina azalean, odolean zeramak bere klasearen estigma, marka ikusezin bezain indartsua, haren kontzientziaren aurreko kontzientzia, barne-barneko sena, nik nire klasearena daramadan modu berean, lanik egin gabe eman ditudan boladetan ere, langile izan naizelako ezinbestean, nire klasearen bilakaera nigan gorpuztu dela iruditzen zaidak batzuetan, lantegi handi samar batean hasi ninduan, metalean, ehunka langilerekin, eta tabernari, zerbitzari bukatu diat, behin-behineko kontratu batekin erretirotik gertu, gure klasearen gainbehera geldigaitzaren adibide, proletalgoaren balentria loriatsuak tokitan geratu dituk, matxinadak eta iraultzak, Leningrad San Petersburg bilakatu duk atzera, mundua aldatu behar zuen klasea apurretan zagok gaur egun, desagertzeko zorian, desagertzeko, ez hik esaten huen moduan, klaserik gabeko gizarte batean, ez horixe, burgesia den klase kanibal horrek irentsita baino, ze, kanibalak dituk, ahutz, hortz-hagin zorrotzak eta sekula betetzen ez diren urdailen jabeak dituk, nabarmena duk, ni bezalako ezjakin batek ere erraz ikusi zezakek, horretarako ez duk libururik behar, horretarako intelektualen beharrik ez, zuek ere arrisku gorritan dagoen espezie bat zarete eta, hipopotamo, lehoi eta beste hamaika bezalaxe, zuek ere jan egin zaituztete, ez zaituztete behar, alferrikakoak zarete, langileok bezain alferrikakoak, horregatik, hik esaten huen antzera, historiaren zaborrontzian zaudete, eta hor geratuko zarete betiko, inork ez zaituztelako behar, zuek baino lehen apaizak geratu ziren bezala, harrigarria, nork pentsatuko halakorik, Adurtzako etxe hartako garaian, iraultza posible eta nahiko hurbila ere iruditzen zitzaigun garaian, hi bezalako lagun burutsuak behar genituen garaian, koadroak esaten zitzaiean orduan, koadroen premia larrian geundean langileok, inoiz izan ez genuen heziketa emango zigutenak, ikasi beharra genuelako, sekulakoa, hil ala bizikoa zuan guretzat, kultura, gurea, iraultzarako tresnarik eraginkorrena zuan, kulturak gizon berri bilakaraziko gintuan, garrantzi handikoa eta txikikoa bereizten lagunduko ziguan, baina kultura hori ere aspaldiko kontua duk, zoritxarrez, antigoalekoa, garai urrun batekoa, eta jada hori ere, kontsolamendu apal hori ere ez zaiguk geratzen, jainkorik, esperantzarik eta kulturarik gabe gaudek, larru gorritan, ederki izorratuta, beti bezala, esango lidakek Joxek, ez duk egia, ordea, ez erabat, behintzat, diruz ez bazen ere, aberatsak gintuan, aberatsak ilusioz, ametsez, aberatsak kemenez eta sasoiz, edozer eramateko gauza gintuan, pobrezia, sasiko bizimodua, tortura eta kartzela bera ere, edozer askatasunaren alde, gure klasearen, gure herriaren askatasunaren alde, norberaren askatasunaren alde ere bai, noski, eta orain faltan duguna bagenian orduan: sua, grina, denbora osoan kontu bakar batean gogoa jarrita izateko gaitasuna, beste ezertaz ez pentsatzeko gaitasuna, nire baitako bazter batean baina itzali gabe, apal baino erne beti, adi beti, prest beti, zer gerta ere, eta jarrera horri esker aurkitu nian, esate baterako, Bitorixako kanposantuaren ondoko zuloa, nire ibilaldi haietako batean, errepide estua laga eta kanposantuko hormaren albotik nindoala, plaza txiki bat zirudien zulo zabal sakon hura, nire kalkuluen arabera, ehun lagunetik gora bildu ahal zituan bertan, kanpotik inork ikusi gabe, udazkeneko goiz hotz batean aurkitu nian, eta Leteri edo hiri ezer aipatu baino lehen, dena ondo pentsatuta eduki behar nuela erabaki nian, biharamunean hara itzuliko ninduan papera eta arkatzarekin, hango mapa baten zirriborroa egiteko, ahalik eta zehatzena, zuloa zaintzeko bazterrik aproposenak zehaztuz, polizia agertuz gero, inork saldu edota salatuz gero, handik korrika ihes egiteko bidea markatuz, dena estudiatu beharra zegoan, dena kontuan hartu beharra, bestela zuloa ezkutaleku bikaina izatetik tranpa izugarria izatera pasatuko zuan, ezin zuan erokeriarik egin, biharamunean, aldiz, etxean geratu ninduan, azaroaren hogeigarren egun hartan hil zen-eta Franco, azkenean, Txikiren, Otaegiren eta FRAPeko hiruren heriotzak hurbil genitian, eta bagenekian, diktadorearen erregimena hiltzen hilko zela, ez zuela erraz amorerik emango, bazitean armada, bazitiztean egunkariak, eta guk, berriz, borrokarako grina besterik ez, hortik gure beldurra, erregimenaren amorrazioari genion izua, eta hortaz, etxetik irten ezinik, hankak luzatu ezinik, irratia entzuten ematen nian eguna, irrati zahar handi horietako bat zuan, eta gauez, Letek eta biok berandu afaldu eta gero, Paris irratiari adi egoten gintuan, baxu aditu behar genian, ez genian nahi zertan ari ginen inork jakin zezala, oharkabean pasatu nahi genian auzo hartan, eta modu horretan entzuten genian Paris irratia ez ezik, gainerakoak ere: BBC, Radio Pirenaica komunistena, jeltzaleena, guztiak arreta berberaz entzuten genitian, hala ere Pariskoa berezia zuan guretzat, zeremonia moduko bat, afaldu, harrikoa egin, zigarreta bana erre, eta, pattarrik edukitzekotan, kopatxo bana ere edaten genian, albisteak entzun bitartean, burua pixka bat astinduz edo arnasa sakon hartuz txarrak zirenetan, gehienetan alegia, edo beso biak zabalduz eta ukabilak batuz zerbait pozgarria heltzen zitzaigunean Frantziako hiriburu amestutik, pilota partida bat edo apusturen bat irabazi izan bagenu bezala, eta, saioa amaitutakoan berriz hitz egiten genuela, harritzen gintuen gure, edo hobeto esanda, zuen azterketen zuzentasunak, ze, gutxi gorabehera, diktadorea hil aurretik zuek iragarritakoa betetzen ari zuan modu aztoragarrian, errepresioa gero eta zorrotzagoa zuan, alde batetik, eta oposizioa ere mugitzen ari zuan, bestetik, hura osatzen zutenek ere hurbil sentitzen zuten aldaketarako egokitzen ari zituan, orduan ezagutzen ez nuen Dylanek kantatu bezala, garaiak aldatzen ari zituan, nabarmena zuan nire zulo hartatik ere, zuhur jokatu behar genian, horixe errepikatzen zenuten Letek eta hi heuk ere, zuhur jokatu behar diagu, eta konforme denak, zuhurtziaren mugak, aldiz, lausoak zituan egoera aldakor hartan, eta gure helburua, betiko partidu eta sindikatuena ez bezala, ez zuan boterea, edo, egokiago adierazteko, gurea ere horixe zuan, baina boterea gure klaserako nahi genian, ez guretzat, botereari mesfidantzaz begiratzen genioan, arriskutsua iruditzen zitzaiguan, gertutik zaindu beharrekoa, bagenekian boterea hamaika garroko piztia dela, eta garro horietako bat moztuta ere, laster beste bat sortuko zitzaiola, Sobiet Batasunean gertatutakoa ere hor zegoan, eta minbizi aseezin horren adibide ugari edonon, dena kutsatzen, dena usteltzen, dena irensten zuen minbizi errukigabea, horregatik adi ibili beharra zegoan, erne, bizkor, poliziarekin bezalaxe, zorrotz jokatu behar genian, zorrotz eta ausart aldi berean, ezin gintuan beldurrak gelditu, ostera, inoiz baino gogorrago lotu behar gintzaizkioan borrokari, pitzatuta zegoan erregimenaren egoera aprobetxatu behar genian, ahaztu gabe langileen egoera tamalgarria, petrolioaren krisia, bi urte lehenago hasitakoa, eta, gauza gehienen prezioen igoera medio, langileak eta haien familiak gorriak ikusten ari zituan, lantegi batzuetan antolatzen ari zituan, baina zailtasun nabarmenak zitiztean, premia handiak, ezin diagu honela segitu, amorratzen gintuan, zer edo zer egin beharra zagok, zer egin ordea, erantzuna hik eman higun, Adurtzako etxean lotan geratu hintzen batean: multikopista bat behar diagu eta bazakiat non eskuratu, hik plana azaldu eta ados biok, aurrera, ahalik eta lasterren, ekiteko irrikatan nengoan, mugitzeko, handik irteteko, nire ordura arteko egote hutsa zurituko zuen zerbait egiteko, ze leitzea eta ikastea ondo zegoan, baina ez zuan nahikoa, ez niretzat, behintzat, horregatik Letek ekintza biharamunean egingo genuela jakinarazi zidanetik, tximeletak zebilzkidaan urdailean, eta egun osoan gogoa beste zerbaitetan ipintzen saiatu arren, ezin, eta azkenean Lete eta biok hirekin elkartzekotan ginen eskolarantz abiatu ginela, herriko zibilen kuarteleko horman idaztera joan nintzen gau jada urrun hartan bezala nindoan, astegun buruzuri bateko gaua zuan, eta artean gauerdia ez zela, lagun bakanak zebiltzaan kalean, isilik gindoazaan, esan beharreko guztia esanda zegoan, bere egitekoa zein zen ondo zekian gutako bakoitzak, horregatik eskolara heldu eta hala joan gintuan hire atzetik, eta, nire harridurarako, ezer apurtu gabe sartu gintuan eskolan, zabalik zegoen albo ate batetik, eta hik linterna bat piztu eta, etxean egongo bahintz bezala, ateak irekitzen segitu huen, multikopista zegoen gela txikitxora ailegatu ginen arte, hura Letek eta biok jaso eta berriz hire atzetik joan gintuan, hire linternak eskolako korridoreen belztasunean irekitako bideari lotuta, azken atearen pareraino, kopiagailua Renault 4L urdinaren atzealdean zegoan laster, eta, hirurok pozik, Bitorixako gau hotzean Adurtza aldera gindoazela, ekintzaren alderik errazena egin genuela eta zailena geratzen zitzaigula pentsatu nian, etxeraino igo behar genian makina astuna hurrengo, Adurtzako kaleak ere hutsik zeudean, zorionez, eta inork ikusi gabe igo ahal izan genian, manta marroi batean bilduta, orduan bai, lo egiten nuen gelan makina sartu ondoren, sukaldean ospatu genian ekintzaren arrakasta, ordu erdi batean egin genian dena, etxean bueltan, patxaran botila atera eta gure borrokaren alde egin genian topa, ez zuan sekulako ospakizuna izan, baina, urteak pasatuta, nekez gogoratu zezakeat ospakizun ederragorik, kopatxo bana eta nahikoa, biharamunean bai Letek eta bai hik ere lanera goizean goiz joan behar zenutelako, gainera, neuk ere zereginik izango nian multikopista martxan jartzen, baina oker nengoan, oso lan erraza suertatu zuan, papera ipini eta ia segituan hasi zuan lanean, espero baino askoz azkarrago, espero ez nuena, aldiz, makinak ateratzen zuen zarata izan zuan, zelako burrundara, zelako zalaparta, ez sinestekoa zuan, etxe osoa dardarka ari zela ematen zian, eta berehala itzali behar izan nian, auzokoak zaratagatik marmarka hasi baino lehen, eta Letek, lanetik bueltatu zenean, ezin sinetsi, bezperakoa alferrik, arriskua alferrik, dena alferrik, amorragarria, isilik biok, zapuztuta, multikopista alua, jo eta txikitu egingo genikek gustura, haren premian geundean, ordea, lantegietako taldeek behar zitean, ze lantegi batzuetan batzarrak egiten hasiak zituan, nagusiei egin beharreko eskakizunak zehazteko, eta auzoetako jendeak ere behar zian, beraz, makina gordetzeko eta erabiltzeko leku egoki baten bila hastea erabaki huen, bilatu eta aurkitu, bost egun geroago agertu hintzen gurera, hura lekuz aldatzeko prest, eta, afaldu ondoren sartu genian autoan, eta ordurako lotan zetzan Bitorixa zeharkatuz, niretzat ezezaguna zen Aliraino joan gintuan, eta garaje izandako batean sartu genian zorioneko multikopista, lekua bi zatitan banatuta zegoan, eta txikienean, itxuraz bulegoa izandako gelatxo batean laga genian, Adurtzan lo egin huen gau hartan ere, eta goizean Alira bueltatu gintuan biok, etxeko irratia eraman genian ere, beste hainbat gauzarekin batera, eta alde egin huenean, bertako giltzak eman hizkidan, orain hemengo nagusia hi haiz esanez, hori zuan plana, Lete, hi eta hirurok gintuan leku haren berri genuenok, beste inork ez, eta, beti bezala, kontuz ibili behar genian, makina hura zelako genuen gauzarik preziatuena, eta ondo zaindu behar genian, horregatik laster ikusi huen Letek eta biok ezin genuela elkarrekin bizitzen jarraitu, arriskutsuegia zuan eta, hortaz, Alikoa nire lantokia izateaz gain nire bizileku ere bilakatu zuan, ohe tankerako bat antolatu nian makinaren gelatxo berean, eta sukalde moduko bat beste aldean, eta harrezkero bertan ematen nitian egunak eta gauak, ilunabarrean pixka bat ibiltzeko ez bazen, mugitu gabe handik, lanean jarduten nian jo eta ke, irratia pizten nian, ozen, okaztagarri zitzaidan musika hark makinaren zarata ezkutatzeko, Radio Alava, falangisten irratia zena jartzen nian, Raphael, Manolo Escobar eta erregimenaren gainerako kantariak ordutan ematen zituena, hartara, zabor harekin inork ez zian pentsatuko han inprenta subertsibo bat zegokeenik, baina egon bazegoan, gero eta lanpetuagoa, gainera, Bitorixako langileen arteko giroa etengabe ari zen-eta berotzen, hik paper eta tinta gehiago ekarri behar izaten hidan, jateko betarik ba al duk, galdetzen hidan txantxetan, eta nik galdera eskertzen nian, adarra jo ahal hidan, nahi bestetan, txantxak pozik hartzen nitian, hi hintzen kanpoko munduarekin nuen lotura bakarra azken batean, hi hintzen nire adiskidea, hizketa lagun posible bakarra, behar nituenak hik ekartzen hizkidan, hik kontatzen hizkidan jakin beharreko guztiak, irratian aditzen ez zirenak, eta Gabonetan hi etorri hintzaidan bisitan, oilasko errea, mazapan, turroi eta patxaran botila batekin, gabon afari hoberik nekez, horixe, zurezko kutxa banatan eserita afaldu genian, janariarekin batera ekarri huen magnetofoi txiki batean Victor Jara eta Mikel Laboa entzunez, lagunduta egoteak gustua ematen zian, eta bisita estimatu nian, hunkitu egin ninduan, elkartasuna, kidetasuna, anaitasuna hitz hutsak ez zirela, inprimatzen nituen orrialde eta txosten haietatik kanpo ere bazirela konturatuta, hitz huts ez, keinu, joera eta ekintza konkretuak zituan, benetakoak, beharbada gabon gau hartan zagok beti izan dugun harreman bereziaren hazia, ez lukek harrigarria izango, gu biok gauez ibiltzen ginelako batez ere, gauaren babesean nolabait, bai herriaren askatasuna bilatzen genuen garaian, baita geroago ere, gutako bakoitza bere askatasunarekin konforme zegoenean ere, gaueko piztiak izan gintuan, bagaituk oraindik, banpiroen antzekoak, baina gure kasuan odola geurea izan duk, ez beste inorena, gaua argitzen zuen odola, espaloietako odola, xiringen odola, odol ezinago gorria, erreka bat odol, itotzeko odola, baina hori dena gertakizun zegoan artean, gau hartako odol bakarra, afarirako ipinitako mahai gaineko egunkarien papera gorritu zuena, edan genuen ardoarena izan zuan, patxaranena, gau hartan zer ospatu genuelako, diktadorearen heriotza ospatu genezakean, eta topa egin genezakean, Euskadi askatu baten alde, sozialismoaren alde, eta, gabon gaua izan ordez, gau hura Urtezaharrekoa balitz bezala jokatu genezakean, hastekotan zen mila bederatziehun eta hirurogeita hamaseigarren urteak ekarriko zigunaren alde, asko eta, batez ere, ona izango zela sinetsita, herrira, etxera bueltatu ahalko nintzena, borroka egin beharko zuan, jakina, beti behar izaten zuan, baina azkenean irabazi egingo genian, ez zegoan dudarik, denbora alde genian, historia alde, eta, halako batean, denborak egin ziguan mesede, ze, luze gabe, urte berriarekin batera kasik, martxo odoltsu hartara eraman gintuen zurrunbiloa hasi zuan, Forjas Alavesaseko langileek greba egitea erabaki zutenean, haiek lanari laga eta nik inoiz baino gogorrago heldu behar lanari, egun batzuetan ez nian egun argirik ere ikusten, lana heldu ahala ekin behar zitzaioan, eta, hortaz, jo eta su jardun, ordutan, Forjaseko langileekiko elkartasuna arin ari zuan beste lantegi batzuetara ere zabaltzen, eta elkartasunarekin batera, egiten hasiak ziren batzarretan lantegi bakoitzeko eskakizunak zehaztu zituan, urtarrila amaitu baino lehen bazituan sei mila langile greban, Bitorixan sekula ikusi gabea, hogeita hamar enpresa batera, hogeita hamarrak gauza beraren eske: hilero sei mila pezeta gehiago irabaztea guztiek, hirurogei urterekin erretiroa, sindikatu ofizialik ez, berrogeitaka urte pasatuta ere oraindik gogoan ditiat, ez duk harritzekoa, inon ez zegoan nahiko paperik inprimatu behar genuen guztia inprimatzeko, eskerrak hik umorez hartzen huen, eta beti inguratzen huen nonbaiten, eskerrak etortzen hintzen, erotuko nintzelako bestela, makinaren zarata, irratiko kantu gogaikarriak, esan bezala, erotzeko modukoa, hire berriketak, hire laguntzak zalaparta hartatik ateratzen nindian, grebaren berri ematen hidan, atxilotuak, nagusiek itxitako lantegiak, kale gorrian lagatakoak aipatzen hizkidan, pare bat ordu ematen huen nirekin eta benetan estimatzen nian, hi ere nekatuta egoten hintzelako, zortzi orduz lan egin eta hainbat bilera gehienetan luze izan eta gero, etxera joateko gogoz egongo hintzen, noski, baina ahalik eta luzeen saiatzen hintzen nirekin egoten, hainbeste orduz zulo hartan sartuta egotea zer zen antzemanda seguru asko, egiten nuen lana eskertzeko hire modua zuan, eta horregatik, egun osoan pilatutako galderak bertatik bertara hiri bota beharrean, eutsi egiten niean, eta hizketan uzten hindudan, hire kasa jarduteko, nahi bezala, nire jakin-mina hiretzat traba ez izateko, hala bueltatzen nian esker ona, eta hi etorri onekoa izan haizenez beti, bukatzen ari zen egunean gertatutakoaz gain horren gaineko gogoeta mamitsuak egiteko gauza hintzen, plazera zuan niretzat hi aditzea, Manolo Lete ere abila zuan hitzekin, baina hirea bestelakoa zuan, espeziala, eta nik ikasi nahi nian, eta Bitorixan bazegoan zer ikasi ugari egun haietan: lantegietako, auzoetako batzarrak kontatzen hizkidan, demokrazia zuzenaz ere ari hintzaidan, eta esnatzen, benetan zenaz jabetzen hasia zen herri bat ikusi nezakean hire hitzetan, eta ikuskari hori argiz beteta zegoan, alaitasunez beteta, eta antzeko zerbait gertatzen zitzaidaan auzoetako emakumeen batzarrak aipatzen hizkidala, aldizkarietan, agirietan erabat ulertzera ailegatzen ez nintzena gauzatu, gorpuztu egiten zuan, hire hitzaldietan agertzen ziren sobietak, langile bazkunak, herri batzordeak, horiexek agertzen zituan hik kontatutakoan, baina Errusian edo Alemanian edo beste edozein toki exotikotan gertatu beharrean, bertan gertatzen ari zuan, geunden tokitik ozta pare bat kilometrora, eta Lenin edo Rosa Luxemburg buruzagi izan ordez, hi hindugun, Lete genian, Naves eta beste hainbat genitian, historia egiten ari gintuan, historia gintuan, bai, neu ere bai, modu xumean bazen ere, isilpeko inprenta baten erosotasunetik, baina historia, azken batean, zuen inbidiatan nengoan, ez diat ukatuko, batzarretan egon nahi nian nik ere, kalean, nire inguruan pilatutako paperak zabaldu nahi nitian, manifetara joan, poliziari harrika egin, Molotov bat izan nahi nian, txakurrak kiskali nahi nitian, jipoitzen, torturatzen, apurtzen, hiltzen gintuzten erregimenaren txakur amorratuak sugarretan, ederra, amets zoragarria, amestu beharra zegoan, horixe, etenik gabe amestu, nola jarraitu aurrera bestela, nola eutsi borrokari ametsak emandako kemenik gabe, mundu berri baten ametsak, biok gauden honaino ekarri gaituen amets berak, jakin izan bagenu lehenago, utikan, berdin egongo gintuzkek, seguru, bizi gabe gainera, eta gu, hi, Joxe eta hirurok bizi izan gaituk, azkar eta bete-betean bizi, hil arte bizi, hik esaten huen moduan, horra legea, gurea behintzat, hil arteko legea, bestea, txakurrena alegia, hil artekoa zuan ere, aste batzuk geroago ikasiko genuenez, artean odola ez zegoan kalean, egotekotan Gobierno Civil azpiko leotz beldurgarrietan zegoan, handik pasatutakoei amets gaiztoak eragiten zizkieten haiexetan, eta antzeko amets gaiztoak eragiten zizkigutean guri ere, kartzelatik, familiakoen edo abokatuen bitartez, ailegatutako eskutitzak irakurrita, neure buruari galdetzen nioan zer egingo nukeen nik, haiek bezala egonez gero, gauza izango ote nintzen haiek sufritutakoa sufritzeko, minaz ahaztu eta mingainari eusteko, halako martirio latzak eramateko, eta pentsatze hutsak izu ikaretan jartzen nindian, bakarrik, loaren zain nengoela, halako pentsamendu goibelak etortzen zitzaizkidaan, gau hartantxe txakurrak nire bila azaldu eta metalezko atea botako zutela, eta, zaratak esnatuta, fusilez inguratuta aurkituko nian neure burua, haiekin joko ninditean, iletik eta bizarretik tira egin eta zaunka egingo zidatean, belarriak zartatu arte, eta izuak paralizatuta, noski, itomenari, elektrizitateari, edozein tortura motari nion eta oraindik diodan izua, heriotzari behin ere izan ez diodana, bide batez esanda, erdi hilda nagoelako beharbada, edo, aspaldi samarretik, hildakoez inguratuta bizi izan naizelako, auskalo, edozein modutan, nagusiak edo, orduan esaten zen bezala, kapitala gogor ari zuan, ahal zuen guztia zerabilean langileen kontra, kale gorrian uzten zitian, iraintzen eta barregarri uzten irrati eta egunkarietan, zer edo zer egin behar zuan, horretan bat gentozaan ezkerreko partidu eta sindikatu guztiak: greba orokorra, ez zegoan beste aukerarik, otsailaren seirako deitua zuan lehena, hogeita hirurako bigarrena, eta ordura arteko eskakizunei beste bat gehitu zitzaiean: atxilotuak askatu, gure lagunak, gure kideak, to papera, to tinta, entzun dadila gure ahotsa, makurtzen ez garenona, hiriko bazterrik bazterreraino ailegatu dadila, horretan ahalegindu gintuan, ahalegindu propagandarekin eta, batez ere, ahalegindu zituan lantegietako lagunak, denok eman genian eman ahal izan genuena, eta, hala ere, porrot egin genian, aitzakiarik gabe, erabateko porrota, hain nabarmena, ze, hi ere nahasita ibili hintzen bizpahiru egunetan, zer gertatu zuan, zerk egin zian huts asmatu nahian, langileak nekatuta zeudean, logikoa zuan, gu geu ere hala geundean, kaka eginda, zorionez gure aldartea dezente hobetu zuan atxilotuak libre zeudela jakindakoan, sinesteko zaila, baina hala zuan, lanik gabe baina kalean zeudean, zorionez, eta horixe bi greben eskakizunik inportanteena izanda, nekez hitz egin zitekean porrotaz, hori esan hidan, eta ni hirekin ados, nola ez, lantegi askok borrokan jarraitzen zitean, gainera, eta ez zegoan, beraz, etsitzeko arrazoirik, aurrera jarraitu beharra zegoan, inoiz makurtu gabe, gainerako eskakizunak lortu arte, borroka eraginkorra zelako, eta, hortaz, ordura arteko bide beretik jarraitu beharra zegoan, halakoak entzuten omen zituan batzarretan, eta halakoak ageri zituan nik inprimatutako paperetan ere, esan daitekek Euskal Herri osoko langileak guri begira zeudela, haien elkartasuna gero eta handiagoa zela, dirua bidaltzen zigutean, janariak ere bai, eta azken asteetan soldatarik gabe bizi ziren familien artean banatzen zituan, beren esker ona nola erakutsi asmatu ezin zuten familien artean, Bitorixako sobietak bizirik segitu behar zian, ezinbestekoa zuan bertako nahiz kanpoko langileentzat, hil ala bizikoa kasik, eta horregatik nekea ahaztu eta beste greba orokor baterako deia egingo zuan, eta horretan ez genian porrotik egingo, zehaztasun guztiak zainduko zituan, eta dena ondo lotu arte ez zuan mugimendurik egingo, batzarrak ugaritu zituan, beraz, lantegietan, auzoetan, baita lehendabizikoz, lanbide eskola eta institutuetan ere, hori zela eta, guretzat ere lana ugaritu, baina gu gustura, batez ere antolaketan egiten ari ziren aurrerapenen berri jasotzean: gero eta gehiago gintuan, gero eta hobeto prestatuta, eta gero eta urrunago ari zuan gure borrokaren oihartzuna ailegatzen, Paris irratian entzun genezakeenez, nagusiek eta gobernuak ere bazekitean, eta, errepresioaz gain, gezurra ere zerabiltean, gero eta lotsagabeago, negoziatu nahi zitean, baina ez bazter-nahasleekin, langileen ordezkari legalekin baizik, ez zituan ergelak, gero, gu ere ez, ordea, eta kontu hori negoziaezina zuan, hitz egin nahi baldin bazuten, bazitean batzarretan aukeratutakoekin hitz egiterik, nahi zuten lekuan eta orduan, baina haiek amore ematerik ez, El Correo Espaρol, Norte Exprιs, La Gaceta del Norte eta enparauek argitaratuak irakurri eta beren onetik irtenda zeudela iruditzen zitzaiguan, eta barre ere egingo genian, barrez lehertzeko modukoak zirelako, haien erokeria guretzat beldurgarria zela jakin izan ez bagenu, ze, artikulu eta editorial haiek helburu argia zitean, ondo zehaztutako estrategia baten atalak zituan, kakaren estrategia: kakaztu nahi gintiztean, kakaztu eta hautsi ere, ahal izanez gero, haiek hautsi eta guk eutsi, horretan ari gintuan alde biok, eta tirabira horretan ailegatu gintuan hilaren bukaerara, hurrengo greba orokorraren bezperetara, pesimismoz ikusten nian aurreko porrot parearen ondoren Aliko nire zoko hartatik, hi, berriz, grebaren arrakastaz seguru hintzen, giroan zegoan, lantegietan eta kaleetan nabaritu zitekean, eta, beti bezala, hi zuzen eta ni oker: martxoak hiruko greba inoizko handiena izan zuan, baita odoltsuena ere, ondo jakina denez, egun hartako gauean, Alin lo egin huen, ordu gutxi batzuk baino ez, Zaramagako asasinoei erantzun behar zitzaiean, berehala, baina ez hintzen horregatik geratu, beldur hintzen txakurrak ez ote zitzaizkian bila joango, arrazoiz hintzen beldur, ordurako beste batzuen bila joanak ziren eta, neu ere beldur ninduan, eta poza hartu nian, nirekin geratuko hintzela aditutakoan, bestela ere poztuko nindukek noski, baina gau hura berezia zuan, eta estimatu nian, beharbada nirekoi jokatu eta lagun nahi hindudan, polizia azaltzekotan, elkarrekin eramango gintiztean, hori, pentsatu baino gehiago, sentitu egin nian, edo hala iruditzen zaidak orain, behintzat, hire beharra nian eta hik nirea, hik zoritxarreko egun hartako izugarrikeria adituko zuen lagun bat behar huen, kea, jipoiak, tiro hotsa eta jendea hire inguruan ezker eskuin erortzen, oihuak, madarikazioak, negarra, hori dena kanporatzeko premian hengoen, itoko ez bahintzen, odola ikusten huen iluntasunean, odolaz blai hire eskuak, amesgaizto batean bezala, lorik gabeko amets gaizto batean, hik izendatu huen moduan gosaltzen ari ginela, entenditu egin nian, lokartu nintzenean, hire negar-zotina adituz lokartu ninduan eta, bai, hi negarrez, guztiz harrigarria, baina gau hartan hori entzun uste izan nian, eta horrek eman zidaan, nolabait, hire ondoezaren neurria, imajinatu nezakeena baino askoz okerragoa izan zuan dena nonbait, edozein amesgaizto baino ikaragarriagoa, eta ahaleginduta ere ez ninduan gauza odol hura guztia ikusteko, hik ikusten huen moduan, dena estaltzen, dena bustitzen zuen uholde hura, artean ez nekielako hildakoen eta zaurituen kopurua: hildakoak bost zituan, eta ehundik gora zauritutakoak, orduan nik ez nekian jainko txikiaren berri, ez nian ezagutzen heriotzaren izotzezko begirasun urdina, urte batzuk pasatu behar zitean artean hark eta biok estreinaz topo egiteko, eta kuriosoa duk, ze topaketa hura eta ondorengoak ere ez zituan gertatu ez espero nuen garaian ez espero nuen moduan, nik zerbait heroikoa espero nuelako noski, gure herriaren aldeko, mundu osoko langileen aldeko heriotza gogoangarri bat edo, topaketa horietako batzuetara, gainera, hik lagunduta joan ninduan, edozein modutan ere, minari ez bezala, sekula ez zioat heriotzari beldurrik izan, beharbada horregatik ez naik berarekin zeharo eraman orain arte, hor nagok, hilda baina ez erabat, edo, nahiago baduk, bizirik baina ez erabat, suspense gogaikarri batean, hark eusten dion soka batetik zintzilik, azpian amildegi sakon iluna dudala, edozein momentutan sokatik tiratzeari lagako ziok eta hor behera joango nauk, haren jostailua nauk, nirekin dibertitzen duk, batzuetan soka tenkatu egiten dik eta, beste batzuetan, laxatu, harentzat nahierara zapaldu dezakeen txindurria baino gutxiago nauk, haren esku leun hotzetan nagok, beste edozein bezala, noski, baina txera berezia didala iruditzen zaidak, hilda, benetan hilda egon beharko nukeelako bestela, bestela ez zuan nirekin honenbeste luzatuko, ez zian honenbesteko lanik hartuko, hirekin ere ondo konpondu zuan, ni zuen artean sartu nintzen arte behintzat, sartu ninduan ordea, jakin gabe zertan ari nintzen, egia, baina sartu eta ezin irten, zuloz zulo ibili nauk harrezkero, baina ez diat jarraituko lantu joka, ni, hi bezala, ez nauk negartia, nire oraingo negar tankerako hau bakana duk, bizialdi batean behin egiten den horietakoa, martxo hasierako gau latz hartakoa hirea izan zen modukoa, ze hik, nik bezala, barrea nahiago huen negarra baino, hi, neu, bizizaleak izan gaituk, zer edo zer izan bagara, horixe izan gaituk, hil arte bizi, hire deiadarra, hire kontsigna, nire egiten nuena noski, gure egiten genuena, Joxe ere iritzi berekoa zelako, filosofia horrek batzen gintian hirurok, gainerako ideia eta sinesmenak errealitateak barregarri laga eta historiaren kaka-zulotik behera joan zirenetik, hil arte bizi, erraza aditzeko eta dirudien baino zailagoa mamitzeko, horren arabera jokatzeko, gu saiatu gintuan behintzat, hori ezin ziguk inork ukatu, saiatu eta saiatu etsi gabe, modu batean edo bestean horretan ibili gaituk beti, askatasuna baino ez diagu nahi izan, gehiegi nahi izan ote dugu, balitekek, preso egon denak, ordea, bazakik gehiegi ez, askatasuna dela dena, hori gabe, edo horren ametsik gabe behintzat, ez dagoela ezer, heriotza ez bada, eta heriotza ere, sarritan, askatasuna duk, askatasuna ematen ziguk, gorputzetik libratzen gaitik, traba, oztopo dudan gorputz aspalditik trakets honetatik, esate baterako, Pantectatik libratuko naik, Torasemidatik, Carvelidoletik, Sovalditik, mundu honetan diren droga guztietatik azkenean libre, hori ez bada askatasuna, zer ote da, hori ez bada bizitza, zer ote da, bizitza heriotzari esker, heriotza bizitzaren segida, hortaz, bizitza bera, Gloriari aipatu zioat behin edo behin, baina haren kopeta goibelak hizketagaiz aldatzera behartu naik halakoetan, bizizalea zara zu, Biteri, egundoko bizipoza duzu halako kontu ilunekin etortzeko, hain justu bizizalea naizelako ari natzaiola horretaz esango niokek gustura, bizitzaren eta heriotzaren artean bereizterik ez dagoela, nolabait gauza bera direla, baina hori dena nire kolkorako gorde izan diat, arazoak isiltzean arazoak desagertzen direla uste dik nonbait, uste dik edo hori uste nahiago dik, Gloria ez delako batere ergela, eta, gainera, hiru gizonen alarguna izaki, askotxo zakik heriotzaz, ia hik beste, eta jakinaren gainean hitz egin lezakek, hitz egin zapatez eta jantziez, protokoloez eta jatetxeez hitz egiten duen bezain eroso, New Yorkeko ospitale garestienetako batean hil zitzaion bere alaba bakarraren aita ekarri zezakean gure berriketara, gizon ezinago ederra omen zenaren agonia ankerra, alargun gazte baten mindura, nahiz eta ordurako beste batez maiteminduta egon, beste aberats batez, noski, klase sena ez baita inoiz galtzen, ardiak ardiekin beti eta otsoak otsoekin, ezin dituk nahastu, eta nahastu, elkartuz gero, ardiak kalte, hala duk, hala izan duk eta hala izango duk, eta larri ibili, bi harribitxi itsugarri diren bere begiei begira liluratuta gauzkala, hozka egingo ziguk, senak bat-batean derrigortuta, oharkabean kasik, ankerkeriarik gabe, baina haren matrailezurrek ehizakiaren, biktimaren soina sakatuko liketek berdin-berdin, eta haren letaginek larru-azala urratuko lioketek, beraiena omen dena ari dituk defenditzen, arbasoei zor zietek, haiek lagatakoari eutsi behar ziotek nola edo hala, katea ez duk eten behar eta abar, kaka zahar hori guztia, badakik, batzuetan Gloriarekin hizketan ari naizela, nire gaztaroko joan-etorriak, garai hartako nire deskalabruak kontatuko banizkio, zer esango ote lukeen galdetzen zioat neure buruari, gustura ari gaituk, baina bat-batean horixe bururatzen zaidak, pozik ikusiko niokek aurpegia, nola iluntzen edo zurbiltzen zaion, kontatzen ari natzaiona sinesteko lanak dituela, aspaldiko kontuak dira, Gloria laztana, gaztetako txorakeriak, esango niokek, erakarri nahian, haiek aintzat ez jotzeko eskatuko niokek mesedez, gure adiskidetasuna horren gainetik dagoela, eta egia baino ez niokek esango, nire egia, noski, azken finean ni naizelako lagun beharrean dagoena, entzungo dion norbaiten premia duena, erosi ezazu zakurtxo bat gomendatuko lidakek seguru asko, bere Coco bezalako bat, eta nik irribarre baino ezingo nikek egin, nire nahasmena eta nahigabea ezkutatzeko irribarre inozo, tokiz kanpoko bat, eta, lagun onak dira, gaineratuko likek orduan, edozein adiskide baino hobeak, egidazu kasu, ez zaizu damutuko, aukeran zu nahiago zaitut erantzungo niokek nik, eta Gloriak atzera egingo zian irribarre, konplimendua eskertzen didala aditzera emateko, eta, irribarrea zabalduz, filosofoa aipatuko lidakek, lagunak baditudala erakusteko, gezurretan ari naizela, txora-txora eginda duzu egingo likek hasperen, zure esku dago, oi Gloria, jakingo bazenu, esango niokek gustura, baina hizketan lagatzen diat, esan dezala nahi duena, aipatu ditzala bere senarrak, eta horietako bakoitzarekin ikasitakoa, asko, baina seguru ez nik adina, harrokeria irudituko zaik akaso, eta balitekek neurri batean hala izatea, neurri batean, ze nik ikasitakoa minari esker ikasitakoa duk, minak erakutsitakoa eta negar malkotan neurtua, eta, aberatsek ere negar egiten dutela eta hori dena jakin arren, haien mina, haien malkoak arinagoak dituk, telenobela batekoen tankerakoak, eramanerrazagoak, adarrak jartzen zizkiotek elkarri, askotan, elkarri zapokeriak egiten zizkiotek negozioetan, baina denak antzezpen zera bat zaukak, halako aire bat, izugarria zirudik eta, azken finean, ezer gutxi duk, sekulako espantuak, antzerkia, itxura hutsa, elkarri egindako zauriak arin sendatzen dituk, odolustuko direla ematen badu ere, zauri azalekoak dituk, eta gainerakoenak, berriz, oso bestelakoak, haiek ez garenok hiltzera ere ailegatu ahal gaituk zauri gaizto baten ondorioz, eta zer esan gure traizioez, gaiztoak dituk horiek ere, eta hilgarriak, biok inork baino hobeto dakigunez, guk, norbait traizionatzen dugunean, benetan traizionatzen diagu, errukirik gabe, horregatik gure zauriak hotzak dituk, horregatik hil ahal gaitiztek eta hiltzen gaitiztek, gure odola gatzatu egiten duk, aberatsena ez bezala, horiena odola baino gehiago merkromina delako, gorri biziko isuri artifizial bat, baina ez odola, horiena beste zerbait duk, drama baterako egokia baina gezurrezkoa, Bitorixan isuritakoa ez bezala, ehundik gorako zaurituen odola kalean, bost hildakoena, Gobierno Civilean torturatuena ahaztu gabe, hiri oso bat, herri oso bat itotzeko beste, hildakoak eta zauritutako guztiak ez zirelako Bitorixakoak, elkartasunak odolezko ordaina zian handik kanpo ere, Fraga Iribarne, Martin Villa eta Guardia Civilaren orduko nagusia, argazkilarien eta kameren aurrean zeuden bitartean, zauritutako baten ondoan, Basaurin, Tarragonan eta Italian ere beste gazte batzuk hil zitiztean hango kaleetan, Bitorixako anaiak, ez zaituztegu ahaztuko, akordatzen al haiz, horixe esaten genian guk ere haiekin batera, eta hori esatean hunkitu egiten gintuan, esker onez, eta gure borrokaren alde borrokan ari ziren milaka lagun ezezagun haiek guztiak besarkatuko genitian ahal izanez gero, elkar kontsolatu, estu, anaiak, arrebak, mundua aldatzera zihoan, Internazionalak zioen moduan, halako jendearekin bai, argi zegoan, aurrera beti, denok batera, eup, mundua irauli beharra zegoan, behetik, sustraietatik heldu eta buruz behera ipini, lehenbailehen, kapitalistek eta haien morroiek dena txikitu, dena zapuztu, dena suntsitu baino lehen, gazteok egingo genian, beste inork ez bazuen egin nahi, iraultza ala hil, aberria ala hil, behar zena, edozer, ondo pentsatu beharra zagok esaten huen hik, eta besteok ezetz, pentsatzeak ez ziola inori kalte egiten, baina, gauzak hain argi egonda, zertarako hainbeste gogoeta, ekin behar zitzaioan eta kito, gainerakoa, hitzontzikeria, hiltzen ari zitzaigun poliziaren baletatik babesten ez gintuena, geure burua defendatu behar genian, langileok, guk geuk, ez inongo erakunde edo talderik, inoren baimenik gabe, gure kasa, Zaramagako sarraskia ez zuan berriz gertatuko, eragotzi behar zitzaiean, txakurrek ere beldurraren berri ikasi behar zitean, bai, bai, hori oso ondo zagok, baina nola egingo dugu, abila hintzen, bahekien guri non zirikatu, nola, elkarri begiratu genioan, inork ez zekian nola, pentsatu, luze hausnartu beharra zegoan, hik esan bezala, beti bezala, horretan hasi hintzen, beraz, langileen autodefentsaren adibideak historian arakatzen, Parisko Komuna, sobietak noski, Boliviako meatzarien antolaketa, Argentinan eta Mexikon argitaratutako liburuak irakurri hituen, auskalo noren bitartez inguratutako liburu italiar batzuk, eta mirespen berrituaz begiratzen nian, esku onetan geundean, argi zegoan, lasai egon ahal gintuan, beraz, asmatuko genian hartu beharreko bidea hartzen, bide estu eta malkarra izango zuan, baina halakoak izan zituan ordura artekoak ere, eta beldurrik ez, Bitorixako langileek erakutsitako kemenarekin dena zuan posible, batez ere diktadorea hil ondoren, erregimenak ere hilzorian zirudian egun haietan, inozoak ez besteak, pare bat urte nahikoa, gure optimismoaren ustela agerian uzteko, nola pentsatu, ordea, erregimenaren aldekoak eta kontrakoak noizbait elkartuko zirela, otsoak eta ardiak, eta akabo, hor konpon langileen beharrak, hor konpon iraultza eta ametsak, sindikatuetako burokrata bilakatu zituan gutako batzuk, norbaitek merezi bazuen, haiek merezi zitean, nork bestela, atxilotzeek, torturek ordain bana derrigortzen zitean, justizia zuan, eta ezin ezetzik esan, horretarako eskubidea zitean eta, ezin pikutara bidali edo madarikatu, gainerakook, ordea, beste bide bat aukeratu genian, asko, gehienak, ikusten ari zirenaz nazkatuta, etxera joan zituan besterik gabe, gu, berriz, kalean geratu gintuan, tabernetan.