Hitzontziak
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
Azaleko argazkia: Idoia Unzurrunzaga
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
aurkibidea
 

 

9

 

Beldurra eta esperantza: gure funtsezko emozioak, Spinozaren arabera. Amsterdameko filosofoak idatzitakoaz gogoratzen naiz sarritan, bi sentipen bortitz horien eragina gero eta nabarmenagoa izanik nire inguruan. Gainerako sentipenak ez bezala, bikote banaezina osatzen dute, nahiz eta zeingehiagoka jardun etengabe. Bat igotzeko, besteak jaitsi egin behar du, eta alderantziz. Borroka, ahalegin etsitu horretan aritzen dira nekatu gabe, zein zeini nagusituko. Horretaz ohartzeko hiperra baino leku egokiagorik, gutxi. Zer erosten duen ikusita, asko jakin daiteke bezeroaz. Esate baterako, beldurrak edo esperantzak jota dagoen. Beldurrak jotakoak marka zuriko produktuak erosiko ditu, gutxi, premiazkoenak, ahalik eta merkeenak. Esperantzak laztandutakoak, berriz, denetarik erosiko du, ugari eta salneurriei erreparatu gabe.

      Sozialki bigarren taldekoekin egon beharko banu ere agian, etsituekin nago, (inoiz izan ez dudan) aita egon zen antzera. Esperantza mikorik gabe, beti esperoan egoten direnekin. Gaur bizirik daudenekin, baina, beren bizi-baldintzak medio, bihar bertan hilda egon daitezkeenekin. Gaur seme-alabei jateko zerbait eman ahal dietenekin, baina beharbada ez bihar. Munduaren pairatzaileak dira. Ezer ez dago beren esku, eta badakite. Esperantzaz hordituta daudenek mundua nahi bezala zuzendu eta bere egiteko eskubidea dutela dakiten modu berean.

      Nik ere ezer gutxi egin dezaket garrantzitsuak diren kontuetan. Biteri, adibidez. Berdin dio zein den nire desira: hark baino ez du gure harremanaren giltza, eta bion arteko ate guztiak itxita dauzka. Jai dut harekin.

      Esperantza sentipen itsaskorra da, beldurra bezala. Uxatu nahi, uxatzen saiatu eta alferrik. Hor geratzen zaigu, oinetako baten zolatik erauzi ezin den txiklea nola. Biterirekin ezer egiterik ez dudala jakinda ere, harekin nahi. Absurdoa da, hankarik eta bururik gabea, eta hala ere ezin haren itzaletik urrundu.

      Hire moduko bat behar dun, esan ohi dit Marik, hire adin bertsukoa. Bat baino gehiago izango dun atzetik, seguru.

      Hala da, bat gutxienez badut. Unibertsitatean hasi nintzenetik: Urtzi Esteban. Mutil ona, zintzoa, nitaz maitemindua, atzetik ibiltzen zait, neu Biteriri atzetik ibiltzen natzaion bezain alferrik. Erruki diot.

      Ondo ulertzen dudala esango nioke, badakidala zer sentitzen duen, badudala bere oinazearen berri, baina isildu egiten naiz, nire hitzek haren esperantza sustatuko luketelakoan. Marik niri esan ohi didana errepikatuko nioke, nitaz pentsatzeari utzi behar diola, nirekiko duen obsesioa lehenbailehen ahaztu behar duela, kalte besterik ez niokeela egingo. Urtzi bizkorra da, arazorik gabe ulertuko luke, baina seguru naiz berdin jarraituko lukeela, ulertu nahi ez balu bezala. Neure eskarmentutik ari naiz, horixe baita nik egiten dudana, tematu, ondo baino hobeto jakinda, haren mespretxua ez bada, sekula ez dudala Biterirengandik beste ezer jasoko. Horregatik dakit Urtzik ez duela amore emango eta bere irribarre melengarekin topo egin beharko dudala aurrerantzean ere. Nahi al duzu hau, nahi duzu bestea: ilargia eskainiko dit, nik Biteriri eskaini diodan bezala, eta hiperrak edonori, erosi ahal duen edonori, eskaintzen dion moduan.

      Egun on (edo arratsalde on), zer moduz, nahi al duzu...

      Ahal izan dudan guztia eskaini diot Biteriri. Lehenik eta behin, nire gorputza. Nire laztanak, nire musuak. Baina, zorioneko gau hartan izan ezik, muzin egin dio beti nire eskaintzari. Horri eta egin dizkiodan gainerakoei. Gramo bat koka pasatzen saiatu eta, eskertu beharrean, muturtu egin zitzaidan, irain egin izan banio bezala. Inguruko kokarik onena. Bakea emateko eskatu zidan. Koka tartean egonda, ondo hartuko ninduela uste nuen, lagunak izango ginela.

      Bere gustukoa ez banintzen, areago, begitan baninduen, zer zela-eta eraman ote ninduen bere etxera? Ito egiten nau galderak. Horren hausnarrean eman ditut harrezkero egunak. Bururatzen zaizkidan erantzun bakanak ahulegi, kamutsegiak dira benetakoak izateko. Atzera eta aurrera egiten dut denboran, Biteriren begietara higuingarri bilakarazi ninduenaren bila. Batere arrakastarik gabe, esan gabe doa.

      Hori medio, erantzunik gabeko galderak ere badirela saiatu naiz sinesten. Aitari dagozkionen antzekoak. Hau da, etsitzeko modu bat bilatu dut, bizi nauen obsesiotik askatzeko nolabaiteko bide bat, nolabaiteko bakea. Baina horretan ere kale egin dut. Kale egin, izan ez diren eta egon ez dauden gauza horiexek, bizienak, presenteenak, ahanzteko zailenak direla jakin arren. Hori jakiteko ez baita Lacan irakurri beharrik. Bizitzea nahikoa da. Benetan bizi ote naiz, ordea, benetan bizi ote gara? Horra erantzunik gabeko beste galdera bat.

      Hiperrean, nire kutxatik igarotzen direnei, neure buruari ere begira sarritan, bizimodu zonbi hau dagoen bakarra delako susmoak ikaratzen nau. Beldurra nagusitzen zaio esperantzari neure baitan. Eta beldurrak galdera gehiago ekarri. Erantzuteko zailak. Noiz arte?

      Dena ahaztu nahi nuke, nor naizen eta non nagoen ahaztu, galdera guztiak ahaztu, amak (inoiz izan ez dudan) aita ahaztu nahi duen bezala. Alzheimer tankerako bat nahierara. Hiperraz ahaztu, unibertsitateaz ahaztu, amaz ahaztu. Biteriz ahaztu? Bai, Biteriz ere bai. Biteriz, batik bat.

      Nekagarriak dira galderak, baina galderarik gabe, filosofiarik ezin. Jakin-minik gabe ez. Zorionez edo zoritxarrez, nirea handia da, behin ere gelditzen ez den galdera-makina bat. Dena jakin nahi izaten dut. Nola edo hala, dena zait interesgarria: eulien edo inurrien bizimodua, nola moldatzen diren bizirauteko, nola dauden antolatuta. Edo landareena. Oro har, naturak eta haren funtsezko izaerak erakartzen nau. Milaka itxura, milaka alderdi dituen funtsezko izaera horrek. Kakalardo batekin, mikrobio batekin batzen nauena interesatzen zait. Izaki guztiongan taupada bera antzematen dut. Heriotzara garamatzan bizi-taupada bera. Naturak, aldiz, ez du justiziaren berri. Apetatsua da, ustekabe zalea. Horregatik da laburragoa edo luzeagoa batzuen bizi-taupada, beste batzuena baino. Espezie berekoak izan arren, kide bakoitzak bere ibilbidea du, bere patua. Ez aldez aurretik idatzia (edo bai?), baina patua, azken finean, nire gurasoena, adibidez. Toki eta garai bertsuan jaio, hazi eta heziak biak, ezin bukaera ezberdinagoa izan.

      Aizu, ni oso bizirik naiz, protesta egingo lidake amak, arrazoiz. Protestak protesta, bukaeran da, izan ere. Urte luzetako bukaera izango da harena, ziur aski patxadatsua, baina ez dut uste inoiz egingo duenik orain arte egin ez duenik. Ez dut uste haren bizimoduan egongo denik gorabehera nabarmenik. Egin beharrekoa egina du, errepikapenaren errepika izango du hemendik aurrerakoa. Etxez aldatuko da agian (aspaldi samarretik ari zaio Sixtori Hondarribian etxe bat erosteko xaxatzen) edo bidaia luze exotiko bat egingo du senarrarekin batera, hark lan egiteari utzitakoan. Berdin dio. Ezerk ez du (inoiz izan ez dudan) aita hildakoan aukeratu zuen bide erosotik ateraraziko. Hau da, haren ustez ondo merezitako bidetik. Nik muzin egiten diodan bide horretatik. Bizitza ez da zuk uste duzuna, esan zidan lanean hasi behar nuela jakinarazi nionean. Ea hiperrean lan egiteak horretaz konturatzeko balio dizun. Beharbada errealitatea nire susmorik txarrenak baino okerragoa dela ikasteko balio izan dit, zerbaitetarako balio izatekotan.

      Langile izatea zer zen banekiela uste nuen. Horri buruzko liburu mordoxka irakurria nuen, batez ere amari (inoiz izan ez dudan) aitaz entzun niona eta gero. Hura nekez aipatuko du amak, baina, sarritan bezala, elkarri mokoka ari ginen batean, haren gorabehera batzuk ekarri zituen hizpidera, nire kontra egin nahian. Hala jakin nuen Salazarrek (hala deitzen zion amak) Gasteizko lantegi batean jardun zuela berarekin ibiltzen hasi aurretik, eta han, 1976ko neguan izandako borroka bortitzetan aritua zela. Azkenean amak bakea eman eta ordenagailua piztu ahal izan nuenean, hark aipatutako istiluak bilatu nituen Interneten.

      Milaka erreferentzia zegoen: txosten, film, audio, argazki, elkarrizketak... Zerbait handia izan zela bistan zegoen. Epikoa eta tragikoa aldi berean. Lana utzita kaleak hartu zituzten langile haiek irudikatu nituen, auzoetako biltzarrak, lan-eskola eta institutuetako ikasleen manifak, hiri oso baten elkartasuna jasotzen zuten grebalarien emaztekiak, beren zorro hutsak eskuetan. Eta miretsita irakurri nituen eskuorri eta manifestuak: bazekiten zer nahi zuten eta horren alde borrokatzeko prest agertu ziren, nahiz eta parean diktadura baten polizia eta komunikabideak izan. Eta sutu egin nintzen Gasteizko eliza hura inguratu zuten polizien elkarrizketak entzutean: Buen servicio! Hemos contribuido a la paliza mαs grande de la historia. Aquν ha habido una masacre. Cambio. De acuerdo, de acuerdo. Pero de verdad una masacre...

      Amak Salazar deitzen zuena ere ahalegindu nintzen borroka hartan irudikatzen. Gaztea zen orduan, ni baino gazteagoa, hogeita gutxi urtekoa, edo barrikada baten atzean edo poliziari harrika ikus nezakeen, film batean bezala. Entzun nezakeen inguruko lagunei adore ematen oihuka, eta elizaren inguruan bi mila balatik gora tiratu izanaz harrotzen ziren poliziei eusteko eskatzen. Heroikoa.

      Bai, harro naiz borrokalari bulartsu haietako baten alaba izateaz. Ama histeriko baten alaba izateaz baino harroago, behintzat. Eta bekaizti, batez ere inguruan begiratzean: nire lankideek, bezeroek ez dute zerikusirik garai mitologiko hartako jendearekin. Langile haiek langile izatearen harrotasuna zuten artean, batuz gero mundua alda zezaketelako ziurtasuna. Jendeak bazekien elkartasuna (klase elkartasuna) zer zen. Tokitan dago hori dena.

      Baina, noski, neu ere ez naiz Mari edo bertako beste gehienak baino hobea. Horiek bezala, beldurretik baino askoz gehiago daukat esperantzatik kolkoan. Hala zaila da ezer aldatzea. Planeta salbatuko duen iraultzaz amets egin daiteke, gehienez.

      Iraultza: aipatze hutsa barregarria da, inoiz baino premiazkoagoa denean. Nork egin behar du, ordea? Guk ez, hori seguru. Aspe azaldu eta burumakur itzuliko ginateke, bakoitza bere lanera. Behazuna irentsiko genuke, eta berehala betikora itzuliko:

      Egun on (edo arratsalde on), zer moduz, nahi al duzu...

      Koldarrak gara, gurekoiak gara, eta dugun apurrari eusten diogu, adar bati eutsiko geniokeen modu berean, gure azpian amildegi bat izanez gero.

      Horregatik amets baino ezin dugu egin. Sabotajea egiteaz, esaterako. Sagardo botilak hustu, eta kamerek hartu ezin duten txokoan txizaz bete. Ederra litzateke, baina ia gauzatu ezinezkoa. Halakoak bururatzen zaizkit, horretarako nahiko barrenik ez dudala ederki dakidan arren. A ze gauzak bururatzen zaizkinan, harritzen zait Mari. Barre egiten du, baina barreak nekez ezkuta dezake haren kezka: Erotzen ari ote da? Hiperrari edota kapitalismoari egotzi beharrean nire balizko eromenaren errua, Biteriri egozten dio.

      Hiri ez zain halakorik inoiz bururatu? Ez, Oihane, niri ez. Ama naun, horra Mariren argudioa, erabatekoa, behin betikoa. Arao moduko bat harentzat. Edozein korapilo askatzen duen araoa. Amatasuna botika indartsua da. Amatasunak ia dena bihurtzen du zilegi. Bere Adolforen zitalkeriak ere. Hura antzarak ferratzera bidaltzeko esaten badiot, Aitortxo hartuko du segituan, modu itsusian erabiltzen duen senarrarekin jarraitzeko arrazoitzat. Semearen hobe beharrez egiten omen du, hura ez traumatizatzeko. Aitzakia galanta, nik ez dudana, Biteri uzteko hark eskatzen didanetan. Ama ez, alaba naiz ni, ordea. Amatasunaren kontu hori Marik baino hobeto erabiltzen dakien ama baten alaba.

      Mari bezala, ama ere nire hobe beharrez ari omen da. Horixe aldarrikatu du beti. Lagunei, Sixtori errepikatu die, eskergabea naizela argi utzi nahian. Bera saiatzen da niri laguntzen, baina nik, egoskor halakoak, uko egiten omen diot eskaintzen didan laguntzari.

      Zure aitaren berdina zara, Salazar peto-petoa, aurpegiratu dit, nirekin haserre. Hura bezain burugogorra. Aukeran, zure antzekoa baino nahiago haren antzekoa izan, adieraziko niokeen.

      Gizon alai eta berritsua omen zen, lagunkoia, han-hemen jakin izan dudanez. Ni ez naizena eta, dirudienez, egundo izango ez naizena. Amari gogorarazi nion, (inoiz ezagutu ez dudan) aitaren eta bion arteko ustezko berdintasuna ez zela hainbesterainokoa ikus zezan. Hura konformagaitza zen eta zu ere bai. Ez zekien zoriontasunaz gozatzen. Gehiago nahi zuen beti.

      Berriz ere eutsi behar izan nion, mihi puntan nuenari: zuk bezala, hortaz. Salazartarrok konformagaitzak izango ginen, baina ama aseezina. Zerbait nahi izanez gero, senarra nazkatuko du lortu arte, eta gutxira beste zerbait nahi izango du, zerbait modernoagoa. Jantziak, etxeko tresnak edo beste edozein gauza zaharkitu eta erabat modatik kanpo geratuko zaizkio luze gabe, eta horiek ordezkatzeko premia eutsiezinezko bat sentituko du. Eskerrak senarra aberatsa duen eta oraindik maiteminduta, ulertzen zaila bazait ere.

      Eta guztiz absurdoa. Zer dela-eta maitemintzen gara? Zer dela-eta uzten dugu beste baten eskuetan gure zoriona, gu-geu arduratu ordez? Kimika kontu bat da, zientifikoek diotenez, feromonak eta abar. Beste zerbait behar du izan, nire iritziz, kontu objektiboekin hain harreman estua ez duena. Zerbait filosofikoagoa edo. Herrschaft und Knechtschaft, esaterako.

      Nire jardun teorikoaren ajea izango da agian, baina hori sumatzen dut maitemintze bakoitzaren atzean: menperatzeko edo menperatua izateko grina itsua. Oharkabeko grina, barrenean ezkutuan daramaguna eta oraindik argitara irten ez den minbizi bat. Maiteminak jo, eta zauritutakoa jopu edo nagusi bilakatuko da ezarian. Ez dago besterik.

      Hiperreko atzealdean, atsedenaldiaren garaian zigarreta bat erretzen duen bitartean, Marik bere kontu triste eta beti berdinak aletzen dizkidala, minbizi hori sumatzen dut giroan, nireak aipatzen dizkiodanean bezalaxe. Horri buruz ari gara, aldez edo moldez, horri buruz ari ez garenean ere. Dena biltzen du. Laino moduko bat da. Heltzen den tokian dena irensten du.

      Gehiegi pentsatzen dun, neska, gehiegi nekatzen haiz kontu horiekin, esaten didate lagunek. Aspertuta dauzkat. Filosofiak burua nahasi didala uste dute. Spinozaz hitz egingo nieke, esperantzaz eta beldurraz, biak ala biak paralizagarriak direla azalduko nieke, libre izateko gauzak beldurrik eta esperantzarik gabe ulertu behar direla, eta horretarako pentsatu beharra dagoela, luze hausnartu. Baina ez dut inorekin eztabaidatzeko kemenik. Negar egin nahi dut, ez besterik, etenik gabe nahigabetzen nauena kolkotik atera, atseden pitin bat lortu. Mina hitzetan jarri nahi dut, hura arintze aldera.

      Ez, ez da filosofia burua nahastu didana. Zerbaitek edo norbaitek nahastekotan, drogek edo ama histeriko batek nahastu didate. Seguru asko amak, drogena asteburuetako kontua izan delako niretzat, ama oraintsu arte ez bezala. Kontuz drogekin, zen garai batean amaren leloa. Nire belaunaldia suntsitu zuten. Ez dadila zurearekin gauza bera gerta.

      Ama, mesedez, eteten nion sermoia lehenbailehen. Ordurako hainbat droga hartua (eta utzia) nintzen. Utzia nion, esate baterako, txirriak erretzeari, eta, hein handi batean, mozkortzeari ere bai. Ordurako banekien marihuana eta alkohola baino droga niretzat hobeak bazirela. Beldurrak eta esperantzak bezala, haiek ere paralizatu egiten ninduten, eta haiek nire egun azkarrak ziren, izan ere.

      Dena azkar nahi nuen. Azkar ikasi, azkar maitatu, azkar dantza egin. Eta horretarako hauts zuriak egokiagoak izan, inondik ere. Tabernetan, bi neska komunera joaten ginenean, inork ez zuen uste pixa egitera edo apaintzera gindoazenik. Speed, koka, dena gustatzen zitzaigun.

      Orain tabernaren bateko komuneko ispiluan neure burua halabeharrez ikusiz gero, ikaratu eta amaren hitzak etortzen zaizkit oroimenera, gaztetan nire onetik ateratzen ninduen berriketa gogaikarri hura. Uxatzen saiatzen naiz, baina gogoari atxikitzen zait, eta ezin erauzi. Ordu txikitako nire aurpegi desitxuratuak izututa, nekez eusten ahal diot komunetik laguntza eske zarataka irteteko premiari. Mozorro hits bat, maskara penagarri bat itzultzen didan ispilu zikina hautsiko nuke ukabilka, eskuak odoletan izan arte.

      Bai, horixe naiz. Zonbi bat, beste hainbat zonbiz inguratuta. Lerdea ezpain-kokotsetik behera darien zonbiak, aurpegiko giharrak menderatzeko, hitz egiteko, mugitzeko zailtasunak. Belaunaldi zonbi bat, amarenaren antzekoa, haren garaia eta gure oraingo hau oso ezberdinak izanagatik. Beste belaunaldi galdu bat, gurearen aurretik egon diren gainerakoak bezala.

      Atzokoak eta gaurkoak funtsean berdinak dira, baina azala kolorez aldatuta. Koloreak engainagarriak dira. Erakarri eta bere egiten gaituzte. Oztopoak ere badira, mamira heltzeko bidea ixten dutenak. Haien dirdirak itsututa, ezin ikusi hor, ilunpe sakon horretan, ezer ez dagoela, neurrigabeko huts bat ez bada. Bete behar dugun huts bana, orain, lehen eta beti. Gure gurasoek modu batean bete dute eta gu beste batean betetzen ari gara, baina oinarrizko gezurra beti bera.

      Ozpindu egiten zaizkit lagunak halako kontuak entzuten dizkidatenetan (gutxitan, larunbat gau batzuetan baino ez), eta hainbeste speed ez sartzeko gomendatzen didate. Drogatuta edo drogarik gabe, uste dudana uste dut, eta kito.

      Beren lagunekin berriketan ari direla, amari eta Sixtori entzuten dizkiedanak eta nire lagunei entzundakoak antzekoak dira, eta seguru gauza bera pentsatuko nukeela, neronek esandakoari erreparatuz gero. Batzuen eta besteon hizketa moldeak (koloreak) ezberdinak izango dira noski; ez, ordea, adierazitakoa. Elkarrekin afaltzen dugula edo elkarrekin zuritzen ditugula sudur-zuloak, giro berdin jator horretan egiten dugu. Jatortasunak bizi gaitu, eta hori gabe ezin gu bizi. Hiperrean izan ezik.

      Disimulurik ez hiperrean. Jatorra izateko astirik ez, modu amerikarrean ez bada:

      Egun on (edo arratsalde on), zer moduz, nahi al duzu...

      Ia masailak urratzeraino irribarre egin eta, ziplo, hori bota: gure ereserkia, hemengo langileona, gure Internazionala. Behar adina aldiz errepikatzeko gertu gauzkate, edozertarako prest. Beldurra, guk ez bezala, alde dute. Dena alde dute. Gu ere bai, zoritxarrez.

      Bestela izan ote liteke? Halako galderak bururatzen zaizkit, Gasteizko langileen grebaz irakurtzean. Polita litzateke, polita bezain ezinezkoa. Horregatik egiten diot errieta neure buruari, nostalgiaren pozoi arriskutsuaren eskuetan hain erraz erortzeagatik. Non dago filosofiak eman behar zidan aparatu kritikoa? Zertan geratu da, sentimendu merke horren hats melenga aditzeko gai ez banaiz? Martxoak hiru eta haren ingurukoak historia dira, pantaila batean ageri diren hitz eta zuri beltzezko irudiak. Han gertatutakoak ez dira atzera gertatuko, ezerk ez du atzera egingo, aurrera baizik. Aurrera lasterka, aurrera eta aurrera, kosmosaren hutsune ilunean noizbait galdu arte, (inoiz izan ez dudan) aita galdu zen antzera.

      Xelebrea da, edozein ika-mika, edozein buruz buruko borrokari uko eta saihets egiten dion amak zein gogotsu, zein kementsu egiten dion denborari buru. Inongo beldurrik gabe eta esperantzaz lepo joaten da ebakuntza gelara, abuztuko egun batean hondartzara joango balitz bezala. Kirurgia plastikoaren erregina da. Ama gajoa.

      Alaba gajoa esango du hark, niri begira. Zer izan zintezkeen eta nor zaren, bera bezalako norbait izan nintekeela adierazi nahian. Hau da, errealitatean ondo sustraitutako norbait. Bere errealitatean, noski, benetako errealitatetik urrun dagoen bere beste horretan. Bere neurrira sortutako fikzio batean. Tamala ni izatea fikzio horretan egokitzen ez den bakarra. Bere mundu bikain horren pitzadura bakarra. Neskato mainati, apetatsu bat izango banintz bezala begiratzen dit. Edo okerrago, bere kontrarioa banintz bezala. Egiten dudan guztia bere aurka egiten dudala sinetsita dago. Hiperrean lan egitea, esaterako. Alferrik azalduko diot ezetz, libre izateko, bizitzeko aritzen naizela lanean, inoren menpe ez egoteko. Baina nire azalpenak are gehiago zapuzten du:

      Dena eman nahi dizut, eta zuk ezetz beti, ez duzula nigandik ezer nahi.

      Harengandik ezer nahi ez dudala esatea ere okerra da, asko izaki harengandik nahi nukeena. Begirune pixka bat nahi izatea zer da, asko edo gutxi, naizen modukoa naizela onartzea.

      Genetikoa behar du, jarraitzen du, Salazar guztien ezaugarria.

      Zer ote zen (inoiz izan ez dudan) aitak hartu nahi ez ziona, galdetuko nioke.

      Joanak joan, esango luke, oraina da axola didan bakarra. Carpe diem. Salazar, aita, aldiz, hemen dugu, gure aldamenean, amak ikusi nahi ez badu ere. Biok elkartzen garen bakoitzean azaltzen da, hiruki bat osatzeko gurekin. Familia bat? Familia bat ez. Amak badu aspalditxotik berea.

      Sixtorekin ezkonduta nago, ez beste inorekin, argudiatuko luke. Legezko senarrarekin, aldiz, ezin hiruki bat osatu. Bikote bat osatuko luke gehienez, ni ez nintzaielako batuko. Sixto gizon ona da berez, lehenago ere esana dut, baina ez da (inoiz izan ez dudan) aita. Nahi bai. Amari esan dio behin baino gehiagotan. Aita ona izango litzateke, baina ez nirea. Aita izan nahi zukeen. Amak uko egin zion ama berriz izateari. Bazuen nahikoa lan nirekin. Bizi nahi zuen. Carpe diem. Munduak eskaintzen eta urteetan uko egin omen zionaz gozatu nahi zuen. Atzokorik eta biharkorik gabe. Beste ezer gabe. Gozatu.

      Edonork ez du edozein apeta ordainduko dion senar bat. Marik eta hiperreko beste langile ezkonduek ez, behintzat. Horren beharrik ez dute. Bakea emango liekeen senar batekin, pozik. Seme-alaba gazteez edo guraso zaharrez baino ez arduratu behar izatearekin zoriontsu. Gimnasio eta saunarik gabe, ile-apaindegira astero joan gabe eta kirurgia plastikorik gabe ere bozkarioz.

      Halako jendea badago munduan, erakutsiko nioke amari, zuretzat sinesten zaila bada ere. Ironiaz jabetu eta berehala bihurrituko litzaidake: Aspaldi konturatu nintzen, zu jaio baino lehenago ere, zuretzat sinesteko zaila izanagatik. Gure aita langilea zen, Orbegozokoa.

      Aitona Inazio maitagarria. Harritu egiten nau hura eta ama odol berekoak izateak, hain ezberdinak bien izaerak. Hainbeste maite ez nuen amona Margaritari egotzi ahalko nioke amaren gaiztakeria, baina hura emakume xaloa zen, tolesik gabea, ama ez bezala. Eta orduan beharbada amaren benetako gurasoak ez zirela izan bururatzen zait, umezurtz hartu zutela.

      Xelebrekeria galanta: ama umezurtz eta alaba erdi umezurtz. Xelebrekeria baina posible, beste gauza asko bezala, hiperrean egunero ikusten ditugunak lekuko. Ia edozer da posible. Bada posible, esate baterako, norbait oiloz mozorrotuta arrautza bila agertzea edo beste batek bazter batean pixa egitea. Bada posible Aspek gutako edozein barregarri uztea jende guztiaren parean, nahiz eta guk behar bezala berak agindutakoaren arabera jokatu. Bezeroa zuzen beti, ordea. Bezeroa zuzen eta langilea oker. Printzipioz. Hiperreko legea da, idatzi gabea bezain burdinazkoa, gure Aspek gutxik bezala ezagutzen duena.

      Harrigarria da oraindik niretzat. Hegelen teoria gorabehera, lanak ditut haren jokamoldea guztiz ulertzeko. Zer dela eta gu ezin zorrotzago, ezin okerrago hartzeko grina hori? Zerk eragiten dio? Gorroto omen digu emakumeoi, eta, Mariri sinestera, homosexuala da, gay, marikoia. Gorroto digula argi dago, nire ustez; ez hainbeste, ordea, gorroto hori emakume guztiei dagokien edo bere menpekoei baino ez. Zaila da jakiten, kutxazain guztiak emakumeak baikara. Gizonezkoak bestelako lanetan aritzen dira. Asperen ardura ez diren bestelako lanetan. Bere menpekoak gizonezkoak izatera ezberdin jokatuko ote lukeen, ezin esan.

      Mari ez dator bat nirekin. Bistan zagon, neska, horretarako ez dun teoriarik behar. Ergel kuadrilla bat gaitun harentzat. Bere esku egongo balitz, kale gorrian aspaldi.

      Baliteke. Gizonezkoek ez omen zizkioten onartuko guk onartzen dizkiogunak. Horregatik nahiago gaitu. Errazagoa zaio guri nagusitzea. Gure beldurra aditzeko gaitasun berezia dauka, eta badaki horri etekina ateratzen. Badaki gutako bakoitzaren berri, galdetu gabe ere.

      Kontuz ibiltzeko eskatzen dit Marik, Aspe ez dela nitaz fio. Hala da, ez da nitaz fio, ezta gutako beste inortxoz ere. Bai, baina hi ezberdina haiz, eta hark bazakin. Nola daki ba, nik. Eta Marik: Janzkeran antzematen zain, hizkeran. Ez haiz ama (hara amatasuna berriz ere!), ez dun inoren ardura, eta antzeman egiten zain. Ez haiz gu baino gutxiago edo gehiago, ezberdina, espeziala haiz.

      Hala ote? Auskalo. Segurua da hiperreko langile bat naizela. Asperen emakumeetako bat. Atsedenaldian kafe makinaren inguruan biltzen direnetakoa. Eskerrak kafe izena merezi ez duen ur beltz bero hori dugun. Horregatik ez balitz, kutxan bertan lokartuko nintzateke, niretzat narkotikoa baita eskanerraren ti-ti-ti hori, narkotikoa milaka aldiz errepikatzea keinu bera, esaldi bera:

      Egun on (edo arratsalde on), zer moduz, nahi al duzu...

      Errepikapenaren sinfonia da hiperrean une oro entzuten dena. Goizetik gauera entzuten den musika itxuraz beti berari erraz nagusitzen zaion eguneroko jardunaren zalaparta: orgatxoen hotsa, zabaltzen eta ixten diren ate eta kutxena, korrika eta jolasean ari diren umeena... Zarata etengabea da, nire aurretik igaro beharreko bezeroen ilara bezain etengabea. Zarata sekulakoa da, Iturri tabernakoa bezain sekulakoa. Horretaz kexatzen zen Biteri, elkarrekin hitz egiten genuen garaian. Erotu egingo naiz, ezin dut luzeago eraman. Ohean ere horixe aditzen jarraitzen dut, oraindik tabernan egongo banintz bezala. Buruan iltzatuta daukat. Tortura puta bat.

      Ulertzen dut orain, ni ere nekez lokartzen bainaiz gauetan, egun osoko zarata dela eta. Hotsak eta hitzak metatzen zaizkit garunean, noizbait izandako elkarrizketen zatiak. Isiluneak ere pilatzen zaizkit, astunagoak zenbaitetan. Biteriren isiltasun iraunkor gaitzaz gain, amarenak, Marirenak, geratzen zaizkidan lagun gutxirenak. Urtzi Estebanenak. Horrenak ere bai.

      Itsusi egiten nauen ispilu bat da. Urtzirekin nagusia naiz, betiko neskamea izan ordez. Biteriren neskamea, Marik esan ohi didanez. Aukeran hori nahiago, nagusitasun zantarra baino. Neskamea, menpekoa izan, kulturaren sortzailea, ez nagusi alferra. Urtzirekin horixe egokitu zait, ordea, zantarkeria hori. Biterik niri egindakoak errepikatzera kondenatuta nago. Beste modu batean, leunago agian, baina horiexek berritzera derrigortuta. Hurbiltzen zaidanean kasu egiten diot. Honetaz eta hartaz hitz egiten dugu, eta batzuetan elkarrekin gustura egotera iritsi gaitezke, harik eta betiko kontua hizpidera ekartzen duen arte. Amorragarria. Zenbat aldiz esan behar ote dizut ezetz, emateko bakea oihu egingo nioke. Hau da, bere isiltasun trinkoaren bitartez Biterik behin eta berriz niri adierazi didana. Amorruak Biteriren tokian jartzera eramaten nau, nirekiko duen jarrera ulertzera. Ulertu nahi ez dudana ulertzera, argi esateko. Ulertzeak harengandik urruntzen nau eta. Iturrira joateari utzi egin behar nioke. Duinena litzateke, arrazoizkoena ere bai. Ahal banu.

      Baina ezin, Urtzik bere temari utzi ezin dion bezala, nahiz eta guztiz alferrik ari dela jakin. Min hori behar du, zauri hori. Eta nik ere bai. Bestela hiperretik irten eta zuzen etxeratuko nintzateke, nahi ez nauten taberna batera joan gabe. Kafea prestatuko nuke, eta lasai, sofan luze etzanda, lagunek pasatutako telesailak ikusiko nituzke, Biteri muturbeltz hori eta haren lagun Esfingea ikusi ordez. Doazela pikutara biak, doazela urrun, beste kontinente batera. Eta eraman dezatela zakurtxo zuri zikin hori beraiekin. Coco nazkante hori.

      Ametsak. Ezinezkoak. Zauriari odola dario. Beti. Nireari, Urtzirenari. Beldurrak eta esperantzak eragindako jario gorria. Zauririk gabe geratzeko beldurrak, alferrik desiratzen ditugunek jaramon egingo diguten esperantzak. Arrazoiaren bitartez menderatu beharreko sentimendu gehiegizkoak. Horretan ari naiz, Spinozaren jarraitzaile. Arrazoiak hitza du lanabes eta tresna, ordea. Lanabes trakets kamutsa, inondik ere. Hortxe koxka. Hegaldatu orduko ziplo erortzen diren hegazti aldrebesak, hitzak. Badirudi gora eta gora egingo dutela guztiaren esanahiaren jabea den zeru argi batean desagertu arte, eta, bat-batean, mokoz behera etorri, lurra jo eta istantean hondar bilakatzen dira. Hitzak: kanpoeder, barren-huts hitzak, lagungarriak zenbaitetan, baina gehienetan traba. Zoritxarrez ez dago besterik, eta dagoen horrexekin moldatu behar. Hartara nire hitz-aspertua, hartara denona.

      Katea osatzen ari naiz. Mailaz maila. Ez kronologikoki, nahi nukeen bezala, ahal dudan bezala baizik. Nire benetako ikerketa da, ez Hegelen teoriari buruz egiten ari naizena. Hura unibertsitaterako da, hiperretik noizbait alde egin ahal izateko. Katea osatzea, aldiz, hil edo bizikoa da niretzat. Hiperbole bat irudi dezake, pentsatu gabe esaten den zerbait, baina hala delakoan nago, beste irtenbiderik ez dudalakoan. Horregatik ez naiz galdetzen eta ikertzen nekatzen, horregatik aipatzen dizkiot amari, hark isildu ez ezik, erabat ahaztu ere nahiko lituzkeen kontuak. Amak ez du ulertzen. Zertarako hauts zaharrak harrotu? Oi ama nirea, oi andre txit eskuzabal hori, bazeneki zer garrantzitsua den zure alaba bakarrarentzat. Baina hor ere hitzak motz. Azaltzekotan izan naiz hainbat alditan. Hitzak bilatu eta ordenatu ditut nire baitan. Konturatu naizen arte nire ahaleginak porrot erabatekoa baino ez zuela sari izango, ezin zezakeela besterik izan. Nire hitzei beste hitz batzuk gaineratuko lizkieke amak, arrapaladan jaurtiak, eta nireak itoko lituzke. Zaratak arrazoia itoko luke. Hala izan ohi da, eta ez bakarrik nirekin. Sixtorekin ere berdin jokatzen du. Hura arrazoiak ematen saiatzen da, baina amak oihuak itzultzen dizkio, negar-zotinak, mehatxuak. Kikildu egiten da gizona, eta berandu baino lehen amore ematen du. Nahikoa da, dio, esan gabe. Nahikoa da, mesedez eta faborez. Etsigarria, lanean marrazo politiko eta finantzarioekin eguneroko borrokan ohitutako gizon handia nola uzkurtzen den ikustea. Zer egin behar du gizajoak, hitzezko zirimola horrek harrapatuta?

      Harengandik ikasi, aholkatzen dit Marik. Hik ederki hitz egiten dun, baina gutxitan. Gutxiegitan, aukeran. Txarra dun hori. Minak eta saminak kanporatu behar ditun minbizi bihurtu baino lehen.

      Inork ez du nitaz juzguak egiteko eskubiderik, ordea. Ez du, batzuetan ero arriskutsu bat banintz bezala begiratzen didan amak. Ez du, begiratu ere egiten ez didan Biterik, eta are gutxiago, erratza baten kirtena baino zuzenago ibiltzen den haren lagun aberats harroak. Ezta Marik berak ere, hobekien ezagutzen nauena izan arren.

      Bitxia da Sixto izatea nitaz juzgurik egiten ez duen bakarra. Entzuten du, irribarre egiten du, eta dena onartzen du xalo-xalo. Spinoza bat, amaren senarra, Lao Tse bat. Baretasun inbidiagarri baten jabea, zaila da etxe giroko jarduna ez den beste edozertan irudikatzea. Badihardu, ari da, ordea, amaren sasibeharrak betetzeko, haren apeta garestiak asetzeko. Goizero irteten da mundura diru bila, baina gu ez bezala (Mari eta bioz ari naiz) hark bere buruarentzat egiten du lan, ez beste batentzat. Horrek emango dio patxada, agian. Horrek lodituko zion azala. Edo bihotzean duen arazoak, bestela. Edozein istilu, edozein tirabira mota saihesteko premia hil edo bizikoak. Ederki gaztigatu zuen kardiologoak.

      Maite nau gizonak. Ezagun du. Hitzik gabe ere. Nik ere maite dut nolabait. Amarekin ez bezala, eroso egoten naiz harekin. Gela berean egon gaitezke biok elkarri traba egin gabe. Bada zerbait etxe hartan. Barkatu egin behar diozu amari, esan ohi dit, zure hobe beharrez egiten du guztia. Nire hobe beharrez, bada marka. Hobe nitaz ahaztuko balitz bolada batean, behintzat. Eta orduan Sixtok: Pertsona ona da. Sutsua, baina ona. Eta nik: Inoiz erretzekotan, beste edozein su nahiago. Isildu egiten da Sixto. Badaki ez duela harago segitu behar. Nire aukera baino ez da, ni baino ez naiz gai zer nahi dudan erabakitzeko. Isilunearen ondoren irribarrea etortzen da, izan dadila zuk nahi bezala adierazten didana.

      Irribarre guztiak ez dira halakoak, zoritxarrez. Badira, eta ez gutxi, maltzurrak, mina eragiteko xedea dutenak. Asperen gehientsuak, esaterako. Ergel deitzeko modu mutu bat. Bezeroak ohartu gabe, Aspek gu iraintzeko duen beste bat. Edo Esfingearena, barra bukatzen den zokoan egoten den eta ni naizen gazte alprojari han sobera dagoela, traba baino ez duela egiten gogorarazten diona. Baita nire lagunena ere, iseka egiten didatenena, burges txiki mokofinen Iturrira hurbiltzeagatik.

      Aspe, Esfingea, nire adixkideak: egos dadila bakoitza bere saltsan. Benetan axola didan bakarra Biteriren irribarrea da, baina hark ez dit inoiz egiten. Ez maltzurrik, ez bestelakorik ere. Tabernan sartzen direnak agurtzen ditu:

      Egun on (edo arratsalde on), zer moduz, nahi al duzu...

      Edonor agurtzen du, ni izan ezik. Niretzat lanpetuta ibiltzen da beti. Barraren mutur batetik bestera joango da, sukaldean sartuko da, edalontziak garbitzeko makurtuko du burua, edozer egingo du ni aintzat ez hartzeko. Ikaratu egiten dudala dirudi, ihes egiten didala argi baitago. Zer dela medio? Arrastorik ez. Katea osatzen ahalegintzen naiz, arrakastarik gabe. Eta, hala ere, berdin jarraitzen dut, ez naiz nekatzen.

      Arrazoia ote dute nire lepotik barre egiten dutenek? Baietz esango nuke, dena arrazoitzeko nahiak eromenera naramala. Nola azaldu bestela nire zoritxarreko tema?

      Auskalo. Biterik barra atzean egiten duen bezala, nik ere burua makurtzen dut kutxaren atzean hiperrean. Ez dut inor agurtu nahi. Ez dut inorekin hitz egin nahi. Eskanerraren ti-ti-ti horretan galdu nahi dut, eta kito. Bakea behar dut.