Hitzontziak
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
Azaleko argazkia: Idoia Unzurrunzaga
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
aurkibidea
 

 

5

 

Dirua simaurra da. Dirua zikinkeriaren metafora da. Ez diot nik, Sigmund Freudek baizik (Charakter und Analerotik). Nik ere esan nezake. Edo Marik. Edo hiperreko beste edozein langilek. Dirua gure eskuetatik behin eta berriz igarotzen da, eta arrastoa uzten du, arrasto lohi bat. Gure esku zigortuetan. Txanpon zorrotzek zauritutako gure eskuetan. Metalezko latek, kartoi gogorreko paketeek, plastikozko ontziek, denek uzten digute zer edo zer: ubelduak, zauri txikiak, ebakiak... Gure eskuak lakarrak dira, idorrak, traketsak, simaurra hartzearen hartzeaz. Eta hainbeste aldiz erabili dugu eskuetan, non horretarako baino ez dutela balio pentsatzera heldu baikara. Hau da, ez direla inor edo ezer laztantzeko gai. Mari, esate baterako, beldur da amets duen bigarren semetxo edo alabatxoa, inoiz izanez gero, nekez laztandu ahalko lukeela:

      Esku tzar hauekin laztandu ordez zauritu egingo nuke, gajoa.

      Marik ez bezala, nik ez daramat amatasunaren birusa barruan. Ezin dut inolako seme-alabarekin ametsik egin. Biteri daukat: adinez aita izan nezakeen gizon bat. Begiratu ere egingo ez zidan aita bat. Aita gogor, zigor zale bat. Atzera egiten dut denboran, gure artekoa noiz eta non okertu zen asmatzen saiatzen naiz: alferrik. Haren nirekiko erabateko aldaketa ezin ulertu, nola igaro den irribarreetatik muzinetara, jatortasunetik uzkurtasunera, zerk eraginda. Elkarrekin egon ginen aldia gogoratu eta saiatzen naiz aurkitzen minduko zuen nik esandako edo egindako zer edo zer. Alferrik. Gogoan geratu zaidan hitz bakoitza, keinu bakoitza berritzen dut nire artean. Alferrik. Hitz eta keinu xaloak iduritzen zaizkit, salbuespenik gabe, tolesgabeak. Irribarrez hartu nituen haren irribarreak beti, eta aldarte onez haren hitzak. Oharkabean ere, zerbait benetan larria egin behar izan nion, hain erabateko aldaketa eragiteko. Zer, ordea?

      Kirioak bihurritzen dizkit galdera horrek. Horixe dabilkit buruan, jogurtak eta txokolate tabletak eskanerretik pasatzen ditudala. Behin eta berriz. Eta behin eta berriz, horma gotor ilun baten aurka jotzen dut. Amorragarria da. Galderak horman punpa egin, baina, erantzunen bat itzuli beharrean, isiltasuna baino ez dit itzultzen. Behin eta berriz. Eta inora ez naramaten hausnarketetan murgilduta, amorratu egiten naiz hain artagabea izateagatik, orain ulertu nahi nukeena ulertzeko ezinbestekoak liratekeen xehetasun eta zehaztasun argigarriak oharkabean pasatzen uzteagatik. Bai, itsukeria madarikatzen dut, axolagabekeria, inozokeria. Harik eta halako batean, non nagoen jabetuta, irribarre egiten dudan arte: egun on, arratsalde on, zer moduz, aspaldiko, nahi al duzu...

      Profesional bat naiz. Bezeroak atsegin ez baditut ere, irribarrerik onena eskaintzen diet, Biterik eskaini behar lidakeen modu berean. Profesionaltasunagatik besterik ez balitz ere. Gure Aspe bezalako baten premian dago, bezeroei zer esan, nola hitz egin irakatsiko liokeena. Baina haren nagusia gutxitan egoten da tabernan, eta Biteri izaten da Iturriko jaun eta jabea eguneko ordu gehienetan. Horregatik egin dezake nahi duen guztia. Horregatik egin dezake ez ikusiarena, tabernako atetik sartzen ikusten nauen bakoitzean. Ni iraintzeko duen modua da. Biteriren begiradak izoztu egiten nau. Hark ni begiz jo eta hotzikara batek dardara eragiten dit berehala. Zainetako odola antzigar bilakatzen zait, eta, berriz mugitzen naizenean, nekez lortzen dut bizpahiru urrats egitea, nire zokoraino heltzeko falta zaizkidanak. Nire zokoa diot, hainbeste aldiz hor babestu ondoren, neurea sentitzen dudalako. Talaia ederra da. Biteri ez ezik, taberna osoa begietsi dezaket handik. Sartzen eta irteten direnak, edaten eta hizketan ari direnak. Iturriko bezeria neure burua bezain gutxi gustatzen zait: burges ttipi, bozka PPNVri (edo EH Bilduri) ematen dioten ardo zuri chardonnay-aren edale mokofin aspergarri horiek guztiak. Esfingearen gogaide eta, seguru asko, lagunak ere badirenak. Jendaila. Simaur hutsa, dirua bezala. Eta ezin dudanez beste ezer egin, denbora-pasa bat behar dudanez, haien bizimodu kriminalaren lekuko bihurtzen naiz, hiperrean egunero gizartearen bizimodu suizidaren lekukoa izaten naizen bezala. Betiko kontua da. Batzuek lagun hurkoa zapaldu, zigortu eta, azkenean, hil egiten dute. Beste batzuek, aldiz, beren burua. Betiko kontua: Herrschaft und Knechtschaft.

      Behekoak eta goikoak. Dirudunak edo boteretsuak eta dirugabeak edo botere gabeak. Betiko kaka zaharra. Bikoteetan bezala: maitalea eta maitatua. Oinazea jasotzen duena eta plazera jasotzen duena. Menderatzailea eta menderatua. Herrschaft und Knechtschaft, azken batean. Horixe zen niretzat ere, Hegelen babesean Sartrek idatzitako zerbait, teoria bat, ez besterik. Biteri ezagutu arte.

      Gure harremana (halakorik ez dugula uste arren Biterik, badugu, estu-estua) ez da Sartrek aipatutako bikotearena bezalakoa. Gurean badugu jasaten duena (ni neu); ez, ordea, gozatzen duenik. Ziur naizelako Biterik ez diola nire minari etekinik ateratzen. Aterako balio, edozein motatakoa izanik ere, nabaritu egingo litzaioke. Baina begitarte bera izaten du beti: izotzezkoa, gogorra eta aldatzeko gaitza, zulatu, gainditu ezin dudan harresia. Gainerako bezeroei (izan turista edo bertako, gazte edo betiko txikitero), berriz, beste bat erakusten die: nirekin ez den profesionalarena. Edo Esfingeari erakusten diona, esate baterako, horrekin dena delako irribarrea eta mimoa, hurbiltasuna eta jatortasuna. Hain zuzen ere, niri erakusten didanaren kontrakoa. Beharbada, niri mina egiteko ez, ni uxatzeko erabiltzen du Biterik andre patetiko hori. Nirekin baino lehenago, zapo koloretsu horrekin egingo lukeela aditzera emateko. Salda egiteko ere balio ez duen oilo zahar horrekin.

      Negargarria, Biterirekiko dudan menpekotasuna bezala. Nola esan bestela, neure burua gorrotatzera naraman premia itsu honi? Negargarria bezain umiliagarria, nahitaez Iturrira itzuli behar absurdo masokista. Kalte egiten dit, noski. Ez zait batere komeni, eta hala ere han egongo naiz berriz ere laster, iritsiko ez zaidan hitz gozoren edo irribarreren baten zain. Ez zait komeni, ez, kafea komeni ez zaidan modu berean. Biak utzi beharko nituzke. Mariri kasu egin eta gogotik uxatu beharko nituzke biak.

      Biteri ere kafe beltz bat da niretzat, barrena berotu ez ezik, zikindu ere egiten didana. Eta gaiztotu. Hau da, gaiztakeriak bururatzen zaizkit, baita piztu ere horiek gauzatzeko nahi bizia      . Hura hartu eta nonbaitetik zintzilikatzeko nahia. Torturatzeko nahia. Halako basakeriak bururatzen zaizkit batzuetan.

      Normala dun, ni lasaitzen saiatzen da Mari. Niri ere bururatzen zaizkidan halakoak, Adolforekin haserretzen naizen aldiro.

      Hala da, ziur aski, sarritan haserretzen baita senarrarekin. Lanean hasi aurretik, aldagelan bertan nabaritzen diot. Mari emakume alaia da, eta halako egunetan burumakur agertzen da. Gaur ere bai?, galdetuko nioke, baina isildu egiten naiz, ikasi dudalako hala hobeto dela, behartu gabe. Bere kasa utzi behar zaio. Lehenago edo geroago, kolkoan daramana astunegi izango zaio, eta pena atera nahiko du handik.

      Atsedenaldia bitartean, hiperreko atzealdean, bere bihotz minaren berri emango dit, zatika eta poliki, zerbaitek eztarria trabatuko balio bezala. Atzealde hori gure aitorlekua da. Hiperra tenperatura egokian mantentzen duten haizagailu erraldoien ondoan eta iluntzean behartsuek arakatuko duten zaborrontziei begira, gure kezkak aletzen ditugu. Gure kezka beti antzekoak. Egutera horretan eta ordu laurdentxo batez. Asperen eta beste lankide eta bezeroen begiradetatik bazter, eroso egoten gara han, ezerk eragozten ez duen halako intimitate batean. Hor edozer egin dezakegu. Oihu egin dezakegu. Negar edo algara. Barrura itzultzeko garaia iritsi arte, behintzat.

      Kafea azken hondarreraino edaten dugu, eta Marik ezpainak erretzeraino tira egiten dio bere zigarretari. Horregatik ez gara segundo bakar batez ere isiltzen. Presatuta gaude. Gauza asko kontatu behar diogu elkarri. Norbaitek entzungo baligu, egunero antzeko kontuekin ari garela pentsatuko luke.

      Hiperraz hitz egiten dugu, baita gizonezkoekin ditugun harremanez ere. Madarikatu egiten ditugu, gure oinazearen erruduntzat jo. Sekulakoak eta bi botatzen ditugu haietaz (Aspez, Mariren senarraz, Biteriz), agian ez dugulako ρabarduretarako betarik. Hamabost minutu gutxi dira. Hitz egiteaz gain, zer edo zer jan eta edan behar dugu, komunera joan, erre. Gehiegi. Ordulariari begira egoten gara, lanera berandu itzuliko garen beldur. Gure kutxen ondoan zain izango dugun Asperen beldur.

      Emakumeak, kexatu ohi da, komunera joan behar dugula jakinarazten diogunetan. Zer duzu orain? Haurdun al zaude, hilekoarekin?

      Hori entzun eta barre moduko zerbait egiten dugu, pikutara bidaliko bagenu ere pozarren. Modu berean jokatuko genuke bezeroekin ere, baina, hori egin ordez, irribarrea eskaintzen diegu, mesederen bat egin izan baligute bezala: Egun on, arratsaldeon, aspaldiko, nahi al duzu...

      Behin eta berriz.

      Hutsik egin gabe, enpresak nahi duen moduan. Profesionaltasunez. Aspek ez liguke besterik onartuko. Kale gorrian ipiniko gintuzke, berak nahi bezala egingo ez bagenu. Hori dela eta, inguruan sumatzen dugunean, ozenago agurtzen ditugu bezeroak.

      Bakerik emango al digu noizbait?

      Mariren galdera erretorikoa da, denok dakigulako bakea emateko ez, gerra egiteko dagoela hemen, hori duela eginkizun nagusia. Artaldea zaindu behar du. Horretarako ordaintzen diote.

      Estu hartzen gaitu. Gero eta hobeto egin behar omen dugu, gero eta gehiago saldu. Talde lana omen da gurea, eta denok ahalegindu behar dugu. Azal gogorra behar da, gero. Azal gogorra eta entzule sinesberak. Horietako asko dugu hemen. Gehienak, esango nuke. Ulertzen ditut, zaila baita norberaren bizitza kaka zaharra dela onartzea. Hobeto zentzu eta helburu bat duela ustea: talde helburu bat. Gure minak, gure sakrifizio hauek zentzu apur bat dutela sinestea, dena ez dela alferrik. Pentsamendu lasaigarriak dira, ulergarriak, baina gezurrezkoak. Gutako inork (ezta Aspek ere) ez du garrantzirik Parisen edo Madrilen erabakiak hartzen dituztenentzat. Horientzat zenbakiak gara, kopuru hutsak, eragiketa matematiko batzuen osagaiak, sartu bezain erraz atera daitezkeenak beren balantza orrialdeetatik.

      Ezkorregia naiz, Mariren iritziz, bizitzari alderdi pozgarriak aitortzeko ezgauza. Zein alderdi? Aitor semea aipatuko lidake, eragiten dion poza. Hala izango da, baina nik ez ditut amatasunaren onurak ezagutzen. Alaba izatea, berriz, ondo dakit zer den. Aitarik gabeko alaba.

      Umezurtza naiz. Umezurtza izan nahi dut. Edo ez dut eskaintzen zaidan aita (sasi aita) horren alaba izan nahi. Ezin uka nirekin eskuzabal jokatu duela beti. Hala ere, nik umezurtz nahiago. Hau da, nire benetako aitarekin nahiago, aspaldi hila omen baina nigan bizi-bizirik den aita gozo eta ausartarekin.

      Txorakeriak ez esateko eskatzen dit amak, egiazko munduan bizitzeko. Zer ote daki amak, zer ote daki arkitekto ezagun baten emazte aspertuak egiazko munduaz? Ezertxo ere ez. Batez ere, ezertxo ere ez baitu jakin nahi. Zertarako? Hobeto biziko al litzateke mundu horren berri izanda? Argi du ezetz. Nahikoa du ni ikustearekin. Eskandalagarria zaio unibertsitatetik pasatutako inor hiper bateko langile xumea izatea. Batez ere, horren beharrik ez duen bere alaba bada. Bere alaba harroa. Bere alaba ezjakina: berak titulurik edo masterrik ez izanagatik, nik ez dakidana ondo omen baitaki. Mundua den bezalakoa dela eta alferrikakoa dela aldatzeko edozein saiakera. Nork bere bizitza alda dezake, baina. Hori bai, hori egin daiteke. Amak egin zuen. Zorionez, garaiz ikasi zuen hori. Nahiz eta hori ikasteko maite zuen gizona (benetan maite izan omen duen bakarra) modu ikaragarrian galdu behar izan. Maitasuna gaztaroari dagokion zerbait da, haren ustez. Gaixotasuna: elgorriaren edo baztanga eroaren antzekoa. Hori jakiteko ez dago unibertsitate batera joan beharrik!

      Jean Paul Sartre aipatuko nioke, hark maitasunaz uste zuena, pentsalari feministen ekarpena. Kaka zaharra besterik ez, amak esandakoa ukatzeko ere balio ez duena. Izan ere, amak esan bezala da: hori edozein tokitan, edozein garaitan ikas daiteke. Berdin mundua errotik alda zitekeela zirudienean, edo orain zalantzarik gabe hondamendira doan honetan.

      Bi aukera baino ez daude, antza: mundua, funtsean aldaezina dela jakinda ere, aldatzen, hobetzen, konpontzen saiatzea ala nork bere bizimodua. Bestela adierazita: irteera kolektiboa edo bakarkakoa. Aitaren bidea edo amarena. Bide biek toki berera (heriotzara) daramatela agerikoa izan arren. Nik inoiz izan ez dudanarena, aitarena, aukeratuko nuke. Gogorrena, argi eta garbi, baita ederrena ere.

      Estilo kontua da, azken batean. Estilo kontu hutsa. Planeta honetatik nola igaro, hori eta ez beste ezer baita kontua. Askatasuna edo erosotasuna, horra aukera. Bietako edozeinen alde eginda ere, ordaindu egin behar. Garesti, gainera. Batez ere, askatasunaren alde eginez gero. Hori heriotzaz ere ordain daiteke, (inoiz izan ez dudan) aitak ordaindu zuen bezala. Gorpu bat, baina gorpu eder bat, behintzat. Ez amarena bezalakoa. Inolaz ere ez.

      Zahar hilko da ama. Bere Sixto (arazoak ditu bihotzean) edo ni neu baino geroago. Baina egin dituen eta oraindik egingo dituen ebakuntza estetikoak gorabehera, itsusi eta zimurtsu hilko da, txikiago eta agian uzkurrago. Esfingeari gertatuko zaion bezala.

      Haren gorpuak, ordea, amarenak baino itxura hobea izango du, hark ez baitu kirurgia estetikorik erabili. Edo, baldin eta erabili badu, haren kirurgialaria amarena baino askoz hobea delako. Ez dauzka masailak clown batenak bezain puztuta. Eta arrosa minez margotzen dituen ezpainak neurrikoak dira, betazalak bezala. Kopetako eta lepo aldeko larru-azala pixka bat zimurtuta dauka, gainera, ez sokatira saio bateko soka bezain tenk. Amarengan begiek baino ez dute garai bateko bizitasun izpiren bat gorde. Aita liluratu omen zuten begi gaztainkarak, urte batzuk geroago Sixto txoratuko zuten berberak.

      Nire begiak nabarrak dira. Inor liluratzeko arruntak. Ikusteko ere ez dute batzuetan balio. Denen begi-bistan dagoena ikusteko ere ez, emakume gazte bat izan ordez, atso zahar bat banintz bezala. Edozertarako laguntza eskatu behar duten horietako bat: apalategietatik hartu ezin duten zerbait eskuratzeko edo irakurri ezin duten zerbaiten berri izateko. Horiek bezala, ni ere galduta nago. Lagunduko didan norbaiten premian nago. Nire garuneko pasabideak estu, luze eta nahasgarriak dira, hiperrekoak bezain. Labirinto bat osatzen dute. Tranpa moduko horretatik irteteko, norbaitek heldu behar dit eskutik. Nire begi arruntak gandututa daude, kataratak jotako zaharrenak bezala. Beharbada, ni ere nazkagarria naiz, horiek diren moduan, eta horrexegatik ez zait Biteri hurbiltzen. Edo, beharbada, ni ez ezik, ez du gustuko ezein emakume.

      Hori pentsatzera iritsi naiz. Biteri homosexuala dela. Hala balitz, orduan denak izango luke zentzu pixka bat. Baina gau hura dago. Burutik inolaz ere uxatu ezin dudan ekaineko gau epel sorgindu hura. Horrek zaildu, nahastu, lausotu egiten du dena. Horrek barregarri uzten du orain arte ikasi dudana.

      Zertarako Hegel, Sartre, Freud, Lacan eta enparauak irakurri eta aztertu? Zertarako hainbeste lan eta buruhauste, baldin eta ez banaiz Biteriren izaera, nirekiko haren jokaera pixka bat behintzat argitzeko gai? Ilunpetan nago. Alferrik hiperreko ordu luzeetan hausnartutakoa eta alferrik Iturrin, begiak Biterirengan iltzatuta, nabaritu dudana. Asteak, hilabeteak igaro eta berdin jarraitzen dut, ezjakintasun osoan.

      Seguru Esfingeak nik baino askoz gehiago dakiela Biteriz. Edonork jakin dezake nik baino gehiago, egia esan. Iturriko ia edozein bezerok. Hori dela eta, Esfingeari galdetzea pasatu zait behin edo behin gogotik. Ez diot ezertxo galdetu, noski. Ez naiz ausartu. Harroegia naiz horretarako. Galdetu izan banio, goitik behera begiratu eta popatik hartzera bidaliko nindukeen. Nola galdetuko nioke? Aizu, barkatu, Biteri gay den jakin nahiko nuke. Pentsatze hutsarekin lotsagorritu egiten naiz. Popatik hartzera, horixe. Ondo merezita.

      Eta ezetz erantzungo balit, askoz okerragoa litzateke. Ezetz, harekin oheratzen dela, astean behin. Horrek kaka eginda utziko ninduke. Jelosiaz beteta. Hain zuzen ere, bereziki okaztagarri irizten diodan sentimendu batez. Gogorra litzateke besteengan behin ere onartu ez dudana nigan aurkitzea. Tumore bat aurkitzea bezain gogorra: kolpe latza nire nartzisismorako. Bat-batean, besteen modukoa nintzateke. Hainbatetan nire artean gutxietsi ditudan lankide eta ezagunen modukoa, Mariren modukoa.

      Alfer eta gezurti galanta izatea barkatu ahal diot, esan dit behin baino gehiagotan. Ez, ordea, beste emakume batekin ibiltzea. Hori ez, hori ezingo nioke inolaz ere barkatu.

      Nik, aldiz, ia edozer barkatuko nioke Biteriri. Hobeto esanda, dena barkatzen diot, orain eta hemen barkatu ere. Dena. Haren hitz bakar bat nahikoa nuke. Baina hark ez du nire barkamenik nahi. Ez du nigandik ezertxo ere nahi, Iturrira azaltzen naizen bakoitzean argi uzten didanez.

      Zakila halakoa! Artaburua ez bestea!

      Ez. Ni naiz ergela, makina bat mespretxu harengandik jaso eta gero ere, gehiagoren bila itzultzen dena. Erabateko masokista.

      Masokista, bai, ez zait beste hitzik bururatzen nire patologia izendatzeko. Eta pentsatzen jarrita, emakumeok ez ote garen masokistak. Mariz gogoratu eta baietz uste dut, bagarela, hura ere, neu bezala, behin eta berriz itzultzen baita behin eta berriz menosten duen senarrarengana. Menostu eta jo ere egiten du bere Adolfok, nik uste. Halakorik ez dit Marik sekula esan. Areago, horretaz galdetu nion aldi bakarrean, haserretu eta ezetz esan zidan, baina ez nion sinetsi. Zergatik? Ubeldu handi samarrak nabaritu baitizkiot aldagelan. Horiei begira harrapatuta, nik eskatu gabeko azalpenetan hasi izan zait agudo. Azalpen topikoetan: Zabalik zegoen atea jo dut. Irrist egin eta ohearen kontra jo dut...

      Zein bortizkeria mota ote da okerragoa: Mariren gizonaren jipoiena edo Biteriren mespretxuarena. Hori pentsatu dut, baina oso laburki, berehala ohartu bainaiz Marik, bortizkeria fisikoaz gain, psikologikoa ere jasaten duela. Eta lotsatu egin naiz, hain nirekoia, hain nartzisista nazkagarria izateagatik. Amaren antza hartu diot neure buruari. Hura bezala, neure buruaz arduratzeko baino ez naiz gauza. Enpatia hitza hari bezain arrotza zait neuri ere.

      Gogoan dut nola harekin bizi nintzenean hainbat aldiz saiatu nintzaion arduratzen ninduten gauzak kontatzen, gaztetxo baten kezkak: eskolako kontuak, mutilak, lagunak eta sasi lagunak... Gogoan dut nola kopeta pixka bat zimurtzen zitzaion eta nola geratzen zen une batez isilik, niri begira, aipatu berri niona ulertzeko lanak balitu bezala. Ez arduratu, laztana, esaten zidan azkenean, dena konponduko da laster. Eta hori esan orduko, hitz beste egin edo premiazko zerbaitez gogoratuko zen bat-batean, eta han utziko ninduen, nire erantzun gabeko galderak airean.

      Baina ezer ez konpontzen. Denborak bere horretan uzten zuen nire nahigabea. Zapuztuta uzten ninduen, nahasita, haren jokaera ulertu ezinik. Batez ere, beste nesken amekin alderatzen nuenean. Alabak laguntzen zituzten amak ziren besteenak, ikasketetan zein mutil kontuetan laguntzen zituztenak, etxeratzen zirenean masailetan muin egiten zietenak. Edo, haserretuz gero, oihu amorratua egingo zietenak, behintzat. Amak sekula egin ez zizkidanak.

      Ahotsa igo gabe ere, badaki niri nola nagusitu. Artista da horretan. Senarra modu berean erabiltzen du. Nahieran. Itxura batean zentzuzkoak diren hitzen bitartez, gozo antzera ere noiz edo noiz, baina, salbuespenik gabe, berak nahi duena eginez eta eginaraziz.

      Amak arbuio dio edozein liskarri, edozein tirabirari edo borrokari. Bakea nahi omen du. Beti. Dioenez, nahikoa borrokatu zen gaztetan, eta orain bakea behar du, beste edozer baino gehiago. Horren alde borrokatzeko prest egoten da, beraz. Berea, hainbeste kostatu omen zaiona, defenditzeko prest. Bere alabaren aurka bada ere, bakea. Merezi omen du. Gaztetan jasan zuenaren truke.

      Bitxia da gero, amaren adinekoek horrekin duten tema. Haiek sinestera, denak borrokatu ziren Francoren aurka. Denek pairatu omen zuten haren errepresioa. Orain demokrazian bizi baldin bagara, haiei esker izan omen zen, haien sakrifizioei esker. Demokrazia. Ondare ederra utzi digutena: lau urtero nork esplotatuko gaituen aukeratzeko eskubidea. Aukeratzeko, estatuak berak aukeratutakoen artean. Herrschaft und Knechtschaft, berriz ere. Betikoa.

      Betikoa eta edonongoa. Hiperrean, unibertsitatean, kalean, etxean. Edo taberna batean. Guztietan norbait beste norbaiten gainean. Guztietan norbait beste norbaiten azpian. Agintzen duena eta obeditzen duena. Jotzen duena eta jipoiak hartzen dituena. Behin eta berriz. Inoiz gelditzen ez den gurpila. Gaur behean dagoena goian dagoke bihar. Eta alderantziz. Etengabeko bilakaera da. Espazioan eta denboran. Barruan eta kanpoan. Amaren senarra, esaterako, hark azpiratuta bizi da, baina, aldi berean, bere langileak azpiratzen ditu. Ia ezinbestean. Nagusia da eta nagusi baten moduan jokatu behar du. Ez dago besterik. Eta antzeko zerbait gertatzen da langileekin: lantokian burumakur ibili behar, baina etxeratutakoan haiek nagusi. Adolfo bezala.

      Ozta ikusten duen aitona batek egunero erosten dituen lauzpabost gauzak ordaintzeko txanponak biltzen ari den bitartean, Mariri begiratu diot. Auskalo zer dela medio, errietan ari zaion bezero batekin dago. Mutu dago, pixka bat okertuta kutxa aldera. Bezeroa popatik hartzera ez bidaltzeko ahalegintzen ari delakoan nago. Denoi gertatzen zaigu. Halako nazkante petralen bat sarritan egokitzen zaigu. Horregatik dakit nola dagoen. Aitor seme txikia izango du gogoan. Adolfo alferra ere bai, agian. Hori dela eta, bezero malapartatuari amorrua itzuli ordez, Aspek irakatsitakoa, hark nekatu gabe errepikatutakoa gogoan (egun on, zer moduz, aspaldiko, nahi al duzu...), birikak ondo bete eta barkatzeko eskatuko dio.

      Aldika Mariri eta aldika bere txanponekin borrokan ari den gizon zaharrari begiratzen diedala, zapaldu bakoitzak zapaltzaile bat baino gehiago eduki ditzakeela oroitu naiz. Eta Thomas Hobbes filosofo ingelesaz ere oroitu naiz, hamazazpigarren mendean hark idatzi zuenaz. Haren gaurkotasuna inoiz baino handiagoa iruditu zait, jendez betetako hiper honetan. Ez, hark esan bezala, gizon-emakumeok ez gara izaki sozialak. Alderantziz. Gutako bakoitzari berea baino ez zaio funtsean axola, bere buruari baino ez dio begiratzen. Bakarka, erpeak eta betortzak zorrotz, lagun hurkoari edozein momentutan oldartzeko prest, erne mugitzen gara, hiperreko oihanean barna. Apalategiek zedarritutako pasabideetan gora eta behera goazela, mesfidati goaz, gerra noiz hasiko. Elkarren aurkako gerra. Erabateko gerra. Behin betikoa. Eta bai, otsoak gara. Otso gosetu errukigabeak. Ehizaki zaurituaren ahultasunak indartzen gaitu. Haren odol arrastoari jarraitzen diogu, ehiztariak baikara, beste ezer baino lehenago. Gainerako animaliek ez bezala, ordea, ez dugu jateko ehizatzen. Hiltzeagatik ehizatzen dugu, horrek eragiten digun plazer azalgaitzagatik. Besteei bizia kentzean, gurea luzatu nahi dugu, agian. Baina bizia ez da dirua, ez da pila daitekeen zerbait. Bizia iraupen laburreko gai bat da, luze gabe iraungitzen dena. Esnekiak saileko salgaien antzera, hura ere denboraren esku latzetan dago. Denik eta hiltzailerik petralenaren eskuetan. Geldiezina da, eta alferrikakoak dira haren aurkako neurri guztiak. Horretan ere, antz handia du esnekiekin. Izozkailuek, babesten duten plastikoek ezer gutxirako balio dute. Usteltze eta deuseztatze prozesuak berdin jarraitzen du plastikoaren azpian ere. Mikroorganismoek etengabe dihardute lanean, bizia eta heriotza elkarrekin joaten baitira. Bereizezinak dira. Horretaz jabetzeko, gutxi hiperra bezain toki egokiak. Harategia, arrandegia: animaliei buruak moztu egiten zaizkien tokiak dira.

      Animalia baten heriotzak beste animalia baten bizitza bermatzen du. Naturaren legea. Darwin hutsa. Hiperra ere natura da, basoa da. Hemen ere, bizia eta heriotza uztartuta doaz. Hemen ere animalia harrapariak ditugu, ugari, eta erne ibili beharra dago. Batez ere, zaharrekin.

      Urteek, eskarmentuak edo heriotzarekiko hurbiltasunak edozer egiteko zilegitasuna ematen dietela uste dute, nonbait. Gutako inork eman ez dien konfiantzaren jabe, hurbildu eta lerdez zikintzen digute uniformea, gure izena daraman plastikozko txartela. Ukitu egiten gaituzte. Esku dardartiez izanagatik, atximurka egitera ere ausartzen dira. Belarrira hitz egiten digute. Zikinkeriak esaten dizkigute, lizunkeriak, lohikeriak, txerrikeriak. Denetarik esaten digute, eta oso aldi bakanetan zerbait atsegina. Zimurrek, zahartzaroaren ajeek horretarako eskubidea ematen die. Edozertarako eskubidea.

      Horretan umeen antzekoak dira. Haiek bezala, edozer egin dezakete. Edozer dela bide protesta egin dezakete. Mesfidatiak dira, ziria sartu nahi diegula uste dute. Umeek bezala, zilegi dute dena: gauzak har eta erabil ditzakete, ondoren edozein tokitan uzteko, abandonatzeko. Salgaiak haztatu, ahotan erabili eta botatzea baizik ez zaie falta, umeen berdinak izateko. Zaharrak, aldiz, aspaldiko umezurtzak dira. Bakarrik daude. Bakarrik ibiltzen dira, hiperreko barne-bideetan zehar. Denbora-pasa da haientzat. Hiperreko mutur batetik bestera ibiliz entretenitzen dira. Berdin begiratzen diete barazkiei zein oinetakoei, jantziei, latei edo liburuei, arreta berberaz. Badute horretarako astirik. Denboraren jabeak dira, heriotzaren lagunak.

      Gu, ordea, denboraren faltan gabiltza. Minutu bakoitza garrantzitsua da guretzat nahiz enpresarentzat. Langileok kate bat osatzen dugu, hiperrak etengabeko mugimendua eragiten diona. Gutako inork bere lekua utzi behar duenean, kate osoak nabaritzen du. Haren kate mailak gara, ezinbestean. Horregatik, pixagale garenean, esaterako, komunera joan ez eta pixari eusten diogu. Hara joateko baimena eskatutakoan, Aspek zuzenduko digun begiratu mesfidati mehatxagarria dugu gogoan. Gure tokira azkar itzultzeko baino ez digu esango, baina nahikoa izango da, gehienak lotsarazteko eta beldurtzeko. Guk, emakume apetatsu, emakume pixontziok arriskutan jartzen baitugu enpresaren ibilera egokia. Hala, komunera behar dugun bakoitzean, ordezko bat bilatzera derrigortzen dugu Aspe. Lagundu ordez, arazoa sortzen diogu. Eta hori amorragarri zaio, susmagarria izateaz gain. Susmagarria, komunerako premia (errepikatua) haurdunaldi baten sintoma baita. Hau da, enpresarako eragozpena litzatekeen zerbaiten sintoma.

      Hori dena badakigu, eta, hala eta guztiz ere, gorputza, puxika tematu egiten da. Une batetik aurrera presio gehiago ezin jasan eta libratu nahi izaten du, kosta lain kosta. Gorputza halakoa da. Arrazoiak ulertzen ez dituen arrazoiak ditu. Benetakoak diren arrazoiak, gorputza egiatia eta zintzoa baita, hitzik gabe hitz egiten baitu, mugimendu hutsez. Gorputza ez da polisemikoa. Hark adierazitakoa gardena da, nahastezina. Gorputza zaurgarria da. Egiten zaion zauri bakoitzari dariona egiazkoa baino ezin izan. Nire hilerokoaren odola bezain egiazkoa. (Inoiz izan ez dudan) aitaren gorputz larri zaurituari zeriona bezain gorria. Nire pareko eskanerraren argia bezain gorria.

      Ti egiten du, aurretik barra kode bat pasatzen diodanean. Ti-ti-ti... Hori dugu musika, doinu beti berdin horren arabera mugitzen zaigu gorputza. Horrek zehazten du gure bizimoduaren erritmoa, gure urrats bakoitzaren konpasa.

      Behin eta berriz.

      Gure bizimoduari izenlagun egokia aurkitzea zaila da. Aukera ugari dago. Petrala izan liteke bat. Edo, baikor samarra izanez gero: kaskarra. Nondik begiratzen zaion. Jakina, zoragarria ere esan ahal zaio, ilunabarrean janari bila hiperreko atzealdera agertzen direnenarekin alderatuta, batik bat. Marik hala deritzo. Gaixoak, esaten du, haietaz errukituta.

      Niri ere erruki dit. Bere Adolfok egiten diona ahaztuta, amorragarria zaio Biterirekin jokatzeko dudan modua. Ispilu nauka agian. Begiratu eta nire gorputzean bilatzen ditu bere gorputzeko marken antzekoak, eta, aurkitu ezin dituenez, larruazalaren azpian: bihotzean, ariman. Baina nik ez dut arimarik. Nire bihotza odola gorputzean banatzen duen makina bat da. Marik aurkitu ezin dizkidan ubelduak beregan daude. Nire larrua orbangabea da. Jo, zigortu, ukitu, laztandu gabea. Eta horixe okerrena, agian. Ez ote nituzke jipoiak nahiago zalantza egiten dut batzuetan. Biterik ez nau ukitzen. Ez nau ukitu nahi, nahiz lankideak bestela uste.

      Gau sorgindu hura eta gero, sekula ez ginela bereiziko sinetsita nengoen, aurrera elkarrekin egingo genuela. Justu kontrakoa gertatu zen, ordea. Jakin gabe zergatik edo nola, horixe gertatu zen: elkar ukitu orduko bereizi ginen, bildu gintuen indar ezezagun bezain irmoa gugan eragindakoak bat-batean beldurtuta, egindakoa damutu izan balitzaio bezala. Nire ustea ustel gertatu zen. Gertatzen ari da, oraindik ere.

      Behin eta berriz.

      Behin eta berriz etortzen baitzait gau hura burura. Behin eta berriz saiatuagatik, ezin baitut inolaz ere uxatu. Eskanerraren hots errepikatuaren antzekoa da: ti-ti-ti... Behin eta berriz. Nire bizimoduaren erritmoa: damuaren gainean damua. Egin ahal izanda ere egin izan ez dudanaren damua. Garuna ez ezik, gorputzaren atal bakoitza zulatzen didan hots zoli jasangaitza. Belarri zulotik sartu eta, nire barneko labirintoan barrena, bide egiten du burmuineraino, bertan lehertzeko. Behin eta berriz lehertzeko, atsedenaldia edo komunerako baimena iritsi arte. Pixkanaka, zigarretaz zigarreta, hiltzen gaituen keak birikak guztiz bete arte. Zerk ez gaitu hemen hiltzen, ordea? Poliki baina etengabe hiltzen. Egia esan, ezer ez zait bururatzen. Eskanerrak hiltzen gaitu. Eguneko hainbat ordutan kutxen ondoan sortzen diren ilarek hiltzen gaituzte. Aspek hiltzen gaitu. Bezeroek (etxekoandreek, zahar bakartiek, umeek) hiltzen gaituzte. Heriotzaren tenplua da hiperra. Bazter guztietan dago, ez soilik harategian, urdaitegian eta arrandegian. Gainerako sailak ere gorpuz beteta daude. Gorpuak (sardinenak, antxoenak, hegaluzeenak, olagarroenak...) latetan sartuta daude, plastikozko zorroetan, beirazko pote eta botiletan. Gorpuak osorik edo zatikaturik, tamainaren arabera. Gorpuak hutsean ontziratuta daude, oliotan bilduta, olio-ozpinetan edo uretan. Gorpuen edukiontziak mota askotakoak izan daitezke; gorpuak, ordea, gorpu beti. Hau da, materia hila. Horregatik, heriotza etengabe aritzen zaigu aldarrika. Sail eta pasabide bakoitzetik ari zaigu, bakoitzaren albo banatako apalategietatik. Hiper barruan ibiltzen da paseoan. Maite gaituela esaten digu, desiratzen gaituela, berdin diola gure adinak edo gure azalaren koloreak, pobreak edo aberatsak garen, ederrak edo itsusiak.

      Haren maitasuna unibertsala da, mugarik gabea. Aseezina eta berekoia. Dena nahi du. Denik eta mendreena ere. Eta, ahalguztiduna denez, dena eskuratu, dena deuseztatzen du, goiz edo berandu, denbora bitarte. Horixe baita haren armarik eraginkorrena, itxuraz ezarian eta arrastorik utzi gabe joan badoan horixe bera. Ezin hura ikusi, ezin entzun, baina hor ari da, nekagaitz.

      Maite zaituztet!

      Horixe errepikatzen digu, sinetsiko ez bagenio bezala, ezin diogula entzun ohartu gabe, agian. Baina, hura entzuteko, bertako zalapartak isildu beharko luke. Isildu beharko lukete eskanerrek eta enpresak egun osoz gu torturatzeko erabiltzen duen musika gogaikarriak ere. Eta, ezinbestekoena, hiperra betetzen duen jendetza petralak, bezeria itsuak mututu beharko luke. Eliza batean sartu izan balira bezala.

      Baina kontrakoa egiten dute: barre egiten badute, algaraka, eta, hitz eginez gero, ozen, haien etxeko egongelan edo sukaldean baleude bezala. Heriotzaren tenpluan egon beharrean, bizitzarenean daudela uste dute, kontsumoaren katedralean, non, ordaindu ondoan, dena zilegi den.

      Eskaintza berezia irakurri eta zoratu egiten dira. Mintzekotan dauden jogurtei, adibidez, etiketa hori jarri eta berehala desagertuko dira. Inoiz jaten ez dituztenek ere erosiko dituzte.

      Eskaintza berezia. Nik ere kartel hori jarriko nuke nire gainean edo kopetan itsatsiko, baldin eta baneki hala Biterik jaramon egingo lidakeela. Ez dakit, ordea. Biteriren burua erabateko misterioa da niretzat. Ez dakit nola dabilen. Ez dakit zein pentsamenduk, zein ametsek betetzen duten. Ezer ez dakit, jakiten saiatu naizen arren. Ez dut ulertzen. Baina, nola ulertu horma bat? Eta Biteri hori da niretzat, horma sendo, gotor, pitzatzen zaila.

      Inguruan galdetu dut alferrik. Inork ez dit hura ulertzen lagunduko lidakeen ezer kontatu. Jatorra omen da, eskuzabala. Zein euskaldun ez da jatorra? Jatortasunaren erresuma da gurea. Biteri jatortzat hartzen ez duen bakarra, nik dakidala, ama da. Aitaren ezaguna omen zen, eta amak ez du batere gustuko. Hartaz galdetu nionean, hitz beste egiten ahalegindu zen, eta, ezingo zuela konturatu zenean, drogadikto bat zela baino ez zidan esan. Nahikoa, hala ere, horixe izaki hark norbaitez esan dezakeen okerrena. Zer esango ote luke, asteburuetako nire zaletasunen berri balu?

      (Inoiz izan ez dudan) aita aipatzea saihesten du amak. Eta berdintsu jokatzen du, harekin lotutako inor edo ezer aipatuz gero. Kontu zahar, aspaldikoak dira, haren ustez. Ahaztu nahi eta, gehienetan, ahaztuta izaten duen iragan urrun bati dagozkionak.

      Carpe diem. Eguna bizi nahi omen du, gaurko egunean, ez iraganean. Ez batere atsegina izan ez omen zuen gaztetako iraganean. Ulergarria da. Horixe nahi dugu, gutxi gorabehera, denok. Ulergarria bezain zaila. Iraganeko mamuak asko baitira, asegaitzak, eta ez dute etsitzen. Batzuek, amak bezala, isiltasunaren bidez uxatu nahi dituzte. Beste batzuek, aldiz, hitzen bitartez. Ez dakit bi bide horietatik zein den egokiena. Dakidana zera da: isiltasun batzuk oso ozenak direla. Urrundik entzuten dira. Amarena, esaterako.

      Edo neurea. Nik ere neure kolkorako gordetzen baititut aitarekikoak. Hari buruz hitz egiteari uko egin gabe ere, horixe egiten dut. Badakit oso bestela jokatu behar nukeela (Freud irakurri dut. Jung, Reich eta Lacan ere bai). Baina psikoanalista batengana jotzea pentsatu izan dudanetan, indarra falta izan zait. Nire sentipenak hitzetan jartzeko ezintasun izugarri bat jabetu da istantean nitaz, inora joatea, inorengana jotzea eragotzi didana.

      Nola jarri hitzetan oinazea?

      Ezintasun latz bat baino ez da geratzen, beraz. Nik edo, beste modu batez, amak ere jasaten duena. Baldin eta hura zerbait sentitzeko gai bada.

      Duda egiten dut. Sarri, hari ere harri edo horma deritzot. Beldurrak sortutako harri edo horma bat. Horixe iradoki nion behin. Haserretu egin zitzaidan: Zer beldur eta zer beldur ondo?

      Beldurretan funtsezkoenaz ari nintzaion: heriotzari diogun beldurraz. Sortzez daukagun horretaz. Hori nirekiko gorde nuen, noski. Ez nuen ama areago haserretu nahi. Ez haren haserrealdien beldur, haren mugagabeko zurikeriaren beldur baizik. Horregatik, eta Sixtorengatik ere bai, nahiz inozo samarra izan, gizon ona baita eta ez du inolaz ere merezi, amarengandik, hura pipertuta dagoenean, jaso ohi duen isiltasun amorratua.

      Hala ikustean, galdera bat etorri ohi zait gogora: (inoiz izan ez dudan) aitarekin berdin jokatzen ote zuen? Galderak ez du erantzun argirik niretzat. Areago, galdera gehiago sortzen dit. Batez ere, honako hau: alaba desiratua izan nintzen edo istripu soila? Nahi gabean jaio ote nintzen? Badakit abortua legez debekatuta eta gogor zigortuta zegoela orduan. Amak ez zuen beste irtenbiderik izan agian. Baliteke ama haurdun gelditu eta haren guraso fededun amorratuek ni izatera behartu izana ere. Batek daki.

      Betiko erantzunik gabe geratuko diren galderak ditut horiexek, seguru asko amari sekula egingo ez dizkiodanak. Zertarako egin, amak egia beretzat gorde eta behin ere ez didala behar bezalako erantzun bat emango jakinda? Edo, okerrago: nire galderari gustu txarreko iritziko diola, gordinkeria nabarmena. Duen alaba ezgisakoaren, lakarraren beste bat gehiago. Horixe bainaiz harentzat: ezpainak margotu gabe ibiltzen den emakume zakar bat. Berak atsegin handiz erosiko lizkidakeen soineko ederrak jantzi ordez, zuloz betetako jeansak janzten dituen xelebre bat. Orpo luzeko zapata dotoreak erabili beharrean, kirol oinetakoetan sartuta ibiltzen den hezigabe bat. Gorrotatzen duen guztiaren bilduma.

      Lesbiana naizen susmoa du, nik uste. Mari-mutila. Egia esan, igurtzi-mari horietako bat (amak esango lukeen moduan) banintz, hobe. Ez nintzateke, orain bezala, Biterirekin obsesionatuta ibiliko. Ez nioke jaramonik egingo, eta lasai biziko nintzateke. Gizonik gabe. Biteri gabe eta Biteri aurretik nire bizitzatik igaro diren gainerako guztiak gabe. Ia etorri orduko joan zaizkidan horiek gabe. Zorte txarra dut gizonezkoekin. Ez dut bakar batekin ere asmatu.

      Amak uste duena banintz, ordea, Mariren maitale bilaka ninteke. Lanetik kanpo ere elkarrekin jarraituko genuke, eta, pozarren, elkar ezagutu genuen eguna bedeinkatuko genuke, nekatu gabe. Libreak izango ginateke: bere Adolforengandik Mari eta Biterirengandik neu. Amets ederra. Ametsa baino ez, hala ere. Mundu errealean gaude, hemen eta orain, ez beste inon. Hiperrean, ez Lesbos uhartean. Argi elektrikoaren azpian beti, ez Mediterraneoko zeru oskarbi gozoaren pean. Hemen eta orain, heterosexualak gara biok. Hemen eta orain, astazakil banaren mende gaude. Gutako bakoitza bere moduan.

      Ahoa irekitzekotan, Esfingearekin txutxu-mutxuka jarduteko irekiko du. Biteri eta Esfingea, horixe munstro parea. Horixe estralurtar bikotea. Bi misterio. Bi enigma. Bost axola biak. Baina ez, axola zaizkit, uste eta nahi baino gehiago. Bestela ez nituzke aipatuko. Bestela Biterik bezala egingo nuke. Isilik, mutu geratuko nintzateke. Ezpainak estutu eta hitz bakar bat ere ez nuke nire ahotik irteten utziko. Mingaina moztuko nuke. Hala, biok mutu, zeinuka hasiko ginateke. Eskuak mugituko genituzke, hitzetan elkarri adierazi ezin dioguna adierazteko. Gure atzamarrek letrak osatuko lituzkete. Hitz osoak ondoren. Elkarri sekula esan ez dizkiogunak esateko. Azkenean esateko. Oihu egiteko. Elkarren ondo-ondoan garrasi egiteko: A, a, a!!!