Non dago Stalin?
Non dago Stalin?
1991, nobela
139 orrialde
84-86766-33-8
azala: Lander Garro
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Non dago Stalin?
1991, nobela
139 orrialde
84-86766-33-8
aurkibidea

Aurkibidea

Erosi: 16,15

Aurkibidea

 

Negu gorriak

Gorroto taldeak herritik gertu zegoen baserri bateko korta izandakoa zuen biltoki. Baserria Jokinen aitonarena zen, baina hura alargundu eta agurea han bakarrik ez uztearren eraman zuen alabak etxera tirabira eta ahalegin neketsuen ondoren. Geroztik hutsik zegoen. Udan familiako emakumeak igoko ziren aldika, arratsaldeak inguruko belardietan etzanda ematera eguzkipean, baina gainerakoetan haiek ziren han inguruan jaun eta jabe. Hara hurbiltzen ziren bazkalondoan kantak prestatzera, gogaitu arte behin eta berriro errepikatzera. Hura zuten ere txortaleku, bisnesak burutzeko edota noizbehinkako afaria egiteko txoko. Jokinek ez zuen inoiz fitsik esango. Nekez irekiko zuen hark ahoa ezinbestean ez bazen, eta halakoetan ere ez zuen gehiago erabiliko hitz bakar bat nahiko bazitzaion. Bai eta ez zituen berben artean gogokoenak. Hiztegia osatzen zuten beste guztiek ez bide zuten bere ezpainen berri. Harrokeriatzat hartu zuten sarritan bere isiltasuna ongi ezagutzen ez zutenek, haren bitartez ingurukoak gutxiesten zituelakoan, «Utzi pakean. Ez duzue nere adiskidetasuna merezi» adieraziko balie bezala, ozen bere mututasunetik. Baina berezkoa zuen isila izatea, eta bere burua maiz mintzatzera behartu arren, hutsaren hurrengo gertatzen zitzaizkion saioak. Mutuak mutu, lagunei ez zien axola. Zenbaitentzat akatsa zena, birtute mesedegarritzat jotzen zuten talde eta koadrilako kideek, inguru haietan ibiltzen ziren txaplata ugariak ahaztu ezinik. Berarekin ez zegoen inoiz istilu edo kalapitarik, bere danbor maiteak ez bazeuden tartean behinik behin. Haiek patxadaz jotzen utzita, pozik. Egunero zioztatu ohi zuen atabal larrua edota metalezko tuboak garbitu, arras distirant ikusi arte. Hura omen zuen kuttun bakarra.

Arratsalde hartan betiko legez ziren biltzekotan. Txeroki heldu zenerako, bertan zegoen Jokin atabalen atzean eserita zain. Dardar batean zetorren, hotzak akatuta. Bezpera gauean hasi eta mara-mara ari zuen elurra goiz osoan. Hain izan zen elurte handi eta ezustekoa non eskolak itxi egin behar izan bait zituzten, kaleak jolasean beteko zituzten umeen zorionerako. Mendate nagusienak ere antzean zeuden. Autobusak eta ez zebiltzan. Etxetik ahalik eta gutxien irteteko aholkatzen zitzaion hiritargoari irratiaren bitartez. Telebistako albistegietan Gorbeako artzainak eta metereologo orok bereganatu zituzten artean politikoei zegozkien arreta eta tokia. Azalpen ugari eman arren, aldaketa ezusteko eta erabatekoak arrunt harriturik utzi zituen denak. Beren liburuetan aurkitu zuten halako azken fenomenoa ehun urte baino gehiago gertatua bide zen. Ekologistek kutsadura eta saio nuklearrei egozten zieten errua. Beste batzuk, aitzitik, hurbiltzen ari zen milaurteko mehatxugarriaren zantzuak somatu izan zituzten mudantza ikaragarri hartan. Nolanahi ere, poztu egiten zen jendea natura betiko ordenura bihurtzen zela ikustean.

Anjel izan zen hirugarrena, baxujolea. Ziki, espero zitekeen modura, berandu zetorren.

«Bale hi, nahikoa duk, laster izango duk aukera nahi beste jotzeko. Orain isildu» egin zioten oihu batera Txerokik eta Anjelek etzanda zeuden sofatik, danborren zalaparta artean, kafe ondoko astuntzan nahigabetuta.

Jokinek ez zien jaramonik egin, pare bat minutu jotzen ihardun eta gero baino ez zen isildu. Butano berogailuaren eta baratza aldeko leihotik barneratzen zen eguzkiaren epelaz, aitaren batean ziren hirurak kuluskan.

«Esnatu. Aizue, esnatu!».

Lozorro amultsutik atera zituzten Zikiren deiadar eta bultzadek. Loerrean esnatu eta egin zioten harrera ez zen oso gozoa izan: «Zertan ari haiz pailazo hori? Burutik al hago?».

«Stalin topatu dute: hilda».

«Zer ari haiz esaten, ze...».

«Telebistan esan berri diate. Errotatxipiko erreka ondoan azaldu omen duk».

«Ezin dik izan. Nola dakik?».

«Izena eman ditek, Juan Maria Iriarte Maiz, Stalin ezizenaz ere ezaguna. Hemengoa. Urteak. Dena. Fotografia eta guzti atera diate, oso erretratu zaharra. Hiltzailea zirudikean hildakoa beharrean».

«Nola hil da?».

«Itota. Baina segituan, torturatu egin dutela esan diate. Atzamarrik gabe, potroaldea erreta, desitxuratuta...».

«Putakumeak!».

«Autopsia egin behar ziotek oraindik».

Jokinek tarrapadaka hasteko egokitasunaz galdetu zion bere buruari. Ez zuen egin. Isilik geratu ziren. Begirada paretak apaintzen zituzten karteletan iltzatuta, urteetan ikusitako haiei berri eritzi zien batbatean: Clash, Stiff Little Fingers, Kortatu. Ehundaka bider entzundako izenok ulertezin eta arrotz bilakatu zitzaizkien lipar batez. Gero, norbaitek, negarrez hasteko zorian zeudela jabeturik, «Zer egingo dugu?Zeozer egin beharko diagu, ezta?» galdegin zien besteei.

«Noski». Ezbairik gabe etorri zen Txerokiren erantzuna. «Orain Mailuren bila joan beharko diagu. Ez badaki norbaitek esan beharko ziok, eta baldin badaki laguntza beharko dik. Iluntzean ikusiko diagu besteekin batera zer egin. Zerbait bururatuko zaiguk».

Bidean elurra pilatuta bazegoen ere, arin jaitsi ziren herriraino. Mailuren etxera jo zuten zuzen. Ez zen inor. Handik Politenara. Hutsik zegoen ordu haietan. Ileapaindegian kausitu zuten azkenik, hangoekin solas bizian. «Ez ziruditek oso triste» harritu ziren beren artean.

«Bai arraroa zuek ordu hauetan hemen» agurtu zituen Mikelek, taldearen ezusteko presentziari susmo onik hartu gabe. Zer erantzun ez zekitela, ez zen inor ausartzen bisitaren zergatia aitortzen. Banan bana Txeroki zegoen tokirantz zuzendu ziren taldekideen begiradak. Egoera hartan, zerbait esatera beharturik ikusi zuen bere burua:

«Stalin hil dute».

Miren, Mikel eta Mailuk, mekanismo bakar batek eraginda bezala, ia ohiuka, hirurak batera galdezka inguratu zuten Txeroki. Zikik baserrian kondatutakoa eman zien aditzera, ahal izan zuen bezain ondoen. Kontaketa aurrera zihoan heinean, gero eta astunago, gero eta trinkoago ari zen bihurtzen isiltasuna. Amaitu zuenean, negar zotinek eta antsiek hartu zuten ahotsaren txanda. Bitxia izanik ere, Mailu izan zen malkorik -besteen aurrean behintzat- isuri ez zuen bakarra. Mikel eta Mirenen artean, beren besoetan babesturik, ezpainak estu, begiak gorri, saminaren garratzak negarra eragotziko balio bezala, mutu zirauen. Egunak bezain luzeak izan ziren minutu labur haiek. Horregatik, Zikik hain berea zen itaun hura egin zuenean, «Norbaitek ba al du tabakorik?», haserretu beharrean lasaitu egin ziren denak estrainekoz, hain zitzaien isiltasun hura gogaigarri.

Izan ere, hura izaten zen kitarrajolearen portaera arazoekiko. Arrisku handienaren aurrean halaxe jokatuko zuen hark, aldamenekoari tabakoa eskatu eta harri koxkorra atereaz, kanuto bat biltzeari ekingo zion, hura bailitzan aterabide majiko eta ahalguztiduna. Orduan behinik behin balio izan zitzaion, eskaeraren absurdoak besteen mututasuna apurtzen lagundu bait zuen.

Mirenek eta Mikelek hertsi egin zuten ileapaindegia. Beren etxera eramango zuten Mailu, eta bertan geldituko ziren Gorrotokoek hotsegin arte. Hauek, bitartean, Stalinen senideekin egingo zuten berba eta dena antolatuko. Banatu zirenean, bakoitzak bazekien zein zen bere betebeharra.

Iñigo de Cortazar jauna hondartza aldeko villa batean bizi zen. Bertan jaioa zen, aurreko De Cortazar askoren antzera. Villa, ia jauregitzat jo zitekeen haren mugen barruan zituen paseak bere bizitzako urte gehientsuenak, Oxforden unibertsital ikasketak betetzen igarotakoak ezik. Horma haien artean topa zitzakeen behar zituen gauza guztiak: liburutegia, pianoa, bere bihotzeko mitxeletak. Nekez aterako zuen inork handik, ez bazen behintzat ilunabar aldera txakurrarekin hondartzan paseatzera edo Alderdiaren zerbitzuan. Gurasoak zendu zitzaizkionetik, Nemesio morroi zaharra eta bera ziren etxetzar hartako biztanle bakarrak. Liburutegiko mahai eskergan makurtuta, ordu amaitezinak ematen zizkion pinpilinpauxen bizimodua ikasteari. Lepidoptero haien izaera, ezaugarri eta jokaerak ez zituen berakbainohobe beste inork ezagutzen. Aspalditik zegoenpostaharremanetanmundu guztiko irakasle izendunekin, eta behin baino gehiagotan nahi izan zuten unibertsitate ezberdinetara eraman. Ezezkoa eman zuen beti. Behin batean, Nabokov handiaren heriotzak hutsik utzi zuen postua eskaini ziotenean Amerikatik, baietza esatekotan ibili zen, baina tamalez garai beretsuan Alderditik deitu eta uko egin behar izan zion irakaskuntzari. Mutilzahar eta premia handirik gabe, zientziari eskaini zion bere burua. Zientziari eta Alderdiari. Hala ere, ez ziren kontu haiek bere gogoaz jabetzen zirenak. Malaysiatik igorri berri zioten ale gorribeltz bitxi eta ederrak ere ez zirudien De Cortazarren arreta osoa bereganatzeko gauza. Hotz zela iruditu eta mahaitik altxatu zen, Nemesiori berogailuaren tenperatura igo zezan agintzeko. Artega mugitzen zen batin ilunaren barruan, zooko tigre kaiolatuek egiten duten eran, bueltaka eta zabuka. Ispiluraino joan eta han gelditzen zen bere buruari erne, ilea lisatu eta eztarriaren inguruan jazten zuen zetazko zapi dotorea atontzen. Horma ordulariak zazpiak jo zituenean, artegatu egin zitzaizkion lehendik ere bare ez zituen barruak. Berandu zetorren: beti bezala. Zenbat eta hobeto ezagutu, hainbat eta ezinegon latzagoa eragiten zuten itxaronaldi haiek berarengan. Kaleko ate txirrina aditu zen. Arineketan, mahai atzean eseri eta paperen artean murgildu zuen bere burua.

Atea bitan jo ostean sartu zen Nemesio:

«Silvia andereñoa, jauna».

«Bai, lagundu honaino Nemesio. Eskerrik asko».

Hargelatik zetorren hotsa entzun zuen. Ez zuen burua jaso ordea.

«Gabon De Cogtazag jauna».

«Arratsaldeon Sivia maitea» agurtu zuen bereganantz zihoala, «Ongi etorri».

Masailean musukatu eta jezartzera konbidatu zuen leiho aldeko besaulkietariko batean.

«Zerbait edango al zenuke, xerez bat apika?».

«Ez, nahiago dut whiskya».

«Noski, berehalaxe. Izotzik bai?».

«Bai, page bat mesedez».

Bihotza zaldi ikaratu baten antzera zebilkion, argi entzun zezakeen taupada bakoitza. «Lagun nazazu Jauna» eskatzen zion Zeruko Jabeari, whiskya prestatzeari ekiten ziola artatsu. Aurrenekoetan ederra eritzi baldin bazion neskari, are ederrago, are izugarriagoa zeritzon orduan. Larruzko fraka beltz estuek bere hanken perfekzioa nabarmenarazten zuten, zamarra gorriak soinarena. Pinpilinpausen erregina. Gorputz lirain haren irudimenak eraginda edo, ontzia eskuartetik labandu eta moketa gainean geratu ziren barreiatuta izotz koskor guztiak.

Bildu ondoren, edariak eraman eta neskaren parean eseri zen. Ile tindatu berriaren beltzak distira berezia ematen zien haren begi berdeei. Edalontziaren beiraren kontra, oparotasun osoan ageri zitzaion ezpain parea.

Zer ez lukete ezpain haiek egingo, alafede!

«Bon Silvia, zer moduz zaude?» galdetu zion atsegin azaldu nahian.

«Tiga...».

«Elurte honek iraungo duela uste al duzu? Horrela diote behintzat».

«Tiga...».

Neska ez zegoen berriketarako gogoz.

Halako batean, makilajeak apenas ezkuta zitzakeen begizulo sakonez ohartu zen. Zerbait esatekotan egon zen baina ez zen, hala ere, ezer aipatzen ausartu. Silviak edaria amaitzen zuela ikustean, trago batez edan zuen falta zitzaiona eta zutitu egin zen kopa zilarrezko erretiluan utzirik.

«Hasiko al gara?».

Neska atzetik zihoakion. Liburutegitik irten eta pasilo luzean zehar segitu zuten zurezko ate bateraino iritsi arte. De Cortazarrek antzinako giltzatzar horietako batzuk batineko patrikatik atera, bat aukeratu eta zerrailan sartu zuen. Karranka egin zuen ate astunak zabaltzean. Ezin zitekeen deus ikusi. De Cortazarren eskuak itsumustuka bilatu zuen argiaren etenkaria paretan. Argia piztutakoan, mailadian behera jaitsi eta beste ate bat agertu zen, metalezkoa oraingoan. Hura ireki eta pasilo berri bat, luzea hau ere. Pasiloaren eskubi aldean, pareta. Ezkerrekoan berriz, hainbat ate gehiago. Lehendabizikoa zabaldu zuen.

Leihorik gabeko gela zen hura, beltzez margotua, handia, etxe hartako gauza gehienen antzera. Hornitzen zuten altzari bakanek, bigundu ordez, areagotu egiten zuten hustasuna: mahai eta aulki bat erdikaldean, lauburuz apainduriko kutxa hormaren kontra, bionbo bat izkina batean, soka lodi batzu paretatik zintzilik. Bionboaren atzean ezkutatu zen Silvia. De Cortazar mahairaino hurbildu eta zain geratu zen, begiak bionboan. Zamarra gorria lehenik, praka beltzak ostean, Silviaren jantziak banan bana azaltzen hasi ziren bionboaren gainera. Handik irteten ikusi zuenean, goitik beherainoko ikara batek hartu zion gorputza. Neskak kortse beltza zekarren jantzita. Goikaldean, bi zulotxotatik gailentzen ziren titiburu harroak. Hanka luzexken edergarri ziren sare beltzak lotzen zitzaizkion behekaldeari. Takoi fin zorrotzeko oinetakoak kulunka suabe bat ematen zioten bere ibilkerari. Ukondorainoko eskularru beltzek eta iltzezko lepokoak osatzen zuten bere itxura. De Cortazarrek batina agudo erantzi eta Silvia besarkatu zuen lehiatsu. Baina neskak ez zuen onartu.

«Ez. Badakizu zeg esaten dizudan beti. Jantzi egin behag duzu augetik!» egin zion errieta.

De Cortazarrek, zintzo, kutxatik emakume kulero gorri batzuk atera eta jantzi egin zituen. Silviarengana bueltatu zenean, ernegatuta zuen hura:

«Zenbat bideg egepikatu behagko dizut? Jazteko dena!».

Berriro hurbildu behar izan zuen kutxaraino. Larruzko mozorro bat aukeratu eta buruan egokitu zuen. Txano antzeko hark zirrikitu bakarra zuen sudurra atera ahal izateko. Aho eta begi parean, aldiz, kremailera bana ageri zen.

«Beti begdin. Aspegtuta naukazu. Gaztigua megezi duzu, jagi aulkian».

De Cortazar, lotsatu antza, soina eserleku gainean, kuleroak kostata beheratzen zituela, ahozpez geratu zen. Silviak kutxatik larruzko usta bat atera eta gizonaren ipurmasail zurbilak jotzeari ekin zion:

«Togi... togi... hogela ikasiko duzu... togi!».

Kolpeak erritmikoki entzuten ziren, zehatz. De Cortazarrek, hortzak estuturik, hasperen egiten zuen bakoitzarekin batera, ipurtaldea odola bezain gorri. Haurtzaro eta gaztaroko oroimen gozo ugari zekarkioten ipurdikoek. Gozaturiko lehen zigorrak. Ingalaterran, ikasle garaian ezagutu zuen lehen artea. Spanking esaten zitzaion hari liburu klasikoetan eta berarentzat ezagunena izan arren, hasieran bezainbat estimatzen zuen oraindik. Gori gori zegoen Silviak, akiturik, kolpatzeari laga zionean. Nekez lortu zuen aulkitik zutitzea. Minduta baina haragiaren suak hartuta aldi berean, neska besarkatzen saiatu zen berriro. Ez zuen aurrenekoetan baino zorte hobeagorik izan. Astirik galtzeke, besotik helduta eraman zuen Silviak soka lodiak zintzilik zeuden paretaraino. Han, soka bana lotu zion eskumutur bakoitzaren bueltan, beste batetik tira eta txirrika sistema korapilatsu baten bitartez gizonaren gorputz biluzia igoarazi zuen. Oinak elkarri lotu zizkion gero lokarri txiki batez. Besoak zabal zabalik, Jesukristo zirudien han goian. Barrabilak oratu eta antzeko beste lokarritxo batez inguratu zizkion estu estu utzi arte. Ez zuen arriskurik nahi. Kezkatzekoa zen zakila hartzen ari zen tamaina. Bazekien zigorraren azalkatu arinarekin batera De Cortazar hustu egingo zela eta berriro hasi beharko zuela lana. Hazia botako zion gainera eta ilea -estraineko aldietan legez- semen zikin eta itsaskorrak zikinduta, garbitu beharrean izango zen ostera. Dutxatua zen iadanik eta ez zuen dutxaldi geihagorik behar.

Lana bukatu zuenean, kutxatik zarta ezberdinak atera eta mahai gainean lerrotu zituen. Zazpi isatzeko bat aukeratu zuen saioa hasteko, larruzkoa. Alderik alde hasi zitzaion zaflaka. Sorbaldak, lepo ingurua, sabelaldea, hankak, oinak. Sakonagoak egiten ziren gizonaren hasperenak eta gozamen uluak zartada bakoitzarekin batera. Gero eta ozenago, gero eta bortitzago. Isurtzeko arriskurik ikusten zuen bakoitzean, potroetan jotzen zuen lasai zedin, zartaren kirtena erabiliz. Pittin bat baretuta ikusi zuenean, arte berri bati ekin zion neskak: balusazko zorro batetik urrezko matxar batzuk atera eta titipuntetan ipini zizkion De Cortazarri. Gizona, hainbeste plazer ezin jasanda, txilioka hasi zen. Aho aldeko kremailera hertsi zion Silviak. Gelan ez zen De Cortazarren arnasa astuna baino entzuten. Arnasa sudurretik bakarrik hartzera beharturik, lehertzear zegoela ematen zuen. Silvia bitartean txikle bat mamurtzen ari zen ezaxol, aurreko lanen ondoren atseden harturik. Indarberrituta, plastikozko eskularruak jantzi zituen beltz dotoreen ordez. Krema koipetsu batez igurtzi eta gero, gizonarengana inguratu, zangoak askatu eta haren hanka zabalduen pean kokatu zen. Ipurtzuloa bilatu zion ezker eskuaz. Aurkitu zuenean, eskubia handik gora barneratzen saiatu zen. Hasiera batean, kremak lagunduta, suabe samar sartu zen, baina zenbat eta gorago jo, hainbat eta nekezagoa zitzaion. Izerditan zegoen lortu zuenerako. Hots lehor bat aditu zen. De Cortazarrek, ikara bizi batek hartuta, gorputz osoa trinkatu eta lokarriak dardarazi zituen. Esnezko tanta lodi batzuk kutsatu zuten oinpean zuen odolputzuaren gorri garbia. Zauriz josita zegoen, odol ugari zerion. Urrezko matxarrak kendu zizkion Silviak. Gero, kontu handiz jaitsi handik eta larruzko mozorroa erantzi zion.

Izerditan blai, begiak erdi itxita, irribarre baketsu bat nabarmentzen zen De Cortazarren aurpegi ubelduan. Pixkanaka pixkanaka bere onera itzuli, eta Silvia bionboaren atzetik agertu zenerako, gauza zen altxatu eta neskaren laguntzaz emeki ibiltzen hasteko.

Liburutegira bueltan, De Cortazarrek txeke bat izenpetu eta Silviari luzatu zion esker onez.

«Deituko zaitut» agindu zion De Cortazarrek musu artean. Ameskor geratu zen sofa gainean etzanda. Atean jotako kolpeek aterarazi zuten bere fantasiatik. Nemesio zen.

«Barkatu jauna, EBBtik deitzen dute. Garrantzi handikoa omen da».

Politenan jakinaren gainean zeuden. Harritzekoa, elkartutakoen solas bizia musikari nagusitzen zitzaion:

«Ijitoak? Bai zera, Stalin ez duk inoiz bingo kontuetan ibili».

«Txakurrak orduan, nor bestela?».

«Txakurrak? Horiek nahikoa lan zeukatek politikoekin».

«Bai, baina esaidak nor izan den bestela. Esaidak».

«Esaidak herorrek. Polizia izan baldin baduk, zergatik egin ote ditek, e?».

«Zergatik?».

Han zegoen koxka eta koxka hartan egiten zuten estropozo hipotesi guztiek. Hilketa nori leporatzekotan bat ez bazetozen ere, adostasuna erabatekoa zen zerbait egiteko beharrari buruz.

Stalinen anaiarekin izandako elkarrizketaren berri emanzien Txerokik. Hileta elizkizunak hurrengo egunean egingo ziren, baina familiartekoek ez omen zuten istilurik nahi. Beraiek bakarrik bilduko ziren elizara.

«Baina gu ez gaituk familiakoak, guk nahi duguna egin zezakeagu» protestatu zuen norbaitek.

«Horixe!» ados gehienek.

Informatu beharra zegoela erabaki zuten. Ziki eta beste pare bat Gaztetxeraino hurbildu ziren hangoei spray batzuk eskatzeko asmoz.Hangoak,ematekoez ezik, laguntzeko ere prest azaldu ziren.

Jende multzo polita osatu zen azkenean tabernan. Hurrengo egunean manifa bat egitea erabaki zen. Bitartean, han zeudenak bost taldetan banatu eta bakoitzari herriko alderdi bana egokitu zitzaion margotzeko. Pare bat orduren buruan leku berean elkartzekotan, zoko batean speed lerro batzu taiutu norbaitek eta handik pasa ziren banan bana kalera baino lehen.

«A ze hotza!».

Eguraldiaren aldaketa batbatekoak, azken gertakarien antzera, ezustean harrapatu eta artean traba egin ohi zieten jertse finak ez zitzaizkien hotzaren kontra laguntza handikoak izan. Sprayei eragitearekin batera ahantzi ziren hotzaz. Horma, pareta huts bakoitzean esaldi, galdera bera margotu zuten behin eta berriro pintura agortu arte: «Nork hil du Stalin?».

Egongelako sofan botata, telebistari begira zeuden Mikel, Miren eta Mailu telefonoa entzun zenean. Mikelek, altxa eta arin jaso zuen.

«Bai, zaude pixka bat, orain etorriko da».

Mailurentzat zela eman zion aditzera keinu batez:

«Esan?».

«...».

«Bai, nor da?».

«...».

«Bai, esan mesedez».

Isilune baten ondoren, telefonoa utzi eta zain zituen lagunengana bueltatu zen: «Moztu egin dute».