Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-17-7
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
 
Sarrera
Koldo Izagirre

 

Gutxien espero duzunean eginen duzu topo Eliot-en erreferentzia batekin, eta ohartzen zarenerako idazleak hipokrita esan dizu. Xabier Montoiaren poemak itxuraz diruditena baino hornituagoak daude azpi-aipuz eta poesiarekiko ez ezik gure etxeko eta mundu zabaleko erreferentzia literarioez, baina hori ez da kultismoari emaniko amorea, irakurle informatuaren patxada —edo irriño petrala— inarrosteko baliagarria zaion neurrian baino ez du erabiltzen jolas literarioa. Horixe da Montoiaren poesia berezi egiten duen zantzuetako bat: probokaziozko jarrera, zenbaitetan desatsegina zaigun eta beti ere poxelu egiten digun tonuz gora edo beheragoko agertze bat. Bere inkonformismoa, izan ere, berdin jazartzen zaio etika kristauari zein zintzotasun komunistari, azken finean ortodoxia modu desberdinei egiten die eraso, kontziente eta zuhurki. Poetak katarsis politiko-moral bat egiten du gehiegikeriaren bitartez.

      Lege hauste hori maila desberdinetan gertatzen da. Lehen irakurrian zarpaila baita bere estiloa, kolokan jartzen du poesia arte arautua delako iritzia; rockaren eragina dela esan genezake, aztarrenik bilatu nahi izanez gero. Baina horretan badu Montoiak, hizkera poetikoari eginiko trufa jostalariarekin batera, euskaldun berriaren lotsagabekeriatik zerbait, jatorreria sintaktiko eta berbalaren kontra sortzen duen xarma, eta ausardia zorrotzean deklaratzen digu istorio bat kontatzeko ez dela hiztegia erabili behar. Hizkerarena bezain garrantzitsua du, bestalde, han-hemenka ageri duen detaile zatarrarenganako ardura, ez haatik era morbosoan. Hau ez da baliabide tekniko hutsa poemaren barruan halako tentsio bortitz bat sortzeko, bere printzipioek behartutako antipoesia tantak baizik, alde batetik sentimentalkeria ekiditeko, eta bestetik lirika iraintzeko. Alabaina, Montoia ez da poesia mota konbentzionalago baterako ahalmenik ez lukeen prosaikotasunaren kantaria; horren froga behar bagenu hainbat «formula» bikain erdi ezkutatzen dizkigu testuan, «desioaren idiak» edo «gezurraren igeltsua» ezin hobeak kasu.

      Poeta beti izan da gauaren biztanle, izarrei beha egin izan du hasperen, edo ilunpean babestu ohi da itzalek ikara ez dezaten. Xabier Montoia bestelako poeta da ordea, gaueko piztia den neurrian. Aurkintza urbano desolatuak erakusten dizkigu, eta bakardadean kokatzen du bere burua. Maitasuna baino gorrotoa du balore, eta gorputzarekin batera transfiguratzen zaio espiritua, amoral bihurtzen da, indibidualtasuna aldarrikatzen du. Baina paradoxa bada ere, otsoen anaia egiten da. Pudore handi bat dago Xabier Montoiaren poesiaren funtsean, gainez egin ez diezaion gorde egiten duen lurreko kondenatuekiko elkartasun handi bat. Arauak eder deklaratu duen ororen gorrotoa delako berea.

Xabier Montoia talde desberdinetako kantaria eta letragilea izan da, eta egun bakarlari gisa dihardu. Poesiaz gainera kronika landu du (Plastikozko loreak Erregearentzat) nobela (Non dago Stalin?, Hezur gabeko hilak), eta ipuinak (Emakume biboteduna, Gazteizko hondartzak).