Hitzontziak
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
Azaleko argazkia: Idoia Unzurrunzaga
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
aurkibidea
 

 

2

 

Aspertuta nagok, hor ipintzen duk, barra amaitzen den zokoan, bakarrik, zurito triste baten aurrean, egonean edo, okerrago, niri begira, hamaika gaixotasun dudan zahar alproja honi begira egon ordez, gazte mardul gihartsu eder bati begira egongo balitz bezala, kirolari famatu bati, koloso bati, nik al dakit, eta isilik baina oihuka aritzen zaidak, dauzkan begi lainotsu horiek bitarte, bere ustezko maitasuna niri muturrera botatzeko, to, zakil nazkante horrek, to inolaz ere merezi ez duana, maitasuna, horixe hitz larria, hitz kriminala, biok ondo dakigunez, maitasuna, kantu baten leloa, benetakoa sekula ezagutu ez dutenentzat, dutxatu bitartean oharkabean txistukatzen den zerbait, oi maitasuna, zer ote daki horrek maitasunaz, neuk esango diat: batere ez, horixe duk, emakumetxo gehiegi irakurri eta buruiritzi horrek maitasunaz dakiena, berak oso bestela uste badu ere, ikasiko dik, horixe ikasiko duela, buruiritzia duk, ez duk inozoa, kontrara, argia duk, filosofoa, intelektual bat, hi hintzen modukoa, eta ez ezetzik esan, horixe hintzen eta, hik beti ukatu arren, liburuak irakurtzen hituen bata bestearen ondoren, batzuetan barre egiten genian, baina inbidiatan gintuan, guk ere nahiko genukeelako hi bezain zorrotza, jakintsua eta hiztun egokia izan, traketsak gintuan ordea, batik bat neu, sekula ez naizelako hitzekin moldatu, edalontziak eta kikarak baino errazago labaintzen zaizkidak atzamarretatik, zerbait esan eta ziplo erortzen zaizkidak, edozein beira edo loza bezain hauskor, mila puskatan hautsita, ezertarako balio ez dutela, hire ahotan indar osoa duten hitzak, hitz berberak, gezak, ahulak, tentelak bihurtzen dituk nirean, ezin zieat neurria hartu, gehiegi hitz egiten diat edo, bestela, gutxiegi, edozein modutan desegokiro beti, narras, zer kontatuko diat hiri, muturra berotzen zaidak eta hor hasten nauk, hitz eta pitz, harrokeriak edo izuak bultzatuta, berriketa zoro bati lotzen natzaiok, gehienetan ondorio tamalgarriak izaten dituena, hik beste inork baino hobeto dakianez, hitzak arriskutsuak dituk, kontu handiz erabili beharrekoak, drogak eta pistolak bezala, zauritu zezaketek, hil ere egin zezaketek, eta pozoitsuak izan daitezkek, horregatik horiek menderatzea ez zagok edonoren esku, nik inoiz izan ez dudan argitasuna behar duk, hitz bakoitzak eragin dezakeenaz jakitun izan, hitz bakoitzaren balioaz eta indarraz, eta hitz asko zagok, mota askotakoak, mailu-hitzak zaudek, labana-hitzak zorrotzak, suzko hitzak eta izotzezkoak, denetarik, eta horietako bat nahikoa duk, atzera egiterik izango ez duen hondamendiren bat eragiteko, zoritxarreko gaizki-adituren bat, oharkabean esan eta ondorio larriak izan ditzakeena, maitasuna duk horietako bat, hitz hori gauza duk edozein nahaste eragiteko, halako hitzak badituk, gaitasun hori dutenak, napalm bonbak bezalakoak, ukitzen duten guztia kiskali egiten dutenak, horiek beldurgarriak dituk edonoren ahotan, neska gazte bizkor baten ahotan nahiz neu bezalako zahar batenean, berdin ziok, ahoa zabaldu eta hor zoazak, mingarri, suntsigarri, beldurgarri, ahoskatu arte ederra izandakoa zapuztera, hala duk, okerrena, aldiz, zera duk: batzuetan ez dela ezta hitzen beharrik ere edertasun bikain hori kakazteko, mingainari eragin gabe ere lortu ahal duk, keinu itxuraz kaltegabe bat nahikoa, esku baten mugimendua, begirasun bat, ia edozer, guk, esate baterako, sekula ez genian maitasun hitza aipatu, behin ere ez, ez hik, ez nik, halakorik ez zegoan gure orduko hiztegian, areago, maitasuna kontu burges bat iruditzen zitzaiguan, zineman-eta ondo zegoena, baina benetako bizitzan, gurean, zentzurik edo tokirik ez zuena, zerbait penagarria, zerbait barregarria, geu bezala, penagarriak eta barregarriak aldi berean, bai, gogora hadi Tolosako hartaz, edo haren tankerako beste edozeinez, berdin ziok, luzea duk gure deskalabruen zerrenda, deskalabruz deskalabru joan gintuan azken deskalabruraino, erabatekoraino, atzera egiterik ez dueneraino, harainoko bidean ondo pasatu genian ordea, ezin okerrago pasatzen hasi ginen arte, baina laga dezagun hori, hobe diagu une gozoak aipatzea eta ez mingotsak, eta, egia esan, une gozo asko diagu, bestelakoak baino gehiago, eta ez nauk gu biotaz ari, taldeaz ari nauk, hiruroz, hirukote bereizezinaz, hiru fantastikoak, hiru mosketeroak, bat denontzat eta denok batentzat, sekulakoa, zeruan geundean, guretzat baino ez zen paradisu batean, haiek urteak, ez zirela inoiz amaituko ematen zian, zorioneko laurogeiak, urte perfektuak gaztea izateko, eta ez esan gaztea izateko edozein urte perfektua denik, ez delako egia, begiratu bestela barra muturreko zoko horretan egoten denari, ez zakiat zenbat hizkuntzatan hitz egiten duen, filosofoa duk eta, hala ere, hipermerkatu batean lan egin behar dik, izorra dadila esaiok, kontatu horri gazte zoriontsuaren ipuina, ea sinesten duen, ordu luzeak eta gaizki ordainduta ala langabezia, hori ditek aukera bakarra, aukera ederra inolaz ere: pistola edo zianuroa, geuk izan genuenaren antzekoa hire ustez, aldea zera duk, pistola eta zianuroa geuk aukeratu genituela, gure borondatez nolabait, bazeudelako beste aukera batzuk ere, nahiz guk gutxietsi eta mespretxatu, guk ezin ikusi, gu gurean tematuta, besterik egongo ez balitz bezala munduan, gainerako bizimoduei hutsal, aspergarri edo kriminal iritzita, halaxe irizten genielako gure anai-arreben eta gure gurasoen bizimoduari, eta guk aita akabatu nahi genian, zirt-zart eta akabo autoritatea, gazteak gintuan, kemenez gainezka, eta ez genian oztoporik onartzen bidean, zirt-zart, dena zuan posible, edozein munstro menderatu genezakean, borroka egin beharko genian, noski, baina gu bakarrik izan gintezkean borroka horren garaile, artean ez genian elkar ezagutzen, artean nor bere jaioterrian bizi gintuan, bere zokoan, su itzalgaitz berberaren gatibu, horrek batzen gintian, elkarren berri ez izanagatik ere, gu hirurok eta gu bezala Euskal Herriko bazter gehienetan zeuden milaka gazte gehiago ere, su hori gutako bakoitzaren baitan ari zuan, eta aurrera egitera bultzatzen gintian, beti aurrera, nahiz parean kaka uholde bat izan, bertara egin behar genian murgil, bertan ito gintezkeela pentsatu gabe, murgil egin eta kito, gero gerokoak, hori egin edo, gure aitaren ibilbide guretzat ezin petralagoa errepikatzearekin etsi, etsi?, inolaz ere ez, etsiak hartuta baino lehenago hilda: bizi grinaz, bizi garraz, hil arte bizi, hitzetatik ekintzetara pasatzea, esapide hori gustukoa genian, hura esan eta bazirudian bidea ordura arte ilun samarra bat-batean argitzen zela, mirari bat kasik, hitzetatik ekintzetara pasatzea, horixe, harrigarria zuan lehenago gutako inori bururatu ez izana, hortaz, Leninen galdera ospetsuari aurre egin behar izan genioan: zer egin, zerrenda bat ere egin genian, luzeegia, laster ikusi genuenez: hainbat gauza zegoan suntsitzeko eta errausteko, luzera, hala ere, ez zuan zerrenda murrizteko arrazoia bakarra, ezta nagusia ere, nagusia gure ezintasuna zuan, ageri-agerikoa, eta gu bezalako ameslari sukartsuek ere ikusteko modukoa, horregatik zerrenda txiki-txiki egin eta lehenbailehen ekitea erabaki genian, ez aho batez, noski, bazirelako artean prest ez geundela uste zutenak, ezer egin baino lehen geure antolamendua sendotzearen aldekoak, gu baino gutxiago zituan eta pikutara antolamendua, beraz, pikutara denbora alferrikako berriketan ematea, bazuan zerbait egiteko garaia, ez taberna zulo batean kaka esplikatzen egunak pasatzekoa, eta helburua aukeratzerakoan bat etorri gintuan denok: Arrese, herriko jauntxoetako bat izateaz gain, gutako batzuen nagusia ere bazuan, putakume galanta, esplotatzaile maltzurra, harritzekorik ez hura izan bazen gogora etorri zitzaigun lehena, lantegian greba bat antolatzeko indar nahikorik ez eta haren etxe sendo ederraren kontra egitea erabaki genian, joan gaituk, ba, hara, gau batez, Bilbon ikasle zebilen taldekide batek erositako pintura beltz potoarekin eta hor hasi gaituk, gure artean esandakoak haren etxeko hormetara aldatzen, Arrese esplotatzailea, Arrese lapurra, Arrese hau eta Arrese bestea, denetarik eta dena letra handi baldarretan idatzita, batzuek espantuka hartu zitean gure artelana, eta zoritxar ugari iragarri zitean, dudarik gabe Arresek mendekua bilatuko zian, horretan geundean denok, zorionez, izan zituan aldamenetik pasatu eta ezer esan ez zutenak ere, gure aldekoak zituan horiek, Arreseri egindako estreinako eraso hura etxean, isilpean, ospatu zutenak, ez gutxik gainera, zerri eginda laga ditek esaten zitean, hain jauregi ederra, hain horma zuri-zurikoa eta begiratu orain, lehen baino askoz ederragoa zegoela esateko gogoari eutsi behar nioan, nire burua agerian ez uzteko, baina horixe aldarrikatzen nian nire kolkorako, ikuskizun zoragarri haren lekuko txunditua, artean ez nekian edertasuna begiralearen begirasunean datzala, hiri esker ikasi nuenez, sarritan esaten hidan, edertasuna begiralearen begirasunean, xelebrekeria galanta, ez nian ezer ulertzen, hik barre egiten hidan, halakoak botatzen hituenean nire kopeta nola iluntzen zen ikusita, hik txorakeria mordoa ikasi huen fraideekin, esaten nian halakoetan, guk herrian fraiderik ez, baina apaiza genian, apaiz euskaldun gaztea, aita Lete, Manolo, eta hartaz fio gintuan, hura etorri zitzaiguan igandeko arratsalde batez, kontuz ibiltzeko esanez, Arrese sutan zegoela eta bere lantegiko gazteok susmagarriak ginela, txapelokerrek ere begipean gintiztean, Gazte-Leku osoa begipean, besterik ez ziguan esan, nahikoa, handik aurrera zintzo-zintzo ibili gintuan bolada batean, etxetik lantegira eta lantegitik etxera, eta asteburuan Gazte-Lekura, itxuraz lasai eta baketsu genbiltzala, hurrengo ekintzak hausnartzen ari gintuan, pozik gintuan, bazterrak apur bat nahastea lortu genian behingoz, harritu egiten gintuan gure botere ezagutu berriak, zein gutxi behar zen gure herria aztoratzeko: margo beltza eta brotxa batzuk, besterik ez, beharbada horregatik gure hurrengo helburua ipini genuenean, beste kolore batzuk erabiltzea erabaki genian: berdea, gorria eta zuria, Aberri Egunaren bezperan, Gazte-Lekua eta herriko tabernak ondo itxita zeudenean, kale nagusia beti saihestuz, frontoira joan gintuan, eta aurreko ekintzatik geratzen zitzaigun margoa erabili genian paretako zenbakien albo banatako piperpotoak beltzez estaltzeko, horien ordez ikurrinak pintatu genitian, handiak, deigarriak, urrunetik ikusteko modukoak, astelehenean ez zuan besterik lantegian, goizeko hamarretan ogitartekoa jateko geldialdian horretaz jardun zitean lankideek, sentimendu nahasi bat nagusitzen zitzaiean, pozez eta beldurrez erdi bana osatuta, ez zakiat nork egingo zian, baina egin duenak horrek bai potroak, esaten zidatean, mirespena ezkutatu ezinik, berehala, zibilen kuarteletik seguru etorriko zen mendekuarekiko beldurra agertzen zitzaiean, edozein sentipen pozgarriren zapuztailea, lantegikoa larria bazen ere, haien iritziz, ezer gutxi zuan frontoian azaldutakoaren ondoan, pasadizo bat kasik, Arresek izan ezik, noski, jende gehienak ahaztuko zuen zerbait, frontoikoa ordea, erabat politikoa zuan frontoikoa, Espainiaren kontrakoa, eta zibilek ez zitean besterik gabe pasatzen lagako, ezin izan nian ogitartekoa bukatu goiz hartan, lankideen berriketak eragin zidan beldurrak eragotzi zidaan, izugarrikeriak bururatu zitzaizkidaan, neure ordura arteko printzipio ustez sendoak pitzatzerakoan ateratako hots mehatxagarriak aditzen nitian, bertan behera zetorkidaan dena, izerdi hotzetan, lanerako alkandora urdin iluna soinari itsatsita eta besapeak bustita, hala nengoan minak salbatu ninduenean, ezker eskuaren erpurua eskuinean nerabilen mailuaz jo eta lantegiko harrabots metalikoaren gainean altxatu zuan nire garrasia, inguruan nitian lankideak laster, kotoia, ur oxigenatua, merkromina eta aspirina batzuk gordetzen zitian eta botikin esaten ziotenaren aldamenean nengoan, madarikatzen ahal nuen guztia ari ninduan madarikatzen, eta erpurua hazten ari zuan neurririk gabe, puzten, lehertzear egongo balitz bezala, eta kolorez aldatzen aldi berean, oinazearen Erromako zubia, baina ekaitza gertakizun zegoan, eta banekian, denok genekian, bazekitean lankideek, bazekitean lagunek eta bazekian gure amak ere, hari ezin ezer ezkutatu, ederki antzeman zidaan gertatzen zitzaidana, ez zidaan zuzen esan, baina bai zeharka, galderen bitartez: hi ez haiz horretan sartuta ibiliko, ezta?, nik istantean ezetz, eta hark hobeto zela hala, ederki damutuko zitzaidala bestela, antzezle txarra ni beti, eta orduan ere oharkabean laga neure burua agerian, ordura arte lanetik irten, lagunekin elkartu eta berandu etxeratzen ninduan, eta halako batean, frontoikoa gertatu eta segituan, hain justu, goiz etxeratzen hasi ninduan, mirari bat, gezurrik ez niri, haserre nian ama, hire ama nauk, txikito, besteak engainatu dituk, ez ni ordea, hala zuan, beste inork baino hobeto ezagutzen nindian, eta erraz sumatu ahal zian zein zen aldi hartako nire kardaba, zerk larritzen ninduen, ama, eman bakea, faborez, baina hura nitaz errukitu ez eta bere matrakarekin jarraitzen zian, zenbat bider ez ote dut esan politika kontu zikina dela, pobreontzat batik bat, ez al dugu inoiz ikasi behar, ez al da aitonarekin nahikoa guretzat, bere aitaz ari zitzaidaan, gaztetan gorria izatearen bekatua bizitza osoan ordaindu behar izan zuena, kontuz ibili, ez nikek nahi hari gertatutakoa hiri gertatzea, ez nikek nahi gure amak sufritu zuena nik ere sufritu, ama gajoa, jakin izan balu politika baino okerragorik egon bazegoela, ez zekian ordea, artean ez, ezta nik neuk ere, bide batez esanda, egin beharreko estreinako urratsak baino ez gintuan egiten ari oinazearen bide luzean, esan zitekean artean oinez ikasten ari ginela, umeen antzera, eta umeen antzera negar egiten genian, erortzen ginen bakoitzean, oina lurrean ipini eta, blaust, eta ez gintuan hargatik herrian hori egiten genuen bakarrak, tabernak zapaldu gabe ere, banekian nola zeuden taldeko besteak, beldurrez gehienak, gauez batik bat, bai, luzeak zitzaizkiguan aste haietan gauak, oso luzeak, gure etxeko atea kax-kax joko zuten beldur, goizetan lanera ailegatu eta adarra jotzen zidatean, parranda ederra bart arratsaldekoa, herriko taberna guztiak itxiko hituen, alu horrek, nik baietz, horrexegatik ari nintzela lokartzen, eta, nire logura sinesgarria egiteko, burutik pasatzen zitzaidan edozer erabiltzen nian, batzuetan parrandarena eta beste batzuetan sexuarena, hiru aldiz egin diagu, zaharrenek txalo egiten zidatean eta gazteagoek txistu, hik txortan egin, bai zera, elizatik pasatu gabe jai duzue, errepikatzen zigutean ezkonduek, noizean behin egin nahi izanez gero, bi bide dituzue bakarrik, aldarea edo putetxea, ez zagok besterik, orduan guk, gazteok: eta zuek biak aukeratu dituzue, eta orduan haiek: zoazte ba putengana, haiek jakingo dute zer egin zuekin, profesionalak dira gero, artista hutsak, eta, gainera, haiekin, emazteekin ez bezala, arazorik ez, ordaindu eta kito, hor bukatzen da dena, ez dago txorakerietan ibili beharrik, maite zaitut eta halakoak, badakizue, emakumeei hainbeste gustatzen zaizkien kontu horiek, prostituzioaren gorespen haiek ez zituan gure artean oharkabean pasatu eta askotxo izan zituan kasu egin zietenak, nik ez, ezin nian, nire ideiek eragozten zidatean, sexuaz edo emakumeez ez nekian ezer, baina banekian prostituzioak emakumearen duintasunaren kontrako eraso zuzena zela, merkantzia bihurtzen zuela, emakumea eta maitasuna, biak, eta maitasuna kontu serioa zuan gero, eta ezin egon zitekean diruak zikinduta, diruak dena zikintzen zuelako, maitasunak sentipen argi eta garbia izan behar zuelako derrigorrean, benetakoa izanez gero, bai, dudarik gabe, nire orduko pentsaeran bai, kapitalismoak eragindako hondamendiaren adibidetzat hartzen zian Manolo Letek, eta gu kapitalismoaren kontrakoak gintuan, klase kontzientziaren jabeak ginen aldetik: langile batek ezin zian inolaz ere beste langile bat zapaldu, zerrikeria hutsa zuan, zenik eta nazkagarriena, langile guztiok, munduko langile guztiok, anai-arrebak gintuan, eta putak gu bezain langileak zituan, gorputza eta denbora saltzen zitiztean, geuk bezala, haiek kalean edo putetxe batean, eta guk lantegian, baina denok berdin zapalduta, odolez blaitutako kapitalismoaren botak zapalduta, esplotatuta, badakik, hori dena neure kolkorako uste nian, jakina, lankideak ezagutzen nitian, banekian zer esan ahal zitzaien eta zer ez, banekian errazago onartuko zizkidatela nagusiaren kontrako edozein irain edo madarikazio, beren gizontasuna auzitan ipintzea baino, eta prostituzioaren kontra jarduteari hala iritziko ziotean eta maritxu deituko zidatean, atzelari ez beste, ezin haiengana halako kontuekin joan, ezingo niekean beste edozein kontu aipatu, ez ninditean aintzat hartuko, ez zituan nitaz fidatuko, alferrik hitz egingo niekean gure egoeraz, gure bizimodu eskasaz, gure burua antolatzeko premiaz, gure eskubideen alde borrokatu beharraz edo greba bat egiteaz, barre egingo zidatean, ergel hori, hamarretakoaren hondarrak botako zizkidatean, alde egin ezak hemendik, ospa tonto lapiko horrek, platano azalak botako zizkidatean, sagar zuztarrak, ogi puskak, zigarrokinak, burua ere hautsiko zidatean beren zorioneko gizontasunaz duda eginez gero, haiek potroak zitiztean, horixe zituztela, potro pare izugarri bana, eta zakila, beren gizontasunaren adierazgarri behinena, beren arma, zakil potolo luze bana, ahobero halakoak, harroputz galantak, nagusiaren eztul bakar batek kakalarria eragiten ziean, hura hurbiltzen ikusi eta segituan nabaritzen zuan kaka usaina, penagarria gizon puska haiek hala ikusi behar izatea, ume beldurtien moduan, haien beldurra arrazoirik gabea zelako, gurea ez bezala, guk zibilak genitian atzetik, torturatzaile eta hiltzaile hutsak, ez bizpahiru oihu botata nahikoa zuen gizon potolo samar hura, jauntxo kozkor hura, gaiztoa, ez diat ezetz esango, baina aingerutxo kaltegabe bat txapelokerren ondoan, egun haietan, beste behin, ikasi genuenez, atxilotuak kuarteletik irtendakoan, bertan pare bat gau emanda, jipoi latzak hartuta irten zitean, Manolo Leteren bila ere joan zituan, baina azkenean gotzainak libratu zian kuartelean bukatzetik, eta eskerrak, batez ere hartaz galdetu zietelako atxilotuei, herrian gertatzen ari zen guztiaren erruduntzat joz, apaiza izango duk, baina horrek ez ziok beti balioko, noizbait harrapatuko diagu eta orduan Aita Santuak berak ere ez dik salbatu ahal izango, hala ere, atxilotu ez bazuten ere, ez zuan musu-truk izan, kartzelara ez zitean eraman, baina herritik kanpo bai, eta Gazte-Lekura itzuli ahal izan ginenean, Leteren arrastorik ez, eraman ditek, putakumeak, eraman ditek, horixe eraman zutela, Madrilen zegoan, Latinoamerikara bidali zitean, estatuaren mendekua zuan, dudarik gabe, eta oharra ere bazuan: ez adarrik jo guri, ez gara zuek bezalako gaztetxo txoro batzuk, ez dugu errukirik izango, txikitu egingo zaituztegu, mezu argia inondik ere, eta aintzat hartzeko modukoa, eta hala hartu genian: errepresioari erantzun beharra zegoan, gogor erantzun, lehenbailehen, ez zigutean beste biderik uzten, guk ere mendekua nahi genian, gure lagunei egindako torturak, Manolo Leteri egindakoa, herrian zabaldutako beldurra, ordaindu behar zitean, begia begi truk, justizia hutsa, nola ordainarazi ordea, gu, haiek ez bezala, esku hutsik geundean, gehienez spray bat izan ahal genian, brotxa bat, ezer gutxi zibilen armategiarekin alderatuta, barregarriak gintuan, halakoak entzun zituan azkenean bildu ahal izan ginenean, Gazte-Lekuko atzeko gela txikian, motxila, dantzarako makila eta uztai, eta zulatutako baloiez inguratuta, buruz behera ipinitako saski batzuen gainean eserita, eztabaida beroa izan genian, horregatik lanak izan genitian ahotsa ez altxatzeko, oharkabean oihuka ez hasteko, barregarriak gintuan, nabarmena zuan gure ezintasuna, nabarmenegia hitz ederrez ezkutatu ahal izateko, eta, hala ere, bagenekian zer edo zer egin beharra zegoela, zer edo zer, baina ez edozer, egin beharreko urrats bakoitza ondo pentsatu behar genian, zein izango zen lagunek sufritutakoaren ordaina, zer egin hurrengo, zaila zuan, benetan zaila, eta luze hausnartu behar izan genian, estreinako aldiz elkarri mokoka hasi gintuan, istiluka gure artean, batzuentzat ezer gutxi zena gehiegizkoa zuan beste batzuentzat, nahaste-borraste galanta, atzetik zibilak izateaz gain, urduri eta kopetilun genbiltzaan, geure artean mesfidati, gero eta okerrago, hala geundean, norbaitek guztiok bat etorrarazi gintuenean: kuartela, esan zian, kuartela baino ez, nahikoa, bagenekian zertaz ari zen, zibilen kuartelaz, noski, herrian ez zegoen-eta beste kuartelik, herriaren sarreran zegoen eraikin beldurgarriaz, barre algara bat entzun zuan berehala, inork ezin zioan barre egiteari laga, eta hainbeste egin genian, ze, halako batean, biltegi moduko gela txiki haren paretak dardarka ari zirela iruditu zitzaidaan, paretak ez, guk geuk beharko genikean dardarka, izuz dardarka, barrez lehertzen ari gintuan ordea, hain zuan ideia hura, erokeria hura, barregarria, eta ez, hasieran behintzat, ez genian aintzat hartu, ostera, txantxa bat iruditu zitzaidaan, eta iritzi berekoak gintuan handik irten eta etxerako bidea hartu genuenean, eta ohean nengoela ere, irribarrea sortzen zitzaidaan hura gogoratzean, burutik egon behar halakorik pentsatzeko, ederki pitzatuta, hala uste genian, eta, hala ere, barru-barruan geratu zitzaiguan, iltzatuta bezala, eta pixkanaka azkura moduko bat eragin ziguan, bakerik ematen ez ziguna, artean ez gintuan ausartzen kaskoa zulatzen hasia zitzaigun har asegaitza elkarri aipatzera, baina hark etengabe ziharduan zulogintzan, apal, ia gozo, jabetu gabe ziztatzen ari zitzaigun pozoiaren arriskuaz, luze gabe konturatu gintuan ordea, Gazte-Lekuko atzeko biltokian barregarria zirudiena beste itxura bat hartzen hasi zuan denboraren poderioz, lehenik ideia xelebre bihurtu zuan, ideia xelebre bezain eder ondoren, ideia beharbada ez hain xelebre eta benetan eder, bikain geroago, hala, sekula bururatutako ideia zentzuzkoena iritzi genion arte, ekintza guztiz erromantikoa zela ezin ukatu, baina hori ez zuan guretzat erakargarriena, badakik hitzekin ez naizela inoiz abila izan, ez eta teoria zera horiekin ere, nahastu egiten nauk hor, galdu, eta ez zakiat gora edo behera, atzera edo aurrera ote noan, baina ondo gogoan diat azterketa eta arrazoi politikoak nagusitu zitzaizkiola beste edozeri: horma ezin zuriago hartan idaztea, hura beltzez zikintzea, egin genezakeen eraginkorrena zuan gure ustez, politikoki eraginkorrena, zibil ahalguztidun haiek eta, batez ere, Galan teniente gorrotatua denon bistan barregarri uzteko modu sekulakoa, irabazten ahal zitzaielako froga, herriaren kontzientzia lokartua esnatzeko lagungarri, beldurrak beldur, edozer egin zitekean batuta egonez gero, baita egin asmo genuena ere, zorakeria perfektu hura, eta berriz elkartu gintuan, berriz itzuli gintuan ideiak barregura eragin zigun biltegi moduko hartara, lanak banatu genitian, lau lagunek osatutako talde batek egingo zian, bik horman idatziko zitean eta zaindari arituko zituan beste biak, horietako bat neu izango ninduan, eguna eta ordua aukeratzea baino ez zitzaiguan falta, eta asteburuan egitea pentsatu genian hasieran, gure okerraz jabetu gintuan arte, asteburua da-eta kalean jende gehien ibiltzen den garaia, beraz, egun itsusi bat aukeratu genian, astelehena, gaueko ordu bietan, horiexek gure E eguna eta O ordua, hordagoa joko genuen momentua, bost egun zituan, baina luzeak egin zitzaizkiguan, urduri genbiltzaan, arreta beste edozertan ipintzeko gauza ez ginela, behin, lantegian, ezkerreko eskua galtzeko zorian egon ninduan, eskerrak Ezpeletak makina itzali zuen, niri eskua harrapatu baino segundo bat lehenago, deiadarka jardun zitzaidaan, arnasa hartu ahal izan zuenean, neu, gure ama eta gure familia osoa madarikatu zitian, burutik jota nengoan, Ezpeleta gaixoa, hilabete gutxi batzuk jubilatzeko eta nik ia bihotzekoa eragin, maite nian Ezpeleta eta burumakur jardun nian lanean, sirenak jo zuen arte, lotsatuta, lankideak eskubide osoa zeukaan nahi adina irain esateko, edo, zergatik ez, pare bat belarrondoko emateko, ume mainati bati ematen zaion bezala, ze, azken finean, horixe ninduan, ume moko nazkante bat, bere burua zaintzeko gauza ez zena, lotsagarria benetan, mailukadek eta makinen zaratek babestu ninditean, ez haiz mutiko bat, Biteri, habil kontuz, Ezpeletaren hitz horiek ondo iltzatuta geratu zitzaizkidaan buruan, eta horiexek kolkoan etxeratu ninduan arratsalde hartan, basoerdi bat edatera joateko lagunen gonbitari muzin eginda, harritu zituan nire ezezkoarekin, baina joaten laga zidatean, adarrik jo gabe, txantxa gutxirako nengoela sumatuta, nik uste, eta amak ere zerbait sumatuko zidaan, zurbil nengoela esan zidalako ikusi orduko, nekatuta nago, ama, hori da gertatzen zaidana, gaur goiz ohera, eta hala egin nian, telebistako futbol partida amaitu baino lehen, alferrik oheratu ninduan hain goiz ordea, kaka gehiegi nerabilean buruan, Ezpeletak makina korrika eta presaka itzali izan ez balu, zer gerta zitekeen pentsatzeak hotzikarak eragiten zizkidaan, besamotz ikusten nian neure burua, besteen karitateari esker bizirauten, beldurgarria zuan, apur bat kontsolatzen ninduen bakarra zera zuan, ezker eskua galduta ere, ekintzan ari nintekeela konturatzea, bestela izango zuan, noski, eskua galdu ordez, begiak galdu izan banitu, benetan izorratuta egongo nindukek orduan, amesten hasiak ginen iraultzaren ondoko mundua ikusi ezinda, eta lantegia laga beharko nikek eta kupoia saldu, edo, beharbada, musikari bihurtuko ninduan, Stevie Wonderren, Jose Felicianoren edo Kaxianoren antzera, asko dira-eta musikari itsuak bazterretan, eta niri, hik beste inork baino hobeto dakianez, halako inozokeriak bururatzen zitzaizkidaan zorionez izan ez zen istripuaz akordatzean, osorik nengoan ordea, gorputzaren atal guztiak osorik neuzkaan, begiak ere bai, eta hala ikusi ahal izan nian azkenean, H egunaren goizaldea, lantegiko atean nengoela, noiz fitxatuko zain, azkar gertatu zuan, gaueko belztasuna bat-batean erdibitu zian sortaldeko argiak, labana zorrotz batek bezala, eta poztu nindian espero genuen eguna hain ilunpe erabatekotik sortzeak, antzeko ilunpea beharko genukeelako handik ordu batzuetara, gure babesa izango zuan, hori dela-eta aukeratu genian kontu handiz, gauak ilargirik gabea behar zuelako, eguna luze joan zuan, baina noizbait lan atorra zikina erantzi, beso-eskuak, besapeak, aurpegia eta lepo buelta xaboiz igurtzi, orraztu eta kalean nengoan, inori itxaron gabe, bilera genuelako, dena prest zegoela, denok prest geundela ziurtatzeko bilera txikia, Izurki tabernan, eta bertan Gorrontzi esaten genion gure taldeko batek dena behar bezala zihoala jakinarazi ziguan, dena ondo, bi hitz nahikoa, etxera segitzeko eskatu ziguan, atseden hartzera eta geure burua gauerako prestatzera, hortaz, etxean lasai afaldu, telebistari pixka bat begiratu eta kalera jo nian, lagunekin kafe bat hartzera nindoala esanez, egia hutsa, horixe egin nuen-eta, tabernak itxi eta lanari ekin genion arte, aurreikusita bezala, ordu biak laurden gutxitan elkartu gintuan kuartelaren atzeko baratzeetara, ilargia izan bagenu, ederki ikusiko genikean handik kuartela, ezer ikusi ez ordea, ez ikusi, ezta aditu ere, isiltasuna, biltzen gintuen ilunpearen antzera, osoa zuan, berdin ziguan, hamaika aldiz hitz eginda geundean, baratzeak txikitatik ezagutzen genitian, urratsez urrats aztertu eta berraztertu genian plana, gutako bakoitzak bazekian zein zen bere eginkizuna, hitzen premiarik ez, beraz, abiatu gaituk, ba, eta horma margotu behar zutenak eta zaindariok hartu diagu gure tokia, denok arropa ilunez jantzita, ilunpearekin bat eginda, gaueko hots ρimiρoei ere adi, bihotzaren taupada gero eta azkarragoak entzuten, danbor bat, ozena, urrutitik ere aditu zitekeena, salatari, eta berriz ere, aurreko egunetan baino nabarmenago, denbora geratu egin duk, guztiz, eta lagunak, gure kideak non dauden eta zertan diharduten jakin nahiko nikek, baina gaua isilik beti, altzairuzkoa itxuraz, gure galdera mutuei entzungor, eta orduan zalantzak agertu, besteen gaineko zalantzak eta norberaren gainekoak, ondo ari ote naiz, egon behar dudan lekuan al nago, denborak, pasatzeari laga dion horrek berak baino ezin erantzun ditzakeen galderak, zaunka egitera datozkigun galderak, hozka egitera, eta, belarriak zorrotz, gauari begiratzen zioagu, buruz buru, horretan lasaituko gaituzten erantzunak aurkitzeko asmoz, baina gaua uzkur zaiguk eta ez ziguk bere berririk eman nahi, hor konpon gure jakin-mina, zorionez ez duk ezer aditzen, ezta hontzaren ulua ere, begiak handi, arnasari eutsita, nire pareko iluntasunean arreta osoa ipintzen saiatzen nauk, ezer ez, hotsik ez, edo bai, bai, metal hots bat, arin, urrun, errepikatua, horman idazten ari direnek sprayak astintzean ateratako zaratatzat jo dudana, noizbehinkako tik-tik hori, itogin baten modukoa, ondo pentsatuta, animalia txiki batena ere izan daitekeena, edo haizeak inguruko zuhaitzetako hostoak mugitzean ateratakoa, ia edonondik iritsi daitekek, egia esan, baita neure burutik ere, nire beldurraren ondorio zuzena, halako haluzinazio tankerako bat, auskalo, edozer dela ere, erne nagok, zentzuak adi ditiat, larruazaleko poro guztiak, gauaren seinaleak nahasgarriak izan arren, entenditzeko zailak, eta oso laburrak, agertu eta behingoan desagertu egiten dituk, berriz agertzeko handik gutxira, beldurraren eskutik, haren orpo-orpotik, eta burua mugitzen diat, gora eta behera, belar bustiaren gainean norbaitek egingo duen irristadaren zain, oin astun batzuek zapaldutako adar hautsiaren kraskaren zain, bestela adituko ez nukeen zurrumurru baten zain, haizeak ordea, zakur baten zaunka urrunak baino ez zekarkidak, eskerrak, kuarteleko zakurren beldur egon gaituk aurreko egunetan, eta arindu ederra hartu diat halakorik ez dagoela konturatutakoan, lagunak ondo ari dituk nonbait, luze gabe bueltan egongo dituk, luze gabe ohean egongo gaituk, lorik egingo ez badugu ere, pozik, dena aldez aurretik espero bezala joan delako, eta pozari eutsiz abiatuko gaituk lantegira, beste edozein egunetan bezala, baina lanera joateko jaiki nintzenean, ahaleginak egin behar izan nitian nire benetako sentipenak ezkutatzeko, ondo samar egin nian, nik uste, Ezpeletak ere ez zuen-eta ezer sumatu, lan egun arrunt bat zuan, beste bat gehiago, artean zabaldu gabe egonda kuarteleko hormetan idatzitakoaren albistea, hala joan zuan arratsaldera arte eguna, baina bazkaldu eta gero asaldatuta zeudean denak, potroak, horixe zuan gehien errepikatzen zen hitza, a ze potroak, potroak behar dituk gero, horiek bai potroak eta beste makina bat halako, Ezpeletak ere gure potroak goraipatu zitian, gehiago ere esan zian, tamalez, guk behin baino gehiagotan pentsatutakoa, garesti ordainduko ditek batzuek, horixe esan zian, eta hitz horiek, haren ahotik irtenda, ezinegon sor bat eragin zidatean, izutu ere egin ninditean, hotzikara eta guzti, harrigarria zitzaidaan Ezpeletaren esaldiak nigan eragindakoa, ez nekian zer esan, eta, hortaz, hormaren margolariaren koskabiloak bedeinkatu nitian nik ere, haren hitzen oihartzuna belarrietan etenik gabe neukala: garesti ordainduko ditek, garesti ordainduko ditek, garesti ordainduko ditek, bost axola, oihu egiten nian nirekiko, egindakoa eginda zagok eta horrek ez dik atzera bueltarik, alferrik damua, hala zuan, baina beldurra odolean neramaan ordurako, zain bakoitzean nabaritzen nian, eta handik aurrerakoa ezagutzen nian, banekian zer zetorkidan, zein estu hartu behar ninduen, eutsi beharko niola nekian bezain ondo, bai, itxura egin beharko nian, Oscar bat irabazteko besteko antzezpen bikaina, inoiz baino hil ala bizikoagoa, eta horixe hartu behar nian gogoan, behin ere ez zitzaidaan hurrengo bi egunetan ahaztu, eta lantegian, kalean, etxean txukun aritu ninduan, neure burua ere harrituz, halako batean dena aldatu egin zen arte, berandu zuan, ia gaueko hamaikak, eta telebistari begira nengoan erdi lotan, behetik hots egin zutenean, hiretzat duk esan zidaan aitak, jaitsi hadi, hitz egin behar dugu-eta, Patxi zuan, kuarteleko hormetan idatzi zutenetako bat, bestea, Gorrontzi, atxilotu berri zutela jakinarazi zidaan, badakik zer egin, esan zidaan despedida moduan, gauean galdu aurretik, eta motxila bete eta neure burua gordetzeko prest nengoan, desagertu baino lehen ordea, amarekin hitz egin behar nian, derrigorrean, zer gertatu da, galdetu zidaan sukaldeko mahaitik eskutan hartu berri zuen zatarra bihurrituz, Gorrontziren atxiloketaz nekiena kontatzen hasi nintzaioan, berehala eten zidaan kontakizuna, ez zian zehaztasunik nahi, egun gutxi batzuen kontua izango zela esan nionean, hala izango zelakoan esan nioan, erabat sinetsita, horregatik herritik ihes joan beharrean, herritik hurbil ezagutzen nuen txabola batean eman nian gaua, eta goizean goiz medikuarengana jo nian, gaixorik nengoela azaldu eta baja eskatzeko, gripe berantiar bat aitzakia, erraz antzera eman zidana, espero nuen bezala, bizpahiru galdera eginda, haren agiria eraman nian lantegira ondoren, eta hurbildu aurretik, ondo aztertu nian, batez ere bulegoetarako eskailera, zibilak atezuan izango nituen beldur nintzelako, eta ezer susmagarririk inguruan antzeman ez nuenez, burdinazko eskaileran gora egin nian, minutu gutxi batzuk geroago ostera jaisteko, laster sendatzeko opa zidatenei eskerrak emanda, kalea lehen bezala zegoan, lasai itxuraz, eta, hala ere ahaleginak egin behar izan nitian ibilera moteltzeko, handik korrika ez irteteko, denbora osoz atzerantz ez begiratzeko, beldurra estu lotzeko, huraxe zelako izan nezakeen kontrariorik okerrena, eta, horrela, poliki, plaza eta kale nagusiak saihestuz eta, zorionez, inorekin topo egin gabe, txabolara ailegatu ninduan noizbait, eta bertan geratu ninduan Patxi eta bere anaia zaharrena nire bila iluntzean azaldu ziren arte, haren autoan joan gintuan Bitorixara, eta hortik aurrerakoa ez diat kontatu behar, orain ezin asmatu zer dela-eta ari naizen nire historiaurrean arakatzen, altxor baten bila jardungo banu bezala, ezer gutxi aurkitu ahal den tokian, auskalo, beharbada hiri baino gehiago, neure buruari kontatu behar, buruz, beste inork baino hobeto dakidana, gure arteko harremana ulertzeko premiak bultzatuta, honen estu zerk lotzen gaituen jakin nahiak, edo ezta hori ere, seguru asko, benetan hirekin jardutearren ari nauk, Gloria, esate baterako, nirekin aritzen den antzera, biok oso ezberdinak izanda, baita kontrarioak ere, pentsaeraz bai behintzat, hura eskuindarra eta espainola denez gero, baina, zer ari nauk, hik ezin izan duk ezagutu, edo, akaso bai, kalean ikusita bai, emakume ikusgarria izan da-eta beti, orain ere halakoxea duk, zaharra edo, hark dioen moduan, andre heldua bada ere, nik ez diat gogoan hona azaldu baino lehen ikusi izana, baina balitekek hik ezagutzea, jakina, hiriko emakumerik desiratuena nintzen, aitortu zidaan, normal baino pixka bat gehiago edan zuen gau batean, eta nik sinistu, emakume puska duk, eta aberatsa jaiotzez, eta horixe sinisten diodala, galdetu bestela Joxeri, txora-txora eginda dik gure aspaldiko laguna, eta, ez pentsa erresuminduta diodala hori, Joxe nagusi ere badudalako, ez, egia hutsa delako zioat hori, ez beste ezerengatik, hark ez zidak aspalditik ezer kontatzen, mozkortuta ez badago behintzat, baina berdin dik, hain ondo ezagutuko ez banu ere, berdin lukek, nabaritu egiten zaio-eta, harrotu egiten duk, burura joaten zaiok segituan eskua, geratzen zaizkion ile bakanak menderatu nahian, eta gerria barnerantz sartzen dik, upela ezkutatzen alferrik saiatuz, eta gaztetxo baten moduan joaten zaiok ongietorria egitera, zein eder eta dotore datorren aditzera ematera, eta hala jarraitzen dik, koipea eta lausengu merkeak agortzen zaizkion arte, orduan nigana bueltatu, eta Biteri, ekarri Gloriaren botila, esaten zidak eta hor noak ni, Torres-Viρa Sol botila eskuan, beste bezeroei kasu egiteari lagata, barka, gaizki esan diat, Gloria ez delako bezeroa, behin ere ez duelako Iturrin ezer ordaindu, Gloria beste zerbait duk, nagusiaren nagusia, janzten dituen takoi altuko zapata beti dotore horietatik Joxeri nola begiratzen dion ikustea nahikoa, hala dela pentsatzeko, arrosaz margotutako ezpainetan irribarre erdi batekin aditzen ditik Joxeren inozokeriak, aintzat hartu gabe, ondo jakitun dela Joxek esandakoak txotxolo baten ergelkeriak izateaz gain, egia handiak ere badirela, horretarako ez dik Joxeren beharrik, noski, hori txikitatik zakik, sehaskatik bertatik horixe errepikatu ziotelako, gurasoek lehendabizi eta mutilek ondoren, zein ederra zaren, horra haren bizitzako leloa, ispiluaren aurrean ikusi zezakeat, galdezka, ispilutxo, ispilutxo, ba al da inon neu baino ederragorik, eta ispiluak ezetz, ezetz beti, baina, denboraren poderioz, mirespen nahiz inbidia eragindako haren ilea mehetu, begiek distira galdu, azalean orbanak agertu, zimurrak ere bai, eta horiek ezin ispiluak ezkutatu, ispilu onbera izanagatik ere, Gloriarenak bezain begi zorrotzak parean edukita, horiek ez zaizkiok emakume bizkor bati oharkabean pasatzen, eta Gloria bizkorra duk, beste ezeren gainetik bizkorra, badik bere klasearen ezaugarria den argitasun bat, geneen bitartez bereganatua, eta horri esker zutik iraun zezakek gainerakook hondoratzen garen mundu honetan, sen berezi bat, edonon ondo moldatzeko, besteon gainetik ibiltzeko, Joxeren gainetik, esaterako, inork edo ezerk menderatu ezin izan duen gizon gogor eskarmentu handikoa, munduan barrena ibilia, hizkuntzak dakizkiena, eta menderatu, azpiratu, jan eta irentsi egin dik emakume horrek, esan diat, begiratzea besterik ez zagok, nola trabatzen zaion mingaina eta eztarria lehortzen, eta garagardo bat ekartzeko eskatzen zidak orduan, eta haren besapeko izerdiaren usaina aditu ahal diat barraren beste aldetik, Gloriak ere aditu ahal izango duen bezala, eta lasaitzeko esango niokek, urduritasun hori txarra dela bihotzerako, arnasa sakon hartzeko, baina hori adierazi partez garagardoa hurbiltzen zioat irribarretsu, halako nagusi jatorra izateaz ezin kontentuago egongo banintz bezala, voilΰ, esaten zioat frantsesez, Gloriak eta Joxek frantsesez hitz egiteko ohitura dutelako, batez ere topo egitean, hizkuntza horretan agurtzen ditek elkar, txantxetan noski, monsieur, madame, Gloriak Donibane Lohizunen ikasi zian txikitan, eta gustatu egiten zaiok bere heziketa aipatzea, nik ez nuen heziketa frankista bat izan, zuek uste duzuen bezala, guztiz europarra baizik, eta Joxek baietz egiten dik buruaz, emakumeak alde egindakoan, haren frantsesa txukuna dela, baina ez zoragarria ere, esateko, eta hala izango duk, Joxek urteak daramatzalako Hendaian bizitzen, Txingudiko badia osoa miretsi daitekeen villa batean, handik zaintzen ditik negozioak edo, hark esaten duen moduan, aferak, horietako bat baino ez delako taberna hau, ez txarrenetakoa gainera, etekin ederra ateratzeaz gain, beste aferetan irabazitako dirua garbitzeko ere balio diona, bide batez esanda, kudeatzaile aparta gure Joxe, akordatuko haiz, bazuan jada gaztetan, eta harrezkero asko ikasi dik, batez ere Paris aldean eman dituen urte niretzat misteriotsuetan, Ann orduan ezagutu zian, dagoeneko maite ez duen arren, berarekin bizi den amerikanoa, eta maite ez duela ez zioat nik, Joxek berak baino, badituk urteak ez dugula larrutan egiten, eta ea zergatik ez diren bereizten galdetuta ere, sekula ez zidak modu argian erantzun, aitzakiatan ibiltzen duk, aitzakia merkeak, nik uste, sinesgaitzak, harentzat ere seguru asko, hala iruditzen hasi zaiola esango nikek, Gloriak eskatuko balio, Ann laga ez ezik, harekin ezkondu ere egingo zela aitortu dit-eta behin edo behin, baina beldurrik ez, ez duk halakorik gertatuko, Gloriak inoiz beharko balu, orduan bai, baina Joxek berak baino askoz diru gehiago izan behar dik, eta gizonak, nahi izanez gero, mordoa, zertarako gizonak, ordea, bere Coco izanda, bere bihotzeko azukre kozkorra, zakurtxo horrekin nahikoa dik, hark hala ziok, baina auskalo, behin ere ez diolako Joxeren opariei muzin egin, kontrara, poztu, harrotu egiten duk, adinean aurrera joan arren, gizonak, mota bateko gizonak, oraindik eskura dituela jabetuta, jatetxe garestienetara gonbidatzen dutenak, asteburuetan hoteletara eramaten dutenak, bidaiak egitera, Parisera, Milanera, eta jantzi dotoreak, bitxiak erosten dizkiotenak, aberatsak, benetakoak, aberats jaiotakoak, ez ditiztek eskuak diruarekin zikintzen, inondik ere, horregatik ere aberatsak dituk, diru asko izateaz gain, ahalik eta gutxietan gastatzen ditek, tabernari batek ondo zakik hori, patata tortilla zati batengatik hil egingo liketek, sarritan suertatu zaidak halakoak ikustea, diputazioko, udaletxeko, enpresarien elkarteko handiki gorbatadunen artean erretilua eskutan pasatu, eta gainera zetozkidaan, erretiluak di-da husteko, berdin jatekoak eraman edo edatekoak, sukaldetik irteten ikusi eta oldartzen zitzaizkidaan, euliak eztiari nola, miserableak, halaxe hots egiten geniean, aditu ezin zigutenean, zekenak, zikoitzak, zimurrak, burura etorritako edozer esaten geniean, astakeriak, nola entenditu haien jokatzeko era, zerk bultzatzen zitian hain modu lotsagarrian jardutera, eta barre egiten genian, barregarri irizten genion-eta haien jokamoldeari, nik Joxerenari irizten diodan antzera, Gloriaren aurrean umilduta ikusten dudanetan, baina ez pentsa barre egiten diodanik, ez, bestela neure buruaz egin beharko nikek, beste inorenaz baino lehenago, izan ere, ba al da Oihanek nirekiko duen zoritxarreko tema baino barregarriagorik, ez diat uste, azken batean Joxeren eta Gloriaren artean zortzi bat urtetako diferentzia egongo duk gutxi gorabehera, Oihaneren eta bion artean, aldiz, sekulako urte piloa zagok, hainbeste, ze, kalkulatu ere ez diat nahi, badaezpada ere, eta gaurkoan, aurreko gauetan ez bezala, lo egin nahi nikek, ordu batzuk gutxienez, eta ez hainbeste pentsatu, hitz jario geldigaitz hau zenbait orduz eten eta atseden hartu, nirea tabernako filosofia duk, noski, ez inongo unibertsitatetakoa, baina ez ahaztu barra baten atzetik asko ikusten eta aditzen dela, ez aipatzearren kalea, hori bai unibertsitate ezin hobea, kartzela bezala, baina, esan diat, lo pixka bat egiteko premian nagok, hori gabe, alferrik botika guztiak, Enapril, Pantecta, Torasemida, Carvedilol, Alopurinol, Sovaldi, Nolotil, Espinorolactona, pilula mordo hori guztia alferrik, baina hori nauk gaur egun, botika pilo bat, hori eta memoria, akordura etortzen zaizkidanak, beste garai batekoak, nigan bizi-bizi daudenak, hi bezain bizirik behintzat, eta eskerrak, horien ezean atarramenturik gabeko gaixoa nindukek, heriotzaren zain dagoen gizajo bat, beste bat, naizena, azken batean, ze, denboran barrena atzera eta aurrera ematen diat orain denbora gehiena, joan-etorrian, denboraren berririk ez zuen garai batetik, erloju guztiak niretzat ari diren oraingo honetara, nire azken ordua jotzeko aspalditik prest aditu ahal ditiat, deika ari zaizkidak, hator, hator esaten zidatek, gabon kanta maitagarri gozo batean bezala, baina eutsi egingo zioat, botika mordoxka diat oraindik eta munizio horrekin eutsiko zioat, ezin alferrik galtzen laga, batez ere mina, gure betiko etsaia menderatzen laguntzen badu, kolore askotako pilulei begira, bizirauteko sekretua horietan datzalakoan, urtetan imajinatu dudan heriotzaz akordatu eta barre egiteko gogoa ematen zidak, ze, azken hatsa emateko momentuan, kalean botata ikusi izan diat neure burua beti, ez ospitale bateko ohean, seguru asko hilko naizen bezala, heriotza burges bat inondik ere, guztiz arrunta, heriotza lotsagarri bat, epika apurrik gabea, tristea, naizen modukoa, erresumindua, kopetiluna, Gloriak bestela uste duen arren, filosofoarentzat ez bezala, gizon alaia nauk harentzat, umorekoa, ulerkorra eta, gainera, aditzen dakiena, hori esaten zidak askotan, zurekin hitz egin daiteke, eskertu egiten zioat, baina bazakiat ez naizela hark uste bezain jatorra, eta, aditzen badut, ez hitz egiteagatik aditzen dudala batik bat, ez kontatzen ari zaidanak interes berezirik duelako niretzat, ostera, gehienetan ez dik izaten, batere ez, eta aspertu ere egiten naik, diruaz hitz egiten didanetan, esate baterako, sarri samar alegia, horixe izanda haren gairik kutunetako bat, zenbat kostatu zaion erosi berri duen zapata parea, azken soinekoa, azken bitxia, zein jatetxe garestietan jan duen, zein hotel luxuzkoetan eta abar, Gloria bere dirua da-eta, azken finean, ni nire pilulak naizen antzera.