Hitzontziak
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
Azaleko argazkia: Idoia Unzurrunzaga
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
aurkibidea
 

 

7

 

Dena gal daiteke, duintasuna eta estiloa izan ezik, horiei eutsiz gero, ez dago dena galduta, bada oraindik itxaropena, eta nola egun ilun bati beste egun argi eguzkitsu batek darraion, hala bolada ustel bati beste bolada eder oparo batek jarrai diezaioke, dena baita posible mundu honetan, eta ez naiz ari hitz egin aldera hizketan, ondo dakit diodana, ziztu ezin biziagoan joan zaidan bizitza luze honetan nahiko gorabehera petral izan baitut, zertaz ari naizen jakiteko, horregatik diot duintasunarena eta estiloarena, horiei esker, estiloari esker bereziki, irten ahal izan bainaiz onik bizitzak jarritako segadetatik. Asko ikasi dut horiek bitarte, baina horien aurretik ere banekien zer edo zer estiloaz, ordurako amaren eta Mme. Licheronen eskuetatik pasatuta nengoen, ordurako hitz-aspertuak eginda geunden horren gainean Laura Ybarra eta biok, eta estiloa bezainbeste estilo eza ere azkar ikusteko, urrundik antzemateko gai ginen, izan ere, edertasunak garrantzia zuen, diruak ere bai, esan gabe doa, baina estiloari irizten genion garai hartan garrantzitsuena, eta guk, zalantzarik gabe, bagenuen; gure burua ispiluan ikustea, ez genuen besterik behar, elkarri esaten genion, atzera eta aurrera egiten genuen, begi ertzetik ispiluari kirik eginez, eta gonari astindu txikia ematen, egongelako telebistan ikusitako Parisko modeloek egin ohi zuten antzera. Prest ginen, mundura irten gintezkeen, ondo moldatuko ginela seguru, ez zegoen saihestuko ez genuen arriskurik edo gaindituko ez genuen oztoporik; emakume bereziak ginen, guztiz apartekoak eta, nolabait, boteretsuak, estilodunak, eta estiloak ate guztiak irekitzen zituen, jauregietakoak nahiz txaboletakoak.

      Jorge Ostiz Aiok ere bazuen, estiloa ez ezik, gizon bati eskatu ahal zaion gainerako guztia ere, edo hala iruditu zitzaidan, behintzat, Laura Ybarrak Tenisen aurkeztu zidanean, uztaileko eguerdi berunkara batean. Carlos Zaragueta Lauraren senargaiarekin zetorren, izerditan biak, Carlosek irabazitako partidaren kontura elkarri zirika eta barrez, eta Carlosek noiz aurkeztuko zain nengoela, konortea galdu eta hantxe eroriko nintzela sentitu nuen, ezingo nuela haren edertasun itsugarriaren zama eraman, eta eskerrak orduan estiloaren ziztadak nire onera itzularazi ninduen eta, nola edo hala, lortu nuen duin agertzea; izan ere, Jorge ederra zen, perfektua, atalez atal akasgabea: ilea horixka zeukan, ugari eta sendoa, bekainak, artista batek marraztuak bezala, eta begiak, argiak, erakargarriak, bere ezpain handiak nola, sudurra zuzena, neurrikoa, eta gainerako hazpegiak ere halaxe, esku zoragarriak edo soin zabal gotorra ez aipatzearren, horregatik niretzat nahi izan nuen, ikusi orduko, niretzat bakarrik, horixe esan nuen nirekiko, neuretzat bakarrik, lepotik behera zetorkion izerdi tanta baten ibilbideari jarraitzen nion bitartean, begiez jarraitu ordez, eskuaz, edo hobeto, ezpainez jarraitu nahiago banuen ere. Minutu bateko kontua izan zen, baina nahikoa ni guztiz aztoratzeko, bere senargaia eta haren laguna aldageletara urrundu eta berehala Laura ohartu zenez:

      Banekien. Gauza bera gertatzen da beti.

      Lagunaren hitzek mindu egin ninduten, baina estiloa bazuela onartu nion.

      Estiloa? Hori baino izango ez balu, hasperen egin zuen Laurak.

      Zuri ere gustatzen al zaizu, galdetu nion, ahal izan nuen erarik leunenaz.

      Noski. Baina nik Carlos daukat, eta pozik.

      Hala zen. Carlos Zaragueta bere laguna bezain ederra ez bazen ere, gizon erakargarria, bai: kirolzale, umoretsu, lagunkoi eta laster diplomatiko gainera, horretarako ikasketak eginak zituen Madrilen eta udazkenean enbaxada batera bidaliko zuten, eta urte zenbaiten ondoren, enbaxadore bilakatuko zen, eta Laura enbaxadorearen emaztea, beraz, eta garrantzia txikiko enbaxada batzuetatik igarota, Pariskora, Washingtongora edo Londreskora iritsiko zen noizbait, eta beharbada ministro izatera, Kanpo Arazoetako ministroa edo. Gutxi gorabehera, Laurak hala irudikatzen zuen bere etorkizuna, maitasun eta menturez betea, herrialdez eta are kontinentez sarritan aldatuz, Espainiaren ordezkari goren herrialde epel eta exotikoetan, eta beren seme-alabek —lau gutxienez— korrika eta jolas libre eta bakean egingo zuten, berak, mahai batera eserita eta freskagarri bat eskuan, haien joan-etorriak zaintzen zituela, ilunabarra nagusitzen zen bitartean, eta bularraldea puztu egiten zitzaion maitasun eta harrotasunez, zeruko gorri ardotsuak zizelkatutako lau irudi haien bistan, eta algarek eta giroan zegoen usain gozoen nahasketak halako betetasun lasaigarri bat sentiarazten zioten, zoriontasun xalo bat, denbora geldi zedila desirarazten ziona, une sorgindu, distiratsu, akasgabe hori betiko gorde nahian. Hunkitu egiten zen Laura, bere ametsak kontatzean, eta negar ere egingo zukeen, hori estilorik gabea izan ez balitz.

      Ederki ulertzen nuen, antzeko ametsak nituen neuk ere azken finean, eta hark bere Carlos aurkitu zuen bezala, Jorge aurkitu berria nuen nik, eta neureganatu behar nuen nola edo hala, prest bainengoen egin beharreko guztia egiteko, eta hala jakinarazi nien, Laurari lehendabizi eta amari gero, afaldutakoan anaiak alde eginda, biok bakarrik geratu ginenean; ama, nahi nuen gizona aurkitu dut, esan nion, eta, nire harridurarako, poztu beharrean, ilundu egin zen eta arduratuta begiratu zidan, krimen baten aitorpena egin izan banio bezala, baina, nik kikildu ez eta berriz esan nuen, nahi nuen gizona aurkitu dut. Ahoa ireki baino lehen, amak bere ondoko kopa hustu zuen, eta, hori ikusita, banekien esan behar zidana ez zela batere atsegina izango; arnasa hartu zuen, eta apal, ia leun hasi zitzaidan: Ziur al zaude? Horixe jakin nahi izan zuen, nik aukeratutakoa nor ote zen baino lehen ere, eta nik, noski, baietz erantzun nion berehala, baietz, erabat ziur nintzela, Jorge, Jorge Ostiz Aio zela zoratuta nindukana, senartzat nahi nuena.

      Gizonak!

      Betiko leloari lotu zitzaion ama, zer adierazi berri nion ohartu izan ez balitz bezala, hark niretzat zuen garrantziaz jabetu izan ez balitz bezala, eta orduan nik, gizonak zoragarriak zirela aldarrikatzeko gogoa izan nuen, zoragarriak baino zoragarriagoak, galdetzeko bestela Laura Ybarrari, hark azalduko ziola nire ahotik entzunda sinetsi nahi ez zuena, eta gehiago ere esateko gogoa izan nuen, aitak eragindako suminak itsututa zegoela eta gizon guztiek ez zutela era berean jokatzen, berak uste zuenaren kontra, eta bazirela gizon zintzoak ere, beren familia maite zutenak, eta Jorge, nik aukeratutakoa, horietakoa zela, eta zintzotasuna begietan antzematen zitzaiola, haren begi argi abegitsuetan, non sentimendu garden horretarako baino ez zitekeen tokirik egon, baina isildu egin nintzen, ez bainuen aitaz gaizki esaka aritu nahi, maite nuen, haren kontra ni jartzeko amaren ahaleginei muzin eginda, eta seguru nintzen amari erantzuteak, burutik pasatzen zitzaizkidanak adierazteak, aitaz hitz eginaraziko zigula ezinbestean, eta hori izan zen une hartan inolaz ere hizpidera ekarri nahi ez nuena, zeren eta aita aipatzeak sutan jartzen zuen ama, eta madarikazioetan galduta uzten, eta halakoetan okerrena opa ohi zion aitari, oinazerik latzenak, heriotza ere bai, hain zen izugarria zion gorrotoa, denborak eta Ritxi Letamendiaren laztanek arintzen ez ziotena:

      Gizonak, denak berdinak!

      Egun hartan, aldiz, ez zuen eztanda egin, espero nuen bezala, ez zitzaion aparra ahotik irten eta, besterik gabe, beste galdera bat egin zidan:

      Jorge Ostiz esan al duzu?

      Izenak ez zion ezer esaten, bere lagunen eta ezagunen artean ez zen inor hala zeritzanik, ez bertakoenen artean, ezta Madrildik uda igarotzera etorri ohi zirenen artean ere, horregatik hasi nintzaion Jorgez nekiena kontatzen, Carlos Zaragueta, Laura Ybarraren senargai diplomatikoaren laguna, nafarra, Carlos bera bezala, eta, ostiztarrak betiko aberatsak zirela, lur eta negozio askoren jabeak, hori dena Laurak kontatuta nekien, hamaika galdera egin bainion, gehienak erantzuten asmatu ez zituenak, baina nahikoa izan zirenak ama pixka bat lasaitzeko, tenis jokalari bikaina zela kontatu nion, Ekonomia ikasten ari zela bere familiaren negozioak —gasolindegiak, besteak beste— zuzentzeko egunen batean, eta, kontatu ahala, lasaitzen zihoala nabaritu nion, eta Jorgeren edertasun paregabea ez aipatzeko nahikoa erne ibili nintzen, horrek ez baitzion ardura berezirik amari, hark senarra eta guk aita genuen gizon bikainak eragindako zaputza eta gero, harentzat edertasuna ez zegoen, ez zetzan aurpegian edo gorpuzkeran soilik, jendearen kontu korronteetan ere bazetzan, horietan batik bat, horien edertasunak, fisikoak ez bezala, ez zuen zimurren berri, irabazkinak handitzen zituen kontuetan, etekinak handitzen, eta hori uki zitekeen, zenbatu, erabili, diruak ate guztiak irekitzen zituen, ate sendoak izanagatik ere, eta edozein borondate erosten, behar beste ordainduz gero, salgai zegoen dena, salgai geunden denok, gizonik osoenak, prestuenak ere, diru kopuruarekin asmatuz gero, horra guztia, zehaztasunak alda zitezkeen, ñabardurak, baina funtsa ez, hori inoiz ez, horregatik ideiak saltzen ziren, printzipioak diruaren truke ahazten, gizon-emakumeak, gazte zein zaharrak saltzen ziren era berean, edo gizon-emakume horien gorputz atalak: odola saltzen zen, ilea saltzen zen, giltzurrunen bat ere sal zitekeen, edo ume oso bat, nahi izanez gero, eta sosek lagunak erakartzen zituzten, dirua, horixe, argi distirant bat munduko gau betierekoaren erdian; gaztea nintzen, birjina, eta etorkizuna udako egun batzuetako goiztiriaren antzekoa zen, nire gelatik mirets nezakeen argi zirrintak margotutako paisaia idilikoa, urdinak, moreak, gorrixkak pareko uhartea inguratzen, badia osoa kolore leunez laztantzen, eta horren lekukoa, horren ispilua, itsasoa, bare-bare, horra etorkizuna niretzat, zerbait atsegin, epel eta etxekoia.

      Ondo gogoan gorde nik esandakoa, Gloria.

      Ama nekagaitza zen, ehun aldiz errepika zezakeen gauza bera, eta ni, berriz, artean sentibera samarra, zaurgarri, eta nekez uler nezakeen amaren tema, nola kondenatzen ninduen bere porrota berritzera, beste biderik, beste aukerarik ez balego bezala, nola hegalak mozten zizkidan hegan egin ez nezan, bere aldamenean gera nendin agian, ez, horretarako ez, bilobak espero baitzituen, sarritan adierazi zidanez, baina txorakeriarik gabe nahi ninduen aldarera eraman, han behar bezalako gizon baten eskuetan uzteko, errespetatu, zaindu eta babestuko ninduen gizon baten eskuetan, noski, eta horixe, Jorge zela berak nahi zuena ere ulertarazi nahi izan nion, arrakastarik gabe, hori azaltzen ari nintzaiola, hitz bakar bat irten baitzen haren ahotik:

      Ikusiko.

      Eta hitz bakar horrekin bukatutzat jo zuen elkarrizketa. Espero ez nuena, baina espero zitekeena egin zuen: ostiztarrak nor eta zer ziren jakin zuen Iruñean zituen lagunen bitartez, eta, jaso zituen albisteak atsegin izan zituenez, harago joan zen, niri ezer kontatu gabe, detektibe bat kontratatu zuen Madrilen, Jorge nire senargaiari jarrai ziezaion eta haren gaineko informazioa bil zezan, eta txostenean irakurritakoarekin pozik geratu zen arte ez zion gure ezkongai-harremanari oniritzia eman. Hainbat hilabete ibili zen detektibea Jorgeren atzetik, Madrilen, Iruñean eta Donostian, eta, haurdun nengoela jakinarazi nion egunean kontatu zidanez, ni izan omen nintzen hilabete horietan Jorgek kasu egin zion neska bakarra, fakultatea baino gehiago tenis zelaiak eta parrandak zituen gustuko, gure amarentzat normala eta barkagarria, gonazale izatea ez bezala, zeren eta, halakoa izan balitz, amak edozer egingo zukeen nigandik uxatzeko betiko, eta kontrakoa egin zuen, ondo hartu, irribarretsu, eta nahi zuenetan izaten zekien bezain atsegin eta abegikor, estiloz, hitz batean. Jorgeri jarritako zaintza zorrotzaz susmorik gabe, harriduraz beste, esker onez hartu nuen amaren jokaera, eta hala adierazi nion, nahiz eta nire eskerrak eskuaren mugimendu arin batez isilarazi, ez zela beharrezkoa, Jorgek hori eta gehiago ere merezi zuela, hain zen jatorra eta maitagarria. Jakina, bat nentorren amarekin, nik baino hobeto inork ez baitzekien zein begirune handiz hartzen ninduen, niri laguntzeko prest beti, edonora eramateko gertu, nire edozein apetara makurtzeko, gozotasuna sekula galdu gabe, eta horrek ardo eder baten eran horditzen ninduen, eta harro joaten nintzen haren besotik, kalean zeudenen arreta gureganatuz, bikote zoragarria osatzen baikenuen, bekaizkeriaz edo desiraz so egiten zigutenen begietan ikus genezakeen gure edertasuna, beste inon baino argiago, ispilu genituen, nolabait, gure isla haien gorroto leunduaren gainean ikusgarri, eta, luze gabe, denak ari ziren gutaz, egunkarietan agertuz gero batik bat, nire ezkontzeko mandatua ospatzeko gurean egindako jaia zela eta. Eskaera ostiztarrek egin zieten nire gurasoei, Iruñetik etorrita, euria goian behean ari zuen igande goiz batean, eta zirrara eragin zien gure etxeko egongelako leiho zabaletik ikusten zenak: laino potolo goibelak itsasotik hurbiltzen, uhartearen gainetik igarota, gure etxearen kontra talka egingo zutela zirudien, eta ostiztarrek oihu txikiak egiten zituzten eta guk, Jorgek eta biok, barre egin genuen, eta naturaren amorrualdi beldurgarri hura zantzu txartzat hartu beharrean, ontzat hartu genuen, gure maitasunaren indar berdin bortitzaren adierazgarritzat, eta aitak Veuve Clicquot botiletako bat eskuan, denon kopak ostera betetzen hasi zela, xanpaina baino botika hoberik ez zegoela esan zuen, beldurra uxatzeko egokiena zela, amari begiratu nion orduan, kopeta ilunduko ote zuen kezkatuta, baina ez, ondo zegoen, laster amaginarreba izango nuenarekin berriketan, aitarenak entzun izan ez balitu bezala. Entzun zituen ordea, eta, haren aurpegia aldatu ez zen arren, ez dut uste atsegin izango zituenik. Ama diziplina handiko emakumea genuen, bere baitako herra menperatzen zekiena, egun itxuraz ilun baina niretzat zoragarri hartan jakin izan zuen bezala. Izan ere, diziplinarik gabe ez da estilorik, eta, era berean, dena hutsala da estilorik gabe, itsusia ere bai, estilorik gabe berdin da zer egiten den, eta egiten den horrek ezer gutxirako balio du, batez ere hasierako poz txepelaren ondoren zer egiten den bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa baita nola egiten den, zerbait ondo egiteak eragiten duen satisfakzioa paregabea da, eta egin duenak arin sentituko du bere burua, lurra zapalduko ez balu bezala, dotore, hitz batean; hala egiten zituen gauzak, egin behar ziren eran beti, eta aitaren desleialtasunaz jakin arte emazte eta ama eredugarria izan zen: gu neskameen besoetan utzi beharrean, ahalik eta denbora gehien gurekin igarotzen saiatzen zen, gurekin jolasten, eta, aitarekin nonbaitera joateko ez bazen, etxean nahiago zuen, sutondoan neguan eta atzealdeko lorategian udako ilunabarretan, eta hala jarraituko zukeen pozik, aitak egindako traizioagatik izan ez balitz, baina orduan ere, estiloz jokatu zuen, eta lantuka aritu ordez guztien barregarri, aita barregarri utzi zuen, lagun eta ezagunen aurrean, haute société osoaren bistan, burua tente eta irribarrea ezpain gorrietan, ezer egingo ez balu bezala: senarrak egindakoa berak ere egiteko eskubidea aldarrikatzen ari zen, hitzik gabe, eta, feministak estimutan ez izanagatik ere, feminista avant la lettre bat izan zelakoan nago, feministen aurreko feminista, aitzindaria. Ez zen lesbiana itxurako feminista horietakoa, ilea motz-motza eta gona luze eta praka nasai ezin zatarrago horiekin, denak berdin orraztuta eta jantzita, denak uniformatuta, ez zituen gizonak —guztiak behintzat— zikiratu nahi, aita zikiratzea nahikoa zitzaion, zorrak kitatu nahi zituen, besterik ez, hark eragin zion oinazea itzuli, aitortu zidanez:

      Gauza hauek zuri bakarrik kontatzen dizkizut, Gloria, ez beste inori. Ez ahaztu.

      Zaila da amaren bat-bateko aldaketa haiek ahaztea, nola hasten zen aitaren aurka, behazuna etortzen zitzaion ahora, eta madarikazio guztiak gutxi ziren hari zion gorrotoa behar bezala adierazteko, ezintasun horrek bere onetik ateratzen zuen, eta halakoetan, Donostiara ezkondu baina Hernaniko baserri batean jaiotako bere amona bilakatzen zen, eta haren hizkeraz, sekulakoak eta bi botatzen zituen aita zela kausa, asto temati petral bati arituko balitzaio bezala:

      Gure amona halakoa zen eta, batzuetan, halakoa naiz ni ere. Inor ez da perfektua.

      Amak arrazoia, inor ez da perfektua, nahiz eta hasieran, oraindik maiteminduta gaudenean, maite dugun horri, gure kuttunari halakoa iritzi, Biterik eta biok behin baino gehiagotan hitz egin dugun bezala, baina garai batean perfekzio hori posible zela uste nuen, Eugenia jaio arte bai, ordura arte hala uste nuen, horixe baino ezin bainuen pentsatu. Santa Marian ezkondu ginen eguerdi eguzkitsu batean, eta eztei bidaian New York eta Estatu Batuetako ekialdeko kostaldeko beste hainbat tokitara joan ginen, eta zoriontsuak izan ginela esango nuke, ezkonberriak ginen, gazteak eta aberatsak ginen, elkar maite genuen, zer gehiago eska nezakeen? Jorge xarmagarria zen, elkarrekin gozatzen genuen, eskutik lotuta ibiltzea, elkarren ondoan egotea nahikoa zen biontzat, eta, batzuetan, Jorgeri begiratu eta Jainkoari eskerrak ematen nizkion, nirekin hain eskuzabala izateagatik, egunero berritzen zidan opariagatik, batez ere haurdun nengoela jakin nuenetik. Hura zoriona ginekologoak nire ametsa betea zela baieztatu zidanean. Ama eta aita bat etorri ziren, zoragarria zen aitona eta amona bilakatzea, ustekaberik ederrena, eta antzeko hitzak egin zituzten ostiztarrek ere, albistea telefonoz eman zietenean.

      Zorionak!

      Bai, zorionekoak ginen denok, Donostian eta Iruñean, mundu osoa zorionekoa zen gurekin batera, Eugenia jaio berriari begiratu, eta seguru nintzen izan daitekeen guztiaren jabea nintzela: sehaskatik begirada altxatu eta, burua ezkerrerantz mugituz gero, itsasoa nuen, bare edo haserre, baina ederra beti, nire senar maitea bezala, hari zegokion, hain zuzen ere, nire orduko alaitasun lasaia pixka bat pitzatzen zuen kontu bakarra: Eugenia neskato bat zen, guztiz ederra, baina neskato bat, azken batean, eta, nahiz Jorgek sekula adierazi ez, benetan seme bat nahi zuelakoan nengoen. Sentimendu hori, hala ere, puntu ñimiño bat zen egun haietako euforiaren izartegian, aztoratu eta berehala damutzen zitzaidana, inguratzen ninduen biribiltasun itxuraz akasgabearen bistan; tentelkeria galanta nirea, emakume ezkondu bati, ama bati baino gehiago, lainezaz betetako ume bati zegokiona, nire orduko ustetan, artean ez bainekien dena alda daitekeela ohartu aurretik, betiko dirudiena halako batean desager daitekeela arrastorik utzi gabe. Halakorik ez zitzaidan burutik pasatu ere egiten orduan, Eugeniarekin batera hasten ari zena maitasunean ondo oinarrituta zegoen, luze irautekoa zen, Jorgek eta biok ez genuen nire gurasoena errepikatuko, gure aitari ez bezala, hari ez zion kordea kentzen paretik igarotzen zitzaion emakume bakoitzak, Eugenia eta biok baikinen axola zitzaizkion emakume bakarrak, detektibe bat atzetik jarri gabe ere banekien horrenbeste. Hori ez zen nahikoa, ordea, zoritxarrez baziren beste arrisku batzuk, susmatu ere egin ezin nituenak, erditu eta aste batzuetara ohartzen hasi nintzenez. Lana zen horietako bat, Jorgek gero eta gehiago ematen baitzuen horretan, Iruñean askotan, lotarako ere han geratzen zen batzuetan, edo bestela Madrilera joan behar izaten zuen, ministerioetara, kontratuak eta negozioak egiten ziren tokira, eta handik itzulitakoan, berriz, alabatxoari eskaintzen zion arreta osoa, nitaz ahaztuta, baina nik han jarraitzen nuen, senarraren zain, haren laztanen eta hitz gozoen irrikatan, gero eta epelago iristen zitzaizkidan horien irrikan, eta maitasuna egiten genuen aldi bakanetan ere mekanikoki egiten zuen, ez urtebete lehenagoko grinaz, bere lan ugarietako beste bat balitz bezala. Hasieran ez nion garrantzirik eman, laster etorri bezala joango zen, arrasto nabarmenik utzi gabe gure bizitzan, baina hilabeteak igaro, eta denak berdin jarraitzen zuen gure artean, edo okerrago agian, zeren eta Jorge hurbiltzen zitzaidanetan, arazoak zituen zakilarekin, eta halakoetan, nigandik pixka bat urrundu eta eskuz astintzen zuen, gogortu nahian, eta nik lagundu nahi izaten nion, baina ez zidan uzten, eta, ondo zegoela esaten zidan arren, ez zegoen, eta nire errua zela pentsatzen hasi nintzen, eta bainugelan dutxatik irten eta neure buruari begira geratzen nintzen, ispilu luzean nekusanari miaka, Jorgeren desira izozten zuen akats izugarria nire gorputzean bila, goitik behera eta behetik gora aztertzen nuen, atzea eta aurrea, ezer berezirik aurkitu gabe, eta horrek are urduriago jartzen ninduen: zer gertatzen ari ote zen, zer ari ote nintzen gaizki egiten, eta, bakarrik, Eugeniari ezkutatzen nizkion malkoei irteten uzten nien eta hainbeste negar egin nuen, non ama konturatu, eta larritzen ninduenaren berri eman behar izan nion.

      Gizonak!

      Barre egin zuen amak, eta gertatzen ari zitzaidana normala zela esan zidan, gizonak halakoak zirela eta noizbait dena bere onera itzuliko zela eta lasai egon behar nuela, egunen batean hartaz gogoratu eta barre egingo nuela. Oker zegoen, gauzak sekula ez baitziren bere onera itzuli, areago handitu zen Jorgeren eta bion arteko aldea, eta gero eta denbora gehiago igarotzen zuen nigandik urrun.

      Ulerkorra izan behar duzu senarrarekin, esan zidan amak, zuentzat ari da-eta nekaezin lanean.

      Amak aholkatutakoa egiten nuen, Jorge nekatuta etxeratzen zela, harekin atsegin, alai eta maitekorra azaltzen ahalegintzen nintzen, film amerikarretako etxekoandreek egiten zuten bezala, eta whiski bat eskaintzea baino ez zitzaidan falta, haietako bat izateko guztiz, amaren ustez andre ezkondu batek jokatu behar zuen eran, bitartean senarra beste emakumeekin edo mozkorkerian ibiltzen ez bazen behintzat, eta Jorge serioa zen, langile eta kirolaria, lagundu egin behar nion, beraz. Eugeniaren aita zen, Eugenia Ostizen aita, inolaz ere ahaztu behar ez nuena, eta inoiz ahaztu ez nuena, zeren eta kartzelan egon zenean ere, horixe izan nuen gogoan, egunkariek argitaratutakoei eta bazterretan bolo-bolo ibiltzen ziren zurrumurru gaiztoei jaramonik egin gabe, itsu eta gor aldi berean, nirea zena —nire alaba, nire senarra— defenditzeari utzi gabe, gure amari ikasi nion eran. Jorgeren eta bion artean egon zitezkeen arazoak gure artean konpondu behar ziren, etxean ez beste inon, batez ere gauzak goizetik gauera alda zitezkeen garai nahasi hartan: Franco hilabete batzuk lehenago hil zen, eta demokrazia hastapenetan zegoen, artean ikuskizun, eta jende gehiena zetorrenerako prestatzen ari zen, bere iragana ezkutatzen edo edertzen. Giro horretan gertatu zen Jorgerena, zor zaharrak lehenbailehen eta badaezpada kitatu nahi ziren garai hartan, eta, hain zuzen ere, zor horietako bati egozten zioten ostiztarrek beren semearen hondamendia, aspaldiko etsai batzuen salaketa eta azpikeriei, noizbait lagun-min eta gerora aurkari gogor bilakatutako handiki batzuei, haien inbidia gorriari, beren gasolindegietan egiten zena Espainiako gasolindegi guztietan egiten baitzen azken finean, eta ez zuten inor atxilotu, ez zuten inor auzipetu, harik eta beren semea atxilotu eta auzipetu zuten arte, hornigailuetan tranpa, iruzur egitea leporatuta. Ostiztarrak sutan zeuden, batez ere Jorgeren aita, semeari gertatutakoa sinetsi ezinik, gorriak izan beharrean, berak bezala Falangearen alkandora urdina gaztetan jantzi zuen kamarada bat izanik salataria, horrek bere onetik ateratzen zuen, eta gerratik ekarritako pistola ateratzen zuen bere bulegoko mahaiaren tiraderatik, mendekua aldarrikatzeko, heriotza agintzeko bere izen-abizenak zikindu nahi zituen sasiko hari eta haren familia osoari, betiereko sua, traidore batek merezi zuena, demokrata zaharraren mozorroa jantzi berri zuen zital hark merezi zuena. Hiru hilabete egon zen Jorge kartzelan, aitak behar izan zituenak semea handik ateratzeko: abokaturik onenak jarri zizkion, eta Madrilera joan zen behin baino gehiagotan, lagundu ahal ziotenekin elkartzeko, mesedeak eskatzeko, nor eta bera, mesedeak egin bai baina sekula eskatzen ez zituena, umiliagarria izan zen harentzat, umiliagarria izan zen bezala bere abizena egunkarietan ikusi behar izatea.

      Gaizki pasatu nuen nik ere, ordurako maite ez arren, Jorge senarra eta Eugeniaren aita nuen, eta haren alde egin behar nuen nahitaez. Batzuk primeran pasatzen ari ziren gure kontura, Nauticon eta Tenisean nabaritzen nuen nola, ni hurreratu arte, barrez algaraka aritzen ziren, eta, urrundu orduko, nire atzean entzuten nituen berriz ere haien algarak, baina aurrera jarraitzen nuen, burua zut, ezer susmatuko ez banu bezala, horretarako diziplina behar da gero, altzairuzkoa, eta, beraz, estiloa. Estiloa, igandero, alaba besoetan, taxi bat hartu eta Martutenera joateko, eta han, ijitoez inguratuta, etarren senideez inguratuta, bisitarako ilaran jartzeko, eta barruan, Jorgeren parean, negarrez ez lehertzeko, nire sufrimendua hari ez aurpegiratzeko, ez adierazteko zein latza zen berak eragindakoa, zein beldurgarria.

      Kartzelak ez zuen gure harremana batere aldatu, Jorge beti bezala atsegina zen nirekin, jatorra, eta, beti bezala ere maite ninduela adierazi arren, ez zen hori nik nabaritzen nuena: musu ematen zidanean, adibidez, azken hilabeteetako hoztasun berberaz egiten zuen, haren ezpainek nireak ozta ukitzen zituzten, garai bateko berotasun eta desiraren arrastorik gabe, Eugenia besarkatzen eta bere gorputz txikia musuz betetzen zuen bitartean:

      Laztana, bihotza, eder hori.

      Aspalditik entzuten ez nizkion eta hainbeste falta nituen hitz gozoak, hain zuzen ere, artean Arturo esatera ausartzen ez, eta nik ere, alabari izan ezik, beste inori esaten ez nizkionak. Telefonoz hitz egiten zidan hark, gero eta sarriago, eta niri bihotz ematen ahalegintzen zen, ez nuela etxean gorde behar esaten zidan, kalera irten eta arnasa hartu behar nuela, gazteegia nintzela alargun baten bizimodu tristea eramateko, kaltegarria zela niretzat, eta afaltzera gonbidatzen ninduen, paseatzera, baina nik ezetz, beste noizbait beharbada, ez senarra Martutenen nuela, eta eskerrak ematen nizkion, eskerrak gonbidatzeagatik eta eskerrak kasu egiteagatik, ezagun eta ustezko lagun askok, nik igarotzean, ez ikusiarena egiten zuten aldi doilor hartan.

      Irtengo zaizu senarra kartzelatik noizbait, ea orduan zer esaten didazun.

      Hala esan zidan Arturok, eta benetan ausarta zela pentsatu nuen, ausarta zela edo izugarrizko azal gogorra zuela, zalantzarik gabe benetako voyou bat zela, maiteminduta ninduen Jean-Paul Belmondo baten erakoa, nolabait. Itxarotea erabaki nuen, Jorge Martutenetik irten arte itxarotea, banuen esperantza handik sartu baino hobeto irtengo zela, jakintsuago, bizitzak irakatsi ziona baliatuko zuela, ohartuko zela azkenean ni, bere emaztea, han ninduela, Eugenia jaio ondoko hilabeteak ahazteko prest, dena ahazteko prest nengoela gure familiari euste aldera, atzera hutsetik haste aldera, ahazteko eta barkatzeko prest.

      Eta irten zen noizbait Martutenetik, baina denak jarraitu zuen betiko eran gure artean, edo okerrago, seguruenik, zeren eta etxeratu zenean inoiz baino uzkurrago zebilen, kartzelan mihia moztu izan baliote bezala, isilzaleago eta bere baitara bilduago, eta bulegoan sartzen zen eta orduak ematen zituen, etsaiez beteta irudikatzen zuen kalera irten gabe, ezta hain atsegin zuen tenisean jokatzeko ere. Bakarrik nahi zuen, eta Eugenia soilik zen gai uzkurtasunetik ateratzeko, berpiztu egiten baitzen alabatxoa lagun, eta harekin jolastu eta barre egiten zuen, bere kartzelaldia lokamuts bat izan balitz bezala, ozta parentesi bat bere bizitzan. Hori baino askoz gehiago izan zen, ordea, kartzelak gogor jo zuen, han edaten hasi zen, alkoholari muzin egin ohi zion kirolari amorratua botilarekin zaletu zen, whiskiarekin, gau batean ohean niri bizkarra erakutsi baino lehen eman ohi zidan musua eman zidanean ohartu nintzenez. Hatsean aditu nion alkohola, eta handik aurrera zelatan egon nintzaion, bulegoan itxita egoten zenetan, zurrutean aritzen zela seguru izan nintzen arte, esperantza hor galdu nuen, hor jabetu nintzen Jorgerekin ez nuela zereginik, guztiz eta betiko galduta nuela, tristea zela, baina goiz edo berandu hori, nire porrota alegia, onartu beharko nuela, ez zegoela besterik.

      Gizonak!

      Amaz gogoratu nintzen, eta bion egoera antzekoa zela iruditu zitzaidan, nik ere traizio baten biktimatzat hartzen bainuen neure burua: senarrak ez ninduen utzi beste emakume bat besarkatzeko, botila bat besarkatzeko baizik, aitarena baino mingarriagoa zena, absurdoagoa, ulergaitzagoa. Amak aitarekiko jokatu zuen eran jokatzea erabaki nuen; beraz, Arturok berriz gonbidatuz gero baietz erantzungo nion, berarekin atseginez joango nintzela, ni konkistatzeko baimena zuela, ordura arte gogoz kontra ezetz esateko izan nuen diziplina aspaldiko kontua zela. Ez nuen luze itxaron behar izan, bisitari nuen Laura Ybarra eta biok haren kafetegira azaldu baikinen, Casa Nicolasan bazkaldu eta gero; ikusi orduko etorri zitzaigun, eta, Laura komunera joan zela profitatuz, afaltzeko gonbita berritu zidan; nik afaldu ez, baina, nahi bazuen, bazkaltzera joango nintzela berarekin. Bihar bertan, eskaini zidan, baina berriz ere ezetz nik, baietz esateko gogoz egon arren, goizegi zela, hurrengo astean hobeto, eta dena zehazteko hots egingo niola agindu nion.

      Miarritzera eraman ninduen, Hôtel du Palaisko jatetxera, eta bazkaria bukatu baino lehen ere banekien zer gertatuko zen ondoren. Jangela eder hartan, Arturok bere amarruak erakutsi zizkidan: itxuraz ondo ezagutzen zuen maître-ak ongietorria eman zigun eta mahairik onenera eraman gintuen, eta itsasoaren parean eserita, zer edan nahi nuen galdetu zidan, eta nik xanpaina nahi nuela, eta ahoskera xelebre samarra baina bestela txukuna zen frantses batean eskatu zituen: Ez du batere meriturik, Hendaian bizi naiz eta. Ardo zoragarri haien eraginez ahaztu egin zitzaidan nor nintzen eta non nengoen eta, bere hitz-jarioak eramanda, neure buruari joaten utzi nion, bere sarera erortzen, eta bazkari osoan bertan geratu nintzen, armiarma sare batean harrapatutako euli bat bezain babesgabe, eta, kafeak edandakoan, handik altxatu ginela, berdin nengoen, berdin ninduen liluratuta, bere esku, Arturo kontalari aparta baitzen, eta bazekien solaskidea hitz bitartez biltzen, horregatik kalera, bere Mercedesa zegoen tokira, joan ordez hoteleko igogailuan sartu ginenean, eramaten utzi nion.

      Ezin esan Arturorekin ohean bukatzeak harritu ninduenik, ez horixe, harritu ninduen bakarra lekua izan zen, bere etxera eraman beharrean, espero nuen bezala, bertako suite batera eraman baininduen, hainbat printze eta errege bat ere egon omen ziren suite batera, hain zuzen ere, horixe izaki Arturoren iritziz niri zegokidana, bere erregina bainintzen, eta bera nire menpeko zorionekoa. Suite-a eskerga zen, etxebizitza asko baino handiagoa, eta itsasoa genuen ikuskizun, ikuskizun zen bezala ohe bukaezina, zabala, sendoa, zur argiz egina, ezin irudikatu leku egokiagorik maitale batzuen lehendabiziko topaketarako, itsasoa parean eta loreak inguruan, ugari, mota askotakoak, loreontzietan eta saskietan jarrita. Maitasunaren baratzean geunden, eta hari lotu gintzaizkion, gure estreinako aldia izan ordez, azken-azkena balitz bezala, premia berberaz, etsipen berberaz: eskuak, ezpainak, hortzak, mingaina, oinak ere erabili genituen elkar hartzeko, estutzeko, musukatzeko, jateko eta, hala ere, horiek guztiak nahikoa ez izan, zeren barne-barnetik zetorkigun bulkadari eusteko, geneuzkan baino gorputz-atal gehiago, askoz gehiago behar ziren, eta izerdiak eta listuak ezer gutxi egin zezaketen osorik erretzen gintuen sua itzaltzeko, ekin eta ekin ari ginen, xuxurlaka batzuetan eta oihuka beste batzuetan, erotzeko modukoa, eta hori zer ote zen galdetzen nion neure buruari, eta damutu egiten zitzaidan Arturoren gonbita errepikatua lehenago onartu ez izana, galdutako denbora, eta, neure buruarekin berriketa mutuan jarraituz, agindu egiten nion aurrerantzean oso bestela izango zela, gizon harekin egoteko, harekin maitasuna egiteko aukerarik txikienari ere helduko niola, hura baitzen nire benetako gizona, merezi nuena ematen zidana, ni maitatzen zekiena. Senarrak ez bezala, nire azpian mugitzen, bihurritzen eta beso sendoz beregana erakartzen saiatzen ari zenak, azkazalak larruazalean sartzen zizkidanak, bihotza urratzen zidan itsusi xarmagarria, zoragarriak bazekien gizon jokatzen, bazekien ni bezalako emakume bat nola gozatu, nola bete, nola maitatu, ia konortea galarazteraino, eta, azkenean, barren hustu zitzaidanean ere, bere laztanek jarraitu zuten, eta hitz gozoak bere mingainera itzuli ziren, hasperen eta oihu txikien ondotik. Nekatuta biok, begira geratu ginen gure leherketaren lekuko zuhurra izandako itsasoari, haren azala edertzen zuen argi urrekarari. Zoriontsua nintzen, eta haren ondoan esker ona sentitzen nuen, beste guztiaren gainetik, esker ona berriz desiratuta sentiarazteagatik, sentipen zahar eta ahaztu hura nigan berritzeagatik, eta neure buruari galdetzen nion zertan ibilia nintzen, non galduta, gozamen delizios, erogarri hura sumatu ere egin gabe, ni, emakume ezkondu bat, eta denbora alferrik galduaren damua poz neurrigabe harekin nahasten zitzaidan, eta nire maitale zoragarriarengana bultzatzen ninduen, eta haren kontra estutzen nintzen eta hamaika musu ematen nion, eta hark ere muin egiten zidan, bekokian, masailetan, belarri ertzetan, lepo aldean, barre egiteari utzi gabe, eta hark kutsatuta, nonbait, berdin egiten nuen nik ere, harik eta bikain egiten zekien hura guztia irakatsi zioten emakumeekiko jelosiak barrea izoztu egiten ninduen arte, eta bat-batean, haren emakume bakarra izateko irrika, premia nitaz jabetuta, gainerako emakume guztiak aurkaritzat hartzen hasi nintzen, eta, ondorioz, haiei okerrena —heriotza— opatzera eta, Arturok inoiz utziko banindu, nik ere hil nahiko nukeela pentsatzera ere, baina orduan Eugenia zetorkidan akordura, eta lotsatu egiten nintzen hura —gehien behar ninduena— ahazteagatik, hain neurekoia izateagatik, eta zalantza egiten nuen alaba eta nire benetako gizon bakarra zen hori, biak maitatzeko nahikoa maitasuna izango ote nuen. Zorionez, Arturo ondoan nuen, eta haren presentzia hutsak adoretu egiten ninduen, nire pentsamendu ilunak uxatzen zituen, eta, bere laguntzaz edozer egiteko gai nintzelakoan, minutu batzuk lehenagoko konfiantza itzultzen zidan, egoera niretzat berri hartan ezinbestekoa zena, suite haren babesetik kanpo, Donostian, etxean zain nuena kontuan hartuta. Izan ere, gizon erakargarri haren maitalea izateaz gain, Ostizen emaztea eta Eugenia Ostizen ama ere izaten jarraitzen nuen, eta Arturorekiko grinak ez zidan hori inolaz ere ahantzarazi behar, Arturori nire maitalea izateak bere familia ahantzarazten ez zion era berean, berak hasieratik jakinarazi zidanez. Biok gure familiak zaindu nahi genituen, arrazoi berberarengatik, gainera, eta berdintasun hori lasaigarria zen biontzat, dena nahi genuen bezala joango zelako bermea, seme-alaben argazkiak erakusten genizkion elkarri, eta, maitasuna egin ondoren, haien gorabehera eta kontuak aipatzen, eta guk haien adinean egin eta sentitu genuenarekin alderatzen genituen, harrezkeroztik gauza asko aldatu arren, beste batzuk ez zirela sekula aldatzen ondorioztatzeko laster, maitasuna horietako bat, edo gure maitaldien lekuko izaten jarraitzen zuen itsasoa, aurreneko aldi hartatik, Hendaiakoak ordezkatu bazuen ere Miarritzekoa.

      Arturoren etxea ederra zen, lorategi handi samar batek inguratua eta kuxkuxeroen begiradetatik babestua, negozio diskretuak egiteko egokia, Arturok berak umoreko aitortu zidanez; nik ezer galdetu gabe esan zidan hori, zeren eta, Jorge kartzelatu eta gero, nahiago nuen halako kontuez ezer ez jakin, eta axola zidan negozio bakarra bion artekoa zen, laztanak eta musuak trukatzean biok aberasten gintuena, beste edozeinek baino etekin oparoagoa uzten zidana eta Hendaian egiten zena, Txingudiko badia osoa ikuskizun zuen zuriz eta berdez margotutako etxe hartan, Arturo hil zutenetik ahanzten saiatu eta ahanzten lortu ez dudan hartan. Josek hori baleki, ulertuko luke zer dela medio uko egiten diodan hara joateari, eta ez litzateke tematuko bere etxearen bikaintasuna goraipatzen: Sekulako ikusmira du, badia osoa ikusten da handik... Nahiago dut, ordea, betiko gorde dudana, gurea, Arturorena eta biona, Joserena ez ote den Arturoren bera izango, horrek beldurtzen nau, haren familiak saldu zuela baitakit, eta, hala balitz, ezingo nuke jasan, ezingo nintzateke gurea izan zen hartan beste inorekin egon, horregatik Hendaiari hastio diodala esaten diot Joseri, herri itsusia dela, estilorik gabea, irundar kaikuz betea, eta, hori esaten diodala, begira geratzen zait, beraz ari naizela sumatuta, eta nik ezetz, noski, ez naizela beraz ari, bera ezagutu baino lehen ere ez nuela batere gustuko, eta, hori entzundakoan, pixka bat lasaitu eta nire xelebrekeria ugarietako beste bat delakoan, berdin diola esaten dit, inporta zaiona nirekin egotea dela, ez gauden tokia, infernuan ere pozik egongo litzatekeela nirekin. Halakoak esaten dizkit, eta pena ematen dit, pena beragatik eta pena neuregatik ere, emandako maitasun hori itzultzeko gai ez izateagatik, nire maitasun osoa Arturori eman bainion. Harrezkero hutsik nago guztiz, eta, gehienez, samurtasun pixka bat eman diezaioket, musu eta laztan arin zenbait, ez gehiago, eta, noizbehinka, nire barruan onar dezaket, baina hori gertatzen den gutxietan, diodan esker onagatik gertatzen da, bere jatortasuna, bere eskuzabaltasuna nolabait saritze aldera, ez bestelako sentipen batek eraginda, maitasuna, egiazkoa, gazteentzat da, esperantza oraindik galdu ez dutenentzat, oraindik denbora dutenentzat, ez ni bezalako emakume batentzat, ezta Jose bezalako gizonentzat ere, ni baino gazteagoa den arren, Jose ez baita mutil bipil horietako bat, ilea aspaldi samarretik urdinduta duen gizon heldua baizik, zaharregia, edozein modutan, nerabe bero batek bezala jokatzeko.