AUTOREVERSE
Gauza onek irautea nahi izaten dugu. Errepika daitezela beti sekuentzia berdinean, ukigabe, aldaketarik gabe. Disko bera eta kanta berberak, hurrenkera berean, egunero. Onuragarri edo plazer emaile zaigula uste duguna iraunkortasunaren karrilera ekarri nahi izaten dugu eta bertan abiadura jarraitu batean mantendu; zenbat eta motelago hobe, su baxu etengabean, martxan bai baina arnasa aise, hatsa eta pausoa galdu gabe ralenti gozoan, inertzia samurrean; fermuki heldu nahi diogu sekula bere helmugara, sekula bere akabura, sekula bere itzalgunera helduko ez den ilusio horri. Ez gara ohartzen oin biko sute ibiltariak garela, geure sugarren itxura ez dela ez argazki ez beste ezein trikimailuren bidez atzematerik, ona dirudienaren balizko iraupena etenik gabe xahutzen den erregai baten iruzurra baino ez dela. Erretzen ari den erregai garela, eta hori, erregai izatea eta konbustioan egotea, ez dela irautearekin bateragarri. Eta ez dagoela kanpotik erregairik ekartzerik garen sua xaxatu eta berpizteko. Ezin zaiola suari sua erantsi, ez dagoelako sugarra nondik maileguan hartu. Horregatik desio dugu agian hainbeste, hain azkar eta hain sakon, eta maitatzen ez dugunean geure maitatzeko ahalmen alferrik galduaren kontzientzia angustiaz txirikordatzen, edo horrenbeste maite dugun hori —angustia bera ere maita genezake— iraunkorra ez dela ikustean zapuztu; horregatik gara maitale kanibal, gatibu geure bulkaden eta geure mihiaren —zer besterik da mihia, barne erraien abangoardia babesgabea ez bada?—. Ez gara jabetzen daukaguna daukagula eta kito, ez garela behin uste izan genuen kanibalak ere, edo, geure burua irensteko gaitasuna baino ez dugun kanibal hasiberriak garela, izatekotan. Eta ikatz biltegia iluna denez eta biltegiko zokoak barreiatuak, ez dakigu zehazki zenbat erregai daukagun metatuta geure makina-gelan, zenbat izan zaigun emana eta noiz agortuko den erregaia; zoko ilun horietan zenbat geratzen den, senak, susmoak eta egunean eguneko baikortasunak iradoki behar liguketen arren. Baina ez dute senak eta susmoak beti asmatzen, egunean eguneko baikortasuna bera aldakorra da, eta hor dago, patrikan zenbat geratzen zaigun ez jakitean, geure buru gainean dingilizka den heriotza kondena horren baitan, bizitzaren xarma. Eta xarmaren gordintasuna onartzean datza xarmaren zati ez txikiena, beharbada.
“Denborak zizelkatzen bagaitu gu, guk hura zizelkatuko dugu”. Ez da egia: denborak zizelkatzen gaitu gu, eta guk, espazioa baino ezin genezake zizelkatu. Ez da egia, baina ezin diogu geure buruari gezurra denik sinetsarazi. Badaude geure buruari baimendu ezin dizkiogun egiak. Ez da ezintasun guztiekin hau gertatzen, baina bai denboraren aurkako borrokaren alferrikakotasunarekin: ezintasun hori ahaztea da ezintasun horri aurre egiteko lehen baldintza. Ahaztea, ez onartzea. Ahantz dezagun, bada. Eta onar dezagun ahaztu dugula.
Nola iraunarazi maite duguna? Hari behatuta, hura zainduta, hura goxatuta? Ala hari bizkarra ematea hobe, hor dagoela eta hor segituko duela aurresuposatzea, abstrakzio bihurtu eta bere presentzia konbokatzea?
Oroitzapen sortu berriak oroitzapen estatusa izan aurretik hasten gara jada karraskariak bezala haiei ertzetik hozka egiten, alda ez daitezen, iraun dezaten, ihes egin ez diezaguten. Baina, funtzioaren amaieran, egin daiteke ezer, isildu edo mundutik ezkutatu besterik? Egin daiteke ezer, behin izan zinen ahohandia lurperatu eta erregai gordekina ahalik eta mizkinen xahutzen segitu besterik? Zenbat erregai geratuko zaigu, ordea, izan ginen hura lurperatu ostean? Ezagutuko gaituzte gerora ere behiala adiskide min izandakoek? Elkarri zenbat zahartu garen ez esatearen kortesiaren dibisan elkar ordaintzearekin konformatuko gara, ala elkarri diosal egin gabe ondotik pasatuko? Hori da lagun zaharrek ematen diguten kontsolamendu flakoa: zahartu bai, zahartzen gara, baina ez gara aldatzen. Behin ginen zango biko amildegiak izaten jarraitzen dugu, azken beltzera arte.
“Ontzat jotzen ditugun gauzak”, diogu, baina zeintzuk dira gauza horiek? Gaztetasuna, pitzatu gabeko harreman bat, metastasia hiztegi hondoan lurperaturiko zientzia fikziozko hitza den sasoia? Eguberri egunean aulki guztiak beterik, zilarreria eta loza garestia, bazkaltiarrak ttanko arrain-zoparen inguruan eta herentzian jaso nahi genukeen osabaren barre jakintsua bibrazio irmo; presarik eza, egunak hogeita lau ordu eta asteak zazpi egun ditueneko uste osoa; denborak bere burua errespetatzeaz gain gu ere errespetatuko gaituela pentsatzera garamatzan erlijio antolatua: familia argazkia. Badaezpadako sineskeria horiek eta beste zenbait. Sinestea zeure zuhaitz genealogikoa ez duela kolpe latz batek botako, belaunaldi hobe baten logikari eutsiko diotela etxeko txikienek, ez dituztela geure espektatibak zapuztuko, ospitalera bisitan baino ez dutela joan beharko —abstrakzio hutsa diren bisitak, betiere, irudikatu gabe inoiz “nor bisitatzera” joan beharko luketen—; gu baino zoriontsuago izango direla gure ondorengoak, ez dutela suizidioaren bele erraldoia begien atzean beira arrakalatu arte mokoka sentituko sekula. Eta “el mío”, eta “la tuya”, eta “la pequeña es clavadita a su padre”, parkeetan esekita dirauten komiki-bunbuilo beti-berdin horietara zintzilikatzeko ama eta aita berririk ez dela faltako aurrerantzean ere; ordezko fusibleak argindar instalazio zahar, iraunkorrarentzat. “Osasuna ez dadila falta, hori gabe ez gara ezer”, esaldi maiztuegia da, eta, hala ere, libre da errepikatzea, esan eta berresan genezake guk ere. Osasunik gabe ez gara ezer, ez; baina osasunarekin bakarrik ere ez gara untxi saldo bat baino, karraskari eta belarri zut, bazkaren zain eta bazka bilakatzeko gertu dagoen akuri multzoa.
Irauteko modurik ez dago, baina badira korrontearen alde zoazela sentitzen duzun zenbait urte, su-eten moduko bat —sua eteterik balego legez—; kontagailuko marra erdi parean dago eta motel doa gordailua husten. Mamia edozein delarik ere, errepikapenari esku irmoz eusten diozu, errepikapenaren ekintza bera eskuak erretzen hasten zaizun arte.
Donibane Garaziko harresiaren ondoan da kontzertua. Sixto haserre dago eta aurreko urteko ostatua itxita. Horrek ez dio, hala ere, aurreko urtean bezala lau Ricard edatea galarazi. Sixto ez dago bere onenean kontzertua emateko. “Ongi hago?”; “Egongo ez nauk ba!”. Berari tokatzen zaio hastea, gainera. Nosferatu ematen du beso biak altxatzen dituenean: pianoari disonantzia ikaragarria atera dio, beldurrezko film baten hasierakoa, edo, are okerragoa, musika garaikide partitura batena. Jean-Marc ere haiekin da gaur, Telmok eta biek disimulurik gabe begiratu diote, baina apenas sartu ahal izan dituzte kontrabaxua eta eskobillak piano akorde gehiegizko horren gainean. Kanta ez hastea onena. “Nora hoa, Sixto? Ez duk Klabelin Komiken garaietara itzultzeko unerik onena, txo”. Fakirrak berriro hasteko keinua egin die eta barkamena eskatu dio publikoari. Iparraldeko publiko txit edukatuak maite du Imanol Lurgainen musika, eta, oroz gain, bere kantatzeko manera. Parisko urteen eragina? Akaso, bai. Bigarrenean ere kale egin du piano-jotzaileak: jarrera berbera... Goitik behera etorri dira Sixtoren eskuak, Condor legioa balira bezala, pianoa bonbardatzera. Bai eta bonbardatu ere. Steinway pianoak burrunba. Biktima guztiak dira zibilak. Jendea zerura begira, ekaitza ote datorren. Baina uda betea da, urdin-urdin dago zerua, hala ez balego ez lirateke aire zabalean jaialdia egin eta hara Steinway bat ateratzera ausartuko. Hirugarren aldiz hastera doanean, Sixtok are gehiago altxatu ditu besoak, pianoari ahalik eta trumoikadarik handiena ateratzeko gogoa balu bezala. Zergatik ari da kontzertua saboteatzen? Disko azalean beraren izena Fakirraren maila berean ateratzea lortu ez duelako? Umekeria horregatik? Ainarak ohartarazi zion zerbait, baina ahaztuta dauka jada Imanolek. Hainbesterako da? Kantak berak moldatzen dizkion arren, kanta-konpontzaile estatusa soilik ematen diolako? “Ze ezberdintasun dago sortu eta moldatzearen artean?”, pentsa lezake arrazoiz Sixtok; moldatzen ez dena ez dabil, konponketarik gabe egon al daiteke sormenik, sortzea ez al da moldatzea eta moldatzea sortzea? Bien arteko liskarbide ezin konponduzkoa dago hor atzean, ala gehiegizko Ricarda ari da Sixtoren burmuinetik eta hatzetatik hizketan, besterik gabe?
Hainbeste jaso ditu besoak Nosferatuk, atzerantz erori baita, taburete eta guzti. Trumoia bai, baina tranpaldoak egin duena. Harrizko isiltasuna: Sixtoren jakako patrikatik mandarina bat atera da (“Onak dira ajearentzat”), eta bere pasaportea, muga pasatzeko derrigorrezkoa. Pasaportea lurrean geratu da eta mandarinak pirritan zeharkatu du eszenatokia, erdi-erditik. Publiko guztiaren begirada joan da mandarina birakari horretara. Jean-Marc eta Telmo, euren musika-tresnak utzi eta Sixtori laguntzera hurbildu dira.
“Ondo nagok, jarrai zezakeat!”, bota die lurretik Sixtok trapuzko mihiarekin, erasokor. Nola jarraituko du, ordea, hasi ere egin ez duenak? Jean-Marcek eta Telmok eszenatokitik jaisten lagundu diote Sixtori. Lagundu baino, derrigortu egin dute jaistera.
Ezin dute gehiago itxaron, jendea urduritzen ari da. Euskadin, Castillan bezala kantari ekin dio Fakirrak orduan. Entzuleek gogotik egin dute txalo amaitu duenean. Bakarrik segitzen du eszenatokian bigarren kanta abesten hasi denean ere. Berdin hirugarrenarekin. Eta laugarrenarekin.
Sasoia zer den: Telmo eta Jean-Marc Sixtoren mozkorraldia zaintzen ari diren bitartean, Fakirrak a cappella eskaini du kontzertu osoa. Eta, dena esan behar bada, musikariek lagunduta bezain gustura eta lasai aritu da, gusturago ez bada.
Trabesia are bakartiago baterako gai dela jabetzeko modu bat.
“Nik esan dudan gauza bakarra duk kontzertu gehiegi ematen dituala, eta edozeinekin”.
“Nola?”.
“Doan kantatzen baduk edozein lekutan, gero normala dela inork ez guri deitzea kontzertuetarako, txo. Hain zaila al da ulertzen? Denon katxea errebajatzen ari haiz... Aukerak estutzen. Guk ere jan beharko diagu, ala? Mundu guztiarekin jotzen duk, bakarrik joaten haiz askotan”.
“Mundu guztiarekin jotzen diat, bai, baina ez edozeinekin... Ez duk gauza bera”.
“Nahi duana: hobeto hautatu behar hituzke hire konpainiak... Noiz eta norekin agertu”.
“Hobeto hautatu? Nire konpainiak? Ez nazak izorra, Sixto... Jarri haiz sekula pentsatzen norekin jo hobeto pentsatuko banu agian ez nukeela zuekin diskorik grabatuko? Pasa al zaik hori inoiz burutik?”.
Mutu geratu da Sixto. Gerripeko kolpea izan da hori.
“Satieren bi pieza ikasi eta Thelonious Monk zaretela uste duzue!”.
Min sakona edo ziztada iraunkorra? Batzuetan biak, aldi berean.
Jean Pharosek aulki etzangarria jiratu du aterantz, ezer entzun ez balu bezala. Zer dabiltza bere aurrean sesioan?
“Bueno qué, grabamoz pianoz ¿o qué?”.
“Ez zakiat, ba, galdetu berari: agian gure kantari goren txit agurgarriak beste piano-jotzaile bat du nahiago...”.
“Egia jakin nahi duk? Piano-jotzaileak, besterik ez zagok munduan, Sixto. Harri bati ostikada eman eta bat azaltzen duk... Ez zarete horren bereziak ere”.
Horixe entzutea besterik ez zuen falta. Alferrik saiatu da Telmo Imanol eta bien artean bakegile.
Soraio eta axolagabe agertu nahi izan du Fakirrak:
“Pianorik gabe egingo diagu, ea zelan geratzen den”.
Sixtoren atzetik atera da Telmo, baina kontrabaxua lurrean uzterako alde egina da hura, ez da inon ageri.
Pharosek piano-jotzaile gazte baten izena aipatu die, Iñigo Uriarte, deituko diola nahi badute.
“Toca jazz y eze tipo de pajaz, pero ez bueno. Muy discreto: le llaman el Hombre Inviziblé”.
Eguerdian amaren etxera joan da bazkaritara Imanol. Seme-alabarik ez duen gizonezkoa, semetasunean jarduten: gurasoen etxean haurrak behiala utzitako ubera ttipi horretan nola kabitu gizona, deseroso izan ez dadin, edo estu, kabitu daitezen oraindik biak, amatasuna eta semetasuna.
“Tatianaren berririk baduzu?”.
Ama oraindik ez da haren absentziara ohitu. Arrain-zopa hurrupatzen du Fakirrak. Sei izan dira. Sei gutun idatzi dizkio eta ez dio bat bera ere erantzun. Zazpigarrena idatzita dauka, baina ez du hura igortzeko indarrik bildu. Bitarteko lagunei esker daki hari buruz dakien guztia.
“Deitu egin beharko zenioke tarteka”.
“Esan nizun bere ezkontzan izan nintzela. Eskumuinak eman zizkidan denontzat. Orain berak bere bizitza dauka eta nik nirea”.
Koilara muturren izaera ganbila dute amaren betazal itxiek zoparantz beheraturik.
Antiguatik erdigunerantz doala, gustatzen zaio marea igotzen ari den bitartean barandatik hondartzara begira jartzea: turista fidakorregiei nola bustitzen zaizkien toallak; nola aztoratuta altxatzen diren ezusteko olatu batek harrapaturik, inork ez dienez marea igotakoan hondartza erabat desagertuko dela abisatu. Ondarretara eta Kontxara joaten diren bainularien arteko alde nabarmenena: Kontxara doazenak kontzienteago dira denboraren igaroaz, naturaren oldarraz, gizakiaren hutsaltasunaz. Ezustekoak gustatzen ez zaizkienek, berriz, kontrolaren jabe izatea gustuko dutenek, nahiago Ondarreta, egonkorragoa baita bertan marearen eragina. Hagitzez abegikorragoa da, ordea, egunero birritan aurpegia garbitzen duen Loretopeko hondar umela. Ondarretako harea lehorrean gainka pilatzen dira eguzkipean bainulariak, Kontxan batetik bestera espazioa barreiatuagoa den bitartean: txutxu-mutxuak entzuteko eta ikusia izateko da bata; lasai arraio zeure kasa egoteko bestea. Gwendalekin Bretainia aldean eta Normandian barrena egindako kontzertuez oroitu da Imanol: Saint-Malo, Caen, Le Havre, Mont-Saint-Michel... Marea gorak paisajean eragiten dituen aldaketa bortitzekin eta joan-etorri horrek biztanleriaren izaeran zizelkatzen duen nortasun moldagarri, zirkular, bizizale eta dinamiko horrekin.
Bulebarrean telefono kabina batera sartu da, Sixtori deitu eta barkamena eskatzeko asmo irmoarekin, baina Sixto ez dago etxean edo ez dio telefonorik hartu. Fakirrak gorroto du erantzungailua, ziega sonoroa, kaiolatxoa ahotsarentzat, norbere zalantzak salatzen dituzten segundo gutxitako telegramak uzteko aukera hori: giltzapeko kanario sentitzen da erantzungailuan mezu bat utzi behar duen bakoitzean. Bere ahotsa handiegia da erantzungailu batean kabitzeko eta ez dio mezurik utzi. Apartamentura heldu denean, gizon ikusezin baten mezua dauka berean: “Iñigo Uriarte naiz, Jean Pharosek esan dit piano-jotzaile bila zabiltzala. Ohore bat litzateke niretzat zurekin lan egitea”.
“Arazo bat gutxiago”, pentsatu du Imanolek.
Berdintsu da: Renault Dauphine, Simca 1000, Seat Panda..., aurrean eseriagatik ere ia auto guztiak zaizkio ttipi metro eta laurogeita hamarreko kankailuari: koplaka aritu liteke bere belaunekin. Tatianarekin harremana eten zuenetik aurrera, piano-jotzaileek eraman izan dute autoan kontzertuetara. Eraman eta ekarri, ekarri eta eraman. Hasiera batean Sixtok; orain, Iñigo Uriartek. Jean Pharosen zirtoari barre egin dio aurrez aurre ikusi duenean: ehun eta hogei kilo pisatuko du gutxienez Gizon Ikusezin deitzen dioten horrek. Aingeruek bezala jotzen du, ordea. Piano-jotzaileak eramaten eta ekartzen du kantaria, hark igoarazi dezake zeruraino, hark hondoratu dezake miserian. Piano-jotzaileak gai izan behar du kantariak modu abstraktuan “giro urdina” bataiatzen dituen itsasbehera inpresionistak sortzeko, halakorik sortzea posible balitz bezala. Piano-jotzaileak probokatzen ditu itsasgora bortitzak, gero, entzuleak aho zabalik uzteraino, haietan nabiga dezan Fakirraren ahotsak. Ekaitza adierazteko ez dago pianoa bezalako musika-tresnarik: Bösendorfer. Euria adierazteko ere berdin: Pleyel. Izan Debussyren euria edo Satierena, aukeratu kadentzia, konstantea edo zeiharra izatea nahi duzun, jasa edo langarra, txispa bakan urri hasiberria edo bibrafonoaren xirimiria. Paisajea azpimarratu nahi duzun, edo perfilatu, edo kalkatu, edo zuzenean eta errukirik gabe, ezabatu. Hori dena aise lezake piano-jotzaile on batek. Hori, eta hori bezain garrantzitsu den beste zeregina: txofer lana. Edo sartzen zinen Fakirraren lan egiteko molde ez-ortodoxo hartan, edo jai zeneukan.
Musika taldeak, autoan egin eta desegiten dira, eszenatokian edo entsegu lokalean adina edo gehiago. Telmo ere pianista gazte berriarekin eta Fakirrarekin dator gaur, irrati eta guzti duen Seat Ibiza gorri distiratsuan. “Gustura aritu al zarete?”, galdetu die Fakirrak, betiko legean, kortes eta baliente, berak behintzat gozatu duela garbi utziz: “Ez etorri orain niri ez dakit zer kantatan berandu sartu naizen kontu horrekin”. Ahots paregabea eta afinazio aparta ditu berak, bai, baina erritmoarekin badu arazoren bat edo beste. Euren buruengan ziurtasunik ez duten haurrekin gertatu ohi da: jarri ume bat danborra jotzen eta jada badakizu bere arazoen berri.
“Gustura, bai ala ez?”.
“Izan dira momentu politak”, erantzun du Telmok diplomaziaz. Gau biribila edo magikoa suertatu ez denean —hau da, ia beti— erabili ohi diren klixeak, lan errutinaren erdian piztu diren ñabardura baikorren bila, merezi izan ote duen ala ez nekearen gailurrera igotzeak beste gailurrik jo gabe, beste gau batez, merezi ote duen errepidean jarraitzeak.
“Ni apur bat galduta ibili naiz, hobeto aterako da Ataunen”, perfekzionista hutsa da Gizon Ikusezina. Chick Corea baino gehiago gustatzen zaio Keith Jarrett. Koloniako bere zuzenekoarekin flipatzen du. Gertu eduki behar dira gazteak, tarteka, zahartzen ari zarela etengabe gogorarazten dizuten faroen ozarkeria duten arren. Gaur Sixtorekin gogoratu da Fakirra. Varese eta Zappa. Egun bateko idoloen segida. Pasioaren presa. Louis Armstrongen What a Wonderful World kanta fortunatu da irratian. Armstrongen ahotsak bete du auto barrualdea, haiekin doala dirudi, ondoan eserita. “Itsu batek honela entzungo du ortzadarra bere buruan”, bota du Telmok. “Poeta!” burla egin dio pianista gazteak, martxa aldatu eta azeleragailua sakatu ahala. Fakirra koruak egiten hasi zaio orduan Satchmo handiari, Armstrongen ahots lakarra imitatuz, hondartsua bezain gozoa; pattarretan bustitako gozoki xafla bat ertz zorrotzeko mila zatitxotan mailuz apurtua, eta, hala ere, belarritik samur eta ezti sartzen dena; urrezko pipitak zakarpaperetan bilduak, bayou goroldiotsua, Louisianako keimada. Louis Armstrong: ekarri glaziar bat ron aintzira erraldoi honen tenplea freskatzeko! Irudika daiteke Armstrongen ahotsa, denok eduki nahi genukeen aitona pailazoa, kaseteko argazkian bezala zapi zuriarekin kopetatik izerdia xukatzen ari, zenbat hortz zuri eta zein handia hortzeria, this trumpet kills fascists, nahiago luke egia balitz. Barrez lehertzen hasi dira orduan Gizon Ikusezina eta Telmo. “Nola ateratzen zaik horren ondo? Etxean entseatzen aritu haiz, ala?”. Kanta bukatu eta irratiko esatariak beste bat aurkeztu duenean, Fakirrak oraindik What a Wonderful World abestian kateatuta jarraitzen du, urratutako disko bat bezala, bere kasa. Zertarako egin Satchmori bigarren ahotsak, bera izan badaiteke kantari nagusi? Autoan doazenen barreak apaldu dira, baina berak berean darrai. “Dubi-dubi-dubi-bah-babaaah!”. Txaloak jasotzen segi nahi du, autoko adiskideen arretari eutsi. Bi aldiz kontatutako txistearen sindromeak harrapatu du: audientzia patrikan duzularik zeure lorpena zapuzten duen kariño eskaera premiatsu, neurri bateraino desesperatu, neurri batetik aurrera, are, patetikoa.
Sarri gertatzen da: badirudi ez zaudela nekatuta, ahituta zaudela ohartzen zaren arte. Gogaikarria ere bada azkenerako Louis Armstrongen imitazioa, astuna. Konpromisoz barre egiten dute Telmok eta Gizon Ikusezinak. Eta gezurrezko barreak behartzeak asko zahartzen zaitu. “Ikusten nire zimur hauek? Gogoz kontra barre egiteagatik atera zaizkit”.
What a Wonderful World... World Wonderful a What!
Egunkariko argazkiari begiratzen dio Fakirrak, dena bere begien bistan gertatu izan balitz bezala.
Bizitzaren egia kontatu ezin den zerbait da, agian. Hala kontatu zion gutun batean. Mexikon amatasunari buruz irakurri zituen liburu guztiak zabor hutsa direla pentsatzen du Arakisek. Hala aitortzen dio Fakirrari txori tropikalen zigiluak dituen gutun-azalean bidali eta DFn fetxatutako eskutitzean: “Harrigarria iruditzen zait milaka, hamar milaka urte erditzen daramatzagunean, zentzuzko literatura sinesgarririk ez idatzi izana inork ama izateari buruz. Egon behar du zer edo zer nonbait, baina nik ez dut oraindik topatu”. Arakisek antropologiako tesia osatuxea duen arren, ez du amatasunari buruzko liburu gogoangarririk irakurri: sortzeari buruz hitz egitea suntsitzeari buruz hitz egitea baino konplikatuagoa delako izango da? Fakirrak gogoan du zer erantzun zion: “Ni ez naiz sekula aita izango”. Arakisek beti ematen zion guztiari buelta, eta espero gabean erantzun zion interesgarria dela antropologikoki, haurrak beren kasa abandonatu edo komunitate osoarenak bihurtzen diren tribuen kasua, bai eta erditzearen minaren antzezpena erditzen ari den emaztearen ondoan errepikatzen duten zenbait gizonezkoren jokaera “xamaniko, katartiko eta mimetikoa” ere.
Traktorea handia da eta umea txikia. Umeak igo egin nahi du traktorera. Txikiegia da, ordea; traktorearen gurpilaren erradioa nahikoa luke barruan etzan eta lokartzeko. Apatx. Amak lagundu dio gidariaren eserlekuan jartzen. “Ez zaik ba ezer falta”, guraso gazteek umorez esan lezaketen zerbait, “Ez zaik ba ezer falta eta elkarrekin gozatuko diagu falta zaian guztia”, pentsatzen du bere artean. Hori esan nahi duen begirakunetik edaten du haurrak, deus jakin gabe zer ari zaion ama edatera ematen: jakin gabe dakiguna. Bera denborarik gabeko parajean bizi da, doi-doi daki zer den haztea eta, hori ere, bere inguruko helduek azpimarra berezia jartzen dutelako horretan. Bide bat markatuko diote. Hasi dira bide hori markatzen. “A zer nolako seta hazi eta mutil handia egitearen horrekin”. Helduek irribarre egin dezan daukaten seta litzateke hurrena, zertarako baina, ze arrazoi dago horretarako? Ez negarrik eta ez barrerik, ez al dira horrekin konformatzen? Geldirik egoteaz ez daki asko umeak, argazkilariaren inperatiboa dela bakarrik. Geldirik egon eta irribarre egiteko eskatzen diote diziplinaz helduek. Bai, garbi dago: hasi dira bide hori markatzen. Baina amak ez, amak libre uzten du edo besoetan hartu eta traktorearen gidariaren aulkian jartzen. Oraintxe bezala. Ama-enbor, ama-erraldoi, ama-garabi, ama-mendi. Mendi besarkagarri eta mendi diktadore. Denok egon ginen behin adar horretatik zintzilik.
Oso goiz da, bestalde, nahiz eta inoiz ez den dirudien bezain garaiz. Jaiak diren arren, ez dabil inor kalean. Plaza jendez beteko da bi ordu barru, baina Arakisek nahiago du orain bueltaxka bat eman, inor ez dabilenean.
Traktorea herriko plazaren erdi-erdian dago, erakusketa baten parte balitz bezala. Erakusketa honetan jolas liteke. Hala ari da bere semea, jolasten. Plaza gotorretik ikusterik izan ez duten arren, egunsentia kanonikoa izan da: lehenbizi izpi berde bat bakarra, le rayon vert, gero zauri gorria, gero urdin iluna eta gero zuria. Urdinduko du berriz gero ala ez. Eguraldi ona egingo duela dirudi. Bizilagunen arropa zintzilik ipinia ikusi du etxeko patiotik: nola zenbaitek nahiago duten arropa biltzean pintzak sokan utzi hurrengoan saskitik ez hartu behar izateko; zertan ibili atzera eta aurrera beti gauza bera egiten. Pintzen burdina herdoil liteke, jakina, eta herdoilak mekanismoa izorratu eta metalak arropa orbandu. Ikuspuntu ezberdinak, arruntak diren gauzei buruz. Herri txiki bateko jokabide arruntak. Emakume heldu bat galtzerdiak alderantzikatzen ari da sokatik jaso arau. Narras bildu dezakezu arropa edo saskira bildu ahala tolestu.
Agindua emana dago eta hau da okasioa. Umea bertan egotea eragozpen garrantzitsua izan liteke, hori ez zegoen horrela aurreikusia. Baina izan dira beste ahalegin batzuk eta haiek ere ez ziren egokiak; ez, behintzat, perfektuak. Gutxitan tokatzen da pare-parean eta norberak edo erakundeak nahi bezala. Ez dute hura bezalako beste abagunerik izango, hori bere pertzepzio subjektiboa izan da, jasotako trebakuntzaren eta esperientziaren arabera hotz-hotzean hartutako erabakia. Jakina, berak ere egon nahiko zukeen erabakia hartu zen unean eta gunean —benetan egon nahiko zukeen?—, baina bestelakoa zen bere zeregina. Ekintza egin aurretik ez zaizu eztarrian deus sartzen. Hiltzaileak ez du bere burua hiltzailetzat, dena da konplikatuagoa. Nolabait kontatu behar dira gertaerak, nahiz eta oraindik ez duen hilketarik burutu eta garaiz dagoen egitera doana saihesteko. Heriotzaren hurbila usaindu baino lehen entzun du heriotza Arakisek. Pentsaezina zirudiena gertatu da. Guztiz pentsaezina ere ez zen: pentsatu zuen, behin baino gehiagotan. Agian esan egin dio, edo agian nahiko mezu izan dira berez harriaren gainean oinez entzun dituen pausoak. Tiroa hilgarria denean balak lehenago heltzen dira balen hotsa baino. Hilketaren hotsa, leherketa, pistolaren mintzoa, hilotza ez beste guztientzako da definitiboa.
Traktorea handia da eta umea bakarrik geratu da, amaren gorpuari begira. Uste baino lehenago heldu da tirokatzailea martxan dagoen autora. Traktorearen kontrakoa da autoa: abailarako eginda dago kotxe hura eta ez lurra goldatzeko.
“Emaiok” edo “Hanka”. Ez, seguruenik ez du Pellok ezer esan, buruaz baiezkoa egin besterik ez.
Heriotzaren zentzua bereganatu baino, muturreko gelditasun baten eta bere ama beste norbaitek ordezkatu duen ustearen arteko besarkada ulertu du, unean bertan, umeak. Magia beltza izan bada hori, posible behar luke atzera egin eta birbobinatzea, egindakoa desegitea.
“Dena ondo, Pello?”.
“Zenbat aldiz esan behar diat Pello ez deitzeko? Fabio nauk hiretzat”.
Laster irrati guztietan emango dute albistea.
“Fabio nauk hiretzat. Zenbat aldiz esan behar diat Pello ez deitzeko?”.
“Dena ondo, Pello?”.
Magia beltza izan bada hori, posible behar luke atzera egin eta birbobinatzea, egindakoa desegitea. Heriotzaren zentzua bereganatu baino, muturreko gelditasun baten eta bere ama beste norbaitek ordezkatu duen ustearen arteko besarkada ulertu du, unean bertan, umeak.
Ez, seguruenik ez du Pellok ezer esan, buruaz baiezkoa egin besterik ez. “Emaiok” edo “Hanka”.
Traktorea handia da eta umea bakarrik geratu da, amaren gorpuari begira.
Traktorearen kontrakoa da autoa: abailarako eginda dago kotxe hura eta ez lurra goldatzeko. Uste baino lehenago heldu da tirokatzailea martxan dagoen autora.
Hilketaren hotsa, leherketa, pistolaren mintzoa, hilotza ez beste guztientzako da definitiboa. Tiroa hilgarria denean balak lehenago heltzen dira balen hotsa baino. Agian esan egin dio, edo agian nahiko mezu izan dira berez harriaren gainean oinez entzun dituen pausoak. Guztiz pentsaezina ere ez zen: pentsatu zuen, behin baino gehiagotan. Pentsaezina zirudiena gertatu da. Heriotzaren hurbila usaindu baino lehen entzuten du heriotza Arakisek. Hiltzaileak ez du bere burua hiltzailetzat, dena da konplikatuagoa. Nolabait kontatu behar dira gertaerak, nahiz eta oraindik ez duen hilketarik burutu eta garaiz dagoen egitera doana saihesteko. Ekintza egin aurretik ez zaizu eztarrian deus sartzen. Jakina, berak ere egon nahiko zukeen erabakia hartu zen unean eta gunean —benetan egon nahiko zukeen?—, baina bestelakoa zen bere zeregina. Ez dute hura bezalako beste abagunerik izango, hori bere pertzepzio subjektiboa izan da, jasotako trebakuntzaren eta esperientziaren arabera hotz-hotzean hartutako erabakia. Gutxitan tokatzen da pare-parean eta norberak edo erakundeak nahi bezala. Baina izan dira beste ahalegin batzuk eta haiek ere ez ziren egokiak; ez, behintzat, perfektuak. Umea bertan egotea eragozpen garrantzitsua izan liteke, hori ez zegoen horrela aurreikusia. Agindua emana dago eta hau da okasioa.
Narras bildu dezakezu arropa edo saskira bildu ahala tolestu. Emakume heldu bat galtzerdiak alderantzikatzen ari da sokatik jaso arau. Herri txiki bateko jokabide arruntak. Ikuspuntu ezberdinak, arruntak diren gauzei buruz. Pintzen burdina herdoil liteke, jakina, eta herdoilak mekanismoa izorratu eta metalak arropa orbandu. Bizilagunen arropa zintzilik ipinia ikusi du etxeko patiotik: nola zenbaitek nahiago duten arropa biltzean pintzak sokan utzi hurrengoan saskitik ez hartu behar izateko; zertan ibili atzera eta aurrera beti gauza bera egiten. Eguraldi ona egingo duela dirudi. Urdinduko du berriz gero ala ez. Plaza gotorretik ikusterik izan ez duten arren, egunsentia kanonikoa izan da: lehenbizi izpi berde bat bakarra, le rayon vert, gero zauri gorria, gero urdin iluna eta gero zuria. Hala ari da bere semea, jolasten. Erakusketa honetan jolas liteke. Traktorea herriko plazaren erdi-erdian dago, erakusketa baten parte balitz bezala.
Plaza jendez beteko da bi ordu barru, baina Arakisek nahiago du orain bueltaxka bat eman, inor ez dabilenean. Jaiak diren arren, ez dabil inor kalean. Oso goiz da, bestalde, nahiz eta inoiz ez den dirudien bezain garaiz.
Denok egon ginen behin adar horretatik zintzilik. Mendi besarkagarri eta mendi diktadore. Ama-enbor, ama-erraldoi, ama-garabi, ama-mendi. Oraintxe bezala. Baina amak ez, amak libre uzten du edo besoetan hartu eta traktorearen gidariaren aulkian jartzen. Bai, garbi dago: hasi dira bide hori markatzen. Geldirik egon eta irribarre egiteko eskatzen diote diziplinaz helduek. Geldirik egoteaz ez daki asko umeak, argazkilariaren inperatiboa dela bakarrik. Ez negarrik eta ez barrerik, ez al dira horrekin konformatzen? Helduek irribarre egin dezan daukaten seta litzateke hurrena, zertarako baina, ze arrazoi dago horretarako? “A zer nolako seta hazi eta mutil handia egitearen horrekin”. Hasi dira bide hori markatzen. Bide bat markatuko diote. Bera denborarik gabeko parajean bizi da, doi-doi daki zer den haztea eta, hori ere, bere inguruko helduek azpimarra berezia jartzen dutelako horretan. Hori esan nahi duen begirakunetik edaten du haurrak, deus jakin gabe zer ari zaion ama edatera ematen: jakin gabe dakiguna. “Ez zaik ba ezer falta”, guraso gazteek umorez esan lezaketen zerbait, “Ez zaik ba ezer falta eta elkarrekin gozatuko diagu falta zaian guztia”, pentsatzen du bere artean. Amak lagundu dio gidariaren eserlekuan jartzen. Apatx. Txikiegia da, ordea; traktorearen gurpilaren erradioa nahikoa luke barruan etzan eta lokartzeko. Umeak igo egin nahi du traktorera. Traktorea handia da eta umea txikia.
Arakisek beti ematen zion guztiari buelta, eta espero gabean erantzun zion interesgarria dela antropologikoki, haurrak beren kasa abandonatu edo komunitate osoarenak bihurtzen diren tribuen kasua, bai eta erditzearen minaren antzezpena erditzen ari den emaztearen ondoan errepikatzen duten zenbait gizonezkoren jokaera “xamaniko, katartiko eta mimetikoa” ere. Fakirrak gogoan du zer erantzun zion: “Ni ez naiz sekula aita izango”. Arakisek antropologiako tesia osatuxea duen arren, ez du amatasunari buruzko liburu gogoangarririk irakurri: sortzeari buruz hitz egitea suntsitzeari buruz hitz egitea baino konplikatuagoa delako izango da?
Hala aitortzen dio Fakirrari txori tropikalen zigiluak dituen gutun-azalean bidali eta DFn fetxatutako eskutitzean: “Harrigarria iruditzen zait milaka, hamar milaka urte erditzen daramatzagunean, zentzuzko literatura sinesgarririk ez idatzi izana inork ama izateari buruz. Egon behar du zer edo zer nonbait, baina nik ez dut oraindik topatu”. Mexikon amatasunari buruz irakurri zituen liburu guztiak zabor hutsa direla pentsatzen du Arakisek. Bizitzaren egia kontatu ezin den zerbait da, agian. Hala kontatu zion gutun batean.
Egunkariko argazkiari begiratzen dio Fakirrak, dena bere begien bistan gertatu izan balitz bezala.
Berez beldurti samarra da Imanol, eta, honenbestez, beldurti gehienak bezala, gauza oso ausartak egiteko gai. Duintasuna dotorea da beti, baita koldarren duintasuna denean ere. Saldotik apartatzea dotorea da beti. Etorkizunaren aldeko ereintza bat da esatea: “Hau ez dago ondo”. Eta etorkizunaren aldeko hautu estetiko bat ere bada zerbait ondo ez dagoenean salatzea. Etorkizunari ala estetikari diozun fede gehiago, hori, beharbada, zerorri ere ez zara pentsatzera ausartu. Baina agian zure hautu estetikoa izango da bihar etorkizunaren aldekotzat moralki berpiztuko zaituena.
Fakirrak ezin lezake deus askorik egin. Kantatzen besterik ez daki. Agian, duintasuna kantatzeko modurik onena da bakarrik kantatzea; edo kantatzea, bakarrik egon arren. Bakarrik utzi zaituztelako kantatzea.
Horrekin lotzen dute Bekaintirok eta Mata Harik Fakirrak Arakisen hilketaren ondoren hartu duen jarrera: Ordizian Arakisen alde antolatu den kantaldian parte hartzeko prest agertu da, bera izan da Arakisen heriotza salatzeko gehien nabarmendu dena. Horregatik doa Mata Harirekin Ordiziara Bekaintiro, lagun zaharren premia izango duela iruditu zaielako. Teklas badakite ez dela joango, zinegotzia delako eta Herri Batasunak ez duelako Arakisen hilketa salatu.
Jarrera etiko bat dago, ezer baino lehen, jakina, berezkoa du hori Fakirrak, gizakiaren alde eta bizitzaren alde paratzeko jarrera, bost urteko umearekin zegoela bere herriko plazan odol hotzean hil duten emakume batekiko elkartasuna eta hilketa egin dutenekiko arbuioa. Izango da noski, hilketa hau zurituko duenik: “Entzun behar ziren erakundearen barruan zegoenean Arakisek esaten zituenak, bera zen gogorrena traidoreekin”. Eta atera da hitza. Traidore.
Imanol Lurgain ETAko militante izana zen eta atera egin zen organizaziotik. ETAko militantea —buruzagia— izan zen Arakis, eta atera egin zen organizaziotik. Arakis, hil egin dute. Arakisen etxean bizi izan zen Imanol. Etxera itzuli denean hil dute Arakis. “Ni ere hil nazakete, haren lorratzean ibili naiz beti, gutunak idazten genizkion elkarri”. Edo, are gordinago: “Ni parte izan nintzen erakundeak hil du Arakis. Ni izan nintzenak hil du Arakis”. Inoiz partaide, afiliatu, kide edo saldoko izatearen ondorio saihetsezina da hori: parte hartu duzun saldo horrek, familia horrek, superstizio antolatu horrek, lehenago ala beranduago, beti izango du zer zuritua. “Taldea basati handi bat da gizartearen baitan”, idatzi zuen Ostiako hondartzan hil zuten Pier Paolo Pasolinik ere; “herri” esan zuen menturaz, “talderen” ordez? Fakirrak hauta zezakeen beste hau, baina ez du egin: dianan dagoena ispilutzat hartzea, eta ez autorretratutzat. Baina dianan dagoenari besoa luzatzea norbera tiro-eremuan sartzea da, ala? Ainara Irazokik horrela sentitu du, suizida dela Ordizian Fakirraren ondoan Arakisen omenaldian abestea, jarrera kamikazea. Haien kolega eta adiskideetako gehienek muzin egin diote Arakisen omenaldian kantatzeari, eta Ainarak ezin hobeto ulertzen ditu, berak abestu egin duen arren azkenean, haiek baino beldurtiagoa delako agian, eta, beraz, Fakirra bezala eta beldurti guztiak bezala, tarteka gauza oso ausartak, are, ausartegiak egiteko gai, bere burua izutzerainoko gauzak egiteko gai den beldurtia. Ausardia bere ertainean jokatzeko gai ez direnek, lantzean behin, fitxa guztiak jartzen dituzte mahai gainean.
Ainarak ez du gaur afonia histerikorik jasan. Fakirrak ez dio limoi-eztirik prestatu behar izan. Eta, hala ere, haien bizitzako kantaldirik gordinena izan da. Itogarriena eta estuena. Ekitaldian parte hartu duten bertsolariak mehatxatu egin dituzte herri sarreran: “Hik ikusi: hemen abesten baduk, akabo hire plazak”.
Akabo hire plazak, bere herriko plazan hil dutenean Arakis.
“Ez gara hemendik bizirik aterako. Hil egingo gaituzte. Gure bizitzako azken eguna da gaur, Imanol”.
Hala sinetsita dago, hala jokatu du, hala kantatu du Ainarak. Baina, hala ere, kantatu egin du.
Lasaitzeko eskatu dio Fakirrak, ez dela horrenbesterako. Deus ez da aldatu, betiko lekuan daude haiek. ETAren alde, La Navaleko langileen alde, institutuko grebalarien alde, frankismoak errepresaliatuen alde abestu zuten lehenago, eta, orain, bizitzaren alde eta ETAren kontra abestuko dute, Arakisen alde. Hori delako duintasunak eskatzen duena.
“Historiak arrazoia emango digu, Ainara”.
“Eta guk ez dugu entzungo, lepoa moztuko digutelako lehenago”.
“Paco Ibañez ere etorri da eta, ez digute ezer egingo”.
“Paco etorri da eta gero Parisera alde egingo du. Baina gu hemen geratuko gara”.
Handik astebetera eskela itxurako pintada agertuko da eliza bateko atarian, Arakisen aldeko kontzertuan abestu duten guztien izen-deiturak barruan dituena, laukizuzen beltz batean.
“Arakisen etxean bizi izan nintzen ni, bere etxean hil dute Arakis”, pentsatu du berriz Fakirrak. Handik urtebetera omenaldia errepikatu nahi izango dute. Apal eta xume, esker oneko eta zuhur eskatu die orduan Arakisen familiak: “Joan zen urtekoa zoragarria izan zen..., baina ez ezazue berriro egin”.
Galdutako ohitura txar bat berreskuratu du Imanolek: jatetxeetan ertzeko mahaietan esertzekoa, bizkarra paretaren kontra, ateari begira. Fakirrak gorroto du saldoa. Dantza taldean ere, azken lerroan paratzen zuten beti. Zer pintatzen zuen berak han? Bakarlaria izan da beti, bakarka ibili zalea eta bakartia, zango biko amildegia. Telmo atetik sartu orduko ohartu da ez dakarrela albiste onik.
“Ataungo kontzertua, Aita Barandiaranen omenezko kantaldia, ez dakit ez ote den bertan behera geratuko. Bakarrik geratzen ari gaituk”.
Ez du ia inork berarekin abestu nahi izan. Ez dute nahi berarekin lot ditzaten. Banan-banan joan dira kantariak karteletik erortzen, erretiratzen, euren burua ezabatzen. Izurria dauka Fakirrak. Plaga uxatzeko azeri-dantzaren erdian dagoen xomorro-panpina da. Geziak hari, beste inork paira ez dezan gezirik. Telmori entzundakoak entzun ondoren, Fakirra ziur dago oraingoan ere: bertan behera utziko dute jaialdia. Uste guztien kontra, ez da, ordea, halakorik gertatu. Ataungo Udalekoek aurrera egin dute. Zerrendatik erortzen direnak erortzen direla, momentuaren soslaia, erretratu itsusia erakutsi nahi dute. Ainara eta beste inor gutxi agertu da jaialdian kantatzeko gertu. Ainara beti fidel, Ainara beti leial, Ainara beti noble. Oraingoan ere, Bekaintirok eta Mata Harik esan diote joango direla entzutera, bixkiak eramango dituela berarekin Mata Harik, ez dela bakarrik egongo. Bertan egon beharra sentitzen dute. Teklasek ez du oraingoan ere bizi seinalerik eman: ez du alderdiaren diziplina urratuko.
Udaletatik jada ez diote kontzertuak emateko deitzen, baina jendeak bai, deitzen dio. Jendeak asko deitzen dio Fakirrari telefonoz, traidore bat dela esateko, edo putakume bat, edo zerbait okerragoa. Gero, eseki egiten dute. Telefonoa hartzera doanean, beldur da. Behin norbaitek listua bota zion. Ez kalean, telefonoz baizik. Originala izan zela aitortu behar: primeran entzun zuen eztarriko zaunka-erdi igokari hori, listuaren prestaketa, hasperen likatsu hura eta ondoren etorri zen karkaxa, listua, japoa belarri barruko tuturaino sartzen. Telefonoa, zer gauza. “Gixon erdi ere ez haiz, hi baino hobea lokatzarekin egingo nikek”, esan zion behin bere belaunaldiko kantari perfumatuetako batek haren kontzertua boikoteatzen saiatu zelarik. Bai, mea culpa-ren putzuan ere eror zitekeen Imanol: Fakirrak ere boikoteatu zituen inoren kantaldiak, Fakirra ere izana zen perfumatuekiko intrantsigente.
“Gixon erdi ere ez haiz, hi baino hobea lokatzarekin egingo nikek”. Irainaren hondoa ezagutzen baduzu, haur-kasketatxoak begitantzen zaizkizu hortik aurrera iseka guztiak; nondik abiatzen zaren da kontua, zaren zango biko amildegiak non duen hondoa, entzuten ote den batere txanpon bat hondo horretara jaurtiz gero. Txanponik ere ez dauka, ordea, Fakirrak, froga egiteko. Zer zara zu? Gandhi ala Lennon? Lennon-Imagine ala Lennon-IRAri-dirua-eman-ziona? Bakezale itxura eman nahi luke orain. Lehen ez ote zuen nahikoa eman? “Baina nik ez diat armarik hartuko, armarik ez”.
“Sí, ¿dígame?, Bai esan? Allo? Pronto?”. Herrialde bakoitzean zein hitz erabiltzen den telefonoa hartzeko. Fakirrak gogoan du bere etxean aitak eta amak “¿Haber?” esaten zutela, “¿Haber?”. Absurdoa zen konbentzioa, “Haber” edo “a ver” zelarik ere; zer “eduki” edo “ikustekorik” zegoen bada telefono dei batean? Tatianari ikasi zion Japoniakoa, “moshi moshi?” esaten zela han, telefonoz bestaldean benetan gizon edo emakume bat zegoela frogatzeko modua ei zen, eta ez azeri zital bat. Gizaki bihurtzeko gaitasuna duten kondairako azeriek esan ezin dezaketen esamolde bakarra baita hori japoniarren ustez: “Moshi moshi”.
“Ramon, Ramon Yoldi”.
Ongi, Ramon Yoldi, alias Teklas; bazen garaia, beranduegi agian, baina deitu dio eta bada zerbait, teklatuari begiratu ere egin gabe mekanografiatzen zuena ez da horren azkarra telefonoz hots egiten, estimatzekoa da, halere, haren ahots samurra hariaren bestaldean. Pribatuan bederen elkartasuna emateko bezain eskuzabala izateak harritu du hasieran, baina ez dio elkartasuna adierazteko deitu. Agian deitzea bera bada jada nahikoa elkartasun, kalean agurra ukatu dionez askok, espaloiz aldatzen direnez lagun zaharrak orain Imanol parean ikustean.
“Esadak, Teklas, zer berri?”.
“Hara, nola esan... Ez nago oso eroso zuk nire hitzak abestuta”.
Nola? Pronto, allo-allo, haber, moshi moshi? Kondairako azeria al dago bestaldean? Ongi entzun al du? Zer da hau? Zuka hitz egiten didak orain, Teklas? Zuka hitz egiten didazu, Ramon?
“Badakizu zinegotzi nagoela orain udalean”.
Jakina, badaki. Poeta zinegotzia da. Herritarren ordezkaria. Eta talde armatuaren adar politikoarena ere bai. Alderdiaren diziplina, eta abar. “Sartuta gauden gatazkaren ondorio mingarriak”, hortik harago joan ezina deklarazio publikoetan. Ze zerikusi dauka horrek hildako lagun bati erdi bana egindako kantarekin? Txoporen omenez idatzitako kanta abesteari utzi behar lioke? Moskatel botilez, Josutxoren heriotzaren ondoren isuritako malkoez, haren arreba Carmen besarkatu zuten egunaz ahaztu behar du? “Hau ez da inoiz gertatu, hau ez dut inoiz idatzi, hau ez duzu inoiz kantatu. Carmen Ponce, alias Mata Hari, Josuren arrebari ez genion sekula abestu etxean? De Trevilleren azken hitzak ez genuen elkarrekin abestu —“Hori bera da denen ixtoria”— Sarrionandiaren ihesaren ondoren deklarazioa hartzeko zain, etsaien territorioan, badaezpadako ziega likits hartan? Ez al ginen gu izan xaman usteko txiletarrekin Pinocheten kolpearen bezperan Francoren argazkia erre genuenak? Ez ginen, ia-ia, ahate bat lepomozteko trantzean izan, Teklas, mahatsa biltzen ijitoekin? Zenbat aldiz errepasatu nituen nik zure poemak? Zenbat aldiz zure ooemak p letraren isatsaz hornitu? Erantzun ba zer edo zer! Hiri galdetzen diat, Preguntón!”.
“Hire kanta bakarra zeukaat orain errepertorioan, Ramon. Kanta berezia duk. Ondo dakik zergatik”.
“Nahiago nuke jendaurrean kanta hori gehiago abestuko ez bazenu”.
Uko egin dio orduan elkarlanari, elkarrekin iraganean egindakoari, “aizak, zer ari haiz, hemen ez gaituk ez hi eta ez ni garrantzitsuak, kanta kanta duk, berez bizi duk, hildako lagunagatik egin genian hau, ez politika zikinagatik, zer ari haiz, hoa antzarak ferratzera”. Beste garai batean, erraietatik hitz egiten zuenean, gazteagoa zenean, esan egingo ziokeen, edo telefonoa zintzilikatu —tu egin ez, hori sekula ez, nola egin liteke tu telefonoz? Haizearen kontra txiza egitea litzateke hori—. Ez dio, ordea, ezer esan. Baina latza begitandu zaio ezabaketa hura, bere buruaz beste egin duen lagun komun baten omenez idatzitako kanta bat bere buruaz beste egitera derrigortzea. “Suizidatu ezazu kanta hori”. “Baina nola? Kantak berez bizi eta hiltzen dira, euren kasa, ez dago kanta bat norbere borondatez berpiztu edo akabatzerik”. Ez dio ezer esan, baina laztan bat edo opari bat erretiratzea bezain doilorra iruditu zaio. Kantak ez baitira gureak; kantak oparitu daitezke, baina ezin dira desoparitu.
Horren ordez, “Zuk nahi bezala, Yoldi”, erantzun dio, otzan —“baina zu nor zara, nor haiz hi, Ramon, Teklas ala Preguntón?”—, ez duela, alegia, gehiago jendaurrean kanta hura abestuko, berak nahi ez badu.
Ez da kamutsa Koro, eta bai, zaintzen du Imanol, arrazoi pixka bat badute bere musikariek. Arakisenaren ondoren sobera edaten du-eta Fakirrak. Are gehiago, erabiltzen ez duen autoari lau gurpilak zulatu eta bere auzoan pintadak agertu direnetik.
“FAKIR TRAIDOR”. Eta ondoan diana bat.
Erraza baita diana bat marraztea, munduko gauzarik errazena: lehenbizi zirkulu bat marrazten da eta gero gurutze bat. Edo alderantziz. Batzuek bi zirkulu marrazten dituzte, diana zehatzagoa dela adierazi nahiko balute bezala.
Traidorea bera? Frankismoaren kontrako bizarduna, Parisen exiliatua, euskal kantaria, Joseba Sarrionandia kartzelatik ateratzen lagundu zuena? Inor ez da horretaz gogoratzen. Ez diote Arakisen aldeko kontzertua barkatuko. Lehoi kaiolatua baino amorratuago dabil pintaden kontu horrekin. Sekula egingo ez zuela uste zuena egin du: Teklasi deitu dio kontu eske asmoan, zerbait argituko diolakoan, baina hark telefonoa hartu aurretik damutu zaio eta zintzilikatu egin du. Badauka urguilu apur bat oraindik. Apur bat baino gehiago. Edanari eman aurretik jatea eskatzen dio Korok; baiki, ama balitz bezala zaintzen du batzuetan, harremana apurtu eta handik hilabete batzuetara ere arkume txuletak eramango dizkio Prim kaleko etxera: “Ez edan baraurik bazaude. Jan zerbait lehenbizi”.
Baina jaioterrian jarraitzen du. Hiri honetan, Donostian. Hiri hau, zeinak bere buruaren nostalgia elikatzen duen. Inoiz izan ez den zerbaiten nostalgia: La Perla del Cantábrico, Cafetería Niza.
“Ni gazte hilko naun, Koro”.
“Ez horrelakorik esan”.
“Egia dun eta, gazte hilko naun. Zergatik ez haiz etorriko nirekin Beldurraren Kontrako Kontzertura?”.
Pintadak azaldu direnean, Fakirraren aldeko kontzertua antolatu du Udalak. Beldurraren kontrako izendatu dute. Kartelean kantari eta talde asko. Gehienak, madrildarrak. Kalean bolo-bolo dabilena: “Ez da harritzekoa: Imanol beti izan da espainolista”.
“Ez nauk joango ez dudalako horretan sinesten eta nik ez dudalako beldurrik”, esan dio Korok.
“Ba horregatik, ba. Besteek ere izan ez dezaten, ikus dezatela zenbat garen, ikus dezatela asko garela. Hemen ez duela ETAk agintzen, ez gaituztela kikiltzen. Joaquin Sabina ere etorriko dela uste dinat”.
“Etorri egingo duk eta joan. Paco Parisera bezala. Eta hi hemen geratuko haiz, ala? Ala Madrilera joango haiz bizitzera?”.
“Ez hi gabe, Koro”.
“Zergatik busti behar duk hik bakarrik? Busti daitezela besteak, non daude gainerako euskal kantariak? Kontzertuak ematea duk hire lana, kantatu eta kito. Zapatero a tus zapatos”.
Gustura esango lioke Korori: denok janzten ditugula, eta ez dagoela ezkerrekoa edo eskuinekoa ez den zapatarik. Baina kasu honetan berak ere ez daki ziur bereizketa horrek zerbaiterako balio ote duen. Futurista errusiarrek alderantzikatuta janzten zituztela ere irakatsi zion Tatianak: ezker zapata eskuinean eta eskuinekoa ezkerrean, dibertsio hutsez.
Ataunen bezala, zenbait bakarlari euskaldunek baiezkoa eman dute hasieran, eta gero, ezezkoa.
“Batzuk bustiko ditun nirekin”.
“Zenbat, ordea? Karteletik erretiratu direnak, zergatik uste duk izena kenarazi dutela, azken unean?”.
“Izua libre delako”.
“Ez esan txorakeriarik, Imanol, nirekin ari haiz, entzun? Hau ez duk prentsaurreko bat. Erabili egingo haute, bost axola zaiek horiei hire kantagintza”.
“Kanta baino gauza garrantzitsuagoak bazeuden, badakin hori”.
Korok ezin dio horri erantzun. Badaki Fakirrak arrazoi duela, nahiz eta ez dion emango. Lurdes Arakistain. Traidore deitu zioten hari eta traidore deitu diote Fakirrari ere. Salbu al dago benetan? Ez dute funtsik mehatxuek? “Arakisen etxean bizi izan nintzen; bere etxean hil dute Arakis”.
“Hi ez haute hilko”.
“Gauza bera esaten zuten Arakisi buruz”.
Eta Fakirra haren lorratzean ibili da beti, haren etxean bizi, haren ohean lo, haren liburuak irakurri. Gutunak trukatu. Sekula ez aurrez aurre topatu arren.
“Hura buruzagia zuan, hura baimenik gabe itzuli zuan hona, endredatzera”.
Baimena. Eskatu behar den hori.
“Batzuetan Teklasek bezala hitz egiten dun, Koro. Endredatu ez, bizi besterik ez zinan egin nahi”.
“Obsesionatuta hago, Imanol. Ez izan paranoikoa”.
Enrike Larrearekin kalean dabilela, norbait inguratu zaie bizkarretik marmarka: “Antes faquir, ahora mártir”. Itsusia da esamoldea, baita fonetikoki ere. Indarra silaba ezberdinetan dute fakirrak eta martiriak, errima izorratzen dio horrek, jakin behar luke bota dionak, hura ere kantaria baita, kasualitatea, kolega bat. “Ez du fakir-martir bikoteak koplatarako ere balio”, pentsatu du Fakirrak, ez da “un jour” eta “amour” errimatzea bezala. Arteak iraungo du, bere kantek iraungo dute. Tatianak oparitutako Yourcenarren liburuan azpimarratu bezala, “edertasunaren dastatzailea” delako Imanol. Sinesten du hori. Sinestea komeni zaio. Beste guztia bigarren mailakoa da. Aurrera jarraitu beharra dauka.
Kantak egiten ditu Fakirrak, koblakaria da bera. Baina kantek ez dezakete dena ahal. Kantak gaizki entzuten dira eta okerrago gogoratu. Leloarekin geratzen gara zerbaitekin geratzekotan, edo kantaren hasierako ahapaldiarekin —izenburua baino ez, batzuetan—; esaldi gutiziatsu bat, askotan kantaren osotasunarekin zerikusirik ez daukana, bidenabar; betelan gisara edo errima osatzeagatik jarritako hitza geratzen zaigu iltzatua eta ez kanta osoari eusten dion berba edo esamolde giltzarria inoiz. Kantaren barruko anekdotari egiten dio men memoria zitalak, eta ez kantaren euskarri autobiografikoari, narrazioari, ipuinari, osotasunari. Kantaren detailerik kapritxosoenak kautibatzen gaitu: hasierako tronpeta soloak, sampler lapurtu minimoak, gitarra baten punteoaren aproposak. Klixearekin geratzen gara —No Woman, No Cry, Love Will Tear Us Apart— eta ez klixea desegin eta aurreiritzia hankaz gora jartzera datorren azken zirtoarekin. Kantak ez ziren iritzi berriak sortzeko asmatu, lehendik zeuden haiek berresteko baizik. Entzuleak kantaren gorputzadar bati baino ez dio eskuarki heltzen, zakurrak hezurrari bezala, eta gorputzadar hari hortzekin tiraka setatzen da. Entzuleak, beren burua ongien ispilatuta ikusi duten kantaren zatian geratzen dira katigatuta, komeni zaiena hartzen dute. Geure buruaren “itxura bat” eman ahal izateko ispilu gisa erabiltzen ditugu kantak. Kanta espazio habitagarria, kanta Arakisen etxea. Horixe ez zeukan, ordea, Arakisen etxeak: musika. Imanolek jarri behar izaten zuen bere eztarriz eta bere gitarrarekin; total, gero entzun behar izateko “Ez duk bada pentsatuko zuen gitarra horiekin bakarrik urrutira iritsiko garenik, ala?”.
Kantak, sendagaien armairutxoan gordetako anpulu ziztagarriak, desio den efektuaren arabera hautatu eta geure gorputzean sartzen ditugunak; azkar edan beharreko kafe kikara paristarrak, vodka titaretxo kolpe batean hustu beharrekoak edo beroegi daudelako tentuz eta poliki hurrupatzen hasten garen infusio exotikoak. Kantak bukle erromantiko bihurtzen dira sarri (Suzanne, Leonard Cohenek abestua) edo proposatu nahi zutenaren kontrako aldarri (Born in the U.S.A., Bruce Springsteenek abestua). Kanta, edozertarako justifikazio bihur daiteke, zeure gainera jauzi egiteko, kasu (“Because the night... belongs to lovers”, Patti Smithek abestua), kantaren gainerakoa sobera zaigu, guk jarriko dugu guretik, guk lurperatuko dugu hezurra nahi dugun lekuan, montagne d'ossements, hazur mendi, gurea den parajean. “Gure kanta” esaten diogu bikotekide berriarekin hasitakoan kredentzial ustez sendo bat eman nahi diogunean betiko nahi genukeen geure bikotetasun estreinatu berri eta, beraz, suntsiezinari. Zergatik? Because. Because the night. Kanta bat urteurren bat izan daitekeelako, efemeride hutsa, bizitzako aroak datatzeko modu bat, datatutakoa dastatu eta dastatutakoa datatzekoa, nahiz eta aspaldi utzi genion hura entzuteari. “Beste bat nintzen” aitzakiatuko dugu. Kantak hori du, itsatsita geratzen zaiola gure garai bateko gorputz zati bati, eta kanta hori erauzi nahi izatera, kanta bakarrik ez, hari itsatsitako gure azal samurra ere erauzi egin beharko geniokeela; horregatik, nahiago, aukeran, kantazala bere horretan utzi, epidermis musikala garelako funtsean, oihartzunak eta hotsak, lantzean behin esaldiren batek zipriztinduak edo ziztatuak. Geure behar eta premietarako erabiltzen ditugu kantak. Ondo diogu premia diogunean: primarioak diren premiez ari gara; zerbait egiteko behar dugun indarrari edo euforiari deitu, larrua jo, negar egin, minutu pare batez xera entzungarri horietan kulunkatu, axalkiro hunkitu eta hunkipen hori sakona dela sinetsi. Zergatik? Because.
Kantak torturarako ere erabiltzen dira, ordea, kanta berbera, behin eta berriro, dezibelioak gora, Auschwitzen eta Guantanamon.
Batzuetan kantak ezustean ereserki bihurtzen ditu komunitateak (Xalbadorren heriotzean, Izarren hautsa), ederra izan liteke hori, adinak eta kondizioak zeharkatzen dituen kanta bati denok zentzu berdintsua-edo ematen diogula uste izatea, nahiz eta intimitatearen leizean hori ez den zehazki horrela. Laga dezagun intimitatea intimitate, laga dezagun leizea leize. Elkarrekin kantatzeaz ari gara, besoak elkarren sorbaldan jarrita. Baina Fakirra ez da inoiz taldekoia izan. Zer du, bada, txarretik, galerak eta galeraren ikasketak? Capri c'est fini! Kantak, ezer izatekotan, telegramak dira, badute larridura puntu hori, urgentea dena melodiarik bareenean ere, hasi eta bukatzen den je ne sais quoi azkar hori eta beste kanta baten premia segidakoa, itzaltzear den pospolo bat beste pospolo bat pizten, because. Kanta da gure aurpegia den su-eten ezinezko hori ispilu aurrean erretzen. Adikzio galdagarri eta galdatzailea da kanta, eskatu egiten du berea, exigitu, agindu. The night.
Esamolde zahar eta higatuekin errazago gogoratzen da jada badakiguna. Tractatus philosophicus bat egitekotan bazabiltza, ez egin kanta bat, arren, txiste filosofikoa edo autolaguntza liburu bateko atal hiperlaburra aterako zaizu eta. Philosophicusetik baino gertuago dago kanta ficusetik, uhinen bidez datorren apaindura bat. Kanta on batek gorputzeko hezetasun indizea aldatuko dizu; eta ez soilik begietan, barne errai konfesa ezinagoetan kilima ia likidoak eragingo dizkizu, norbere erraien kontzientzia dakarren txindurritze bat, pattarraren merkurioak eztarrian uzten duen anatomia lezioaren antzekoa (“ez nekien zehazki nire urdailak eta nire giltzurrunek forma hau zutenik, nire eskumuturretan sugandila muturluze baten pilpira bizi zenik..., nola jakin hori dena nire buruari buruz, nola ezagutu nire burua egiaz, kanta hau entzun arte?”). Inori entzundakoak geure eztarrian hartzen duen lekuaz ari gara.
Ahalguztiduna bezain galkorra da kanta baten anatomia. Eta kantak egitea ogibide hautatu dutenak izan ohi dira usualki ahalguztidun izatera jolasteko bezain xalo edo harro edo bihurri; izan ohi dira, oroz gain, gauza hauskorrak haztatu eta eskuetan hartu eta gauza hauskor horiekin gauza ez diren gauzak eraiki zale den jendea.
Fakirrak badaki hori dena. Dakien ber gisan denbora asko behar dela gero bi minutu irauten duen kanta batean dena kondenatzeko, liederraren eta kanta tradizional baten arteko bidegurutzean bizitza osoan zuri eta zutarrei lagunduko dizuen adiskide leial bat topatzeko, deus ez den zerbait, baina bere ezdeusean haragi eta odolbildu bihurtzen dena, koblakaria bera hezurretan edo hilik dagoenean ere berpizkundearen dohaina dakarren uhinen bidezko edabea denez kanta, antidotoa bere baitan duen pozoia; esan beharrik ere ez dago, goxoagoa beti pozoia antidotoa baino. Eta sugeez jakin beharko lukeenez fakir onak, pozoiaz ere jakin beharko luke zerbait. Eta badaki.
“Hirekin geratuko nindukenan, hil arte, Koro. Hik badakin ni zaintzen”.
“Baina jada ez haut jasaten”.
Esan du esan badu eta harritu egin du egiak bere ahoan Koro, penatu baino gehiago. Esan ahalko luke bigarren aldiz?
“Jada ez haut jasaten, hori da kuestioa. Ez haiz konturatzen? Autosuntsipena deitzen zaiok. Hire burua txikitzen ari haiz”.
Horixe gogorra dela hori esatea, hain ongi moldatu direnean, Manterola kalean eta gero Hollywood pub-ean, Sheratonen Elvis Presleyren Suspicious Minds dantzatzen, elkar ezagutu zuten gau hartan, edo belaunak urratzen batere irandarra ez zen alfonbra haren gainean. Sebastopol kokteleria dute kuttun, Moustakiri ere gustatu zitzaion diskoa elkarrekin grabatzera etorri eta hara gonbidatu zutenean, nahiz eta asko sumindu zen kamareroak disko hura jarri zuenean.
“Nor dabil hemen ni saboteatu nahian?”.
Zerbitzaria zurbil-zurbil jarri zen.
“Azken aldia izan dadila nire disko bat jartzen duzuna ni tabernan nagoen bitartean! Entzun? Azken aldia izan dadila!”.
Moustaki goxoa zen, ordea: sorbaldatik helduta besarkatu zuen Sebastopoleko zerbitzaria, ez bere purrustada aintzakotzat hartzeko, txantxetan ari zela, baina ez arren berriro egiteko, ez jartzeko bere biki enlatatu hori gehiago, oso gustu txarrekoa zela bera bertan egonik diskoa jartzea, “norbaiti buruz hilik balego bezala hitz egitea da hori, ulertzen? Eta ni ez nago oraindik hilik”. Harriduraz begiratu zion kamareroak, Moustakiri ez bezala, Imanoli ikaragarri gustatzen baitzitzaion bere ahotsa entzutea; puztu egiten zen halakoetan tabernetan bere kantak jartzen zituztela ikusita, eta kantari guztiei euren ahotsa entzutea gustatuko zitzaielakoan zegoen zerbitzaria. Fakirra eta Moustaki lagun onak ziren, baina ezberdinak horretan. Moustakik ez zuen konpetentziarik nahi bere inguruan, ezta konpetentzia egiten ziona bere burua zenean ere.
“Madrilera noan datorren astean, etorriko haiz, Koro? Ana Parienteren etxean geratuko naun ziurrenik. Aspaldiko laguna dinat, Labordetaren agentea. Kontzertuak lortuko dizkidala esan zidan”.
“Ez, aspertu naiz honezkero. Bisitatu zure Madrilgo laguntxoak nahi baduzu. Badakit badauzkazula. Reyes hori bera, edo Yolanda…”.
Isilik geratu da Fakirra, gizon kankailuaren mututasun kankailuan.
“Ni ez naiz zu bezalakoa, Imanol: gizon bakarreko emakumea naiz, beste garai batekoa, nora zoaz zu amona honekin?”.
Korok maite izan du gizon hau. Maitia nun zira. Korok galdatu. Eta Fakirrak belarrira kantatu.
Ainara Irazoki Euskal Herriko giro itogarriaz nazkatu eta Rotterdamera bizitzera joan izana primeran etorri zaio Imanoli, hark Donostian hutsik laga duen etxea aloka diezaion. Dirudunaren ametsa da atiko hura: argia parrastadan horma zurien gainean isurtzen, leiho biribil zabalak, kupulatxo batean errematatutako sabai altuak, bertaratu orduko apartamentua Basilika edo La Coupole bataiatzera eramango dutenak —beti Paris izendegian, beti Parisen aztarnaren bila—. Bereizi eta gutxira jabetu da Koro berarekin eraman dituela Fakirrak Zumetaren bi koadroak. Kimono itxurako bata ttipiegia soinean duela ireki dio atea, “Barka, baina orain ezin duzu sartu”. Emakumezko baten oihartzun irtirina gela hondoan, “Qui est-ce, mon cher?” galdezka. Arcachongo laguntxo bat dauka ohean, egun gutxi batzuk baino ez dira pasatu eta inguratu du jada norbait. “Gehiago gustatzen zaizu ohea, jatea baino”, esan zion behin Korok.
“Zumetaren koadroen bila nator”.
“Oraintxe eraman nahi dituzu?”.
“Horretara etorri naiz. Total, zuk ez dituzu sekula ikusi koadro barruko lehoiak”.
“Lehoiak?”.
“Zumetak berak esan zigun bere koadro guztietan lehoi bana marrazten duela, ezkutuan. Ez zara akordatzen?”.
Gustuko ditu Imanolek Zumetaren koadro haiek, baina itzuli egin dizkio, jakina. Itsusia da maitale frantsesarekin La Coupolen oheratzea zure bikotekide ohiarenak diren koadro haiek bistan direla, nahiz oraindik lurrean, nahiz oraindik zintzilikatu ez, nahiz eta etxe hura, aurreko etxea, etxe guztiak, behin-behineko dituen Donostian existitzen ez den Montmartre badaezpadako baten bila jitoan dabilen bohemio paristar honek.
Eta, halere, bien arteko harremana ez da sekula erabat eten, apurtu, hautsi, itzali. Arcachongo laguntxoek, Ménilmontantekoek eta Clichykoek ez diote irauten eta Kororen eta Fakirraren artean hari fin bat dago, alanbre gori bat, epeldu arren hoztu ez dena. Fakirrak gaixotu egingo dela uste du edo hil egingo dutela bestela, edo biak batera. Arakisen lorratzekoa delako bera.
Goizeko lauretan deitu dio halako batean, Enrikeren etxean dela, delirium tremens-ak jota bezala:
“ETA nire atzetik dabil, zatoz nire bila, Koro”.
“Erotu egin al zara? Goizeko laurak dira. Ez naiz zure haurtzaina, Imanol. Ezin dut ordu honetan zure bila joan”.
“Ba ertzainei deituko diet orduan”.
“Ba deitu ba”.
Esan eta egin. Handik tarte batera ertzainek jo diote interfonoko txirrina. Amara Zaharreko etxeraino eskoltatu dute Imanol, egunsentia urratzear dela. Sofan etzanarazi du Korok.
“Esan dizut ETA nire atzetik dabilela... Orain, hemen dago. Ez duzu ikusten?”.
“ETA hemen dagoela? Etakideak esan nahi duzu?”.
“Etakideak ez, ETA bera! Leku guztietan daude, begira horri, guri begira, guri destatzen! Pello eta Seiko... Lanparako euli gorriak... Pareta mugitzen ari da, inurriak dira. Zergatik dira inurri guztiak gorriak?”.
“Ez dakizu zer diozun ere”.
Kororen bibliotekako liburuak zabaldu eta arakatzen hasi da orduan, orrien artean zerbaiten bila balebil bezala:
“Non daude hostoak? Non daude Bois de Boulogneko hostoak?”.
“Diru bila zabiltza?”.
“Mozorrotuta dauden arren, ezagutzen ditut! Unibertsitatea leherraraziko dute maoistek eta gu barruan gaude, une montagne d'ossements, hezur mendi bat, ez da besterik geratuko!”.
“ETA, nun zira?”, pentsatu du Korok orduan, bere kolkorako. Ongi, hori da hipotesia, hori da Fakirrak buruan duena: ETA bere atzetik dabil, azeri, katagorri, gelan sartutako katu bat balitz bezala mintzo da ETAri buruz.
“Uxatu egingo dugu, egon lasai!” esan du. “Zoaz, zoazte denok hemendik!”, deiadar egin dio ezerezari Korok, kortako abelgorriak izutu edo ardiak eremu hesitutik atera nahi lituzkeenaren keinuekin. Atea itxi du, ataka larria, hesia, eskaleak edo lapurrak, zomorroak edo izurria, langosta gaitza uztarentzat, Momo, Mamorro, Mozorro, denak uxatu ditu, ateari emandako danbateko nabarmen batekin. Antzeztu egin du espultsioa, judutarrak Espainiatik bidali behar balitu ere, Isabel eta Fernandorena jokatu du, berdin litzaioke, “joan dira denak, laztana, bakarrik gaude zu eta biok orain”.
Eta lasaitu egin da Fakirra, eta baretu egin da Fakirra, eta luze-luze etzan eta konformatu eta amore eman du Fakirrak. Lokartu aurretik zerbait errepikatu du: “Pareta mugitzen ari da, inurriak dira”, eta gero ziplo erori da. Neke handiz lortu du Korok Fakirrari Santi Auzmendi sastreak oparitutako larruzko jaka erantzi eta arabeskodun bota marroi puska haiek oinetatik tiraka ateratzea. “Ohea gustatzen zaizu, jatea baino gehiago”. Fakir guztiei bezala, bestalde. Iltzeduna izan arren ohea.
Ez dago minik eta dagoen mina plazeraren aldagaia da, edo, asko jota, truke-txanpona. Abiapuntu bat izan liteke. Sinestea komeni zaigun zerbait, baldin eta balantzan sufrimendua nagusitzen ari bada tenore honetan. Ez dago minik; gero letorkeen plazeraren ordaina besterik ez da. Konparaziorako parametro bat litzateke mina, beheko aldetik sufritzen ari garena, noizbait, goiko aldetik goza genezakeen froga, ustea edo esperantza. Baina soto sakonak dauzkagula jakiteak ganbara altu eta argitsuak ziurtatzen dizkigu derrigor giza-etxean, ala, sinpleki, handia izango dela soto horien gurekiko grabitate indarra?
Gosaria da lotsaren otordua.
“Hobeto zaude? Esan dizut ezin duzula hemen bizi. Horrela ez”.
“Ni laster hilko naun, Koro”.
Konjuru bat da, aurresentipena, inbokazioa ala baieztapena? Zango biko amildegiaren destinoa. Zer da, ordea, “laster”? Errekaren lasterra, egia. Badoana eta inoiz geratzen ez dena. Orain edo bihar baino atzemanezinago eta ederragoa da “laster”. Ziurregia da hori. Esatea laster hilko zarela, laster hil ez zaitezen: berri txar bat ereiten duzu orainean, eta etorkizunak ezustekoak ekartzen dituenez beti, otoitz egiten duzu profeta txarra zarelako froga ekar dakizun etorkizunak opari.
“Zer egingo duzu ni hiltzen naizenean, Koro?”.
Hain ziur dirudi bere heriotzaren lasterraz, Koro hamabost urte zaharrago izanagatik, hain ziur.
“Lasai lo egin eta izarren salda edan. Ez da hori zure kantetan eskatzen duzuna? Kantatzeagatik kantatzen duzu, ala benetan sinesten duzulako?”.
“Letra ez da nirea”.
“Balitz bezala; zuk ematen diozu ahotsa”.
“Jarraituko duzu nire kantak entzuten?”.
“Zure diskoetako batzuk seme-alabei oparituko dizkiet eta beste batzuk beheko tabernariari edo Sebastopoleko jabeari, Negrescon ostra goxoak ateratzen dizkigun bikote galiziarrari... Zumetaren bi koadro horiek soil-soilik geratuko dira horman eskegita, nik bai eta zuk sekula ikusten ez dituzun lehoi horiekin… Zure kasete bakarra gordeko dut, behin eta berriro entzuteko. Eta magnetofoia izorratzen denean... Magnetofoia izorratzen denean irratira deituko dut, zer erremedio, ez Euskadi Irratira, ez Radio Popularrera, ez: inork entzuten ez duen irrati ttipi horietako batera, Radio Reloj, Radio Miramar edo Radio Tamarindo hortera horretara, eta zure kanta bat eskatuko diet, bazkalosteetan lehen belarrira kantatzeko eskatzen nizun berbera, “¿Alguna canción en particular?” lokutoreak; eta nik: “Maitia nun zira”, eta lokutoreak berriz: “Esa es especialmente bonita”. Espero dezagun zure kanta jartzea, eta ez soprano horrekin egin zenuen bertsio horrorosoa”.
“Ze gauzak esaten dituzun, Koro”.
“Egia, besterik ez”.
Ainara Irazokiren nebak etxe premia dauka eta Prim kalekoa libre utzi beharko du laster Imanolek. Izatez, aitzakia bat baino ez da, Ainara nazkatu egin delako alokairua ordaintzen ez dion norbait apopilo izateaz. Dirua behar du Rotterdameko etxea pagatzeko eta nebari kontratua amaitzen zaionez berean, harekin egin du tratua. La Coupole utzi eta Grosera aldatu behar izan du Fakirrak, honenbestez, baina ez zaio alokairua berak bakarrik pagatzeko ailegatzen. Telmo ere bera baino askoz hobeto ez dagoenez, bien artean moldatzen dira alokairua ordaintzeko. Duran tabernan itxi dute tratua jabearekin eta gauzak ongi joan dira hasieran, gasa eten dieten arte.
“Aukeratu beharra zegoan, hori edo argindarra: argindarrik gabe ezingo genikek diskorik entzun”.
Lehentasun kontua, jakina.
“Lasai, aterako dituk kontzertuak. Madrilen, besterik ez bada. Badiat agente on bat han: Ana Pariente”.
Ez da guztiz egia: “Nahi baduk, mugituko diat hire izena Madrilen”, eskaini zion behin Anak, eta Imanolek, pentsatuko zuela esan eta sekula erantzun ez. Orain bozgora pentsatu du eta Ana Parienteri deitu behar izan dio mesede eske. Aspaldiko laguna du Ana, kantautore askoren ordezkaria. Baina Madrilen ere ez dira garairik onenak kantautoreentzat: movida-ren ondotik, jada ez dute koblakaririk nahi. Tarteka, bere diskografia errepasatzen du Fakirrak: nola den kantari oro suge eta nola doan disko bakoitzaren azalean bere larruazala uzten. Deprimenteak zaizkio gaztetako argazkiak eta bereziki pozten da lagun artistei kendutako azalekin, horiek ez baitira sekula zahartzen.
Ur berorik ez dutenez, erdiguneko gimnasio batera joaten dira Telmo eta biak dutxatzera. Aurretik gimnasia apur bat egiten dute, disimulatzeko. Musikaria beti dago postura behartuan, tendoi eta gihar berberak atrofiatu arte; gorputzaren hiru laurdenak sorgortuta ditu kontrabaxu-jotzaileak. Ondo etortzen zaie ariketa apur bat, eta etxean ur berorik gabe bizitzera ohitu direla esatea gehiegi esatea den arren, egia da apartamentua ahalik eta gutxien zapaltzen saiatzen direla.
Kalean emakume heldu eta dotore bat ikusten duten bakoitzean, Fakirrak ukondoaz kolpetxoa ematen dio disimuluan Telmori. “Emakume puska ederra, e?”, diotsa, begien zuringoa betaurrekoen armazoitik gainezka duela. Telmok ez du Fakirraren aieru hori konpartitzen, baina ohitu egin da lagunaren gustuetara. Elkarrizketa luzeak izaten dituzte “emakume ezinezkoei” buruz. Maitasun ezinezkoetan aditu bilakatu dira.
“Kuota ordaindu gabe daukazu”, ohartarazi diote gaur gimnasio irteeran, jakinarazpen ezaxola bat, “ederra azken diskoa” edo “bai ondo sopranoarekin gabon gaueko programan” irristatzen dionak bezala, bi kuxinen irribarrearen artean datorren eskakizun txanponarioa, jende ezagunari ohi zaion kortesia tartearekin, “zuk nahi duzunean, jakina: badakizu ez dagoela presarik”. Ez dago presarik, baina negozioa negozioa da eta dendaria dendari.
Fakirrak bere betiko mantra errepikatu du:
“Lasai, berehala sartuko dizuet dirua. Datorren astean ordainduko didate irratikoa”.
Gimnasiotik atera orduko, perfume garesti bat erosi du. Telmo ez da ausartzen galdetzera berarentzat ote den edota norbaiti oparitzeko. Jada ez dio diru kontuei buruz ezer galdetzen. Badaki, ordea, irratiko soldata joan zen astean ordaindu ziotela, eta sartu-ahala-fundi, jada ez zaiola sosik geratzen. Irakaskuntza gorroto duen arren, Telmo demonio bat bezala saiatzen da kontrabaxuarekin ikasleen hatz-mami gurinezkoak zailtzen, Fakirra Bulebarreko zumardira inguratzen den bitartean, ezagunen bat topatzeko itxaropen aski gertagarriaren barrandan. Ez du bazkalduko norbaitek baxoerdia hartzeko gonbita luzatu ezean, eta barauari emanik pasatuko du arratsaldea, moilan itsasoari begira, edo erramu koroa laukiztatua den Kontxako baranda zurian bermatuta gosea ere inspiragarri dela pentsatuz. Kalean ibiltzeko hotzegi bada soilik geratuko da etxean, ilundu arte musika entzuten, disko bat bestearen atzetik, apartamentuko zorua disko-azalez bete arte, halako moldez non gero disko bakoitza dagokion zorroan sartzeko lan amorragarria Telmok hartu beharko duen hurrengo goizean bere gain. Ongi moldatzen diren bikoteen kasuan bezala, bien diskoak nahastuta daudenez gero, Telmori amorru handia ematen dio disko bat ez dagokion zorroan topatzeak. David Bowieren bat aise sar lezake Maria Callasen zorroan. Amorragarriena da ikustea gero David Bowierenean ez dagoela Maria Callas, baizik eta Chico Buarque.
La Coupoletik Grosera aldatzea ez da munduko mudantzarik onena: apartamentu berria handiegia eta ilunegia da, ez du bestearen argiaren herenik; egurastu gabea, tertziopelozko errezel astunak eta belarri zabaleko besaulki handiak dauzka, puruak erretzeko baino ez aproposak. Fakirrak irakurtzeko erabiltzen ditu, ez baitu erretzen; leporatu egiten die, gainera, lagun erretzaileei menpekotasuna, neurriz gaintxo edandako whiskiaren hatsa izaten duen arren berak sarri: “Nola erre dezakek oraindik, kopon? Pipan erreko bahu, sikiera”. Oroz gain, esteta bat da. Kaxmirrezko bata batekin egiten dizu ongietorria, Varon Dandy balitz bezala. Aspaldi ez du inork etxea garbitu. Drakula konde barojatar baten itxura hartzen ari da. Begi ertzak rimmelez margotzen ditu tarteka.
Arratsalde batez, Telmorekin Duran tabernan dela, udako kanta egin duen Xipri Abasolo erromerietako kantari ezaguna oldartu zaio, destaina eta gutxiespena agerian: “Oraindik bizi al haiz?”, esan dio, irribarre makurrez.
Sutu egin da Telmo. Oraindik. Gustura egurtuko luke.
“Hago lasai, Telmo. Ohituta nagok”.
“Benetan hi hiltzeko gai direla uste al duk?”, galdetu dio Telmok.
Erantzunik ez.
“Hik... beldurra daukak, Imanol?”.
“Bai”.
“Zergatik, baina?”.
“Lehen, barruan nengoenean, ezagutzen nitian, bereizten nitian ahoberokeriak eta egiak. Baina orain ez”.
“Hik ez daukak Arakisekin zerikusirik. Hau diferentea duk”.
“Diferenteak diren gauzak bereizten ez dakien jende igualtsu gehiegi zagok, hori esaten zidak senak. Sutileziaren pribilegioa ez zaio mundu guztiari emana izan, Telmo”.
Okindegitik datorren batean, ogiaren borrarekin danba eman dio buruan Telmori.
“Duela hiru egunekoa eman zidatek”.
Komunikabideetan biktima estatusa erantsi diotenetik ezin du gainetik kendu. Madrilgo kazetariek gero eta elkarrizketa gehiago egiten dizkiote. Ez diote, ordea, musikari buruz fitsik galdetzen. Interviú aldizkaritik deitu diote eta lau orrialdeko erreportajea eskaini. “Habría algo de dinero, piensa una cifra”. Nazka eman dio. Bi bider pentsatu gabe egin dio uko. Zenbat eta elkarrizketa gehiago eman, orduan eta kontzertu gutxiago. Eta bera, kontzerturik gabe, zimeldu egiten da.
Ana Parienteri esker disko bat grabatu du Madrilgo zigilu batekin, gaztelaniaz. Bellas Arteseko aurkezpenera etorri diren kazetari gehienak ez dira Musika atalekoak, ordea. Ezta Kulturakoak ere.
“¿Se siente usted amenazado? ¿Teme por su vida? ¿Se siente respaldado por el resto de los cantautores vascos?”.
Pintadak izan dira osina bete duen azken tanta. Isil-mandatari bat bidali diote irratira ETAkoek, bere kontrako mehatxurik ez dagoela esateko. Pintada, “FAKIR TRAIDOR”, mutiko batzuen bihurrikeria dela. Baina ez da fidatzen. El País-en elkarrizketa egin diote. Kontrazalean. “Ezkutuan ez: hormetan esandakoa, gezurtatu ezazue hormetan”, oldartu zaie mehatxua zirrimarratu dutenei. Bularkoia da, arazo asko eman dizkio horrek bizitzan. Lagunak egiteko erraztasuna du, baita galtzekoa ere. Lehen aldia litzateke talde armatu batek horma batean egindako mehatxu bat horma berean atzera botatzen duena. Absurdoa da bere eskaera? Urguiluaren talaia altu mantentzen du. Kasketa eta integritate morala, ilargiaren alde biak. Arrazoi du arrazoi izatea aski ez den mundu batean, hala esaten dio bere buruari. Gutxiengo langa morala oso jasoa duen ume bat bezala portatzen da, ordea, eta horrek, ausarkeria begi-bistakoa izateaz gain, noblezia zaurgarri halako bat ematen dio. Haur laidoztatuaren distira du begiradan.
“Bakarrik utzi naute. Bakarrik utzi nauzue”.
Halako aurkezten dizute eta zuk hari bostekoa eman. Horrela hasten dira gauzak. Azkenean, aurkezten dizuten jendea bihurtzen zara. Ez haiek bezalakoa, baizik eta jende hura bera. Jende horrek ordezkatzen zaitu besteen begietara, eta zure ahotsa desagertzen da haien belarrietan. Edo, hala ez izan arren, hori uste dute egunkarietan jende horren konpainian ikusten zaituztenek. Are, bostekoa luzatu dizun jende horrek ere halaxe uste du, haien ustez zentzuzkoena baita hori, ezin imajinatu dutenez haiena baino abaro hoberik zuretzat. “Ingurukoak etengabe juzga ditzakezu eta alda dezakezu haiekiko zure iritzia; zugandik urrun daudenak, ordea, aski da behin eta betiko epaitzearekin”, esanarazten zion Marguerite Yourcenarrek Hadriano enperadoreari. Fakirrak ez du ikusten nortasuna galtzeko arriskurik: inork imita ezin dezakeen ahots baten jabe da; eta zer esan bere-berezkoa duen tinbre gorenaz, Parisen madame Duprezekin bezatu zuen eztarriaz? Ez: ez dituzte bere ahotsa eta nortasuna berehala ezabatuko.
“Ez naute erabiliko; nik erabiliko ditut haiek”.
Fuchs Soler epaileak aitortu dio ez zuela ezagutzen bere lana, baina Beldurraren Kontrako Kontzertuaren ostean etorri zen Bakearen Aldeko Kontzertuaren ondoren bere diskoa erosi eta ikaragarri gustatu zaiola. “Barkaezina, gaurdaino zure kantarik ez entzun izana!”.
Fuchs Soler epaileak etxea eskaini dio Madrilen lotarako, “nahi duzunean”. Apur bat irreala da hura guztia, albistegietatik baino ezagutzen ez duen gizona, modako epailea, ETAko buruzagien borreroa, juje mediatikoa, estatu terrorismoari eta gobernuaren ustelkeriari ere gogotik ematen saiatu dena, huraxe bere etxea lotarako eskaintzen. Pertsona arrunta da, txirula ahotsa dauka eta xuabea eta atsegina da tratuan. Fakirrari gehiegizkoa eta guzti iruditu zaio eskuzabaltasun adierazpen hura, “euskaldun martiri” bat gerizatzeak morboa emango balio bezala edo faltan duen legitimazio morala indartu. Edo, auskalo, agian zinez hondo onekoa da Fuchs Soler, besterik gabe. Eta hari, Fuchs Soler epaileari berberari, disko bat sinatzen ari zaio oraintxe Madrilen Imanol, ETAk eragindako terrorismoaren biktimen ekitaldi batean, nork esan behar zion halakorik, Bekaintirok frankismoaren kontra borrokatzeko kaptatu zuenean. Eta horixe pentsatzen du hain zuzen ere Imanolek, diskoa dedikatzen dion bitartean: “Fuchs Solerri disko bat dedikatzen ari ez nauk ba!”, sinetsi ezinik, satisfakzio aztarrenik gabe, baina satisfakzio horren bila, hala ere, zerbaiten erdigunearen bila, jakin gabe zeren erdigunea den bilatzen duena, eta beraz, ez erdigune eta ez satisfakziorik aurkitu gabe. Ispiluaren alde hartan errealitatea etereoagoa izatea espero zuen, beharbada, ez horren ukigarria. Aitzitik, ukigarria da guztiz ispiluaren alde hartako errealitatea ere, hori, behintzat, baiezta lezake, nahiz bera sentitzen den orain ospetsuago diren horien ondoan etereo, irreal, lausotzeko joerarekin, eta, tarteka, desagertzeko gogoarekin.
Madrilen emango duen kontzertura etortzeko gonbita luzatu dio Fuchs Soler epaileari: “Joango naiz, baina gonbidapenik ez, arren: garesti aterako nintzaizuke, eskolta bana behar dut ondoko besaulkietan; ordainduko ditut neronek sarrerak...”. Benetan esaten du? Ordaintzeko gogoa eta premia dauka, badauka garbitu beharreko erruren bat Europako epaile demokraten pedigria lortze aldera?
Eta Fuchs Solerrek hitza bete du, hantxe dago hirugarren lerroan, Poeta kaxkarra kantatzen hasi orduko ikusi du, bizarra ongi eginda, ile sarria errotik estu eta atzerantz lapa-lapa orraztua. Epaile bat, berari txaloka. Ez edozein epaile: Fuchs Soler jujea.
Epaia puntu eta jarrai bezala ulertua. Epaia puntu eta amaiera bezala ulertua. Aurrera egin beharra dago eta Fakirrak ebatzi du hondo onekoa behar duela izan, zalantzarik ez du orain, Fuchs Soler adiskide horrek.
“Zatoz Madrilera: hemen hobeto egongo zara”.
John Lennon abandonatu du. Baita Gandhi ere. Gato Barbieri eta Miles Davis jazz izarrak bezala, Fakirra eguzkitako betaurrekoekin dabil kalean barrena. Madrilen ez du inork ezagutzen, eta hori, behingoagatik, lasaigarria zaio.
“Eta nire ama?”.
“Zergatik zaudete euskaldun guztiok amarekin maiteminduta?”.
Zorrotza da Ana Pariente, Teide ekoiztetxeko managerra. Badaki hatza non sartu. Kantautoreekin lan egiten du batez ere, giro horretan hazi da. Hark gonbidatuta dago Fakirra Madrilen, haren etxean geratu behar luke gaur lotan, hori Imanolen kasuan inoiz aldez aurretik jakiterik ez dagoen arren, Fuchs Soler eta beste, hiriburuan baduelako ohantzea non aukeratua sobera. Anak baditu bere susmoak, lepoa egingo luke baietz azkenean Yolandarenean geratu, irribarre haiek, sorbaldan lur hartzen zuen esku-ahur hura. Esku-ahur bat sorbaldan paratzea da lehen pausoa, belaunaren aurreko eskailera maila da sorbalda, zapadorearen trintxera, sorbalda da abangoardia eta belauna atzeguardia, ahaide anatomiko gertukoak biak. Yolandak “lagunak bakarrik” direla esan dionean, ofenditu egin da Ana Pariente; “Aizan, hik ikusi, zaharregia naun inori gona-aferak medio kontu-eske ibiltzeko”. Yolanda Garcia Baños, modako idazlea, gehigarri literarioetan tarteka agertzen dena, modatik pasatuko dena, denak pasatzen diren legez.
Bere etxean lotan gera daitekeela esan dio Anak, eta Imanolek, eskaintza onartu ordez, eskerrak eman eta errefusatu. Hitzordua duela erantsi du, “lagun batekin”. Gaztelaniaz ari delarik ez dago disimulatzerik, “una amiga”, nahiz eta burutik pasatu zaion behin Paco Ibañezek erakutsitako formula anbiguo, apur bat barregarria, “me quedaré a dormir en casa de una amistad”. Hura bai zela salagarria: garbiegi uzten zuen txortan egiteko geratu zinela. Anak badaki Fakirra norekin dabilen. Hiri ttipietatik datozenek sarritan egiten dute akats hori: pentsatzea Madril bezalako hiri handietan errazagoa izango dela ezkutatu eta sekretuak gordetzea. Madril ez da Fakirrak uste duen bezain handia, ordea, eta, bestalde, hiria edozein delarik ere, nork bere lagun taldetxoa orbita bat bezala darama aldean itsatsita: hori da hiriaren diametroa zuretzat, hula-hop bat. Elkarren berri izaten amaituko duten lau lagun eta beste hainbeste taberna. Horregatik gomendatu dio zintzoki Madrilera etortzea.
Aktorea da Fakirraren lagun berria, Reyes Morante, puntako antzezlea, telesail askotan lan egin du eta estimatua da Madrilgo antzokietan; bikote luminosoa osatzen dute; Imanol itsututa dago harekin, Telmori aitortu dio hezurretaraino maitemindu dela, nerabe bat bezala, baina Ana Parientek ondo ezagutzen ditu biak eta ez du uste luze iraungo dutenik. Iritzia eskatuko balio inork, esango lioke farandulako jendeak ez lukeela farandulako inorekin endredatu behar. Berdinen arteko harremanetan abiatu arren, beti izango da azkenean bat bestearen mirabe. Kantaria bata, koruko ahots bestea. Kanta kantariaren gainetik dago eta antzezpena antzezlearen gainetik... Antzezpen bat kanta batekin enkapritxatu denean eta ez kantari bat antzezle batekin, badu etorkizunik harremanak? Bien arteko elkarlanaren kimera ere hor dago, jakina: “Ahots bat behar dut nire diskorako”; “kanta bat behar dut nire antzezpenerako”. Baina funtzionatzen ez badu elkarlanak edo gustuko suertatzen ez bazaio eskatzaileari, orduan zer? Ofentsa agerikoa, edo ofentsa agerikoa baino birrintzaileagoa den ofentsa erreprimituaren taupada ostendua. Bi farandulako elkarrekin? Ez, hobe nor bere bidetik. Lehia da artearen hanketako bat: norbere buruarekin, kasurik onenean, bai. Baina norbere buruarekin lehian ari diren guztiek talka egiten dute, goizago ala beranduago, bere buruarekin lehian dabilen beste norbaitekin.
Intelektualak gustatzen zaizkio Imanoli, gero bat-batean beste muturrera joaten den arren. Emakumezkoei aurkezten dienean ohartarazpen ttipia egiten die Anak, erdi txantxetan eta erdi serio, radarra zorroztutako jendeak ongi detektatzen duen seriotasun grabe hori modu dotorean azpimarratuz: “Kontuz honekin, enkandiladore hutsa da-eta”. Uler dezala norberak horrekin esan nahi duena, baina ia inork ez du enkandilatze hori zentzu txarrean hartzen. Jaiotzetiko limurtzaile batekin, nola, bada, txarto hartu? “Guapo nago bufanda honekin, ezta? Gay konpletoa ematen dut, ala?”. Itxura zaintzea gustatzen zaio Imanoli, gay konpletoarena serio esaten du eta ikaragarri laketzen da jolas horrekin. Urrezko kate lodi haiek, pultserak, jadezko harridun eraztunak edo blasoidunak, diskoetako azaletan erakusten dituenak, horretarako hatzak modu behartuan patrikatik atera behar baditu ere. Anbiguotasuna maite du, sor daitezela zurrumurruak inguruan; maite du nortasun finkoegi bat ez izatea, inguruan duen giro eta jendearen arabera manerak aldatzea, ispilu aurrean dantzan ari den sugarra dela sentitzea.
Ezagutu ditu Espainian pil-pilean dabiltzan kantari ezkertiarretako batzuk. Elkartasuna adierazi diote guztiek. “Ausarta zara. Ahoan bilorik ez duzu. Nik ez dakit zer egingo nukeen zure larruan”. Jatorrak iruditu zaizkio keinuak, eta hitzak, zintzoak. Eskertu ditu bere pairamenarekiko erakutsi duten elkartasuna eta bere kantatzeko moduarekiko miresmena. Gonbidatu egin ditu Imanolek kontzertura. Denek esan diote joango direla, zalantza izpirik gabe. “Joaquin Sabina ezagutu dut! Ana Belen eta Victor Manuel! Denak etorriko dira!”, ume bat bezala dago.
Ateneo Obreroan kontzertu bat lotu dute Labordetarekin. Ordu batzuk falta dira oraindik emanaldia hasteko eta Ana Parienteren etxean geratu dira Fakirra eta biak mokadu bat jateko.
“Zer diozu, orduan? Arnasa hartuko zenuke hemen. Zentzu guztietan. Zure arrebak han ditu amak, ez dago bakarrik. Gainera, Madril ez dago hain urrun”.
Poeta kaxkarra kantarekin hasten ditu kontzertu guztiak Imanolek, hura delako amaren gustukoena. Eraztunari bueltaka dabil, zura ukitzearen sineskeriak metalarekin eginda zentzu gehiago balu legez.
“Gaur da Tatianaren urteurrena, badakizu?”.
Bere bizitzako emakumea. Bere bizitzako beste emakume hura. Ana Parientek psikologoarena egin behar izaten du sarri ordezkatzen dituen kantariekin. Ohituta dago.
“Jakina, nola ahaztu. Tatiana ezin da ahaztu, nahita ere”.
Ana Parientek haria eten nahi luke, hobe luke isildu, zerbait galdetzea tokatzen zaiola badakien arren. Bururatzen zaion galdera pertsonalegia da. Ez daki ausartu beharko lukeen hainbestera:
“Izan zinen Tatianaren hiletan?”.
“Bai, Parisera joan nintzen espreski. Très émouvant”.
Busti egin zaizkio begiak Fakirrari. Tatiana alaia, Tatiana antolatzailea, Tatiana altua, Tatiana fundamentu petoa zuen emakumea, etxeko martxa eramaten zuena. Maitale eta Pigmalion kultur-hezitzaile bakarrik ez, Fakirraren managerra ere bazen Tatiana sasoi hartan. Dena ondo zihoan haien artean, edo hala zirudien, urterik zoriontsuenak izan ziren edo agian euren gorputzetan txertatutako gaztaroaren aleazioa zen zoriontzat ulertzen zutena. Fakirrak Koro ezagutu eta Tatiana utzi zuen arte. Tatiana lur jota geratu zen orduan; ez zuen halakorik espero eta Parisera itzultzea erabaki zuen. Ttipiegia eta mingarriegia bihurtu zitzaion Donostia. Ezkondu egin zen handik urte batzuetara. Gazterik hil zen. Eta Fakirrak beti kontatzen du bietan izan zela, ezkontzan zein hiletan.
“Dirurik behar duzu?”.
“Behar-behar...”.
Ana Parientek badaki zein den musikarien bizimodua, “vivir a mordiscos” esaten dio berak.
“Aurrerapen bat eman diezazuket”.
“Koxka bat, eskura bazenu, ezin hobeto”.
“Musikarien soldata deskontatuko dizut, haiei zuzenean ordainduko diet neronek, ongi iruditzen bazaizu”.
Badu eskarmentua kontu harekin. Sorbaldak altxatu ditu Fakirrak:
“Lan bat gutxiago niretzat”.
“Ez dena kolpean gastatu, ahal dela”.
Ume batek asteburuko paga bezala gorde du dirua. Ana Parientek badaki ez diola asko iraungo. Sartu-ahala-fundi, eskuak kiskaltzen dizkio diruak.
“Autoreetatik urratuko al dugu zerbait?”.
“SGAEtik? Saiatuko gara, baina kontuan izan zenbait doinu tradizionalak direla eta kanten letrak ez direla zureak”.
Imanolek gitarra hartu du, ez du behar xaxatuko duenik, hori du ona, betipresteko gizona izatea. Berdin hasiko zaizu kaleko musikari batekin kantari edo iloben urtebetetze bazkalostea supizteko kanta galopan. Horixe badaki ongi egiten: debaldeko festa preparatzen.
Ateneo Obrerora doazela, Imanolek zinta bat jarri dio autoan Labordetari. Poema musikatu bat.
“Asmakizuna: norena dela esango zenuke letra?”.
“Ez zakiat ba, hiri gustatzen zaizkian poeta moderno horietakoren bat, seguru...”.
“Ia-ia: Lope de Vegarena duk”.
“Ba, moderno itxura dik…”.
“Gu baino modernoagoa zen-eta! Eta Madrilgo movidako guzti hauek baino askoz modernoagoa, zer esanik ez!”.
Ana Parientek lotu du bira, Labordetarekin adostuta. “Hi nahi haute udaletan. Hiri deituko diate, ez berari. Eta nik esango zieat bira hau erdi bana dela. Imanol gabe hi ez hoala. Biok, ala inor ez. Ados zaude?”. “Ados”. “Fifty fifty?”. “Jakina”. “Imanolek ez zaukak zertan jakin”. Beste edonork katxearen erdia galtzen duela ulertuko zukeen. Ez Labordetak, ordea. Nahiago du pentsatu birarako lagun on bat irabazi duela.
Eszenatokira atera aurretik Reyesi buruz galdetu du Imanolek.
“Pelikula batekin dabilela uste dut... Epokako zerbait. Baina gainerakoan, kuadrilla osoa etorriko da”.
Fakirrak gutxitan hitz egiten du orainaldiko harremanei buruz. Ez dauka arazorik, ostera, iraganekoen inguruan luze aritzeko —Tatianaren hileta zehatz-mehatz deskriba dezake, hatz eta behatz: très émouvant—. Zaila da Fakirraren bizitza sentimentalaren arrastoari jarraitzea, ordea: Anak Korori buruz galdetu dionean, Imanolek izkin egin eta orain Telmorekin, bere kontrabaxu-jotzailearekin, bizi dela esan dio. Imanolen izaera da, baina ezin uka logika xomorroa denik: dabilenarekin ibili, aspaldi galdutakoari buruz mintzatu. Iraganari orojakilearen abantailekin begiratu eta hura interpretatu, ondorioak atera, antzaldatu; oraina kontraesanekin besarkatu, zetorren moduan, gertaeren kontraesanak zeureekin txirikorda daitezen utziz. Hori egiten du. Baina kontraesanak ditugun bitartean, hala uler daiteke, orainaldi bat ere badugu.
Kontzertua hasi aurretik berri onak ematea gustatzen zaio Anari:
“Bira bat lotu dugu Levante aldean. Labordetarekin. Zer iruditzen?”.
Poztu da Imanol.
“Madrilen bazeunde errazagoa litzateke dena”.
“Ongi da... Agian Yolandarenean geratuko naiz bolada batez”.
Hala ere, ez du ama hil arte pausoa eman. Nazkatu da lagun guztien ahotik Donostia itogarri horretan jarraitzen badu maxkaldu egingo dela behin eta berriro entzun eta azalpenak eman beharraz. PPko eskoltak eta bizkartzainak biltzen diren tabernetan bakarrik sentitzen da jada seguru Donostian. Baina hura ez da bere giroa, ez zaio taberna hauetan jartzen duten musika gustatzen, ez eta bertan dabilen jendea ere. Haiek ez dakizkite buruz bere letrak. Famoso kategorian ezagutzen dute eta hargatik gonbidatzen dute tragoak hartzera. Mehatxupean dagoen errukarriari bezala begiratzen diote ala ustezko gorentasun morala miresten? Zenbaitek, desertore glamuros bat dela uste dute. Levante aldera doanean, ez ditu sumatzen antzokiko patioan ezpainak mugitzen eta xuxurlatzen, mutuaren karaokea egiten Fakirraren ahotsari. Hori da dagoena.
Telefonoz deitu dio Yolandari, Madrilera aldatu eta bere etxera bizitzera joateko pausoa ematea erabaki duela esateko.
“Hartuko nauzu etxean?”.
“Jakina”.
“Pozten zara?”.
“Dudarik egiten al duzu?”.
Yolandak Ana Parienteri deitu dio segidan. “Ezin du nire etxera etorri, gehiegi edaten du. Problema bat dauka eta nik badaukat nahikoa nire putzuarekin. Zulora eramango nau, ateratzen hasia naizenean... Esango diozu zuk ezin duela nirekin geratu?”. Ana Pariente suminduta dago. “Garcia Baños, Yolanda” izena bere agendatik ezabatu eta Imanoli deitu dio kontua argitu eta Madrilen lo lekurik ez daukala jakinarazteko, sentitzen duela, bera mezularia baino ez dela, nahi badu gera daitekeela bere etxean.
“Hor zaude?”.
Hor dago, baina zein zaila den batzuetan hor egotea.
Ana Parientek bere isiltasunarekin lagundu dio Fakirrari. Orainaldia presentziaz hornitzen duen isiltasun bat da, eta hala ulertzen duelako eskerrak ematen dizkio Imanolek zintzilikatu aurretik.
Yolandak etxean hartu nahi ez duenez, erabaki du inoiz ez duela egiaz Madrilera joateko gogorik izan.
Aspaldi elkar ikusi gabe. Bekaintirok eta Fakirrak elkar besarkatu dute kamerinoetan. “Etorri haiz!”; “Nola huts egingo nian, bada? Noiz ez nauk ni etorri?”; “Ondo al hago?”; “Noski, Trotski!”, betiko gerra oihua. Jada ez dute, jakina, gerraz hitz egiten, ezta gerra dinamikaz ere. Badaezpada. Biek susmatzen dutena baino gertuago egon daitezkeen arren haien ikuspuntuak eta iritziak. Elkartzeko ziren bideak zapuzteko suertatu izan dira, nahi baino gehiagotan. Munduak ez du haiek aurreikusitako biderik hartu. Euren begiradak eta munduan egoteko euren moduak deserosotasun eta kandore apur bat bereganatzen dute elkartzen direnean, esan nahi balute bezala “Erromantikoak ginen, xaloak ginen, gazteak ginen”. Desenkusa bat da? Inolaz ere ez: isilean harrotzen dira beren erromantizismoaz, xalotasunaz, mutur bietatik erretako kandela den gaztetasun peto, garaiz erabili eta sakon ustiatuaz.
“Guk egin genian gurea. Gaurko gazteak, izango ote dira hainbesterako gai?”. Isilean harrotzen dira eta isilean lotsatzen, baina lotsa iraultzailea dela esan zuen behin asko miretsi zuten norbaitek. Zango biko amildegiei dagokien bezala, kintoen bilera batean legez mintzatzen dira, “gogoratzen nola?” eta “hori ez zuan horrela izan!”.
Bere berrogeita hamargarren urteurrenean denak elkartu nahi izan ditu Imanolek Casa Galician afaltzeko, garai bateko kamaradak eta borroka-lagunak, kantalagunak eta musikariak, idazleak eta poetak, argazkilariak eta artistak, lagunetako asko ETAren aurrean hartutako jarrera antagonikoagatik elkarrekin etsaituta dauden arren. “Zenbat bilduko ote gara?”. Fakirrak uste baino gehiago izan dira gonbita onartu dutenak. Zenbait adiskidek oraindik estimatzen duten seinale.
“Imanolek eman du pausoa. Zuek, aldiz, keinu aztarrenik ere ez duzue oraindik egin bortxakeriaren kontra”.
Lucas Azurmendi da, Bekaintirori begira.
“Erraza da hori esatea kanpoan bizi zarenean. Baina gu hemen bizi gaituk, Azurmendi”.
“Ni ere hemen bizi nauk”.
“Astean behin baino ez haiz etortzen eta gero hanka Madrilera berriz. Gu ez gaituk Madrilera eskean joan”, ihardetsi dio Bekaintirok.
“Zer ote dakik hik... Kabernikola gutxiago zagok Madrilen hemen baino, galdetu bestela Imanoli”.
“Ez sartu Imanol honetan, Lucas: hura erabiltzen ari zarete, mesede baino kalte gehiago egin diozue”.
“Guk, sikiera, ez zioagu bizkarrik eman”.
Otordua baino luzeagoa izan da bazkalosteko kantaldi inprobisatua, eskerrak horri. Jada kantuan baino ezin samur ditzakete distantziak, zauriak, orbainak. “Nola egingo dute haserreak leuntzeko kantuan egiten ez dutenek?”, galdetzen dio Bekaintirok bere buruari. Zerbitzari galiziarrak afaritarako mahaiak janzten hasiko ziratekeen eta haiek ostikada batez gustura kalera bidali, baina Casa Galician ez dute mahairik janzten. Banku korritua eta menu eskuzabala ematen duten lekua hautatu du propio Fakirrak bere mende erdia ospatzeko: olagarroa katxeloekin denentzat eta pantxineta labean. Albariñoa erruz, eta postrearekin, Calvados bana, hala nahi duenarentzat.
Rafael Albertiren poema abestu dute orduan: “A galopar, a galopar, hasta enterrarlos en el mar...”. Garai batean ez bezala, Mata Hari deseroso sentitu da letrarekin. Ez du uste inor itsaspean lurperatzeak ezer konpontzen duenik. Gauean, hain zuzen, Paco Ibañezen deia jaso du Imanolek. Ez bere urtebetetzea dela eta zoriontzeko asmoa duelako, Paco ez da mundu honetakoa eta bost axola zaizkio urtebetetzeak: Israelera doala eta ezingo duela agindu zion bezala urrian Victoria Eugenian berarekin abestu. Eguneko azken opari mingotsa izan da. Kartelean argazki eta guzti iragarrita daude biak eta prentsa ohar bat atera beharko da Pacoren ausentzia justifikatzeko. Calvadosaren goraldia du oraindik garunean eta zaputza hurrengo egunera atzeratzea erabaki du. Ez diote azken orduan bere urtebetetze eguna izorratuko.
Orain behintzat ur beroa eta telefonoa ordain ditzake. Luxu burges horiek eta loza zuriko ontzitxoetan edandako ardo zuriaren oihartzuna zintzurrean, hurrengo goizean ere izara arteko hats lodian iraungo duena. Bekaintiroren deiak esnarazi du. Gosaltzeko geratu dira, hamaiketakoa hartzeko ordua den arren jada. Kafesne bana eta brioche bat Fakirrak, “hori ez, ondokoa, hain txigortua ez dagoena”.
“Zu erabiltzen ari dira, ez al zara konturatzen?”.
Urrun du begirada Imanolek.
“Hori uste duzu, Bekain? Ez ote ditut bada nik haiek erabiliko? Ez duzu pentsatu horretan?”.
Erraldoia, Prometeo. Edo Erraldoiaren eta Prometeoren harrotasuna Prometeo izan gabe. Ameskeria.
“Igo hadi nirekin etxera, kanta berriak entzutera, atzo ez nitian denen aurrean horiek kantatu nahi izan”. Lagun zaharrarekiko deferentzia, begi kliska. Badoaz Imanolen etxera. Hankaz gora dago dena. Arropa nonahi lisaburdinaren eskean eta harrikoa egin gabe. Zerbait baikorragoa ere bai: neguari eskerrak, eulirik ez da.
“Eta Telmo, hire baxu-jotzailea? Ez al zuan hirekin bizi?”.
“Norbait ezagutu dik, monamurtxo berri bat: Sonia”.
Arrautza oskol baten puska bat eta zuringoaren lerde lehorra sukaldeko irratiaren heldulekuan, aparatu eramangarria arrautzak apurtzeko erabili izan balu bezala. Egunkari zimurtuak edonon, hemeroteka dadaista nahasia osatzeraino. Diskoak eta liburuak, egunkarien izarapean. Auskalo noizkoak. Igarri dio Imanolek lagunaren durduzadurari:
“Batzuetan kontzertu interesgarriak etortzen dituk agendan, baina ia beti izaten dituk duela bizpahiru hilabetekoak”.
Gitarra hartuta kanta bat abestu eta iritzia eskatu dio Bekaintirori.
“Ederra da, nork idatzi du letra?”.
“San Juan de la Cruzena da”.
“San Juan de la Cruz?”, harritu da Bekaintiro.
“Noski, Trotski!”.
“Ezagutzen haut: gurutzeagatik ari haiz hura irakurtzen, hi ere gurutziltzatu egin hautela uste dualako”, mamurtu du Bekaintirok, baina ez du bozgora ezer esan.
Zango biko amildegiak, zango bat du lokatzean; bestea, izpirituaren aratzean.
“Orain, asko gustatuko zaian disko bat!”.
Bere aurreko diskoa ipini du. Halakoxea da Fakirra, pudore amiñirik ez du. Ternezia eragiten du kantaria bere diskoa satisfetxo entzuten eta ingurukoei entzunarazten ikusteak. Halaxe nahasi zuen Sebastopoleko kamareroa ere, Moustakiren haserrealdia eragiteraino gero, kantari guztiak berdin egokume zirelakoan. Tarteka zerbait esaten dio Bekaintirori: “Hemen minorrera pasatzen da, hara zer disonantzia pianoak, Gizon Ikusezinak alde egin zidak, baina pianista berri bat diat, gazteagoa are... Koruak ederki geratu dituk: neronek grabatu ditiat”. Koruak berak jarri ditu, beraz? Bere txisteak iruzkindu eta haiei oin-oharrak egiten dizkien txiste-kontalaria da Fakirra. Pazientzia handiz geratu da Bekaintiro hari konpainia noblea eginez, eta diskoaren A aldea amaitu denean aitzakiaren bat asmatu du altxatzeko.
Ez dio, ordea, horren erraz alde egiten utziko. Eskuinerantz apur bat makurtu eta betaurrekoaren ezkerreko patilla igurtzi du hatzekin, keinu horrekin bere ahotsari bolumena kentzeko gaitasuna balu bezala.
“Juanjo?”.
“Bai?”.
“Izango huke diru pixarren bat, uzteko moduan? Lasai: irratikoa kobratu orduko itzuliko niake”.
Atariko interfonoa jo diotenean ez du gauza onik espero. Buzoia erre zioten duela bi egun, pospoloak sartu eta publizitate orriek su hartuta. Belztuta geratu dira, berea eta ingurukoak. “FAKIR TRAIDOR” pintada ez dute oraindik atariko hormatik ezabatu.
“Zoy Pharros, abre”.
Harritu egin da. Ongi moldatu izan dira beti, baina Jean Pharos ez du inoiz adiskide mintzat izan. Lehen aldia da etxera bisitan datorkiona. Desenkusatu egin da teknikaria: askotan saiatu dela telefonoz deitzen, baina ez diola hartzen.
“Linea moztu zigutek, baina ez duk larria, Bekaintirok dirua utzi zidak. Gero pasako nauk Telefonicatik ordaintzera”.
“Ez al daukak ordainketa helbideratua?”.
Ez daukala kontu korronterik erantzun dio, ez duela inoiz bere izenean halakorik izan. Beste edonori ez ziokeen sinetsiko, baina Imanolen kasuan logikoa dela pentsatu du. Pharosi beti iruditu izan zaio Fakirra garaiz kanpo dagoen norbait, lekuz kanpo jaioa eta bere nahien arau bizi dena. Agian horregatik identifikatzen da harekin teknikaria, aldez edo moldez, bera ere ez delako inoiz jendartean erosoegi sentitu. Norbere bokazioen esklabo dira biak, edo norbere talentuaren zerbitzari.
Hori da harrigarriena: mendiko arropaz jantzita datorrela gaur Pharos, bere ohiko txalekorik gabe. Proposamenak egiten baino hobea da aginduak ematen: doazen lekuan hotz egiten duela eta jartzeko zerbait soinean.
“Nora naramazu, Jean?”.
Barazarreraino isilik gidatu du Pharosek bere Volvoa, Jan Garbareken disko bat jarrita. Maletategia zabaldu duenean arrantzarako kanaberak ikusi ditu Imanolek: haiek garraiatzea bere ardura dela adierazi dio begiradaz teknikariak. “Zamaketari lanak egitera etorri ote nauk?”, Imanolek bere kolkorako. Lo-zakuak atera ditu Pharosek.
“Hemen pasako dugu gaua?”.
Ez dutela lorik egingo, “gaupasa” baizik. Baina badaezpada.
Ehiza eskopetaren zorroa atera duenean, aho zabalik geratu da Fakirra.
“Ehiztariek, bestela, ez haute errespetatzen”.
Bakezaletzat zeukan Jean. Ekologistatzat ere baietz esango luke. Zer egiten du eskopeta batekin? Animaliak hiltzea ez dator haren nortasunarekin bat.
“Baina hemen ehizatu al daiteke ba?”.
Pharosek ez du erantzun. Arrantzan eman dute arratsaldea; izter parerainoko botak soinean Pharos, erreka ertzean paisajeari begira Imanol. Fakirrak zalantzak ditu horri buruz ere, baina ez dio galdetu arrantzarako lizentziarik ba ote daukan, sasoia ote den, paraje hura ez ote dagoen babestua. Non daude zehazki, dena dela? Ez luke asmatuko berak bakarrik errekasto hura aurkitzen.
“Galdera bat egin diezazuket, Jean?”.
Fakirrak behar du audientzia. Lehen ez zitzaion hori gertatzen, baina orain, luzaroan isilik badago, luzaroan ez badu bere ahotsa entzuten, hura galduko ote duen beldur izaten hasi da.
“Bien sûr. Dizpara”.
“Nola ikusi duzu zuk hau dena? Arakisena, Bakearen Kontzertua... Benetan ni erabiltzen ari direla uste duzu?”.
Pharosek sorbaldak altxatu ditu. Hura baino, nahiago luke beste edozein galdera.
Amuarrainak harrapatu ahala, erabilera anitzeko labana suitzar batekin tripak atera eta arroka baten gainean utzi ditu, artezki. Berehala inguratu dira hegaztiak erraien usainera.
“Yo no ze de eso, solo ze de muzica”.
Hotsak bildumatzeagatik hasi zen Pharos mendira joaten: musikaz enpo eta hiriko bizitzaz ase, saturazio puntu batera heldu zen une jakin batean. Aspertu egiten zuten musikari eta talde guztiek. Dena egiten zitzaion ezaguna, errepikapen hutsa, nardagarria. Ezerk ez zuen jada asebetetzen. Bere Dylan kuttuna ere, garai batean hain estimatua, ezin zuen jada entzun, ez haren kanta zaharrak eta ezta berriak ere. Sustraietara jo eta soinu organikoen bila hastea erabaki zuen orduan, Imanoli azaldu dionez. Halaxe deskubritu zuen berrea: “Oreinek arraldi garaian ateratzen dituzten marruek”, esan dio, “ez dute parekorik munduan”. Aspaldiko oihartzun bat ekarri dio orbel okre lehorraren usainak Imanoli: “Basoko bizitza ez-hain-basatia eta basoko bizitza guztiz basatia”.
Gauez joan beharra zegoen, ezkutuan; eta zain geratu. Batzuetan azaltzen ziren eta beste batzuetan ez. Batzuetan entzuten zenituen eta beste batzuetan ez.
“Kanta onekin bezala, orduan”.
“Hain zuzen”.
Amuarrainen errairik ez da jada harri zapalaren gainean geratzen, salda likits bat baino ez.
“Badakizu, Jean? Behin ahate bat lepomoztear izan ginen, baina ez genion lepo-zintzurrik aurkitu... Arazoa ez baita ahatea lepomoztea, ahateak lepoan zintzurra izan dezakeela sinetsita eztarrian haren bila hastea baizik. Ez zaizu iruditzen?”.
“Nuez de Adam? Un canard? Je ne comprends pas...”.
Ilunabarra da Legutioko ubideko xenda batean barrena basoan sartu direnean, motxila ttipi batean ogitartekoa, urez betetako kantinplora aldean eta frontala kopetan. Labana bat eta sasia apartatzeko hurritz makila on bat, ez dute besterik behar. Fakirrak bere buruari basoaren erdian zer arraio ari ote den galdetzen dionerako, beranduegi da. Lehenago atera behar zituen kontuak. Ez du Pharosi ezetz esateko indarrik izan; orain, haren menpe dago erabat.
Ezkutatu egin dira, sasi artean, haizearen kontrako norakoan, oreinek susmorik har ez dezaten. “Usaina hartzen badizute, akabo: uxatu dituzu. Gaua basora etortzen denean zeu zara menderatua, kasu: ez dituzu ikusten, baina animalia begi asko sentitzen dituzu zuri begira, sentsazio beldurgarri ederra da”. Effrayant, hitza erabili du Pharosek.
Beti bakarrik etortzen dela esan dio. Salbuespen bat egin duela berarekin. Lehen aldia dela berrea-ra norbait ekartzen duena.
“Ez da edonorekin konparti daitekeen zerbait”, erantsi du.
Fakirrak pribilegiatu sentitu behar luke, baina horren ordez, nekatuta eta hoztuta baino ez da sentitzen. Heze-heze ditu oinak, salda izoztuan sartuta balitu legez. Kalekumea da bera, ebidentzia hori frogatzeko ez dauka Gorbeiaraino etorri beharrik, barren. Boterea galdu duzula sentitzea gustatzen bide zaio Pharosi, hala entzun dio. “Sometitua izatea”. Belarrira ari zaio, ia-ia xuxurlan. “Eta batzuetan, ez beti, ez gauero, orein ar bat, burua galduta marru batean entzuteko aukera izatea”, jarraitu du. “Lauhazka urduri bat, zure kontra datorkeen erasoaren ustezko mehatxua. Ez da benetako mehatxua, jakina. Ez dator inor zure kontra. Eta marru berriro, altan den oreinak... Arra, burua galduta, eme gose, gainerako arrekin lehian”.
Eskopetaren zorroa zabaldu du. Fusilik ez: mikroaren pertxa atera du handik, eta ordezko bateria.
“Ez zenuen ba usteko benetako eskopeta bat zenik, ala?”.
Belarri pribilegiatua izan du beti Pharosek, baina ez daki oso ongi azaltzen zerk erakartzen duen berrea sasoian. Basatia eta aspaldikoa den zerbaiten lekuko izateak? Azken milaka urteetan aldatu ez den zerbaiten testigu? Taupada berdadero bat bilatzen du, bizitza osoa plastikozko kantari arimarik gabeak, imitazioen imitazioak eta triki-pop disko mortal aspergarriak grabatzen igaro ostean? Zerbait autentikoa? Etsaien lurraldean sentitu nahi du, berez garena bezala, zaurgarri eta hauskor? Ttipi sentitzearena hor dago, jakina. Imanoli ere horixe gustatzen zaio. Ttipi sentitu zen Georges Brassens eta Leo Ferre lehen aldiz entzun zituenean. Ttipi Colette Magny eta Barbara entzun zituenean. Gero, huraxe opa izan zion bere buruari, haien loriara hurbildu eta entzulea ttipi sentiaraziko zuten kantak egitea. Baina Brassens eta Ferre, Magny eta Barbara, kantari frankofonoak ziren, eta bera, kantari euskalduna, hizkuntza debekatuaren pedigria ere jada galdua zuen herri ttipi bateko inurritxoa. Aldea zegoen, urteekin ikasi du hori. Hizkuntzek ere, orein arrek legetxe borroka egiten zuten haien artean, eta batak bestea menperatzen zuen, deman adarrak elkarri apurtu, edo erraiak atera eta saientzat utzi. Inork ez zintuen horretaz ohartarazten, ez zen politikoki zuzena hori pentsatzea. Ez zukeen halakorik usteko Parisko exilioan frankismoaren kontra abestu eta denek zer kantatzen zuen ulertu gabe txalo jotzen ziotenean. Baina horrela zen. Oihaneko legean lehiatzen ziren hizkuntzak ere.
“Ahotsa leizea da, zure barruko leizea: kabidadea... Barruan susmo bat daukazu, baina eztarritik ateratzen dena beste gauza bat da. Zeure buruaz dituzun susmoak baieztatu edo gezurtatu egiten dizkizu ahotsak. Gitarra? Pianoa? Horiek jotzea teknika menderatzea da. Sentsibilitatea? Bien sûr, bai: baina funtsean teknika, c'est tout. Musika-tresna bat jotzea, bon, oso ongi dago hori. Baina ahotsa menderatzea lortzen baduzu, zeure barruko arrankea menderatuko duzu, tenperamentua kontrolatuko duzu. Barruko piztia. Dagoen gauzarik zailena da hori: norbere ahotsa bridatzea. Onenean, belaunaldi baten sabel-hiztun bilakatzea. Haien ordez abestea. Ulertzen? Zuk lortu duzu hori guztia, Imanol”. Jean Pharos ez da gorazarre merkeen zale izan sekula. Basoaren erdiraino bera erakarri eta hura esan izana ez dio sekula aski eskertuko.
“Ez dakit zer esan... Hitz egin duzu Sixtorekin honetaz inoiz?”.
“Bien sûr... Sixto, un pianiste exceptionnel... Ezberdina da. Bera gai delako piano bakoitzari duen ahotsa ateratzeko... Baina zuek, kantariok, beste gauza bat zarete... Horregatik zarete hain zailak arrastoan sartzen”.
“Arrastoan sartzen zailak, gu?”.
“Ondo dakizu hala dela. Sois delicadoz y mimozoz”.
Arrastoan sartzearen abantailak dauzka agian Fakirrak buruan. Mahats bilketa, “Nos vamos a repartir los surcos de la siguiente manera”. Bere bizitzan lehenengoz, nekatuta dago. Amore ematear.
Orduan darama hatz erakuslea ezpainetara Pharosek. Tinko heldu dio mikroaren pertxari. “Ssshh... Bouge pas!”. Adar kraskatuen, sasi igurtzien eta orbel heze zanpatuaren hotsak, bila etorri diren huraxe, hain zuzen: ezeren antzik ez duen oreinaren marrua. “Batzuetan borrokak ere grabatu izan ditut”, xuxurlatu dio Pharosek, “bi ar muturka, batak besteari adarrak txikitu arte”. Mina, desesperazioa, amorrua. Orein umiliatua nola doan sasira bere burua hiltzen uztera, adarra burutik zintzilik, herren koitadu. Gizakiaren eta hizkuntzaren aurretik paratzen diren hotsak. Eta, agian, gizakiaren eta hizkuntzaren ondoren ere iraungo dutenak. Berrea. Tatianarekin Louvren ikusitako Gericaulten zaldiekin gogoratu da. Nola ez den infanteriako gudarosterik behar Waterlooko beldurrak eta frakasoak adierazteko. Nola tximista batek zaldi beltzaren angelu eta gihar guztiak segundo batez argitu eta haren izua azaltzea aski den. Gero, iluntasuna itzultzen da berriro. Antzekoa izan da sentipena, baina betsarean barik, belarrietan zizelkatuta geratu zaio egiaren ulermen puska hura Imanoli. Orein arrak emea erakarri eta gainerako arrak uxatzeko egiten duen deiadarra. Elikatzeko egiten ez dena seduzitzeko egiten denez: edoskitzea ala libidoa, ez dugu beste bulkadarik.
Argitasun une haren ondoren geratzen dena beste zerbait da, ordea. Norbere memoria, norbere kontatzeko gogoa edo norbere isilik egoteko eskubidea. Fakirrak, antzoki batzuetan, noizean behin, bizi izan du hori. Tximista baten iraupena duen argialdia, printzaren sastakaia, isila eta trumoirik gabekoa den zerbait, bere ahotsari esker segundo batzuk irautera irits daitekeena.
Merezi du kantari izatea hori bezalako uneen bila aritzeko. Hurrengo tximistari itxaroteko. Hurrengoa irrikatu eta haren bila setatzeko.