Baionak ez daki
Baionak ez daki
2015, narrazioak
120 orrialde
978-84-92468-73-7
azala: Lander Garro
Bea Salaberri
1979, Donamartiri
 
 

 

Aldaira

 

 

Etxe alda egunaren hondarra: klunk!

        Armairu elektrikoan argindarra mozteak eragin klunka gorra espazio handiegian paretaz pareta erreferaka erraietaraino heldu zitzaizun; laster, sarrailari azken aldikoz bi itzuli emanen bazenizkion ere, etorkizuneko atari guziak zabalik ikusarazi nahi zizkizukeen soinu hain partikularra, hutsa betetzen zuen azantz hanpatua.

        Gutxitan gertatuko da aldaira baten izariko laxante libragarririk, fisikoki, materialki eta emozionalki. Hasteko, ordura arte bizia eta egina, dena, perfektuki nahiz definitiboki sailkaturik zihoan.

        Armairuak oro zolaraino hustu ondoan puskileriak kausitu zuen lekua sistematikoki eta pragmatikoki, firurika; zenbaitez harro eta besteez lotsa, ordukotz zinen hori egin zintuzten orok, alta jujamenduaren eguna heldua zitzaien. Hiru mutiko sendo eta prestuk osatu zuten lerroa:

        — Hauek denak nora doaz orain? —luzatu zidaten lehen biek.

        — Hauek besagainka despeditzekoak dira —erantzun nien bi lehenei kartoi meta bat seinalatuz.

        Ahantzi nahiago ziren gertakari eta momentuez, baita gehiegi higatu pusketeria jada enpatxutik bazterturik hobe zenaz bete kutxak ziren.

        — Eta beste hauek? —galdetu zuen hirugarrenak.

        — Horiek praktikoak dira. Ondoko egoitzara doaz.

        Hain zuzen ere, hor zeuden egunerokoan beharrezkoegiak, esku pean laster izateko gisan behar bezala sailkatu eta etiketaturik kutxetan.

        Azkenik, denbora hartuz balde finagoetan poliki apailaturik zeuden hainbeste beharrezko ez baina harrotasunez edota amultsuki ondoan gorde nahi zirenak, urtez urte metatu detaile ezdeusak, iraganeko une, jende eta gertakarien lekuko sotilak, behakoaz besarkatu orduko aspaldian airatu hotsak zuretzat bakarrik berpitzaraz zitzaketenak, zentzuz bete girgileria kuttunak.

        Horien eramateko lana ez nion nehori eman, nihaurentzat erreserbatuz.

        Ondokoa bai zela une hunkigarria: prozesu geldiezin eta gorde ezineko denboraren lekuko, edukiontzi bakoitza bere ondoko lekura zeramaten bihotza urratzeko ballet lanzinantean.

        Hustuketak agerrarazi zituen gela hutsak, zuregana iraganeko zorion eta algaren oihartzun hutsala besterik ez zuten itzultzen. Abusatzeko denborarik izan balitz, negar eginen zenukeen, denboraren ihesari, on-gaitzei, desagertu guziari.

        Zoko-moko oro torratzean oroitu zinen budistek ziotenaz: gauzen eta gorputzaren garbitzetik eta antolatzetik hasten dela pentsamoldeen garbitasuna eta hortik beretik arimarena. Azkenean, metatu zorigaitz, ez beharren behin betiko purga bat-batekoa, mustuka ukaldika.

        Eta azkenean, elektrika kontagailuko etengailuari hatz puntaz eraginez: klunk. Etorkizunaren estreinaren klunka, kapitulua zigilatuko zuen sententzia nola.