Baionak ez daki
Baionak ez daki
2015, narrazioak
120 orrialde
978-84-92468-73-7
azala: Lander Garro
Bea Salaberri
1979, Donamartiri
 
 

 

Zilintzo

 

 

— Ez! Berantegi: jadanik hitzemana diot Eneritzi hartuko diodala.

        — Goaita! Nik hartuko dizkizut lau. Txekez pagatzen ahal dizut?

        Abendua heldu gabe hasia da urte berrirako egutegien baltsa, batak ala besteak berea saltzeko menturan, bakoitzak etxeko gela kopurua bezainbatekoa baizik ez erostekotan.

        Ikastolako egutegiek, urte oroz trumilka saltzen baitira, ez dute deus partikularrik. Uste dut kasik betidanik ikusi ditudala eta beti berdintsuak, eta baliteke banalitatea izan dezaten berezitasun. Lau euroren truke, Euskal Herriko bulego eta sukalde zokoetan lekua atzemanen dute. Hor izanen dira, hor dute lekua eta erosten segituko da luzaz oraino. Azkenean, hozkailuaren ondoan, marrazki eta argazki apaingarrien artean ikusiko ez bagenitu, zerbait faltan sentituko baikenuke.

        Haur denboran, ikusten genuen etxe guzietan gisa horretako egutegi bat, Euskaldun Gazteria elkartearen urtekaria. Argazki eder batez apaindu kartoizko azala zen, erdialdean egunez egun hostokatzen zen orrixka bloke bat zuena. Urte osoan zehar, egun oroz, egunari zegokion hosto txikia kenduz biluzten zen eta momentu bat iragaten, zela zerbait ikasteko, zela denbora pasatzeko. Papertxo horretan zer zen xuxen idatzirik? Efemeridea (eguna, mareak, ilargia...) eta gero 'zerbait', izan zitekeena bertso bat, gertakari historiko baten oroitarazpena, irri istorio bat, baratzezaintza edo laborantzako aholku bat, errezeta bat: zerbait labur, ahal bazen praktikoa eta, erran dezagun, adin eta profil jakin batzuetako jendeei zuzendu edukiak, gazteagoek jostetan xahutzekoak.

        Barnealdean etxez etxe edo eliza ateetan saltzen dira eta etxe guzietan izaten da bederen ale bat, nonbait dilingo, ardura sukalde txoko batean, supazterretako kez horitu hormetan marka uzten du maiz, kartoiaren itzal negatibo gisako bat gisuz tindatu paretetan. Batzuetan, sinesmenen arabera, zotal egunak markaturik daramatzate hilabetez hilabete, ez-usteen eta ez-beharren uxatzeko, natura menderatu beharrez.

        — Hantxetan bada egun bat inguraturik. Zein da?

        — Ondoko asteartea. Txikienaren urtebetetzea.

        Hor ez balira, zoritxarrez behin nehor ez balitz agertuko hauen saltzeko, zerbait faltan egonen litzateke urte osoan, eta hor genituzke urteko egun oroz kisu itzal argia eta zintzilikari hutsa bistarako traba.