Baionak ez daki
Baionak ez daki
2015, narrazioak
120 orrialde
978-84-92468-73-7
azala: Lander Garro
Bea Salaberri
1979, Donamartiri
 
 

 

Ortzia uda minean

 

 

Bazuen zenbait egun jada, aro iragarpenetan ziotela ortzituko zuela: deus ez ageri.

        Agorrileko sapa egunetan ba ote da preziagarriagorik ilunpetako loaldi kuluxka baino? Bazkalondoan gorputz nagitu hezeek galdetzen dute, deika atal guzietatik, bular artetik zirriztan lerraka doan izerdi tanta bakoitzean.

        — Badakizu ikusi nuela Patxiku astapito hura?

        — Patxiku? Ez dugu orain aipatuko?

        — Ez. Utz dezagun bere lekuan. Astaputz hori. Likefiatu ninduen!

        Ilunpetara sartu ondoan, auzirik ez, harrabotsik ez, goizaldean tiutaka zebiltzan txoriño guziak gorde dira beroak mututurik trunko zahar zenbaiten zulotan barna; gisa berean gaude ganbaran. Iruditzen zaigu hor uda mineko galdak etenaldia daukala. Leihoak hurbilduak dira aspaldian; halere kanpoko argi itsugarri eta giro jasangaitzek gela osoan erradiatzen dute, utziak izan zaizkien leihoen arteko arteka meharrez baliatuz. Balirudike errainuek guda hori galdua dutela, zur zahar astunen harresiari esker. Amets.

        Lohasmatik atera zaitu ufada batek inarrosi portalearen lokarriaren kriskitinak. Haizea altxatu dela badirudi. Argia amatatuz doala sentitzen duzu. Lotarik atera zara jada, lepondoa umel eta burua pisu.

        Lehen xorta bat entzun duzu, baina ez zara oraino sobera segur, leihoko zur irakinaren kontra lehertu dateke, dudarik gabe. Geroxeago, lehertu dira gehiago.

        — Erna zaitezte —dio ama ikusezinak, behealdetik iraganez, haurrei mintzo zaiela.

        Sorta larrien artetik, pla-pla, abusatuz doazenen algarek baizik ez diote ihardetsi.

        Logelan barnaraino hedatu da usain partikular hori, ontsa ezagutzen duzuna, ekaitzaldiaren aitzinekoa. Egarriz eta ur deika lur egosiak aireratzen duen urrina, lehen xortek hunkiturik harri eta zur goriek zabaldua, horrela euri gehiago deituko balute bezala: oda bat. Usain suabea da, lur bustiarena: uharraren promesa, barealdi eta freskoaldiarena.

        Euri xortak emendatuz joan dira. Teiletan dantzan dihardute orain, melodikoki: sinfonia laster polifonikoa bilakatuko da, beste euskarrien gainera ere gisa berean erortzen doakeela, autoaren gainera, txirrindularen txilintxaren gainera, baratzeko balde hutsaren zolara, eta zure baitan barnera isuriz.

        Hala badirudi ere oraindik ez da epeldu giroa. Ilunpetik ahots nagi bat altxatu da:

        — Freskoago da, ez? Janen nuke izozki bat.