Aurkibidea
Autobusa
Goiz zohardia da, zerbait eder gertatuko dela iragartzen dutenetakoa. Heldu orduko autobus gaitzaren leihoetan haur ñimiño aurpegi alaiak lerrokatzen doaz, lepoa luzaturik so, espaloian zutik eta eskuak hutsik dilindan utzi gaituzten aita-amei behako loriatsu zozola luzaturik bizpahiru segundoz. Urrun dira jadanik: ateralditan doaz ikastolarekin. Autobusez.
Ez ginen hitzordua huts egitekotan, irakasleek argiki errana zuten, behar ziren pusken zerrenda helarazia, ahoz eta idatziz, batez ere haurrak horretarako programaturik: ez genuen ahanztea lortuko. Semeak oraino nekez irakurtzen du, baina ez baita motibazioa bezalakorik, deszifratu orduko gogoz zekien behar guzia, errepikatzeko gisan ondoko egunetan.
Eskuratu deskriptiboetan, egutegia itorik kausitzen zen berrogei bat helburu pedagogikoren zerrendaren aldean. Hortik gibelera jinen zaizkigunean, bost zentimetroz hazirik itzuliko dizkigute. Alabaina, gaixo irakasleak, itzultzean, seme-alabek kontatua batez ere ardaztuko da autobusez ibiltzearen eta lo zakutan lo egitearen jenialtasunean, gainerakoaz detaile gutxi baizik ez baitugu jasoko.
— Ama, autobusa bikaina zen! Handi-handia! Amaiur nire ondoan zen. Polita da Amaiur. Eta nik lo egin dut gaineko ohean, badakizu! Andonik eguzki kolpea ukan zuen eta bero zuen beti, irakasleak ezarri zion krema usaintsu bat eta pasatu zitzaion. Zinema egiten ahal da oihal zuri baten gainean, badakizu? Egin genuen tirolina. Jan genituen zozizona eta meloiak. Elixabetek eman dizkit bi figurina, Egoitzek kilkerrei kokakola eman zien edatera baina nik ez e!
Hatsantu arte.
Ikas bidaiek urte anitzetan utziko die gustu azukretua, nehori kontatuko ez dizkiotenak: karamelu urtuak sakeletan, Allenderen sekretua, algarak, eltxo ausiki erraldoiak, azkura-hautsa zaindarien galtzerdietan, armiarmak ohepean, hondar beroaren leuna, erredurak, kidearen sorpresazko potta, lasterraldia lotegian ilunpeka, haur larru beltzaranaren gozoa. Oroz gainetik hoberena autobusa da.
Justuki han daude azkenak heldurik, txitak bezala txitategian bildurik, buru ilehori, ilegorri, kizkur baita leun, motosdun nahiz kalpardun, bihika irribarretsu euforikoak igotzen doan eguzkitan begiak erdi hetsirik, zorionak matelak gorriturik, kezkatuagoak aitzinean edo aldean duten kideaz, txoferraren abisuez baino. Horrela da, sei urte dituzunean, aita-amengandik urrun eta irakasleen bizkar zoaz, ikastera auskalo zer. Autobusez.