Baionak ez daki
Baionak ez daki
2015, narrazioak
120 orrialde
978-84-92468-73-7
azala: Lander Garro
Bea Salaberri
1979, Donamartiri
 
 

 

Amen armairuak

 

 

Gure amen ganbaretako armairuen ateak ireki orduko aireratzen dira haize leun urrin eztiak eta izpiliku arrastoenak, zurak xurgatu liho olio garrantziotuaren usainarekin batera. Armairu eredugarriak izaten dira, oihal junta eta lerrokatu usaintsuz beteak. Apalez apal, gauza bakoitzak du lekua, erantzuki, akatsik gabeko leku eta arimen altxa-lekuan. Hauen aldean, ohea estaltzen duen manta xurail munttoak ere berarekin dakartza etxea atxikitzen dakienaren aztarnak. Dena da xuri baino xuriagoa —ez baitaiteke afera tipia—, plegu onean ezarria, itzal, mantxa edo gabeziarik gabea.

        Eta zer erran suilardaz? Amek eta amen amek hainbeste denbora pasatu leku bereziez, nornahiren begi bistatik urruneko territorio esklusibo eta besteei dedikatzeko horiez? Sukalde saihetsean, hor daude kazola, tupina, zartagin eta mila botiga, pruntki jarririk zurerian behera gaizki lerrokatu iltzeetan zilintzo. Hantxetan, gela-erdi ilun eta freskoan, bestalde, apal gainkargatutan, nork daki nola, orekaren arauak hautsiz, olio, gantza, kontserba, xingar puska lehorrak nahasten dira hortik ahantziak diruditen tipulen artean. Tipulak. Hainbeste txikituak, suilardan berean, xutik.

        Suilardaren haraindiko atetik, edo, nola gerta, argia zuhur barnera uzten duen leiho hertsitik, baratzea zain daiteke, beti soberan pusatzen eta tuperretan finitu beharko duten barazki lerro xuxenen eremua, janlekua alaitzera beharko duten loreak nonahi isurtzen direla, kolore azukratutan, eguzki gorritan argi idorrez itorik.

        Hauek ez dira deus amen esku ikusgarrien aldean: erreka, plegu eta istorioz beteak. Bokata egiten higatu eri konkor laztuen artetik agertzen dituzte tipula xuritzen egin piko aztarna zenbait, baita berek bakarrik jakin eta sekulan kontagai ez dituzketen zauri zaharren hondar ia ikusezinak, zeinengatik igandeetako mahaiak lore freskoz apainduko dituzten.

        Gure etxeetako amak eredugarriak izan ziren, ganbararen eta suilardaren artean, naftalina jasaten ikasiak, baita iraultza frankoren altxagarri. Hauen oinordeko nahi gintuzkete, konformatzekotan herentziaren erdiarekin haatik. Klasearen ala generoaren ondorengoari zor diogun printzipioa?

        Loak hartzen nauenean manta arteko epeltasunean, usu dut ametsetatik sentitzen esku latz baten fereka, begiak zabaldu orduko huts egiten didana, hobeki gogoratzea eskatuko bailuen.