Baionak ez daki
Baionak ez daki
2015, narrazioak
120 orrialde
978-84-92468-73-7
azala: Lander Garro
Bea Salaberri
1979, Donamartiri
 
 

 

Kanbiatuz

 

 

— Aldatu duzu zerbait, maitea?

        Ez da zinezko galdera bat, afirmazioa da eta, aldi berean, ez gauza segurra, baliteke horregatik zaiola gehienetan ez erantzuten:

        — Ohartu zara obrak abiatu dituztela ondoko karrikan? Zertaz ari zara pentsatzen?

        Atea iragan duzunean iragarri dut berehala, gertatu da aldaketa bat. Ezin erran zein. Sala arazi nahi nizuke aitorpenei idilikoki jarraiki ahal izateko. Ezin asma nola. Noski, itauna ez da egokia: erantzuna bilatzeak emendatzen du xarma, galderak lerrokatzeak erremediorik gabe errautsi lezake.

        Bi pertsona ditut orain aitzinean: usaiakoa eta beste bat, biak batera.

        Non kokatzen da olde berria: janzkeran, orrazkeran, irribarrean, atorraren zimurduretan, usainean, gerri mugimenduan, ibileran?

        Kanbiatu da zerbait, hautemangaitza, egundokoa; bada ñimiñoa, graziaz burtzoragarria, jelosia pizgarria, tirriagarria, giro eraldatzailea, errutina akabatzailea: arren, lurrundu baino lehen, zer da aldatu duzuna?