Aurkibidea
Lagun ona
«Gmail: 1 mezu berri».
Olatz da. Berantago ikusiko dut, lasaitasun tartea dudanean, ez dauka presarik, zalantza batekin liteke, iritzi beharra, luze jo dezake. Olatz da lagun on bat. Lagun ona.
Gizonek beharbada, hasteko emazte anitzek dukegu holako bat, urteetan ehun harreman bat, nahiz ez diogun nehori salatzen, batez ere, gizona baldin bada, ez bikotekideei, debaldeko eztabaida eta justifikazio saioetatik salbatzeko, bitxikeria gisa ikusiko bailukete, kalapita luzeen iturri litekeelako, deusengatik. Uler bailezakete, agian bai, aldiz nekez onar. Oroz gainetik ez diegu aipatzen, berek ere izan baitezakete antzeko bat, beharbada emaztea, eta horren aitorpen soila buruhauste gaitzen metxa genuke.
Normalki, lagun onarekin interes zenbait bada komunean, gutxienekoa, filiazio azalgaitzaren altxagarri dena eta ekaia eman dezakeena elkarren arteko harremanetan. Haatik ez dugu komunikazioaren eduki nagusia.
Azaltzeko, lagun onak, batzuetan sare sozialetatik, buruz buru bakanetan, telefonoz gutxi, nagusiki emailez jasotzen ditu eta eskatzen gauzak, entzuten du kontatzen diogun hori, erantzuten gehiagokorik galdetu gabe, aholku objektiboa ematen, interesik gabeko kanpo iritzia, noizbehinka gogorki eta krudelki gure lekuan birkokatzen: halaxe eskatzen diogulako, hori baitu funtzioa. Irregularki, maiztasun eta intentsitate arras muturrekoetan gainera, egunetako mezu joan-jinen hari luzea nahiz laburra sor lezake: kezka eta pozen aipamenak, eguneroko gorabehera arrunten kontaketak, jakinarazpen hutsak. Bizkitartean ez zaio dena kontatzen, nahi dena baizik.
Argiki, ez da Glattauerren bi eleberritako teasing miserablearen mailako harreman bat, aldizkako manipulazioaren labirintoetan galgarri, izakien aroaren araberako tirrien menpe, sorpresa izpirik gabeko amaiera gezakoa. Oraino konplexuagoa da. Pertsona horrekiko harremana baiki platonikoa da, erakarpen fisikorik ez du, erakarpena hurbiltasun eta sentikortasun intelektualaren mailan kokatzen da, nahiz askorentzat bien arteko muga lausoa gerta.
Denetik baino, ez-denetik definitzen da. Maiz ez da emaztea izaten, sexu berekoen artean lehia punta baita, ispilu efektu bat elkar-ulermena faltsutzen duena. Artetik naski, sexu berekoa balitz, ez litzateke aitzakia susmo eta interpretazio okerretarako, gardenagoa litzateke, normalagoa. Gauzak zer diren, ni hasteko, betidanik hobeki konpondu naiz mutiko eta gizonekin. Ez da lankide bat, ez kolaboratzailea, ez da alternatiba, ez haurra, ez norbait zeinekin mozkortzen garen, ez norbait norekin antzerkira goazen, ez senarra, ez aita, ez amantea, ez sex-friend-a, ez kargu bat, ez konfidente absolutua, ez kontzesio eskalea, ez engaiamendua, ez erregularra, ez konplikatua. Harreman horrek ez du garapen perspektibarik, bere horretan segitzea aski zaio. Elkarri galdetzen diogun bakarra da izatea, behar deneko.
Sekulan galaraziko balidate, huts eginen balit, huts eginen banio, urrunduko bagina, orduan, nork eta nola salbatuko lituzke orkidea eta zitoria? Nork entzunen luke isiltasunak xuxurlatua?