Baionak ez daki
Baionak ez daki
2015, narrazioak
120 orrialde
978-84-92468-73-7
azala: Lander Garro
Bea Salaberri
1979, Donamartiri
 
 

 

Heroiak

 

 

Bihar heroien neurrikoa bilakatuko naiz, fierki doazela lohi erraustua zirimolatan altxatzen dutenak bezalatsu. Ene neurriko heroi txikia, nehork ez duela jakinen, nik salbu eta aski zait.

        Ostirala izanki, ez naiz joanen lanera eta abusatuko naiz ipar Baionako ostatu batean. Ondoko aulkira hurbilduko zait emazte bat. Gazterik higatua. Ezaguna eginen zait, behin baino gehiagotan gurutzaturik Baionako auzo desberdinetako ostatuen inguruan, zerbaiten eske edo beha. Ez dakit zein ibilbide izan duen. Ez naiz segur burutik biziki xuxen denik. Hasieran, ez diot atentzio gehiegirik emanen. Ondoko mahaian jarriko da, esku hoztuak igurtzi eta agurtuko nau. Erantzuteko burua altxatuz ohartuko naiz inguruko guziek begiratuko gaituztela. Gertatuko zait giroan zerbait pisu, isiltasun hori, auzoko jende horiek denak pertsona miserable horri begira, epaituz, keinu bakoitza neurtuz. Batere ez sanoa. Holakoek nardatu ohi naute. Helduko da istantean zeinetan ene burua ikusiko dudan hortxetan jarririk, burges ttipia, kikararekin buruz buru egunkaria hostokatzen. Eta orduan da gertatzen hasiko.

        Aldi honetan, ez naiz egonen besoak dilindan, duela bi aste gertatu zen bezala. Orduan ez bainuen jakin zer egin, etsigarriki.

        Egun hartako goizalde erditsutik gutxira agitu zen, bulego gibeleko aldeko etxe multzo baten arteko korralean gora, saihets bateko apartamentutik zetozen hango bizikideen orroak auzo osora hedatu zirelarik. Eguneroko leloa bilakatua zen kalapita partidaren hasiera markatzen zuen, auzokoentzat balkoietara kutzukan ateratzeko tenorea, etxeko amentzat haurrak biltzekoa eta bestaldeko izkinako okinarentzat bizkarra emanik labeetara itzultzekoa. Hor bizi ziren Ceux du deuxième, etxeko lasaitasuna eta bakea, familia giroaren goxoa, beso-arte baten amultsutasuna, fereka baten epela, arrotz zutenak. Jende tristea, ibilbide patetikoa, bizimolde negargarria. Ez zuketen mozkorra bekan baizik freskatzen, eta bizirauteko gutxienekoaren erosteko ez bazen, ez zitezkeen etxetik ateratzen. Nehork ez zezakeen erran zehazki zertarik abiatzen ziren kexaldiak, bazirudien pertsona horien biziaren erregulatzailea zela, bizirik segitzen zutelako seinalea. Egoera ez zuten aldatu ez auzokoen oharrek, ez zerbitzu sozialek, ez herrizainen noizbehinkako bisitek, ez eta ere puntualki zentro zenbaitetan burutu egonaldiek.

        Erregularki, tenore berdintsuan, auzia pizten zen, hazten, tonua igotzen eta oihuak hedatzen ziren, tarteka pareko egoitzetako ate eta leiho zerratuak zeharkatzeraino. Elkarrizketa antzuak. Bizioek eta miseriak xehatu bozak garrasika. Erranaldi lerrokatze amaigabe bat, gordin bezain gogorrak, botaiak deblauki eta erretorikoki. Egun txarrenetan, hitzetatik harago, kolpeak ere banatuko zirela antzematen bazen, nehork ez zezakeen asma noraino joan zitezkeen trukaketak.

        Bihar goizean, ostatukoen behakoa gainean sentitzean, ene baitan barna piztuko da betiko sentimendu hori: enpatia, erosotasunaren lotsa eta ondokoarenganako urrikia, miseriaren borrokatzearen beharra, injustiziaren ukoa. Hasiko naiz imajinatzen mila gauza eta horien artetik mintzatuko natzaio:

        — Nahi duzu kafe bat?

        — Bai, milesker. Milesker. Ebaki bat?

        — Ebaki bat gehiago, otoi, lagun honentzat —manatuko dut, aulkitik altxa gabe ere, besoa luzatuz.

        Hortik aitzina, ostatuko bitxikeria bilakatuko naiz ni. Berdin zait.

        Gauzak zer diren, ezin izanen dut erreprimitu emazte ezezagunari galderak pausatzeko enbeia:

        — Nondik zatoz? Hemengoa zara?

        — Ez.

        — Baduzu etxerik?

        — Dependitzen du. Milesker kafearengatik, hain hotz da kanpoan eta jende hain gutxi dabil karriketan. Ez dira gelditzen mintzatzeko.

        — Nora joanen zara gero? Badakizu laguntza emateko zerbitzuak badirela?

        — Bo, ez dakit, beste ostatu batera joanen naiz. Edo supermerkatura: han beti bada jendea, haurrak, musika...

        — Nola duzu izena?

        — Brigitte.

        Eta berak segituko du, agortu gabe. Kontatuko didana egia ote denez ez zait inportako; aitor dezadan, nahiko nekagarria eginen zait momentu hori. Hizketan jarraikiko duen bitartean, oroituko naiz hortik hurbil lan egiten duela ene ikasle izan zen gizarte laguntzaile batek. Oraino baditut haren telefono zenbakiak, horrelakoa bainaiz, mila botiga atxikitzen, badaezpada.

        Bi aste lehenago ere saiatu nintzen. Bikotearen eztabaida eta oihu biziek auzoa oren batez kutsatu ondoan, eten bat gertatu zenean erreflexu bera izan nuen. Ohi baino ozenago heldu ziren ahotsak, berdin gogor eta inkoherenteak. Eta bat-batean hiru kolpe. Gorrak. Ikaragarriak. Eta deus. Eta minutu bat berantago, emazteak negar batean ahoskatu zenbait hitz hasperenkatuak. Eta isiltasuna. Ez hitzik, ez azantzik, ez fitsik. Imajinatu nuen norbait egon zitekeela lurretik gorputza mataturik bere odolean itotzen. Telefonoraino joan eta 17a deitu nuen, seguritate zerbitzuengan fida zitekeelakoan. Ondotik beha egon nintzen.

        Brigitte kalakari agorrezinari aipatuko diot badirela zerbitzuak laguntzeko, ez naiz gai errateko zehazki zer erranen diodan, solas nahasiak izanen baitira, lagundua izateko enbeia eta mesfidantza jite azkarraren artean:

        — Bai.

        — Baina ez.

        — Baina beharbada bai.

        Deituko diot ene ikasle ohiari, zuzenduko nau leku egokira. Emazte nahasi galdu eta hoztu hori, auskalo nola, lortuko dut autoan sartzea eta haraino eramatea.

        Azken aldian, polizia deitu ondoan, ez zen nehor agertu. Zorionez, nolabait, oren laurden batera, bozak berriz entzun nituen, gizonarena lehenik, emaztearena gero. Hasieran apalak, ozenagoak bihurtzeko, kalapitari jarraikiz. Gutxienik bizirik ziren. Lantokitik lekutzean nekez irudika nezakeen, gauean, edanari eman arau eta ziplo erori artean, nolakoak gerta zitezkeen eta nolako harramantzak heda. Gutxienik, erdi horretan, ez zen haurrik.

        Hegalpera bilduko dudana bihar, Baionako ZUP behealdean den zentro sozialera helduko dut eta han utziko. Badakit eskuarte onean utziko dudala. Nago ea zerbait lortuko ote duten: aterpe bat, artak. Ez dut segur aski sekulan jakinen. Ez nezake gehiagokorik egin. Gutxiagokorik, nekez. Poztuko, beteko nau ahalko dudana egiteak, hortik zenbait egunetara berriz karrikan dabilela ikusiko badut ere.

        Ene moldean, nihaurek, araiz, Brigitteren destinoari zangalatraba eginen diot, fatalitatearen atzaparrak jaregin, zirkunstantziek zakarki diseinatu patua ez baitzait onesgarria. Bi oren hartuko dizkit eta horiek gastatuko ez banitu, ez nintzateke asea. Ez nintzateke ene buruarekin konforme doan isileko heroi txikia.