Baionak ez daki
Baionak ez daki
2015, narrazioak
120 orrialde
978-84-92468-73-7
azala: Lander Garro
Bea Salaberri
1979, Donamartiri
 
 

 

Euritakoa

 

 

Ardura berdintsu gertatzen da. Aroaren iragarpenari bi gauzaren artetik behatu, etxetik presaka atera: euria ari du.

        Horrela harrapatu nau, ustekabetarik eta aldi berean ezusterik gabe. Hastapen bateko lantzurda hotzari segida eman dio laster jario nasaiagoak eta Baionako karriketan gaindi noa zipatzen. Ibilbidea laburtzeko, Espainiako karrika utzi eta Lagréou eta Gosse kale hertsietan barna abiatu naiz Baiona Ttipira jausteko, eta leku hauen iluntasunak hezetasuna azalera barnago akuilatu dit.

        Espaloiaren bazterrez bazter murruen arrasetik noala eraikinen teilatu-hegalek eskaini babes erdi horretaz baliatu nahiz, Gosse eta Arraindegi karriken kantoian gertatzean, jausten ari zen konkor parasoladunarekin kasik jo dugu elkar:

        — Hala! Egunon!

        — Egunon! Hau uharra! Zauri enekin!

        Gorputza erdi makurturik aterkipean, begirada euri xorten artetik luzatu dit eta bide beretik, hitzik gabe, tinki heltzen duen euritako beltz bustia: esku bat luzaturik, makila mehe baten puntan, elkartasun eta laguntasunaren seinale xume bezain goxoa. Pozik onartu dut gogo onez eta interesik gabe eskaini aterpea.

        — Elkarrekin joanen gara. Errobi bestaldera zoaz, bai?

        Bidaideen inguruan oihal meheak diseinatu zirkulu ertzetatik behera datoz ur zirriztak jada, gorputz bilduen inguruko eremua definituz, mugatuegia alabaina, alta burbuila jabalgarria, gorputzen gerizatzailea, aroaren jazarpenari eten prekarioa. Abiadura egokitzen du bakoitzak, fite joan behar da, eskaini aterpea behin-behinekoa eta feirosa baita eta edozein momentutan debaldekoa, noiznahi haize ufada batek bultzatu ziliportek aurpegia zipriztintzen digute-eta! Baina ez da sobera fite joan behar ere, urrats eta gorputz mugimenduek koordinatu behar dutelako, batera mugitu, bat egin uneko erasoei estuki, bestela, laster, ttantta izoztu zenbaitzuek lortuko lukete beste behin buru kaskotik, ileen artetik behera, lepondoan gaindi irristatzea, euriaren kontrako borroka txikia galaraziz.

        — Zure semea ikusi nuen joan den egunean, zenbat handitu den!

        — Lanez aldatu nahi nuke. Entzuten baduzu zerbait, oroit nitaz. Ez naiz presan.

        Solasek ere parasolaren zirkulutik haragoko giro hozpilari hesi egiten diote. Ez gara eguraldiaz mintzatuko, ukatuko dugu, eginen dugun ibilbide zati motz horretako garaipen txikia! Mintzatuko gara, laster batean, mila gauza ezdeusez, promiskuitate ezti horretan solasgaiek ez baitute inporta.

        Intimitate heze eta beroa, esku batez luzatua, hurbiltasun doitua, gizataldeetako konbentzioek baimendu hura, besterik ez, doi-doia gehiago, ez gehiegi. Saihetsak juntaturik, agian beso bat gerri bati inguraturik, hatsak juntatzen direla hala beharrez oihalezko kono zaratatsuaren peko espazio biribil eta meharregian. Eta aurpegira haizeak salbaiki ufatu kidearen ileak. Egoera delizios justifikagarria.

        Elkarrekin egin zitekeen Marengorainoko bide puska bukatu dugu oharkabean, banatzeko tenorea da, parentesi umelari bukaera ematekoa:

        — Pasa egun on! Beste bat arte! —luzatzeko artean, amaitu da.

        Bietarik bat gelditu da doakion atearen aitzinean presaka gakoen xerkan, lehenbailehen barnera ihes egiteko.

        Araiz, bihar ere, euri uhar bat eginen du gisa berean.